“Egiak eta euskal kulturak gidatu dute nire laguntza”

  • Artean iazko hazilean, Xilaba txapelketaren finala, Amets Arzalluz txapeldun. Hari txapela jartzen, berriz, Andoni Iturrioz, bertsozale eta laguntzaile fierra. Andoniren bidea, ordea, aitarenak markatua dator, Manuel Iturrioz. Borrokalari baten bizipenak (Alberdania, 2011) liburuan irakurri dugunez.

Argazkia: Zaldi Ero
Argazkia: Zaldi Ero
Andoni Iturrioz Eskudero. Oiartzun, 1945

Goizuetakoa zuen ama, Asun, eta Orexakoa aita, Manuel. Parisen hazi zituzten hiru seme-alabak; Andoni haietan bigarrena dugu, Frantzian hainbat enpresa ezagunetan ardura handiko lanak egina. Hortxe dira, adibidez, Olivetti, Philips, CGE (Elektrizitate Konpainia Nagusia)… Lan-harremanak ukan ditu Georges Besse —Renaulteko presidente, 1986an Action Directek Parisko erdigunean hila—, eta Edouard Balladurrekin. Hala ere, izokinarena egin zuen, aukera izan zuelarik, eta Euskal Herrira itzuli. Gure ekonomiari eta kulturari sostengu eman die, eskuzabal, merezimendurik edo aitortzarik jasotzea espero gabe, gisako laguntasunak jasotzera ohituta bageunde bezala...Goizuetakoa zuen ama, Asun, eta Orexakoa aita, Manuel. Parisen hazi zituzten hiru seme-alabak; Andoni haietan bigarrena dugu, Frantzian hainbat enpresa ezagunetan ardura handiko lanak egina. Hortxe dira, adibidez, Olivetti, Philips, CGE (Elektrizitate Konpainia Nagusia)… Lan-harremanak ukan ditu Georges Besse —Renaulteko presidente, 1986an Action Directek Parisko erdigunean hila—, eta Edouard Balladurrekin. Hala ere, izokinarena egin zuen, aukera izan zuelarik, eta Euskal Herrira itzuli. Gure ekonomiari eta kulturari sostengu eman die, eskuzabal, merezimendurik edo aitortzarik jasotzea espero gabe, gisako laguntasunak jasotzera ohituta bageunde bezala...

Bi historia ere badira. Bata dugu zurea, bistan dena. Bestea, zuen aitarena. Zein da bietan nagusi?
Egiazko historia, aitarena! Oroitzen naiz Londresen bizi nintzela garai hartan, eta ene arreba ere han bizi zela. Urtero, Sarako Arretxea baserria alokatzen genuen, udako. Bi hilabete ematen genituen han, denok: gure gurasoak, gu eta geure ttipiak ere. Aita idazten ikusten nuen beti, 80 urte ere izango zituen ordurako. “Zer ari zara, aita?”, galdegiten nion, eta berak: “Denbora pasa, mutiko!”. Ez zuen besterik erraten. Harreman goxoa genuen aitarekin, baina errespetua ere bai. Horrela, aita hil zelarik, ehorzketan, lehengusu bat etorri zitzaidan, Joxe [Iturrioz], erranez: “Zure aitak koaderno batzuk eman zizkidan, makinaz jotzeko. Ez dut orain arte astirik izan, baina eginak dira. Zuretzat!”. Eta eman zizkidan.

Aitaren koadernoak…
Uste dut aitak halako orrialde batzuetan idazten zuela lehenbizi, eta kaierara pasatzen gero. Eta bi kaiera ere osatu zituen! Aitaren idatziak irakurri, eta narrazioa espainolez, eta elkarrizketa guziak euskaraz! Irakurtzen hasi, baina ezin nuen, ez nintzen gai. Bihotzeko mina ematen zidan! Baina ene emazteak irakurtzen ahal zuen. Ez daki euskaraz, baina espainolez aski ongi bai. Hartu zituen eta hasi zen irakurtzen… Oroitzen naiz, biok ohean, eta emaztea galdezka, euskarazko elkarrizketara heltzen zenean: “Eta honek zer erran nahi du?”. Eta nik itzuli egiten nion. Eta, behin, erran zidan: “Arrunt interesgarria da!”.

Erran duzu bihotzeko minak ez zizula irakurtzen uzten…
Ez… Bizi zelarik, aitak ez zuen deus kontatu. Batzuetan zerbait erraten zuen, baina fite hersten zen bere baitara. Eta gero, kaierak, ene lehengusuak emanak! Gure aitak 22 urterekin-edo ikasi zuen idazten eta irakurtzen, eta espainolez hitz egiten, Zumarragan, hotel batean morroi baitzen. Kaierak hartu, eta aitak idatzitakoa lantzen hasi nintzen zenbait historialarirekin eta Hernaniko neska batzuekin, Comet sareari buruzko filma egin nahi baitzuten. Lau urte eman nituen ikerketan, aitaren erranak zuzenak ote ziren. Erran dut aitak 80 urte ere bazituela kaierak idatzi zituenean, dena buruz ari zen, baina erraten ahal dut idatzitakoak zuzen direla, nahaste ttipiren bat izan ezik.

Zuei ez zizuen kontatzen, baina idatzi bai, idatzi zituen…
Baina ez denak ere! Etsenplu bat orain. Zazpi bat hilabete nituela, eritu nintzen, disenteriaren bat. Medikuak erran zuen: “Mutiko hau hila da!”. Arizluzieta baserrian ginen, Oiartzunen. Izeba nirekin egon zen gelan gau osoan, kandela handi batekin, eta ohartu zen goizean bizirik nintzela. Deitu zuten berriz medikua, eta erran zuen: “Nahi baduzue haurra bizirik atxiki, behar diozue eman emaztekien esnea, edo astoarena!”. Astoa bazuten baserrian, baina astarra izaki, esnerik ez! Amak bazuen Oiartzunen emazteki adiskide bat, eta hark eman omen zidan bularra. Horrela salbatu nintzen! Aitak ez du hori kontatzen!

Aitak kontatu ez zuenik badakizu zuk, beraz.
Amari eta osaba-izebei entzunda! Aita klandestino zebilen, Comet sarean. Mugaren alde batetik bestera zebilen beti, eta, behin, Arizluzietara etorri zen. Neguan zen. Elurra ari zuen. Afaltzen ari zirelarik, afari erdi-erdian, aita zutitu! “Alde egin behar dut!”. Eta amak: “Baina Manuel, erotu al zara!? Oraintxe etorria-eta!”. “Ez, ez, alde egin behar dut!”, aitak. Eta aita joan eta ordu laurdenera, baserri osoa guardia zibilez inguratua! Hori ere ez du kontatzen aitak bere kaieretan! Amak eta izebak kontatuta dakit! Egun, pena dut, ezin baitut aitari galdera gehiago egin.

"Aitak esan zidan, ‘Taberna horretan egon nintzen zain, Meliton zikina hiltzeko’. Ni harritua nintzen! ‘Zer egin zizun Melitonek?’”

Kaierak irakurri zenituelarik, zerk jo zintuen gehien?
Bizian ez zigula kontatu, horrexek!

Kar, kar… Eta kontatu zuen horretan?
Ez zela gelditzen. Comet sarean zen, klandestino ibili zen batetik bestera, batean zen Goizuetan, bestean Tarbesen (Okzitania) arma-fabrikan lanean alemanak sartu arte. Batean da Argeles-sur-Merreko kontzentrazio-esparruan, bestean da Bidarteko La Rosaire ospitalean, Donoztirin, Donibane Lohizunen… Ez zen gelditzen, eta eskapatzen zen toki guzietatik! Batetik, ez zen gelditzen, eta bestetik, berriz, hitz gutxikoa zen. Ez zuen asko hitz egiten, baina erraten zidan: “Ez dago heroirik ez bestelakorik, beharrak eragiten du!”. Larre motzean hazitakoa zen, Orexan, gogor, eta beharrak eraginda ibili zen batera eta bestera.

Melitón Manzanasek zuen aitari egindako torturak kontatu zizkien aitak zure lehengusu Joxe eta Jexus Iturriozi: “Ziegara sartu nindutenean nire buruari zin egin nion, handik ateratzea lortzen banuen, Manzanas hura akabatu egin behar nuela kosta ala kosta!”.
Hori erran zien, bai, eta besterik ere kontatu zidan niri Manzanasen gainean. Aita 1977an itzuli zen hegoaldera “ofizialki”. Garai bateko lagunekin bildu zen Hernanin, bazkaltzen. Batzuk mikelete izanak ziren, beste batzuk Hernaniko gerla garaiko adiskideak. Aitak ez baitzuen gidatzen, neuk eraman nuen autoan, eta bazkaldondoan berriz jaso nuen. Oroitzen naiz bi gauza kontatu zizkidala. Pixka bat edango zuen, eta askatuko zen, beharbada. Bat, erran zidan: “Taberna horretan egon nintzen zain, Meliton zikina hiltzeko”. Ni harritua nintzen! “Zer egin zizun Melitónek?”. Eta aitak: “Kontu zaharrak dira!”. Eta ez zuen besterik erran. Gero, Bidasoan barna joan ginen, eta Irunen, San Migel geltoki zaharreko parean, erran zidan: “Hortik pasatzen ginen gu!”. Eta nik: “Zer ibiltzen zineten, bada?!”, eta aitak: “Kontu zaharrak dira!”. Eta besterik ez!

Argazkia: Dani Blanco

Zertaz ari zen ezin jakin zuk, idatziak utzi izan ez balitu.
Hori da. Aitak, bestalde, ez zuen idatzi sentitzen zuenik, egin zuena besterik ez. Ez zuen ondoriorik ematen, ez zuen mezua ematerik maite. “Zeuk ikasi behar duzu”, erraten zuen, ez zuen ikasbiderik ematen, baina zuzen erraten zituen gauzak, eta goxoki. “Mutiko, gauzak ongi edo gaizki egiten badituk ere, beti hobetu behar dituk!”. Holakoak erraten zituen, bestela bezala.

1945ean sortu zinen, Bigarren Mundu Gerra fini zen urtean, gorago aipatu Oiartzungo Arizluzieta baserrian.
Eta 11 hilabete nituela ekarri ninduten Iparralde honetara. Badakit 1946an aitak amerikarrekin joan nahi zuela, Francoren kontrako guda jarraitzera, Gernika batailoiak eta Lezok [Urruztieta] eta horiek bezala. Uste zuten gerla Espainiako aldera ere pasatuko zela, baina badakigu amerikarrek ezetz erran zutela. Orduan, nik lau urte nituela, gure aitak familia osoa hartu, gure ama eta gu bi anaia zaharrenak, eta Parisera. Oroitzen naiz ttipitik euskal etxera joaten ginela Aberri Eguna ospatzera. Hantxe ezagutu nituen Jose Antonio Agirre lehendakaria eta Gernika batailoiko gudariak.

Baina nola heldu zineten Parisera?
Bigarren Mundu Gerra fini zelarik, eta Francoren kontrako gudak-eta baztertuta, familia aurrera atera behar zuela pentsatu zuen aitak. Gainera, ni orduantxe sortu nintzen. Lehenik, aita Donibane Lohizunen geratu, eta espartinak egiten ikasi zuen Peña izeneko batekin. Peña horrek bazuen sozio bat, Sotes, Amberten (Frantzia) ari zena espartinak egiten, eta hiru seme zituen Donostian, 14 eta 17 urte bitartekoak. Eta tratua egin zuten: Sotesek galdegin zion aitari hiru semeak Iparraldera ekartzea, eta, trukean, gure aitari espartinak egiteko baimena utziko ziola.

Eta espartinak egiten hasi zen aita Donibane Lohizunen?
Ez, baimena hartu eta Puy-de-Domen (Frantzia) muntatu zuen atelierra. Kontratua lortu zuen Michelinekin, langileek espartinak erabiltzen baitzituzten, eta lantegiak dohainik ematen zizkien. Gutxi pagatuak obreroak, baina espartinekin! Kar, kar… Sotes ohartu zen negozio polita egiten ari zela gure aita, eta baimena kendu zion! Nik hori amak eta izebak kontatuta dakit, ez aitak kontatuta! Horrela joan ginen denok Parisa, eta egin genuen bizia.

Erran duzu lau urte zenituela Parisa joan zinetenean...
Bai. Hiru senide ginen, arreba Amberten sortua ordurako, eta gurasoak. Etxean dena zen euskara, eta bost urterekin eskolara hasi nintzenean ez nekien frantsesik. Baina haurrek fite ikasten dituzte hizkuntzak, eta nik ere erraz ikasi nuen frantsesez. Amak ere frantsesez ikasi nahi zuen, eta frantsesez galdetzen zigun zerbait, baina guti. Gu gabe ikasi zuen. Aita zaharragoa zen, eta ez zuen hainbeste frantses ikasi. Gure etxeko bizia euskaraz zen Parisen.

Etxean euskaraz, eskolan frantsesez, karrikan ere halatsu, atzerrian eta nerabetan ere... Euskarari eutsi zenion?
12-13 urte nituela, ohartu nintzen erraztasuna galtzen ari nintzela. Aldizkari bat iristen zitzaigun etxera, Euzko Deya, eta haiek irakurtzen eta buruz ikasten hasi nintzen. “Euzkadi gure baratza kutuna, euskera bere lorea / Lore maitea hil nahirik, etsaiak alfer ari dira / Hau hilko duenik ez da sartuko / inondik Euskal Herrira!”. Holakoxeak! Kar, kar… Edo istorioak: “Nora hoa mutiko?… Han behera!… Eta nondik hator?… Han goitik!”. Kar, kar… Holako gauzak! Anaiarekin euskaraz egiten nuen; are gehiago, toka egiten genion elkarri, aitak toka egiten baitzigun, eta ikasi genuen, pixka bat, bederen. Arreba txikia, berriz, lotsatzen zen euskaraz hitz egiten. Ez zen lotsatzen euskalduna izateaz, baizik emigrante izateaz.

Hori ere bai…
Oroitzen naiz eskolan deitzen zigutela “Sale espangua”. Espangua hori da espainol, baina gaizki errana. “Espainol zikina”, deitzen ziguten. “Ni espainola naiz eta zer!”, erraten nien, baina ez nintzen batere espainola sentitzen. Ez nekien espainolez ere, baina hori erraten baitziguten, nik kontra, eta anaiak ere bai! Horrela berpiztu nuen ene euskara, eta ikasi nituen euskarazko hitz berri pizar batzuk. Eta, bestalde, Parisen ezagutu nituen Zuberoako jendeak. Antzerki bat muntatu nahi zuten, Daniel Landarten Bai ala ez. “Hori ez! Xehatuko naute! Aitak bere zintura larruzkoarekin sekulakoak ematen dauzkit...”. Ene euskara berpiztua zen, eta beste euskara batzuk entzuten hasi nintzen, eta Parisen bazen denetik!

Argazkia: Dani Blanco

"Oroitzen naiz eskolan deitzen zigutela “Sale espangua”. Espangua hori da espainol, baina gaizki errana. “Espainol zikina”, deitzen ziguten. “Ni espainola naiz eta zer!”, erraten nien, baina ez nintzen batere espainola sentitzen"
 

Zuberotarrak Parisen, erran duzu. Txomin Peillen ezagutu zenuen, edo Jon Mirande?
Txomin Peillen bai, euskarazko klaseak eman zizkidan. Baina linguista amorratua baitzen, ez zigun euskara irakasten, hizkuntza analizatzen zuen! “Hau hortik heldu da… Hau latinetik… Hori ez dakit nondik...”. Interesgarria zen, hala ere. Jon Mirande ez nuen ezagutu, baina [Txomin] Peillenek beti aipatzen zuen. Maite zuen Jon Mirande!

Zuen aita “enpresaz enpresa” ibili zen gisara ibili zinen zeu ere denbora guzian, Sustrai Colinari adierazi zenionez (ARGIA, 2013ko irailak 8). Erretreta hartu, eta Senperera etorri zinen…
Gogoa nuen, izokina bezala, Euskal Herrira itzultzeko! Baina erretreta baino lehenago ere hemen nintzen, anaiari lur puska bat erosi eta Larralde-berria etxea egin genuen. Emaztekia kontent zen, bi semeak ere bai, estudiatzen. Nik, berriz, astelehenean goizean goiz hegazkina hartzen nuen, eta munduan barna lanean ibiltzen! Ostiral arratsean itzuli, eta asteburu osoa libre nuen, familiarekin. Horrela bizitu naiz. Gero, batean eta bestean laguntzen ahalegindu naiz, Herrikoa, Loreki, Alki  [Kooperatibak, ekonomia sozial eta solidarioa xede], Orexako gazteei —aita hangoa bainuen—, eta ahal izan dudan proiektuetan.

Larraldea kulturgunea ere aitzinatuz, adibidez. Eginak egin, zerk bultzatu zaitu besteri laguntzera, edota Larraldea bat sustatzera?
Egiak eta euskal kulturak gidatu dute nire laguntza. Behar da kemena egia erraiteko. Juduak maite ditut, berek erraten duten hori: “Erran ezazu beti egia. Hartara, ongi egingo duzu lo, eta besteek ez!”. Kar, kar… Gu larre motzean hazi ginen, ez dugu behar handirik, aski badugu! Ongi bizi gara, ez pentsa! Gai ginen Larraldea berritzeko, geure etxe berria izaiteko, besterik zer behar duzu? Egunean hiru aldiz jaten dut!...

                                                                                     *     *     *

Izeba klaudia
“Comet sarea erraten dute, hegazkin pilotu aliatuak Frantziatik Espainiara pasatzen laguntzen zuen sarea, baina geroztik emandako izena da Comet, gerran ez baitzuen izenik. Holako sareak nahi beste ziren eta batak bestearekin lan egiten zuen. Comet izenak hemengo jende xumearen izenak estali ditu. Izeba Klaudia [Eskudero Aranburu] ere hor sartua zen, bederatzi hilabete egin zituen gerizpean”.

Aita torturatua
“Handik ordu batzuetara bizitza osoan ahaztuko ez nuen bisita bat jaso nuen. Ume aurpegia zuen polizia zen Melitón Manzanas. Guardiei ni biluzteko eta eskuburdinak jartzeko agindu zien. Lurrean ertz zorrotzeko hartxintxarra zabaldu zuten eta hantxe belaunikarazi ninduten. Hartxintxarrak berehalaxe larrutu zizkidan belaunburuak. Guardiek berriz belauniko jarri ninduten eta Manzanasek garrasika eta ostikoka eraso zidan. Tarteka erori egiten nintzen, eta Manzanasek zapaldu egiten ninduen hartxintxarrak azala urratzeko...” (Manuel Iturrioz. Borrokalari baten bizipenak)".

Azken hitza
Mezenasgoak
Badira mezenasgoak, eta inork uste baino gehiago dira gure inguruan. Batzuk datoz fundazioen eskutik. Beste batzuk, enpresa handi eta txikietatik, edota pertsona fisikoengandik. Zerga-kenkari eta pizgarri indartsua jartzen zaizkie denei. Andoni Iturriozek, berriz, egia eta kultura ditu eragile.

  

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Oroimen historikoa
Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako zentroari Gasteizko Urrezko Domina ematearen aurka mobilizatuko dira oroimenaren aldeko elkarteak

Abuztuaren 5ean emango dio domina zentroari Gasteizko Udalak, eta abuztuaren 2rako elkarretaratzea eta prentsaurrekoa deitu du Memoria Osoa plataformak. Martxoak 3 elkarteak salatu du “planteamendu diskriminatzailea” eta “irakurketa partziala” egiten... [+]


Otxandioko sarraskitik 88 urte betetzen diren egunean, EH Bilduk mozioa aurkeztu du Senatuan Angel Salas Larrazabali kondekorazioak kentzeko

Otxandioko bonbardaketaren erantzule nagusietako bat da Angel Salas Larrazabal urduñarra. Hortaz, herritarren aurka Euskal Herrian eginiko lehen bonbardaketan parte hartu zuen.


Arabako diputatua zen Modesto Manuel Azkonaren hezurrak bere sorterrira itzuli dira, 88 urteren ostean

1936an fusilatu zuten frankistek, une horietan Arabako diputatua zela, eta herriko beste 42 fusilatuen hilobian bertan sartu zituzten Manuelen gorpuzkinak.


Bego Ariznabarreta Orbea. Gerrarik ez
“Gure aurrekoek bizitako gerraren traumak eta sintomak ditugu oraindik”

Gurasoak hilik, etxeko ganbara husteari ekin zioten
seme-alabek. Hainbat gauzaren artean, koaderno eta paper sorta, argazkiak eta nahi beste agiri. Bego Ariznabarreta Orbeak aita aspaldi zenduaren gerrako memoria harrigarriak zurian beltz irakurri, eta jabetu zen altxorraz,... [+]


Aurreskua, bertsoak eta musika emanaldiak German Rodrigezen omenez

Aurten ere, uztailaren 8an, astelehenean gogoratuko dute German Rodrigez haren omenezko oroitarriaren alboan. 13:00etan izanen da: aurreskua lehenbizi, Mikel Lasarteren bertsoak gero eta La Furia eta Fermin Balentziaren emanaldiak bukatzeko. Iluntzean, Peñak, isilik eta... [+]


Angel Berrueta eta bere senitartekoak indarkeria polizialaren biktima moduan aitortu ditu Nafarroako Gobernuak

Naiz.eus-ek aurreratutakoaren arabera, 2004ko martxoan Espainiako polizia batek eta bere semeak erail zuten Angel Berrueta eta bere alargun zein seme alabek, Nafarroako Gobernuaren aitortza ofiziala jasoko dute, indar polizialen indarkeriaren biktima moduan.


Igari eta Bidankoze arteko errepidea eraiki zuten frankismoaren esklaboei omenaldia egin diete

1939 eta 1941 bitartean Igari eta Bidankoze arteko errepidea eraikitzera behartu zituzten frankismoaren 2.400 esklaboak omendu zituzten larunbatean, Igariko gainean. Errepresaliatu antifaxista haien memoriak gure bidea izan behar duela aldarrikatu zuten omenaldia antolatu zuen... [+]


Nafarroako Gobernuak 2005-2011 aldian torturatutako herritarrak onartu ditu biktima gisa

Nafarroako Torturatuen Sareak jakinarazi du hemeretzi biktima berri onartu dituela Nafarroako Gobernuko Aitortza eta Erreparaziorako Batzordeak, horietariko bost 2005-2011 urte artean torturatu zituzten Mikeldi Diez, Iker Aristu, Oihan Ataun, Garbiñe Urra eta Mikel... [+]


Frankistek fusilatutako Modesto Manuel Azkona Garaicoechea Arabako Diputatu eta Saratxoko bizilagunaren gorpua identifikatu dute

Alesbesekoa jaiotzez, Saratxon bizi zen Unión Republicana alderdiko kidea, bere emaztea hango maistra baitzen. 1936ko irailean erail zuten frankistek eta ostiralean lortu zuten bere gorpuzkinak identifikatzea.


Jesús Carrera, frankistek torturatu eta fusilaturiko buruzagi komunistaren bizitza pantailara

Hari buruzko aipamenik apenas iritsi zaigu historia liburuetan, baina Jesús Carrera Olascoaga (Hondarribia 1911 – Alcala de Henares 1945) Espainiako Alderdi Komunistaren idazkari nagusi izatera iritsi zen. Frankistek atxilotu, torturatu eta fusilatua, bere... [+]


Eguneraketa berriak daude