300 euroren truke proxeneta bati saldua izan zen Amelia Tiganus (Galati, Errumania, 1984), 18 urte zituela. Bost urtez prostituzioan aritu zen klubez klub eta Gipuzkoako putetxe bat izan zen ibilbide hartako azkena. Tolosaldean bizi da geroztik. Egun, prostituzioaren abolizioaren aldeko munduko aktibista ezagunenetakoa da. Bere historia eta borroka La revuelta de las putas (Prostituten matxinada, Ediciones B, 2021) liburuan kontatu du.
Aspaldi utzita baduzu ere, zure burua “puta” bezala definitzen duzu.
Bai, eta arrazoiak baditut. Alde batetik irainaren presioa kentzeko; erasotzeko modu bat “puta” deitzea izaten baita, eta aurretik naizela esaten badut, desarmatuta geratzen dira. Beste alde batetik, ez dut nahi prostituzioan aritzen direnengandik desmarkatu edo haiek baztertu, gainera nire nortasunean badago oraindik puta zati garrantzitsua, hortik ateratzeak utzi didan aztarna besteak beste. Ezin dut ukatu puta naizela eta gainera ez dut nahi.
“Sexu langilea” ez zaizu gustatzen.
Ez, izen hori lobby proxenetak bultzatutakoa da; beraiek proposatu zuten izendapen aseptikoagoa izateko, alde iluna ezkutatzeko, prostituzioa lan harreman arrunta bezala aurkeztu ahal izateko. Puta langilea bada, beraiek enpresari zintzoak dira, ez benetan direna, miseriaren esplotatzaileak. Ezustean, arlo progresista askotan hitz hori onartu eta baliatzen da emakumeen duintasunaren izenean.
“Putero” hitza ere erabiltzen duzu...
Oso egokia iruditzen zaidalako. Eufemismoak desagertzearen aldekoa naiz. Bezeroa? Erabiltzailea? Kontsumitzailea? Zer kontsumitzen dute? Zer erabiltzen dute? Pertsonak, emakumeak, neskak. Putero askoz egokiagoa da, eta gainera badakit ez zaiela batere gustatzen; beraz, aurrera. Tristea da, baina euskal gizonezkoen %39 puteroa da edo izan da noizbait.
"Puta langilea bada, beraiek enpresari zintzoak dira, ez benetan direna, miseriaren esplotatzaileak”
Liburuan putero deitzen diezun pertsona mota desberdinak aipatzen dituzu, azaldu dezakezu zure ustez zein diren?
Logelan egon arte ez duzu zurea zein motatakoa den antzematen. Hasieran beraien ustez jatorrak dira, hitz egin nahi dute, azalpenak ematen dituzte, puta neskalaguna balitz bezala tratatu... Ez, ez da horrela, egin beharrekoa egin eta ospa, nire gorputza erosten duzu baina nire arima ez. Gero matxoak datoz, bere bizitzaren ardatza ahalik eta emakume gehien zulatzea dena, “konkistak” zenbatzen dituztenak. Bukatzeko misoginoak, emakumeak gorrotatzen dituztenak. Azken horiek biolentoak eta arriskutsuak izaten dira. Putero bezala katalogatzen ez badugu ere, badago beste espezie bat, putetxetara joaten dena “soilik trago bat” hartzera. Horiek ere sistemaren parte dira. Parrandan daude eta klubera joaten dira taberna arruntetan egin ezin dutena egitera, hau da, neskei lizunkeriak esatera, beraiei aurpegian barre egitera, ahal dutena ukitzera edo komunean masturbatzera. Kubataren prezioaren hirukoitza ordaintzen dute, gizarte librean onartezina dena gure kontzentrazio esparruan egiteko.
Putetxea kontzentrazio esparrua?
Ekosistema berezia da. Hasiera batean, hor dauden emakumeak libreak dira, baina ez dut inoiz prostituzioan aritzen den neskarik ezagutu bizimodu hori utzi nahi ez duenik. Denak daude hor beraien borondatearen kontra, ustezko zorrak kitatzen, mehatxupean edo beste irtenbiderik ez dutelako. Gaixotasun eta heriotza esparruak dira, higienearen kontrakoak, biolentoak, duintasunik gabekoak. Askotan manifestazio feminista pasa izan da klub baten aurretik, “Ahizpa, sinesten dizut” edo “Ez ezetz da” oihukatuz, horma horren bestaldean gertatzen dena kontutan hartu gabe, hor taberna arrunta balego bezala. Feminista batzuentzat ikusezinak bagara, pentsa gizartearentzat.
Prostituzioak gizartean eragin handia dauka, noraino iristen da sistema hori?
Estatuan egunero bost miloi euro mugitzen ditu prostituzioak, eta horiek BPGren kalkuluan daude zenbatuta. Sistema horretan jende asko dago: proxenetak, udal karguak, putetxeetan negozioen arrakastak ospatzen dituzten enpresarioak… Denek ateratzen dute zerbait, baina prostituzioan aritzen diren nesken borondatearen arazoa dela ematen du. Klasismoan, matxismoan, arrazakerian eta biolentzian oinarritutako sistema da.
Zein dira jasandako biolentzia horren ondorioak?
Ondorio fisikoak ikaragarriak dira: orduak ematen ditugu takoi pare deseroso baten gainean, elikadura txarra, gaixotasunak, droga menpekotasuna, derrigortutako abortuak... Baina psikologikoak ez dira txikiagoak: apatia, depresioa, autoestimu eza, estresa, beldurra, mesfidantza, autolesioak… Eta horri gehitu behar zaio bezeroen eta proxeneten partetik jasandako biolentzia.
Baina ezkutuan gelditzen dela dirudi.
Proxenetak ez du merkantzia kaltetu nahi, beraz kontu handiz ibiltzen da. Bezeroena beste kontu bat da. Feminizidioak uste baino ugariagoak dira. Klub batetik neska atzerritar bat desagertzen bada, zeinek botako du faltan? Beste klub batera joan dela edo bere herrialdera itzuli dela esaten da, eta inork ez du ezer gehiago galdetzen. Orain dela gutxi arte, prostituten hilketak ez ziren genero indarkeria kontsideratzen, hildakoak ez ziren zerrendetan azaltzen. Orain hori aldatu da, baina ezin da ahaztu estatuan gutxienez 48 prostituta hil dituztela azken urteetan, haietako batzuk Euskal Herrian.
Zerbitzu publikoa dela esaten dutenei zer erantzungo zenieke?
Zer zerbitzu? Neska baten barruan isuritzearen eskubidea bermatzekoa? Bortxaketak saihestekoa? Hor bi puntu daude. Bat: gizonak kontrolaezinak direnaren ustea. Bi: hala balitz, billete baten trukean batzuk, “galduok”, sakrifikatuak eta bortxatuak izan beharko dugula besteak, “zintzoak”, salbatu ahal izateko. Emakumeak bi multzotan banatzen dira: diruaren truke bortxagarriak direnak eta besteak, zaindu beharrekoak. Hau da defendatzen duten zerbitzu publikoa.
Eta bezeroa aukeratzeko eskubidea duzuela esaten dutenekin, zer?
Usoak badu ehiztaria aukeratzeko eskubidea? Asmoa ahalik eta diru gehien egitea da, ez da komeni bezeroari uko egitea, gehien bat ospe txarra hartzen duzulako. Puteroek aplikazio batzuk sortu dituzte eta hor neskak eta beraien zerbitzuak puntuatu eta komentatzen dituzte, hotelak eta jatetxeak balira bezala. Puntuazio txarrak gizonak aukeratzen lortzen dira, besteak beste. Konpetentzia handia da, Ukrainako gerra aprobetxatuz neska gehiago ekartzen dituzte, baina orain Kilometro 0 moda prostituziora ere heldu da. Askotan sare sozialetan ikusten dituzten hemengo neskak erakartzen saiatzen dira Only fans bezalako ereduekin. Kontu handiz ibili behar da.
Ez duzu prostituzioa arautzerik nahi, baina ez zaude debekatzearen alde...
Prostituzioa arautzea neoliberalismotik baino ezin da ulertu, dena salgai dagoenaren ustetik. Baina ezberdintasunean oinarrituta dago, klase, generoa eta arraza ezberdintasunean ere, esango nuke. Eredu hori Alemanian eta Herbeheretan dago indarrean, eta datuei erreparatuta, porrota izan da: emakumeen kontrako indarkeria igo egin da eta bortxaketak ere bai.
Debekua, berriz, irtenbide moralista edo kontserbadorea da: arazoa ez da prostituzioa, ikusgai egotea baizik. Ekialdeko Europako eredua da hori eta ez ditu giza eskubideak kontutan hartzen. Azkenean prostitutak zigortzen dira, erruduna ahulena balitz bezala.
"Prostituzioa arautzea neoliberalismotik baino ezin da ulertu, dena salgai dagoenaren ustetik. Baina ezberdintasunean oinarrituta dago"
Abolizioa da proposatzen duzuena, baina nola?
Neurrien konbinazio batekin. Batzuk positiboak: diru-laguntzak, aholkularitza, lan-poltsa, arreta psikologikoa... Eta beste batzuk zigor tankerakoak, bereziki proxeneta eta puteroen kontrakoak. Tristea da baina legeak irakasten du. Gaur egun inori ez zaio okurritzen jatetxean zigarroa piztea, legeak ez duelako uzten eta denok dakigulako gaizki dagoela. Prostituzioarekin gauza bera, puteroari isuna jartzen bazaio, denek jakingo dute gaizki egin duela eta eredugarria izango da; eskaria da desaktibatu behar dena. Herrialde eskandinaviarretako eredua da.
Prostituzioa utzi zenuen, baina gogorra izango zen urrats hori ematea. Nola lortu zenuen?
Irtenbide indibidualak bilatzen dira, bakoitzak berea. Klubetan ikusi ditudan matxinadak norbanakoenak izan dira, eta gehienetan droga edo alkoholaren menpe egindakoak. Iraultza ez da egingo bakarrik eta drogatuta, hori argi dago. Nik ere irtenbide pertsonala bilatu nuen. Hasieran gizon batek etxea eta janaria eskaini zidan sexu harremanen truke. Hortik hasi nintzen lan bila eta ez, ez zen erraza izan. Puta eta errumaniarra nintzen, dena neukan. Ez zidaten ezer esaten baina begiradek dena azaltzen zuten. Urteak pasata, bertako gizon batekin ezkondu nintzen eta horrek eman zidan zilegitasuna, hor hasi nintzen onartua izaten. Gero feminismora heldu nintzen eta hortik aktibismora, abolizioaren aldeko borrokara.
Prostituzioa lanbiderik zaharrena dela eta desagerraraztea ezinezkoa dela esan ohi da. Ezinezkoa da?
Hasteko, prostituzioa ez da lanbide bat, esplotazio mota bat baizik. Gauzak horrela direla eta ezin direla aldatu pentsatzen dutenei historiako hainbat adibide emango nizkieke. Emakumeak antolatu direnean, bere garaian pentsaezinak ziren lorpenak eskuratu dituzte: boto eskubidea, dibortzioa, abortu eskubidea… Borroka egin behar da, bestela ez dago ezer lortzerik.
Hezkuntza publikoko irakasleok hamabost urtetan berriztu gabeko lan-hitzarmena eguneratzeko eta hobetzeko beharra eta eskubidea dugu. Horretarako, benetako negoziazio batean murgilduta egon beharko genuke, baina errealitatea negargarria da. Negoziazio batean, alde oro ados... [+]
Hirugarren greba zikloa iragarri dute Steilas, ELA, LAB eta CCOO sindikatuek maiatzaren 12tik 16ra bitartean, hezkuntza publikoa indartzearen alde. Azaldu dute Hezkuntza Sailak helarazitako azken proposamenak ez diela euren aldarrikapenei erantzun egokirik ematen.
Sarriguren, Tafalla, Noain, Buztintxuri eta Gares herrietako D-PAI ereduko ikastetxeetako familiak kalera aterako dira Hezkuntza Departamentuak foru lege bidez ingeleseko orduak handitu nahi dituela salatzera. Euskarazko murgiltze ereduaren kontrako erabakia dela iruditzen... [+]
Nafarroako funtzio publikoan 30.000 langile zeuden grebara deituta asteazken honetan. Deialdiak jarraipen desberdina izan du sektorearen arabera, eta sindikatuek salatu dute foru gobernuak "abusuzko" gutxieneko zerbitzuak ezarri dituela nahita.
Bekat’uros LGBTQIA+ euskal besta hirugarren urtekoz iraganen da Atharratzen. Apirilaren 12an egun osoko egitaraua antolatu du Prefosta elkarteak, usaiako karrika inguruarekin, kontzertuekin eta ikusgarriekin.
UPNk jarritako salaketa bati erantzunez hartu du erabakia auzitegiak. Apirilaren 17an gazte topagunearen baitan Berriozarren antolatutako "Kurdistan eta Euskal Herriko preso politikoen" aldeko ekitaldia da UPNk bertan behera utzi nahi izan duena "terrorismoaren... [+]
Indartsua, irribarretsua eta oso langilea. Helburu pila bat ditu esku artean, eta ideia bat okurritzen zaionean buru-belarri aritzen da horretan. Horiek dira Ainhoa Jungitu (Urduña, Bizkaia, 1998) deskribatzen duten zenbait ezaugarri. 2023an esklerosi anizkoitza... [+]
Garai kuriosoak bizi ditugu eta bizi gaituzte, zinez. Hezkuntza krisian dela dioten garaiak dira eta, gutxien-gutxienean, aliritzira, ba aizue, 2.361 urte ditu gaurgero boladatxoak.
Ez zen ba debalde joan Aristoteles bere maisu maite Platonen akademiatik lizeo bat muntatzeko... [+]
Transfeminismoak argia eta konplexutasuna ekarri ditu gorputz, genero eta desirei buruzko eztabaidetara. Hala ere, itzalak ere sortu ditu. Ustezko koherentzia politiko erradikal baten izenean –askotan hegemonia oso zehatz bati lotua–, diskurtso transfeminista batzuek... [+]
Lehengai anitzekin papera egitea dute urteroko erronka Tolosako Lanbide Heziketako Paper Eskolako ikasleek: platano azalekin, orburuekin, lastoarekin, iratzearekin nahiz bakero zaharrekin egin dituzte probak azken urteotan. Aurtengoan, pilota eskoletan kiloka pilatzen den... [+]
Larretxeatarren oinordea da, aizkolari, harri-jasotzaile, txinga-eramale eta, oro har, herri-kirolari handien ondokoa. Patxi du aita; Donato, berriz, osaba. Hasier Larretxea, aldiz, da gizarte langile, da idazle, da homosexual. Harro beharko genuke denok.
Ikaslez lepo zegoen Leioako Hezkuntza Fakultatea pasa den asteazkenean, Samantha Hudson zetorrelako. 1999an jaiotako Mallorcako artista, abeslari eta influencer transgeneroa da. Kantatzen Duen Herria topaketetako izarrak ilara amaigabea zuen selfie eta autografoak emateko, eta... [+]
“Ba al zenekiten testuliburu gehienetan ia ez dela aipatzen armen industriak egungo gatazketan duen rola? Edo oso gutxitan jartzen dela zalantzan gerra ezinbestean gertatu behar dela esaten duen narratiba?”, dio Gerrarik Ez Araba elkarteak. Bestelako narratibak,... [+]
Apirilaren 8an hil zen 88 urterekin, Asteasun. Hainbat antropologok azpimarratu dute haren ibilbide aberatsa. Antropologian eta feminismoan bereziki ezaguna zen. EHUn Antropologia Sozialeko lehenengo katedraduna izateaz gain, Emakumearen Ikasketen Mintegia sortu zuen. Mundu... [+]
UEUren 53. Udako Ikastaroak izango dira aurtengo udakoak. Zein jardunaldi eta ikastaro izango diren jakinarazi berri dute. Matrikulazioa aurrerago, maiatzean.