1522ko uztailaren 19an Amaiurko gaztelua bereganatu zuen espainiar gudarosteak, euren erreinuaren defentsan erresistitu nahi izan zuten nafar gerlariak garaituta. Ez zen izan Nafarroako konkistaren borrokaldi funtsezkoena, bai seguruenik sinbolikoena. Historiak isilarazita egon ondoren, burujabetzaren aldeko aldarrikapen modura birsortu zaigu “azken nafarren” oihu hura, bost mende geroago.
500 urte beteko dira aurten Amaiurren Nafarroako erreinuaren aldekoak hango gazteluan gotortu eta espainiar gudarosteari aurre egin ziotela. Berrehun inguru zirela diote orduko kronikek, gaur badakigu seguruenik ehun baino ez zirela, milaka soldaduren kontra. Bizirik geratu zirenetatik asko preso hartu zituzten eta batzuk giltzapean zeudela hil ziren, tartean Jaime Belaz Medrano kapitaina, Amaiurko gazteluaren alkaidea. Hala, Karlos V.a espainiar errege eta germaniar enperadoreak behin betiko zapaldu nahi izan zituen nafar agaramontarren independentzia nahiak.
Amaiurkoa agian ez zen izan Nafarroako konkistaren borrokaldi garrantzitsuena –urtebete lehenagoko Noaingo batailarekin konparatuta, adibidez–, baina balio sinboliko itzela zuen, gazteluaren kokapen estrategikoagatik, eta gertaerak galtzaileen artean utzitako zauriagatik. 1841ean foruak eta erreinua guztiz galdu zirenean, Amaiurko “azken nafarren” erresistentzia gogoratu eta iruditeria oso bat eraiki zen, are gehiago duela mende bat abertzaletasunak “nafar askatasunaren alde” borrokatu zirenak omentzeko monolitoa eraiki zuenean.
Espainiako erregeak 1522ko abuztuan agindu zuen gaztelua eraisteko, “harria harriaren gainean utzi gabe”
Gaur egun burujabetzaren ikur bilakatu da 1522ko borrokaldi hura, ekainaren 5eko Amaiuraldia-n ikusi dugun lez: ehunka lagun elkartu ziren Amaiurren eta Elizondon, herriaren memorian “data hori zizelkatzeko”. Baina zer dakigu egiaz gertatutakoari buruz? Ikerketa historikoek eta arkeologiak gero eta datu gehiago ematen badizkigute ere, epikaren lurrunak oraindik jarraitzen du Amaiur estaltzen.
Inperioen garaiko plaza globala
Erregeordearen ordezkaria harresien aurrean jarri zenean, errenditzeko eskatu zien barruan zeudenei, enperadorearen izenean. Baina Jaime Belaz Medranok eta berekin zeuden nafar erregearen aldeko jauntxoek –tartean Xabier, Aginaga, Azkona eta Zareko jaunek– ez zuten amore eman. Gaztelu hartan hamaika borroka gertatu ziren aurretik, eta ez zeuden prest plaza besterik gabe uzteko. 1522ko uztailaren 12a zen eta handik zazpi egunera amaitu zuten asalto odoltsua espainiarrek.
Albako dukeak hamar urte lehenago Nafarroa inbaditu zuenetik, hainbat aldiz aldatu zen eskuz Amaiur: 1512an nafar eta frantziar tropek bereganatu zuten; 1513an Arazuriko Frances Beaumont kapitainak hartu zuen inbaditzaileentzat berriz ere; eta 1521ean nafarren lehen erasoaldiari eutsi ondoren, udazkenean Anton Alguacil alkaide gaztelar harroputzak bere burua entregatu behar izan zuen. Denbora horretan guztian, Amaiurrek gero eta garrantzi handiagoa hartu zuen,
Pirinioetako igarobide estrategikoan egonik, artillerian oinarritutako armada handi eta modernoei aurre egiteko prestatu nahi izan zelako.
Ezin ahaztu dezakegu zein zen testuingurua. Nabarraldek eta Hernani Errotzenek antolatutako Amaiur gogoan jardunaldian, Idoia Arrieta historialariak azpimarratu zuen monarkiak zentralizatzen ari ziren garaia zela eta hori lotuta zegoela “inperio unibertsal baten idealarekin”. Hain justu, 1522. urtean eman zion Juan Sebastian Elkanok munduari bira: “Elkanok mundu bira horrekin harremanetan jarri zituen zuzenean kolonialismoa, inperialismoa, masa-esklabotza eta kapitalismoa”. Pirinioetako bailara txiki bateko gaztelua kontrolatzeko interesa, beraz, askotan uste dena baino globalagoa zen.
“Denok hilko gara berarekin, gaztelua defendatzearren”
Baina zein zen defendatzaileen egoera? Nola iritsi ziren gotorleku horretan setiaturik egotera? 1521eko Noaingo porrota kolpe handia izan zen Enrike II.arentzat eta Nafarroako erreinua berreskuratu nahi izan zuten guztientzat. Komuneroen altxamenduak Gaztelan sorturiko nahasmenak aprobetxatuz, eta Frantziako erregearen laguntzarekin, okupatzaileak Ebroko mugaraino bidali zituzten hasiera batean.
Erantzuna berehalakoa izan zen eta, dakigun bezala, Noainen frantziar eta nafar tropak garaituak izan ziren. Hala ere, Bonnivet Frantziako almiranteak kontraerasoari ekin zion urte hartako udazkenean, eta Amaiur errendiarazi zuen nafarren alde –Hondarribiarekin batera–. Beraz, 1521eko urriaren 3tik aurrera, Belaz Medranoren kargupean aurkitzen dugu gaztelua.
Neguaren gordinak gerrak baldintzatzen zituen garai haietan, itxaronaldi arraro bat egon zen hainbat hilabetez. Belaz Medrano ez zen fio Baztanen eta Malerrekan agintzen zuten beaumondarrez, Urtsuako jauna tartean, eta horregatik frantziarrei laguntza eskatu zien –ikusirik Enrike II.ak ezin ziola baliabide nahikorik bermatu–. “Baina ez zen doan izan”, dio Peio Monteano historialariak Amaiur 1522. Los navarros que defendieron el reino (Amaiur 1522. Erresuma defendatu zuten nafarrak, Mintzoa, 2018) liburuan: “Baionara joan behar izan zuen eta Frantziako erregeari fideltasuna eskaini”.
Udaberritik aurrera liskar ugari gertatuko dira Donezteben kanpaturik dauden tropa inperialekin. Abagune horretan, ekainaren 30ean frantziarrek atzera egingo dute Irungo San Martzialen, Hondarribirantz, eta Amaiurko defendatzaileak erretagoardiako babesik gabe geratuko dira. Orduan abiatuko da Mirandako kondea, Nafarroako erregeordea, eurak asaltatzera milaka soldadurekin.
Hanka egin zezaketen, baina momenturen batean, ez dakigu noiz, Belaz Medrano eta gainerako jauntxo eta gerlari nafarrek erabakiko dute gazteluan geratzea: “Denok hilko gara berarekin, gaztelua defendatzearren”, idatziko dio Etxalarko notarioak Urdazubiko abadeari… “Bera”, Belaz Medrano da, noski. Hor sartuko dira historia liburuetan eta literatura epikoan, Lauaxetak Gaztelu baltza olerkian izkiriatu moduan:
Ikurrin bat –kate ta lili–
torre goitijan zabal dago.
Bera salduko daun semerik
mendi honetan ezta jayo.
Artilleria zerutik, lehergailuak lur azpitik
Itzul gaitezen 1522ko uztailaren 12ra. Badirudi ordurako Amaiurko goarnizioan aldaketa bat egon zela eta batez ere nafarrak geratuko direla bertan. Azkeneko pertsona egun horretan sartu zen gazteluan, arma eta hornidura gehiagorekin. Denek zuten buruan urtebete lehenago Donibane Garaziko gazteluan gertaturikoa: espainiarrek harresitik behera jaurti zituzten defendatzaileak eta Joanikot Arberoa kapitaina zatikatuta hil zuten Iruñean.
Monteanoren arabera, lehen erasoa oinezko eta zaldizko espainiarrek jo zuten hurrengo egunean, harresian eskailerak jarrita; baina Belaz Medranoren gizonek adore handiz eginarazi zieten atzera, kronikek eta lekukoek ziurtatzen dutenez. Ondoren artilleria hasi ziren erabiltzen etengabe, behin eta berriz. Hasiera batean bazirudien gazteluak eutsiko zuela, erasotzaileek zauritu ugari izan zituzten –erregeordeari berari hortzak hautsi zizkioten harrikada batez–, eta gaztelarren kanoi handiak izorratu egin ziren; gainera, Enrike II.aren aldeko tropa gehiago iristeko zorian ziren, Pirinioez bestaldetik Amaiurko nafarrak laguntzera.
Frogaturik dago erasoaren iniziatiba eta pisua erregeordeak eta bere tropa espainiarrek hartu zutela, eta barruan zeuden gerlari ia denak nafarrak zirela, Enrike II.a Nafarroako erregearen alde borrokan
Orduan, Mirandako kondeak erabaki zuen gazteluaren azpian tunela egin eta mina batekin zartatzea hainbeste buruhauste ematen ari zitzaion harresi zilindrikoa –paradoxikoki espainiarrek aurreko urteetan eraikitakoa toki hura okupaturik izan zutenean–. Uztailaren 19an leherrarazi zuten aurrealdea eta irekitako ebakidura hain zen handia, barruan zeuden jauntxoek bandera zuria ateratzea beste erremediorik ez zutela izan, asko hilda, beste asko zauriturik, eta denak egun haietako borrokaldiak akituta baitzeuden.
Nekazarien eta emakumeen behar gorria
Amaiurko batailaz dakiguna kronika eskas batzuetatik eta garaiko artxiboko dokumentuetatik baino ezin dugu asmatu. Asko dira oraindik galderak eta historialarien zalantzak. Esaterako, zenbat eta zein ziren erasotzaileak? 2015ean Pedro Esarte eta Peio Monteanoren arteko eztabaida interesgarria izan zen Diario de Noticias egunkarian horren inguruan. Lehenengoaren esanetan, Gaztelako 6.200 soldadu erregularrek hartu zuten parte erasoan, Mirandako kondearen guardiako 360 aitoren semerekin batera, eta erasotzaileen artean gerlari nafarrak gutxi batzuk baino ez ziren. Aldiz, Monteanok zioen gaztelarrak ez zirela 1.500 oinezko eta 600 zaldizko baino gehiago izatera iritsi, eta nafarrak berriz 2.500 zirela, seguruenik asko “euren borondatearen kontra”.
Nolanahi ere, nahiko frogaturik dago erasoaren iniziatiba eta pisua erregeordeak eta bere tropa espainiarrek hartu zutela, eta barruan zeuden gerlari ia denak nafarrak zirela, Enrike II.a Nafarroako erregearen alde borrokan. Beste kontu bat da herritarrekin zer gertatu zen, horretaz askoz gutxiago dakigu.
Adibidez, 1513an konkistatzaileek Amaiurko gaztelua gotortzeko obrak hasi zituztenean, emakume ugarik hartu zuen parte. Hango uharka egiteko harriak, zura eta legarra garraiatu zituzten, eta 1522ko borrokaldiaren ondoren gaztelua suntsitzeko lanetan ere aritu ziren. Aranzadik eta Amaiur Gaztelu Elkarteak hango Arkeologia Zentrorako egindako bisita liburuan ageri denez, gutxienez 70 emakume amaiurtarren izenak daude dokumentazioan, harginei laguntzen: Maria Bortari, Graziana Irigoien, Katherina Arretxe, Johana Pezoinarte… “Hala ere, haien soldata gizonezkoena baino apalagoa izaten zen”, irakur liteke liburuxkan. Hain juxtu, haietako baten ibilerak ditu oinarri Asisko Urmenetak Amaiur! Libera State (Erroa, 2022) komiki liburuan.
Ez zen txikia izan herritarren kontrako bortxa, Mirandako kondeak bere gudarostea elikatzeko erabilitakoa kasu. Aurreko urtetako uzta txarren ondotik behar gorrian izanik ere –Asparrotseko jaunak Noaingo gudua galdu izanaren arrazoietako bat hori izan zen–, gurdiak eta animaliak konfiskatu zizkieten askori, horretarako eskualde urrunenetara ere soldaduak bidaliz agindua betetzeari uko egiten ziotenak atxilotzeko. Esartek aztertu duenez, Erriberrin, Tafallan, Zangozan, Lizarran eta beste hainbat tokitan lortu zituzten espainiarrek hornidurak, eta Luis Beaumont Leringo kondearen laguntzarekin garraiatu zituzten Belateko bortuan barrena Amaiurrera.
Galtzaileen zigorraeta patua
Amaiurko gazteluan bandera zuria jaso orduko, barruan zeuden ia denak preso hartu zituzten, bizia errespetatzearen ordainetan; tartean ziren borrokaldia gidatu zuten jauntxoak: Xabierko Miguel –Frantziskoren anaia–; Victor Mauleon eta bere anaia Luis; Juan Oiloki; Juan Azpilkueta; baita Jaime Belaz Medrano eta bere semea ere.
Uztailaren 23an Iruñera eraman eta Santiagoko gazteluan giltzapetu zituzten. Badirudi erregeordea arduratuta zegoela presoen “segurtasunarekin”, beste batzuek berriz erreskatea exijitzen zuten, eta ihesaldi saiakeraren bat ere izan omen zen guardiei eskupekoa emanda… Nolanahi ere, hilabete ingurura Belaz Medrano eta bere semea ziegan hil zituzten, oraindik argitu gabe dagoen gertaera ilunean. Haien oroimena historiak irentsi du ia gaur arte. Gazteluak ere ez zuen patu hoberik izan. Karlos V.a enperadoreak agindu zuen “harria harriaren gainean utzi gabe” eraisteko, eta hala egin zuten: abuztuaren 11n eztanda handi bat entzun zen Baztan osoan, Amaiur betirako desagerrarazteko asmoz jarritako lehergailuek eragindakoa.
Pirinioetako bailara txiki bateko gaztelua kontrolatzeko interesa, askotan uste dena baino globalagoa zen
Jose María Jimeno Juriok idatzi zuen Amaiurko historia ez zela 1522an bukatu, ondoren herriaren fisionomia soziala egituratu zela; baina gaztelua defendatu zuten nafarrak “traidore bezala hartu zituen irabazleak”. Ez alferrik ikusten ditugu urtebete geroago Espainiako erregeak emandako barkamenetik baztertuta dozenaka lagun, “beren aberriaren kontra matxinatzeagatik”. Zigorra eta eskarmentua.
Noaingoaren eta Amaiurkoaren ostean, egoera “zuzentzea” zaila zela ikusita, beaumondar zein agaramontar izan, norbere interesen eta boterearen alde hasi zela zioen Maria Puy Huici ikertzaileak konkistari buruzko bere liburu kritikoan, baina hala ere, askok oraindik pentsatzen zutela konkista ez zela atzeraezina, monarka espainiarrak barne: “Enperadoreak berak konkistaren legitimotasuna zalantzan jarri zuen". Agian horrela hobeto uler liteke zergatik egon den gure historiaren ikur hori orain arte, badaezpada, lur azpian sartuta, herritarren auzolanak azalerazi duen arte.
Amaiurko 1522ko gertaera “ikur historiografiko bezala nahiko garaikidea da”, azaldu du Xabier Irujo historialariak Hernaniko Amaiur gogoan jardunaldietarako Youtuben paratutako bideoan: “Nafarroak erreinu izateari utzi zionean 1841ean –eta bigarren karlistaldiaren ondoren 1876an– Amaiur erresistentziaren ikur bilakatzen da”.
Juan Iturralde y Suit idazle eta margolari iruindarra izan zen lehenengotakoa Amaiur aldarrikatzen XIX. mendean, berak sortutako Nafarroako Euskal Elkargoaren bidez, eta 1922an lehen obeliskoa inauguratu zen –besteak beste Julio Altadill eta Arturo Campionen bultzadaz–, borrokaldiaren 400. urtemugan. Baina 1931n errepublika ezarri eta gutxira eskuindarren atentatu batek deuseztatu zuen monumentua eta ez zen 1982ra arte berregin. “Bitarte horretan, abertzaletasunak Amaiurren atzean zegoen historia garatu eta bere egin zuen”, dio Irujok.
Geroztik, 1936ko Gerrako batailoiak, ETAko komandoak, aldizkariak eta koalizio politikoak sortu izan dira izen horrekin, besteak beste.
Nafarroa Berriz Altxa: “500 urte geroago hemen gaude zutik”
Gaur egunera etorrita, subiranotasunaren aldeko mugimenduaren topagune bihurtu da Amaiur. Nafarroa Berriz Altxa ekimenak ekainaren 5ean egindako Amaiuraldia-n esan zuen 500 urte pasa izanagatik, “gaurkotasun” handiko aldarrikapena dela, “egunerokotasunean eragina duten erabakiak non eta nork hartzen dituen” gakoa baita euren ustez.
“Zer eta nola kontsumitu behar dugun baldintzatzen dute –azaldu zuten Amagoia Susperregik eta Eneko Compainsek gaztelua dagoen tontorretik, ehunka lagunen aurrean–, lan harreman markoa edo gure gastu aurrekontuek izan behar duten gastu sabaia arautu… Hemen libreki hartzen ez diren erabakiek, nafarrek krisi ezberdinei ematen dizkiegun erantzunak baldintzatzen dituzte: krisi klimatikoa, elikadura, energia edo migrazio krisiei, esaterako”.
Amaiurko 1522ko gertaeren protagonista nagusiena, Iguzkitzako familiaren dorretxean jaio zen 1475 urte inguruan. Bere leinuak nafar erregeekin zein agaramontar familiekin zituen loturen ondorioz, 1512an erresistentzia antolatzen ibiliko da Pedro Nafarroakoa mariskalaren ondoan.
Ondoren, konkistatzaileen kontrako altxaldi guztietan ikusiko dugu lehen lerroan: 1513an, 1516an eta 1521ean. Amaiurren bere burua entregatu zuen, seguruenik erreskate bidez libre geratu eta beste altxaldi bat antolatzeko itxaropenarekin. Baina Iruñeko ziegatan hil zuten; nola ez dakigu.
Oinordekoek ez zuten orduz geroztik Jaime Belaz Medrano eta Etxauzen aipamenik egin eta bere izena eta historia oharkabean igaro da askorentzat.
1095
Amaiur edo Maier dokumentuetan agertzen da lehen aldiz, Baionako katedralari egindako dohaintza batean.
1266
Bidesariei loturiko lehen erreferentzia. Halako gazteluak muinoetan kokatzen ziren, eta funtzio militarra izateaz gain, merkataritza kontrolatzeko ere erabiltzen ziren.
1389
Amaiurko gazteluko bost dorreak egoera kaskarrean zeudela adierazi zuen obra maisu batek.
1452
Joan II.aren eta bere seme Vianako Printzearen arteko gatazketan –agaramontar eta beaumondarrak– gazteluari eraso egin zioten.
1512
Nafarroako konkistarekin, gaztelarren esku geratuko da. Hurrengo urteetan “trantsizioko gotorleku” bilakatu zuten, kubo erdizirkular, uharka eta horma lodi berriekin, artilleriaren erasoari aurre egiteko.
1521
Nafar erregearen aldeko tropek gaztelua berreskuratu zuten eta Jaime Belaz Medrano jarri zen defentsaren buru.
1522
Amaiurko borroka eta suntsipena. Defendatzaileak preso hartu eta hiru astera, gotorlekua zimenduak eta guzti leherrarazi zuten. Harrobi bezala erabiliko da eliza, etxeak eta hesiak eraikitzeko harriak lortzeko.
1637
Europako Hogeita Hamar Urteko Gerraren testuinguruan gotorleku berria eraikitzen hasiko dira, baina handik hiru urtera lanak bertan behera utzi zituzten.
1794
Gazteluaren muinoan zegoen ermita aprobetxatuz, Konbentzioaren Gerran behin-behineko gotorleku bat eraiki zuten, baina frantziarrek suntsitu zuten ondoren.
2006
Amaiurko herriak eta Baztango Udalak indusketak hasi zituzten auzolanean, Aranzadi Zientzia elkarteak gidatuta. Gazteluko zati garrantzitsuak azalerazi dituzte eta aztarna ugari jaso ( XV. mendeko ezpata bat, kanoi bolak…); gainera, ingurua museo bihurtu dute.
2010
Aitor Pescador Aranzadiko kideak ordainagiri baten bidez frogatu zuen Amaiurko gazteluko atea Arraiozko Jauregizarreko bera dela, Urtsuako jaunari opari bezala emana 1522an.
2020
Amaiurren Arkeologia Zentroa ireki zuten gazteluari eta herriari buruzko informazioarekin.
Gipuzkoa Nafarroako Erresumatik aterarazi eta Gaztelarentzat konkistatu zuen Alfonso VIII. erregearen omenezko kaleari izena aldatuko diote. Horren partez, “17 emakume" deituko da kale hori, frankismoaren lege matxisten aurka borroka egin zuten herriko emakume batzuen... [+]
Memoria eta aldarrikapen eguna izan da larunbatean Amikuzeko hiriburuan. "Sekulan baino gehiago, gure izanetik aurkitu indarraz, bihar gu girena hazi", izan dira Zabalik elkarteko presidentearen hitzak, Nafarroa Bizirik eguneko ekitaldi ofizialean.
Larunbat honetan egun osoko egitaraua antolatu dute Zabalik elkarteak, Nabarraldek eta Hernani Errotzenek, gogorarazteko 1523an Nafarroako Erresumak Donapaleun ezarri zuela hiriburua eta bere egiturak mantendu zituela.
1523ko abuztuaren 18an, Henrike II.a Nafarroako erregeak Estatu Nagusiak deitu zituen Donapaleun. Gaztelaren eraso eta konkistaren ondoren, Nafarroa Behereko lurraldera mugaturik geratu zen erresumak bere egiturak bizirik mantentzeko azken saiakera izan zen hura. 500 urte... [+]
Historian Euskal Herriaren alde bizitza eman duten pertsona guztiei omenaldia eta lore-eskaintza eskaini die Orreaga elkarteak Nafarroaren Egunean Iruñean egindako ekitaldian.
Larunbat honetan dute Antso Azkarra eta Miramamolinen esmeralda antzerkiaren azken emanaldia Hazparnen. Makear gazteek taularatzen dute Antton Luku antzerkigileak 1997an idatzitako obra. Urte horretan Donostia Hiria Literatur Saria irabazi zuen; 25 urte geroago publikoaren... [+]
Amaiurko gazteluaren erresistentziaren eta suntsiketaren 500. urteurrena ospatzeko ekitaldi nagusia ospatu da larunbatean, Amaiurko Gaztelu Elkarteak eta Amaiurko herriak antolaturik eta hainbat instituzioen ordezkarien presentziarekin.
Zigarro mentolatuak, Dire Straits taldea eta “dabuten” esaten zuen jendea iraganeko kontuak dira. Inork aldarrikatzen ez duen iragan batekoak. Bazkari familiar batean zure osaba inoiz martxosoak ekarriko ditu gogora eta horri esker jakingo duzu existitu zirela. Are,... [+]
Aise adituko diezue adin bateko espainolei, zerbaiten larritasuna gutxietsi edo apaletsi nahi dutelarik: “Kuban gehiago galdu zen”, harako 1898 hartako inperio kolonialaren hondarren galera gogoan. Hungariarrek ere, gisako esamoldea omen dute, adiera berberarekin... [+]