Tentsioa gora Donostiako Alde Zaharrean, GKSko eta gazte asanbladako kideen artean

  • Donostian, Alde Zaharreko Gazte Asanbladaren (AZGA) eta Mugimendu Sozialistaren artean gatazka sortu da. AZGAk salatu du GKSren inguruko hogei bat lagunek eraso egin dietela bi pertsonari larunbatean eta GKSk bere kide bati etxeko atarian jipoia eman ziotela gau berean. ARGIAk hitz egin du bertan izan ziren alde guztietako pertsona ugarirekin, gertatua berreraiki asmoz.


2022ko ekainaren 06an - 13:59

Joan den astean Kijera gaztetxetik “ateratako” edo “lapurtutako” –bertsioen arabera aldatzen den hitza– materialaren harira lehertu da azken gatazka. Zenbait egunez tentsioak etengabe gora egin ostean, larunbat gauean jipoiak eta borrokak izan dira Alde Zaharrean.

Hainbat dira eragileek argitaratu dituzten komunikatuak eta hemen daude irakurgai AZGA eta GKSrena. Herria kultur elkartekoa watsapp bidez zabaldu dute.

Testuinguruan kokatzeko, azken urteetan Donostiako Alde Zaharrean tentsioak izan badira ere, nolabaiteko elkarbizitza mantentzen zen eragile ugarien artean, eta kontutan hartu behar da ia denek batez ere kale bat partekatzen dutela: Ikatz kalea. Horrez gain, ia anomalia gisa, norbanako eta beste eragile batzuekin batera, elkarrekin antolatuta zeuden Ernai, Jarki eta GKSko militante ugari Alde Zaharreko Gazte Asanbladan (AZGA). Joan den astera arte.

Giroa txartuta iritsi zen larunbatera. Gaztetxeko materiala lapurtu zutela egotzita, aurreko egunean AZGAk erabaki zuen aho batez GKS botatzea asanbladatik, eta AZGA izatea gatazka hau kudeatzeko eragile nagusia.

GKSk salatu du bere kide batek, Kijera kanpoan grabatutako bideoetan nabarmen ikusten zenak, astebetez memeak, irainak, fotomuntaiak eta azkenik heriotz mehatxuak jasan behar izan dituela, eta gainera, lanetik bota zutela ostiralean, bere ustez, Ezker Abertzalearen aginduz.

Larunbatean gertatua kokatzen amaitzeko, aipatu, Ernaiko jende gehiena Bilbon antolatutako manifestazioan zegoela, eta GKSkoak Itaiak Hernanin antolatutako jardunaldietan.

20:30ean lehen borroka

AZGAk dio 20 pertsonak bi lagun jipoitu zituztela Ikatz kalean. GKS ingurukoek diote ez zela izan 20 biren aurka, baizik eta bost bat –inguruan jende gehiagorekin– pare baten aurka eta ukabilkadak gurutzatu zituztela. Lekuko izan ziren pertsonek diote erasoa jasan zuten bi pertsonetako batek lurrean amaitu zuela ostikoak eta kolpeak jasotzen.

Honela kontatzen du AZGAk: “20:30ak aldera AZGAko kide bat eta auzoko gazte bat erasotu eta jipoitu zituzten ildo sozialistako 20 bat kidek, eta esan beharra dago gainera, ildo sozialistako militante asko kanpotik etorriak izan zirela. Gainera, egoera lasaitzera sartu zen auzotar oro mehatxatua eta erasotua izan zen”.

Honela dio GKSk bere oharrean, zergatik joan ziren pertsona horiengana: “Militante sozialistei eraso gehiago egiten ez ziotela utziko esatea zen helburua. Izan ere, Jarkiko kide hori izan da aste honetan bertan GKSko kide bati ukabilkada jo diona. Donostiako militante sozialistok hainbat bider mehatxatu gaitu edo espazio publikotik kanporatzen ibili izan da –tabernetara sartzea galaraziz adibidez–. Liskarrean hasi ostean, elkarri joka amaitu zuten pertsona horiek eta AZGAk gertaerei eman nahi dion izaeraren kontrara, ez zen lintxamendurik egon, borrokaldi tipiko bat izan zen. Izan ere, mugimendu sozialistako dozena bat kide inguru geunden guztira kale horretan eta borroka hasi zenean, gehiago gerturatu ginen arren, horietatik laurdenak hartu zuen parte borrokan”.

Joka ibili zirenek alde egin zuten Ikatz kaletik. Denak ez ziren Donostiakoak. GKStik diote aste osoan zehar jasan duten jazarpenaren ondorioz erabaki zutela beren kideak babestera inguruko herrietatik jendea joatea.

Jipoituek ere alde egin zuten. Giro nahasia geratu zen Ikatz kalean. Bitartean, sare sozialetan Iñaki Egañak idatzi zuen mezua asko zabaltzen hasi zen, eta Donostiako GKSko jendeak Ikatz kalera joatea erabaki zuen, zer gerta ere. Ernaiko jendea ere Bilboko manifestaziotik iritsi zen.

Bakoitza ohiko bere tabernen inguruan zebilen –eragile hauekin zerikusirik ez duen eta parrandan zebilen jende askorekin batera– eta bazirudien ez zela ezer gehiago gertatuko.

Gauerdian bigarrena

GKSko pertsona batzuk Trinitate enparantzako komunetara pixa egitera joan zirenean, Herria aurrean zegoen ordu batzuk lehenago liskarra izan zuten pertsonetako bat, AZGAko eta Jarkiko kidea bera. Elkarri irainka eta oihuka hasi eta tentsioa lehertu egin zen segundo gutxian. GKSko jendea azkar hurbildu ziren ingurura –baten batek aurpegia estalita– eta Herriako sarreran aurre egin zieten. Jende askoren arteko borrokak lauzpabost minutu iraun zituen.

Honela dio AZGAren oharrak: “AZGAko bi kide kalean zeudela ildo sozialistako hiru kide aurretik erasotua izan zen kidearengana harropuzkeriaz oldartu ziren. AZGAko beste kidea egoera lasaitzen saiatu arren, ildo sozialistako 40 bat militante kalearen bi muturretatik (atzeko aldetik sartu zirenak buruestaliak) kristalezko botilak auzotarroi botaz auzotarron aurka oldartu ziren”.

Horrela dio GKSren oharrak: “Aurrez aipatu dugun Jarkiko militante berak arratsaldeko gertakarietan egon ez zen Donostiako militante sozialista bat harrapatu eta liskarra probokatu zuen, eta horren ondotik, bigarren borrokaldi bat gertatu zen, jende askoren artekoa bi aldeen partetik –Ezker Abertzalea eta Jarki uneoro elkarrekin aritu ziren–”.

Herria kultur elkarteak ateratako oharrean dio Ikatz kalean bi eraso izan zirela, eta bigarrena “Herria tabernaren kanpoaldean geunden jende-talde handiago baten aurka, adin desberdinetako auzotarrak tartean (…) Eraso guztiz antolatua izan zen: ildo sozialistako Donostiako militanteez gain beste herrietako matoiak ekarri zituzten enkaputxatuta zuzenean norengana jo bazekitela. Alde batetik zein bestetik izan ginen inguratuak”.

Horren ostean, Herria taberna ixtea erabaki zuten. “Urte luzez aritu gara auzogintzan lanean, baina tokatu izan zaigu gure kalean beste eratako deskontrolatuen erasoak ikusi eta pairatzea. Horrelako erasoen aurrean, auzo bizigarri eta seguru baten alde lanean jarraituko dugu, beti egin dugun bezala”.

GKSko kideak beren taberna inguruan bildu ziren eta han egon ziren tabernak itxi bitartean. Zer gerta ere taldeka joan ziren beren etxeetara.

Etxera bidean, erasoa

Azkenik, GKSko kidea, sare sozialetan lintxamendua salatu duena eta lanetik bota zutena, etxera abiatu zen beste pertsona batekin. Biak bereizi zirenean, etxeko atarian, atzetik Jarkiko pertsona bat etorri eta kolpeka hasi zitzaion. Lurretik altxa eta berriro joka hasi behar zitzaionean kide batzuk hurbildu ziren eta hala amaitu zen gertaera hori.

Igandean Instagrametik heriotz mehatxuak jaso dituela salatu du.

Desadostasun eta korapilo politikoak

GKS inguruko kideek sentitzen dute gatazka ez dela Donostian gaztetxeko materialaren harira hasi, baizik eta maila nazionalean, Ezker Abertzaleak “betatu” egiten duela espazio politiko ugaritan, adibidez, herrietako txosnetan, eta horrekin finantzieroki “ito” nahi dutela. Mugimendu sozialista “zokoratzeko” ahalegina ez dela berria uste dute.

Kontrara, ezker abertzale bueltako zenbait jendek uste du GKSk Euskal Herri mailako estrategia duela talka bilatzeko beraiekin. Eta zehazki Donostiako Alde Zaharrera joanda, ez duela sekula lortu asanblada “kontrolatzea”, eta atzean apustu politiko batekin, “talka bilatzea” erabaki dutela jaima, aulki eta mahaien harira.

GKSk uste du gaztetxetik ateratako materiala aitzakia dela istilurako, zenbait urte zeramatzalako hor, aurretik beste eragile batzuek ere sartuak zirelako materialak hartzera eta ez zelako halako harrabotsik sortu. Beraiek diote gainontzeko eragileei jakinarazi zietela noiz sartuko ziren eta prest zirela besteentzat ere ateratzeko, edo ateratakoa nola banatu hitz egiteko, baina ezinezkoa zela elkar ulertzea. "Arazoa ez da materiala, baizik eta gu garela materiala hartzera sartu garenak".

AZGAko eragileek garbi ikusten dute GKSk materiala “lapurtu” diela, ez zela beraiena, izaera komunitarioa zuela eta ez zutela eskubiderik asanbladaren iritziaren aurka udaltzainekin negoziatu, hartu eta nahi zutena eramateko.

GKSk kontrara, ikusten du Ezker Abertzaleak “gatazka bilatu” nahi izan duela gertaera honekin, eta beren mugimendua “desprestigiatzen” eta bere militanteak “politikoki suntsitzen” saiatu direla. “Guk ez genuen kriston foiloia eduki nahi aulki batzuengatik”, adierazi dio kide batek ARGIAri. Salatzen dute, materialaren egun hartan AZGAko kide batek GKSko bati ukabilkada bat eman ziola eta iskanbila grabatu izanak frogatzen diela hasieratik nahi zutela gizarteratu.

Ziurrenik badira desadostasun gehiago ere. Astelehenean 19:30ean AZGAk deitu duen auzo-agerraldiak ere azalaraziko ditu gehiago. Baina galdera bat nabarmentzen da guztiaren gainetik: zein izango dira honen ondorio politikoak? Ezin jakin oraindik. Hala ere, alde batek eta besteak uste dute, egoera hartzen ari den itxura ikusita, herri gehiagotan errepika daitezkeela istiluak, are gehiago herrietako jaiak ate joka eta txosnen inguruan tentsioak daudela kontutan hartuta.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Politika
2025-04-16 | Euskal Irratiak
Mikel Epaltza
“Nire etxea utzi nuen ETAk nazioarteko begiraleen esku armak utz zitzan”

Atxik Berrituz giristino taldeak Kristauak Euskal Herriko bake prozesuan liburua argitaratu du Maiatz argitaletxearekin. Giristinoek euskal bake prozesuan zer nolako engaiamendua ukan duten irakur daiteke, lekukotasunen bidez.


Ertzaintza handitu eta 8.000 polizia nahi ditu Jaurlaritzak 2030erako

Ertzaintzarekin bigarren negoziazio mahaia ireki du Bigen Zupiriak, martxoan ERNE, ESAN eta SIPErekin ertzainei urteko soldata gutxienez 4.200 euro igotzea adostu ostean. Agente kopurua areagotzeko plan horretan Arkautiko (Araba) akademiak "berebiziko... [+]


Aguraingo Udalak atzera bota du 50.000 plaka fotovoltaiko instalatzeko proiektua

EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu dute osoko bilkuran. Udalak egitasmoa sustatzen duen enpresari, Cañaveras Solarri eskatu dio proiektuak ez ditzala hartu balio estrategiko handiko gisa kalifikatutako nekazaritza lurrak, eta gune populatuetatik gutxienez 500 metroko... [+]


2025-04-16 | Sustatu
Bi hilabete igaro dira eta berdin gaude: IP blokeoak dozenaka euskal webguneren kontra futbola dagoenean

Duela egun batzuk iragarri zuen Puntueu-ek La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko zuela. Asteburu honetan izan dira partiduak, hain zuzen, eta monitorizazioaren datuak hor daude, penagarriak dira.


2025-04-16 | Karmelo Landa
Aberri Aukera

Ez da Aberri Eguna, Aberri Aukera da euskaldunok behar duguna. Urtean behin errepikatzen dira balizko alderdi zein talde abertzaleen deialdiak, data hauetan, Euskaldunon aberria Euskadi/Euskal Herria da aldarriaren inguruan. Egun bateko kontua izaten da, hala ere. Eta ez batera... [+]


Zentsura mozioa onartuta, UPNk Noain-Elortzibarreko alkatetza galdu du

AINE Noain-Elortzibarreko talde independentea, Harana Gara eta Aldatu Elortzibar egongo dira udalaren agintean, eta azken horretako Luis Mayak hartuko du aginte makila. Martxoaren 31n iragarri zuten mozioa aurkeztuko zutela, UPNren kudeaketaren "noraeza" eta... [+]


2025-04-14 | ARGIA
Gabriel Arestiren “izaera komunista” azpimarratu dute, bere heriotzaren 50. urteurrena kari

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS) antolatuta, egun osoko jardunaldia egin dute igandean, Bilboko Campos Eliseos antzokian. Hainbat hitzaldik osatu dute egitaraua, eta jardnualdia amaitzeko Bigarrenez Aresti etorkizunaren aurrean antzezlana estreinatu dute.


‘Oztopoen gainetik askatasunera’: Ernaik manifestaziora deitu du apirilaren 17an

Adierazpen askatasuna aldarrikatzeko eta "eskuin erreakzionarioaren ofentsibari aurre egiteko" batuko dira. Egun horretarako Euskal Preso Politikoen alde antolatua zuten hitzaldia eta ekitaldia salatu du UPNk, eta hura zelatatzeko agindu du Espainiako Audientzia... [+]


Udalek espresuki euskaraz jardutea baliogabetu du Gorenak

EAEko udal legearen euskararen arloko zenbait artikuluren aurkako epaia eman zuen Justizia Auzitegi Nagusiak 2023an, eta orain Gorenak berretsi du. Eusko Jaurlaritzak ez du garaiz aurkeztu epaiaren aurka egin zezakeen helegitea.


Salaketa jarriko du Ertzaintzaren tiro baten ondorioz barrabila galdu zuen gizonak

Ospitaletik irten eta berehala prentsaurrekoa eman du Iker Aranak, Errekaldeko gaztetxearen aurrean. Gaztetxearen desalojoan ertzainek "neurrigabeko indarkeria" erabili zutela salatu du, eta salaketa hurrengo egunetan aurkeztuko du.


2025-04-10 | ARGIA
Negoziazioak “boikoteatzea” egotzi diote sindikatuek Nafarroako Gobernuari, funtzio publikoko greban

Nafarroako funtzio publikoan 30.000 langile zeuden grebara deituta asteazken honetan. Deialdiak jarraipen desberdina izan du sektorearen arabera, eta sindikatuek salatu dute foru gobernuak "abusuzko" gutxieneko zerbitzuak ezarri dituela nahita.


2025-04-10 | Gedar
Ertzaintzaren interbentzio batean hil zen pertsona baten kasua ikertzen ari dira

Iazko abuztuan, Irundik gertu, ertzainek atxilotzean izan zuen bihotzekoa gizon batek. Eneko Valdésen heriotzaren ikerketan, Polizia errugabetu zuten.


Ernairen ekitaldia zelatatuko du Auzitegi Nazionalak

UPNk jarritako salaketa bati erantzunez hartu du erabakia auzitegiak. Apirilaren 17an gazte topagunearen baitan Berriozarren antolatutako "Kurdistan eta Euskal Herriko preso politikoen" aldeko ekitaldia da UPNk bertan behera utzi nahi izan duena "terrorismoaren... [+]


Sarkozy eta Le Pen eskandalizatuta, zuzenbide estatuak hitz egin duelako

Bere burua 2027ko Frantziako Estatuko presidentzialetako garaile gisa irudikatzen duena –Marine Le Pen– gogorki zigortu du Parisko Auzitegi Korrekzionalak, lau urteko kartzela-zigorra, 100.000 euroko isuna eta batez ere, bost urtez aurkezteko debekua bideratuta. Tonu... [+]


Eguneraketa berriak daude