Aldaketa dator ikastetxeetara

  • LOMLOEk dakarren metodologia interdiziplinarra praktikara eramateko gakoak, ikasleek errepikatu ala ez erabakitzeko irizpide polemikoak, filosofiak azkenean curriculumean izango duen presentzia, edukietan ikuspegi feminista txertatzeko neurrien eraginkortasuna... aztertu ditugu, Espainiako azken hezkuntza legeak Hego Euskal Herriko ikastetxeetan izango duen eragina neurtu asmoz. Aldaketarako prestatzen ari diren irakasleengana jo dugu iritzi eske.

Argazkiak: Dani Blanco

Espainiako enegarren hezkuntza legea gainean dute Hego Euskal Herriko ikastetxeek, EAEko eta Nafarroako gobernuek egokituta –berez %50eko eskumena dute erkidegoetako gobernuek, curriculumean eragiteko–. PPren LOMCE kritikatua ordezkatuko duen PSOEren LOMLOE honek hari-mutur asko ditu –itunpeko sarearen aldean eskola publikoaren aldeko apusturik ez dagoela, ikasleen segregazioari ez zaiola aurre egiten eta ratioak jaisteko eta irakasleak egonkortzeko neurririk ez duela jasotzen salatu du adibidez Steilas sindikatuak, nahiz eta gai horietako batzuei erantzun propioa emango dien egosten ari den EAEko Hezkuntza Legeak–. Gu pedagogian eta curriculumean ekarriko dituen aldaketetan zentratuko gara ondorengo lerroetan.

Proiektuka eta ikasgaiak gurutzatuta, Lehen eta Bigarren Hezkuntzan
Datorren ikasturtean martxan jartzeko aldaketa metodologikoa proposatzen du legeak: ikasgaika antolatu ordez, hainbat ikasgai eta diziplina gurutzatuz gaiak proiektuka lantzea, ikuspegi globalago batetik eta konpetentzietan indarra jarriz. Haur eta Lehen Hezkuntzan bada halako esperientziarik, ez ordea Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, eta adin horietan ere lehenago edo beranduago ikastetxe guztiak proiektuka aritzea da legearen helburua. Bigarren Hezkuntzak duen berezitasuna da irakasle espezialista gehiago dagoela, ikasgai bakoitzak bere irakaslea duela –Lehen Hezkuntzan tutoreak denbora gehiago pasatzen du haurrekin–, eta beraz metodologia aldaketa honek irakasleen artean beste modu batera koordinatzea eta taldean aritzea eskatzen du, bai proiektuak prestatzeko, baina baita klasea emateko garaian ere, hezitzaileak ez baitu buruan soilik bere ikasgaia izango.

Gurutzatuko diren ikasgaiak bi eremutan banatzen ditu legeak: eremu soziolinguistikoa (Euskara, Gaztelania, Gizartea) eta zientifiko-teknologikoa (Teknologia, Matematika, Natur Zientziak eta Biologia). Beste kontu bat da ikastetxe bakoitzak nola gauzatuko duen proiektua eta nola egingo duen lan eremu horien barruan, edota gurutzaketa horretan ikasgai gehiago sartuko ote dituen –esaterako ikasgai artistikoa eremuetako batean–.

Olatz Zumeta: "Metodologia aldatu eta proiektuka aritzeko, eduki batzuk albo batera uztea eta curriculuma arintzea ezinbestekoa da"

Villabonako Erniobea Bigarren Hezkuntzako institutuan proiektuka aritzeko gogoeta prozesu betean dira eta bide horretan pausoak ematen joateko erronka dute. Olatz Zumeta zuzendariak esan digu aurretik ere proiektu txikiak jorratu izan dituztela han-hemenka, ez dela zerotik hastea, baina bai gaiari sakonago heltzea. Horretarako, hainbat ikastetxetako esperientzia ezagutu dute, tartean proiektuka lan egiten hamabi bat urte daramatzan Kataluniako eskola publiko batena. “Positiboa ikusi dugu metodologia horren bidez zeharkako konpetentziei garrantzi handia ematen dietela, ikasleen autonomia eta kritikotasuna lantzeari eta abar, eta aldiz edukiak gutxiago lantzen dituztela. Hori bada kezka bat gurean, ea kapaz izango garen metodologia honekin lan eginez programatuta ditugun eduki guztiak emateko –dio Zumetak–. Beste era batera esanda: eduki batzuk albo batera uztea eta curriculuma arintzea ezinbestekoa da, proiektuka aritzeak beste zerbait eskatzen dizulako; eta Jaurlaritzak behintzat esana du curriculuma edukiz arinduko duela”.

Proiektuka aritzearen funtsa da erronka batzuk planteatu eta ikasleak eurak antolatzen, alternatibak eta irtenbideak bilatzen, gauzak proposatzen... jartzea. “Ikasleak egindako esfortzuari, izan duen ikas-prozesuari arreta gehiago jartzea ere bada xedeetako bat”. Positibo baloratzen du Zumetak, baina zailtasun bat ere jarri du mahai gainean: ebaluazioa. “Konpetentziak ebaluatzen formazioa behar dugu, teorizatzetik harago erreminta praktikoak behar ditugu, konpententziak benetan nola baloratu jakiteko”. Azken finean, legeak dioena dioela, praktikara eramateko baliabideak dira gakoa, zuzendariaren hitzetan: “Heziberri ere hor dago eta ez du aldaketa handirik ekarri, hezkuntza pertsonok egiten dugulako, eta horretarako baliabideak behar ditugu, tartean klaustro egonkorrak bermatzea, irakasleen behin-behinekotasun handiak ez baitu batere laguntzen”.

Pentsatzea vs. memorizatzea?
Aipaturiko metodologiaren atzean ere badago LOMLOEk aldarrikatzen duen oinarrietako bat: edukiak baino, eduki horiekin zer egin ikastea da garrantzitsua, eztabaidatzea eta gogoetatzea, eta lehenesten du pentsatzea memorizatzearen gainetik. Olatz Zumetaren ustez, kontua ez da zuritik beltzera pasatzea: “Proiektuka aritzean esaten da irakasleak gidari izan behar duela, baina gidariaz gain jakintza batzuk, azalpenak, edukiak… ere transmititu behar dizkie ikasleei, hori ere beharrezkoa delako, eta ez litzateke baten edo bestearen artean aukeratu behar, oreka mantendu baizik. Memorizazioa auzitan jartzen da gaur egun, eta noski ez dela dena memorizazioan zentratu behar, baina eduki batzuk memorizatu beharko dira, oinarri batzuk ere behar ditu ikasleak, bidea egiteko. Aldi berean, ikasleak gogoetatzea eta eztabaidatzea, kritikotasuna lantzea, oso garrantzitsua da, ikasleak bizitzarako prestatzen ari garen heinean”.

Ildo berean mintzatu zaigu Loiuko Lauro ikastolan dabilen Iñigo Martinez Filosofia irakaslea, gaiaz galdetu diogunean: “Bada korronte pedagogiko bat dioena edukiak amaitu behar direla, Googlen daudela edukiak eta zertarako ikasi, baina zer pentsatuko dugu edukirik gabe? Memoriak eramaten gaitu ondare bat jasotzera, aurrekoek esan dutena jasotzera, eta lotura egiten du iraganaren, orainaren eta etorkizunaren artean. Pentsatzeko metodoak ongi daude, baina heldulekuak behar ditugu, kontua ez baita soilik iritzia ematea, iritzi horren sendotasunari ere erreparatu beharko genioke, sakondutako iritzia al den, ikertua al den... Bestela tertuliano bilakatuko ditugu ikasleak”.

Iñigo Martinez: "Bada korronte pedagogiko bat dioena edukiak amaitu behar direla, baina zer pentsatuko dugu edukirik gabe? Heldulekuak behar ditugu, bestela tertuliano bilakatuko ditugu ikasleak"

Filosofiak zein leku izango du curriculum berrian?
Galdera hori egin diogu Iñigo Martinezi. Testuinguruan jarri gaitu lehenik: LOMCEk ezabaturiko Etika eta Filosofiaren Historia bueltatuko zela bozkatu zuten alderdi guztiek Espainiako parlamentuan, baina ez zuen hala jaso LOMLOEren lehen zirriborroak. Protesta eta presio kanpaina baten ondorioz, gauzak aldatzen joan direla dio Martinezek eta azkenean “erdizkako aurrerapausoa” eman duela Espainiako Gobernuak: Filosofia ikasgaia derrigorrezko izango da Batxilergoko bigarren mailan ere –LOMCErekin lehenengo mailan baino ez zen derrigorrezko ikasgaia–, baina PSOEren aurreko hezkuntza legean DBHn derrigorrezko zen Etika ikasgaia ez da bueltatuko eta gainera LOMCEk DBHn hautazko gisa eskaintzen zuen Filosofia ikasgaia zerrendatik desagerrarazi du LOMLOEk. Inportantea da gogoratzea ikasle guztiek ez dutela Batxilergoa egiten.

Kontuak kontu, Espainiako Gobernuaren eragina apalduta geratuko da Hego Euskal Herrian, bai Jaurlaritzak bai Foru Gobernuak erabaki baitute DBHn hautazkoen zerrendan Filosofia ere egon dadila aukeran –Valentziak izan ezik Espainiako Estatuko gainerako erkidegoek egin duten ildo berean–. EAEn, filosofiari lotutako beste ikasgai bat ere eskainiko da hautazkoen artean: Pentsamendu Kritikoa eta Autonomoa.

Bestetik, Iñigo Martinezek nabarmendu du Balio Zibiko eta Etikoak ikasgaia DBHko maila guztietan ematen zela LOMCEk kendu zuen arte, eta orain DBHko maila bakarrera murriztu dutela eskaintza, “kasik ordutegia betetzeko”. Etika ez da filosofiaren baliokidea, “baina bada filosofiaren atal bat”, gogoratu du irakasleak. Informazioaren saturazioa bizi dugun garaiotan, informazio hori guztia interpretatzeko eta zalantzan jartzeko gelditzea eta denbora hartzea beharrezkoa dirudi, “eta horretan ere laguntzen du filosofiak”. Ikasgai honek zertarako balio duen argi ez dutenentzat, Martinezen hitz hauek: “‘Normaltasuna’ zalantzan jartzeko eta esnatuago bizitzeko”.

Ikasturtea errepikatzeko irizpideak auzitan
Ikasleek maila errepikatzea benetan salbuespena izan dadin, ikasturtea errazago gainditzeko modua ezarri du lege berriak. Gainditu gabeko bi ikasgairekin, aurrera egingo du ikasleak zuzenean, eta bi ikasgai baino gehiago baditu gainditu gabe, irakasle taldeak erabakiko du zer egin, baina gehienez bitan baino ezingo du mailaren bat errepikatu ikasleak derrigorrezko hezkuntza osoan zehar. Batxilergoan ere, gainditu gabeko bi ikasgairekin igaro daiteke gaztea lehenengo mailatik bigarrenera, eta gainditu gabeko ikasgai batekin titulua lortu ahal izango du.

Gaur egun ere irakasle klaustroan eztabaidatzen den arren zein ikaslek egingo duen aurrera eta zeinek ez, errepikatzeko ikasgai gainditu gabeen kopururik ez ezartzeak eta aukera malgutzeak irakasleen bizkar zama gehiegi jarri duela iritzi dio hainbatek. Gainera, Olatz Zumetak zalantza egin du, legea ez ote den kontraesanean erortzen: “Ikasleak konpetentziak barneratu dituela eta bidea egingo duela ikusten baduzu, arraroa da ikasgaia ez gainditzea, ez bada kasu oso berezia”.

Espainiako Gobernuak araudia malgutzeko erabakiaren arrazoia da gakoa: hezkuntza orientabideak markatzen dituen Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundea osatzen duten 34 herrialdeetatik, Espainia da errepikatzaile gehien dituen estatua –ikasleen %9, gainerako herrialdeen %1,9 batezbestekoaren aldean–. Beraz, nola egin errepikatzaileak gutxitzeko eta eskola porrotaren datuek itxura hobea eman dezaten? Ahal den neurrian ikasleek errepikatzea eragotziz. Ordea, batetik Hego Euskal Herriko errealitatea ez da hori –errepikatze maila txikiagoa da– eta bestetik, eskola porrotari aurre egiteko soluzioak ez luke izan behar beste barik errepikapena eragoztea, porrot hori saihesteko neurriak hartzea baizik, “atzean” geratzen ari den ikaslea lehenbailehen identifikatu eta behar duen laguntza emanez: dela taldean bi irakasle jarriz, curriculuma eta metodologia egokituz... Azken finean, banakako indartze plan berezituak aurreikusten ditu hezkuntza sistemak, baina baliabide gehigarri barik ez da samurra teoria praktikara eramatea.

Gaiaz sakon jardun genuen Ikasturtea errepikatzea: Icebergaren tontorra mahai-inguruan eta ondorio bera azaleratu zuten solaskideek: ikerketen arabera, errepikatzeak ez du akademikoki ondorio onik ekartzen. “Eta normala da, errepikatu eta soluzioa baldin bada berriz ere gauza berbera egitea, modu berberean ikasiz: ezer ez bada aldatzen eta ezintasunak berdinak baldin badira, berbera izango da emaitza”, zioen Pedro José Macho Hezkuntza ikuskariak. Alegia, banakako indartze plan hori beharko lukeela errepikatzaileak –LOMLOEk ere hala jasotzen du–, baina berriz ere pareta berarekin egiten dugu talka: baliabiderik gabe alferrik dira hitz ederrak.

Eskola porrotari aurre egiteko soluzioak ez luke izan behar beste barik errepikapena eragoztea, "atzean" geratzen ari den ikaslea lehenbailehen identifikatu eta behar duen laguntza ematea baizik

Ezin ahaztu, errepikatzea bera gaizki ikusia dagoela, eta horrek pisu handia duela erabaki bat hartzeko garaian. “Berez, errepikatzea ez da larria, beste era batera planteatuko bagenu: lehenengoan ez dugu asmatuko, bigarrenean ere ez eta hirugarrenean lortuko dugu, horrela goaz zailtasunak gainditzen eta ikaspenak garatzen, baina kontua da gure hezkuntza sisteman eta gizartean estigmatizatutako neurria dela ikasle batek errepikatzea”, zioen Agurtzane Martinez irakasleak, mahai-inguruan. “Zergatik bihurtu da errepikatzea hain eskandalagarria? Porrotaren ideia dago atzean, baina errepikapen horietan ezberdintasunak sartuz trebatzeak ez du zertan txarra izan; ez luke tragedia bat izan behar errepikatzeak”, Iñigo Martinezek.

Curriculum feministagoa?
Begirada eurozentrikoa gainditzen duen eta kontakizun historikoan bestelako ikuspegiak txertatzen dituen curriculuma prestatu duela saldu du Espainiako Gobernuak, baina batez ere, curriculum feminista dela LOMLOEk dakarrena. Mugimendu feminista planteatzen du adibidez gaitegian, emakumeak presenteago daude ikasi beharreko izen zerrendetan, eta araudiak besteak beste jasotzen du estereotipoen, indarkeriaren eta jarrera sexisten aurka egiteko betebeharra, baita hezkuntza administrazioari dagokiola bermatzea ikastetxeetako materialak ez sexistak eta ez diskriminatzaileak izatea. “Orain arteko legeetan zeharka aipatzen zen hori esplizituki idatzita dator eta hori da aldaketa nabarmenena. Genero indarkeria lantzeko premia helburuetan agertzea, esaterako, aurrerapauso gisa hartu behar da, eta mugimendu feministak azken urteetan egin duen lanaren erantzuna da, nolabait –adierazi digu Beatriz Rubio Irungo Toki Alai eskola publikoko Hezkidetza arduradunak–. Hori bai, hezkidetza arloan orain arte egin ez dena ez da izan legeak horretarako aukera eman ez duelako, beraz ikusi beharko da aurrerantzean zerbait aldatzen den”. EAEko II. Hezkidetza Plana bera, ikastetxeetan ezarrita dagoena, LOMLOE baino aurrerago doala gaineratu digu Rubiok.

Orduan, zergatik daude gure eskoletako curriculumak feminista izatetik hain urrun? Aurreko solaskideen ildoan erantzun digu Rubiok: “Baliabideak eskaini behar ditu legeak, helburuak praktikara eraman ahal izateko. Batetik, formakuntza behar da hezkidetzan, dekretuak jar dezakeelako estereotipo sexistak apurtu behar direla, baina irakasle batzuk ez dira gai horiek identifikatzeko ere. Bestetik, hezkidetza arduradunari orduak eman behar zaizkio, lan hori egiteko. Gaur egun, ezarrita dago ikastetxe bakoitzean hezkidetza arduradun batek egon behar duela, baina lan horretarako liberatutako ordurik gabe; ni neu hezkidetza arduraduna naiz, baina apenas dudan ordurik irakasleei formakuntza emateko, ikasgai bakoitzeko mintegietan parte hartu eta euren eduki eta ikasgaietan hezkidetza eta genero ikuspegia txertatu dezatela bideratzeko, testuliburuak betaurreko moreekin begiratu eta edukietan emakumeen ikusgaitasuna eta erreferentziak lantzeko… Orduak eskainiko dizkigu lege berriak hezkidetza arduradunoi? Bestela guztiz hankamotz geratuko da eta irakasleen borondatearen menpe jarraituko du gai honek”.

Beatriz Rubio: "Benetako lanketa feminista egiteko, orduak eskainiko dizkigu lege berriak hezkidetza arduradunoi? Bestela hankamotz geratuko da eta irakasleen borondatearen menpe segituko du"

Bestalde, datuek diote Batxilergoan mutilek batik bat Zientzien modalitatea aukeratzen dutela eta neskek Giza Zientzien eta Gizarte Zientzien modalitateekin lotura dutenak. Eremu teknologikoan ere nabarmena da genero-arrakala. Bada, paperean, beste erronka interesgarri bat dakar LOMLOEk: emakume gutxi dagoen adarretan  neska gehiago egon dadin lortzea. Hori nola egiten den galdetu diogu Beatriz Rubiori, eta kontatu digu beraien ikastetxean hainbat esperientzia martxan dituztela, eta denek abiapuntu funtsezkoa dutela: zientzietako ikasgaietako irakasleak aliatu dira hezkidetzan aurrerapausoak emateko bidean. Aurten, adibidez, matematikako azterketa amaitzean espero zuten nota idazteko eskatu diete ikasleei eta Excela osatu du irakasleak, esperotako eta lortutako notarekin. “Frogatu nahi dugu neskek konpententzia matematikoari lotuta beren buruaz duten irudia eta benetako gaitasuna ez datozela bat, mutilek beren burua hobeto ikusi ohi dutelako neskek baino, eta errealitateak dio neskek mutilek baino nota altuagoak ateratzen dituztela”. Neskak zientzia arloko bilera, mintegi, hitzaldi eta tailerretara eramaten dituzte; hezkidetza batzordeak urtero proiektu bat antolatzen du zientzia, teknologia, informatika eta matematika mintegiekin elkarlanean; ikasleekin aztertzen dute gizartean genero eraikuntza nola gauzatzen den eta horrek neska-mutilak nola baldintzatzen dituen ikasketak eta lanbideak aukeratzeko garaian...

Erlijioa, derrigorrez eskaini beharreko ikasgaia
PSOEren legeak hezkuntza laikoaren bidean urratsak emango zituela uste zutenei zaplaztekoa eman die LOMLOEk: ikastetxeek derrigorrez eskaini behar dute Erlijioa, hautazko ikasgaia izango da ikasleentzat, eta notarako balioko du.

Gainerakoan, ikasgaiei lotuta izan da eztabaidarik. EAEko curriculumean DBH 3n Historia ikasgaia desagerrarazi dutela-eta, haserre agertu da hainbat irakasle, aurreko ikasturteko historia kontakizunari segida ez zaiola emango eta ikasleen ezagutza herren geratuko dela argudiatuta. Eta aldaketa aipagarrienen artean, hautazko ikasgaien eskaintza zabaldu egingo da bai DBHn  (Atzerriko bigarren hizkuntza, Garapen pertsonal eta sozialari aplikatutako Filosofia, Digitalizazioa, Teknologia, Kultura zientifikoa, Osasun fisikoa eta emozionala…), bai Batxilergoan (Euskal Herriko Historia, Anatomia aplikatua, Argazkilaritza, Pintura, Laborategiko teknikak, Antropologia soziala, Atzerriko hizkuntzan ahozko komunikazioa…). Batxilergoan, gainera, gaur egungo hiru adarren ordez bost adar izango dituzte ikasleek aukeratzeko: Zientzia eta Teknologia, Giza eta Gizarte Zientziak, Arte Plastikoak, Musika eta Arte Eszenikoak, eta Batxilergo Orokorra (arlo humanistikoak eta zientifikoak barne hartuko dituena).

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
PSNren egoitzaren aurrean elkarretaratzea deitu dute Iruñean, D ereduari trabak jartzen dizkiola salatzeko

Euskararen Defentsarako Sareak Nafarroako Gobernuak D ereduari jartzen dizkion trabak salatu nahi ditu. Argi dute Nafarroako Gobernua “edozertarako prest” dagoela “euskararen kontra” jotzeko. Horregatik, elkarretaratzea deitu dute uztailaren 2an,... [+]


2024-06-26 | ARGIA
Laborantza lizeoetan euskaraz ikasi ahal izango da, Frantziako Gobernuak hala onartuta

Aspaldiko aldarrikapena onartu du Frantziako Gobernuak: laborantza lizeo pribatuetan formakuntza elebidunak eskaini ahal izango dira, “esperimentazio pedagogiko” gisa, alegia frantsesez bakarrik ez, euskaraz ere irakatsi ahalko da. Donapaleun eta Hazparnen baliatuko... [+]


Nola irakurzaletu ikasleak

Irakurtzen al dute –eta irakurritakoa ongi ulertzen al dute– haur eta gazteek? Eta helduok? Eskolan zein tarte eskaintzen zaio irakurketari eta literaturari? Nola prestatzen da ikasleei eskaintzen zaien liburu zerrenda eta nolako liburutegiak dituzte ikastetxeek,... [+]


Oporretan mugikorretik deskonektatu, seme-alabek eskertuko dizute

Haur eta gazteek duten pantaila kontsumoarekiko kezka nagusi den garaiotan, fokua helduongan jarri eta familia guztiarentzako gomendio baliagarriak bidali dituzte Zurriola ikastolatik, pantailek ez ditzaten udako oporrak baldintzatu.


Beskoitzeko auzapez berriak ikastolaren aldeko konpromisoa berretsi du

Botoen %55 lortu du Pascal Jocouk Beskoitzeko hauteskundeen bigarren itzulian. Fabienne Etchegaray aurkariak bozen %44 atera du. Hemezortzi kontseilari izango ditu gehiengoak, eta bost oposizioak. Berriako Ekhi Erremundegik eginiko elkarrizketan, ikastolaren aldeko konpromisoa... [+]


Nafarroako Gobernuak 2020an agindutako eraikin berria exijitu dute Antzineko Lokiz eskolako familiek

“Nafarroako Gobernuak duela lau urte eginiko promesari huts egingo dio beste behin ere”, salatu du Lizarraldeako Lokiz eskolako guraso elkarteak. Orain 7 urte D ereduaren aldeko apustua egin zuen hezkuntza komunitateak, eta desagertzeko zorian zegoen eskola txiki... [+]


Baxoko ahozkoa ikasleei euskaraz egiten lagunduko diete ehun bat irakaslek

Irakasleek baxoko ahozkoa euskaraz egiten laguntzeko ekintza egingo dute. Soinean ahobizi eta belarriprest txapak eramango dituzte, ikasleei adierazteko “babes osoa” dutela euskaraz mintzatzeko azterketan.


2024-06-19 | Axier Lopez
EHUk ez du akordio berririk sinatuko CAFekin, giza eskubideak urratzen dituen Jerusalemgo tranbia utzi arte

Hainbat lagun elkartu da ekainaren 19ko goizean EHUko Gipuzkoako errektoreordetzaren egoitzan, Ibaetan EHUk CAFekin dituen harremanak eten ditzala eskatzeko. Gipuzkoako campuseko errektoreorde Agustin Erkizia Olaizolak adierazi die EHUk ez duela akordio berririk sinatuko... [+]


2024-06-19 | Tere Maldonado
Lehiakortasuna hezkuntzan

Saldu eta erosi giza jarduerak dira batik bat. Merkatuak eta azoka txikiak espazio publiko zalapartatsu eta biziz beteak dira, soziabilitate-lekuak, non behar ditugun gauza baliotsuak topatzen ditugun (janaria, arropa, tresneria), bidezko prezio baten truke. Bertan, gizaki... [+]


“Heziketa fisikoa eskolako ikasgai bat gehiago den unetik, jasotzen duen trataerak ezin du hau izan”

Funtsezko konpetentzietatik ezabatua, Berritzeguneen birmoldaketan zokoratua, ordu kopuruetan gutxietsia... Heziketa fisikoak EAEn garai txarrak bizi dituela eta administrazioak baztertuta dituela salatzera etorri da ARGIAra Luis Larrañaga “Pizti” heziketa... [+]


Gerrak sortzen dituen euskal industria militar berria: Satlantis-en adibidea

Duela ia urte eta erdi, Ahoztar Zelaieta kazetariak Satlantis enpresaren aurpegi ezezagunena ekarri zuen argitara. Azkenaldian berrikuntza teknologikoaren alorrean sortzen ari diren euskal enpresen izar gisa aurkezten zaigu Satlantis; baina El Salto-k argitaratutako La empresa... [+]


Eguneraketa berriak daude