‘Austerlitz’, memoriaren korronte ezkutuak

  • Anbereseko Central Staationen aurkituko du liburu honetako narratzaile izenik gabeak Jacques Austerlitz, bere iraganaz oroitu ezin den gizona. Hamarkadaz hamarkada eta hiriz hiri luzatuko dira bien arteko solasaldiak, lainoan bildutako memoria argitzeko ahaleginean. Idoia Santamariarekin hitz egin dugu, hark euskaratu baitu, Igelaren eskutik, W. G. Sebald alemanaren lanik ospetsuenetako bat, justu hil aurretik argitaratua. Ekainaren 4an Ziburuko Euskal Liburu eta Diskoen Azokan itzulpen lan honetaz arituko da Santamaria.  

Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Liburu honek 400 orrialde ditu ia, eta lau paragrafo baino ez. Nola hartu zenuen itzultzeko proposamena?

Hasieran beldur handia izan nuen. Sebald ezagutzen nuen, eta Austerlitz irakurria neukan, gaztelaniazko itzulpena, Miguel Sáenzena. Gogoratzen dut irakurri nuenean ikaragarrizko inpaktua egin zidala, eta oso ondo gogoratzen nuen irakurri ahala pentsatu nuela: nola kristo itzuli du hau!

Animatu zinen hala ere.

Bai. Banekien sekulako erronka izango zela: gaizki pasatuko nuela, baina ondo ere bai. Lau paragrafo izatearen okerrena da ikaragarri zaila dela errepasatzea –testuak bisualki ez baitizu laguntzen–, eta tonu bera mantentzea.

Noiz hasi zinen itzultzen?

2020ko udazkenean-edo, eta iazko abenduan entregatu nuen. Azken hiru hilabete hauetan errepasatzen ibili gara. Maketak lan handia eman du, argazkiak baitaude, eta nik mila aldiz berrikusi nahi nuen.

Argazkien kontuak harritu ninduen.

Sebalden fikzio-lanei buruzko eztabaidetako bat izaten da ea nola deitu behar zaien: nobelak, ipuinak… Sarrionandiak bukaerako hitzostean artefaktu narratiboa deitzen dio. Autoreak berak, elkarrizketetan-eta, prose fiction izena erabiltzen zuen, fikziozko prosa, eta bere lan guztietan baliatzen ditu argazkiak, ez honetan bakarrik.

Argazki batzuk zehatzak dira, eraikin baten planoa esaterako, baina beste batzuetan pertsonak agertzen dira, eta zalantza sartzen zaizu nor ote diren.

Ez dago jakiterik. Badakigu Sebaldek dokumentazio-lan handia egiten zuela eta batzuetan artxibategietako baimenarekin erabiltzen zituela argazkiak, nahiz eta polemikak ere izan zituen horrekin. Halako mélange bat egiten zuen. Dokumentazio-lan handia egin arren, horrek ez du esan nahi pertsona horri dagokion guztia zehatz-mehatz kontatzen duenik. Adibidez, Jacques Austerlitzi buruz esaten zuen bi pertsona eta erdiri buruzko dokumentazioarekin osatuta zegoela. Argazkiak, batzuetan, berak eginak dira; beste askotan berriz, antigoaleko altzarien eta bestelako objektuen merkatuetan eskuratzen zituen. Oso gogoko zuen arakatze-lan hori.

Austerlitz lehen aldiz irakurri zenuenean inpresio handia egin omen zizun. Zergatik?

Idazleak esplizituki idazten duena –liburuan agertzen dena– ez da berak kontatzen duen guztia, horrek miresten nau: denbora guztian iradokitzen du kontatzen duen horren azpitik badagoela beste zerbait, korronte geldo moduko bat, eta idazkera bera da istorioaren giro-sortzaile nagusia eta istorioaren hari oso inportante bat.

Hari hori Holokaustoa da.

"Liburu honetan aipatzen du Sebaldek lehenbiziko aldiz Holokaustoa esplizituki"

Bai, nahiz eta bere fikzioan ez duen ia behin ere aipatzen. Liburu honetan aipatzen da lehendabiziko aldiz esplizituki, Theresienstadteko kontzentrazio-esparrua agertzen denean. Bestalde, oso modu sinesgarrian dago kontatua nola Austerlitzek uko egiten dion garai historiko hori ezagutzeari, badakielako hor badagoela zerbait oso mingarria. Eta uste dut Sebaldek idazketaren bidez erakusten duela nola oroitzen ditugun gauzak: ez dago segida lineal bat, ez da inondik ere gauza kronologiko bat, baizik eta saltoka egiten dugu, oroitzapen batek beste batera eramaten gaitu, nahiz ez egon lotura agerikorik bien artean.

Arkitekturaren historiari eta eraikinen zehaztasunei buruzko hamaika hausnarketa daude orobat.

Sebalden liburuetan beti agertzen da kolonialismoa, zuzenean edo zeharka. Hemen, oso zehazki. Liburua Belgikan kokatzeak Afrikako eta Kongoko auzi guztia aipatzeko aukera ematen dio, besteak beste Afrikatik ekarritako aberastasunek nola ahalbidetu zuten halako eraikin monstruosoak sortzea. Liburuaren hasieran batik bat, zenbait eraikin erraldoiri eta gotorlekuen eraikuntzari buruzko orrialde ugari dago. 

Niretzat oso interesgarria izan da, asko erakusten dizu arkitekturaren historiaz –izan ere, Austerlitz, liburuko pertsonaia nagusia, arkitektura-historialaria da–, baina sekulako tripako mina eman dit. Nire lankide batek, Alfontso Mujikak, EHUrako itzulitako arkitektura-hiztegi irudiduna erabili dut, eta oso ondo etorri zait.

Beste buruhauste aipagarririk izan duzu?

Sebaldek gai askori buruzko jakintza infinitua du, eta kontuan izan behar duzu hori guztia itzultzean. Esate baterako, naturaren deskribapen ugari dago liburuan; tximeletak ageri dira, adibidez. Gaueko tximeletak aipatzen dira, baina izen arruntarekin, ez zientifikoarekin. Eta izen arruntak zeintzuk erabiltzen dituzte gehien? Normalean, tradizio naturalista handia duten herriek eta hizkuntzek. Alegia, Ingalaterrak eta Alemaniak asko. Espainolek askoz gutxiago, eta guk zero. Orduan nik behar nuen norbaitek esatea liburuko sitsen izen horietarako zer izen arrunt erabili behar nituen euskaraz.

Nola konpondu duzu arazoa?

Tximeleta batzuen izen zientifikoa lokalizatu nuen –oso gutxirena–, eta, Excel taula batean, jarri nuen batetik alemaneko izen arrunta, eta gero badaezpada kontsultarako erabili ditudan hizkuntzetakoa –gaztelania, frantsesa, ingelesa eta katalana–. Ondoren, Arantzadiko biologo batek harremanetan jarri ninduen hemengo tximeleta-aditu zenbaitekin –batzuk EHUko irakasleak– eta Gipuzkoako Entomologoen Elkartearekin. Esan nien: "Zuek esaten didazuena jarriko dut, baina esadazue zer jarri, zuetako batek liburua irakurtzen badu ez dezan pentsa, parte horretara iristen denean, astakeria hutsa dela jarri dudana".

Eman dituzu azkenean.

Liburua itzultzen ari nintzela atera berria zen Euskal Herriko eguneko tximeleten izen arrunten liburu bat. Baina ez gauekoena, eta nik gauekoen izenak behar nituen! Beraz haiek emandako 8-10 izenak erabili ditut, bai. Landerrek [Majuelo, Igelako editorea] esan zidanez, gutxienez itzulpen honekin euskarak irabazi ditu tximeleta-izen batzuk.

Argazkiak: Dani Blanco.

Asko dokumentatzen zara itzulpenak egin aurretik.

Asko gustatzen zait parte hori, bai. Hori egiten duzun bitartean ez dago erantzukizunik eta ez dago itzulpen-arazorik. Bat-batean zara estudiante boluntario bat, eta gainera ari bazara gustatzen zaizun gai batekin edo autore batekin… Baina arriskutsua da, zeren egon baitzaitezke horrela nahi adina, eta horrelako autore batekin zer esanik ez. Pasa ditzakezu bost urte dokumentatzen eta lerro bakar bat ere itzuli gabe eta zentimo bakar bat ere kobratu gabe, bide batez. Beharbada nire segurtasun faltaren ondorio ere izango da pixka bat; iruditzen zait, hori egiten badut, itzultzen hasten naizenean hobeto moldatuko naizela. Baina batzuek nahiago dute hutsetik hasi. Uste dut Koro Navarrori entzun izan diodala inoiz, nahiago duela irakurle huts baten larruan jarri eta figura horretatik itzuli, aurrez besterik jakin gabe, alegia.

Elkarren segida samarrean itzuli dituzu Friedrich Dürrenmatt, Ingeborg Bachmann eta W.G. Sebald. Horren aurretik baziren urte batzuk ez zenuela literaturarik itzultzen. Erabakiren bat dago hor tartean?

Bi erabaki daude. Batetik, berriro heltzea literaturari. 1992an-edo [E.M.] Forsterren lan bat itzuli nuen ingelesetik; garai hartan Bilbon bizi nintzen, bizimodu disipatu samarra neukan nolabait esateko, eta ezinean ibili nintzen: tarteka egin nuen, utzi, berriz hasi, ez nintzen batere konforme geratu itzulpenarekin. Eta, bestetik, urte askotan etxeko egoeragatik zaintza-lan handiak izan ditut, eta oso zaila zitzaidan eguneroko lanaz aparte beste gauza batzuk egitea. Eta hasierako itzulpen harekin ez nintzenez kontentu gelditu, halako zera bat, beldurra-edo, gelditu zitzaidan.

Aita hil zenean, lehenengo gauza erabaki nuen Alemaniara joatea bolada batez, batetik haize pixka bat hartzera, eta bestetik alemanari astindu on bat ematera, herdoildu samarra baineukan ez erabiltzearen ondorioz. Eta bi urtez, lanean jarraitu bitartean, pasatu nituen urte bakoitzetik hilabete batzuk Berlinen, lanean baimena eskatuta; C2 maila atera nuen, eta esan nuen: orain bai, ateratzen baldin bazait aukeraren bat, gogoa daukat. Halako batean atera zen lehendabizikoa lehiaketara, Dürrenmattena, eta eman egin zidaten. Eta hori argitaratu bezain pronto, Bachmannena atera zen lehiaketara; aurkeztu nintzen pentsatuz ez zidatela emango, eta hura ere aurrera.

Eta gero Sebald.

Xabier Olarrak esan zidan Igela argitaletxeko ardura batzuk uztera zihoala, eta Lander hastekoa zela. Eta hark berehala proposatu zidan Sebald itzultzea, Austerlitz hain zuzen. Eta horrela izan da. Gauzak ia kasualitatez gertatzen dira eta bat-batean bihurtzen zaituzte alemaneko espezialista! Egia esan, gustura nago. Egokitu zaizkit Erdialdeko Europako hiru ikur, asko gustatzen zaizkidanak, eta aukera ematen didate inguru horretako historian sartzeko –nire obsesioetako bat da–; asko interesatzen baitzait inguru hori, bertako historia eta mugimendu artistikoa batez ere. Iruditzen zait asko daukagula oraindik ikasteko eta asko dagoela hor dagoen literaturatik oraindik itzultzeko. Asko.

Bachmannen itzulpenagatik Euskadi Saria eman zizuten. Bejondeizula.

Egia esan, sekulako sorpresa izan zen. Ez nuen espero. Ni konbentzituta nengoen, eta benetan ari naiz, Ireneri [Arrarats] emango ziotela [Simone de Beauvoirren Bigarren sexua kaleratu zuen urte berean]. Gero lagun batek esan zidan saiakerak normalean ez dituztela saritzen. Egia esan, ez dakit literatur lanek eta saiakerek kategoria bana ez ote luketen eduki behar itzulpen-sarietan, saiakerak ez daitezen beti albo batera gelditu. Bestela, itzulpenerako sari bakarra egotekotan, saiakerek errazago sartu behar lukete bonbo horretan. Gainera, azkenengo urteetan asko igo da saiakera-produkzioa. Eta Bigarren sexuaren kasuan, gauza kanonikoagorik… Ez naiz kexatuko, noski e? Baina ez nuen espero, benetan.

Besterik esan nahi zenuke?

Animatuko nuke jendea Sebald irakurtzera, euskaraz edo beste edozein hizkuntzatan, ez dut esaten nire itzulpenagatik. Asko merezi duen egilea da. Iruditzen zait orain badagoela joera bat askorik gustatzen ez zaidana: ematen du ikaragarri erraza ez den norbait gomendatzen baduzu, pedante bat zarela; coola izan behar duzu, gauza arinak gomendatzea delako super cool. Eta niri amorrazio pixka bat ematen dit. Henry Jamesen nobelak errazak dira? Edo Virginia Woolfenak? Horrekin ez dut inondik ere esan nahi errazago irakurtzen, entzuten edo ikusten diren gauzen kontra nagoenik, inondik ere ez, baina pentsarazi eta batzuetan deskolokatu nauten lanak izan dira betirako gelditu direnak nirekin.

Hondamendiak eta erbesteak zeharkatzen dute Sebalden lana, eta hala ere haren liburuak bukatu eta gogoa ematen dizu berriro hasteko. Badute magnetismo bat, erakarri egiten dute, eta aldi berean, orria pasatzearekin batera sentsazioa daukazu zerbait lurrundu egiten dela, desagertu. Oso konbinazio erakargarria da, eta alde horretatik, nahiz eta ez izan erraza deitzen den horietako bat, nire ustez oso autore gomendagarria da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nazioarteko literatura
2024-03-07 | Julen Azpitarte
Zorigaiztoko musikarien laztasunak

Alfonso Cardenalek Vidas Perras. Cuentos musicales del Sofá Sonoro (Bizitza Latzak. Soinu-sofako musika-ipuinak) izenburuko liburua argitaratu berri du. Bertan, herri-musikaren historiaren bazterretan abandonatutako kultuzko hogei musikariren zorigaiztoko biografia... [+]


Iraingarria da istorio bateko pertsonaia “lodia” dela esatea?

Roald Dahl idazle irakurriaren umeentzako hainbat lan berritu dituzte: “lodi” eta “itsusi” bezalako adjektiboak desagertu dira, baita esaldiren bat gehitu ere ileordea eramatea ez dela ezer txarra adierazteko, esaterako.


Xavier Queipo. Galegoa berdin emigratzailea
“Galegoz hitz egiteko jarrera indartu besterik ez zen egin Bruselara joan nintzenean”

Galizian jaioa, Bruselan egin du kasik laneko aldi guztia. Biologia eta Medikuntza ikasketak eginagatik ere, gisako lanik ez herrialdean bertan, eta bakailao-ontzi batean itsasoratu zen, noizbait, biologo. Europako arrantza ikuskaritzan zen lanean laster. Idazle aipu eta sona... [+]


2022-10-06 | ARGIA
Annie Ernaux idazleak jasoko du Literaturaren Nobel saria

Annie Ernaux idazle frantsesa saritu du Suediako akademiak. Nobela autobiografikoak idatzi ditu batez ere, eta hainbat irakur daitezke euskaraz, 'Pasio hutsa' eta 'Gertakizuna' eleberriak, besteak beste. Bere obraren ausardia eta zehaztasun klinikoa saritu ditu... [+]


Pasazaite argitaletxeak agur esatea erabaki du 10 urteren ondoren

Ekain honetan hamar urte bete ditu Pasazaite argitaletxeak. Nazioarteko literatura euskarara ekartzen espezializatu den proiektuak urteurren hori baliatu du ateak itxiko dituela iragartzeko.


2022-06-08 | Julen Azpitarte
Voltairine de Cleyre
Anarkista, besterik ez

Voltairine de Cleyre (1866-1912) XX. mendeko mugimendu anarkista eta feministako emakume garrantzitsuenetariko bat izan zen, Emma Goldmanekin batera. Feminismoa boto-eskubidearen aldeko borrokara mugatzen zen garaian, Cleyrek bide berriak ireki zituen eta gaur eguneraino iraun... [+]


Boris Pahor hil da, holokausto nazia gordintasunez kontatu zuen idazle esloveniarra

Esloveniako literaturak azken mendea begien aurretik pasatzen ikusi duen idazlea galdu du. Boris Pahor 108 urterekin zendu da astelehen honetan Triesten.


Ia 80 urtez desagertuta egon den Louis-Ferdinand Célineren nobela bat argitaratu dute

Mundua dardarka jarri duen gerra baten lekuko garen une honetan, joan den mendeko lehen gerra handian girotutako nobela bat publikatu da ostegun honetan Frantziako Estatuan. Eta ez edozein nobela: 78 urtez “desagertuta” egon ondoren iaz berreskuratu ziren... [+]


Emakume idazleak XX. mendeko Italian
Alda Merini: harriduraz begiratzeko ahalmena

Alda Merini (Milan, 1931-Milan, 2009) poeta italiarra izan zen. Lan asko argitaratu zituen, tartean hamarnaka poesia liburu eta bi-hiru autobiografia (L'altra verità. Diario di una diversa, La pazza de la porta accanto eta Reato di vita. Autobiografia e poesia).


Venezia baino zerbait gehiago, Joseph Brodskyren bitartez

Aste honetan aurkeztu da Joseph Brodskyk idatzitako Ur marka. Veneziari buruzko saiakera. Rikardo Arregi Diaz de Herediak itzuli eta Katakrak argitaletxeak publikatu du poeta errusiar atzerriratuari euskarara itzuli zaion lehen liburua.


2022-03-17 | Julen Azpitarte
Diane di Prima
Otsemearen haginkada

"Emakumeak egon ziren, han zeuden, nik ezagutu nituen, baina haien familiek eroetxeetan giltzaperatzen zituzten, elektroshock-ak ezartzen zizkieten. 50eko hamarkadan, gizona bazinen, errebelde izan zintezkeen, baina emakumea bazinen zure familiak giltzapetzen zintuen. Izan... [+]


Sebalden 'Austerlitz' euskaraz
Esanezina den hori nola konta daitekeen

Gauza garrantzitsua gertatu da astelehen honetan literatura euskaraz irakurtzea atsegin dutenentzat: W. G. Sebalden Austerlitz argitaratu du Igela argitaletxeak. Idoia Santamariak egindako itzulpenari esker, idazle alemaniarraren obrarik ezagunena nobedadeen artean aurkituko du... [+]


Maryse Condé, haurtzaroaren negarrak eta irriak

Asteazken honetan aurkeztuko dituzte Erein eta Igela argitaletxeek Literatura Unibertsala bildumako hiru lan berriak, tartean Maryse Condéren Bihotza negar eta irri (ene haurtzaroko istorio egiazkoak). Joxe Mari Berasategik euskaratua, idazle guadalupearraren obra... [+]


2020-11-19 | Julen Azpitarte
Wu Ming kolektiboaren 'Proletkult' nobela
Marxismo martetarra

Wu Ming literatur kolektiboaren Proletkult (2018) “objektu narratibo” berriak sozialismoa eta zientzia fikzioa lotzen ditu, Sobiet Batasuneko zientzia fikzio klasikoaren aitzindari izan zen Izar gorria (1908) nobela eta haren egile Aleksandr Bogdanov boltxebikearen... [+]


‘Neskamearen ipuina’: beste ezinbesteko distopia bat euskaratu du Txalapartak

Ingelesez idatzitako literatura distopikoaren hiru obra nagusiak euskaratu ondoren, Tafallako argitaletxeak beste kolpe bat eman du liburu-dendako apalategian Margaret Atwooden Neskamearen ipuina argitaratuz, Zigor Garrok itzulita.


Eguneraketa berriak daude