Hedabideen jabetza kapitalismotik harago

  • Maiatzaren 12tik 14ra Vienan egindako Jabetza, hedabideak, publikoa konferentzian parte hartu du ARGIAk, Hedabideen jabetza kapitalismotik harago mahai-inguruan. Komunikazio Zientzia Kritikoen Sareak antolatu du, komunikazio zientziek egindako azterketetan jabetzaren auziak jasan duen desagerpenari buelta emateko. ARGIAren proiektua aurkezteko eta ikuspegi eraldatzailetik jarduten duten beste medio batzuekin harremanak egiteko aukera izan da konferentzia.

Marlen van den Ecker / KriKowi

2022ko ekainaren 02an

Komunikazioaren esparruko askotariko ikasle, ikertzaile eta irakasleek osatzen dute Komunikazio Zientzia Kritikoen Sarea (Kritische Kommunikationswissenschaft Netzwerk alemanez, edo KriKoWi, laburtuta). 2017an hasi zuten haien jarduna. Geroztik, hainbat lantalde sortu, ikerketen inguruko ekitaldiak antolatu eta argitalpenak sustatu dituzte.

Hedabideen eta komunikazioaren inguruko ikerketa zientifiko kritikoa sustatzen du sareak. Batez ere akademiaren esparruan, baina hortik harago eragiteko borondatez, aktibismo politikoarekin eta kazetaritza praktikekin elkarlanean arituz. Zer da, baina, komunikazio zientzia kritikoa? Sareko kideek diotenez, teoria sozialari eta kapitalismoaren analisiari lotutako ikerketa tresnekin egiten dute lan, komunikazio zientzien esparruan jabetza harremanak, aginte motak eta botere desberdintasunak aztertzeko eta, finean, haien garapen historikoa kontuan hartuz gizarte harremanak eraldatzeko.

Ikerketak aurkeztu, garatu eta hedatzeko seminarioak, udako eta neguko eskolak eta konferentziak antolatzen dituzte. Urteroko konferentzia nagusia zena bi urtean behinekoa bilakatu zen 2019tik 2021erako tartean, eta COVID-19aren enegarren olatua zela-eta 2022ra atzeratu behar izan zuten. Jabetza, hedabideak, publikoa izena hartu zuen KriKoWik Vienan egindako konferentziak, sarearen laugarrenak. Jabetzaren auzia berriz ere mahai-gainean jarri eta aztertzeko aukera izan zen.

KriKoWi konferentziaren aurkezpen ekitaldia. (Marlen Van den Ecker / KriKoWi)

Dozenaka hitzaldi eta tailer antolatu zituzten hiru eguneko egitarauan. Hedabideen jabetza, finantzaketa, estatuarekiko eta enpresa handiekiko mendekotasun harremanak, jabetza hedabideetan nola errepresentatzen den, sare sozialetan eta iritzi publikoan dauden diskurtsoak eta bestelako mundu bat eraikitzeko hedabideen egitekoa zein den aztertu zuten, besteak beste.

Austriako hiriburuan lur hartu genuen ARGIAko hiru kazetarik ostegun arratsaldean, hotelean gauzak utzi, bidaiako izerdiak dutxan garbitu eta Vienako Unibertsitatearen Ekonomia eta Enpresaritza fakultaterantz abiatu ginen segidan.

Iritsi, harreran zeuden gazteei gure izenak hizkiz hizki eman eta horiek idatzita zituzten eranskailuak paparrean jarri genituen. Kokatzerako, jende bat jakin-minez begira genuela konturatu ginen, ezagun zen bazekitela konferentziaren programak iragartzen zituen euskaldunak ginela. Abegikor hartu gintuzten, eta parte hartuko genuen mahai-ingurua salbu erabat alemanez izango zen konferentzia jarraitu ahal izateko ezinbesteko laguntza izan ziren xuxurlariak ezagutu genituen

Hedabideen jabetza

Ostiral goizean hiria apur bat bisitatzeko aukera izan genuen, erdigune behinola inperial erabat masifikatua eta aldiri lasaiagoan dagoen Karl Marx Hof bisitatu genituen, eta metro geltoki baten pareko kebab saltzaile kurdu bati erositako durumak bazkaldu eguerdiko 12:00tan. Oso europarra dena.

Arratsaldean izan zen Vienaraino eraman gintuen Kazetaritza komun gisa. Hedabideen jabetza kapitalismotik harago izenburuko mahai-ingurura. Europako ezkerreko hainbat alderdiren erreferentzia den Transform! Europe sareak sustatutako mahai-inguruan parte hartzeko gonbidapena jaso zuen ARGIAk iaz, Europan perspektiba eraldatzailetik lan egiten duten beste lau hedabiderekin batera. Alemaniako Jacobin aldizkariko Ines Schwerdtner erredakzio burua, Ulli Weish Vienako Orange irrati libreko zuzendaria, Europa ekialdeko Baricada hedabide digitaleko Boyan Stanislavski, azkenean bertaratzerik izan ez zuen Greziako The Press Project hedabideko Konstantinos Poulis eta ARGIAko Lander Arbelaitz elkartu zituen mahai-inguruak. Sevda Can Arslan ikertzaile eta KriKoWi-ko kideak moderatu zuen.

Ezkerreko hedabide txikiek elkar lagundu behar dute

Bakoitzaren hedabidearen forma juridikoaz, jabetzaz eta antolaketaz galdetu zien lehenik Can Arslanek parte-hartzaileei. Baricadako Stanislavskik hartu zuen hitza. Haien enpresa hiru bazkide dituen ohiko erantzukizun mugatuko sozietatea dela argitu zuen (Espainiako estatuan S.L. eta Frantziakoan SARL gisa izendatuak), batez ere arrazoi praktikoak direla medio. Aipatu zuenez, Ekialdeko Europan kooperatibak edo fundazioak sortzeko gainditu beharreko traba burokratikoak handiegiak dira eta, bestalde, ohiko enpresak baino susmagarriagotzat jotzen dira. Jacobin aldizkariko Schwerdtnerrek azaldu zuenez, haienak ere forma juridiko bera du, baina ekonomia sozialeko enpresa ere bada haiena. Hala eta guztiz ere, ekonomia sozialaren eredua baino haragoko asmoak dituztela azpimarratu zuen, haiena aldizkari sozialista dela argituz. Gaineratu zuenez, Alemaniako alderdi eta bestelako taldeekiko politikoki eta ekonomikoki independentea da Jacobin.

Orange irratiko Weishek irratiaren izaera askotarikoa nabarmendu zuen. Izan ere, irrati pirata gisa sortu zen 1998an eta 25 hizkuntzatan mintzatzen den eta 220 irratsaio dituen irrati komunitarioa da egun, hasierako espirituari eusten diona. Irrati libre eta irekia denez parte hartzaileak eta saioak etengabe aldatzen direla azaldu zuen, eta parte hartzaileen eta langileen profilari eta irratsaioen edukiari jarraipena egiten ahalegintzen dira. Egun hamabi langile dira, baina orotara 500 irratigilek hartzen dute parte. Irratigintza ikastaroak antolatzen dituzte, jendeak haien irratsaioak egin ditzan, baina bestelako auziak ere lantzen dituzte: hizkuntza aniztasuna, hizkera anti-arrazista eta ez-sexista eta beste.

Argazkia: Marlen Van den Ecker / KriKoWi

ARGIAren txanda heltzean, hizkuntza txiki bateko proiektu txikia izanik, bertaratutakoak harrituta geratu ziren 103 urteko historia duela entzutean. Zeruko Argiatik Argiarako pausoaz hitz egin zuen Arbelaitzek, eta proiektuaren ibilbidea laburtu. Gaur egun erredakzioa, arlo komertziala eta administrazioa sailetan antolatzen den langileen jabetzako ekonomia sozial eraldatzaileko enpresa dela azaldu zuen, eta soldaten berdintzea eta arduren banaketa ekarri duen azken hamarkadetan egindako horizontaltze prozesuaren berri ere eman zuen.

Dirurik gabe hedabiderik ez

Aurkezpenen ostean, finantzaketa ereduaz galdetu zuen Sevda Can Arslan moderatzaileak. Izan ere, eta Jacobineko Schwerdtnerrek azpimarratu zuenez, dirua lortzea etengabeko eta ezinbesteko borroka da hedabide batentzat, dirurik gabe nekez egin baitezake aurrera. Hiru eredu azaleratu ziren, harpidetzen bidezkoa, aktibitate komertziala oinarri duena eta finantzaketa publikoaren mendekoa.

Alemaniako Jacobin aldizkariaren lehen zenbakia finantzatu eta martxa hartu ahal izateko Sozialismoaren ABCa izeneko liburua argitaratu zuten. Enpresa, argitaletxea, sortzerakoan notarioak barre egin zuela kontatu zuen Schwerdtnerrek, gaur egun ezkerreko argitaletxe bat sortzea ez baita, behar bada, apustu oso ziurra. Hala ere, proiektuak lehen pausoak eman zituen liburuaren salmentarekin, eta webgunean argitaratutako edukiekin jendearen interesa piztuz lortu zituzten harpideak. Schwerdtnerrek azpimarratu zuenez, gaur egun Internet gabe ezinezkoa litzateke horrelako proiektuak hainbeste jenderengana iristea, baina, aldi berean, ezinezkoa da horrelako proiektu bat mantentzea produktu fisiko batek dakartzan harpidetza eta diru-sarrera finkorik gabe.

Moderatzaileak papereko hedabideen harpidetzen galerari nola aurre egin galdetu zuen, eta Arbelaitzek erantzun zuen ARGIA ez dela harpideak galtzen ari eta azken lau urteetan %25 egin dutela gora. 2016an harpidetza ereduan egindako aldaketa azaldu zuen, eta produktua ordaintzetik proiektuari babesa ematerako saltoaz mintzatu zen. Harpideek dakiten bezala, proiektuari egin beharreko ekarpen ekonomikoa ez dago finkaturik, bakoitzak nahi eta ahal duena ordaintzen du. Aldaketa horrek funtzionatu badu hedabidearen oinarrian dagoen komunitateari esker izan da, eta bi urteko hausnarketaren ostean findutako eredua Europan bakana dela ikusi ahal izan genuen. Mahai-inguruan Arbelaitzek azpimarratu zuenez, aldaketa eman zenetik komunitateko kide ugarik bataz bestekoa baino diru gehiago jartzen du eta horri esker doan bidaltzen zaie kolektibo zaurgarriei, preso politikoei eta COVID-19aren pandemia lehertzean ordaindu ezin izan zutenei, adibidez.

Baricadako Stanislavskik azaldu zuenez, Bulgarian ez dago harpidetzaren kulturarik eta haien hedabidearen jarduna finantzatzeko bestelako zerbitzuak eskaintzen dituzte, batez ere komunikazioarekin lotutakoak. Mendebaldeko Europatik egiten dizkieten enkarguak dira asko, kokatuta dauden lekuetan diseinu eta inprenta lanak, esaterako, egin eta horiek gero esportatzea merkeagoa baita askotan. Hala ere, azpimarratu zuen kontratatzen dituzten langile guztiak baldintza onetan egotea eta soldata osoa ordaintzea oinarrizkoa dela beraientzat. Horrela laburbildu zuen bere ikuspegia: “Ezkerreko jendeak ere badaki negozioak kudeatzen, eta eskuinekoek baino hobeto, tranparik egin gabe”.

Jacobin aldizkariko Ines Schwerdtner hizkertan. (Marlen Van den Ecker / Krikowi)

Bestelakoa da Orange irratiaren egoera. Haientzat ezinbestekoa da finantzaketa publikoa. Austrian alor horretan dagoen ustelkeria eta paternalismoa salatu zuen, besteak beste. Gutxi gorabehera hiru milioi entzule dituztela nabarmendu zuen eta uhinetan, Interneten zuzenetan eta artxiboan entzun daitezkeela haien saioak. Salatu zuen eskuineko alderdiek noiz edo noiz arazo gisa saldu nahi izan dutela irratia diru publikoz finantzatzea, eta azaldu zuen hedabide handiei publizitate bidez eta bestelako laguntzen bidez banatzen dieten kopurua askoz ere handiagoa dela.

Kapitalismotik harago

Ikuspegi eraldatzailea duten hedabideek duten egitekoan garrantzizkoak diren ikuspegiak ere aipatu zituzten. Mugaz gaindiko elkarlanaz eta mezuak hedatzeaz ere mintzatu ziren, besteak beste. Stanislavskik azpimarratu zuenez, beraientzat oso garrantzitsua da mezua zabaldu dadin publikoarekiko gailentasunez ez hitz egitea. Elkarlanari dagokionez, bere ustez, eta etsitasun puntuarekin esan zuen, nabarmena da gaur egun munduan “gauza bera egiten” ari dela ezkerreko hedabide txiki asko, baina horiek batzea oso zaila da, oso desberdinak baitira errealitateak. Hala ere, komunitatea, batasun hori, ezinbestekoa dela gaineratu zuen. Egungo panoraman, zoritxarrez, "bere ikuskizuna muntatu nahi duen jeneral asko baina soldadu gutxi" dago bere aburuz.

Arbelaitzek ere beste hedabideekin kooperatzeko aukera eta beharra jarri zuen mahai-gainean, eta Creative Commons lizentziek, adibidez, horretarako bide ematen dutela. Azpimarratu zuenez, hedabide nagusiek, eskuinekoek, segundo bakarrean mundu osoan albiste bera zabaltzeko berri-agentziak dituzte, eta horren aurrean ezkerreko hedabide txikiek elkar elikatu beharko lukete, batzuk iristen ez diren tokietara besteak iristen baitira. Hala ere, mahai-ingurukoen artean CC lizentzia erabiltzen zuen hedabide bakarra zen ARGIA.

Jacobin aldizkaria AEBetan sortu zen hasiera batean eta geroztik beste herrialde batzuetan ere errotu da, tartean Alemanian. Frankizia moduko bat direla aipatu zuen Schwerdtnerrek. Horrek aukera ematen die beste hizkuntzetako Jacobinen edizioetako edukiak itzuli eta haienean argitaratzeko. Egun, beraien testuen %25 beste hizkuntza batzuetatik itzulia da. Azpimarratu zuen itzultzea ez dela testua hizkuntzaz aldatzea bakarrik, norberaren eremu kulturalera beste testuinguru kultural batzuk ekartzea baizik. Askotan apustua egiten dute atzerriko zenbait gai alemanera eramateko, irakurrienak izango ez diren arren munduko beste leku batzuetako egoeraz informazio baliotsua ematen dutelako.

ARGIA Utopia?

Ez gaudenez kapitalismotik harago zaila da hedabideak kapitalismotik harago irudikatzea, hori argi geratu zen. Hedabideetatik asko jota kapitalismoa gainditzeko planteamenduak proposatu, nagusia den kontakizunari kontrapuntua egingo dion kazetaritza egin eta erresistentzien berri eman eta sustatu daitezke. Publikotik egin zen galderetako bat izan zen ea nola irudikatzen duten hedabideetako kideek haien hedabidea kapitalismoaz haragoko testuinguruan.

Horraino iritsi gabe, “tarteko eremu batean” kokatu zuten haien burua mahai-inguruko parte hartzaileek. Anekdota gisa, Arbelaitzek kontatu zuen harpidetza eredua aldatzeko prozesuan aztertu zela dirua erdigunetik kentzeko aukera ere, eta, adibidez, denbora bankuen kontzeptua hartuta, aldizkaria bidaltzearen trukean informatikari lanak edo laranjak onartzea proposatzea ere pentsatu zela. Stanislavskik umorez esan zuen ideia ona zela, baina hobe litzatekeela laranjak dituztenekin baino ardo ekoizleekin egitea trukea.

Schwerdtnerrek aipatu zuen lanaren espezializazioa gainditu nahiko luketela, lantaldeko jendeak egiten dituen lanez gain interesatzen zaizkion bestelakoak egiteko aukera ere izan dezan. Gutxitan izaten da hedabideen bestelako jabetza ereduez eta jardunaz hitz egiteko aukera, eta baita egun zabalduta dagoenetik aldentzen diren moduak pentsatzeko eta partekatzeko aukera ere, eta entzuleek, ikertzaileak eta aktibistak gehienak, interesez entzun zituzten esandakoak.

Konferentzia goitik behera akademikoaren erdian hedabideen esperientzia zehatzak partekatzeko eta antzeko koordenatuetan mugitzen diren proiektuak ezagutzeko aukera izan zen asteburua. Konferentziaren egitarauaren ertzetan eta afalosteetan ere izan zer horretarako aukera, noski.

ARGIAren proiektua nazioarteko foro batean azaldu dugun lehen aldia izan da, eta jakin-mina ez ezik interes handia ere nabaritu dugu. Bitxikeria gisa, baten batek ARGIAn egiten ari garen lana hedabideen esparruan “utopia” dela aipatu zuen, gu ia lotsaraziz. Urruntzeak edo gauzak beste norbaiten begietatik ikusteak ematen duen perspektibarekin biziberrituta eta ARGIAren proiektuaren eta oinarri ezinbestekoa den komunitatearen indarraz birjabetuta itzuli gara Euskal Herrira.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kazetaritza
2024-12-20 | Euskal Irratiak
France 3 Euskal Herri katearen berri saila, berriz ere murrizturik

France 3 Euskal Herri telebista katea apalduz doa. Kate horretako kazetari eta langileek jakin berri dute berriz ere programazio eta finantzaketa apaltze bat pairatuko dutela. Egun oroz, zazpi minutuko berriak eman izan dituzte, baina iragan udatik bi minutuz murriztu zieten... [+]


Hedabideen iruzurrak
Preso siriarra askatzen duten CNNren bideoa: iruzur salaketak

Bideoak erakusten du nola CNN telebista kateko nazioarteko buru Clarissa Ward kazetaria ari den sartzen Siriako kartzela sekretu batean, eta nola grabatzen den preso bat askatzen duten unea.


Elon Musk gaiXtoa eta egiaren zaintzaileak

Elon Musken presentzia hedabideetan gora doa, suziri baten moduan, Etxe Zuriko lorategian lurreratu ostean. Lortzen ari den botereaz eta influentziaz asaldatuta omen daude beste botere batzuk eta, bere eragina gutxitzeko asmoz, X sarearen kontra kargatu dute. Azken asteetan The... [+]


Izar Mendiguren. Saltsa berrietan beti
“Ni euskaraz bizitzeak ez du esan nahi beste hizkuntzei eta kulturei ateak ixtea”

Aiaraldea Komunikabidea sortu zuten lehen, eta Faktoria gero. Laudion dute egoitza, eta bertan ari da lanean
Izar Mendiguren. Kazetari, bertsolari, musikari, militante... Ipurdi batez eserleku bi ezin estali litezkeela dio esaerak, baina hori baino handiagoa da Mendigurenen... [+]


2024-12-12 | Julene Flamarique
“Kanal bat, hizkuntza bat” logika gainditzeko eskatu diote ETBri

Ikusle euskaldun gehien biltzen dituen katea da ETB2, datuen arabera. Aldatu Gidoia mugimenduak agerraldia egin du Bizkarsororen kontraprogramatzearen harira. Salatu dute askotan ETB1 lehian sartzen dela ETB2rekin, eta "herritar guztiak eta publiko bakarra helburu izango... [+]


2024-12-12 | Irutxuloko Hitza
Nola egin aurre arrazakeriari kazetaritzatik?

Irutxuloko Hitzak asteartean parte hartu zuen Hordago - El Saltok antolatutako mahai inguruan, Hibai Arbide, Lucia Mbomio, Xalba Ramirez eta Miriam Najibi kazetariekin.


2024-12-11 | ARGIA
Gabonetan oparitu ARGIAko harpidetza, oparitu kazetaritza independentea

Opari hau ez da izango momentuan ireki, gozatu eta egun gutxian bazter batean geratuko den horietakoa. Urte osoan gozatzeko zerbait ariko zara ematen, astero helduko baitzaio etxera aldizkari bat.


ANALISIA
Lanbide eta kriminalizazioaren jatorria

Pobretuak kriminalizatzeko Jaurlaritzaren politika albiste izan da, berriz ere, azaroan. Salaketa anonimorako postontzia sortu du Lanbidek, herritar zintzoek Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten herritar potentzialki iruzurtien “jardun irregularren edozein... [+]


Iragarkiak

Munduaren egoerak ez du gogo handirik pizten bere berri izateko. Niri, behintzat. Ez dakit adina den edo darion kiratsak moteldu ote duen berarekiko jakin-mina. Jakin badakit ez dela garai kontua soilik; alegia, udazkenak eta negu hasierak barrura begira jartze hutsa.


Euskararen Egunean ‘Bizkarsoro’ filma “kontraprogramatzea” egotzi diote ETBri

ETB1ek Bizkarsoro filma estreinatu zuen Euskararen Egunean iluntzean. ETB2ri aldi berean gaztelaniazko azpidatziekin ematea proposatu bazioten ere, kate horretan Tasio eskaini zuten gaztelaniaz azkenean, eta horrek haserrea sortu du euskaldun askorengan sareetan.


Euskal hedabideen etorkizunaz

Azken asteotan esku artean ibili ditut honako bi liburuak: Euskararen gogoetagunea (Euskaltzaindia, 2024) eta Mariano Ferrer, el periodismo reflexivo. Kazetaritza eta konpromisoa (Erein, 2023) . Irakurri dut euskaldunen %42,2k ikusten duela ETB1, eta %20,6k irakurtzen duela... [+]


2024-12-04 | Leire Artola Arin
Kapitalismo berdearen izenean, lurraren defendatzaileak kriminalizatuta

2023an ezagutu genuen Solway Investment Group multinazional suitzar-errusiarraren boterea noraino iristen den. Guatemalan duen Fenix meategiaren gehiegikeriak agerian uzten zituen ikerketa baten berri eman zigun Prensa Comunitariako kazetari batek, eta elkarrizketa hori [+]


Euskal hedabideen etorkizunaz

Azken asteotan esku artean ibili ditut honako bi liburuak: Euskararen gogoetagunea (Euskaltzaindia, 2024) eta Mariano Ferrer, el periodismo reflexivo. Kazetaritza eta konpromisoa (Erein, 2023) . Irakurri dut euskaldunen %42,2k ikusten duela ETB1, eta %20,6k irakurtzen duela... [+]


Eguneraketa berriak daude