Pentsatzeko leku bat

  • Jorge Oteizak 1957. urtean erabaki zuen praktika eskultorikoa albo batera uztea eta artistaren egiteko sozialaren eta politikoaren jardunari ekitea, besteak beste, arte-irakaskuntza berritzeko premia eta artearen funtzio sozialaren aitortza aldarrikatuz. Pentsatzeko leku bat erakusketak data hori abiapuntutzat hartzen du, eta Bilboko Arte Ederren Fakultatea sortu arteko denbora-tartea aztertzen du. Erakusketak, hortaz, bi hamarkada horietan artearen esperimentazioan eta hezkuntzan izan ziren hainbat mugarri aurkezten dizkigu, giltzarri izan diren artisten eta proiektuen arteko gurutzaketen mapa marraztuz.

Argazkia: Anton Bilbao Ruiz.

Pentsatzeko leku bat Oteizak Quousque tandem…! liburuan (1963) idatzi zuen aldarri kolektiboa da, eta aipu hori erabili dute erakusketako hiru komisarioek –Mikel Onandiak, Sergio Rubirak eta Rocío Robles Tardíok– Euskal Herrian 1957-1979 urteen artean jazo ziren arte-eskola eta -praktika esperimentalen inguruko ikerketa egiteko. Erakusketa hilabete luzeetako irakurketen, elkarrizketen eta tokian-tokiko bisiten emaitza da, eta Gasteizko Artium Museoan du egoitza nagusia. Bertan, hemeretzi ikerketa-kasu aztertzen dira, Euskal Herrikoak eta Espainiako Estatukoak, zeinetan era askotariko dokumentazioa eta artelanak lagun, garai hartako hainbat talde artistiko, elkarte, egitasmo eta proiektu pedagogikoren berri ematen den. Proiektua, halaber, Alzuzako Oteiza Museora ere hedatu da: han, Oteizaren etxea izandakoan, Irungo Zine Klubaren azterketa-kasua jorratu dute artxibo publiko eta pribatuetatik jasotako dokumentazio, artelan eta proiekzioen bitartez.

Ikerketa lan mardula da komisarioek egin dutena, eta bildutako material guztia –gutunak, idazteko makinaz mekanografiatutako manifestuak, egunkari-zatiak, garaiko argazkiak– erakusketa aretora eramateak dituen zailtasunak ondo ebatzita daude, hein handi batean,  Xabier Salaberria artista eta diseinatzaileak sortu duen display-ari esker. Salaberriak metalezko egitura arin batzuk kokatu ditu aretoan, espazio berez diafanoa partzela ugaritan zatikatzeko, eta keinu sotil eta elegante horrek izaera ematen dio erakusketari. Hainbat ikuspuntutatik lortzen den bista beti da iradokitzailea. Pladurrezko paneletan izendatzen da obra-multzo bakoitzaren izendapena –Debako Arte Eskola, Iruñeko Topaketak, Biok-Espiral– eta artelanak asko ez badira ere, egoki aukeratuta daudela esango nuke. Dokumentazioa ugaria da, batzuetan nekeza egiten da eskuz edo makinaz idatzitako eskutitz eta notak irakurtzea, baina egindako aurkikuntzen sakontasuna ezin liteke ezbaian jarri. 

Argazkia: Victor Quintas / Quintas Fotografos.

1960ko hamarkadan Oteizak Arte Garaikideko Euskal Eskolaren proiektua definitu zuen, jada ezagunak diren Gaur (Gipuzkoa), Emen (Bizkaia), Orain (Araba) eta Danok (Nafarroa) taldeak abiatuz. 1966. urtean talde guztiek, nafarrak izan ezik, beren manifestua irakurri zuten, zeinean artisten lan eta ekintza autogestionatuen bidez, abangoardia eta estetika berriei bide egin nahi zieten. Gaur taldeko kide zen José Antonio Sistiaga, eta honek, Esther Ferrer artistarekin batera, Oteizak hauspotu zuen Elorrioko Eskola Esperimentala sortu zuen 1964. urtean. Eskola hura Fulgor kooperatibako haurrei zuzenduta zegoen eta Célestin Freinet-en sistema pedagogikoa zuen oinarri. Umeen estimulazioa eta sormena garatzea helburu zuen urte betera doi-doi heldu zen eskolak. Urte berdintsuetan, Sistiagak eta Ferrerrek Adierazpen Askeko Lantegia sortu zuten Donostian: haurrei pintura-lantegiak eta eskolak ematen zizkieten sortze-prozesu libreak ahalbidetuz eta haurren sormena aurreiritzi gabe estimulatuz.

Sistiaga eta Ferrerren Lantegira joaten zen haur horietako bat izan zen Rosa Valverde, gerora margolari bilakatu zena eta orain gutxi arte erakusketa izan duena San Telmo Museoan. Valverdek ere Donostiako Egia auzoan hezkuntza-esperientzia bat jarri zuen martxan, kasu honetan, Arno Stern-en pedagogian oinarritua, eta 1992. urtean adierazpen artistikoko tailerra zabaldu zuen. Rafael Ruiz Balerdi eta José Luis Zumeta margolariek ere izan zituzten esperientziak arte irakaskuntzan Donostialdeko hainbat eskolatan. Erakusketan barrena, gustura irakurri dut Mariasun Landak Anaitasuna aldizkarian Zumetari egin zion elkarrizketa, bere alderdi pedagogikoaren inguruan; eta gozatu dut Usurbileko etxalde batetik maileguan ekarri dituzten Zumetaren bi mobil koloretsuak ikusten. Ondoan, Ruiz Balerdik Herrerako paisaia urbanoak irudikatzen dituen tamaina txikiko hiru margolan daude.

Argazkia: Victor Quintas / Quintas Fotografos.

Margolari gipuzkoarretatik salto egin eta badago beste ikerketa-kasu bat Bizkaiko Estampa Popularra aurkezten duena. Agustin Ibarrolak, María Dapenak eta Dionisio Blancok sortu zuten taldea, diktadura frankista gogor salatu eta Bizkaiko langileriaren esplotazioaren aurka aritu ziren, horien lan-eskubideen alde borrokatuz. Nola Dapenak hala Ibarrolak, margolariak izan arren, grabatua erabili zuten langileen eta arrantzaleen inguruko ikonografia sortzeko, medioak eskaintzen zuen azkartasunagatik, ekonomiagatik eta artearen demokratizazioa helburutzat zutelako. Erakusketan, Estampari dagokion txokoan, Ibarrolaren Obrero arengando (1964) margolan izugarria ikus daiteke. Taldea 1962. urtean desegin zen taldeko kideak komunistatzat harturik kartzelaratu baitzituzten.

Estampako kide zen Dionisio Blancok Burgoseko prozesuari buruzko margolana egin zuen 1970. urtean, zeinean poliziaren basakeria eta torturak oso modu esplizituan salatzen zituen. Margolan hori 1972. urteko Iruñeko Topaketetako Gaur egungo euskal artea erakusketan erakusteko asmoa zuen, baina zentsuratu egin zuten. Jada ikoniko bilakatu da margolana eta komisarioek hauxe ekarri dute erakusketara Iruñeko Topaketen inguruko ikerketa-kasua aurkezteko. Topaketa horiek, Luis de Pablo musikariak eta José Luis Alexanco artistak zuzendu zituzten eta Huarte familiaren mezenasgoari esker antolatu ziren, astebetez, Nafarroako hiriburuan. Jaialdiak nazioarteko izaera zuen eta, nazioarteko, Espainiako Estatuko eta bertako 350 artistatik gora hartu zuten parte, besteak beste, John Cage, Equipo Crónica, Artze anaiak edo Prada-Poole. Hala eta guztiz ere, Topaketa horiek gure artearen historian erreferentziazko aipamena diren arren, boikota jaso zuen bai parte hartzaileen aldetik –Blancok zentsura jaso ondoren beste artista askok artelanak erakusketatik kentzea edo estaltzea erabaki zuten–, bai kanpoko eragileen aldetik –ETAk jaialdiaren joera burgesa salatu zuen–.

Atentzioa piztu didan beste azterketa-kasua Gipuzkoako Artisten Elkartearena da. Elkartea 1949. urtean sortu bazen ere, Amable Arias margolariak 1962. urtean hartu zuen bertako zuzendaritza, elkartearen dinamika tradizionalak modernizatu eta hezkuntza-praktikak dinamizatzeko asmoz. Egiteko horretan, besteak beste, Sistiaga eta Ferrerren laguntzaz, beste behin ere, Donostiako Udaletxean zuten lokalean hitzaldiak, topaketak, aurkezpenak eta zine-proiekzioak antolatzen hasi ziren. Ariasek elkartearen modernizaziorantz aldaketak egin bazituen ere, sektore tradizionalarekin zituen liskarrak medio, Udalak diru-laguntza kendu zien eta diru hori elkarte gastronomikoetara bideratu zuen. Erabaki horren aurrean protesta egiteko, Ariasek, Zumetak eta Ruiz Balerdik ekintza edo happening bat egin zuten, Joxean Artzeren kolaborazioarekin: erakusketa inpresionista moduan iragarrita zegoen ekitaldirako, Artzek ekarri zuen txuleta jan zuten hiruek, isilik, mahai baten bueltan eserita, elkarte gastronomikoetan egiten den lez. 1964. urtea zen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Artea
2024-06-21 | Sustatu
AA irudien lehiaketa batean tranpa, benetako argazkia aurkeztuta

Interneten oinarria duen argazkigintza lehiaketa batean, 1839 Color Photography Awards delakoan, tranpa gertatu da. Kategoria berezia sortu zuten 2024ko ediziorako, Adimen Artifizialeko irudiak aurkeztekoa, eta irabazleak tranpa egin zuen, argazki erreala aurkeztuta irabazi zuen... [+]


Paleolitoko labar-arteak askotariko funtzioak zituela baieztatu dute Euskal Herriko kobazuloetan

Euskal Herriko kobazuloetan Madeleine aldiko (duela 18.500 eta 13.500 mila urte bitartekoak) labar-artea metodo konputazionalak konbinatuz aztertuta, ezaugarri espazialen eta ikonografikoen arabera bereizi dituzte irudiak, eta ondorioztatu dute lau multzotan bana daitezkeela. [+]


Koldobika Jauregi eskultorea zendu da, 64 urterekin

Askotariko diziplina artistikoetan aritua, sona handikoa bai Euskal Herrian eta bai nazioartean, sortzez Alkizakoa zen semea igande honetan hil da bihotzekoak jota. Ur-Mara museoaren sortzaileetako bat izan zen, Thoreau espazioaren sorreran ere aritu zen eta Dantza filmean egin... [+]


Larrahe jainko baskoiari eskainitako aldare bat aurkitu dute Larunben
I. mendeko harrizko pieza bat da, eta Baskoieraren idatzizko beste lekukotasun bat. Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlariek egin dute aurkikuntza, Arriaundi mendiko aztarnategian.

2024-06-12 | Julen Azpitarte
Dada Baroisa jaio zela 150 urte
Dada zamalkatu zuen amazona

Beste hainbat emakume artistaren gisara, Elsa von Freytag-Loringhoven (1874-1927) abangoardien historia ofizialetik erabat ezabatu zuten, bere jardun artistikoaren muina, sutsua bezain berritzailea izan arren.


2024-06-07 | Estitxu Eizagirre
"Emakumeen haria" ekitaldia Villabonan, ekainaren 7an
Testigantzak, murala eta bertso saioa, oihal fabriketako emakumeen lana eta bertsoarekiko lotura ezagutzeko

Oihal fabriketako emakume langileak eta bertsoa josi ditu Emakumeen haria ekimenak. Ekainaren 7an izango da Villabonan. Bertaratzen denak ezagutuko du egun Bertsozale Elkartearen egoitza den Subijana etxea iraganean oihal fabrika izan zela; entzun ahalko ditu bertan lan egin... [+]


Nestor Basterretxea jaio zela 100 urte: munduari leihotik begira, baina leihoak itxita

Gaur 100 urte beteko zituen Nestor Basterretxeak (Bermeo, 1924 - Hondarribia, 2014). Hamaika lanetan nabarmendu zen, eta hamaika bider mintzatu zen ARGIArekin. Pasarte interesgarri batzuk ekarri ditugu hona.


2024-04-17 | Reyes Ilintxeta
Elisabeth Pérez. Sorkuntzaren defendatzailea
“Adimen Artifiziala etorkizuneko tresna ei da, baina bere funtsa iraganeko sormen lanak lapurtzea da”

Martxoan Iruñean egin zen liburu denden kongresuan ezagutu nuen Elisabeth sortzaileen lana pasioz defendatzen Adimen Artifizial sortzailearen aurrean. Handik gutxira elkarrizketa egiteko gelditu ginen Bolognako Liburu Azokara eta Kolonbiara joan aurretik. Aitortzen dut... [+]


‘Denbora geldirik dagoen lekua’: Wiki Loves Monuments 2023 lehiaketaren irabazleak

2023ko Wiki Loves Monuments argazki lehiaketako hamabost irabazleak iragarri dituzte. Wikipediaren atzean dagoen Wikimedia Fundazioak urtero antolatzen du eta munduko argazki lehiaketa handiena da. Iaz 46 herrialdetako 4.700 argazkilarik parte hartu zuten, lizentzia libreak... [+]


Erakusketa lehenago kenduko dutelako zentsura salatu du Iruñeko LKN artistak

Talde erlijioso batek eskatuta kenduko dute LKN artistaren obra Iruñeko Morea saltokitik: "Ez dut inoiz iraintzeko asmorik izan; nire begirada artistikoa eskaini nahi nuen".


Jone Erzilla
“Denok ditugu esperientzia estetikoak, baina oso zaila da hori museo batean gertatzea”

Denbora darama “ingurua intentsifikatzeko gai diren horiei” begira eta horiekin lan egiten saiatzen, horretarako gertu duenari arreta jarriz. Irudietatik, hitzetatik, argitik eta horiek espazioan agertzeko duten forma eta moduetatik egiten du lan, batez ere. Orain... [+]


Eulalia Abaitua, emakumeei begiratu zien argazkilaria

Euskal Herrian argazkigintzan emakume aitzindaria izan zen Eulalia Abaitua Allende-Salazar (Bilbo, 1853 – Bilbo, 1943). XX. mendeko euskal gizartea erakusten digute berak eginiko argazkiek: eguneroko jardunak, lanbideak, jaiak... jaso zituen. Emakume baten begiradak... [+]


Eguneraketa berriak daude