Anarkiatik ‘rave’-etara

  • 1960ko hamarkadaren amaieratik nonahi aurki daitezke punk kulturaren aztarnak. Hiru artikuluko serie hau bukatzeko,  agerpen horietako batzuei buruz ariko gara: AEBetako zenbait talde iraultzaile, Malcolm McLaren, Sex Pistols eta eztandaren ondorengo hamarkadetan punk espirituari eutsi zioten beste zenbait korronte.

Amorru egunak: Weather Underground Organization taldeak antolatuta, manifestazio bortitzak izan ziren Chicagon (AEB) 1969an (argazkia: David Fenton).
Amorru egunak: Weather Underground Organization taldeak antolatuta, manifestazio bortitzak izan ziren Chicagon (AEB) 1969an (argazkia: David Fenton).

Aurreko atalean azaldu bezala, 1968ko maiatzaren inguruan sortutako mugimendua ez zen urrunegi joan eta amets hippya ere laster bilakatu zen amesgaizto. Eskubide zibilen defentsan eta Vietnamgo gudaren aurka aritu ziren askok beste bide batzuk esploratzea erabaki zuten, mugimenduak hartu zuen norabidearekin bat ez zetozelako: borroka armatua. AEBetan Students for a Democratic Society taldean ibilitako gazte batzuek WUO –Weather Underground Organization edo Weathermen– taldea osatu zuten eta herrialdeko hainbat punturi bonbekin eraso egin zioten “Ekar dezagun guda etxera” lelopean. Afroamerikar komunitatean Malcolm X-ren eta Ho Chi Minh-en irakaspenak oinarritzat hartu zituen Black Panther Party autodefentsarako taldea sortu zen, afroamerikar ghettoetan beraien komunitatea armekin defendatzeko prest zegoena. Europan, Parisko maiatzeko esperientziaren irakaspenekin eta situazionismoa oinarri hartuta, hainbat talde politiko erradikal sortu ziren, indarkeria lanabes zutenak. Zeresan handiena eman zuena, lortutako indarragatik, Italiako mugimendu autonomoa izan zen. Baina baziren beste talde txikiago batzuk, adibidez Ingalaterran, Angry Brigade edo King Mob kasu. Lehenengoek bonba eraso ugari egin zituzten eta espektakuluaren gizarteari kritika zorrotza egiten zion hainbat manifestu argitaratu zuten: “Merkataritza-gunean eseri zara, begirada urruna duzu, hutsa, aspertua, zaporerik gabeko kafe bat edango duzu? Edo kafetegiari su emango diozu?”. Bigarren taldeak berriz, museoei eta artearen munduari gerra deklaratu zien. Talde horrek eragin handia izan zuen punkaren eztandan eta kodeen sorreran berebiziko garrantzia izango zuen gazte batengan: Malcolm McLaren.

Atera dezagun dirua kaosetik

Malcolm McLarenek arte eskola ugaritan ikasi zuen eta politikoki oso aktiboa bilakatu zen urte horietan. 1966an AEBetako bandera bati su eman zion herrialde horren Londresko enbaxadaren aurrean eta horregatik atxilotu zuten. Garai hartan bilakaera politikoak antibelizismotik situazionismora eraman zuen eta mugimendu horretako zenbait kiderekin harremanetan egon zen, baita Parisera bidaiatu ere 1968ko udaberrian gertatutako matxinadan parte hartzeko. Ingalaterrara bueltan, King Mob talde situazionistaren inguruan mugitu zen.

1970eko hamarkadaren hasieran bere bikotea zen Vivian Westwood-ekin batera Let it Rock izeneko denda ireki zuen Londresen. Han diskoak eta beraiek moldatutako bigarren eskuko arropa saltzen zuten. Dendak izendapen bat baino gehiago izan zuen. Ezagunena, SEX. McLarenen arteak, Warholenak bezala, izaera komertzial handia zuen, baina jarrera probokatzailearekin. Han saltzen zuten arropa garairako guztiz abangoardista zen eta punk mugimenduaren estetikan berebiziko garrantzia izan zuen, artea, probokazioa eta aldarri politikoak nahasten zituelako. Horren adibide dugu Only anarchists are pretty –“Soilik anarkistak dira ederrak”– leloa zeraman alkandora, agian McLarenek eta Westwoodek egin zuten arroparik ezagunena.

Modatik musika mundura salto egin zuen McLarenek 1975ean New York Dolls taldearen manager bihurtu zenean. AEBak zeharkatu zituen bira baterako latexezko arropa gorri deigarriz jantzi zituen taldekideak eta agertokian ohikoa zen igitaia eta mailuaren ikur komunista ikustea. McLarenek uste zuen probokazioari esker arrakasta lortuko zuela, baina bira desastre hutsa izan zen eta handik gutxira taldea desegin zen. Taldekideek gogor jo zuten McLarenen aurka eta honek Ingalaterrara itzultzea erabaki zuen.

Probokazioa eta negozioa: Sex Pistols taldearen historia laburraren bidez kontatzen da punkaren jaiotza. Baina punkak tradizio artistiko eta politiko luzea izan zuen aurretik. Baita ondoren ere.

Musika munduan izan zuen ibilbideak artea eta ikuspuntu komertziala uztartzen zituen, probokazio eta transgresio dosi handiekin. Espontaneoa eta planifikatua zen aldi berean. SEX dendako langile bat eta beste hiru bezero elkartu zituen Sex Pistols taldea sortzeko. McLarenek eta Westwoodek jantzi zituzten eta ideologikoki ere eragina izan zuten haiengan. Beraien produktua ziren, beraien artelana. Horren ondorio da Anarchy in the U.K., zeresan handia eman zuen taldearen lehen abestia. EMI diskoetxe handiarekin sinatzea lortu zuten. Bidea argi ikusi zuen McLarenek eta horretan jarraitu zuen taldeak iraun zuen epe laburrean. 1976ko abenduaren 1ean Sex Pistols telebistan agertu zen. Taldekideak mozkortuta zeuden eta gaizki-esaka ibili ziren, baita aurkezlea iraintzen ere. Hurrengo egunean Daily Mirror egunkariak albistea azalera eraman zuen hurrengo izenburuarekin: “Lizunkeria eta amorrua. Nortzuk dira punk hauek?”. Eskandalua fenomeno bilakatu zen, eta horixe jotzen dute askok punk mugimenduaren jaiotza ofizialtzat. God Save the Queen ereserkia moldatu zuen taldeak eta Virgin diskoetxearekin argitaratu zuen. Hitzak zirela-eta abestia zenbait lekutan debekatu zuten. Debekuei aurre egiteko, eta lortzen ari ziren ospeak harrotuta, Elizabeth IIaren jubileuan jo zuten Tamesis ibaian, itsasontzi baten gainean eta Parlamentuaren aurrean. McLaren atxilotu egin zuten eta bilatzen zuena lortu zuen: eskandalua eta egunkarietan agertzea, berriro ere. 1977an Never Mind the Bollocks, Here's the Sex Pistols lehen lan luzea kaleratu zuen taldeak, eta hurrengo urtean AEBetan bira egin zuten. Urtarrilaren 14an, San Frantziskon, taldeak bere azken kontzertua eman zuen. McLarenekin nazkatuta zeuden, diruarekin iruzur egin zielako eta bere panpinak bezala erabiltzen zituelako. Horrela zen, nolabait. Warholentzat bezala, McLarenentzat artea dirua lortzeko modu bat zen eta punk mugimenduaren izaera transgresorea azkar merkantilizatzea lortu zuen. Gaztediaren artean mainstreamegia bilakatu zen eta bere buruaren parodia bilakatzeko bidea hartu zuen.

Punketik loratutako artea

Baina punka ez zuen Sex Pistols taldeak sortu, are gutxiago Malcolm McLarenek. Azken hau aurretik sortutako tradizio artistiko eta politikoetan oinarritu zen bere produktua sortzeko. Baina bai musikalki, bai estilistikoki, bazen zerbait aspaldi lur azpian zegoena, norbaitek fokua jartzeko zain. Azpikultura horren kodeak existitzen ziren. Estetikoki zatarra zen, munstrokeria bilatzen zuen arropa apurtu eta deigarriekin, munduaren ustezko edertasunari kontrajartzeko. Jarrerari dagokionez, arte garaikidean beti egon da probokaziorako eta hausturarako joera hori, batzuetan ezkutuan, besteetan agerian. Musikalki ere baziren taldeak punka egiten zutenak punka jaio baino lehen: The Stooges, MC5, New York Dolls, Ramones eta abar. Haiek ezarri zituzten oinarriak punkak eztanda egin zezan.

1970eko hamarkadaren amaierako eztandak norabide ugaritan barreiatu zuen punk kultura

Hiru ataletako erreportaje-sorta honetan ikusi bezala, punk kulturan arte garaikidearen aztarna asko dago, tradizio baten jarraipena delako, eta ildo horri jarraituz, beste arte adierazpen batzuk ere sortu ziren. Diskoen azalak eta taldeen logoak diseinatzeko orduan, artista askok parte hartu zuten. Hor dugu adibidez, Crass edo Dead Kennedys bezalako taldeek egin zuten lana, dadaismotik zuzenean edaten zuena. Punka bizkortu eta hardcorea jaio zenean, arteak garrantzi handia izaten jarraitu zuen taldeen estilismoan. Black Flag talde mitikoaren ibilbidea ezin daiteke ulertu Raymond Pettibon artistaren lana kontuan hartu gabe. Pettibon taldeko gitarra-jole Gregg Ginn-en anaia zen. Taldearen logo bikaina ez ezik, disko, flyer, pegatina eta kontzertuen afixa gehienen egilea ere bada. Gaur egun Pettibonek artearen munduan jarraitzen du.

Punka, eten ez den haria

Iragan mendeko 70eko hamarkada gatazkatsua bukatzear zela, espektakuluaren gizartea arrakalatu zuten erresistentzia mugimenduen hil-arnasestuei beste olatu bat gehitu zitzaien: atzeraldi ekonomikoaren ondorioak. Ongizate estatuak jarritako sarean urradurak agertu eta milioika langilek desindustrializazioaren zakartasuna pairatu behar izan zuten. Oparoaldi ekonomikoaren olatuak itsasertzean jo zuen eta xiringak langabezia sariekin nahastu ziren. Kolpetik berreskuratzeko aukerarik gabe etorri zen ajea: mundua garai ilunetara kondenatu behar zuen erreakzio kontserbadorea, Reagan, Thatcher eta Wojtylak osatutako hiruhortzekoan pertsonifikatuta. Erreakzio horri beste bat etorri zitzaion kontra: punka hiltzearekin bat, bide berriak ireki ziren sutan zeuden barrikaden argitan, odolustutako hilotzaren gainean. Norabide batean joan zirenek musika bizkortu eta hardcorea sortu zuten, askotan mezu politiko gordinarekin lagunduta zetorrena. Beste batzuek, ordea, malenkoniaren zuloan sartu eta erritmo ilunen laguntzarekin mamuekin hasi ziren dantzan post-punk bezala ezagutu zen mugimenduan. Baina bazeuden bide-bazterretatik mugitu zirenak ere, argietatik urrun.

Genesis P-Orridge: Throbbing Gristle eta Psychic TV taldeetako liderrak musika industrialaren oinarriak jarri zituen.

Aro aldaketaren erritoaren erdian, 1979ko neguko solstizioan, Throbbing Gristle talde britainiarrak 20 Jazz Funk Greats diskoa argitaratu zuen, haien lanik ezagunena eta ederrena. Musika industrialaren lan-seminala, onfalo bat zeinaren inguruan musika genero horren kontakizuna idatzi den. Abestiak gordinak, enigmatikoak, mantra itxurakoak eta oldarkorrak dira. Azaleko irudiak barruan aurkituko dugunarekin talka egiten du. Bertan, taldeko lau kideek 60ko hamarkadako pop estiloko arropa daramate soinean, Genesis P-Orridge-k izan ezik. Argazkia Beachy Head inguruan kokatuta dago, Ingalaterrako hegoaldean, izugarri ederra den labar-eremuan. Uharteko hegoaldeko suiziden artean leku kutunetakoa. Leku eder bat hartutako erabakiarekin kontsekuente izateko. Horregatik, urte batzuen buruan disko hori berrargitaratu zenean azal klasikoari elementu bat gehitu zitzaion, paraje horretan arrotza ez den hilotz bat. Taldearen diskoak Industrial Records zigilupean argitaratzen zituzten, haiek kontrolatzen zuten diskoetxea. Bai izenak, bai logoak, bai diskoetako azalek futurismoari egiten zioten erreferentzia. Taldea desegitean, Genesisek Psychic TV sortu zuen, musikalki beste koordenatu batzuetan kokatzen zen proiektua. Baina izaera transgresorea ez zuen albo batera utzi eta musikarekin eta bideoarekin esperimentatu zuten. William Burroughs eta Charles Manson aipatu zituen bere eragin nagusi bezala. Genesisek bere gorputza guda zelai bihurtu zuen pandroginia izendatu zuen trantsizio prozesuari ekin zionean: Bere bikotekidea zen Lady Jane-rekin batera bien gorputzak moldatu nahi zituzten, gorputz ez-binario bakarra bihurtzeko.

Musika elektronikoaren lehen garaietako beste pertsonaia garrantzitsu bat Conrad Schnitzler dugu. 60ko hamarkadaren bukaeran hasi zen musika mota horrekin esperimentatzen.  Arte ikasketak egin zituen eta eskulturarekin lanean jardun zuen, baina bere biderik emankorrena eta interesgarriena musika munduan egin zuen. 70eko hamarkadan zenbait proiektutan parte hartu zuen, Kluster-en eta Tangerine Dream-en kasu. Bakarka ere ibili zen eta hor izan zuen bere ekoizpen esperimentalena. Performanceak ere egin zituen. Sttutgarteko kaleetatik ibiltzen zen buruan bozgorailu bat itsatsia zuen kasko batekin. Bozgorailu horretatik bere lanik zaratatsu eta ilunenak entzun zitezkeen hiriko biztanleen harridurarako. 1978an Con diskoa kaleratu zuen, bere ibilbidean mugarria. Alemaniarraren obra emankorrak eragin handia izan zuen gerora garatu zen musika elektronikoan, baina ez alor horretan bakarrik. Black metal estiloko Mayhem taldearen Deathcrush (Posercorpse Music, 1987) lan mitikoaren intro-a ere egin zuen.

Musika elektronikoa geroz eta garrantzitsuagoa bilakatu zen eta kontrakulturaren parte izan zen. Kontserbadurismoa nahasteko, gazteak lur azpian ezkutatzen hasi ziren, beldurrik gabe konspiratzeko prest. Horrela sortu zen 80ko hamarkadan musika elektronikoarekin lotura zuen rave mugimendua. Jai horietan parte hartzen zutenek azpiko mundu horrekin egiten zuten bat. Ez soilik jaiak leku ilun eta ezkutuetan egiten zirelako, baizik eta nork bere egoa baztertu eta komunitate kaotiko baten partaide bilakatzen zelako. Alizia mundu miresgarrian bezala, helburu hori lortzeko mota guztietako substantziak hartzen zituzten. Rave-etako partaideak bezala, Aliziak inolako muga mentalik gabe bidaiatu zuen, untxi-zuloan galdu eta irakaspen oro jasotzeko prest. Eguna argitzean, Aliziak eta rave-etako partaideek beren ni-a berreraikitzen zuten. Beste pertsona bat ziren zulotik irtetean.

Rave kulturaren ametsa ere amesgaizto bihurtu zen, besteak beste drogen erabilpen masiboaren eta debekuen ondorioz, baita underground-etik mainstream-era igaro zirelako. Beste mugimendu artistiko askori ere gertatu zitzaien lehenago. Baina ikusi bezala, hori gertatzen denean ere, sutea ez da guztiz itzaltzen eta norbait lekukoa hartzeko zain geratzen da, beste mugimendu berri bati ekiteko, sua eskuan abangoardia kulturalaren eta politikoaren bidea argitzeko.


ASTEKARIA
2022ko maiatzaren 22a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Punk
1980-90 hamarkadak
Emakumeak rockaren eztandaren sugarrean

Garai oparoa izan zen 1980ko hamarkada Euskal Herriko rock musikarentzat. Talde ugari sortu ziren: tartean, Belladona, Matraka eta La Viuda Negra. Hiru horiek soilik emakumez osaturiko musika talde nafarrak izan ziren. Iosebe Garaialde (Iruñea, 1961) lehen bi talde... [+]


2022-12-27 | Julen Azpitarte
Jayne County, rock transgeneroaren aitzindaria

Asturiasko Colectivo Bruxista argitaletxeak gaztelerara itzuli du Jayne County musikari transgenero estatubatuarreren autobiografia: Man Enough To Be a Woman. Rock transgeneroaren aitzindaria da County, baita sortzen ikusi zuen punk eszenaren diva izandakoa ere. Lerrootara... [+]


Punk arrastoak II
Gazte basatiak, absurdoa, tiroak, iraultza

Punkak pinturan izan zituen aurrekariez jardun genuen orrialde hauetan joan den astean. Lehen Mundu Gerraren ondoren Europan agertu ziren zenbait eztanda artistikori buruz arituko gara aste honetakoan, besteak beste dadaismoa, surrealismoa, mugimendu letrista, beat... [+]


Punk arrastoak pinturan
Etorkizuneko apurketak iraganean

Los Picoletos bikoteak “Quinquis, macarras y skaters. Rastros del punk en el arte contemporáneo” (“Kinkiak, makarrak eta skaterrak. Punk arrastoak arte garaikidean”) sei saiotako mintegia antolatu zuen 2021eko ekainean BilbaoArte aretoan. Astean bi... [+]


2022-01-14 | ARGIA
6.000 euroko isuna, La Polla Records taldearen Gasteizko zuzenekoetan osasun-araudia ez betetzearren

Osakidetzak 6.000 euroko isuna jarri dio Last Tour enpresari, La Polla Records taldeak Gasteizen emandako bi kontzertuen arduradun izanik covid-19ari aurre egiteko "osasun-araudia ez betetzeagatik". Arrazoi horregatik jarri daitekeen isunik handiena agindu du... [+]


Punk&roll-a, talidomidak kaltetuen isilunea urratzeko

Gosaritarako kafea eta tostadak egitea, ilea orraztea, hortzak garbitzea eta makilatzea. Egunari ekiteko eginkizun sinpleak iruditu ahal zaizkionak bati, ez dira denontzat munta berekoak. Aniztasun funtzionala daukan norbaiten azalean jarriz gero konplexutasunean irabazten dute,... [+]


Andoni Fernández Azkarai
“Garrantzitsua da ate bati ostikada ematea, eta ostean zer ateratzen den ikustea”

Bilboko DDT Banaketak banatzaile eta argitaletxe alternatiboko kide da Andoni Fernández Azkarai (Bilbo, 1983), eta etxeko uztari ekarpena egin dio berriki. Urteetako lanaren ondotik, azaroan argitaratu du Izar Beltz Ateneoa. La historia del ateneo contada desde los... [+]


2020-07-16 | Julen Azpitarte
Joy Division
Argi kartsuaren distira

Jon Savage (Jonathan Malcolm Sage, Londres, 1953) musika kazetari britainiar ospetsuak Joy Division post-punk taldeari buruzko historia biltzen duen liburua argitaratu berri du, This searing light, the sun and everything else, bandak Closer izenburuko bigarren eta azken lana... [+]


Aritz Aranburu, Arrotzak taldeko kidea
“Guretzat arrakasta jendearekin konektatzea da”

Bere kabuz ikasi du gitarra jotzen; musika bizitzeko eta erlazionatzeko modu baten adierazpide gisa ulertzen du, ez hartatik bizitzekoa. Oki Moki eta Arrotzak taldeetako kidea da, eta egungo gitarra jotzaile intuitibo eta zorrotzenetakoa.


2018-09-14 | Nahia Ibarzabal
Pussy Riot taldeko kide bat ospitalean da eta pozoitu egin dutela susmatzen dute

Pyotr Verzilos musikari errusiarra ospitalean dago eta intoxikatua izan denaren zalantza dute, Democracy Now hedabideak jaso duenez.


2017-11-16 | Uriola.eus
Eskorbuto musika taldeari omenaldia egingo diote

Iosu eta Jualma orain dela 25 urte hil ziren, eta bi musikariei omenaldia egiteko Más alla del cementerio musika jaialdia antolatu dute Santana 27 aretoan.


2017-05-10 | Arabako Alea
Genero eta aniztasun sexualak punkarekin duen harremana aztertuko dute egunotan

Hitzaldiak, kontzertuak, erakusketak eta proiekzioak antolatu ditu Orbain Kultur Elkarteak, maiatzaren 20ra bitartean.


2017-01-26 | Andrea Zubozki
Zafraldi bat

Euskal Herriko Laborantza Ganbarak bere 12. urtebetetzea ospatzeko antolatutako festa, urtarrilaren 21ean, Ainhize-Monjolosen. Joujouz gain aritu ziren musika taldeak: Tristtan Mourguy eta Horreba, Klika Txaranga, Zikiro Tendencies, dj Xa2 eta Betunizer.


Jarrera da (ia) inportanteena

Kronika: Screamers and Sinners, Señor NO eta Sumision City Blues. Gasteizko Hell Doradon, urtarrilaren 7an.


2016-07-15 | Andrea Zubozki
Atentatu punka

Uniformizatzen ari diren mendebaldar pentsamenduen kontra doaz Gadafiste brothers. “Brigada internazionalistak Libian!” esaldia ez da usu entzuten oholtza gainean…

Eszena gainean hiru tipo eta ordenagailu bat. Ordenagailuaren bidez, bateria eta sanpleak... [+]


Eguneraketa berriak daude