“Memento tzarrak pasatu ditut baina erreusitu dut nire bizia”

  • Hogeita hamazazpi urtez izana da pilotagile, oraindik orain erretretan sartu den artio. Badiote, eta ez diote dohainik eta alferretan, pilota bat ikusiz batera jakiten ahal dela Martina Ursuegi-Huguenardek egina den. Dakitenek badakite, pilotan izena ezarri beharrik ez du Martinak, larrua josteko puntu fina du sinadura.

Argazkia: Zaldi Ero
Argazkia: Zaldi Ero
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Martina Ursuegi-Huguenard

Pilotagile artisau, eta artista. Ez alferretan du ezagun berak josi pilotak, bateko puntu eta bertzeko hari. Ez du unibertsitate ikasketarik egin, baina erreusitu du bizia. Arrakasta lortu du, Jean Batitta Elizanbururen harako hura bere moldera egina: “Badut andrea, badut semea, badut alaba ere nik; osasun ona batetik, ontasun aski bertzetik, zer behar dut gehiago nik?”. Halaxe Martinak.

Nola hasi zinen pilota josten?
17 urtetan utzi dut eskola, eta sartu naiz etxe batean, haurrez okupatzeko —baziren hiru haur—, eta etxeaz eta jatekoaz ere okupatua nintzen. Sasoi hartan, etxeko nagusiak makina bat egin zuen, pilota egiteko. Turbomecan aritzen zen lanean, abioien usinan, Tarnosen (Landak) eta Angelun. Bazuen postu handia eta ibiltzen zen eskuin-ezker, Parisen eta bertzeetan, eta bazuen aski, baina, hala ere, maite zuen gauzak xerkatzea, eta hala egin du pilota egiteko makina hori. Horretarik partitu da ene afera, zeren haurrak handitzean etxe hartan ez zuten ene beharrik, baina nagusiak galdetu ninduen ea nahi nuen lan egin pilota munduan. Berezia izanen zela lan hura. Eta erran nion baietz: “Entseatuko naiz!”. Pilota mundua ezagutzen nuen, banuen otto bat, aritzen zen pixka bat pilotan, eta segitzen nituen partidak. Baina, bertzenaz, josteko lanak-eta, hastetik ikasi ditut denak!

Eta pilota egiten hasi zinelarik, gogoan duzu lehenbiziko egun hura?
O, ba! Zeren eta ametsak eta guziak eginak ditut! Amets onak, eta tzarrak, bietarik. Nahi nuen ene lana ongi egin. Gustatzen zitzaidan jostea eta hori dena, baina ez nekien nola egin pilota, eta gostarik gosta nahi nuen nire lana ongi egin, eta gauaz buruan ari nintzen: “Hola egin behar dut..., hala egin behar dut”. Gauaz etortzen dira gauzak! Eta, hola, nagusiak erakatsi zidan, eta ikasi nuen pilota josten, xixilka. Nagusiak berak emazte batekin ikasi zuen, eta niri gordezka erakatsi ninduen josten.

Zergatik ibili behar zuen gordezka?
Nagusia isila zen, ez zuen maite gauza erakastea, “hau eta hori eta hura egiten dut”, ez, isila zen. Lehenbizi, nagusiak erakatsi zidan, eta, gero, ikusiz pilota jostea lortzen nuela, ekarrarazi zuen emazte bat, hura nor zen niri erran gabe. Baina gauzak jakiten baitira, jakin nuen emazte hura pilotagilea zela Donibane Lohizunen, esku-huskako pilotak egiten zituena. Nire aita aritzen zen baratze garbitzen, eta justuki joaten zen Donibanerat emazte horren etxera. Hola jakin dut nor zen! Eta hark jakin zuen ni nor nintzen ere! Zeren nagusiak ez zuen deus erran nahi inori, baina ez dakit zertako ez, zeren nik atxikitzen nituen sekretu guziak. Hala egin dut ene bizian, etxe hartan haurrez okupatu nintzenean, eta berdin hemen [Eskutik pilota lantegian].

Nor zen, bada, pilota josten erakatsi zizun emazte hura?
Kuplea zen, bikotekidea, eta ez zuten haurrik, segidarik ez. Mendiaga ziren, eta jaun-andreak aritzen ziren pilota egiten. Senarrak pilotak muntatzen zituen, eta andreak josten. Bizi guzia pasatu zuten hola, Donibane Lohizunen, baina uste dut Hazparnen ere bazirela Mendiagak. Ez naiz segur. Esku-huskako pilotak egiten zituzten, fama handia zuten. Gu hasi ginen paleta eta joko-garbi pilotak egiten, eta egun batez nire nagusiak proposatu die Mendiaga haiei beren sekretua erostea. Behar da jakin pilota egiten, bada sekretu pittin bat, ez handi-handia, baina badira gauza ttikiak kontatzen ez direnak. Pilota egiteko sekretua bada, eta bakotxak badu berea.

Bakoitzak berea duenez, zuk ere zeurea dukezu... Ez dakit zer kontatzen ahal duzun.
Lehen baziren ainitz pilotagile, eta sekretua ez pasatu nahiz, eraman dute zulora! Zenbait jendek, erosi du pilota egiteko sekretua, pagatu du, jendeek ez baitute hola eta hola ematen! Baina hori ez da bakarrik pilota munduko gauza, ainitz gauzatan bada hori! Eta domaia da! Norbaiti erakastea, transmisioa, eta, gero, horren gainean gauza berriak ekartzea, handia da. “Ikasi dut horrekin, baina nik ere ekarri dut pitta bat”. Hola eginez, gauzak hobekitzen dira. Baina ainitzek ez du berdin pentsatzen, eta ez nehori pasatu nahiz, atxiki du sekretua. Domaia da!

Sekretuak sekretu, bakoitzak berea. Eta, erraten ahal diren sekretuetan, zein dira pilota ona egiteko baitezpadakoak?
Hasteko, laneko material ona behar duzu, eta, gero, pilota nola muntatzen den ikusi behar da, zein pilota egin behar den. Klase ainitz baduzu: paleta, joko-garbi, esku-huska, eta bakoitzak baditu klase gehiago ere: umeak, kimuak, gaztetxoak, gazteak, helduak… Eta pilota denek ere badute beren pisua, eta elementu guziek! Gomak badu bere pisua, artileak ere bai, larruak ere bai… Bakoitzak badu bere pisua, eta pilota osoak egina badu bere pisua ere. Erdian, egiten duzu nahi duzuna. Nahi baduzu pilota goxo egin, gutiago tiratzen duzu goma, eta nahi baduzu azkarra egin, gehiago tiratzen. Baina materialak egiten du ainitz. Ez bada ona, ez du balio. Manatzen duzularik hamar kilo artile, ez dakizu nola helduko den. Batzuetan, ongi, bertzeetan ez. Hara, pilota egiten dugunok erdian gara: materialaren eta jokalarien artean. Erdian gara, eta zaila da, eta, hala ere, behar da erdi hori atxiki!

Argazkia: Zaldi Ero
"Kamera bidez, nagusiak behatzen zuen zenbat denbora ematen nuen pilota josten... Eta, hor, kraskatu dut. Zainak hartu zaizkit eta ‘aski!’”

Probatzen dituzue pilotak?
Ematen ditugu entseatzeko pilotariei, eta haiek erraten dute bata edo bertzea: “A, klaska ez du aski!”, soinua, erran nahi baita. “Murruan ez da ateratzen… Zolan ez da lehertzen...”. Pilota egitea ez da erraz. Xixila hasi ginen, erran nahi baita, trankil. Hastapenean, erdizka aritzen nintzen etxe hartan lanean, eta, bertze erdizka, pilota josten hasi nintzen. Sei hilabete edo urtea bi lanetan segitu nuen eta, gero, ikusiz pilota onak egiten genituela, eta lana emendatzen zela, utzi dut etxea eta segitu dut pilota egiten. Hastetik maite ukan dut pilota egitea. Eskulana maite dut, ainitz.

Maite ukan duzu pilota egitea, erran duzunez. Eta partidak ikustea?
Bai, maite nituen Olaizola-eta horiek denak, izigarriak dira. Eta maite nuen ainitz Irujo, gelditu da, obligatua baitzen.  

Partida ikusten duzularik, pilotarien jokoa ikusten duzu, ala pilota nola korritzen den?
Kar, kar… pilota nola korritzen den, pilotaren bizitasuna, punpa… Entseatzen gara beti berdin ateratzen pilota guziak, baina beti bada hau biziagoa, hura azkarragoa, honek punpa du halako, bertzeak klaska halako… Eta, hala ere, bada jokalariek pilota eskuan hartu eta ukaiten duten sentimendua: “Pilota hau ez dut ongi sentitzen eskuetan!”. Sentimendua da! Jokalariek hola erraten dute, sentitu behar dutela pilota! Klaska, punpa… dira lehenbiziko kriterioak, baina, gero, eskuetako sentimendua duzu, eta hori larruak egiten du. Badira larru ezberdinak, goxoak batzuk, gogorragoak bertzeak, eta hor da pilotaren diferentzia, sentimendu horretan da dena. Jokalariak behar du pilota sentitu.

Ainitz dakien pilotari zailduaren afera duzu hori.
Ez, ez. Hona heldu zaizkigu haurrak, atelierra ikusterat, eta ematen dizkiegu lau pilota: “Hautazazu, hautazazu!”. Lauak pasatzen dituzte, lauak jotzen, eta erraten dute: “Hau sentitzen dut ona!”. Goxotasuna da, edo ez dakit, baina sentitzen dute. Eta, ainitz, larruak ematen du hori. Ahuntza da guk pilotari ematen diogun larrua. Esku-huskakoa goxoagoa egiten dugu, ezker-paretakoa gogorragoa, baina, hala ere, bere goxotasuna atxiki behar du. Eta larrugileak ez badu lan ona egiten, guk ez dugu lan ona egiten ahal. Eta jokalariak hor dira, eta makilarekin etortzen dira! Kar, kar…

Artisauaren lana duzu, hor bada artea.
Pilotagilea ez da hola eta hola egiten, bada prozesu bat, eta bataila ainitz ere badira artilearekin, larruarekin… Hogeita hamazazpi urte egin ditut pilota egiten, eta bataila ainitz ukan ditut, oroz gain hastapenean: ez nuen larrua ezagutzen, eta behar duzu josten ikasi, behar duzu jakin larrua zenbat tiratu behar duzun… Batzuetan, larrua azkar delarik, ez du balio ainitz tiratzea. Bertzean, xuhurrean etorriko zaizu, eta orduan behar duzu jakin zenbat tiratu eta zenbat ez. Ez baduzu lana ongi egiten, pilotak gibelerat etortzen dira. Horrek ere min egiten du. Beti ez da materialaren falta, nirea ere izaten ahal da, zeren egun horretan beharbada josi ditut bortz pilota baina nire izpiritua ez zen lanean, eta pilota jostean behar da lanean kontzentratu. So behar duzu pilotari, ez duzu burua sobera altxatu behar! Kar, kar…

Beste enpresarik ere bada pilota egiten Euskal Herrian…
Bai, bakotxak berea egiten du. Hemen [Senperen gaindi] badira biga, bertzea duzu Landetan, eta Hegoaldean ere badira gehiago. Ni, oraiko Eskutik lantegian aitzin, bertze batean aritu naiz lanean, Senperen berean, Punpa enpresan. Lehenik, nagusi zaharrarekin [Mendiaga] egin nuen lan hogei urte. Ondotik, nagusi berriak hartu zuen enpresa eta hamar urte egin ditut harekin. Eta hamar urte egin ondoan, kanporat pusatu nau.

Kanpo eman zintuen? Zendako?
Behar da jakin enpresa eramaten, behar da jakin langileekin nola izan, eta behar da jakin dirua sartzen. Ez du balio lan egitea ez baduzu dirua sartzen. Eta lehengo nagusi horrek ez du aski kasu egin diruari. Zozokeria da hori enpresa duzularik! Ni langileetarik zaharrena nintzen, lehenbizikoa, eta kanporat pusatu nau. Entseatu da ni enpresari huts eginarazten, ni kanporatzeko. Filmatu nau nola egiten nuen lan, kamera ere bazen langileen lana kontrolatzeko, eta behatzen zuen zenbat denbora ematen nuen pilota josten… Eta, hor, kraskatu dut. Zainak hartu zaizkit eta “aski!”, egin dut. Medikuarekin mintzatu naiz, lanetik partitzeko. Badira zazpi-zortzi urte.

Argazkia: Zaldi Ero
 “Pilota hau ez dut ongi sentitzen eskuetan!”. Sentimendua da! Jokalariek hola erraten dute, sentitu behar dutela pilota! Klaska, punpa… dira lehenbiziko kriterioak, baina, gero, eskuetako sentimendua duzu, eta hori larruak egiten du"

Gaizki pasatu zenuen...
Bai, ez nintzen ongi, ez. Zainak eri nituen, ez nuen gehiago pilota nahi, ez ikusi ere. Pilota partidarik ez nuen so egiten. Semea ere aritzen zen pilotan, baina ez nintzen ikusterat joaten, disgustatua. Eta zulo horretarik atera naiz, itsasoarekin.

Itsasoarekin?
Bai. Denbora tzarra delarik itsasoa haserrean da, eta harat nahi nuen. Senarrak, bertzalde, nahi zuen denetarik ere niri ongi egin, eta berari erraten nion: “Eramanen nauzu itsasorat?”. Eta autoa hartzen zuen eta eramaten ninduen Donibanetik [Lohizune] Hendaiaraino, beti kostan. Eta autotik ateratzen nintzen itsasoaren indarraren xerka, eta itsasoak eman didan indar horri esker atera naiz zulotik. Maite dut itsasoa, ur hori ikusten duzularik arroken kontra joz bortizki. Haren indarra! Horretarik atera naiz. Ez nuen pilota gehiago egin nahi. Nahiago nuen menaia egin, etxean zerbait egin.

Baina azken zazpi urteak pilota egiten ari izan zara berriz.
Bai, etxean nintzen, eta, egun batez, telefonoa. Sasoi hartan ez nuen arraposturik ematen, baina nire senarrak: “To, Martina, zuretako da!”. Ellande [Alfaro] zen telefonoan, Eskutik lantegikoa. Banekien hasia zela pilota egiten, behar genuela mintzatu erran zidan. Eta hola partitu da gure harremana. Eta badakizu zer pentsatu nuen, zer sentitu nuen memento hartan?... “To, pasaraziko dut nire jakina!”. Ez nuen pilota mundutik partitu nahi nire jakinarekin, nahi nuen pasarazi norbaiti. Hor sentitu dut: “To, orai da mementoa!”. Eta hola.

Eta horrelaxe egin duzu zure azken bidaia hau, zazpi urte hauek, erretreta hartu arte.
Bai. Ellandek eta biok elkar ikusi genuen, mintzatu genuen. Ez zuen makinarik, dena eskuz ari zen. Egun batez, izan zuen galde bat, hogeita hamar pilota. Nahi zuten jakin zer preziotan egiten ahal genuen lana. Kalkuluak egin genituen eta igorri genuen gure dibisa. Ez genuen uste hartuko zutela, baina hartu zuten! Joko-garbi eta esku-huska pilotak egiten hasi ginen, baina bertzeak egiterat ere entseatzen ginen. Hola pasatu da. Ainitz eman diot Ellanderi [Alfaro], baina berak ere ainitz eman dit! Gure pilotak, poliki-poliki, onak egin ditugu! Ellandek berarekin hartu ninduen eta zazpi urte da berarekin ari naizela. Eta orai, utzi dut! Kar, kar…

Zure jakina edo jakitatea transmititu duzu, nahi zenuen moduan.
Bai, nire jakina pasatu dut Ellanderi, eta nire tokia hartu duen pertsonari. Behar nuen pasatu, eta egin dut, eta kontent naiz. Nire lanak balio izan du. 17 urtetarik utzi nuen eskola, ez nuen diplomarik, baina hala ere nire bizia erreusitu dut. Memento tzarrak pasatu ditut, baina kontent naiz, erreusitu baitut nire bizia: erreusitu dut lanean, eta erreusitu dut familian. Badut senar ona, eta baditut bi seme, lau haur ttipi ere bai orai, eta nire semeek ere erreusitu dute beren bizia. Orai lasai naiz. Lana utzi dut, baina atea ez dut hetsia. Pertsua eman du Ellandek hori nire erranez: “Berriz artio adixkidea / atea duzu zabalik / ez da bukatzen gure bidea / birunga bat da bakarrik / Ezin utzi ezin ahantzi / lankide maite egina / garai ederrak zuri eskerrak / gure eskutik Martina”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pilota
2024-08-26 | Jon Torner Zabala
Munduko Euskal Pilota Txapelketan, euskal pilota selekzioak lekurik ez

Iruñeko Labrit pilotalekuan ari da jokatzen 22 urtez azpiko XI. Munduko Euskal Pilota Txapelketa. Abuztuaren 31ra bitartean zazpi herrialdetako 200 pilotari baino gehiagok hartuko dute parte. Euskal selekzioak lehiatzerik ez duela-eta, haren ofizialtasuna eskatu dute... [+]


Espainia eta Frantziako selekzioekin jokatzeari uko egin diote 50 pilotarik

Euskal Herriko pilota selekzioa aldarrikatu du dozenaka pilotarik Hendaian egindako ekitaldi batean. Erabakia larunbatean, Hendaiako Beltzenia pilotalekuan egindako ekitaldi batean ezagutzera eman zuten.


Josu Garritz
“Diasporan egungo egunean bizi dira, arbasoen jatorri eta historiaz pixka bat ahaztuta”

Pilotari famatua izan zen, munduko txapelduna, baina tartean behin baizik ez zuen Euskal Herrian jokatu, Mexikon jaio, hazi eta hantxe bizi baitzen, gurasoak haraxe joanda 1936ko gerratik ihesi. Abertzalea, Mexikoko euskal etxeko presidentea, Jaurlaritzaren aholkularia,... [+]


2024-02-15 | Estitxu Eizagirre
Irabazi eta galdu

Txikitatik bizi dugu lehia gizarte honetan: umetan haurren arteko jolasetan, heldutakoan bizitzako eremu guztietan –batzuetan kontzienteki onartzen dugu jokatzea eta bestetan nahi gabe erortzen gara lehia dinamiketan–. Agian horregatik dira kirolariak gizarte... [+]


Naroa Iturain, pilota epailea
“Emakume epaile gutxi dago, gutxietsiak izateko beldurra dugulako”

Frontoia du habitat Naroa Iturainek (Iruñea, 1992). Pilotaria da, baita pilota epailea ere. Umetan ikusmina piztu zion palak, eta pasioari jarraika, esku-pilotan hasi zen gerora. Alabaina, ia behartuta egin zen epaile, emakumeen arteko neurketak pilotariek beraiek zuzendu... [+]


2023-05-11 | Estitxu Eizagirre
Nola osatzen da Herriarteko Txapelketako talde bat 250 biztanleko herrian?

Maiatzaren 13an Larraul-Azpeitia partidak jokatuko dira Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren baitan, eskuzko modalitatean. 18:00etan hasiko dira partidak Tolosaldeko herri txikian, eta urtetan pilota sustatzen egindako lanaren emaitza izango da: jai handi bat, lehen aldiz parte... [+]


Euskal pilotan selekzioaren ofizialtasuna eztabaidatuko dute, Espainiako federazioa kontra izanik

Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak batzarra egingo du, lehen aldiz euskal pilotarien estatusaren aldaketa aztertzeko prest azaldu ostean. Espainiako Pilota Federazioak bere aurkako "iraintzat" jo du asmoa, eta gaineratu du "izaera nazionalista aitortzea"... [+]


Euskal Herriko zesta-punta liga antolatu dute, Iparraldeko eta Hegoaldeko lehiaketak bateratuta

Gernika, Donibane Lohizune, Biarritz eta Paueko lehiaketak batu egingo dira Jai Alai League sortuz.


2022-12-15 | Jon Torner Zabala
Ados Pilota klubaren Binakakoa, ETBren programaziotik at

Ados Pilota klubak salatu du ETBk ez duela larunbatean abiatuko den Binakako Txapelketaren partidarik emango eta, ondorioz, Eusko Labelek ez duela txapelketa babestuko.


Eguneraketa berriak daude