“Emigrazioa esperientzia erradikala izan da eta da, migratzaileak ez dakielako inoiz itzuliko ote den”

  • Azucre liburuak 1.700 gazteren istorioa kontatzen du. 1853an, Galizia utzi eta Kubara bidaia latza egin zuten hango kanabera-azukre plantazioetan lana eta etorkizun oparoagoa aurkituko zituztelakoan. Errealitatea oso bestelakoa izan zen ordea: Urbano Feijóo de Sotomayor galiziar lur jabe handiak uhartean kolonizazio zuria sustatu nahian, engainaturik eraman zituen mutikoak esklabo gisan erabiltzeko. Egiazko gertakari hauek bildu ditu Bibiana Candiak bere lehen eleberrian. Nafarroako Liburu-saltzaileen Elkarteak berriki eman dio bere saria. 

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco
Bibiana Candia Becerra. A Coruña, 1977

Idazlea eta artikulu-egilea da. Ikuspegi feminista eta kritika sozial zorrotza dira bere idazkien bizkar-hezurra, umore dosi nabarmen batez. La rueda del hámster eta Las trapecistas no tenemos novio olerki bildumak, El pie de Kafka eta Fe de erratas kontakizun-liburuak argitaratu ditu. Jot Down, Letras Libres eta The Objective aldizkarietan kolaboratzen du. Azucre da bere lehen eleberria.

Zergatik zen ezezaguna istorio hau?
Esklabo galiziarrena ez zen ezkututako istorioa, baina inork ez zuen ezagutzen. Hori izan zen gehien erakarri ninduena. Enigma moduko bat zen. Lagun batek honetaz hitz egin zidan eta interneten begiratuta informazio pila atera nuen, baina nik galdetzen nion jendeari, denak galiziarrak, eta inork ez zekien ezer. Harritu egin ninduen nola ez zaigun iritsi herri memoriaren bidez. Bada ongi funtzionatzen ez duen zerbait.

Ez da interes kontua, izan ere, jendeari kontatzen diozunean izugarri interesatzen zaio, baina istorioak ez zuen belaunaldien artean behar bezala bidaiatu eta horregatik erabaki nuen idaztea. Testigantza kolektibo bat egin nahi nuen, protagonisten begiekin ikusita. Artxiboetako datu hotz asko dugu, baina alde humanoa entzun behar da eta gertatu zena gure herriaren memorian txertatu.

Miseriak ez dira garaipen handiak adina transmititzen?
Epikak badu alderdi ilun bat. Epika gizagaixo askoren bizitzen gainean eraikitzen da eta hori ezagutzeak helduago egiten du jendartea.

Antzeko beste gertakari batzuk aurkitu nituen. Adibidez, britainiarrek irlandarrak erabili zituztela esklabo gisa kobrezko meategi batzuetan eta baita AEBetako kotoi soroetan ere. Halakoak gertatu izan dira beti pobreenekin, gosekilekin. Lege unibertsala da beti egonen direla pertsona desesperatuak eta haietaz aprobetxatuko den eskrupulurik gabeko jendea. Hori ez da aldatzen. Ziklikoa da eta behin eta berriz errepikatzen da. Mundua mugiarazten duen mekanismoa da.

Azucre-ren kasua inguratu zuen eskandalu handia ez zen izan uhartean esklaboak zeudelako, baizik eta herrikideak, hau da, zuriak, esklabo bihurtu zituztelako. Hori zen onartezina.

Nola egin zenuen datu historikoen bilketa?
Modu digitalean. Interneten dokumentazio itzela dago eskuragarri. Agiri nagusia Diputatuen Kongresuan dagoen txosten bat da. Gazte hauen hiru familiak salaketa jarri zuten kontratuen errebisioa eskatuz eta Ramón de la Sagra diputatu galiziarrak eraman zuen gaia Kongresura. Hor biltzen diren egiazko testigantzek oilo ipurdia jartzen dizute.

Liburu hau irakurtzea murgiltze esperientzia moduko bat da. Bertan zaudela sentitzen duzu. Nola lortu duzu?
Memoria kolektiboa nahi nuen adierazi. Nik bilatzen nuena zen istorio bat non protagonisten ahotsak gurutzatzen diren zer gertatu zitzaien zuri kontatzeko. Batek hitz egin eta besteak erantzun, edo pluralean hitz egin edo zuzenean irakurlearekin. Ahozko estiloa bilatu nuen propio, ahozko transmisiotik etortzen zaizkigun errelato horien estiloa. Ahots narratiboa lortzea izan zen zailena.

Proba asko egin nituen: lehen pertsonan, hirugarrenean, pluralean... baina ez zuen funtzionatzen. Horregatik erabaki nuen denak batera erabiltzea. Eromena ematen zuen, paranoia bat, baina bat-batean funtzionatu zuen eta handik aurrera dena azkar joan zen. Dokumentatu nintzen nobela historiko kanoniko bat idatzi behar banu bezala, eszenatoki zehatza sortzeko eta nik neuk jakiteko zerekin eginen zuten topo gaztetxo horiek. Ondoren, jakinda zer gertatuko zitzaien, fikziozko pertsonaiak askatu nituen giro horretan eta utzi nien erreakzionatzen askatasun osoz. Bilatu dudana izan da egia historikoaren eta erabateko fikzioaren arteko oreka. Nik bilatzen nuena zen irakurleak rapaz [mutil gaztea galizieraz] horiek ezagutzea. Batzuetan pentsatzen dugu XIXgarren mendeko jendea beste planeta edo espezie batekoak direla. Oso urrun sentitzen ditugu, baina uste baino antzekoagoak gara.

Esaten duzunean “1.700 gazte galiziar eraman zituzten Kubara azukre-kanaberan lan egitera, eta esklabo gisa amaitu zuten”, esaldi gogorra da, baina hamar minutura ahaztu zaizu. Titular bat gehiago baino ez da. Baina zuk pertsonalizatzen badituzu gazte horiek, banaka ezagutzen badituzu, ikusten duzu gu bezalakoak izan daitezkeela eta une horretan aldatzen da pertzepzioa.

Bestalde, herri kondaira batek herri hizkeraz, folkloreaz eta sinesmenez "kutsatuta" egon behar du eta horregatik halako elementu asko erabiltzen ditut. Alde horretatik Galizia oso aberatsa da. Itsasoa, berez, eremu mitologiko propio bat da.

Argazkia: Dani Blanco
"Lege unibertsala da beti egonen direla pertsona desesperatuak eta haietaz aprobetxatuko den eskrupulurik gabeko jendea”

Zergatik aldarrikatzen duzu iragana ezagutzearen garrantzia?
Nondik gatozen jakitea ezinbestekoa da nora joan nahi dugun erabakitzeko. Gure aurrekoekin zerikusia duen guztiak eragiten digu, nahiz eta guk hori ez jakin. Gure heziketa eta gure munduaren ikuskera haien bizipenen arabera dago modelatuta. Horregatik da garrantzitsua iragana ezagutzea.

Nire aitona, adibidez, nekazaria zen, Santiagotik gertuko herri txiki batekoa. Xumea zen eta ia eskolagabea. Hamarkada batzuk lehenago jaio izan balitz, hauetako bat izanen zen seguru aski. Hori ikustean ohartu nintzen nik istorio honetako jende hura ezagutzen nuela, Galiziako landa eremua ez delako asko aldatu XIXgarren mendetik hona. Sofistikatu da pixka batean, baina besterik ez. Herri txikiak oso tradizionalak dira, lurrari oso itsatsiak. Hasi nintzen gauza asko aurkitzen gure identitatea eta nire galiziartasunarekin zerikusirik dutenak.

Liburuaren hasieran jarri ditudan Rosalia de Castroren bertsoak –"Galicia está probe i a Habana me vou... ¡Adiós, adiós prendas do meu corazón!”– (pobre dago Galizia eta Habanara noa... Adio, adio ene bihotzeko kutunak!") oso esanguratsuak dira. Hau gertatu zenean Rosaliak 16 urte zituen eta ezagutu behar zuen. Bat batean atzeman nuen bertso horiek barnean duten min guztia. Dena hasten da esanahia hartzen. Zure kultura gaur egunera arte nola iritsi zaizun ikusteko bide ematen dizu iragana ezagutzeak.

Emigrazioa eta Galizia oso lotuta egon dira beti.
Ez dut ezagutzen Galizian familia migraturik ez duen inor. Guk Brasilen, Santo Domingon, Uruguain, Suitzan... Hemengo jende guztiak gutxienez hiru herrialde desberdinetan ditu senideak eta horrek ere zama handia du. Ilargian galiziar bat dagoela esaten dugu erdi txantxetan, adieraziz gureak edonora joateko prest daudela etorkizun hobe baten bila. Iragan tragiko batetik dator joera hori: pasa dugun gosea, gobernu zentralak gaizki tratatu izan gaitu beti...

Kanpotik orain gurera datozen pertsonen drama bera…
Oso azkar ahazten dugu duela gutxira arte gureak ari zirela munduan barrena, baldintza negargarrietan, bizirik irauteko moduaren bila. Berdin dio gerra batetik edo miseriatik ihes egiten baduzu, ihes guztiak zilegi dira. Gu orain alde oparoan gaude, baina, hala ere, edozein momentutan alda daiteke, Ukrainan gertatu den bezala. Jende horiek gu bezalakoak dira eta beren etxean lasai zeuden bonbardatuak izan arte.

Emigrazioa esperientzia erradikala izan da eta bada gaur egun ere, migratzaileak ez dakielako inoiz itzuliko ote den. Gaur egun asko dira leku negargarrietan bizi diren migratzaileak, baina horiez historiak ez du hitz eginen.

Gaur egungo esklaboak dira?
Jakina. Latinoamerikako eta Europa ekialdeko emakume asko etxeetan lan egiteko aitzakiarekin ekarri eta gero prostituitzera behartzen dituzte. Esklabotza izugarria da hori. Egoera hau behin eta berriz errepikatzen da historian.

Sorterrian gelditzen direnak ere biktimak dira?
Zalantzarik gabe. Geratzen denarentzat, alde egiten duena, nolabait, hilda dago. Dolua pasa behar du. Askotan ez dakite alde egindakoa inoiz itzuliko ote den. Komunikaziorako hainbeste baliabiderik ez zutenean, duela urte batzuk arte, bereizketa definitiboa izan zitekeen. Hildakorik gabeko alargunaren figura oso ezaguna da Galizian.

Feijóo de Sotomayor ez da izanen Alberto Nuñez Feijóoren arbasoa?
Ez, kar kar. Oso abizen arrunta da eta gainera Feijóo de Sotomayor izen konposatua da. Madrilen egin genuen liburuaren aurkezpenera bai etorri zela oinordeko zen emakume bat. Ni urduritu nintzen pixka batean, baina nire harridurarako oso eskertuta zegoen hau dena ezagutzeko aukera izateagatik, berak ere ez zekielako ezer.

Idazle profesionala zara?
Orain bai. 2011n erabaki nuen egiten ari nintzen guztia etetea idazketan murgiltzeko. Honetara dedikatzeko asmo eta gogoa izan ditut betidanik, baina literaturatik urrun bizi zen familia bateko pertsona batentzat zaila zen. Idazle egiteko zer egin behar duzun esaten dizun esku-libururik ez dago. Ikasketak aukeratzerakoan argi nuen bakarra zen irakurri eta idatzi egin nahi nuela. Zuzenbide karrera hasi eta filologiara pasa nintzen. Hori ere, ordea, ez zitzaidan gustatu nire literaturarekiko harremana ez zelako horren akademikoa, askoz organikoagoa baizik.

Lortu nuen A Coruñako unibertsitatean administrari postu bat, funtzionario gisa, baina nik ez nuela hor egon behar sentitzen nuen. Idazten aritu beharko nintzela uste nuen. Eleberri bat ezin da idatzi lanetik atera eta gelditzen zaizun denbora tarte horretan, non, gainera, eguneroko beste gauza guztiak egin behar dituzun. Egun batean nire bikotekideak proposatu zidan Berlinera joatea, berari lan bat eskaini baitzioten han eta niretzat, behingoz, idazten jarduteko aukera izan zitekeelakoan.

Han hasi nintzen ene literatura proiektuarekin. Bi poema liburu atera nituen, hainbat kolaborazio egin nituen komunikabide batzuetan eta Cervantes Institutuarekin hasi nintzen kolaboratzen literatura kafe-solasaldietan. Horrek guztiak aukera eman zidan Azucre idazteko.

Orain bizi naiteke literaturatik. Orain arte ez. Baina apustu moduko bat da, negozio bat irekitzen duzunean bezala. Hasieran inbertsioa egin behar duzu gero fruituak jasotzeko. Horregatik inguruan duzuna oso garrantzitsua da.

Argazkia: Dani Blanco
"Oso garbi neukan elebitasunak presente egon behar zuela 'Azucre'-n, elebidunak garenok argi dugulako hizkuntza aldaketa ez dela soilik erregistro aldaketa hutsa"

Begi bistan izan arren, ikusten ez ditugun errealitateen aldarrikapena egiten duzu askotan. Legión de las señoras en bata testuarekin Julio Camba saria irabazi zenuen 2021ean, adibidez.
Asko gustatzen zait errealitatea hartu eta izkina pixka bat altxatzea gordeta dagoen hori erakusteko.

Andereak, oro har, ez dira oso serio hartzen. Batzuk amonatxo goxoak bezala aurkezten dizkigute, besteak, aldiz, oso modu barregarrian, mantala jantzita ibiltzen diren herri txikietako emakume horiek, adibidez. Eta azken horiek pertsona gogorrak dira. Denetik ikusi dute eta beti bigarren lerrotik. Beren amantala jantzita, eskuekin berdin oilo bat hil, patata batzuk lur azpitik atera edo arrautza bat frijitzen dute. Edozein gauza egiteko gai diren emakume horien indarra aldarrikatu nahi nuen. Oso pozik nago artikulu horrekin eta harro sentitzen naiz. Gainera oso erantzun zabala izan du mantalak toki guztietan daudelako: Latinoamerikan, Alemanian, Europa osoan...

Zertarako balio du literaturak?
Mundua beste begi batzuetatik ikusteko. Begirada desberdin batez begiratzeko.
Mundua toki seguru batetik esperimentatzeko. Zure sofaren segurtasunetik beste errealitate batzuk ezagutzeko aukera eta zure pentsamoldea zabaltzeko bidea. Niretzat erabateko askatasun eremua da.

Azucre gaztelaniaz dago idatzita baina galegoaren presentzia nabaria da, zergatik?
Niretzat egokiena izanen zen nobela hau aldi berean galegoz eta gaztelaniaz ateratzea, baina lehen eleberria izan da eta baliabide gutxi genuenez horrela atera dugu. Hala ere, oso garbi neukan elebitasunak presente egon behar zuela, elebidunak garenok argi dugulako hizkuntza aldaketa ez dela soilik erregistro aldaketa hutsa. Badira ñabardura asko eta solaskidearekin moldatzeko gogo bat.

Nahi nuen hori presente egon zedin liburuan. Nahi nuen errealitate horrekin bizi ez diren irakurleek testuan galegoa ikus eta uler zezaten. Erronka polita iruditu zitzaidan. Gainera ezin nituen imajinatu pertsonaia hauek gaztelania perfektuan hizketan, aditzen forma konposatuak erabiltzen, adibidez. Oso ongi funtzionatu du eta titulua ere galegoz dago, arazorik gabe.

Nire asmoa da erakustea hizkuntzak kultura eta aberastasuna direla eta ez dutela zertan harresi izan behar, juxtu kontrakoa. Galiziera hor egoteak testua aberastu egiten du.

Nafarroako liburu-saltzaileek saritu dute Azucre aurten. Nola sentitzen zara?
Ohore handia izan da. Pepitas de calabaza argitaletxe xume bezain bereziarekin plazaratu dut lana eta argitaletxe handiek kaleratutako titulu ugarien artean testu zintzo batek bidea egin dezakeela ikusteak literaturarekiko fedea berreskuratzen laguntzen du. Nobedadez eta marketinez betetako itsaso bortitz eta zabal honetan bizirik iraun daitekeela erakusten dizu. Irakurleei eta liburu-saltzaileei nire esker ona eman nahi diet.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Literatura
Politono bat entzun nahi?

PLEIBAK
Miren Amuriza Plaza
Susa, 2024

--------------------------------------------------

Miren Amurizaren bigarren eleberria argitaratu du Susak Durangoko azokaren atarian: Pleibak. Aurretik egindako grabazio baten gainean kantatzen ari zarelako antzerkia egitea da... [+]


Umore zoroa

Non sense liburua
Edward Lear
Itzultzailea: Juan Kruz Igerabide
Denonartean, 2024

----------------------------------------------

Edward Lear idazle eta ilustratzaileak 1846an argitaratu zuen esku artean dugun obra hau. Igerabidek liburuaren hitzaurrean dioen bezala,... [+]


Hitzen poetika

Ekintzailetza modan dago. Kontzeptuak indarra hartu du eta hiztegi ekonomikotik askoz harago zabaldu da. Just do it: egizu, besterik gabe. Baina ez dezagun ahaztu: propagandaren mundutik dator leloa. Erosle-ekintzaile aktiboak izatea ote da hitzaren mozorroa? Egungo enpresariek... [+]


Paula Estevez
“Irudia alboratuta geratu da beti Euskal Herrian”

Mila lan egitetik bizi dira, sarri, marrazkilari eta ilustratzaileak. Ezaguna da sektorearen aspektu hori. Prekarietatea deitu ahal zaiona nagusiki; ikusezina izatea ere bai. Paula Estévez (Donostia, 1984), esaterako, ARGIAn ikusi izan dugu azken bost urteotan, sarri... [+]


Amore eman, ala ez

Hetero
Uxue Alberdi
Susa, 2024

----------------------------------------------------

Negazionismoaren, manosferaren eta trollen aroan ezinbestekoa da literaturaren ekarpena, errealitatearen tolesei begira jartzeko tresna paregabea delako: inguruan ditugun zapalkuntza... [+]


Etorkizun bizigarriei buruzko literatura lehiaketaren sari banaketa eginen du ostiralean Sukar Horiak

Bilboko Zirika! herri gunean eginen dute banaketa, ostiralean 19:00etan. Fanzine bidez eta sare sozialetan zabalduko dituzte partehartzaileen testuak, eta irabazlearena argitaratuko du ARGIAk.


Marigorringoak Afrikan

Guardasolak euria nahi du
Patxi Zubizarreta
Ilustrazioak: Irrimarra
Ibaizabal, 2024

---------------------------------------------

Duela 30 urte argitaratu zuen Patxi Zubizarretak Marigorringoak hegan liburuxka; J. M. Lavarellok ilustratua eta Edebé argitaletxe... [+]


2024-12-05 | Leire Ibar
Durangoko Azokak ateak ireki ditu, ikasleen bisitarekin

Abenduaren 5ean ikasleei eta irakasleei zuzendutako tailer, hitzaldi eta ikuskizunak izango dira azokan. Dinamiken bidez sortzaileak ezagutu eta eurekin harremanetan jartzeko moduko aukera ere izango da. Edukiera guztia bete da jada ikasle goizerako. ARGIAk eskaintza zabala... [+]


2024-12-04 | Aitor Aspuru Saez
Craig Thompson
“Trumpen hautaketak eragin zuen trauma kolektiboaz badago osagai bat komikian”

Craig Thompson kultuzko eleberri grafikoen egile estatubatuarra Europan izan da bere azken lana aurkezten, Raíces de ginseng (Astiberri, 2024). Bilbon bi aurkezpen egin ditu eta artista atsegina, hurbila eta azkarra dela erakutsi du –euskaraz “mila... [+]


Nire neure

Begiak zerumugan
Idazlea: Miren Agur Meabe
Ilustratzailea: Ane Pikaza
Elkar, 2020

-------------------------------------------------------

Askotariko testuak eta liburuak argitaratu ditu Miren Agur Meabek. Literatur genero guztiekin aritu da: haur eta gazte literatura,... [+]


“Hezkuntzak izan behar du patxadatsua eta geldoa”

Eguneroko abiadura itogarritik atera eta eskola-proiektua amesteko, gogoetatzeko denbora hartzea aldarrikatu dute solaskideek, Superbotereak liburua aurkezteko mahai-inguruan. Patxadatsu aritu dira, hain justu, eraldatzeaz, inpotentziaz, ilusioaz, eskola bakoitzak egin beharreko... [+]


“Konplexutasuna agertzeko lekua da literatura, ez lezioak ematekoa”

Helduentzako zazpigarren lana argitaratu berri du Uxue Alberdik, hirugarrena ipuingintzan: Hetero (Susa, 2024). Zortzi narrazio bildu ditu liburuan, eta denen abiapuntua izan da memorian geratu eta “noizbait ere honi buruz idatzi behar dut” pentsarazi dion paisaia,... [+]


2024-11-27 | Castillo Suárez
Pertseberantziaz

Bihotzean ditudan oroitzapenik politenetakoak dira. Euskal Filologia egiten ari nintzen garai hartan, eta Arbizuko elkarte batera joan ginen Ruper Ordorikaren kontzertu batera. Han zeuden Rikardo Arregi Diaz de Heredia eta Juanjo Olasagarre. Ez nintzen Arregiri esatera ausartu... [+]


DBHko ikasleak literaturzaletzea helburu duen irakurketa-lehiaketa aurkeztu dute

Esloveniako eskoletan izan duen arrakastari tiraka, Alberdania argitaletxeak Euskal Herriko ikastetxeetara ekarri du Joko Ona Denontzat irakurketa-lehiaketa: DBHko ikasleek “kalitate handiko liburuak” irakurriko dituzte taldeka, eta avatarra aukeratuta, horiei... [+]


Francesca eta Maddalena

Barrengaizto
Beatrice Salvioni
(Itzulpena: Fernando Rey)
Txalaparta, 2024

------------------------------------------------

Barrengaizto izenburua aukeratu du Fernando Reyk Beatrice Salvioni-ren La malnata itzultzeko. Reyk dio idazlearen ahotsa izaten ahalegindu dela,... [+]


Eguneraketa berriak daude