Langile klasekoa, transgeneroa, lesbiana, “mari-mutila”, judua, pobrea... zapalketa andanaren gurutzagunea zen Leslie Feinberg aktibista estatubatuarra. Zapaldu gisa kokaturik, harrotasunez eta askatasun egarriz borrokatu zuen zapalkuntza oro bere bizitza osoan. Euskaraturik dugun bere bigarren liburua da Borrokalari transgeneroak. Historia eginez, Joana Arc-ekotik Dennis Rodman-enganaino (Katakrak, 2021). Historian zehar eta munduan barrena sexuak eta generoak ukandako lekuaz ari da, tartean, barrenean dauzkan galdera, bizipen eta hausnarketak txertatuz.
Euskarara ekartzen diguzun Leslie Feinbergen bigarren liburua dugu Borrokalari transgeneroak. Historia eginez, Joana Arc-ekotik Dennis Rodman-enganaino. Hor dugu ere Mari-mutil handi baten bluesa. Zein da idazle honekin duzun lotura?
1999an Londresera joan nintzen, hango trans giroa ezagutzera. Gay´s the word LGTB liburu dendara joan eta galdetu nien transei buruzko zein liburu zituzten; oso gutxi zeuden garaian, eta besteak beste, Leslierenak gomendatu zizkidaten. Lehenbiziko Transgender Warriors irakurri nuen eta ondotik Stone Butch Blues. Biak izugarri gustatu zitzaizkidan, zirrara eragin zidaten, eta orduan nahi ukan nituen euskarara ekarri. Berez, Leslierekin behin bakarrik ukan dut harreman zuzena, email bidez. Orain lotsa pixka bat ematen dit, baina nahiko inozenteki erran nion bere liburuak asko gustatzen zitzaizkidala eta euskarara itzuli behar nituela. Erantzun zidan ohore bat zitzaiola euskarara itzulia izatea, euskaldunen autodeterminazio eskubidearen alde zegoela eta hitzaurre berezi bat eginen zigula. Baina 2014an hil zen eta nik liburu hauek geroago bukatu nituen.
Mari-mutil handi baten bluesa nobela bat da, baina ikusten da autobiografikoa dela neurri handi batean. New York estatuko lesbiana mari-mutil baten bizia kontatzen digu: bizituriko pobrezia, LGTB giroko tabernak deskubritzea, ibilbide pertsonala, jasandako zapalkuntzak, eramandako borrokak, eta beste. Borrokalari transgeneroak saiakeran, bere biziaz hitz egiten du eta denek sumatzen genuena berresten da: neurri batean autobiografikoa dela Mari-mutil handi baten bluesa. Bere bizi osoko lanaren emaitza ere da. Transak, mari-mutilak, transexualak izan ditu ikergai, pairaturiko zapalketak ikertzen aritu da eta ikusi du generoa ez dela garai eta kultura guztietan gaur egun eta hemen ulertzen dugun bezala ulertua izan. Beti izan dira gure genero eskemak hausten dituzten pertsonak, baina, haustura hori gaur egun eta hemen dago, beste kultura edo garai batzuetan ez zen haustailea eta onartuak izan ziren.
Feinberg aurkezterako orduan zer azpimarratuko zenuke?
AEBn jaio zen 1949an. Bere burua definitzen zuen mari-mutil, emakume, lesbiana, transgenero, komunista eta judu sekular gisa. Gehien gustatzen zaidana da transen gaia beste borroka askorekin lotzen zuela, ez zuela isolatzen. Pertsona militantea zen, borrokalaria eta bere liburuak ez dira analisi hotzak, ez dira akademiko batenak, berak zioen justu-justu bukatu zuela institutua. Erabilitako terminologiari buruz esaten zuen: “Nire helburua ez da gure taldea definitzea, baizik eta defenditzea”. Borrokatzen zen, batetik, zapalkuntza askok zuzenean berari eragiten ziotelako eta bestetik, elkartasun handikoa zelako. Adibidez, bere liburu batzuk hebreerara itzuli eta irabaziak palestinarren alde banatzen zituen.
Historia idazten du, trans pertsonena eta trans pertsonatik, ezkutaturiko historia bat bistaraziz.
Hori da. Liburua irakurri aurretik banekien, adibidez, Ameriketako indioen artean izan zutela gai horiek ulertzeko beste modu bat, baina liburua irakurrita ikusi nuen dimentsio handia zeukala horrek eta gainera ez zela oso urrutikoa: Europan eta orain duela mende gutxi, guretzat urratzaileak diren gertakizunak izan ziren. Pirinioetan XIX. mendean Andereñoen Gerla izan zen, herri lurren alde, eta gizonak emakumeen jantziekin janzten ziren borrokarako. Horrelako gauzak izan ziren Irlandan, Galesen eta Europako beste leku askotan.
Baita Zuberoan ere.
Bai, hori ez da jatorrizko liburuan agertzen, baina oin-ohar batean erantsi dugu Erbesteko gutunak Victor Hugori (Katakrak, 2020) liburuan agertzen den aipamen bat, Zuberoan ere herri lurren aldeko borroka eraman zela dioena, zeinetan gizonezkoak emakumeen arropaz jantzirik borrokatu ziren.
Datu historikoz josia da liburua, baina bere bizia ere kontatzen du.
Ikerketa honen oinarrian bere bizipenak daude, lan honen abiapuntua horixe izan zuen: bere kezkak, bere bizia.
Betidanik egon gara baina ez gara beti zapalduak izan. Hori da Feinbergen ondorio nagusietako bat.
Liburuan agertzen da neurri handi batean kolonialista europarrek zutela transen kontrako zapalkuntza Ameriketara eta Afrikara eraman. Ameriketako natiboen artean askoz irekiagoa zen ikuspegia. Guk ulertzen dugu bi genero daudela, zurrunak, eta ezin dela batetik bestera pasatu, baina Ameriketako natiboen artean hori askoz ere malguagoa zen, genero asko zituztela esaten da. Askotan xamanak ziren guk trans izendatzen ditugunak, hau da, prestigiozko leku bat zuten. Baina Feinbergek zehazten du bera zuria dela, Mendebaldekoa eta ez dela gauza beste kultura batzuetan transei buruz zer ulertzen duten zehazki jakiteko.
Berak esaten du seguraski garai zaharretako jendarteak berdinzaleagoak zirela, trans izaera gehiago onartzen zela, eta aberastasunak eta ondareak pilatzen hastearekin batera abiatu zela jendartearen zatiketa. Bere botereari eusteko bidean, gutxiengo aberats bati komeni zitzaion jendartea zatiturik izatea, eta orduan hasi ziren emakumeen kontrako gorrotoa, transen kontrakoa, gay eta lesbianen kontrakoa... Gutxiengo aberats horri komeni zitzaion zapalduak elkarren artean borrokan ibiltzea, boteretsuen kontra elkartzeko ordez. Lehenbiziko idatzi transfobikoak Deuteronomioan omen daude, praktika batzuk gaitzesten ditu –“Emakumeak ez du gizonezkoen jantzirik erabiliko, ezta gizonak ere emakumezkoen soinekorik jantziko, higuingarri baitzaio Jainkoari horrelakorik egiten duena” eta “barrabilak zanpaturik dituenak nahiz irenduak ez du esku-hartuko Jaunaren batzarrean”–. Ordura arte praktika horiek bazirela erran nahi du horrek.
Antikapitalista, langile klasekoa eta komunista ere zen Feinberg.
Maila ekonomiko apaleko familia juduan jaio zen, eta bizi guztia eman zuen lanbide prekarioetan, besteak beste bere trans izaeraren ondorioz. Langileen Munduko Alderdiko kide zen. Alderdi hori iraultzaile marxista-leninista da, eta bertan jaso zuen bere prestakuntza ideologikoa. Alderdiaren barnean babes handia jaso zuen bere trans izaerari dagokionez.
Emakumeen askapen mugimenduak asko ekarri ziola kontatzen du ere.
Feminismoak begiak ireki zizkion. Bere ikerketan, emakumeen zapalkuntzaren erroak aztertzen hasi zen. Besteak beste, irakurri zuen Dorothy Ballanen panfleto bat –Dorothy Ballan zen Langileen Munduko Alderdia sortu zuen emakumeetako bat–: Feminism and Marxism [“Feminismoa eta marxismoa”]. Emakumeen mugimenduan sexu zapalkuntzaren jatorri materiala ikertu zuten sozialista feministek idatzitako guztia irakurri zuen. Horrela ikasi zuen antzinako jendarte komunalistak oso bestelakoak zirela, eta bertan oso toki desberdina –eta askoz ere hobea– zutela emakumeek eta guk trans deituko genituenek.
“Denek dugu eskubidea geure gorputzen gainean erabakitzeko eta geure buruak definitzeko”, Feinbergen hitzetan.
... inolako zapalkuntzarik jaso gabe. Gerta daiteke hori entzun eta pentsatzea “horrek ez du horrelako garrantzirik”. Baina bera behin eta berriz zanpatu zuten hain zuzen ere, zen bezalakoa izateagatik, adibidez, galtzak janzteagatik. Berak eta bera bezalako beste askok oso garesti ordaindu zuten –eta oraindik ere ordaintzen dute–.
Gaurkotasun handia du bere gogoetak, alta, 1996an idatzitakoa da.
Atera dudan ondorioa da, seguraski, AEBetan trans mugimenduak 20-30 urteko aurrerapena daramala gurearekiko. Liburuan agerturiko mesfidantza, gatazka eta galderak 20-30 urte berantago iritsi zaizkigu eta aipagai batzuk gaurkotasun handia dute guretzako.
Horregatik ere da beharrezkoa itzulpengintza.
Bai, bueno, ez dut asko pentsatu. Euskaltzalea naiz, eta trans gaiak asko inportanta zaizkit, beraz, niretako naturala izan zen euskaratzea. Galdetu didate “zergatik ez erdarara?” eta “euskalduna naizelako” da erantzuna.
Euskaraz zenbatetaraino bada transgeneroari eta askapen borroka horri buruzko gogoeta?
Nahi baino gutxiago. Dena dela batzuetan ni farsante samarra sentitzen naiz. Izan ere bi liburu itzuli ditut, elkarrizketak eskaini dizkidate eta literaturan asko dakien jendearekin elkartzen naiz, baina, nik oso gutxi irakurtzen dut. Beharbada nik uste baino askoz gehiago dago euskaraz gai horri buruz. Liburu batzuk ekarri ditut, zuzenean edo zeharka LGTB arloa lantzen dutenak eta asko gustatu zaizkidanak [elkarrizketatzeko unean esku artean dauzka Dom Campistronen Bekatorosak, Kattalin Minerren Moio, gordetzea ezinezkoa zen, Daniel Landarten Batita haundia].
Kapitulu bat dago mugimendu feminista eta transen askapenaren aldeko borrokaren arteko harremanaz. Hori ere gaur egungo eztabaiden artean daukagu.
Espainian oso indartsua da eztabaida eta gatazka hori. Gutxiago baina hemen ere badago. Bere burua emakume eta trans gisa definitzen zuen Lesliek, orduan, biak zeuzkan bere borrokatzat. Bere tesia da zapalduek elkarri lagundu behar diotela eta inor ez dela bazterrean utzi behar. Hasten bagara bazterrekoak baztertzen boteretsuek gu onartzeko, ez da inoiz aski izanen eta beti baztertu beharreko bat egongo da. Zapalduenen alde egin eta borroka guztiak bereak balira bezala sentitzen zituen Lesliek. Ez zen bakarrik transgeneroa, emakumea ere bazen, pobrea ere bazen, judua ere bazen...
Langile klasekoa da, komunista, baina, aldi berean, irakurketa intersekzionala du. Ekarpen interesgarria hori ere feministen arteko eztabaidei begiratzerakoan.
La tranpa de la diversidad liburua atera zen Espainia mailan eta omen liburuak dio klase borroka dela inportantea eta gaineratekoak despistatu egiten gaituela. Baina dibertsitatea hor dago. Lan prekarioetan aritzeaz gain, Feinberg zanpatzen zuten bere janzkeragatik, maitatzen zuena maitatzeagatik, judua izateagatik… Zen bezalakoa zen eta zanpaketa asko jasan zituen langile izateagatik, baita beste arrazoi batzuengatik ere. Langile klasean ere dibertsitatea badago.
Borrokatzearen garrantziaren oharpen bat da liburua. Borrokaren ohoratze bat.
Liburua erraietatik ateratakoa da, asko landurikoa eta borrokarako deia da. Arrazoi zuzenen alde eta zapalduen alde borrokatzea izan da bere bizitzako jarrera eta liburu hau ere izate horretatik idatzi du. Mari-mutil handi baten bluesa-n pentsa zitekeen oso fatalista zela, baina Borrokalari transgeneroak, berriz, liburu alaiagoa da, positiboa. Ez du esaten “badago zer egina”, baina bai “egin dezagun”.
6 urtez azpiko haurrek egunean ordubetez baino ezin dute egon Debako liburutegian. Udal gobernuak argudiatu du "liburutegian erabilgarri dagoen espazioa mugatua" dela, baina ez du argitu espazio mugatu horregatik ezartzen dituzten ordu murrizketak zergatik aplikatzen... [+]
Batzuetan ez dakit gehiegi ez ote den. Pipa janean gaudela, beste edozer gauzaz hitz egiten gaudela, gaia ateratzea. Ozen hitz egitea gustatzen zaigu guri, ia isilunerik ez uztea, ahotsak teilakatzea, zeinek handiagoa botatzea. Hitz egitea bakoitzak bereaz, bakoitzak... [+]
Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain
Erein, 2024
----------------------------------------------------
Izenburuak eta azaleko irudiak (Puntobobo, artile-mataza eta trapuzko panpina) osasun mentala, puntua egitea eta haurtzaroa iradokiko dizkigute, baina adabaki gehiago... [+]
Liburutegi publikoak kudeatzearen ardura duen EAEko Liburutegi Zerbitzura gutun bidalketa masiboa egin dute Debako hainbat herritarrek, herriko liburutegiko araudi diskriminatzailearen aurrean esku har dezala eskatzeko. 6 urtetik beherakoek egunean ordubetez baino ezin dute... [+]
Fiesta y rebeldía. Historia oral del Rock Radical Vasco
Javier 'Jerry' Corral
Liburuak, 2025
------------------------------------------------
Javier Corral ‘Jerry’ EHUko Kazetaritzako lehen promozioko ikaslea izan zen, Euskal Herriko rock... [+]
Itsasoa bete urre
Dani Martirena
Irudiak: Ana Ibañez
Txalaparta, 2022
--------------------------------------------
Liburu honetara barneratzen den irakurleak sentsazio ugari izango ditu. Deigarria da azaleko letren urre kolorea eta zuritasuna, goialdean ageri den... [+]
Hirietako egunerokoa interesatzen zaio Sarah Babiker kazetariari; ez, ordea, postaletako irudia, baizik eta auzoetan, parkeetan, eskoletan, garatzen den bizitza; bertan dabilen jendea. Lurralde horretan kokatzen dira bere artikuluak, baita iaz argitaratu zituen bi lanak ere... [+]
Euskal nobela beltzaren astea ospatu da Baztanen hilaren 20tik 26ra. Hainbat liburu aurkezpen, solasaldi eta bestelako ekitaldiren artean, zapatu goizeko mahai-inguruak sortu du aparteko ikusmina. Izan ere, nobela beltzaren aitzakian, bestela ere kriminal bat nola eraikitzen den... [+]
Migranteak
Issa watanabe
1545 argitaletxea, 2024
-------------------------------------------
Ezagutzen ez nuen 1545 argitaletxeak 2024an itzuli eta kaleratu du Issa Watanaberen Migranteak liburua. Animalia talde batek egiten duen migrazio prozesua kontatzen du; eta... [+]
Erakunde publikoen bekak eta sariak. Kritika eraikitzaile bat izeneko dokumentua plazaratu du Lanartea elkarteak. Berria-k zabaldu du laburpena, eta txostena eskuraturik, hemen duzue elkarteak erakunde publikoei egiten dien gomendio sorta.
Burgosko Gamonalen 2014ko urtarrilean gertaturikoa M15 mugimenduak eta antzekoek hauspotutako protesta soil batzuk izan zirela uste duena, oso erratuta dabil. Auzoaren memorian arakatzea besterik ez dago konturatzeko zer nolako eragina izan zuten iraganeko galera sentimenduak,... [+]
DBH4 errepikatu zuen urtea gogoratzen du Jonek Pleibak (Susa, 2024) eleberrian. Adinkideak Durangoko institutura aldatu ziren, eta Polly auzokidearen ikasgelan geratu zen bera. Haurtzaroa Joneren baserria eta Pollyren txaleta lotzen zituen errepidean gora eta behera emana zuten... [+]
6 urtetik beherakoek 16:30-17:30 artean baino ezin dute liburutegian egon Deban, eta 2 urtetik beherakoek zuzenean debekaturik dute. Bestelako neurri baztertzaileak ere jasaten dituzte. Ageriko diskriminazioak haurrak literaturatik aldendu baino ez ditu egiten, eta borroka luzea... [+]
DETAILE XUME BAT
Adania Shibli
Itzulpena: Aitor Blanco Leoz
Igela, 2024
----------------------------------------------
Egunotan, Israelgo soldadu batek bideo-joko batean balego bezala droneak erabilita Palestinako ospitaleak, eskolak, errefuxiatu-eremuak bonbardatzen... [+]
Hamahiru urte beteko dira asteartean, hilaren 14an, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi hil zela, eta hura gogoan, ekitaldi jendetsua egin dute Antiguako Gaskonia plazan. Urteroko legez, Txillardegiren senideak, lagunak eta euskaltzaleak elkartu dira bertan, Eta non du... [+]