Merkatua da, lagun

  • Buruntzaldeko autobus zerbitzuaren kudeaketan aldaketa egon zen joan den urteko uztailean. Hiru eremutan banatuta zegoena bakarrean bateratu, autobus berriak errepidera atera, eta ordutegiak aldatu zituzten. Prozesua, ordea, ez da nahi bezain lasaia izan. Zerbitzu berriak martxan jartzean asko eta asko izan ziren kexak, egindako aldaketak herritarren beharretara egokitzen ez zirela-eta.

Argazkia: Dani Blanco

2022ko maiatzaren 02an

Goiz da, normalean baino goizago, agian. Behingoagatik eguna ondo aprobetxatu eta Lasarteranzko autobusa zortziak laurden gutxiagoan hartzea erabaki dut, eta erabakitakoa betetzeko garaiz jaikitzea lortu, izarek beti nahi baino gehiago pisatzen baitute. Donostiako Urbieta kaleko geltokian zain nago, dagoeneko ondoko okindegian eskatutako kafea bukatzen. Baina minutuak pasa eta autobusik ez da inondik ageri, Lasarteraino eramango nauenik ez, behintzat.

Zortziak jotzeko gutxi falta dela Askatasunaren Hiribideko geltokirantz abiatu naiz, korrika txikian, puntuan abiatu beharko lukeen autobusa hartzeko asmoz. Bertara heldu naizenerako jende apur bat dago bertan, zain. Zain egon gara, beraz, eta halako batean agertu da autobus bat, Lasarte aldera doana. Nire aurretik ilaran dagoen emakume batek gidariari galdetu dio ea Amaratik pasatzen den autobusa –Urbieta kalean jaso behar ninduen hura– etortzekoa den, ez dela pasa. Galderak lasaitu nau, ez baitut nik galdu autobusa, berak ni baizik. Gidariak ez daki ezer ordea, eta bera ere berandu etorri denez eta are beranduago abiatzea komeni ez zaionez, igotzen hasi gara. Horretan ari garela agertu da bestea. Zortziak pasatxoan beharrean, beraz, zortziak eta erdi pasatxoan heldu naiz Lasartera, beste askotan baino goizago, hala ere, dena esan behar bada.

Tolosa eta Buruntzaldea Donostiarekin lotzen dituzten autobus zerbitzu guztiak berritu zituzten 2021eko uztailaren 1ean. Ordutik, ordutegi berrietara ezin ohitu gabiltza erabiltzaileak eta gidariak. Maiztasunak aldatu dira eta atzerapenak ere ez dira hain ezohikoak. Horrek guztiak eragiten du autobusa hartu behar dudan bakoitzean ematen didan nagia ohikoan dudana baino are handiagoa izatea, eta egunero hartu behar autobusa.

Ordura arte, hiru kontzesiotan banatuta zeuden Donostia eta Lasarte-Oria, Andoain, Urnieta, Hernani, Astigarraga, Tolosa, Irura, Villabona eta Usurbil lotzen dituzten autobus lineak. 2014an abiatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak Lurraldebusen kontzesio sarea berrantolatzeko plana. 2015ean amaitu zuten, baina kanpo geratu ziren Tolosarako eta Buruntzaldeko lineak. Izan ere, linea horiek kudeatzen zituzten enpresek helegitea jarri zioten lehiaketa publikoari. Gipuzkoako Foru Aldundiaren asmoa hiru enpresa horiek zerbitzatutako lineak eremu bakarrean batzea zen, BU kodearekin guztiak bateratzeko.

Azkenean, epaitegiek lehiaketaren prozesua egokia izan zela ebatzi zuten eta kontzesioak aurrera egin zuen, atzerapen handiz egin ere. Azkenean, Alsa taldeak eta Bizkaiko Tansitia enpresak egindako proposamenak irabazi zuen lehiaketa, eta 2020ko udazkenean esleitu zioten kontratua. Hamar urterako kontzesioa da, hamar urte gehiago luzatzeko aukerarekin, orotara urtean ia hamar milioi euroko balioa duena. Ordura arte eremu horietan jarduten zuten hiru enpresek ematen zieten izena Donostia Tolosa eta Buruntzaldearekin lotzen zituzten autobusei: Garayar enpresak kudeatzen zituen lineek G hizkia zeramaten, TSST enpresaren lineek T hizkia eta Areizaga enpresarenek, berriz, A. Kontzesio berria indarrean sartu denetik, baina, guztiek daramate BU izena. Guztira hemezortzi linea dira, hamalau egunekoak eta lau gauekoak.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren asmoa, baina, ez zuten enpresek soilik zalantzan jarri, udalerriek eta langileek ere kritikatu zuten kontzesioaren aurreproiektua. 130 langile inguru dituzten autobus lineetan aurreikusten ziren murrizketak salatu zituzten 2017an. Gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurreproiektuan langileen lan baldintzen hobetzerik ere ez zen kontuan hartzen, eta horien inguruko zehaztapenik eta legerik ez zen aipatzen.

Beranduago, 2019an, kontzesioa airean zegoela, langileek Areizaga, Garayar eta TSST enpresekin hitzarmena ezin negozia zezaketela salatu zuten, Foru Aldundiak horretarako baimenik ematen ez zuela-eta. 2017an Gipuzkoako Foru Aldundiak kontzesioaren aurreproiektua aurkeztu zuenetik langileen lan baldintzak izoztuta zeudela salatu zuten UGT eta LAB sindikatuek, eta hori kontratua esleitu arte hala ez izatea Aldundiaren gain zegoela gogorarazi zuten. Are gehiago luzatu zen kontua, ordea. Kontzesio berriarekin ere orain arteko langile guztiak mantendu dituzte, eta flotako autobusak ere, berritu beharrekoak salbu. Denbora-tarte honetan, baina, linea horietako autobusak are gehiago zahartu dira, eta berritzeko garaia heldu zaie.

Buruntzaldeko autobusak berritzeko, horietako batzuk Lurraldebusen autobusetatik geratzen ziren zaharrenak, hogeita hamar autobus hibrido berri erosi zituen Foru Aldundiak. Rafaela Romero Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa diputatuak Lurraldebusen flotarik “moderno eta berdeena” bilakatuko zela adierazi zuen.

Kaosa autobus geltokian

Donostian bizi denarentzat nahiko erosoa da inguruko herrietara mugitzea, eta alderantziz. Gipuzkoako hiriburuaren eta inguruko eskualdeen artean mugitzeko aitzakiarik ez da falta, izan lanerako, eskolara joateko, familia eta lagunekin elkartzeko, aisialdirako... Gipuzkoako Foru Aldundiaren datuen arabera, egun BU izena daramaten autobusen ibilbideetan 6,5 milioi bidaia egin ziren 2017an. Lotura nagusia Hernani eta Donostia artekoa izan zen urte horretan, 2.204 bidaiari izan zituen egun eta noranzko bakoitzeko. Horren ondoren Lasarte-Oria eta Donostia arteko lotura izan zen jendetsuena, egun eta noranzko bakoitzeko 1.485 bidaiarirekin.

2021eko uztailaren 1ean, beraz, itxuraz eta izenez aldatu zuten autobusek, baina baita maiztasunez ere. Teorian, astean 162 bidaiatik 173 bidaiara igaro ziren Buruntzaldeko autobus lineak, baina ordutegi berria indarrean sartu zenean gehiegi nabaritu zen aldaketa, eta ez onerako. Zaila da egunerokotasunean erabili behar dituenarentzat halako aldaketetara egokitzea, ordutegi eta izen berrietara, esaterako, are gehiago egokiak ez direnean.

Linea berriak martxan jarri bezain laster urgentziazko bilera egin behar izan zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak autobusen ibilbideetako udalekin eta enpresarekin. “Kaosa” sortu zuten aldaketek, LABek salatu zuenez. Sindikatuko Ekaitz Telleria Gipuzkoako garraio arduradunak joan den urteko uztailean egindako adierazpenetan azaldu zuen kontzesioaren prozesua epaitegietan katramilatu zenez aldundiak linea berriak indarrean jarri aurretik egin beharreko lanak egin gabe zeuzkala.

Batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiak auzia udalekin kontrastatu ez zuela salatu zuen Telleriak, eta, bestetik, enpresak berak ere ez zekiela zein zen eman beharreko zerbitzua. Hain zuzen ere, autobus gidariei ordutegiak martxan jarri bezperan eman zizkieten, ekainaren 30ean. Bezperan bertan, gainera, langile askok ez zekiten zeintzuk izango ziren aldaketak, eta biharamunekoa kaosa izango zela helarazi zieten erabiltzaileei.

Asko eta asko izan ziren egun horietan kexatu ziren erabiltzaileak. Gipuzkoako Hitzak jaso zuenez, Astigarragan izan ziren gorabehera gehien, herri erdiko geltokia kendu eta maiztasuna aldatu baitzuten. Donostiatik Hernanira Aietetik igaroz joaten den autobusaren maiztasunaren murrizketak ere kexak sortu zituen.

Kaosa izan zen joan den urteko uztaileko lehen egunekoa, baita hurrengo egun eta asteetakoa ere, eta laster urtebete beteko denean badirudi ohitu garela autobus berrietara. Hain zuzen ere, kexen ondotik zerbitzuetan egindako zuzenketa batzuek ere baretu dute haserrea eta ezinegona.

Gertatutakoa Gipuzkoako Foru Aldundiak garraio publikoari ematen dion garrantziaren erakusletzat jo dute hainbat herritarrek. Beste hainbatek merkatuaren jokoa ikusten dute horren guztiaren atzean, horrelako kontratuetan zerbitzuaren egokitasunak eta eraginkortasunak baino irizpide ekonomikoek duten pisua azaleratuz. Asko izan dira sare sozialetan eta gaiari buruzko albisteen iruzkinetan Rodrigo Rato politikari espainiarraren “Merkatua da, lagun” esaldia baliatu dutenak egoera laburtzeko.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren araudiaren menpe daude tren eta errepideko bidaiarien garraiorako zerbitzu publikoak. 2007ko urriaren 23koa da araua, haren arabera, azken buruko helburua merkatuko “joko soilak” eskaini lezakeena baino maiztasun handiagokoak, seguruagoak, kalitate handiagokoak eta merkeagoak izango diren interes orokorreko zerbitzuak eskaintzea da.

Arazoa da, ordea, horretarako baliabideak gero eta mugatuagoak direla. Azken urteetan areagotu de krisi ekonomikoak gero eta gehiago estutzen ditu zerbitzu publikoak, jendearen bizimodua estutzen duen bezala, eta ustez merkatuaren “joko soilaren” logika gainditu beharko luketen baliabideak haren aurkako gerra galdua borrokatzera behartuta daude. Garraio publikoa ezinbesteko baliabidea da Donostian eta Lasarte-Orian, eta ezinbestekoa da egun ez dagoen lekuetan ere. Baina zeren arabera hartzen dira erabakiok? Erabilgarritasuna eta beharraren araberakoa izan beharko lukeena, jasangarritasun eta errentagarritasun ekonomikoaren arabera antolatzen da.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Mugikortasuna
2024-12-10 | Jon Torner Zabala
Avanza autobus enpresari kontratua ez luzatzea eskatu dute Debagoieneko alkateek

Gipuzkoako Foru Aldundiak Avanza enpresarekin duen kontratua amaitzear denean, hura ez luzatzeko eta “zerbitzuan hobekuntzak” jasoko dituen kontratu berria onartzeko eskatu diote Debagoieneko alkateek.


2024-10-23 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Aparkalekuak

Japonian auto (pribatu) bat izateko aparkaleku (pribatu) bat izatea derrigorrezkoa da. Neurria polemikoa iruditu dakiguke, hemengo araudiak (hemengo balore sistemak) autoaren gordailua publikoa den espazioak hartzea onartzen duelako. Hau da: arazoa publikotasunaren... [+]


Mugikortasun arazoak dituzten haurrekin baso-eskolara: beldurrak eta mugak gainditzen

Mugitzeko eta ibiltzeko zailtasunak dituzten 5 urteko bi ikasleri asteroko baso-eskola saioa egokitu zaie Irungo ikastetxean: muga eta beldur artean hasitako erronkak onura, garapen eta ikasketa handiak izan ditu. "Oso babestuta dauden ikasleak dira eta basoan aske uzteak... [+]


Europako Mugikortasun Astea irailaren 16tik 22ra egingo da Iruñean

Iruñeak bat egiten du irailaren 16tik 22ra egingo den Mugikortasunaren Europako Astearekin, mugikortasun iraunkorra eta espazio publiko partekatuari buruzko hausnarketa sustatzeko diseinatutako jardueraz betetako programa batekin. "Konbinatu eta mugitu"... [+]


69 milioi bidaia ordaindu ziren iaz Gipuzkoako Mugi txartelaren bitartez

2022an baino 12 milioi ordainketa gehiago egin ziren, eta inoizko datu hoberenak lortu ditu 2023an. Gipuzkoan bizi diren emakumeak izan ziren Mugi sistema gehien erabili zutenak, eta gehienbat hiri-autobusen erabilera gailendu zen. Pasaiako txalupako eta Loiuko aireporturako... [+]


“Bilboko eskola-inguru asko kutsaduraz eta zarataz betetako eremuak dira”

Porlanezko patio txikiegiak batetik, errepidez eta autoz jositako eskola-inguruak bestetik, Bilbon ikastetxe askok jasaten duen panorama salatu eta esku hartzeko eskatuz udalera jo du hiriko guraso elkarte andanak, indarrak batuta: “Gurasoak jo eta su ari gara eskoletan... [+]


‘Bidegi auzia’ berriz ireki eta txosten independentea egiteko agindu du Gipuzkoako Auzitegiak

EH Bilduren helegite baten bidez, Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak berriz ireki du Bidegi auziko bi kereiletako bat, AP1 autobidearen Eskoriatza-Arlaban zatiari dagokiona. Pasa den irailean Azpeitiko epaitegiak erabaki zuen kasua behin behinean artxibatzea. Orain, auzitegiak... [+]


Gaueko trenen bigarren aukera? Hegazkinaren alternatiba astiro doa

Gaueko tren bidaia arruntak desagertu egin ziren duela urte batzuk ia Europa osoan, airezko garraioaren mesedetan. Baina larrialdi klimatikoak hegazkin kutsagarriak alboratzera eraman du jende asko orain, eta ordu txikitako tren sarea berriz ere martxan jarri nahian ari dira... [+]


2023-11-21 | Jon Torner Zabala
Parisen, bidegorrien erabilera bikoiztu egin da urtebetean

COVID-19aren pandemiaz geroztik bizikleta gero eta gehiago dabil Parisko bidegorrietan. Trafiko gehien dagoen momentuetan, hiriburuko kale garrantzitsuenetako batzuetan bizikleta gehiago dabil autoak baino,  Pierre Breteau kazetariak Le Monde egunkarian jasotako... [+]


2023-10-26 | Jon Torner Zabala
Nola jan espazioa, espazioa jan duenari?

Martxoaren 22an, Frantziako Tourra hasteko 100 egun falta zirenean, Bilboko San Mames estadioan lur hartu zuen Juan Mari Aburto alkateak. Hainbat lagunek osatutako tropelaren erdian zihoan, Bilbaobizi alokairu-zerbitzuaren logoa zuen bizikleta elektriko gorri batean, erakusteko... [+]


2023-09-25 | Jon Alonso
Bidegi

Trantsizio garaian Nafarroa Euskadi da eztarria urratu arte oihukatu genuenok beti begiratu izan diogu begi-zeharka, baina atentzio bereziz, “Komunitatean” gertatzen denari –hala esaten dugu batzuetan; beste batzuetan “Baskongadetan”, are... [+]


2023-08-18 | Euskal Irratiak
Aupa, Iparraldeko auto-partekatze zerbitzu berria

Alokatzeko sei auto eman ditu eskuragarri AUPA kooperatibak Baionan, Angelun eta laster Miarritzen.


Eguneraketa berriak daude