“Gerraren aurkako mugimendua erabat klandestino bihurtu da Errusian”

  • Ohituta gaude mandatarien eta bateko zein besteko albiste agentzien ikuspegia jasotzera, ez hainbeste herritarrena. Moskun gerraren aurka dagoen aktibista sutsuaren testigantza ekarri dugu orriotara. ARGIAko kolaboratzaile batek elkarrizketatu du eta zeregina ez da txantxetakoa izan, gerrari buruzko ikuspegi kritikoak hainbat urtetako espetxe zigorra ekar baitezake egungo Errusian. El Salto-k gaztelaniaz argitaratu du elkarrizketa hau.

Argazkia: Vasilisa Petrovna
Argazkia: Vasilisa Petrovna
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Natalia Nikulenkova. 1987, NIZHNY NOVGOROD

Moskun bizi den artista, aktibista eta dokumentalista da. Bere proiektuetan, hiri-inguruneetan sozialki engaiatutako praktikak ikertzen ditu, eta praktika aktibistak eta adierazpen artistikoa elkartzen ditu. Errusiako mugimendu feministan aktiboki parte hartzen du, bai eta azken asteotan garatzen ari den gerraren aurkako mugimenduan ere. Gerraren aurka publikoki hitz egitea Errusian ilegal eta arriskutsu bihurtu den garaiotan, pauso ausarta eman du Nataliak isilunea apurtu eta ARGIArekin hitz egiteko.

Hasteko eta behin, zer nolako giro politikoa bizi duzue Errusian, eta jendartean oro har ze jarrera nagusi daude gerraren inguruan?
Putin babesten dutenak eta gerra justifikatzen dutenak, alde batetik, eta bestetik horren aurka daudenak, erdia eta erdia izango dira, gutxi gorabehera. Horrez gain, garrantzitsua da ulertzea Moskun, adibidez, protesta-mugimendu indartsua existitzen dela, 2011 inguruan hasi zena Bolotnaia plazan, “zinta zurien” mugimenduarekin [Putinen aurkako protesta-mugimendua]. Moskuko jende gehiena Putinen politiken aurka zegoen, protestak masiboak izan ziren... Erdigune osoa jendez gainezka egoten zen eta, Occupy izeneko mugimenduarekin, jendeak kanpin-dendak jartzen zituen plazetan eta bertan gelditzen zen. Herritarrak gauzak alda zitzakeela sentitzen zuen, protesta horietan askotariko jendea egoten zelako.

Baina, pixkanaka, jende asko atxilotzen eta espetxeratzen hasi ziren. Eta, gero, errepresio politikoaren lehen olatua etorri zen, preso politikoak, anarkistak... Kide askori zuzenean eragin zien, manifestazioetara joateagatik hainbat urte bete behar izan dituztelako kartzelan.

2014 urtean, bestalde, 2.000 pertsona inguru ateratzen ziren kalera eta ez zitzaigun asko iruditzen. Orain, aldiz, leku batean 2.000 pertsona biltzea izugarri iruditzen zaigu, gaur egungo egoeran ezinezkoa baita hainbeste jende plaza batean elkartzea; denak atxilotuko lituzkete. Jendea oso sakabanatuta ateratzen da orain, hainbat lekutan agertzen da aldi berean, eta nolabait protesta egiten saiatzen da.

Jende askok uste du hemen gerra zibila izango dela. Lagun batzuk beren baliozko objektuak eramaten ari dira hiritik hurbil dauden beste leku batzuetara, Moskun lapurretak egongo direla uste dutelako. Horixe da egunotan bizitzen ari garen giroa.

Errusiako ezkerrean, zentzu zabalean ulertuta, zer jarrera daude gerrarekiko?
Oposizio guztia herrialdetik alde egiten ari da. Nire lagunetatik oso gutxi geratzen ari dira. Eta horrelaxe adierazten da orain protesta, egoera honetan ezin baita beste inola eragin. Eta migrazio hori hain da masiboa, protesta-mugimendu handi gisa adierazten ari baita, exodoa izaten ari da. Jakina, jendea protesta-mugimendu klandestinoren bat ere antolatzen ari da, adibidez, fanzineak inprimatuz.

Argazkia: Natalia Nikulenkova
"Oposizio guztia herrialdetik alde egiten ari da. Nire lagunetatik oso gutxi geratzen ari dira. Horrelaxe adierazten da orain protesta, egoera honetan ezin baita beste inola eragin”

Gerraren aurkako mobilizazioei dagokienez, nola antolatu da mugimendu hori eta zenbateko indarra du?
Gerraren aurkako mugimendua erabat klandestino bihurtu da, espetxe-zigorren mehatxua erreala delako. Gerraren lehen egunetan jende guztia atera zen kalera, baina jende asko atxilotu zuten. Eta orain prozesu judizialak martxan jartzen ari dira eta ikerketa penalak egiten ari dira, beraz, kontua serio jartzen ari da.

Nire kideekin batera, Gerraren Aurkako Koalizio Globala sortu dugu eta mundu osoko hainbat agente kultural, lagun, artista, idazle eta abar biltzen dira bertan. Dirua biltzen eta lagunak bilatzen hastea izan zen egin genuen lehenengo gauza. Hasieran, errusiar askok laguntzen ziguten eta Ukrainatik atera nahi zuten lagunei dirua bidaltzen hasi ginen. Baina gero argi geratu zen askok herrialdean geratu behar izan zutela, debekatuta baitago gizonak Ukrainatik ateratzea. Fanzineak inprimatzen ere hasi ginen, eta beste modu batzuetan eusten jarraitzen dugu.

Konturatzen gara alferrikakoa dela kalera ateratzea, adibidez, gure etxeen inguruan polizia-autoak egoten direlako. Orain ateratzen bazara berehala eramango zaituzte, edozer egin duzula ere. Orduan, gauzak beste era batera nola egin daitezkeen pentsatzen hasi ginen. Jakina, oso izututa gaude denok.

Gobernuak lege berria ezarri berri du, besteak beste hamabost urte arteko espetxe zigorrak ahalbidetzen dituena "albiste faltsuak" zabaltzeagatik. Zein da adierazpen eta prentsa askatasunaren egoera?
Oposizioko komunikabide guztiak blokeatu egin dituzte, eta uste dut horietariko asko ikerketa kriminalaren pean daudela orain. Baina ezer gutxi dakigu horren inguruan, oso informazio gutxi daukagu. Nolanahi ere, lege horrek beldur handia ematen du eta, batez ere propaganda-mekanismo gisa balio die, jende arruntaren pentsamenduan eragin zuzena duelako eta publikoki hitz egiteko beldurra sortzen duelako.

Duela gutxi beste lege bat ere jarri dute indarrean, “aberriari traizio egitea” zigortzen duena. “Goi-mailako traizioa” aspalditik agertzen zen legerian, baina oraintxe hasi dira argitzen horrek zehazki zer esan nahi duen. Goi-mailako traizioa da Ukrainari edonolako babesa ematea.

Zenbait ikerketa soziologikotan irakurri dudanez, soziologoek ez dute datu nahikorik jakiteko jendartearen zein portzentaiak babesten duen gerra eta Putinen politika, eta zenbatek ez. Inkestak egiteko deitzen dutenean, jendeak zera erantzuten du: “Badakizu hamabost urteko espetxe-zigorra ematen dutela honengatik, ez dut zurekin hitz egingo”, eta eskegi egiten du.

Facebook edo Instagramen argitaratze hutsagatik ere kondena serioa paira daiteke, sareok orain erakunde estremistatzat hartzen baitira. Nik hori guztia egiten jarraitzen dut eta lagunek burua galdu dudala esaten didate. Baina nazkatuta nago beldur izateaz, besterik gabe, ezin naiz gehiago bizi etengabeko beldurrean.

Argazkia: Natalia Nikulenkova
"Oposizioko komunikabide guztiak blokeatu egin dituzte, eta uste dut horietariko asko ikerketa kriminalaren pean daudela orain. Baina ezer gutxi dakigu horren inguruan, oso informazio gutxi daukagu"

Emakumeak aitzindari izan dira hainbatetan gerraren aurkako mugimenduetan. Nola antolatzen ari da gaur egun Errusiako mugimendu feminista gerraren aurka?
Errusiako mugimendu feminista da indartsuenetako bat une honetan. Atzo eta gaur [martxoak 19] Krimea bereganatu zuteneko urtemuga ospatzen ari dira errusiarrak, eta jende asko ikusi dut bandera errusiarrekin kalean, baina mugimendu feministak beste deialdi bat egin du kalera beltzez jantzita ateratzeko gure lagun eta kideekin batera. Beltza doluaren kolorea da, eta arrosa zuriak ere eramango ditugu, Alemanian hasi zen mugimendu antifaxistaren adierazgarri. Arrosa zurien mugimendu hori Sophie Scholl ekintzaile alemanak hasi zuen.

Lehen, martxoaren 8a ospatzen zenean, Errusiako neska eta emakumeak loreekin ateratzen ziren eta Bigarren Mundu Gerran eroritako soldaduen monumentuetan jartzen zituzten, faxismoaren aurka borrokatu ziren horiek omentzeko. Baina, orain, guretzat faxistak armada errusiarrekoak dira. Nire aitonak ere lagundu zuen mundua faxistengandik askatzen, eta benetan... Batzuetan pentsatzen dut ona dela orain arte bizi ez izana, berak ez baitzuen Errusia honen alde borrokatu.

Ukrainan bizi izan zara. Zure poema batean zenioen hamar urte beharko zirela Donbas minetatik garbitzeko eta inork ez zuela gerrarik nahi… Aurreikusten al zenuen gertatzen ari dena?
Ukrainan egon nintzen lehen aldian, mota guztietako bereizkeriei buruzko ikerketak egiten lan egin nuen egoitza batean eta, ondoren, kazetari aritu nintzen Politiczna Krytyka deituriko hedabide batean.

Poema hori idatzi genuen Odessako ospitale militar batean ibili ginelako ikerketa egiten eta Donbasen egondako soldaduekin hitz egiten. Jakina, inork ez zuen aurreikusi oraingo egoera, eta zortzi urtez nolabaiteko lasaitasunean bizi izan ginen, ezer gertatuko ez balitz bezala zirudien, gerra dagoeneko martxan zegoen arren. Niretzat sorpresa handia izan zen 2017an eta 2018an Ukrainara iritsi nintzenean. Erresistentziak zortzi urte hauek iraun ditu Donbasen, baina inork ez zuen espero honelakorik gertatuko zenik.

Mendebaldeko ezkerrean uste zabaldua da Ukrainako armadan zein erakundeetan eskuin muturraren eta faxisten presentzia handia dela. Horrela dela esango zenuke?
Badira antolakunde ultraeskuindarrak, baina ez dut uste asko direnik. Eta batzuk boterean daude, bai. Baina ekintzaile asko ere badaude, ezkerreko mugimendu indartsua dago, horri guztiari aurre egiten ari dena. Hori aurkitu nuenean asko harritu ninduen eta bertan betirako gelditzea ere planteatu nuen, benetako ekintzaileak aurkitu bainituen, benetako jendea, bere etorkizunaren alde borrokan ari zena.

Eta soldaduen artean, tira, baliteke nazionalistak egotea, baina nik ez nuen horrelako inor ezagutu. Ezagutu nuen soldadu batek esan zidan, Errusiarekin gerran egon arren, haientzat errusiarrak anaiak izaten jarraitzen zutela, eta politika herriarengandik bereizitako zerbait dela; ezin zuten sinetsi errusiarrekin gatazka-egoera bizi zutenik. Soldadu horrekin 2017an hitz egin genuen. Orain inork ez luke esango elkarren anai-arrebak garenik, esaldi hori propaganda sobietarretik datorrelako; 2022an ezingo litzateke horrelakorik esan.

Ukrainarrek eta errusiarrek harreman handia izan dute historikoki (Errusian bizi diren ukrainarrak eta alderantziz, familia “nahastuak”...). Nola eragiten ari da gerra erlazio horietan?
Ez dakit nola biziko duten egoera hau telebista ikusten duten familietan, jende asko sinetsita baitago Ukrainan faxistak direla nagusi eta herrialdea haiengandik askatu beharra dagoela. Ziur aski, nolabait, loturak moztu egin dira apurka. Adibidez, nirekin hitz egin zuten soldaduek esan zidaten Errusiako senideek Ukrainara ezkontzaren batera ez joatea erabaki zutela, beldur baitziren [Stepán] Banderaren jarraitzaileek [faxista ukrainarrek] burua moztuko zietela Ukrainara joanez gero. Eta soldadu horiek zera esaten zidaten: “Beno, baina zein Bandera?”.

Nire inguruan, ordea, guztiz kontrakoa gertatu da. Elkarrekiko babesa are indartsuagoa bihurtu da. Oso elkartuta gaude gure artean, etengabe egoten naiz harremanetan Ukrainako lagunekin, egunero deitu edo idazten diogu elkarri. Nik neuk 50 bat lagun ditut inguruan. Inoiz ez dut jaso nire lagun ukrainarrengandik jasotzen dudan bezain hitz polit eta samurrik; asko laguntzen didate eta indar handia ematen didate lanean jarraitzeko. Haiengatik ez balitz, seguru asko erabat etsita eta lur-jota egongo nintzatekeen.

"Oposizio guztia herrialdetik alde egiten ari da. Nire lagunetatik oso gutxi geratzen ari dira. Horrela adierazten da orain protesta, egoera honetan ezin baita beste inola eragin"

Nola ari dira bizitzen zure lagun ukraniarrak egoera hau guztia?
Nire mutil-lagun ohia han dago orain, Lviven, eta edozein unetan errekruta dezakete. Kazetaria da eta egoerari buruz idazten du. Nire lagun emakume guztiak Europara joan dira dagoeneko. Seme-alabak dituztenek berekin eraman dituzte, eta gizonak bertan geratu behar izan dira. Orain dela gutxi lagunei deitu nien batean, denak zeuden bonben aurkako babesleku batean gordeta. Antza denez, alarmak jo zuen eta tokiren batera jaitsi behar izan zuten. Lazgarria izan zen.

Boluntario gisa eskaintzen ari dira beren burua, autoa dutenek, adibidez, errefuxiatuak eramaten dituzte. Beste batzuek jendearentzako janaria prestatzen dute, Food Not Bombs mugimenduarekin. Beste batzuek ospitalean laguntzen dute... Eta alarmak jotzen duenean babeslekuetan sartzen dira, nahiz eta badakiten hori laster amaituko dela eta haiek ere errekrutatuko dituztela. Egunero egiten dut negar, asteak eman ditut goizetan esnatu eta negar egiten.

Egun batean, hain nazkatuta nengoen, ezen Poliziarekin hitz egitera atera bainintzen kalera. Kamera hartu eta galderak egiten hasi nintzaien, noren atzetik zebiltzan, zergatik ziren hainbeste... Eta ni konbentzitu nahian hasi ziren: “Neska, ez kezkatu, Poliziak ez dizu ezer txarrik egingo, ordena mantendu besterik ez dugu egiten”. Morroi horrek barre eginarazi zidan. Baina benetan uste du hori, ideal erromantikoak ditu buruan eta benetan pentsatzen du Poliziak baduela asmo onik orain.

Film bat egiten ari zinen Ukrainari lotuta, orain Moskun zaudela amaitu nahi duzu, eta egungo egoera jasotzeko asmoa duzu.
Lehen azaldu dudanez, ospitale militar batean egon nintzen Odessan. Hortxe hasten da filma, soldadu errekrutatu baten narrazioarekin. Hark azaltzen du 2014an ez zuela sinesten Errusiarekin gerran zeudenik zera gertatu zitzaion arte, Donetsk-era eraman zutela, armak eman zizkiotela eta tiro egiteko esan ziotela. Ezin zuen inola ere sinetsi errusiarrei tiro egin behar zienik. Eta hark gauza horiek kontatu ahala, inguruko guztiak negarrez agertzen dira. Kontatzen duenez, berak lehen taberna batean lan egiten zuen Kazantipen, Krimean; bertan rave-ak egiten ziren, askotariko jaiak. Eta orain, gerrarekin, erabateko infernua omen da. Baina oraindik ere Errusiako jendeaz ondo hitz egiten du, gerra gorabehera.

Filma egiten jarraitzen dut. Bigarren zatia amaitzen ari naiz, eta horretarako inguruan gertatzen dena dokumentatzen ari naiz, besterik gabe. Koalizio Globalaren ekintzak filmatzen ditut, Poliziak hartutako kaleak filmatzen ditut, eta protesta-mugimenduetan kaltetutako lagun batzuk ere filmatzen ditut.

Ukrainako lagunei ere eskatzen ari natzaie bertan bizi dutena bideoan jasotzeko, eguneroko moduko bat egiteko han ikusten dutenarekin, bonben aurkako babesleku horietan denbora nola pasatzen duten, boluntario-lana nola egiten duten, eta abar. Eta horrekin guztiarekin eguneroko moduko bat argitaratuko dut bideoan, hau da, egunero Errusian eta Ukrainan gertatzen ari denarekin, egoera nola bizitzen ari garen erakusteko.

Europar Batasunak lehenetsitako politikak Ukraina armez laguntzea, Errusiari zigor ekonomikoak ezartzea eta epe laburrean gastu militarra asko handitzea izan dira. Zer iritzi duzu?
Honelako egoeretan, zoritxarrez, beti izaten da jende arrunta gehien sufritzen duena. Dirudienez, Errusiako politikan eragiteko, EBk ez du beste tresnarik zigorrak ezartzea baino, baina horrek guztiak, batez ere, jende arruntari eragiten dio. Eta badirudi Putini bost axola zaiola ekonomiarekin edo jendearekin gertatzen dena. Bere helburu propioei jarraitzen diela ematen du, sentsazioa da zigor horiek ez zaizkiola batere inporta.

Inola ere ez dakit zer egin behar den egoera honetan, baina honengatik guztiagatik pobrezia eta delinkuentzia asko handituko dira. Mundu guztia da horren beldur, hau infernu bilakatuko delakoan. Jende asko ari da lana galtzen, prezioak hazten ari dira, eta ez dago argi nola biziraungo dugun; jendea gerra zibila hastearen beldur ere bada. Hau guztia kaka hutsa da.

Zer uste duzu egin beharko genukeela Europar Batasuneko herritarrok egoera honetan?
Ez dakit... Baina EBko lagunen babesa ere sentitzen dut. Mundu guztia elkartzen ari da, nolabait; elkartasuna hazten ari da. Orain garrantzitsua da Errusian benetan arriskuan dauden pertsonak salbatzea. Polizia atzetik dutenak orain erreskatatu behar dira, bisak lortu behar zaizkie, diruz lagundu eta etxean hartu, etxebizitzak alokatu, eta abar. Izan ere, gu kultura jakin baten eramaileak gara, eta hori galtzen badugu, Europak laguntzen ez badigu, horren guztiaren akabera izango da.

Elkarrizketa hau gaztelaniaz atera dute El Salto hedabidean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ukrainako gerra
Arma nuklearrarekin erantzuteko bidea ireki du Putinek, Ukrainak AEBek eta Ingalaterrak emandako misilekin eraso egin eta gero

Arma nuklearrarekin erantzuteko aukera dakarren dekretua izenpetu du Vladimir Putin presidenteak. Hegazkinekin, gurutzaldi misilekin zein droneekin "eraso masibo bat" pairatzeak ondorioztatu dezake arma horren erabilpena. 


2024-11-18 | Jon Torner Zabala
Errusiaren kontra irismen handiko misilak erabiltzeko baimena eman dio Bidenek Ukrainari

Urtarrilaren 20an utziko du AEBko presidente kargua Joe Bidenek, lekukoa Donald Trumpi emanda –zeinak AEBen norabide aldaketa marka dezakeen Ukrainako gerran–. Agintaldia amaitu aurretik, baina, irakurri dugu Ukrainari baimena eman diola Errusiako Kursk eskualdean... [+]


2024-11-05 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Iparkorearrak ote dabiltza behe-laino artean Errusian?

Errusian Ukrainarekiko gerra-frontean arituko liratekeen iparkorear soldaduena bezalako kontakizunak entzuten direnean, kosta egiten zaio behatzaileari bereiztea zer izan daitekeen gerra-lainoak lausotzen duen errealitatea, eta zer maskirovka klasikoenekoa.


2024-10-17 | Julene Flamarique
Zenbat jende hil da Errusia eta Ukrainaren arteko gudan? Zer dio batak eta besteak?

Dagoeneko milioi bat pertsona hil dira Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerra hasi zenetik, hainbat informek jaso dutenez. Hildako gehienak soldaduak dira, eta ondoren zibil ukrainarrak. Udara honetan izan dira kopururik altuenak 2022tik. 


Gerra galtzen ari den Ukrainan, negoziazioaren bideak indarra hartu du

Asteazken honetan Ukrainako lehendakari Volodimir Zelensky Londresen bildu da Keir Starme lehen ministro britainiarrarekin eta Mark Rutte NATOko idazkari nagusi berriarekin. Ondoren bildu da ere Europar Batasuneko beste buruzagi garrantzitsuekin. Helburua da “garaipenerako... [+]


2024-10-07 | Joan Mari Beloki
Euskal europarlamentari gehienak guda Europara zabaltzearen alde

Irailaren 19an Europako Parlamentuaren gehiengoak honen alde eman zuen botoa: "Berehala kendu ditzatela Ukrainari emandako arma-sistemaren erabilerari jarritako murrizketa guztiak Errusiako lurraldean". Hitz arruntetan esanda: "Bota itzazue luzera handiko misilak... [+]


Salamiren taktikaren arriskuak

Potentzientzat salamiaren taktika erakargarria da. Xerrak apurka-apurka era finean moztean datza. Horrela AEBek NATOren zabalkundearekin, nazioarteko legediaren hausturekin, erregimen aldaketekin eta nazioartean bere base militarren ugalketarekin errusiarren segurtasuna eta... [+]


2024-09-20 | George Beebe
Ez dago irismen luzeko misil nahikorik Mendebaldean Ukrainako egoera aldatzeko

(Baina Kievek Errusiari eraso egiten uzteak gerrara eraman gaitzake zuzenean).

George Beebe CIAko Errusiako analisi zuzendari ohia da eta bere artikulu hau Rafael Poch kazetariaren blogean argitaratu dute gaztelaniaz eta Brave New Europe webgunean ingelesez.


2024-09-11 | Gedar
Ukrainako Azov Batailoi faxistak errekrutatze-bira bati ekin dio Europan

Taldea ezagutzera ematea, gerrarako dirua biltzea eta soldaduak errekrutatzea da faxisten asmoa. Hainbat geldialdi egingo dituzte, hala nola Alemanian, Polonian, Txekian, Lituanian, Herbehereetan eta Belgikan.


2024-09-10 | Axier Lopez
Ikasturte berrian ere, gerra ate joka

Udan ohikoa izaten da albiste asko opor garaien etenak estaltzea. Eta egia esan, estalita baleude, kasik hobe. Gerra hotsen doinuak jarraitzen baitu dantzan jartzen kontinente zaharra.


2024-08-29 | Gedar
Aurrekontuetan aitortutakoa baino are handiagoa da Espainiako Gobernuaren gastu militarra

2022an, urteko aurrekontuan onartutakoa baino %20 handiagoa izan zen inbertsio militarra; 2023an, %30 handiagoa. Europako herrialdeen gastu militarra Gerra Hotzaren amaierakoa baino handiagoa da une honetan.


Errusiak eraso bortitzak egin ditu Ukrainako hainbat lurraldetan

2022ko otsailaren 24an hasi zen gerra. Ordutik, Errusiak egiten duen erasorik bortitzenetakoa egin du astelehenean. Erasoak azpiegitura energetikoa izan du jomuga, eta horrek itzalaldi orokorrak eragin ditu.


2024-08-07 | Euskal Irratiak
Oihana Goiriena
“Haserre gara, Polonia airos atera baita Pabloren kontrako salaketa frogatu gabe”

Osasun artak biltzen ari da Pablo Gonzalez Moskun une honetan. Joan den astean, Poloniako Radomgo segurtasun handiko espetxetik atera zen kazetaria bi urte eta bost hilabeteko preso egon ondoan. Poloniak leporatzen zion espioitza frogatu gabe libre atera da.


NATOk gogor egin du Txina eta Errusiaren kontra, 75. urteurreneko goi-bileran

Sortu zela 75. urteurrenean egindako gailurrean, Aliantza Atlantikoak Txinaren kontrako mezua gogortu du eta herrialde asiarrari egotzi dio Errusia laguntzea Ukrainako gerran. Kievi laguntza gehiago emateko konpromisoa adierazi dute NATOko 32 kideek eta Europako herrialdeek... [+]


Eguneraketa berriak daude