Ikusiko zenituen sareetan jo eta su eztabaidan. Beharbada, izan duzu haiekin ika-mikarik ere. Edo agian zu zara haietako bat. Lasai, ez da ezer gertatzen. COVID-19aren krisiak eta Ukrainako gerrak iritzi publikoa astindu dute eta lehen ez bezalako protagonismoa hartu dute, batetik, birusaren existentzia ukatu dutenek; eta bestetik, gerrari buruzko Errusiaren ikuspegia defendatu dutenek. “Erreferentziazko talde negatibo” gisa funtzionatu dute ikuspegi minoritario horiek bere egin dituztenek. LARRUN honetan, haien iritziak zer materialez eginda dauden ulertzen saiatuko gara.
Antonio Gramscik kartzelako kaieretan idatzi zuen esaldi famatu batek ongi deskriba dezake azken bi urteetan bizitzen ari garena: "Krisia datza, hain zuzen, zaharra hiltzean eta berria ezin jaiotzean: bitarte horretan askotariko fenomeno morbosoak gertatzen dira". Zenbaitek "munstro" hitza erabiliz itxuraldatu izan du pentsalari marxista italiarrak "fenomeno morboso" gisa deskribatu zuena eta LARRUN honetan ere moldaketa hori erabiliko dut, ulertzen saiatzeko zer nolako osagaiez dauden eginda 2020ko hasieratik gaur egun arte esfera publikoan –eta zehazki ezkerreko sektoreetan– agertu diren "munstro"-en iritziak. SARS-CoV-2 birusak eragindako gaitza geldiarazteko neurriek sortutako eztabaidak hartuko ditut kontuan batetik; eta, bestetik, urte honetako otsailean Errusiak Ukrainaren kontra abiatutako gerraren aurrean piztu direnak.
Bi gai arras diferente badira ere, osagai amankomun batzuk suma daitezke haiei buruzko debate publikoan: eskala globaleko fenomenoen inguruan gertatzen direnez, nazioarteko dimentsioa eta elkar-konexioak dituzte; gaur egungo teknologien bitartekaritzak baldintzatutako eztabaidak dira; eta debate polarizatzaileak izateko joera dute, kategoria lauso baina politikoki operatiboak erabiliz egituratzen direnak –negazionistak vs. ofizialistak; Errusiazaleak vs. NATOzaleak–.
Eztabaida horiek ulertzen saiatzeko, azken urteetan askotan entzun dugun kontzeptu batez baliatuko naiz lehenik: populismoa [1]. Hedabide nagusiek sarritan erabili izan dute etiketa hori sistema parlamentario liberalaren aurkako alderdi eta joerak gaitzesteko, baina erabilera mediatiko horretatik harago, pentsamendu politikoaren alorrean aztertu eta eztabaidatu den auzia da, eta uste dut lanketa horietako batzuek gako baliagarriak eskaintzen dizkigutela COVID-19aren eta Ukrainako gerraren aurrean izan diren zenbait erreakzio ulertzeko.
Debate horietan muturretako bat aukeratu dutenengan jarriko dut fokua, bestetik. Polarizatutako iritzi-giroetan maiz gertatzen da ikuspegien arteko talka, eta iritzi “ofizial” edo “nagusia” nola osatzen den deszifratzea errazagoa gerta daitekeen arren, haren antipodetan dagoena nola sortu, iraun eta –azken bi urteez ari bagara–, nola indartu den konprenitzeko, azaltzen saiatuko naiz zer den Colin Campbell soziologoak mahai gainean jarri zuen gurtza-inguruaren ("cultic milieu") kontzeptua.
GU VS. BESTEAK: POLITIKA NEGATIBO BAT
Mohamed Bouazizi tunisiarrak 26 urte zituen. Kalean barazkiak eta frutak saltzen irabazten zituen sosei esker bizi zen. Egun hartan, ordea, beste askotan bezala, polizia agertu zen: ez zeukala kale-saltzaile izateko eskatzen zuten baimenik. Ezta poliziak beste alde batera begiratzearen truke eskatzen zion dirurik ere. Barazkien gurditxoa irauli zioten, zenbaiten arabera jo eta tu egin ere bai.
Umiliazio hura ezagutzen zuen Bouazizik, aspalditik jasaten zuen. Baina egun hura, 2010eko abenduaren 17a, desberdina izango zen: Bouazizik ontzi bete gasolina eskuratu zuen eta Sidi Bouzid probintziako gobernadorearen egoitzaren aurrean bere buruari su eman zion. 2011ko urtarrilean hil zen, baina kale-saltzaile gazte haren erabaki desesperatuak lurrikara eragin zuen Tunisian: protesta jendetsuek bultzatuta, Zine El Abidine Ben Aliren agintaldia amaitu zen, 24 urteren ondoren. Errepikak nonahi: Kairoko Tahrir plaza jendez beteta, 2011ko otsailean Hosni Mubarakek ere boterea utzi zuen 30 urteren ondoren. Urte hartako maiatzean abiatu zen Madrilgo Sol plazan M-15 mugimenduaren kanpaldia, Espainiako Estatuko beste hainbat lekutan oihartzunak eragin zituena. 2011ko irailekoak dira, halaber, Wall Streeten (New York, AEB) hasitako protestak, gerora Occupy mugimenduan gorpuztu zirenak.
Populismoek ez diote erantzuten ohiko dinamika politiko baikorrei, negatiboei baizik
Duela hamaika urteko mugimendu horiei erreparatuta, gaur egun "populismo" etiketapean sailkatu ohi denaren ezaugarri asko mahai gainean zeudela ikus daiteke. Adibidez, klase-gizartearen konposizio tradizionaletik haragoko artikulazio politikoak proposatu zituztela [2]. Kapitalismoak XXI. mendean hartu duen formari erantzungo lioke aldaketak, Pierre Rosanvallonen arabera [3]. "Dislokatutako unibertso" bati buruz hitz egiten du historialari frantziarrak: klase gizarteak bereizitako munduak sortzen zituen eta bakoitzak barne-koherentzia handia zeukan; norbanakoen eta partaide ziren talde sozialen arteko identifikazioa handia zen. "Berrikuntzan" oinarritutako kapitalismoan, aldiz, pertsona bakoitzaren ekarpen espezifikoa esplotatzen da eta, egile horren arabera, horrek ez dakar bakarrik soldatapeko langileak elkarrengandik bereizteko estrategia berri bat, balioa ekoizteko modu berri bat ere bada –eta beraz, esplotazio modu berri bat–, zeinak bilatzen duen, beste ezeren gainetik, singularitatea mobilizatzea. Beste faktore batzuekin gurutzatuz gero –ikasketa-maila eta horren araberako espektatiba indibidualak, adibidez–, errazago ulertzen da emantzipazio-nahiak formulatzeko modu berriak ere agertu izana, baita historikoki horiek kanalizatzeko misioa izan duten eragile asko apur bat jokoz kanpo geratu izana ere –ezkerreko alderdi politikoak, sindikatuak...–.
Klase-kontzientzian ardaztu ordez, fenomeno populistek aglutinatzaile iragankorragoetan aurkitu dute herritarrak mobilizatzeko materiala. "Aitortua ez izateak eragiten duen amorruaz" dihardu Rosanvallonek eta populismoa deskribatzen du "kalean eta hautetsontzietan oihartzuna egiten duen burujabetza negatibo" gisa. Joseba Gabilondoren arabera ere, fenomeno politiko askotariko horrek "ez dio erantzuten politika nazional tradizionaleko eskakizun baikorren dinamikari («x, y edo z nahi dugu»), baizik eta dinamika negatibo bati («ez ditugu egungo inposaketak nahi»), eta era negatibo batean funtzionatzen du, psikoanalisiari jarraikiz «sintomen politika» gisa defini genezakeen horretan" [4].
Ñabardurak egitea beharrezkoa da, nolanahi ere: populismoaz hitz egiten hasi naiz, baina populismo guztiak ez dira gauza bera. Lehenago aipatutako Rosanvallonen saiakera ahalegintzen da ildo horretako joera politikoen ezaugarri amankomunak biltzen, baina ariketa hori problematikoa da momentu batzuetan. Populismoari buruz ezkerreko ikuspegitik lan egiten duen teorialari nagusienetako batek, Chantal Mouffek, liburuko zenbait eduki kritikatu zituen [5], besteak beste esanez populismoa (singularrean) ez dela existitzen, baizik eta populismoak (pluralean) eta hain zuzen horregatik, izen horren pean sailkatzen den mugimendu bakoitzaren logika aztertu behar dela.
Moufferen arabera, "muga politikoaren eraikuntza" da auzi honen gakoa. "Era horretan aztertuta, populismoa ez da agertzen ideologia gisa, ezta erregimen gisa ere, ezta eduki programatiko zehatz gisa ere. Gu/besteak oposizioa eraikitzen den moduaren araberakoa da guztia, baita hori garatzen den testuinguru historiko eta egitura sozioekonomikoen araberakoa ere. Askotariko populismoak ulertzeak eskatzen du koiuntura zehatzetatik abiatzea eta ez, Rosanvallonek egiten duen moduan, ideologia beraren adierazpenetara murriztea".
Azterketa konkretuago hori eginda, fenomeno populisten bi fase desberdintzen ditu Gabilondok lehen aipatutako liburuan. Lehenbizikoa "nazionalista" gisa definitzen du eta bere esanetan Hego Amerikan eta Europaren hegoaldean ikus daiteke argien, Bolivian, Ekuadorren, Venezuelan edo Grezian izandako esperientzietan. Gertuago, Hego Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan ere izan du indarrik M-15aren osteko urteetan, bereziki Podemos alderdiaren bidez. Baina mugak ere agerian geratu dira. Gabilondoren ustez, "Podemosen populismoa ulertzeko era hori nazionalista da, nazionalista-klasikoa. Populismo nazionalistaren hutsegite handiena globalizazioa kontuan ez hartzea da". AEBetan bizi den akademiko urretxuar honen arabera, badago dimentsio global hori hobeto ulertu duen beste joera politiko bat: populismo autoritario eta ia faxista, beste inork baino hobeto Donald Trumpek hezurmamitzen duena.
Ikuspegi kontsentsualekiko errezelo sistematikoa da jarrera populisten ezaugarrietako bat
Eta hala ere, bi aldaerek badituzte ezaugarri amankomunak, adibidez, politikaren alorrean afektuek jokatzen duten rola aitortzea eta erabiltzea. Beste hizkera eta jarrera batzuk ekarri dituzte populismoek politika konbentzionalera ere. Beste ardatz batzuk ezarri dituzte eztabaida publikoan. Beste pertsonalitate batzuk agertu dira. Rosanvallonek horien ezaugarri bereizgarri bat azpimarratzen du: "Pertsonalitate populista gisa definitu litekeenaren elementu gako bat da 'egia polemikoak' babesteko joera. Horren oinarrian ikuspegi kontsentsualekiko errezelo sistematikoa edukitzeko tendentzia dago, horrelakoak ideologia nagusiaren produktu hutsak direla salatuz; eta alderantziz, taldekatze negatibo handietarako gaitasuna dute, beren burua boteretsuen gezurren salatari gisa ikusten dutenen artean".
SINESMEN DIBERGENTEAK ETA "EGIA"-REN BILATZAILEAK
Ikuspegi kontsentsualak sistematikoki auzitan jartzeko joera horrek badu loturarik artikulu honetan erabili nahi dudan bigarren kontzeptuarekin: gurtza-ingurua. 1972an argitaratutako lan batean [6], Colin Campbell soziologoak nabarmendu zuen astrologia edo sorginkeria bezalako sinesmenak hedatzen ari zirela esparru kontrakulturaletan, erlijio ez-kristauen eraginpean eta elizek gizarte-iritzia kontrolatzeko zuten indarra galtzen ari ziren momentu batean.
Fenomeno hori aztertzen hasita, Campbellek ondorioztatu zuen askotariko sinesmen dibergenteak garatu ahal izateko esparru sozial bat bazegoela, berak gurtza-inguru ("cultic milieu") deitu zuena. Inguru sozial horrek sinesmen zehatz baten iraupena baino, sinesmen heterodoxoak modu orokorrago batean sorrarazteko eta iraunarazteko bidea zabaltzen zuen. "Beraz, gurtzak definizioz hein handi batean fenomeno iragankorrak diren arren, gurtza-ingurua, aldiz, gizartearen ezaugarri konstantea da", Campbellen arabera.
Haren esanetan, gurtza-inguru horrek bateratu egiten ditu itxuraz elkarrekin harremanik ez duten mundu-ikuskerak –espiritualismoa, okultismoa, sendabide alternatiboak...–, gizartean nagusi diren ikuspegien aurrean. Haren partaideek sentitzen duten desbiderapenaren kontzientzia komunaz hitz egin zuen Campbellek, baita gizarte zabalak kontzientzia hori dutenei egiten dizkien iseken edo adierazten dien etsaitasunaren aurrean, beren iritziak justifikatu beharrean aurkitzeaz ere. Mistizismoaren tradizioak horretan izan zezakeen eragina ere iradoki zuen, izan ere, erlijio judeokristauetan ez bezala, tradizio mistikoak azpimarratzen du jainkoarekiko batasun-ideal bakarra lor daitekeela bide ugaritatik. Gurtza-inguruak ikuspegi tolerante hori bereganatu eta sinesmen erlijiosoen eremutik harago eraman zuen, alor zabalagoetako perspektiba dibergenteak ere barneratuz.
"Bilatzailea"-ren figura da gurtza-ingurua ulertzeko beste elementu gakoa. Perfil horretako pertsonen ikuspegian, "egia" ondasun preziatua da eta aurkitzeak lan gogorra eskatzen du; beraz, "bilaketa"-ren ideiak zentraltasuna hartzen du –bide batez antagonismo bat planteatuz, "egia" bilatzen ez duten gizarteko kide gehienekin–.
"Egia bilatzen duten" pertsonak orain inoiz baino tresna gehiago dute eskura gertakarien bertsio alternatiboak aurkitzeko eta zabaltzeko
Baina Campbellen arabera, gurtza-inguruaz egin daitezkeen galdera interesgarrienak ez dira haren barne-anatomiari buruzkoak: gizartearekin –eta haren kultura ortodoxoarekin– duen harremanari begiratu behar zaio kuestio inportanteetara iristeko. Nola lortzen du horrelako inguru batek bizirautea gizarteko instituzio nagusien etengabeko gutxiespenen aurrean? Zein kanalen bidez sartzen dira osagai kultural berriak inguru horretan? Zein egoerak errazten du ikuspegi kultural "desbideratuak" perspektiba alternatibo onargarri edo nagusi bihurtzea?
Duela 50 urte argitaratutako artikuluan zenbait hipotesi planteatu zituen, adibidez, gurtza-ingurua agentzia garrantzitsua dela osagai "arrotzek" kultura berri batean ostatu har dezaten. Eta ikuspegi hegemonikoa defendatzen dutenentzat "erreferentziazko talde negatibo" gisa funtzionatzen duela, haren kontra eginez errazagoa baita nagusi diren paradigmekiko atxikimendua indartzea. Gainera, Campbellek dioenez, gurtza-inguruak indarra hartzen du bi aldagairen arabera: elementu kultural arrotzekiko kontaktua ugaritzea eta jatorrizko kultura nagusiaren desintegrazioa. Soziologoaren beste hipotesi baten arabera, gurtza-mugimenduak ulertu behar dira gabezia psikikoko egoerei emandako erantzun gisa.
Hipotesi horietako batzuk irakurriz beste era batera uler daitezke COVID-19aren existentzia ukatu duten zenbait diskurtso. Atzerriko konspirazio-teoriak Euskal Herrian zabaldu dituztenak azkar bihurtu dira ikuspegi nagusia dutenen begietan “erreferentziazko talde negatiboa” –Bizitza plataforma edo Independentea webgunearen kasuak datozkit burura–. Eta hori guztia gabeziak markatutako une batean gertatu da, distantzia-sozialeko neurriengatik batetik –Campbellek aipatzen zuen “gabezia psikikoko egoera” gisa ulertuta–; baina bestetik, aurrerago ikusiko dugun moduan, Euskal Herriko ezkerreko kultura politikoek utzi duten hutsune batengatik.
"Oinarri erlijiosotik oinarri zientifikoko kultura batera igarotzeak ez du desagerrarazten ortodoxia nagusi bati eutsi beharraren arazoa, heterodoxiaren etengabeko mehatxuen aurrean" (Colin Campbell)
Uste dut Campbellek kontu bat planteatu zuela azken bi urteetako eztabaida asko aurreikusi zituena: "Oinarri erlijiosotik oinarri zientifikoko kultura batera igarotzeak ez du desagerrarazten ortodoxia nagusi bati eutsi beharraren arazoa, heterodoxiaren etengabeko mehatxuen aurrean. Alde horretatik, galdera nagusia honakoa bihurtzen da: zenbateraino da eraginkorra zientzia, kontrol kulturalerako agentzia gisa?".
Soziologo britainiarrak galdera horri eman zion erantzunean elizaren gaitasun errepresiboa ekarri zuen gogora: "Izan ere, zalantzan dago zientzia erakunde gisa elizekin alderatu ote daitekeen gizarte osoko ikuspegi heterodoxoak erreprimitzeko duen nahian edo gaitasunean. Neurri batean arrazoitu liteke zientziaren ethos funtsean demokratikoa dela-eta, elizak iraganean erabilitako neurri autoritarioak ez daudela haren eskura. Horrez gain, elizak ez bezala, agintea falta zaio zientzialariak ez direnen sinesmenez arduratzeko. Beraz, komunitate zientifikoan ortodoxia betearazteko neurriak har ditzakeen arren, adibidez 'herejea' modu eraginkorrean baztertuz, adostasun horrek berak ere buka dezake ordaintzen gizarte osoan heresiaren arazoa areagotzearen prezioa".
MUNDU DEZIFRAEZINEAN KOHERENTZIA BILA
Osagai horiek bazeuden lehenagotik ere. Afera publikoez arduratzen diren erakundeekiko mesfidantza ez da kontu berria; ezta horren eskutik beste instituzio sozial batzuk –hedabideak, adibidez– auzitan jartzea edo bestelako kontakizunak bilatzea ere, gizartearen gehiengoak onartzen dituenetik apartekoak. Debate polarizatuak bazeuden. Ikuspegi zientifiko nagusiak baztertzen zituzten taldeak ere bai. Behin eta berriz errepikatu den topikoari eutsiz gero, esan ahalko genuke pandemiak indartu egin dituela aurretik sumatzen ziren joerak. Baina ez da hori bakarrik. Edo agian hori guztia da, baina batera: "gu vs. besteak" estiloko planteamendu populistak bidean gurutzatu dira gurtza-inguruetako "egi-bilatzaileekin". Muga politikoa material horiekin eraiki da eta espero ez genituen "munstro" batzuk agertu dira: “ofizial” gisa hautematen diren informazio guztiak zalantzan jartzeko joera duten pertsonak eta edozein ikuspegi alternatibo hobesteko prest daudenak [7].
Munstro hitza latinezko monstrum-etik dator; eta hau, era berean, moneo aditzetik eratortzen da, "ohartarazi" edo "iragarri" gisa itzul dezakeguna. Saia gaitezen ikusten, beraz, zeri buruzko abisuak bidaltzen ari zaizkigun.
Otsailaren amaieran, COVID-19ari buruzko konspirazio-teoriak zabaltzen dituen Telegram kanal batek Vladimir Putinen argazki bat zabaldu zuen. Argazkiarekin batera testu ironiko bat, esanez Errusiako presidentea Medikuntzako Nobel Sarirako hautagai izendatu dutela, 48 orduan mundua koronabirusaz libratu izanagatik. Ondorengo mezuan idatzi zutenez, herritar gehienei COVID-19aren aurkako txertoa "gorputzean sartu" ondoren "beste entretenimendu batekin etorri zaizkigu". Irakurketa horren arabera, Ukrainako gerra litzateke txertoak mundu osoan zabaldu ondoren, plan horren bultzatzaileak "inpunitate osoz" irteteko pauso bat.
"Munduari buruzko ikuspegi konspiratiboak saiatzen dira koherentzia berrezartzen deszifraezina eta mehatxuz betea dirudien mundu batean", Rosanvallonek dioenez. Eta ez du asko inporta horretarako ematen diren azalpenak aurreko paragrafoan aipatutakoak bezain sinesgaitzak izatea. Campbellek dioen bezala, "nahiz eta sistema baten azalpen-gaitasuna zientzia ortodoxoarena baino ahulagoa izan, posible da hura hobestea, errazago ulertzen delako, irisgarriagoa delako edo osoagoa".
Azken urteetan modu aski oparoan zabaldu dira ezkutuko botereekin lotutako imajinarioak eta horien eskutik, sare sozialetan gertatzen diren eztabaida askotan ekintza konkretuez baino gehiago hitz egiten da atzean egon litezkeen balizko asmoez. Susmoa da nagusi esfera publikoan agertu diren munstroen unibertsoan. Eta "berreste alderako isuriak" [8] eguneroko ogi bihurtu zaizkigu.
2020tik aurrera, etengabe
gertatu dira egia/gezurra ardatz duten debateak: susmoa da nagusi munstro populisten unibertsoan
Eztabaidaren erdigunean "egiaren eta gezurraren arteko borroka" jartzearen arazoak aipatzen ditu Rosanvallonek, horrek gizartea lerro batez erdibitzen duelako eta orduan "gertakariek eta argudioek desagertzeko joera dute sinesmenen ordena baten atzean, zeinak arrazoimenak antolatzen dituen, elkartruke arrazional minimoa ere zailduz". Baina 2020tik aurrera, etengabe gertatu dira egia/gezurra ardatz duten debateak. Giroak erraztu du: gizartean segurtasun faltaren sentsazioa hedatu dute herrialdez herrialde agindu zituzten konfinamenduek, baita ondoren egoeraren arabera aldatzen joan diren distantzia sozialeko neurriek ere. Eta dinamika horretatik ateratzear geundela zirudienean, Ukrainako gerra hasi da. Aurreikusi ezin ziren gertakariak –ezagutzen ez genuen birus bat; inplikazio globalak dauzkan gerra bat–, agintarien inprobisazioa, informazio nahasiak –pandemiaren eboluzioa jarraitzeko datu baliagarriak zein ziren eta zein ez; gerra-krimenen egileak nor izan diren–, propaganda asko eta herritarrak irizpide fidagarririk gabe egunerokoan.
Etengabe birdefinitzen den mundu baten aurrean, munstroentzat egia partzialak ez dira aski. Kontraesankorrak diruditen informazio horien aurka, egia absolutu bat behar dute eta bilatzeko prest daude. Eta sarera konektatutako gizarte batean, bilatzeko prest dagoenak ia edozer aurki dezake, baita ingurukoekin partekatu ere. Gehitu horri elkarrengandik bereizita mantentzeko neurriek ekarritako ohitura komunikatibo berriak: tresna digitalak izan dira une batzuetan besteekin harremanetan egoteko modu ia bakarra. Osagai praktiko guztiak mahai gainean zeuden askotariko teoriak zabaltzeko. Eta oraingoan, Campbellek deskribatu zituen gurtza-inguruak gainditu dituzte.
Paradoxa baten berri eman zuen soziologo britainiarrak: hain justu sekularizazio prozesuek ekarritako erlijio nagusien ahultzea lagungarria izan zela sinesmenen "aldaera gogorrenak" loratzeko. Paralelismo bat eginez, esan liteke, batetik, informazioa inoiz baino eskurago jarri digun transformazio digitalak ez duela zertan sortu hobeto informatutako gizarterik, baizik eta gertakarien ikuspegi partzialagoak eta "trinkoagoak" bilatzen dituen jendartea, hedabide-sistema tradizionalak eskaintzen zituen posibilitate mugatuen aldean orain publikoak aukera daukalako pantailan ikusi nahi duena bakarrik ikusteko. Munstroak ez du sinesten telebistan eta hedabide nagusietan errealitatea nola kontatzen dioten, baina aldiz, mezu nagusi horren aurka eraikitako narratibak ñabardurarik gabe bere egiten ditu, arazoa berarentzat ez delako errealitatearen perspektiba zabalagoa edukitzea, erremintak eskura edukitzea baizik, termino dikotomikoetan planteatu dizkioten egoeretan hartu dituen posizioei eutsi ahal izateko.
Bestetik, Campbellek aipatutako paradoxaren paralelismoekin jarraituz, argi ikusi da botere politiko eta ekonomikoek espero ez zituzten egoerak sortzeak ez duela zertan ekarri sistema kapitalistaren narratiba auzitan jartzen duen mugimendurik –ez behintzat eskala esanguratsuan–, baizik eta gizartearen gehiengoak botere-instantzia horien kontakizunari lotuta jarraitzea; edo, munstroen kasuan, txanpon beraren beste aldea besterik ez den hautua eginez, kontakizun horren kontra agertzea, baina kontrol totalaren errelatoan oinarrituta, boteredunek dena aurrez pentsatuta zeukatela zioten teoriak hedatuz. Eta, bide batez, beren burua kokatuz kolokan egon zitekeen kontakizunaren zutoin gisa funtzionatzen duen “etsai publikoaren” lekuan.
ESENTZIA GALDUAK BERRESKURATZEKO DESIRA
Aurretik aipatutakoak Euskal Herrian testuinguru zehatz batean gertatu dira: narratiba ofizialen arrakalei erantsi behar zaie azken urteotan ezkerreko zenbait sektoretan mamitu den desilusioa eta alderdiekiko mesfidantza. Ezker abertzalearen kasuan, Andoni Olariaga filosofoak jarrera hori esplikatu zuen urtetako borroka-estrategiak sortutako identitate emozionalak eraistearen ondorio gisa: "Norbaiti bere mundua bere begien aurrean puskatzen diozunean alferrik esango diozu pragmatismoa behar dela. Ikuspegi mitiko horrek eraman du jendea borrokara, ez pragmatismoak. Ikuspegi mitifikatu horrek, ostera, munstro bat sortu du eta oraingo debateak ez dira debate intelektualak, debate emozionalak baizik. Hortik dator ilusio falta orokorra" [9]. Podemos-Ahal Duguren kasuan, tradizio politiko laburragoko alderdia izan arren, 2014an sortu zenetik gaur egun arte izan dituen barne-gatazkek eta Espainiako Gobernuan PSOErekin koalizioan sartzeak eragindako kontraesanek urardotu dute alderdiak hastapenetan iragartzen zuen "bestelako politikak" piztutako itxaropena. Hortaz, pandemiak eta Ukrainako gerrak eragindako ezinegonen aurrean "ez dugu hau nahi" zioten politika ezkorrak artikulatzeko beharra sortu zenerako, eragile horiek zenbaiten begietan gu/besteak antagonismoko marraren beste aldean zeuden. Hutsune bat zegoen. Eta hutsunearekin batera, hari beldurra –horror vacui–. Ezinegona kanalizatu zezakeen zerbaiten gabeziak ere esplikatzen du, beraz, munstroen agerpena.
COVID-19aren kasuan, nahiko argi ikusi da hori Bizitza plataformaren komunikatuetan, zeinak pandemiaren aurkako neurriak lotu izan dituen abertzaletasun independentistak historikoki erabili izan dituen –eta azken urteotan baztertu samar dauzkan– zenbait mitorekin. 2021eko ekainaren 24an, adibidez, EAEko "pandemiaren aurkako legea" onartu zenean, honela hasi zuen talde horrek hedabideetara bidalitako iritzi-artikulu bat: "Aurtengo San Juan eguna, 2021eko ekainaren 24a, tamalez, historiara pasatuko da baina ez onerako. Ez dugu Orreagan irabazi genuen eguna bezala gogoratuko, aspaldiko 778ko abuztuaren 15 hura bezala. Guztiz kontrakoa. Gaurko eguna euskal herritarroi aplikatu nahi diguten eskubide murrizketa handienetakoa izango da eta Noainen gure erresuma galdu genuen 1521eko ekainaren 30 hura bezala, edota foruak kendu zizkiguten 1876ko uztailaren 21 hura bezala gogoratuko dugu" [10].
Euskal Herriaren historia nazionala modu horretan berreraikitzeak dauzkan arazoak alde batera utzita [11], deigarria da horrelako ideiek guztiz bat egiten dutela Joseba Gabilondok aipatzen dituen bigarren olatuko populismo globalen ezaugarri batekin: neonazionalismoa. Gabilondoren arabera, neonazionalismo hori fundamentalista da, "kanpoko etsai baten erasoak itxuratzen baitu subiranotasun galera edo eza, eta beraz, naziotasuna. Alabaina, fundamentalismo erlijiosoek ez bezala, neonazionalismoak ez dio fundamentu baikor absolutu bati heltzen (erlijioa...), baizik eta dagoeneko galtzen ari den «esentzia» bati: desagertzen ari den edo mehatxaturik dagoen herri etniko jada ez-subirano eta jada ez-mugatu bat". Ez hori bakarrik. Gabilondok dioenez, neonazionalismoek kanpoko etsaiak bilatzeaz gain, barnean ere topatzen dituzte [12]. Horrek azalduko luke zergatik munstroek hartu dituzten "globalismoaren" kolaboratzailetzat Euskal Herriko ezkerreko alderdietako zenbait ordezkari, bai pandemian, bai Ukrainako gerran hartutako jarrerak direla medio.
SINTOMEN GOZAMENA
Interesgarria da, era berean, aurreko atalean aipatu direnak bezalako gabeziek sortzen duten desira-prozesu konplexua aztertzea. Gabilondok Jacques Lacanen "adierazle nagusia"-ren kontzeptua darabil fantasia politikoen funtzionamendua esplikatzeko: "Gure gabezia, eta gabezia horrek eratzen duen desira, beste subjektu batzuek dutenaren arabera eratzen dugu, zeharka, eta horrek ematen dio fantasiari bere egitura gotor eta gaindiezina: gure desirak beti suposatzen baitu beste norbaitek dagoeneko guk baino gehiago dakiela eta gozatzen duela gure desiraren objektua". Lacanek "dakitela-suposatzen-duten-subjektu" gisa deskribatu zituen "Bestea"-ren lekua betetzen duten horiek.
Ezegonkortasun handiko garaietan, boteredunek etorkizuna nolakoa izango den "badakitela" eta "egia" horri maskara kendu behar zaiola dioten teorien agerpenak guztiz bat egiten du irakurketa lacandarrarekin. "Morroiak gauza asko daki, baina ezer baino hobeto daki jabeak zer nahi duen; bestalde, jabeak berak, ohikoa denez, ez daki zer nahi duen bestela ez bailitzateke jabe izango. Eta horregatik funtzionatzen du [...]. Hain zuzen ere, jakintza oro jabearen lekura mugitu izanak ez du arazoa argitzen; aitzitik, arazoa bera –hots, egia– pixka bat ilunago bilakatzen du" (Lacan, 2007; Gabilondok aipatua, 2017. Itzulpena: Imanol Galfarsoro).
Munstroek "badakite" beren desiraren objektuarekin zer egin nahi duen "Besteak". Euren burua menpeko morroi gisa ikusten dute, eta behar dute dena kontrolpean daukan subjektu hori, hari aurre egin ahal izateko, modu partikular batean: histerikoan. "Lacanek definitzen duen bezala, histeria [13] da ordena sinbolikoari, legeari eta adierazle nagusiari aurre egiten dion erresistentziazko diskurtsoa, zeinak adierazle nagusiari edo dakiela-suposatzen-den-subjektuari (medikuari) eskatzen dion erantzun bat bere «gaixotasun»ari edo ezinegonari buruz, baina, era berean, ihes egiten dion adierazle nagusiaren (medikua, psikoanalista) erantzunari, helburua ez baita erantzun bat lortzea (diagnostiko zientifiko edo medikoa), baizik eta adierazle nagusiaren botere politikoa eta jakintza kuestionatzea eta eraistea. Azken batean, histerikoak boterean dagoen adierazle nagusiaren eskumenetik harantzago kokatzen du bere burua".
Ildo horri jarraituz, planteatu daiteke COVID-19aren existentzia ukatu dutenek, funtsean, honakoa esan nahi dutela: adierazle nagusia –neurri sanitarioak agintzen dituen politikaria, pandemiaren egoeraz hitz egiten duen zientzialaria eta abar– kastratuta dagoela. Ez dakiela. Ez daukala erantzunik egoerarentzat. Eta, beraien agerpenak hezur haragiztatzen duen moduan, ez daukala botere politikorik. Izan ere, "negazionista" gisa sailkatu direnek mahai gainean jarri dituzten eztabaidek eskatzen dutena horixe da, erantzun politiko bat, agintariek eta zientzialariek ematen ez dietena. Gabilondok histeriaren agerpenaz dioenari jarraituz, "era irrazional baina gozagarri batean" eratu du sektore horrek aurkaritza politikoa, "era ezkor batean azalduz, bere burua «gaixo» gisa aurkeztuz, baina adierazle nagusiaren kastrazioaren jakintza gozatuz".
Sintomaren gozamenean oinarritzen den aurkaritza-forma hau agertzen denean, eztabaidak asko korapilatzen dira. Adibidez, norbaitek seinalatu ditzake konspirazio-teoria baten ahulguneak dakiela-suposatzen-den-subjektuaren posiziotik, pentsatuz argudio arrazionalak direla munstroaren "gaixotasuna" sendatzeko tratamendua. Baina "pazienteak" –teoria horiek sinetsi eta zabaldu dituen munstroak–, bere jarreran gotortuz erantzungo dio, sakonean adierazle nagusiari esan nahi diolako ez dakiela ezer. Zenbat eta gehiago saiatu norbait munstroa konbentzitzen, orduan eta ezjakinago agertuko da pertsona hori munstroarentzat, hori delako bere gozamenaren iturria. Eztabaidak bi norabideko dinamikak dira gainera, eta argudio arrazionalen defendatzaileak bere gozamen politikoa oinarritzen du dakiela-suposatzen-den-subjektua izatean. Munstroak fantasia hori puskatzen dio eta horrekin gozamen bikoitza lortzen du. Dinamika horretan laburbildu daitezke pandemiaren inguruan "negazionisten" eta "ofizialisten" artean izan diren Twitterreko eztabaida gehienak.
LIDER ANTIGLOBALA
Zer gertatzen da, ordea, norbaitek adierazle nagusiaren rol hori eraginkortasunez bete dezakeenean? Gabilondoren arabera, horri zor zaio Donald Trumpek AEBetan 2016ko hauteskundeetan izan zuen arrakasta, "gizarte amerikarreko gehiengo (zuri) batek desiratzen duen politika baten adierazle nagusi" bihurtu izanari, alegia. Trumpek bere diskurtsoa elite globalen aurkako jarreran oinarritu zuen. Kontraesankorra dirudien arren, politikoki funtzionatzen duen zerbait da: Trump bera elite horien parte da, "berak ere onartu duen bezala, badaki ekonomia eta gobernu neoliberalek nola jokatzen duten, eta, beraz, aberatsa delako, sistema hori nola gainditu eta konpondu badakien subjektu bilakatu da, hots, sistemaz nola gozatu badakiela eta amerikarrek baino gehiago gozatzen duela suposatzen den adierazle nagusi fantastiko".
Ekar dezagun ideia hori Ukrainako gerraren testuinguruan zenbait munstrok hartu duten jarrerara, ulertzen saiatzeko zergatik heltzen dioten etengabe Errusiako agintariek gerraz egiten duten irakurketari. Esplikazio gardenena litzateke, urtetan AEBek, NATOk eta haren sateliteek munduko poliziaren rola bereganatu dutela, gerrak nonahi eta noiznahi jarri dituztela martxan, horrek milaka hildako, zauritu, torturatu, bortxatu eta errefuxiatu eragin dituela; miseriara kondenatu dituztela mundu osoko herriak; suntsipen horren guztiaren atzean begi-bistako interes ekonomikoak egon direla; eta hala ere, Mendebaldeko agintariek eta hedabideek beste alde batera begiratu dutela. Eta aldiz, Errusiak Ukrainari eraso egin dionean, espantuka hasi direla denak, jarrera aski hipokrita erakutsiz. Gure agintariekin kritiko samarra den edozeinek bat egingo luke hipokrisia horren salaketan –behintzat lerro hauek idazten dituenak bat egiten du–. Baina otsailaren 24tik hona ikusten ari garen zenbait jarrerak beste zerbait adierazten ote duten ere galdetu beharra dago. Izan ere, lehenago aipatu dugun hutsune politikoaren auzia kontuan izanda, munstro batzuek Ukrainako gerran beharbada aurkitu dute beraien desiraren objektuaz gozatzen duen adierazle nagusi bat: Vladimir Putin.
Beste proiektu historiko bat beren desira politikoaren objektu gisa dutenek Errusiako kapitalismo ez-liberalean aurkitu dute beharbada hutsunea bete dezakeen suzedaneo bat
Ezkerraren barruan badago sektore bat Sobiet Batasunaren desagerpenaz geroztik munduaren historia bizi izan duena porroten sekuentzia amaigabea balitz bezala. AEBek gidatutako eredu neoliberalak ia oztoporik gabe egin du aurrera azken hiru hamarkadetan eta kontra egin nahi izan dioten mugimenduek –altermundialismoa, Irakeko gerraren aurkako protestak, Hego Amerikako zenbait herrialdetako esperientziak, joan den hamarkadan plazak okupatu zituzten mugimenduak...– ez dute formulatu hegemonia hori auzitan jartzeko moduko proiekturik. Zehazki Euskal Herrian, 2011tik aurrera hasi zen ziklo politiko berriak alternatiba falta horren sentsazioa areagotu du. "Beste proiektu historiko" bat beren desira politikoaren objektu gisa duten munstroek, beharbada, Errusiako kapitalismo ez-liberalean eta Putinen irmotasunean aurkitu dute adierazle nagusiaren papera bete dezakeen suzedaneo bat. Azken finean, politika populista ezkorrentzat, garrantzitsuena ez da proposamena, ukazioa baizik. Eta alor horretan, Putinek 1999tik Errusian bultzatu dituen aldaketa asko AEBen eta EBren argazkiaren negatiboa dira: energiaren alorrean edo nazioarteko aliantzetan, agintari mendebaldarrarentzat anatema diren apustuak egin ditu. Zer esanik ez alor militarrean: Siriako delegazio-gerran, adibidez, Baxar al-Assad babestu zuen, AEBen, EBren, Erresuma Batuaren eta Mendebaldeko beste potentzien hegalpean ari zen Siriako Koalizio Nazionalaren aurka. Eta Ukrainako gerrarekin, lider anti-mendebaldar eta anti-globalistaren irudi hori are gehiago indartu da [14].
Munstroen marko horretan, Putin, adierazle nagusi gisa, ez da problematikoa lider autoritario kapitalista bat izan arren. Kontrara, planteatu liteke ezaugarri horiek dituelako dela hain zuzen adierazle nagusi baliagarria. Gabilondok Trumpi buruz zioenaren ildoari jarraituz, potentzia ekonomiko eta militar baten gidari den heinean betetzen du ezkerreko sektore batzuetako kideen begietan dakiela-suposatzen-den-subjektuaren rola, AEBen nagusikeriari aurre egiteko behar adinako agentzia daukan liderra denez. Haren aldean, kapitalismoa gainditu nahi dutela dioten beste ordezkari eta mugimendu politiko askok indargabeak eta galtzaileak dirudite. Eta ikuspegi horren kontra Errusiako sistema politikoaren alde negatiboak azpimarratzeak, edo Ukrainako gerra ekintza inperialista dela salatzeak ez dute tratamendu gisa funtzionatzen. Alderantziz, argudio horiek erabiltzen dituena kastratutako norbaiten gisa agerrarazten du munstroen begietan.
DATOZEN MUNSTROAK
Geroz eta gehiagotan kategoria itxiek definitzen dituzten posizioen arabera eztabaidatzen ditugu auzi politikoak. Kategoria horiek funtzio deskribatzaile hutsa baino gehiago izan ohi dute: taldea definitzen duen terminoan etorri ohi da hari buruzko epaia ere [15]. Beste hitz baten faltan, "munstro" erabili dut LARRUN honetan aztertu dudan subjektu lausoari buruz aritzeko eta espero dut irakurleek ez zutela ikusiko hitz horretan "epaitzen duen definizio" horietako bat. Harluxet hiztegi entziklopedikoaren arabera, "naturaren legeez at eraturiko izaki biziduna" da munstroa. Hemen aipatu ditugun munstroek, hain zuzen, ezagutzen genuen natura politikoaren legeetatik at jokatu dute eta haien ezohikotasunaz aritzeko hitz aproposa iruditu zait.
Baten batek pentsatuko du artikulu honetan deskribatu ditudan jarrerekin aldez edo moldez bat egiten duten pertsonak gutxiegi direla hainbeste espazio hartzen duen gogoeta bat egiteko. Kualitatiboki, ordea, "munstro" gisa definitu ditudanak esanguratsuak direla iruditzen zait, aipatutako bi gaietan, sektore sozial batzuetan behintzat, eztabaidaren ardatza desplazatzeko gai izan direlako. Eta etorkizunean gertatuko dena asmatzea geroz eta lan zailagoa den arren, iruditzen zaidalako ezagutzen genuen eredu soziopolitikoaren krisiaren aurrean, ez dela arraroa izango iritzi publikoan antzerako munstro gehiago ere agertzea –Gabilondok bere liburuan adierazten duen moduan, populismoen agerpenak lotura zuzena dauka neoliberalismoaren garapenarekin eta horrek ekarri dituen gizarte posdemokratikoekin; eta ez dirudi gure munduak beste norabide bat hartuko duenik–.
Kezka ere hortik dator. COVID-19ak eta Ukrainako gerrak azaleratu dituzten izaki berriok ofiziala ez den beste kontakizun bat bilatzen dute, baina bi kasuetan aurkitu dituzten erantzunek nekez iradokitzen dute emantzipazio kolektiborako aukeraren bat; eta bai, aldiz, gotortutako oposizioan laketzeko joera. Dena den, artikulu honetan esplikatutako guztia kontuan hartuta, harrokeria handi samarra litzateke dakiela-suposatzen-den-subjektuaren rolean sartzea, emantzipazio-bide horiek non egon daitezkeen seinalatuz. Egia esan, ez dakit. Eta horrenbestez, ezkortasunak definitzen duen munstrotzat dut nire burua ere: gauzak zerk alda ditzakeen baino, zerk ez dituen aldatuko seinalatzea izan da lan honen helburuetako bat. Eztabaida nahasgarrietatik aterako gaituen formula magikoaren faltan, debate horiek badaudela eta sintoma gisa garrantzitsuak direla azpimarratzea izan da artikulu honen beste xedea, baita ika-mika horiek nola funtzionatzen duten ulertzen saiatzeko gako batzuk ematea ere, etorriko diren munstroekin hitz egiten hastean bestelako jarrera batzuekin egin dezagun.
OIN OHARRAK:
[1] [1] Sarrera honetan hitza singularrean jarri dudan arren, badago kontzeptuaren izaerari hobeto egokitzen zaiolakoan pluralean izendatzea proposatzen duenik, aurrerago ikusiko dugun moduan.
[2] [2] Esaterako, Occupy mugimenduak ezagun egin zuen "%99a gara" eslogana, zeinak herritarren portzentaje horren eta aberastasunaren gehiengoaren jabe den %1aren arteko antagonismoa artikulatu nahi izan zuen.
[3] [3] Rosanvallon, Pierre. Le siècle du populisme. Paris, Éditions du Seuil (2020).
[4] [4] Gabilondo, Joseba. Populismoaz. Subiranotasun globala eta euskal independentzia. Tafalla, Txalaparta (2017).
[5] [5] Mouffe, Chantal. 2020ko maiatza. "Ce que Pierre Rosanvallon ne comprend pas". Le Monde Diplomatique www.monde-diplomatique.fr/2020/05/MOUFFE/61778
[6] [6] Campbell, Colin. "The Cult, the Cultic Milieu and Secularization". A Sociological Yearbook of Religion in Britain (1972).
[7] [7] Komeni da badaezpada argi uztea: honekin ez dut esan nahi edozein pertsona “munstro” horietakotzat dudanik COVID-19aren kudeaketaz gure agintariek hartu dituzten erabakiak auzitan jartzeagatik, ezta Ukrainako gerran Mendebaldeko hedabideen bertsioaz gain beste informazio batzuk bilatzeagatik ere. Jarrera kritiko horiek ere debatearen polo batean kokatzeko tentazioa izaten dute batzuek, nik ez ordea. Baina bai COVID-19aren krisian, baita Ukrainako gerran ere, sistematikoki edozein informazio “ofizial” baztertu eta sistematikoki beste bertsio bat hobetsi duten pertsonak egon badaude, sarritan hori egiteko arrazionaltasunaren mugak gainditu dituztenak. Eta joera hori, kritikotasuna baino, fenomeno korapilatsuagoen adierazle dela uste dut.
[8] [8] Peter Wason psikologoak asmatutako kontzeptu horrek joera bat deskribatzen du: jendeak bere sinesmenak edo baloreak baieztatzen edo indartzen dituen informazioaren alde egitea, kontrako ondorioak eragin ditzaketen informazioak baztertuz.
[9] [9] Colina, Sustrai. 2016ko apirilaren 24a. "Ezker abertzalean, jende bat mundurik gabe geratu da". ARGIA www.argia.eus/argia-astekaria/2504/andoni-olariaga-filosofoa.
[10] [10] Bizitza plataforma. 2021eko ekainaren 24a. "Foru Pasea Eusko Legebiltzarraren Covid Legeari". ARGIA. www.argia.eus/albistea/foru-pasea-eusko-legebiltzarraren-covid-legeari
[11] [11] Gai horretaz, merezi du Santi Leonéren Euskal Herri imajinario baten alde (Elkar, 2008) liburua irakurtzea.
[12] [12] Urrutirago joan gabe, lehen aipatutako Bizitza plataformaren artikulua hitz hauekin bukatzen zen: "Amaitzeko, politikariei, batez ere Euskal Autonomia Erkidegokoei, argi esango dizuegu, herriari traizioa egin diozuela. Ez duzuela merezi herri honen ordezkariak izatea. Aurrez aurre izango gaituzuela. Eta ez dugula zuen lege zabor hau onartuko, arbasoak gurekin daudelako, Gernikako Arbola eta berau ordezkatzen dituen eskubideei inoiz uko egingo ez diegulako".
[13] [13] Hitz honen erabileraz, garrantzitsua da Gabilondok egiten duen ñabardura bat hona ekartzea: "Hemen ez darabilgu «histeria» kaleko zentzu gutxiesgarri eta mespretxagarrian. Histeriak, XIX. mendeaz gero, historia biopolitiko zehatz bat du, eta historia horretan kokatzen dugu termino politiko gisa, feminismoaren kritikari jarraikiz". Esanahi zehatz horri buruzko azalpen gehiago Populismoaz liburuko 128. orrialdetik aurrera aurkituko du irakurleak.
[14] [14] Paradoxa batekin, hori bai: antagonismoa globalistak/anti-globalistak dikotomian kokatuta, bi esparruetan ezkerreko eta eskuineko joerak nahasita agertzen direla.
[15] [15] Prozesu hau xehetasun handiz azaltzen du Judith Butlerrek Frames of War (Verso, 2009) liburuko 4. kapituluan (“Non-thinking in the Name of the Normative”).