“Barrea ez dela eten behar esango nuke”

  • Binakako bakarrizketak egiten ditu Mirari Martiarena Iraolak, Idoia Torregarai kide eta lagunarekin batera. 2017an, Oiartzun Irratiko esatari eta kazetari lanak utzi, eta beldur pertsonalak gainditzeko kemena bildu zuen. Oiartzuarrak jakin bazekien umorea egin behar zuela. Handiek esaten duten gisan, “umorea kontu serioa” dela berresten du berak ere. Etxe honetan aurrez urrats batzuk eginak zituen, Damutuko zaizute saioan hain zuzen ere. Luze edo motz agerraldiarekin dabiltza gaur egun, probintziaz probintzia, herriz herri.

“Gu Genero Sailetatik programatzen gaituzte talde feministek. Gizon umoregile bat, ordea, Kulturatik programatzen dute” (Argazkiak: Irantzu Pastor)
“Gu Genero Sailetatik programatzen gaituzte talde feministek. Gizon umoregile bat, ordea, Kulturatik programatzen dute” (Argazkiak: Irantzu Pastor)

Nola heldu zarete euskal umoregile erreferente izatera?

Irratian ari nintzela, har bat banuen barruan. ARGIAn Damutuko zaizute egin nuenetik, “Mirari umorea egin behar duzu” errepikatzen zidan lagun batek bi urtez segidan, eta nik ezetz. “Nola eginen dut hori nik bakarrik?”, pentsatzen nuen nire baitarako. 2017an, ordea, jauzia emateko baimena eman nion neure buruari. Oiartzungo Iturriotz auzoko jaietan bakarrik egin nuen lehen saioa eta udazkenean bertan Idoiak [Torregarai] deitu zidan, abenduaren 3an zerbait egiteko Usurbilen, baina elkarrekin. Baietz esan nion berehala, denbora gutxi genuen ordea ezer prestatzeko. Hamabost egunetan idatzi genuen eta hamabost egunez entseatu genuen. Horrela sortu zen Bakean dagoena bakean utzi gure lehen eskaintza. Ondoren Lanku zerbitzuetara joan ginen, eta haiek ere baietz esan ziguten. Hala hasi ginen plazak egiten.

Gorputza, berdintasuna, euskara… Horiek dira jorratzen dituzuen gaiak. Euskal Herrian bi emakume elkarrekin umorea egiten.

Bai, gu ez baikara aktoreak. Hori oso garbi dugu. Guk bakarrizketak egiten ditugu, eta hori agian ez da ohikoena izan. Euskal Herrian, antzezlan asko sortu dira umorea ardatz. Maila handia dago gainera, eta plazer bat da! Baina guk beste zerbait egiten dugu. Gurea ez da antzerkia, berriz baitiot: ez gara aktoreak. Ezberdina da. Zerbait duina izatea nahi genuen. Formatu ttikira zein handira egokitzen dena. Lehen sorkuntzarekin 150 saio inguru egin genituen, eta oraingo honekin ere Luze edo motzen bide beretik goaz. Oso pozik gaude.  

Nola hartu zaituzte publikoak?

Orokorrean oso ongi. Batzuk agian deseroso sentitzen dira. Umorea ere aldatu egiten baita herri batetik bestera. Gai batzuekin jendeak ez dio bere buruari irri egiteko baimenik ematen. Egungo bakarrizketa saioarekin gogor hasten gara. Sexua, masturbazioa, menopausia… Batzuentzat ez da erosoa, baina beste askorentzat bai. “Bazen garaia” ere esan izan digute. Eta egia. Atera ditzagun itzalean egon diren gai hauek mahai gainera, eta gogoetatzeaz gain, irri ere egin dezagun! Irri elkarrekin. Guk ez dugu deus asmatu, eguneroko gaiak dira. Kontua da zergatik den batzuentzat deserosoa, zergatik den bitxia gai hauek oholtzara eramatea.  

Bi emakume gara, eta horregatik bakarrik, emakumeentzat prestaturiko emanaldia dela uste dute batzuek. Gu Genero sailetatik programatzen gaituzte talde feministek. Gizon umoregile bat, ordea, Kulturatik programatzen dute.  Hor ezberdintasun handia dago. Bi emakume ikusten direnean kartelean, emakumeentzat dela pentsatu ohi da, eta gizon bat ikusi orduko publiko orokorrarentzat dela sinetsita gaude. Hori apurtu nahi dugu. Badakigu etortzen denak ongi pasako duela, “baina jende gehiago etorriko balitz?” pentsatu izan dugu. Askotan gertatu izan zaigulako emakumeak soilik egotea.

Bakarkako biderik hartzea pentsatu duzu? Edo beste bikote batekin?

Momentuz ez. Egia da beste lan batzuk hartzen ditugula, baina oholtza gainean Idoia eta nire artean sortzen dena magia da. Primeran pasatzen dugu elkarrekin eta hori iritsi egiten da publikora. Beste edozeinekin baino denbora gehiago pasatzen dugu elkarrekin eta kimika handia dugu. Baina ez diot aterik hesten deus berriri. Honetaz bakarrik biziko bagina, beste kontu bat litzateke. Baina guretzat hau oso gustura egiten dugun osagarri bat da. Ez dugu ezetzik esaten. 25 saio izan genituen abenduan, pentsa! Erokeria da.

Barreari ezin eustea gertatu al zaizu?

Bai, askotan. Gurea ez da emanaldi itxia. Badugu gidoia, baina formaz aldatzen du une oro. Oholtzan bertan, erabaki asko hartzen ditugu. Jendeak erantzuten duela ikusten duzunean harrotu egiten zara, eta azken batean zeuk ere irri egiten duzu lehertu arte. Batzuetan espero ez dudan zerbait botatzen du Idoiak eta ezin izaten diot barreari eutsi. “Barkatu” esan, irriz segi eta aurrera.

Publikotik ere kutsatu izan didate irria. Barrea ez dela eten behar esango nuke. Oso ederra da! Une horretan sortzen dena aske utzi behar da, eten gabe.

Noiz eman diozu baimena zure buruari umoregilea zarela esateko?

“Egiten dut, gustatzen zait, ongi pasatzen dut”… esaten nuen hasieran. Oso ozen ez,  nire baitan. Bertsotan bezala, kar-kar-kar! Hogei urtez bertso eskolan aritu eta “oraindik ez zara bertsolaria, ezta?”, esan ohi da. Horixe bera gertatzen zitzaidan. Enkarguak jasotzen hasi nintzen, lehen emanaldiarekin ederki genbiltzan, eta iaz Barre librea saioko gidoilari izanak ere, neure buruari umoregile nintzela aitortzeko “baimena” eman zidan.

Oholtzak nekatzen du?

Asko ematen dugu. Egun txarra ukan arren ere, oholtzara igo orduko ematen hasi behar duzu, horretarako deitu zaituzte eta! Berehala giro berezia sortzen da ordea. Lehen irriarekin egiten dut gora. Onena eskaini izanaren sentipenarekin amaitzea gustatzen zait.

Librea eta beltza ere bai

“Umorea egitea ez da txorakeriak esatea. Nik umorea egiten dut, zerbait esan nahi dudalako. Eta umorea horretarako tresna bat da. Umoreak mina ere eman dezake. Umoreak librea behar luke, baina inor mintzeko helbururik gabe. Umorea goitik behera egin, edo alderantziz, egoera aldatu egiten da. Umoreak mugak ditu gainera. Oso garrantzitsua da jakitea zein asmorekin egiten den umorea. Umore beltza asko maite dut nik, baina jakin egin behar da non eta norekin erabili. Momentu eta leku egokia ote den aztertu behar da”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Umorea
Maria Rivero
“Umorea oso maskulinoa da oraindik, gauza asko aldatu beharra dago arlo horretan”

Korrika Kulturalaren eskutik, Olatz Beobidek zuzendutako eMcumeak umorezko obra taularatuko dute Maria Riverok eta Itxaso Payak asteartean, 19:00etan, Antsoaingo Antzokian.


Umorea

Astean galdetu didate ea nolakoak ziren idazten nituen artikuluak, eta ea umoretsuak ziren. Ezetz esan nion galdetzaileari, nahiko nukeela, baina ezin, inguruan gertatzen dena ikusita.

Uste dut umoretsua naizela normalean, baina ez da erraza ezer umorez idaztea munduan dauden... [+]


Eguneraketa berriak daude