Gurasoentzat, buruko min gehien ematen duen kontuetako bat mugikorrena da. Zein adin daukatenean erosi, erabilera nola arautu... Liskar iturri agorrezina etxe askotan, helduak elkarrekin biltzen hasi dira hainbat herritan, teknologiaren bueltan lanketa egin eta umeei mugikorra emateko adina atzeratzea helburu. Argi dute erabakiak taldean hartu behar dituztela, bakoitzak bere aldetik eginez gero pieza guztiak errenkadan eroriko direlako, domino baten antzera, inork ez baitu nahi haurra isolatua sentitzea mugikorrik ez daukalako. “Kontziente izan behar dugu umeari mugikorra erosten diogunean eragina duela bere inguru osoan”, esan digute “Gure aukera, guk 16” taldeko kideek.
Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolako bost gurasok sortu dute "Gure aukera, guk 16" ekimena, gaur gaurkoz “utopia” dirudien arren, umeek 16 urte izan arte mugikorrik ez izatea xede duena. Badakite emaitzak ez direla berehalakoan etorriko eta apurka-apurka hasi dira, maila bereko gurasoen artean itun modukoak egiten, telefonoa emateko adina gradualki atzeratzen joateko. Bidean, teknologiaren hamaika adarren gaineko lanketa egin nahi dute, arreta jarriaz ume zein helduek egiten duten erabileran, guztiok jabetu behar dugulako zein tresna "potentea" daukagun esku artean.
2019an hasi ziren gaia lantzen, ikastolako ama eta Bidelagun proiektuaren sustatzaile Miren Rosek teknologiaz emandako guraso eskola abiapuntu. “Askok genuen kezka bera, baina bakoitzak ahal bezala egiten zion aurre bereari. Jabetu ginen elkarrekin arituz gero zerbait egin genezakeela”, azaldu digute Miren Rosek eta Amaia Elorzak. Azken horrek 7 eta 9 urteko bi alaba ditu Salbatore Mitxelenan. “Gaiaz hitz egiten hasi ginen, adituek idatzitakoak irakurtzen, eta konturatu ginen haurrei goizegi ematen diegula mugikorra. 9-10 urteko umearen burmuina ez dago prest tamainako erreminta erabiltzeko, gaitasunik ez duelako informazio guztia prozesatzeko, filtrorik gabe iristen zaiona tartean. Haurraren garapenaz hitz egiten da, 11 urteko umea oso heldua izan daitekeela bere adinerako. Ez, ez behintzat horrelako tresna bat maneiatzeko. Helduok ere ez dugu ongi erabiltzen eta!”. Adibide bat jarri digute: “Ondokoaren seme-alabari argazkia atera eta besterik gabe bidaltzen dugu whatsappez, ziur asko baimenik ere eskatu gabe. Gurasook maiz ez baldin bagara kontziente egiten dugunaz, pentsa umeak. Aldagelan-eta ateratzen dituzten argazkiek, esaterako, min handia eman dezakete, baina 12 urterekin ez dira kontziente”.
Galdera baten bueltan ekin zioten: nola atzeratu mugikorra erosteko unea? Galderak galderen atzetik, oinarrira jo zuten: Umeari ez badiogu mugikorra eman nahi, zergatik ematen diogu? Erantzuna iguala zen maiz: “Ez dugu gelako azkena izaterik nahi”. Arrazoi pisutsua da, azken finean umea baztertua sentituko delako berak ez beste guztiek baldin badaukate. Zer egin, beraz, "atzeratua" gera ez dadin? “Ikusi genuen adostasun batera heldu behar ginela, ahalik eta etxe gehienetan seme-alabei mugikorra emateko adina atzeratzen joateko pixkana-pixkana”. Lehen Hezkuntzako (LH) 6. mailako (11-12 bat urte) guraso ugarik erabaki zuten baietz, ikasturte hartan behintzat eutsiko ziotela mugikorra erosi gabe. Sei hilabetera berriro bilduko ziren, bakoitzaren egoeraz hitz egin eta aurrera begirako urratsak zehazteko.
Elkarteko kideen hitzetan, gurasoen arteko komunikazioa funtsezkoa da, baita haien eta seme-alaben artekoa ere, etxean gaiaz hitz egin eta akordioak lortzea denen artean: otorduetan mugikorrak sukaldetik kanpo eramatea, gauean wifia itzaltzea... “Taldearen indarra gakoa da, seme-alabek ikusten baldin badute gainerako etxeetan ere berdin jokatzen dutela, lasaiago geratzen dira”. Horrek, noski, eskatzen du haiekin denbora gehiago ematea, eta helduek ere ohiturak aldatzea. “Argi utzi behar zaie ez dela opari bat, baizik eta tresna hori gurea dela, momentu konkretuetan erabiltzekoa honengatik edo hargatik. Kontziente gara mundu digital batean jaio eta hezi direla, hori ezin da ukatu, baina modu arduratsuan jokatzen ikasi behar dute. Baita guk ere. Arauek guztientzat izan behar dute, mugikorra ez dadin izan liskarrerako arrazoi nagusia, maiz gertatzen den moduan”.
Azaldu digute eurenaz oso bestelako iritzia duela jende batek, normaltzat daukatela 9 urteko umeak mugikorra izatea eta ez dutela arriskurik ikusten. “Zilegi da eta aintzat hartzen dugu. Horiei ez diegu esango zuk hau eta hura egin behar duzu. Baina inportantea da gurasoek kontzientzia hartzea, gaiaz pentsatzea, besteekin hitz egitea...”.
Gurasoak ez dira esaten ari umeek 18 urte izan arte ezin dutela mugikorrik erabili, baizik eta haiena daukatenerako komeni dela gaiaz eztabaidatzea.
“Batzuetan zaila da jendearengana heltzea”, gaineratu du Rosek. “Askok pertsonalki hartzen du: ‘Nire erabakia da, utzidazu nahi dudana egiten, nor zara zu niri deus esateko?’. Ados, zure erabakia da mugikorra erostea, baina kontuan izan eragin zuzena duela seme-alabaren ingurukoengan, ikasgelan edota lagun artean. Kontziente izan hortaz, zeren eta bestela ttak ttak ttak domino piezak bezala eroriko gara denok”.
Nuria Plazak alaba eta semea ditu Hernaniko Langile Ikastolan, LH3n bata eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) 1. mailan (12-13 bat urte) bestea. Han ere duela bi urte inguru hasi ziren gaiaz hitz egiten 10-11 urteko umeak zituzten guraso batzuk, Miren Ros berak hitzaldia eman ostean mugikorren erabileraz. “Gutxira, ordea, pandemia heldu zen, harremanak hoztu ziren eta are zailagoa bihurtu zen gure artean elkartu eta lasai hitz egitea”, kontatu digu Plazak. Iaz, baina, umeak jada LH6en zituzten guraso horiek erabaki zuten hainbat tailer eta hitzaldi antolatzea, gauzak martxan jartzeko berriz ere. Batzuek erabakia hartu zuten: DBH1era mugikorrik gabe bidaltzea, eta hilabete gutxiren buruan ikustea ea ituna denbora luzeagoan mantentzerik bazegoen.
“Pandemiak banandu egin gintuen”, esan digute Zarauzko gurasoek, eta bakardade horretan askok erosi zizkieten mugikorrak umeei, baita “ituna” egina zuten batzuek ere. “Galdetu genien zergatik, eta erantzunak izan ziren: ‘Amonak erosi dio’, ‘nire mugikor zahar bat aldatu dut eta...’ Ez ziren pisuzko arrazoiak. Jabetu ginen lanketarik egin ezean akordioa erori egingo dela”.
Neurri batean bederen, guztiok bat etorriko gara esaten digutenean seme-alaben bidaide izan behar dugula teknologia kritikoki erabiltzen irakatsi/ikasterakoan. Batzuetan, ordea, ez da erraza gauzak patxadaz azaldu edota umeak pantailengandik urruntzeko denbora hartzea, inork esan diezagukeen arren aitzakia merkeak direla. Duela hamar bat urte, arrakala digitalaz hitz egitean, arazoa zen ume aberatsenek soilik zutela sarbidea internetera; aldiz, gaur egun, teknologiaren erabilera orokortu egin denean, arazoa kontrakoa da: erosteko ahalmen handiagoa duten familietan errazagoa da umeek egun osoa mugikorrari itsatsita pasa ez dezaten lortzea, Common Sense Mediak AEBetan egindako ikerketaren arabera. Zenbat eta diru-sarrera txikiagoak, etxeko txikienek orduan eta denbora gehiago pasako dute pantailaren aurrean, datuek azaleratu dutenez. “Zenbat langile-familiak du aukera seme-alabak pantailengandik urrunarazteko?", dio erakunde horretako ordezkari María Álvarezek. Edo nola kudeatu egoera gurasoak ez badira ados jartzen umeari mugikorra eman ala ez? Areago banandurik baldin badaude. Etxe bakoitza mundua baita.
Solaskideek diotenez, ez gara erabat kontziente umeen esku uzten ditugun gailuen ahalmenaz. Halaber, eman digute aditzera gaiaren inguruan interes falta dagoela, edo agian beldur garela. “Esango nuke teknologiaren kontu honek guztiak gain hartu digula, olatu handiegia denez gero”, uste du Elorzak. Ostean gehitzeko: “Olatu handia da, bai, baina gure txikitasunetik badago gauzak egitea, horretan sinesten badugu behintzat. Lortuko bagenu 9-10 urte dituztenean ez baizik eta 12rekin erostea, pauso handia litzateke, are gehiago aurretik lanketa egin baldin badugu etxean. Ez gara beti arriskuez hitz egiten arituko, kontuz hau eta kontuz bestea, Elizak egiten zuen bezala, bekatua gora eta behera, beldurra akuilu. Erabilera arduratsua da gakoa, eta gauza onak ere nabarmentzea”. Helburua ez baita umeak izorratzea, eurek pentsatuko duten bezala ziur asko.
Rosek ere erabileran jarri du arreta, eta balizko "debekuez" galdetu diogunean, erantzun digu ez dela hori asmoa, "inondik inora ere". Ez dira esaten ari seme-alabek 18 urte dituzten arte ezin dutela mugikorrik erabili, baizik eta haiena izaten dutenerako komeni dela gaiaz hausnartu eta eztabaidatzea.
Zarauzko ikastolan, ekimenaren hastapenetan LH6en zeuden umeak DBH2n daude orain. Jada oso gutxi dira mugikorrik ez duten 13-14 urteko gazteak, Gabonetan eskuratu dituzte askok. 12-13 urtekoen artean hamabostek ez beste guztiek daukate; aldiz, urtebete edo bi gazteagoen geletan, dozena erdik baino gutxiagok. Kontatu digute umeek presioa egin egiten dutela, baina nahikoa erraz eutsi diotela tentazioari, ikusten dutelako inguruko lagun askok ere ez dutela telefonorik. “Gakoa hori da”.
Bazter guztietan bezalaxe, Hernaniko etxeetan ere hazi da mugikor kopurua Gabonetan. Langile eskolan, DBH1eko 30 bat ikaslek ez zeukaten mugikorrik abendua baino lehen, eta ostean, hamar inguruk. Plazak dio gurasoek ez dutela batzea lortu, faltan sumatzen duela komunitate gisa funtzionatzea, gai guztietan oro har. Bere ustez funtsezkoa da elkarrekin hitz egin eta erabakiak denen artean hartzea: “Adostuko bagenu mugikorra emateko adina apur bat atzeratzea... Alde handia dago 11, 12 edo 13 urterekin erosi”. Semea jarri digu adibide moduan: “Institutuan-eta ikusi dituenak ikusita, gatazkak, ikasle batzuen portaera... Neurri batean konturatu da ez daudela prestatuta horrelako tresna bat erabiltzeko. Berea ematen diogunerako, iruditzen zait kontzientzia apur bat izango duela arriskuez, ekonomikoki duen kostuaz edota arduraren pisuaz. Esaten digu lagunek daukatenean berak ere izango duela, bakarra ez izateko. Ulertzekoa da. Edonola ere, ez da gure asmoa semea ‘bakarturik’ uztea”.
“Inongo gurasok ez du seme-alaba isolatua geratzerik nahi, eta institutuan hastean eskura jartzen diote mugikorra”, idatzi du Diana Franco teknologian adituak ARGIAren 2.771. zenbakian. Hurbilekoa duen guraso baten esperientziaz ari da, zeinak Android sistema eragilea duen mugikorra erosi dion haurrari, eta erabili ahal izateko gailuak eskatu dizkion operazio guztiak egin dituen. Laguna “lasai” dago, mugikorrak erabakitzen duelako haurrak zer ikusi dezakeen eta zer ez, baita noiz piztu eta noiz itzali behar den ere. Aitzitik, gurasoak ez dauka erabaki gehiegi hartu beharrik, eta haurrarekin sesioan hasteko arriskua murrizten da. Bake santua. Diana Francoren hitzetan, baina, gauza horiek seme-alabekin adostu beharko lirateke. Gure irizpidea gailendu behar dela dio, "onena ez bada ere, ikasteko bide bat delako. Eztabaidak txikitzeko aitzakiarekin teknologiari gure bizitzen agintaritza emateak mesede baino kalte egiten digula uste dut”.
Guraso batzuek erabakia hartu zuten: umeak DBH1era mugikorrik gabe bidaltzea, eta hilabete gutxiren buruan ikustea ea ituna denbora luzeagoan mantendu zitekeen.
Mugikorra emateko unea heldu baino lehen lanketa egin beharra dagoela konbentzituta, LH3tik –haurrek 8-9 urte dituztenean– hasiko dute prozesua Hernaniko Langile ikastolako guraso batzuek, ahal izanez gero talde indartsua osatu eta ikastetxearekin batera bi norabideko prozesua abiatzeko. “Egia da gurasoen auzia dela eta ezin dugula dena irakasleen esku utzi, baina harremana izan behar dugu eskolarekin”. Parentesi gisa, esan 2018an Frantziako Gobernuak debekatu egin zuela 15 urtez azpiko ikasleek ikastetxean mugikorrak eta ordulari adimendunak erabiltzea, izan ikasgelan zein atseden-orduan edo jangelan. Institutu ugarik aplikatzen zituzten antzeko neurriak lehenagotik ere, baina zuzendariek legearen babespean joka dezakete gaur egun. Institutuek aukera dute, baina ez obligazioa, mugikorren erabilera erabat edo partzialki debekatzeko. Hego Euskal Herrian antzeratsu gertatzen da, legerik ez dagoen arren horren inguruan: ikastetxe bakoitzak egokien ikusten duen moduan jokatzen du.
Haur bakoitzaren testuingurua desberdina da: bizi den herria, auzunea, ikastetxea, familia, behar bereziak ote dituen... Faktore askok baldintzatzen du haren egunerokoa, teknologiarekin harremana tartean, baina badirudi errotutako ohitura dela seme-alabek DBH1erako jauzia ematean mugikorra erostea, ez bada urte bat edo bi lehenago. Jaunartzea egiteko usadio handiagoa dagoen lekuetan, esaterako, orduan eskuratzen du ume askok. Herri txikietan, bestalde, bada joera seme-alabak herri handiago bateko ikastetxera igarotzen direnean, 11-12 urterekin, mugikorra erosteko, “zer gerta ere”. Rosek argi du: “DBH hastean ez dute mugikorrik behar, autobusa baizik. Ikastetxez aldatzen dute, irakasle berriak dituzte... Eta erdian telefonoa sartzen diegu. Ez da erraza hori guztia kudeatzea”.
Mugikorraz hitz egiten ari gara etengabe. Aintzat hartu behar da, ordea, hura ez izateak ez duela esan nahi umeak ez duenik teknologiarik eskura, edo ezin dezakeenik lagunekin planik egin, maiz errepikatzen duten argudioa izanagatik, ordenagailu eramangarriak, tabletak edota internetera sarbidea daukaten telebistak dituztelako etxean zein eskolan. Eta, ahaztu egiten zaigula dirudien arren, bada beste zerbait: egun santu guztia elkarrekin ematen dute.
Rosek azaldu digunez, umeek baino gehiago gurasoek sentitzen dute maiz beharra hari mugikorra emateko, lasaitasunaren izenean. “Aterako da ingeles akademiatik eta...”, edo “entrenamendua berandu bukatuko da...”. Hamaika izan daitezke arrazoiak. Elorza 14-16 urteko gazteen irakaslea da Zurriolako ikastolan, eta “kontrola” hizpide hartuta, han ikusitakoez aritu zaigu: “Ikasleei galdetzen diet ea normala iruditzen zaien gurasoek etengabe jakin nahi izatea haiek non dauden, eta harritu egiten nau gehienek erantzutea baietz. Onarturik dute kontrola dela heziketarekin edo gurasotasunarekin lotua dagoen zerbait, eta ostras... Gero, euren arteko harremanetan ere normaltzat dute kontrol hori, datuak partekatzea, etengabe galdetzea bestea non dagoen, erantzuten ez diotela-eta haserretzea...”. Seme-alaben autonomia, euren kabuz moldatzen irakastea, elkarren arteko konfiantza, etxea-eskola-aisia hirukoaren dantza... Ez da bideratzen erraza. Haiek ingurune digital batean jaio dira eta helduok ez. Teknologiaren erabilera kritikoa bultzatzeko denok behar dugu egokitu, esku artean daukagun tresnaren indarraz kontziente izan, unea iristen denerako ahalik eta jantzien egon nahi badugu.
Erreportajearen harira gaiaz galdetu diogu hainbat helduri. Hona kontatu dizkigutenak:
"11 urteko ilobak ez dauka mugikorrik, eta amak esan dit baztertua geratzen dela maiz, plan asko whatsappez egiten dituztelako lagunek”.
"DBH1ekoek txangoa zeukaten, eta ume batzuek mugikorra eraman zuten. Zenbait gurasok ikastetxeari eskatu zioten eskola jardunean indarrean dagoen araua, mugikorrik ez eramatea gelara, ibilaldietara ere zabaltzea. Ez zuten erantzunik jaso, eta hurrengo irteerara guztiek eraman dute mugikorra”.
"12-13 urtekoen irteera bi egunetarako. Irakasleek eskatu zuten mugikorrik ez eramateko umeek. Alferrik. Batzuek eraman zuten. Irakasleek erabaki zuten txangoak iraun bitartean mugikorrak kentzea; itzultzean, aita batek sekulako kalapita sortu zuen, ea irakasleek nor kristo zirela pentsatzen zuten bere semeari mugikorra kentzeko”.
"12 urteko mutikoa zen mugikorrik ez zeukan klasekide bakarra. Irakasleak gurasoei deitu zien, semea baztertua ikusten zuela, eta mesedez erosteko berari ere mugikorra”.
"DBH3koek mugikorra eraman dezakete gelara, itzalita. Atseden orduan halere erabili dezakete”.
"Azkenaldian liskar handienak mugikorra dela-eta izan ditugu 13 urteko alabarekin. Deitzen diogunean maiz ez digu hartzen, esaten digu estaldurarik ez zegoela, alarma isilduta zeukala... Etxean ere, hura ez bada, tableta, beti zerbait”.
"Ordurako gurasoak lo egoten gara eta ez gara konturatzen, baina gauez ere hor aritzen dira, bideo-jokoak direla, Snapchat... Ez nau harritzen irakasleek esatea ikasle asko nekaturik heltzen direla goizean. Gauean wifia itzali edo mugikorra kentzen badiezu urduri jartzen dira, tarte horretan dauden nobedadeak galtzen dituztelako”.
"Institutuan esaten digute DBHko gazteek ezin dutela mugikorrik eraman, harrapatzen badituzte hura kendu eta eguna amaitzean itzuliko dizkietela, eta bigarrenez harrapatzean hurrengo egunera arte konfiskatuko dituztela. Irizpide horiek guri esan bai baina ez dituzte betetzen, semeak kontatu didanez”.
"Semeak futbolean jokatzen du. Azkenaldian mugikor ugari lapurtu dituzte aldageletan. Ez dira konturatzen mugikor bat bertan uzteak zer esan nahi duen. Helduok ez dugu eramaten, edo giltzapean gordetzen dugu, baina haiek...".
"Deitzeko baldin bada, badira beste gailu batzuk, ordulari adimendunak esaterako. Lehen urratsa hori izaten da, 4. edo 5. mailan, hasten direnean herrian bakarrik ibiltzen. Baina umeak ez dira horrekin konformatzen".
"Nire semearen gelakideak, 9 urte ditu, gauean maiz hartzen du lo tableta buru azpian duela, haren aitonak kontatu digunez”.
"Google-ekoak bizi ibili dira pandemian. Google Classroom, esaterako, oso baliabide egokia da irakaskuntzarako, baina badut kezka: Zenbat informazio eskuratzen du hortik eskolaz edota umeez?”.
"Institutuan, mugikorrik ez daukaten neska batzuei deitzen diete 'Las sinmo'. Horrek bereizten ditu".
"12 urteko alaba da mugikorrik ez duen ia bakarra. Aurrekoan esan zidan nahiago zuela etxean gelditu, lagunekin atera baino, etengabe daudelako telefonoari begira. Batzuetan, etxean gaudenean nire mugikorra uzten diot. Hor aritzen da saltseatzen; lagunen kontaktuak sartu dizkit".
"Ez dut uste 11 urteko alabak mugikorra behar duenik. 'Eta deitu nahi badizuet?' galdetzen digu. Guk erantzun: 'Badakizu non ibiliko garen, amama non topatuko duzun... Lokalizatuko gaituzu".
Azken 15 urteetan dugun Internetak hartu duen bilakaera ikusita, duen eredu teknologiko eta negozio ereduari lotuta, gizatasunaren alde txarrenak areagotzeko tresna dela pentsatu dezakegu. Ideia horrekin konforme ez dauden eragileak sortu dira mundu osoan zehar. Honako... [+]
Lup izeneko gailuak testuak ahots bihurtzen ditu adimen artifizialari esker. Hainbat hizkuntza bihurtzeko gaitasuna dauka. Teknologia gutxiko gailua da, hain zuzen aurrerapen teknologikoetatik urrun dagoen jendeari balio diezaion. Ikusmen arazoak dituztenentzat sortu eta... [+]
Gaur, azaroak 21, Mastodon.eus komunitateak sei urte bete ditu. Urteurrena ospatzeko Gure aukera, sare libreak kanpaina abiarazi dute, atxikimenduak biltzeko. Izan ere, azken asteetan “eXodoa” ematen ari da: erabiltzaile asko X-tik ihes egiten ari dira, sare... [+]
ARGIAko lantaldeak bat egin du Mastodon.eus-ek bere seigarren urtemugan abiatutako Gure aukera, sare libreak atxikimendu kanpainarekin.
Mastodon.eus euskal fedibertsoko instantzia agian nagusiak sei urte bete ditu gaur. Urteurrena ospatzeko "Gure aukera, sare libreak" kanpaina abiarazi dute, atxikimenduak biltzeko. Efemeridea une interesgarri batean dator: Elon Musk-ek, X/Twitterren jabeak,... [+]
Alexandru Jerpelea Bukaresteko (Errumania) batxilergoko 17 urteko ikaslea da, eta itzulpen automatikoko lehen sistema neuronala sortu du arrumanorako. Balkanetan 200.000 pertsona inguruk hitz egiten duten hizkuntza erromaniko gutxitua da. Bere tresna berritzaileak, [+]
Adimen artifiziala gizakion eremu asko ordezkatzen ari dela badakigu: erosotasuna, abiadura, efizientzia... Mundu kapitalista honen abiadura beharretan, gizakion ahalegina oztopo dela sinetsarazi digute. Gure, klase xumeen, egiteko eta sortzeko aukerak murrizteko erasoak leku... [+]
Ancient Earth mapa birtualak gure herrialdea, eskualdea, hiria... duela milioika urte non zegoen ikusteko aukera ematen du Dinosaurpictures.org/ancient-earth helbidean.
Toponimoa idatzi eta 750 milioi urte atzera egiten duen kronologian garai bat aukeratuta, emaitza puntu... [+]
Hizkuntzen irabazia kongresua izango da azaroaren 26an eta 27an Donostian. Arlo digitalean inglesaren erabilera aregotzen ari den garaietan, kongresuak euskara bezalako hizkuntza gutxituek tokiko ekonomiari egiten dioten ekarpena agerian utzi nahi du.
The Guardian egunkari britainiarrak lehenbizi eta La Vanguardia katalanak (espainolez argitaratzen du edizio zabalduago bat, baina katalanezko bertsioa ere badu) erabakia jakinarazi zuten atzo X/Twitter sare soziala uzten dutela, desinformazioaren ukuilua bihurtu delakoan.
Guraso elkartean mugikorren inguruan bigarren hezkuntzarako protokoloa lantzen dabiltzala eta, protokoloaz galdetu dit Bilboko guraso batek.
Jaurlaritzaren webgunean irakurri dudanez, EAEn, 2024ko urtarrilean ikastetxeetan mugikorren erregulazioaren inguruan adierazi zena... [+]
16 urtez azpikoek laster ezingo dute sare sozialik erabili Australian, eta antzeko neurriak ezarri nahi dituzte Espainiako eta Frantziako gobernuek ere. Neurriaren eraginkortasunaz, sare sozialetako eduki eta dinamikez, pribatutasunaz eta plataforma handiek honetan guztian duten... [+]