“Ukrainako gerrak lurrikara oso gogor baten gisan bere uhinekin astindu du munduko ekonomia, bereziki herrialde txiroena”, laburbildu du Nazioarteko Diru Funtsaren buru Kristalina Georgievak: “Errusia eta Ukrainari eragin die baina baita planetako gainerako 7.000 milioi jendeei”. Alabaina, kanpaina militarrak eragindako kalte ekonomikoek baino are ondorio sakonagoak eragin ditzakete Mendebaldeak Errusiari ezarritako zigor ekonomikoek. Ekonomia arma ere bai baita.
Ukrainako gerrak 2022ko otsailaren 24tik pasa diren aste laburretan dardarka jarri du ekonomiaren jarduera Europan eta mundu osoan. Jadanik alor guztietan urratu dizkio arrakalak COVID-19 pandemiak eragindako atzeralditik –azken ehun urteotako handienetik– berpiztu nahian zebilenari. Baina… armek kaltetua izateaz gain, ekonomia bera baldin bada gerra honetako armarik inportanteena?
Energian berezitua den Kurt Cobb iparramerikarrak Resource Insights-en idatzi du: “Hemen da III. Mundu Gerra, baina ez da guk espero genuen modukoa. Ez gaitezen deskuidatu: gerra honen gudu-zelaiak mundu osoa hartzen du eta nagusiki ekonomikoa da. Errusiak eraso dionean Ukrainari, beste potentzia handiek ez dituzte beren soldaduak eta tankeak bidali; aitzik, antolatu dute inoiz ikusi ez den bezalako gerra ekonomiko orokorra”. Zenbateraino kalteak eragin ditzake eta nork sufrituko ditu handiagoak?
Mendebaldea deitzen denak –AEB, Europar Batasuna, Australia, Japonia…– Errusiaren kontra ezarritako zigor ekonomikoak ez dira hasi 2022ko otsailean. Zortzi urte lehenago, 2014an Errusiak Ukraina inbaditu eta Krimea bereganatu zuenean ezarri zioten zigor sail handi bat Errusiako hainbat agintari, enpresa eta pertsonalitateri; errusiarrek erantzun zuten arerioetatik etorritako inportazio asko debekatuz. Wikipediak dioenez, lehen zigorrek nagusiki Errusia kaltetu zuten, agudo hondoratuz errublo errusiarra, baina Europar Batasunako herrialdeek ere sufritu zituzten galerak.
“Zigor ekonomikoak ikaragarriak dira,
ez da nazio modernorik
holako presio bati aurre egin diezaiokeenik”
Woodrow Wilson
Aurtengo inbasioaren ondoren heldu zaie zaparradan errusiarrei zigor ekonomiko sail osoa. Ondasunak desjabetu dizkiote hainbat oligarka eta bestelako herritar errusiarri. Mendebaldeko herrialdeek eta haiekin bat egin dutenek beren buruei debekatu diete Errusiari saltzea gasa eta petrolioa ekoizteko teknologia oro, armadak erabili lezakeen edozein tresna elektroniko, teknologia eta abar bezala. Debekatu dute ere krediturik ematea energia konpainia horiei eta Errusiako Estatuarenak diren bankuei. Errusiako Banku Zentralari bahitu dizkiote munduan zehar hainbat dibisatan dauzkan 400.000 milioi dolarreko erreserbak. Errusia kanporatu dute munduko banku guztien arteko harremanak bideratzen dituen SIFT sistematik. Zerrenda amaiezina da.
“Errusiari gainera jaurti diote finantzetako bonba atomiko bat”, azaldu du Sergei Aleksashenko Errusiako finantza ministrorde ohiak. Lubakiaren beste aldetik, Frantziako Finantza ministro Bruno Le Mairek esan du Errusiako ekonomia “hondoratzeko punturaino bultzako” duela Europar Batasunak. BBC-ren erredakzio-buru Faisal Islamek dio neurriok ohiko zigorrak baino gehiago direla “gerra ekonomiko mota bat”, helburutzat duena Errusia atzeraldi sakon batean amiltzea, bankuak diru barik utzi eta hiper-inflakzioa eraginez.
Berrikitan Nicholas Mulder historia ekonomikoan adituak argitaratua du The Economic Weapon: the rise of sanctions as a tool of modern war (“Ekonomiaren arma: zigorren ugaritzea gerra modernoaren tresnatzat”). Mulderrek kontatzen du Lehen Mundu Gerraren ondoren hasi zirela potentzia inperialistak zigor ekonomikoak erabiltzen. AEBetako orduko lehendakari Woodrow Wilsonek zigorrez omen zioen direla “gerra baino are beldurgarriagoak. (…) Erremedio ikaragarria dira, ez dute hildako bakar bat eragiten boikota nozitzen duen herrialdetik at eta ez da nazio modernorik holako presio bati aurre egin diezaiokeenik”.
Mugimendu altermundialistaren erreferentzietakoa den ATTAC erakundearen aldizkarian Michael Roberts ekonomialariak ere idatzi du Errusiaren kontrako gerra ekonomikoaz: “Oroitarazten dizkidate Erdi Aroko setioak, hiriak nola menderatzen zituzten gosearen poderioz, ekintza militarrik gabe”. Baina mundu globalizatuan zigor ekonomikoek osatzen dute arma txit moderno bat, arma kimikoen edo bonba nuklearren gisakoa. Lortuko dute errusiarrei amore eman araztea?”.
Robertsen ustean, Errusiaren ekonomia hondoratzen ari da jada. Finantzen Nazioarteko Institutuaren kalkuluak aipatuz, aurten %15 egingo du behera “eta horrelakorik ez da Errusian ikusi 1990eko hamarkadatik, hango ekonomiak duela hogei urteko edo lehenagoko mailara egingo luke atzera”. Nazioarteko Diru Funtsak atzeraldia %10ean kalkulatu die errusiarrei. Globalizazio neoliberalaren aldeko sutsua den Eurasia Forum-ek aldarrikatu du: “AEBek eta honen aliatuek sekulako kalte ekonomikoa eragin diote Errusiari tiro bakar bat jo gabe”. Mendebaldarrok, ordea, ez genuke kanpairik jo behar goizegi: “Errusiak –dio Kurt Cobbek– bazter batean hesitua ikusten badu bere burua, pentsa lezake ez daukala beste alternatibarik arerioen kontrako gerra militarra gehiago indartzea baizik, eraso nuklearren beldurra zabalduta arerioak negoziatzera behartu eta akordio bat lortuta eta gerra ekonomikoa amaitzeko”.
“AEBek eta Europak Errusiari zigor
gehiago jartzeak
Europa bera
suntsituko du”
Moon of Alabama
Gerra honetan nabarmen Errusiari arrazoi ematen dion Moon of Alabama-k justu alderantzizko kalkulua egin du: More Sanctions On Russia Will Destroy Europe (“Errusiari zigor gehiago jartzeak Europa bera suntsituko du”). Honen ustez, Moskuren kontraeraso ekonomikoa abian jarri da munduari saltzen dizkion petrolio, gas, gari, potasa, titanio, aluminio, paladio, neon eta abarrak errublotan kobratzeko erabakiarekin. “Hemendik aurrera, AEBk eta Europar Batasunak kontsumitzen duten energia guztia askoz garestiago pagatu beharko dute eta haien ekonomiak atzeraldian sartuko dira. (…) Joe Bidenek Europari eskatzen dio suizidatu dadin, AEBko industria babesteko. (…) Neurri horiekin eta AEBk eta EBk Errusiari ezarritako zigorrek Europan bertan eragindako hondamendiekin, beren ekonomien egoerak ekarriko ditu erregimen aldaketak Europako zenbait herrialdetan”.
Ukrainako gerra bera batetik, eta bestetik, zigor eta kontra-zigorren dinamika… zer gertatu behar zaio Europari? McKinsey aholkularitzako multinazionalak bi hipotesi landu ditu. Onenean, gerra arin amaituz gero eta zigorrak ez badira zabaltzen Errusiaren energia esportazioetara, Europaren Barne Produktu Gordina aurten %0,0 geratuko litzateke, 2023an %2,1 igo eta 2024an %4,8 handitzeko. Baina gerra luzatuko balitz, Europan errefuxiatu krisia areagotuz eta Errusiari are zigor gehiago ezarrita, orduan atzeraldian geundeke, bai 2022 eta bai 2023an ere.
Gerrak berak jada eguneroko ogia eskuratzeko arazo handiak eragin dizkie herritarrei munduko bazter askotan, Ukraina eta Errusia izaki oinarrizko zenbait elikagairen ekoizle handienetakoak. Alor horretan ondorioak are okerragotuko dira datozen hilabeteetan, Errusia delako ongarri kimikoetan potentzia nagusietakoa: berak ekoizten du munduak kontsumitzen duen amonioaren %23, urearen %14, potasioaren %21… Euskal Herriko laborariek ere igarri behar diote.
Eguneroko otorduak garestituko zaizkie herritarrei epe laburrean, baina Mendebaldeak Errusiari antolatu dion gerra ekonomikoak askoz aldaketa sakonagoa ere badakar geopolitika mailan. Financial Times-en Martin Wolf ekonomialari liberalak esan du: “Gerra, hornidura arazo larriak eta inflazio altua elkarrekin batera gertatzeak desestabilizazioa dakar, munduak 1970eko hamarkadan ikasi zuenez. (…) Epe luzean ziurrenik bi bloke antolatuko dira elkarren arteko arrakala handi batekin, globalizazioan atzekoz aurre egingo dugu azkar eta enpresen interesak sakrifikatuko zaizkio geopolitikari”. Hona Europa, AEBen eta Errusiaren lehia geopolitikan katramilatuta.
Etxe Zuriak bi komunikatu igorri ditu, Itsaso Beltzeko su-etena eta energia azpiegituren aurkako bi aldeen erasoen amaiera hitzemateko.
“Ez dugu gerraren aurrean etsi nahi, ez dugulako hilerrietako bakea nahi”, dio manifestuak, eta agintariei irtenbide politiko baten alde lanean jartzeko eskatu diete. Sinatzaileen artean daude Delàs institutua, Gernika Gogoratuz edo Ongi Etorri Errefuxiatuak... [+]
Defentsarako gastua handitzeko Europako herrialdeen apustuaren atzean, asko dago propagandatik, eta askoz gehiago interes ekonomikotik. Kontrakoa sinetsarazi diguten arren, XVIII. mendean Ingalaterran Industria Iraultza jaio zenean, armak eta gerra izan zituen oinarri, eta ez... [+]
Telefono bidez eginiko bileran, bi agintariek adostu dute Moskuk ez diola erasorik egingo Ukrainako azpiegitura energetikoari hurrengo 30 egunetan. Ukrainak eta Errusiak 175na preso askatu beharko dituztela iragarri dute, baina ez noiz.
Europa mailako ekimen kolektibo batek bakearen, irtenbide diplomatikoen eta armagabetzearen aldeko manifestua idatzi eta sinadura bilketa hasi du. Manifestuak dioenez, intelektualak, herritarrak bezala, “anestesiatuta daude”. Europako agintarien jokamoldea, NATOren... [+]
Vladimir Putinek interesa agertu du AEBek eta Ukrainak adostu duten 30 eguneko menia epeaz, baina zalantzak ere plazaratu ditu. Funtsean, ez du presarik erakutsi akordioa sinatzeko eta denbora gehiago eskatu du zalantzok argitu ahal izateko.
Mikel Jauregi Industria sailburuaren ustez, euskal enpresek “lan ona” egin dezakete Europaren “segurtasun estrategia babesten”. Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Maria Ubarretxenak, berriz, berrarmatze asmoek “aukera berriak” ekar ditzaketela... [+]
Saudi Arabian elkartu dira AEBetako eta Ukrainako ordezkariak, eta zortzi ordu iraun duten negoziazioek fruitua eman dute. Etxe Zuriak Ukrainarentzako laguntza militarra berrabiaraztea erabaki du.
Europar Kontseiluak onartu du Ursula Von der Leyenek gastu militarrean proposatu duen 800.000 milioi euroko gastuarekin aurrera egitea. Horretarako bi arrazoi nagusi argudiatu ditu: Errusiari aurrea egitea eta Europar Batasunak aurrerantzean bere burua AEBen babes militarrik... [+]
Etxe Zurian edukitako liskarraren ostean, eskainitako laguntza "konponbide batera bideratuta" dagoela ziurtatu nahi du Trumpek. Zelenskiren arabera, Kievek bizirauteko aukera gutxi izango lituzke AEBen laguntza militarrik gabe.
Hala iragarri du Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak Londresen eginiko goi bileran. Etxe Zurian Trumpek Zelenskiren aurka egin ostean, izandako eztabaidaren aurrean, Europako buruzagiek babesa adierazi diote Ukrainako presidenteari.
AEBek Ukrainako gerraren aurrean egindako jarrera aldaketaren barruan, “lur arraroak” deiturikoak negoziaziorako gai nagusi bilakatu dira Volodymyr Zelenskyren eta Donald Trumpen artean. Lehenak nahi du AEBek bere segurtasuna bermatu dezatela Errusiaren aurrean,... [+]
Jarritako kondenak barkatzearen truke, armadara batu da preso andana. Azken urtean, errekrutatze-legeak gogortu ditu gobernuak.
Azken egunetako giroa baretzeko asmoz eta Ukrainako Gerraren bukaeraz hitz egiteko elkartuko dira Trumpekin, ondoko astean, Emmanuel Macron Frantziako presidentea eta Keir Starmer Erresuma Batuko Lehen ministroa. Auzi bera aipagai, ostegun honetan elkartzekoak dira ere... [+]
Palestinan genozidioa, Europan gerra eta potentzia nuklearren artean tentsioa. Ez daukagu berri on askorik emateko, baina bada bat, hondamendi orokorretik eratorria, aipatzea merezi duena: aldeko baldintzak sortzen ari dira kontrainformaziorako, informazio independenterako,... [+]