Butanoa lehertu zenekoa

  • Santurtziko Butano enpresako biltegian leherketa izugarri batek inguruko etxe ugari kaltetu eta milaka lagun herritik ihes egitera eraman zituen 1967ko urtarrilaren 17an. Istripu haren ondorio sozial eta emozionalak ez dira desagertu, gaur egun arte marraztu daitekeen sekuentzia kronologikoan ikusten denez.

Santurtziko gas leherketa hain izan zen handia, ezen Nerbioi ibaia itsasoratzen den Abraren bestaldean, Getxoko Areeta eta Algortan, etxebizitza askoren leihoetako kristala hautsi zuela. Toki hartatik suzko “onddoari” ateratako argazkiak postal gisa erabi
Santurtziko gas leherketa hain izan zen handia, ezen Nerbioi ibaia itsasoratzen den Abraren bestaldean, Getxoko Areeta eta Algortan, etxebizitza askoren leihoetako kristala hautsi zuela. Toki hartatik suzko “onddoari” ateratako argazkiak postal gisa erabili ziren geroago.

1967ko urtarrilaren 17an hotz handia egiten zuen Santurtzin. Astearte hartan, negua izaki, arratsaldeko 18:00ak inguruan ilundu zuen eta herritar gehienak goiz erretiratu ziren etxera, ohi bezala. Telebista frankistako kate bakarrean Belfegor, el fantasma del Louvre (Belfegor, Louvreko mamua) telesail frantsesaren laugarren eta azken kapitulua ematen ari ziren bitartean, Portu Frankoaren aldetik zetorren eztanda handia entzun zen herri osoan. 20:45ak ziren eta ordu arraroa bazen ere, hasiera batean herrigunetik gertu eraikitzen ari ziren zentral termikoaren obretako leherketa kontrolatua izango zela pentsatu zuten ingurukoek. Baina laster antzemango zuten ezohiko zerbait gertatzen ari zela, su bola ikaragarria ikusita.

22:30
Suzko bola erraldoia

Zierbenarako bidean, Serantes mendiaren magalak itsasoarekin bat egiten duen tokian zeuden Butano S.A. enpresaren biltegietatik zetorren leherketa. Arriskua ikaragarria zen eta herria berehala hustea agindu zuten. Hala, 22:30ak aldera bigarren leherketa gertatu zenean inguruko etxe gehienak hutsik zeuden, zorionez. Leherketa hura aurrenekoa baino askoz bortitzagoa izan zen: 259 etxebizitza suntsitu zituen eta Abraren beste aldeko Algorta eta Areetako eraikin askoren kristalak ere hautsi zituen. Auzune horietatik iluntasuna hautsi zuten suzko zutabe handien argazki ikusgarriak atera zituzten bizilagunek.

23:00
Herritarren ihesaldia

Santurtzi argindarrik eta telefono konexiorik gabe geratu zen, eta biztanleen artean izua zabaldu zen. Apenas ikusten zen ezer, eta ez zegoen informazio zehatza lortzeko biderik. Ihesaldia orokorra izan zen: oinez, trenez, autoz… Portugaletera, Sestaora, Bilbora, Serantes mendira… 20.000 pertsona abiatu ziren leku seguru baten bila. Lehorretik ez ezik, itsasoz ere irten ziren ahal izan zutenek, eta portuan atrakatuta zeuden merkantzia-ontziak ere ziztu bizian itsasoratu ziren. Herritarren oroimenean geratu den irudi nagusia ihesarena da: errepidea beteta, jendea mantaz estalita, hotza, iluntasuna, eta noizean behin isiltasuna hautsi eta zerua gorritzen zela beste leherketa baten ondorioz, gerra balitz bezala.

02:30
Suhiltzaileak Santandertik

Gertatutakoa larria izan bazen ere, ezinezkoa da neurtzea gerta izan zitekeena. Sua piztu zen tokiaren ondoko
CAMPSAren biltegietan 80.000 tona erregai zeuden eta suhiltzaileen ardura nagusia depositu horiek babestea izan zen. Portuko suhiltzaileak izan ziren iristen aurrenekoak, baina Bilbokoak ere laster ailegatu ziren, 02:30ean Santanderrekoak, eta 04:30ean Donostiatik joandakoak. Gau hura bizi izan zuten suhiltzaile guztien testigantzak oso antzekoak dira: ez zekiten zehazki nora zihoazen, baina suzko zutabeak urrutitik ikusten zituzten eta garbi zuten hondamendi handi baten aurrean zeudela. Halako batean, leherketa txikiago batek bultzatuta burdin batek biltegi nagusiaren horman jo zuen. Zorionez, azala mailatzea baino ez zuen lortu. Zulo txikiren bat eginez gero, auskalo leherketa nolakoa izango ote zen.

Butano S.A enpresak trenbidean zituen gas ontziak lehertuta eta inguruko eraikinak txikituta; CAMPSAko  biltegi nagusia ondoan zegoen, eta kanpoaldetik kaltetu zuen eztandak. (argazkia: Santurtzi.biz)

07:30
Paisaia beldurgarria agerian

Egunsentirako egoerak kontrolatuta zirudien, baina paisaia beldurgarria zen. Hildako bakarra egon zen hala ere: Vicente Gajate Marcos, Santurtziko udaltzaingoaren burua; antza denez, egoeraren larritasunaren aurrean bihotza gelditu zitzaion. Suhiltzaile batek erredura larriak jasan zituen eta 778 pertsona arin zauritu ziren, gehienak ihesaldian izandako istripu txikietan. Eta horrez gain, 800 pertsona etxe gabe geratu zen.

Urtarrilak 18
Lanera ez

Leherketen ondorengo egunean ez zen inor lanera joan eta Ezkerraldeko tailerrak langile santurtziarrik gabe moldatu behar izan ziren. Udaletxe aurrean jende asko bildu zen, denak informazio eske, senide edo lagunen berri jakin nahian. José Hernández Soto alkateak lasaitasunerako deia egiten zuen, eta behin eta berriz nabarmendu zuen ez zela hildakorik ez zauritu larririk egon; baina bere hitzek herritarrak lasaitu beharrean, haien haserrea areagotu zuten.

Urtarrilak 22a
Manifestazioa eta protestak

Haserre hori adierazteko manifestazioa antolatzen hasi ziren Santurtziko hainbat auzotako bizilagunen elkarte. Urtarrilaren 22an egin zuten protesta eta eskaera nagusia Butano biltegiak ixtea izan zen, edo gutxienez instalazioak etxebizitzetatik urruntzea. Manifestazioa udaletxearen aurrean bukatzen ari zela, Hernández alkatea balkoira atera zen berriz ere lasaitasuna eskatuz eta legeak bete behar zirela gogoraraziz. Manifestarien erantzuna, oraingoan, harriak izan ziren. Ingurua babesten ari zen Guardia Zibila oldartu eta istiluak herri osoan barrena zabaldu ziren. Jende ugari atxilotu zuten, baina denak egun berean utzi zituzten aske kargu gabe, dirudienez San Jorge elizako parrokoaren bitartekaritzari esker.

Herritarrek Santurtzin egindako manifestazio jendetsuetako bat, azpiegitura hori herri ondoan izateak sortzen zuen arriskuaz jabetuta, “gas fabrika gure etxeetatik urrunago” zioten pankartak zeramatzaten. (Santurtzi.biz)

Urtarrilak 31
Frankismoaren zentsura eta kargugabetzeak

Santurtziko leherketaren berria nazioartean zabaldu zenean, autoritate frankistak gertatutakoa estaltzen edo makillatzen saiatu ziren. NO-DO telebista albistegiak errudunik gabeko erreportajea erabili zuen irudia garbitzeko: esan zuen hildako udaltzaina lehendik gaixo zegoela eta bere heriotzak ez zuela istripuarekin zerikusirik. Hilaren 31n alkatea kargugabetu egin zuten eta bere ordez Antonio Cortadi jarri zuten.

20 urte geroago
Barrakoiak, bazterkeriaren sinonimo

Telmo Zarraonandia Zarra futbolariak, Jesús Loroño eta Federico Martín Bahamontes txirrindulariek eta garaiko beste pertsona famatu batzuek beraien objektu pertsonalak eskaini zituzten Bizkaiko Gobernu Zibilak Santurtziko herriaren alde antolatu zuen enkanterako. Espainiako Gobernuko Etxebizitza Ministerioak kaltetuak hartzeko “behin behineko” 200 barrakoi eraiki zituen El Burgo izeneko zonaldean. Barrakoi horiek 20 bat urte egon ziren zutik, eta zonaldea bazterkeriaren sinonimo bihurtu zen eskualde osoan. Butano enpresak, bere aldetik, hainbat lokalen lagapena egin zion Santurtziko Udalari, gehien bat ekintza soziokulturaletarako –hain justu haietako batean euskaldunduko ziren santurtziar asko geroago, urte luzez Santurtziko AEK-k egoitza nagusia izan baitzuen Fleming Doktorearen kaleko 17. zenbakian–. Algortatik ateratako leherketaren argazkiak postal formatuan saltzen ziren herriko kioskoetan. Dena normaldu zen, baina Butano biltegiak ez ziren mugitu.

Eztandak gutxienez 259 etxebizitza suntsitu zituen Santurtzin eta jende hori guztia El Burgo izeneko auzune berrian birkokatu zuten behin-behinean. Prefabrikatutako etxola horiek 20 urtez iraun zuten zutik eta Ezkerraldean bazterkeria-gune nagusietako bat bihurtu ziren (argazkia: Santurtzi.biz)

1974
Beldurra berriz zabaldu zen urtea

Bizilagunek erabilgarri geratu zitzaizkien altzari eta arropak atera eta gero, hormigoi egitura baino ez zuten hormarik gabeko etxeak bota egin zituzten. Herritarrak berriz ohitu ziren arriskupean bizitzera, baina noizean behin, barruan gorderik zuten beldurra azalarazten zuen gertaeraren batek. 1974an beste leherketa bat gertatu zen inguruan, kasu honetan arto biltegi batean metatu ziren gasen eraginez, ACEPROSA enpresaren alboko pabilioietan. Hildako bat izan zen eta 13 lagun larri zauritu ziren, eta santurtziarren artean 1967ko istripu handiaren paranoia esnatu zen. Zurrumurruek berriz butano gasa izan zela esaten zuten, eta askok eta askok, beldurtuta, etxeak utzi eta ihesari ekin zioten, zazpi urte lehenago egin bezala, oroimena ez baita norberak kontrolatu dezakeen zerbait.

XXI. mendea
Alarma-sirenak oraindik prest

XXI. mendearekin batera Butano instalazioak mugitu egin zituzten eta orain ez dago etxebizitzarik biltegiaren inguruan, baina santurtziarrentzat arriskua ez da askoz txikiagoa. Euskal Autonomi Erkidegoan arrisku kimikoaz ohartarazteko 14 alarma-sirena daude, horietatik 6 Santurtzin. Portua zabaldu eta urrundu zuten, kostaldeko leku gehiena herriari kenduz, baina trenbidez ateratzen diren arrisku handiko merkantziak Santurtzi erdigunetik ez ezik, Portugaletetik, Sestaotik eta Barakaldotik ere pasatzen dira oraindik. Portuko instalazioetan manipulatzen diren gaiez ere ezer gutxi dakite herritarrek: merkantzia toxikoak, arriskutsuak, lehergailuak, armak… Gaur egun, inork ezin du ziurtatu santurtziar zaharrenen oroimenean dagoen historia errepikatuko ez denik.

Hipotesi asko, erantzulerik ez

1967ko istripuaz ikerketa seriorik ez zen egin. Leherketa ez zen biltegian bertan gertatu, trenbidean zegoen bagoiren batean baizik, eta elkarren ondoan zeuden beste bagoiak berotuz joan ahala lehertu ziren. CAMPSAko biltegi nagusiak, berriz, kanpoaldetik baino ez ziren kaltetu.

Lehen leherketa izan zen tokia, karga eta deskargarako terminala –trenentzako bazterbidea zuena–, egun horretan bertan inauguratu zen. Beraz, batzuen ustez esperientzia eza edo instalazioaren ezagutza falta izan zitezkeen istripuaren arrazoi nagusia. Beste iturri batzuen arabera, biltegitik trenera gasa garraiatzeko erabiltzen zuten mangera askatzeak eragin zuen tragedia. Ontzien kalitate eskasa ere aipatu izan da, 536 gradu zentigradu baino ez baitzuten onartzen, eta askoz gogorragoak behar zuten izan. Beste batzuk butano likidoa isuri zela esaten zuten...

Butano enpresaren gerenteak, Benito Cid de la Llavek, tren istripu bati leporatu zion gertatutakoa: bagoiak kargatzen ari zirela, lokomotora batek trena jo zuen, mangera puskatu eta lehen leherketa sorraraziz. Edonola ere, ez zen aurkitu istripuaren arrazoi edo erantzule zuzenik. Garaiko txosten baten arabera, portuan eragindako kalteak orduko 30 milioi pezetatakoak izan ziren.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Naziek deportaturikoen oroimena, diru-zorro batean

1945ean Neuengammeko nazien kontzentrazio esparruan hil zen Jean Iribarne gamerearraren diru-zorroa berreskuratu eta bere senideei eman diete. Ipar Euskal Herrian gutxienez 350 herritar deportatu zituzten erresistentzian parte hartzeagatik, eta ia erdia ez ziren bizirik atera.


Hilberria
Elena Barrena, irakasle eta historialarien erreferentea

Gipuzkoako sorrera prozesuari buruzko bere doktore tesia aitzindaria izan zen, lurralde historikoen bilakaera ulertzeko. Deustuko Unibertsitateko irakaslea, historialari askorentzat eredu izan da bere lan egiteko eta irakasteko modua. Igande honetan hil da Elena Barrena Osoro... [+]


Analisia
Balantzaka gerrarantz

Gure amak beti esaten du: “Ez dut sekula ulertu zergatik gertatu zen Lehen Mundu Gerra”. Ez dio batere zentzurik harrapatzen. Ez du ulertzen zergatik inplikatu ziren Europako potentzia zaharrak halako basakeria batean eta ez zaio buruan sartzen nola konbentzitu... [+]


Lau maki, 1947 eta 1948 urteetan Donostian erailak

Maki gerrillari antifrankistek Euskal Herrian ez zuten presentzia bereziki nabarmena izan, baina batzuk pasatu ziren, baita erregimenaren errepresio bortitza pairatu ere. Guardia Zibilak hiru hil zituen Ibaetan 1947an eta bat Zubietan 1948an, ahaztuta badaude ere.


Erdi Aroko emakume kopistak

Orain arte uste izan dugu Erdi Aroan eta inprenta zabaldu baino lehen liburuak kopiatzeaz arduratu zirenak gizonezkoak zirela, zehazki, monasterioetako monjeak. 

Baina Bergengo (Norvegia) unibertsitateko  ikerlari talde batek ondorioztatu du emakumeak ere kopista... [+]


Italiar sukaldaritza ez da existitzen

Florentzia, 1886. Carlo Collodi Le avventure de Pinocchio eleberri ezagunaren egileak zera idatzi zuen pizzari buruz: “Labean txigortutako ogi orea, gainean eskura dagoen edozer gauzaz egindako saltsa duena”. Pizza hark “zikinkeria konplexu tankera” zuela... [+]


Europar Batasuna eta Errusia
‘Ostpolitik’, oihartzun fin hura

Gerra Hotza bultzatu zuten politiken alboan egon ziren ere bakearen aldeko ildoak. Ez zuten Ekialdea eta Mendebaldea batzeko moduko berregituraketa politiko berririk ekarri, baina errealitate berriak josi zituzten Europako Mendebaldea eta Ekialdearen artean. Horietako... [+]


Eugene Pottier
‘Kanta iraultzaileak’: inoiz galduko ez den kantuaren gauza

Ereserkiek, kanta-modalitate zehatz, eder eta arriskutsu horiek, komunitate bati zuzentzea izan ohi dute helburu. “Ene aberri eta sasoiko lagunok”, hasten da Sarrionandiaren poema ezaguna. Ereserki bat da, jakina: horra nori zuzentzen zaion tonu solemnean, handitxo... [+]


Lineal A idazkunik luzeena

Lineal A duela 4.800-4.500 urte erabilitako idazkera minoikoa da. Berriki, Kretako Knossos jauregi ezagunean, bolizko objektu berezi bat aurkitu dute, ziurrenik zeremonia-zetro gisa erabiliko zutena. Objektuak bi idazkun ditu; bata, kirtenean, laburragoa da eta aurkitutako... [+]


Gizonak frontera, emakumeak zubira

Londres, 1944. Dorothy izeneko emakume bati argazkiak atera zizkioten Waterloo zubian soldatze lanak egiten ari zela. Dorothyri buruz izena beste daturik ez daukagu, baina duela hamar urte arte hori ere ez genekien. Argazki sorta 2015ean topatu zuen Christine Wall... [+]


Resako aztarnategia Andosillan
Ebroko muga zaharraren lorratzetan

Nafarroako Erriberako Andosilla herrian, sorpresa ugari ematen ari den indusketa arkeologikoa egiten ari dira Aranzadiko arkeologoak eta herritar boluntario taldeak. Resako aztarnategian orain arte oso ezezaguna zaigun Goi Erdi Aroko gizarteak hobeto ulertzeko aztarnak aurkitu... [+]


2025-03-31 | ARGIA
Iruña-Veleia afera argitzea eta ondarea ez suntsitzea eskatu dute Gasteizen

Iruña-Veleia auzia “behin betiko” argitzea eskatu dute martxoaren 30ean, Gasteizen egindako manifestazioan. Iruña-Veleia argitu, ez suntsitu plataformak aztarnategian egindako “txikizioak” salatu ditu eta Arabako Foru Aldundiaren ardura... [+]


Ezkabako ihesaldia gogoratzeko, La Fuga mendi-martxa

Kirola eta oroimena uztartuko dituzte, bigarrenez, mendi-martxa baten bitartez. Ez da lehiakorra izanen, helburua beste bat delako. La Fuga izeneko mendi martxak 1938ko sarraskia gogorarazi nahi du. Ezkabako gotorlekuan hasi eta Urepelen amaituko da. Maiatzaren 17an eginen dute.


Eguneraketa berriak daude