“Kantuak egin du hemen politika-militantziak bezainbat lan”

  • Ez da haren nortasuna errazki definitzen. Anitz egin du, anitzetarik. 60ko hamarkadaren amaieraz gero, kantagintza berriaren izenetan ageri da Gexan Alfaro. Militante zaildua da, euskararekin kultura, kulturarekin politika, Ipar Euskal Herriaren historiaren jakile dugu joan den mende erditsuan.

Argazkia: Zaldi Ero
Argazkia: Zaldi Ero
Gexan Alfaro Lantziri. Urepel, 1941

Olerkari, idazle, kazetari. Kantagintza berriaren sorkuntzan esku hartu zuen, kulturarekin politikan militatu du, ikastolen mugimendua aitzinatzen lagundu du Seaskaren barnean, Elkar argitaletxearen eta Zabal liburu-dendaren sortzaileetarik izana… Ipar Euskal Herriak joan deneko berrogeita hamar urtean osatu duen historiaren jakile eta lekuko zuzena da, arduraz, pertsuz eta kantuz, Lantziritik… Etxalaira… liburuan ageri duenez.

Etsaminatzat hartu duzu solas hau, hainbat galdera jasorik. Ohiturik zaitugu gisako etsaminak egiten, hala ere.

Bai, seminarioan asko bagenuen. Urte bukaeran, beti baziren, eta huts ala kausi, beti aitzina! Kar, kar… Bizia bera ere, parte bederen, etsamina da. Norberak bere burua neurtzen du, baina bertzeek ere neurtzen dute norbera, eta neurtzen laguntzen. Horrela izan da beti bizia. Eta bizia bizitzea ez zait irudi neke denik, bizitzea plazera da. Hala eta guziz, badira ongiak eta gaizkiak, eta normalean, ontsalaz, horiek biak sentitzen ditugu denok, gureak eta bertzeenak. Baina oinarrizko baldintza bat baldin badugu –erran nahi baita, osasuna–, horiek denak gainditzen badira, plazerarekin bizi daiteke.

Zuk baduzu osasuna.

Bai, badut, eta zorionez, eskerrak Biziari!, hizki larriz. 1941ean sortu nintzen Urepelen, Lantziria laborantzako etxean. Hamazazpi haurride ginen, han bizi ginenak; sortuak, aldiz, hogei! Gure amak hogei haur ukan zituen hemeretzi haurralditan. Lehengo familietako ama gehienek haur anitz bazuten. Banaz beste, erraten dute dozena bat ukanen zituzketela garai hartan. Orduko amak zinez atleta batzuk ziren! Baserri munduan, gehienbat, bistan da. Gizonak bezala kanpoan ere lanean aritzen ziren, barneko lanak egin eta, kanpokoetan ere laguntzen: belarretan edo iratzetan, gaur egungoentzat gauza harrigarria! Eta Lantziria ere mendian zen, goi-goian ez, baina mendian halere. Eskolara joaten ginen oinez, gain beheiti 20 minutuz, erdi lasterka. Eskolatik Lantzirira, presa genuelarik ordu erdi bat behar genuen edo bestenaz hiru oren laurden.

Nor zen Lantzirikoa?

Ama. Mutuberria zuen deitura. Nafarroatik etorri izena duzu hori, aitarena bezala, funtsean: Alfaro. Gure gurasoak ezkondu zirelarik, joan ziren lehenik aitaren sortetxera, mendian gorago dagoen Domingarrenea deitu laborantza etxera. Hau ere beti bizirik dagoen etxea. Gero, Lantzirian, segidarik ez izanez, orduan, amaren aita-amek dei egin zieten ea ez ote zuten nahi Lantzirira etorri. Eta horrela Lantzirian kokatu ziren, gaur egun oraino beti laborantzatik eta artzaintzatik bizi den etxean.

Eskola aipatu duzu. Frantses eskola, jakina.

Bai, herriko eskola bakarra zen orduan han, eta hizkuntza ere bakarra: frantsesa. Gure artean, aldiz hizkuntza bakarra euskara zen, etxean bezala herrian ere, eta nola ez eskolako ateratze eta aire hartzeetan. Bazuten asmatua txotx txiki bat, eta hori elkarri banatzen genion: azkenik euskaraz mintzatzen zenak hartu behar zuen, eta eskolara sartzeko mementoan eskuan zuenak, bazuen zigorra. Eni ere gertatu zait aldi bat baino gehiago, bistan da. Euskaraz mintzo ginelarik gelan, erakasleak emaiten zizkigun asto-beharri handi batzuk bizkarrean. Eta ni ere ibili naiz asto-beharri handi haiekin eskolan, eta aire hartzeetan ere!

Hori zen orduko ‘pedagogia’.

Pedagogia militarra deitzen dut nik hori! Baina horregatik ez ziguten guri euskara galarazi. Frantsesez zerbait ikasi genukeen, baina gero kolegiora joanez, hobeki ikasi genuen herriko eskolan baino. Orduan, gure hizkuntza bakarra euskara zen. Herritarren artean euskaraz ari ginen, oztopo horiek denak errazki gainditzen genituen.

Argazkia: Zaldi Ero
"Lagunen artean, han eta hemen, Euskal Herria ikusten dugu, baina kanpotik heldu den batendako, nahiz han nahiz hemen, oraino luzerako Frantzia eta Espainia da Euskal Herria"

Kolegioa aipatu duzu.

Bai, eta gure etxean denak pasatu ginen, guti edo aski, kolegiotik. Batzuk, Hazparnerat, ni lehena. Hamar urtetan joan nintzen, igorri ninduten, nonbait, ni baitan apaizgaitasun zerbait ikusi zuen norbaitek, apaizak ala serorak ez dakit, eta familiari erran, behar ninduketela harat igorri. Gure bidea horrela egin dugu. Ondotik, beste bi haurridek ere bide bera egin zuten, baina ni baino gutixeago. Nik 26 urte arte segitu nuen bidea. Hamazazpi urte pasatu nituen horrela bide berari jarraikiz! Eta, segur, urte inportanteak izan ziren. Neska mundutik-eta beti baztertuak, denbora hartan. Oroitzen naiz, Urepeleko bestak zirelarik ere, ni bestetara ezin joan haurrideekin, apezgaia nintzelako! Haiengandik urrun behar nuen egon. Orduko kultura hori zen.

Zertan zen apezgaiaren euskal giroa, orduko kultura hartan?

Euskaldun anitz baginen, eta euskaltzale andana bat Hazparneko kolegioan. Euskal Herri ttipi bat ginen. Euskara gure hizkuntza zen, gure nortasuna, horrela sentitzen genuen, eta atxiki genuen. Hor zen Manex Pagola ere, eta talde bat osatu genuen, euskaltzalea. Gero, Uztaritzen segitu genuen, gehiago, nortasun handiagoa ere bagenuen. Eta baziren apez euskaltzaleak ere, Piarres Lafitte bat, adibidez, kalonjea, eta hizkuntzalari handia. Bazen beste bat ere, laguntzen eta bultzatzen gintuena: Piarres Xarriton. Nik Lafitteren oroimena dut gogoan atxiki gehienbat. Aire hartzeetan biziki jostakina zen ikasleekin, sekulako solasa bazuen, istorio kontatzailea zen, irriz harrarazten gintuen. Beti baginen hamar, dozena bat euskaltzale haren inguruan, euskaraz. Irriz hartzen ginen, kontatzen zuena irri egingarria baitzen, baina beraren irri egiteko moldea ere bai, eta harentzat ere maite genuen! Kar, kar…

Nola sendotu zen zuen baitan etxetik zeneramaten euskaltasuna?

Frantses munduak indartu zuen hori, segur naiz, zeren eta euskara ez zen erabiltzen irakaskuntzan, eta guk hori gaizki bizi genuen. Frantsesean ere ez ginen hain onak, behar da erran, ahal bezala ari ginen, eta, beraz, frantsesak berak euskaltzalegoa piztuarazi zuen gehiago. Manex Pagola, Joanes Borda, Beñat Sarasola… denak elkarrekin ginen Uztaritzeko kolegioaz geroztik. Kuadrilla. “Laukotea” deitzen genuen gure taldea.

Zer ondorio utzi dizute hamazazpi urte haiek?

Uste dut bide hori ez bagenuen egin, beharbada hargina izango nintzela, anaia bezala. Baina ez dut urrikirik bide hori eginik, zeren eta horrela gure kultura zabaldu dugu, anitz gauza ikasi dugu –gutxi atxiki, baina ikasi anitz! Kar, kar...–, eta Euskal Herriaren errealitatea bizi izan dugu, barneratzen joan da, gure baitan sartu da. Hamazazpi urtez.

1967an irten zinen Baionako seminariotik.

Bai. Lehenik Manex [Pagola] kanpo eman zuten, eta gero ni, astebeteren buruan. Manex kanpo eman eta nire deskargua eman nuen, idatziz. Banindoan, nire maletarekin, seminario handitik, eta kanporatzean, beste alde batetik, Joanes Borda eta Beñat Sarasola ikusten ditut: “Zer ari haiz?”. “Banoak. Eman diat nire deskargua, bukatu duk ene hemengo afera!”. “Haugi, haugi gurekin, apezpikuarekin hitzordua badiagu, aterabide bat atzeman ahalko diagu!”. “Ez duk posible, baina joanen nauk, frogatzeko bada ere, ez dela posible erraiteko!”. Apezpikuak errezibitu gintuen, eta gure kasua esplikatu genion.

Zer erran zenioten?

Euskal Herriko apaiz nahi genuela izan eta, beraz, euskarazko formakuntza ere nahi genuela hartu… Finitu genuelarik, apezpikuak frantsesez ihardetsi zigun: “C’est tout?” (Hori da guzia?). Eta orduan erran zuen gauza bat, enetzako aski izan zena: “En ce qui concerne la langue basque, je serai un comme mur!”. (Euskarari dagokionean, harresi bat bezala izango naiz) Xutitu nintzen, eskua eman nion, eta agurtu: “Agur, monsinore, nik ez dut gehiago deus egitekorik zurekin!”. Eta joan nintzen, Joanes eta Beñat han utzirik. Apezpikuak “aldaketa psikologikoa” egitera igorri zituen biak, Frantzia behealde horretara, Cher eta Vierzon departamenduetako hiri ezberdinetara, urte batentzat, formakuntza segitzera. Itzuli zirelarik, gauza bera. Ikusi zuten ez zirela ideiez aldatu; beraz, beraiek ere kanporatu zituzten.

Bizi berria egin behar izan zenuen…

Hor heltzen zara, itsasoaren aitzinean bezala. Prestatua ez zara, eta besteak bezala egin behar duzu, lan bat bilatu, lanean hasi, eta gero, helburuak-eta aldatu: “Ni familia handi batetik heldu nauk!”, eta familia bati buruz bideratzen zara. Gazteriarekin mendira ateratzen hasi nintzen, eta horrelaxe ezagutu nuen ene andrea. Maite genuen taldean mendian ibiltzea, ateraldia egin, eta, gero, edozein herritan ostatuetan gelditzen ginen eta kantuz aritzen ginen, gure kantu berriekin-eta. Sekulako giroa bizi genuen.

Kantagintza berria hasia zen ordurako...

Soroa anaiak ari ziren, bai, Robles Arangiz. Gero, Ez Dok Amairu. Ezagutu genituen Mixel Labegerie, eta Lourdes Iriondo, eta denak. Piztualdi bat bazen kulturan, eta sentitzen genuen bazela. Nik, bereziki, zeren eta maite nuen idazten hartzea, bertso gisako olerki batzuk egiten nituen ere, kazetari ere izan nintzen zenbait urtez, eta hori aitzin, seminarioan nintzelarik, Zeruko Argia-n idazten nuen, Herria-n ere bai… Idaztea maite nuen, eta, hor, senditzen nuen euskararen berpizkunde bat bazela. Pozik ginen parte hartzean.

ETA ere bazen.

Bai, haren piztea ere bazen Hegoaldean, eta eragina bazuen hemen. Ideia aldetik, erran nahi dut. Gazteria bat bazukeen, laguntzaileak bazituzkeen ere, iheslekuak… Denbora hartan, Baionako seminarioko zuzendariak —Ariztia, saratarrak—, erran zidan: “ETAren bidez baizik ez nuela pentsatzen!”. Sobera atxikia nintzen euskarari, eta hor nenbilen ni, Ipar eta Hegoaldea-eta. Ez zuen soportatzen ahal, gaixoak! Normalki, euskal mugimenduan sartuak ginen. Baina kanturik gabe ez dakit hemen kultur iraultzarik eginen zen, eta politikoa beharbada gutiago. Enetako, kantuak sekulako eragina izan zuen. Kantaldiak antolatzen genituen —partaide nintzen antolatzaileetan—, eta gazteria biltzen zen. Hartzen ginen anitz tokitan antolatzen, kantariak Hegoaldetik ekarrarazten genituen, beti, Iparraldekoekin batean, erakusteko hemengo jendeari: “Ikus, euskara bada Hegoaldean, euskaldunak dira han ere, gu bezala!”. Gure politika zen hori ere. Sekulako jendea higitzen zen. Kantuak egin du hemen politika-militantziak bezainbat lan. Ideien zabaltzen, herritasuna, euskaltasuna sentituz eta pozez biziarazten. Kantuaren bidez egin da hori dena.

Ipar Euskal Herriko jendeek hobeki ezagutzen dute Hegoa, hangoek hemengoa baino?

Baliteke. Nik hori esplikatzen dut erranez nola Euskal Herri zatirik handiena eta eraginkorrena han den, beti hari beha egon gara, hango influentzia hartu dugu, normal den bezala. Segur. Franco hil eta gero, adibidez, posibilitate gehiago ireki zuen bi aldeetako euskaldunak gurutzatzeko.

Argazkia: Zaldi Ero
"Manex Pagolari esker sortu zen Elkar. Enbataren Goiztiri argitaletxea gelditu zelarik, Manexek ez zigun bakerik ematen: 'Behar diagu sortu argitaletxe bat!'"

Elkar argitaletxea sortzea zer izan zen?

Aitzineko bidearen segida! Lagunen artean sortu genuen Elkar, 1972an. Ordu arte egiten genuena egiten segitu genuen argitaletxea Baionan sortu genuelarik. Manex Pagolari esker sortu zen Elkar. Enbataren Goiztiri argitaletxea gelditu zelarik, Manexek ez zigun bakerik ematen: “Behar diagu sortu argitaletxe bat!”. Hasi ginen, izenak eman genituen, proposamen bat izan zen: Euskal Liburu eta Kantuen Argitaldaria, hots, Elkar. Zabal liburu-denda, berriz, Joseba Jaka eta Jokin Apalategik ireki zuten. Eta zenbait urteren buruan, han zen Jose Mari Sors ere. Nihaur ere geroago Zabal liburu dendako langile gisa sartu nintzen.

Joseba Jaka eragile handia izan zen bi aldeetan ere.

Zabal kultur elkartea 1972an muntatu genuen, eta bagenuen aldizkari bat ere, izen berekoa. Dendari zer izen eman hasi ginelarik, aldizkariarena eman genion. Hor elkartzen ginen denak: Battitta Larzabal, Jakeline Idiart, Joseba Jaka, Jokin Apalategi, Maite Idirin, Joxe Mari Sors, Paulo Iztueta… eta beste batzuk. Erasoak ere izan genituen, zartatu baitzuten Zabal liburu-denda. Lehenago, Mugalde denda zartatu zuten Hendaian, eta Nafarroa izenekoa, berriz, Miarritzen. Baita frantses liburutegi bat Donibane Lohizunen ere.

Lehertzeak liburu-dendetan garai batean. Ondoko sasoian, GALen atakeak.

Zabal dendako Pannecau karrikan ezin bizia gertatu zen. Jende guti ibiltzen zen orduan. Aitzineko aldietan errefuxiatu anitz ikusten ziren ostatuetan. GAL abiatu zelarik, denak ezkutatu ziren. GALen atentatua izan zen karrika horretako Les Pyrénées ostatuan ere. Sekulako beldurra sarrarazi zuten. Hori bukatu zen frantses gobernuak Iparraldean bizi ziren errefuxiatu andana beste alderat eraman zuelarik. Hori zen bi gobernuen arteko tratua. Bestela GAL ez zatekeen geldituko.

Gogotik saiatu zineten Baionan ikastola sortzen, eta ikastolari segida ematen.

Horrela bizi ginen gu, galdea zen lekura joanez. Hori zen gure militantzia, hori gabe ez ginen ontsa. Ene bizia zen hori, kultura behar zen antzinatu. Ikastolak sortu dira, beraz, behar ziren aitzina eraman. Eta, gero, lehenik Xalbador Kolegioa eta lizeoa Kanbon sortzea sekulako urratsa izan zen. Eta hor ere talde txiki bat abiatu zen. Baionan ireki zen lehenbiziko kolegioa, hamar, dozena bat haurrekin. Biziki guti. Hortik pasatuko ginen Xalbador ikastegira, eta, gero, jarraipena, lizeoraino. Auzolan sekulakoa izan da, hemen, Iparraldean berean, eta ere Hegoaldeko jendearekin, laguntzera etortzen baitzen.

Aipatzekorik bada laguntzera etorri zitzaizuen jendearen artean...

Bagenuen, bereziki, irakasle bizkaitar bat, Gillermo Etxebarria. Haren bidez, dozena lagun asteburuetan etortzen ziren Xalbador ikastegira gure laguntzera, eta hor bizi genuen sekulako giroa. Kasu berezi bat. Iparraldeko jendeak, ofizialek anitz lagundu gintuzten. Eta gero, faktura edo kontua galdegitean: “Ez, hori zuen laguntzeko da”. Uzten ziguten beren lana dohainik. Harrigarria. Elkartasun handia piztu zuen kolegio horrek. Hor ibili ziren Sarako Urbistondo anaiak, Henri Dutournier eta bertze batzuk… Anitz jende ibili zen gure laguntzen.

Erein zenuten haziak uzta eman du.

Bidea egin dugu, eginarazi dugu, eta arbola guziak bezala, gureak ere fruituak eman ditu. Gure lanak ere fruitua eman du, bestenaz ez zen jarraipenik izanen. Eta ikusirik, gostarik gosta, nola hedatzen joan diren ikastolak kasik herri anitzetara Iparraldean —gure ametsa zen ere—, eta sortu diren kolegioak —bosgarrena eginen dute orain—, Sehaskaren eta ikastolaren zuhaitzak fruituak eman ditu, segur. Enetako, euskaldunarentzat, ontsalaz, hizkuntza da gure identitate ikur nagusia, euskara, eta euskararekin doan kultura, eta horri lotua den politika: erran nahi baita, Euskal Herriko politika. Horiek denak elkarri lotuak dira. Familia bera da hori dena.

Politika horrek eraman zintuen kartzelara?

Badut uste. Atea zabaldu genuen errefuxiatu bati, eta hura nonbaitik ere, ETAko ekarria zen...

Zein oroitzapen duzu kartzelako aldiaz?

Bi gisatako oroitzapenak ere baditut. Ni biziki ongi nintzen. Etxean, gaizkiago ziren. Emaztea bakarrik etxean gure lau haurrekin. Egia da horren ondorio izan zela hemen sekulako elkar laguntza, Ni, berriz, kartzelan ongi. Hona zer idazten nion familiari idatzi bertso batean: “Nihaur gartzelan, zuek Herrian, preso intsumituekin… Elkartasuna bizi dezagun alaitasun haundirekin! Ez etsi gero, aitzina segi, abertzale ideiekin… Askatasuna jinen zaigu ba, noizbait oi Bakearekin!” Denbora hartu nuen: gogoeta, bertso, irakurtze, kantu… egiteko.

Jesus duzu oraindik gidari, idatzia duzunez.

Bai. Ene bizitzan egin dudan aurkikuntzarik harrigarriena —ederrena, erranen dut—, izan da Jesusen biziaren ezagutzea. Gizon hori izan dena, zer izan den, zer egin duen eta zertaratu duten azkenean, bere erlijioko gizonek. Enetako, jarraibide bat harrigarria da. Horrek erraiten duena eta egiten duena egiten bagenu, lorian ginateke. Baina Jesus ez da modakoa, Elizak ez baitu bere lana bete. Jesu Kristo nor den, eta zer den, ez du erakutsi. Eliza, erakundea, arras kontrako bidetik doa gaur egun oraino: finantza-munduarena da, sistemarena da, boterearena eta istorio. Hori erranik, ene jarraibidea Jesus da, eta horrek pozten nau.

 

 

 

 

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ipar Euskal Herria
“Migratzaileak autoan hartu eta Polizia egon zitekeen errepideak saihestuta eramaten nituen”

Pertsona migratzaile asko eraman ditu Aritzek bere autoan, Poliziak ez ditzan harrapatu, gaueko iluntasunean ez daitezen galdu eta batetik bestera seguru ibili daitezen. Bereziki gogoan ditu Irundik Hendaiara muga gurutzatzen lagundu eta etxean lotan izan zituen emakumea eta... [+]


2024-09-16 | Euskal Irratiak
Luhusoko bestetan izandako bortxaketa salatu dute

Ehun bat pertsona bildu ziren larunbatean Luhusoko plazan Itaia emazte antolakundeak eta Luhusoko besta komiteak jakinarazi duten bortxaketa salatzeko.


2024-09-13 | Euskal Irratiak
Baionako zitadelako eraikuntza proiektuak arrangura piztu ditu ekologistengan

Baionako zitadelan proiektu berriak ditu armadak. Eraikin berriak egin nahi ditu eta horretarako oihanaren zati bat deseginen dute eta ura atxikitzeko bi gune ere sortu nahi dituzte.


Euskarazko “parentesia linguistiko ederrak” proposatzera dator Mintzalasai festibala

Irailaren 16tik 22ra iraganen da euskararen erabilpena bultzatzeko xedez antolaturiko festibala. Baiona, Angelu eta Miarritze hirietan bideraturiko festibalaren hamahirugarren edizioa dute aurtengoa.


Maddi Kintana
“Badirudi lagunarteko hizkera, Hegoaldean eta Iparraldean, ezin dela banandu gaztelaniatik eta frantsesetik”

Maddi Kintanak ekainean aurkeztu du Master Amaierako Lana Bordeleko Unibertsitatearen eta Iker ikerketa-zentroaren laguntzarekin. Gazteen hizkera BAM eta inguruan du izenburu eta Biarritz, Baiona eta Angeluko 18 eta 24 urte bitarteko gazteen hizkera aztertu du. Horretarako,... [+]


2024-09-11 | ARGIA
Euskararen aldeko ekintzengatik zigortu du Gorka Torre Baionako auzitegiak

Euskaraz deklaratzea ukatu dio epaileak, eta erabaki du ez parte hartzea bere aurkako epaiketan. Auzitegi kanpoan babesa ematera joandako hamarnaka euskaltzaleren aurrean desobedientziarako deia egin du Torrek. Guztira 3.268 euro ordaintzera zigortu dute.


2024-09-11 | Euskal Irratiak
Elorri Arkotxa
“XIX. mendeko gutunen bidez, Xiberoako garaiko gizartea ezagutu nahi izan dut”

XIX. mendearen bukaeratik Lehen Mundu Gerrara arte xiberotarrek gutun bidez ukandako komunikazioa ikertu du Elorri Arkotxak Nafarroako Unibertsitate Publikoan eginiko tesian.


‘Inesa de Gaxen’ pastoralak beste bi emanaldi eskainiko ditu irailean

Lehen aldiz ekainean antzeztu zuten Inesa de Gaxen pastorala, Bastidan (Nafarroa Beherea). Izan zuen arrakasta ikusita, xarnegutarrek irailean berriz biziberrituko dute Gaxengo Inesaren historia, irailaren 21 eta 22an, Bardozen (Lapurdi). 1.000 sarrera jarri dituzte salgai... [+]


Folklore Basque-a

Uda hasiera. EHZ festibalaren biharamuna (atx, buruko mina). Ikasturte kargatu baten ondotik, hatsa hartzeko gogoa. Burua hustu. Funtsezko elementuei berriz konektatu. Familian denbora hartu, aspaldiko lagunak berriz ikusi eta eguneroko borrokak (pixka bat) pausan eman... [+]


2024-08-28 | Euskal Irratiak
Mauleko espartingileek udako sasoi txarra ukan dute

Espartingileek ez dute nahi beste saldu uztailean eta ekainean. Turismoak beheiti egin du uda honetan Ipar Euskal Herrian eta supermerkatuek espartina gutxiago manatu dituzte.


Miarritzeko auzapez ohi Didier Borotra zendu da

Politikari zentrista ezaguna, 1986tik 1991ra Departamendu kontseilari izan zen, 1991tik 2014ra Miarritzeko alkate eta Frantziako senatari 1992tik 2011ra. 86 urte zituela zendu da abuztuaren 21ean, infartu baten ondorioz.

 


2024-08-22 | Euskal Irratiak
Maddi Kintana: “Gazte euskaldunen hizkeran frantsesak eragin handiagoa du”

Maddi Kintanak Baiona, Angelu eta Miarritzeko gazteen euskara aztertu du bere tesian. Hitz berriak sortzen dituzte baina baita hitzak beste hizkuntzetatik hartzen ere, besteak beste, interneten eraginez.


2024-08-20 | Euskal Irratiak
Bigarren etxebizitzen kontrako aldarria entzun da Miarritzen

Etxebizitzen %20 baino gehiago jadanik bigarren etxebizitzak dira Ipar Euskal Herrian. Larrialdi klimatikoaz sentsibilizatzeko lau hilabetez, Nantesetik abiatu Alternatiba txirrindula itzulia, kostaldean zen aste buruan.


Eguneraketa berriak daude