In extremis adostu dute alderdi politikoek EAEko hezkuntza hitzarmena: hasierako testuaren gaineko aldaketak negoziatu ostean, EAJ, EH Bildu, PSE eta Elkarrekin Podemos-IU alderdiek itxia zuten akordioa, baina adostasuna hankaz gora jarri du azken unean PSEk, eta urduritasuna eta tentsioa izan dira nagusi. PSEren desadostasunaren arrazoia: legeak euskarari hezkuntzan emango dion lekua. Azkenean lortu dute lau alderdiek bat egitea hitzarmenarekin. Hona adosturiko testuaren gakoak.
Adosturiko testua ez dute publiko egin oraindik, baina negoziaturikoa azaldu dute batzuek eta besteek. Apirilaren 7an egingo dute behin betiko bozketa, Eusko Legebiltzarrean.
Euskararen lekua
Erreportaje honetan aurreratu genuenez, euskara izan da gatazka iturri nagusietako bat hezkuntza hitzarmenean, batez ere hitzarmenaren hasierako testuak euskarari ematen zion zentraltasuna urardotu nahi zuelako PSEk, eta egungo hiru hezkuntza ereduak mantendu nahi dituelako (A, B eta D ereduak); aldiz, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk hizkuntza eredu bakarra eskatu dute ikastetxe guztientzat.
Gai honen bueltan, hitzarmenaren bozketa egunean bertan EH Bilduk eta PSEk izan dute ika-mikarik handiena, eta Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua bera ikusi dugu tira-bira honen erdian Legebiltzarrean lur hartzen, Madrildik zuzenean. Kontuak kontu, ez dirudi zirriborroko testua asko aldatu denik: ikasleek derrigorrezko hezkuntza bukatzean euskaraz eta gaztelaniaz B2 maila izan behar dutela esaten da, eta hirugarren hizkuntza batean B1 maila. Hori lortzeko, euskara ardatz duen sistema eleanitza eskatzen da ikastetxeen hizkuntza proiektu gisa, eta hizkuntza proiektu malgua dela azpimarratzen da, bertako errealitate soziolinguistikoaren araberakoa. PSEk esan du hiru hizkuntza ereduen inguruan ez duela ezer esaten adosturiko testuak –Euskalgintzaren Kontseiluak eta beste hainbat eragilek eskatua zuten testuak espreski jaso zezala hiru ereduen eskema gainditzen dela–. Beraz, zirriborroa irakurrita egiten genuen galdera berak segitzen du gure buruan: legeak zehaztuko al du “euskara ardatz duen eredua” izateak zer esan nahi duen, adibidez proportzioan zenbat ikastordu izan beharko diren euskaraz?
Itunpeko ikastetxeei, betebehar gehiago
Legeak bere baitan itunpeko ikastetxeak hartuko dituela eta %100eko finantzazio publikoa lortzeko aukera izango dutela ez zegoen zalantzan, azaldu genuenez: Euskal Hezkuntza Zerbitzua deiturikoan parte hartzen duen ikastetxe orok jasoko du %100eko finantzazio publikoa. Zirriborroan, Euskal Hezkuntza Zerbitzuaren parte izateko –eta beraz diru publikoz finantzatua izateko– betebehar bakarra jasotzen zen: ikasleen segregazioari aurre egiteko konpromisoa. Testu berrituan, beste betebehar batzuk ere eskatuko zaizkio ikastetxeari: adibidez, sexuaren arabera ikasleak segregatzen dituzten ikastetxeek ez dute parte hartuko; laikotasuna ere betebehar bat izango da –Espainiako Gobernuaren LOMLOEk ezartzen duen erlijio kopuru minimoa izango da ikastetxeek erlijio ikasgaiari eskaini diezaioketen maximoa–; itunpeko ikastetxeek langileen kontratazio prozesu garden eta demokratikoak garatu beharko dituzte; irabazi asmorik ez dutela frogatu beharko dute; eta kuotarik ezingo diete kobratu gurasoei. Irizpide hauek modu progresiboan bete beharko dituzte ikastetxeek.
Eskola publikoaren papera
Hezkuntza hitzarmenaren zirriborroak argia ikusi zuenetik, jasotako kritikek bereziki salatu dute itunpekoen finantzazioaz hitz egiten zen bitartean, sare publikoko ikastetxeak bazter uzten zituela, horien baldintzak hobetzeko nahikoa neurri hartzen ez zirela iritzita. Bigarren testu honetan, sare publikoaren rola indartzeko konpromisoak jaso dituzte alderdiek, eta sare publikoa sistemaren ardatz dela ere nabarmendu dute, gutxienez hitzez. Eskola publikoarentzat propio egindako plan estrategiko bat onartu dute –bere lorpentzat jo du plan hau Elkarrekin Podemos-IUk–, egungo plantillak sendotzeko, irakasleen egonkortasuna hobetzeko eta azpiegiturak berritzeko, besteak beste. Ikastetxe publikoen autonomia garatuko duen arau-esparrua sustatzea eta ikastetxe publikoek irakasleen plazak zehaztu ahal izateko mekanismoak jartzea ere aurreikusten du hitzarmenak.
Ikastetxeak publifikatzeko araudia ere garatuko da, baina publifikazio prozesurik ez da zabalduko, Elkarrekin Podemos-IUk hasieran proposatu bezala. Itunpekoak progresiboki sare publikoko ikastetxe bihurtzeko proposamena zuen mahai gainean alderdiak, eta helburu zehatzak ere eraman zituen negoziaketetara, baina puntua ez da aurrera atera.
Segregazioa gainditzeko neurriak
Arrazoi sozio-ekonomikoengatik ikastetxeen artean ikasleek jasaten duten segregazioa gainditzea helburu zuen hitzarmenaren hasierako testuak, baina ez zuen neurri zehatzik jasotzen, eta hori ere salatu zuten eragileek. Bigarren testu honetan, neurriak ageri dira, tartean matrikulazio prozesuan esku hartzeko udal-bulegoak gaitzea, berandu hasten diren ikasleen eskolaratzean eragitea –eskolaratze orekatua irizpide hartuta–, ikasleen onarpenari buruzko araudia eguneratzea ikasle zaurgarrientzako plazak gordez, eta Hezkuntza Konplexutasunaren Indizea arautzea, besteak beste. Dena den, berriz errepikatuko dugu: neurriak neurri, borondatea funsezkoa izango da, benetako borondatea politikariengan, aniztasunari ateak zabaltzeko benetako borondatea ikastetxeetan, eta ikuspegi indibidualista batetik harago ikuspegi kolektiboa izango duten gurasoen borondatea, matrikulazio prozesuak gaur gaurkoz familien hautua lehenesten baitu.
Azkenik, deszentralizazioari eta kogobernantzari ere garrantzia eman dio hitzarmenak, aipaturiko erreportajean kontatu genuenez.
Eskola publikoko eragile gehienen kontra EAEn onartu den Hezkuntza Lege berriak irakaskuntza kontzertatuaren doakotasuna bermatzea du helburu, beti ere botere publikoen finantzaketaren bidez, jakina. Espainiako Estatuan ere gobernukideek... [+]
Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburu berriak egindako adierazpen ugariei erantzunez, Hezkuntzari buruzko 17/2023 Legea ezarriko da aurtengo ikasturte hasieran, Legebiltzarrean EAJ eta PSEren babes bakarrarekin onartu zena. Ezarpen horrek berekin ekarriko du agindu eta... [+]
Itunpeko ikastetxeetan ari diren irakasleen soldata eskola publikoan ari direnekin parekatuko du Eusko Jaurlaritzak. Parekatzea progresiboa izango da, prozesua 2027an amaituko da eta prozesua hasteko 67 milioi euro bideratuko ditu aurtengo aurrekontu publikoetatik. Hezkuntza... [+]
EAEko Hezkuntza Legea. Biharamunerako koordenatuak liburua aurkeztu du asteazken honetan Hik Hasi egitasmoak. “Denontzat eta denona izango den hezkuntza sistema publikoa, bateratzailea, soziala eta inklusiboa erdiesteko bidean lege berriak zein aukera irekitzen dituen... [+]
Gasteizko Legebiltzarraren aurrean egin dute protesta Euskal Herrian Euskarazeko kideek, “iraungita” dagoen Hezkuntza Legearen onarpena salatzeko. Goizeko 9:00etan elkarretaratzea burutu dute eta bi kide Legebiltzarreko atera kateatzen saiatu dira.
Iritsi da eguna: Eusko Legebiltzarrean ostegun goiz honetan onartu da soilik EAJ eta PSEk babesten duten Hezkuntza Legea. Legebiltzar atarian, Euskal Eskola Publikoaz Harrok eta Euskal Herrian Euskarazek protestak egin dituzte. Duela hogeita hamar urte onartu zen azken hezkuntza... [+]
Hezkuntza Lege berria, adostasunetik jaio behar zena, haserrean eta desakordioan onartu da. Publiko-pribatu auziak eta hizkuntza ereduek eragin dute akordio falta. Pena handia.
Horretan Espainiako ereduari jarraitzen diogu, EAEn ez garelako gai oinarri amankomun batzuk jarri... [+]
Eusko Legebiltzarrak abenduaren 21ean bozkatuko duen EAEko Hezkuntza Legearen balorazioa egin du Euskalgintzaren Kontseiluak. Legea “etorkizuneko belaunaldiei euskaraz jabetzeko eskubidea bermatzetik urrun” geratuko dela kritikatu du. Gehitu du ez dela izango... [+]
"Azaroaren 29an Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean onartu den Lege proiektua dagoen moduan onartzen bada, Euskal Hezkuntza Sistema eraldatzeko aukera galduko dugu", adierazi dute Ikastolen Elkarteko lehendakari Nekane Artolak eta zuzendari nagusi Jose Luis... [+]
Ez orain, ez lehen!