Euskara ikasleari tresna berria eskaini dio Lander Iruretagoiena Busturia (Bilbo, 1980) irakasleak. Enpresa, Administrazioa eta Zuzendaritza ikasketak egin zituen, baina euskara irakasle da 2007az gero. Gaur egun, Erandioko euskaltegian dugu lanean.
Gure hizkuntzaren irakaskuntza errazteko materiala sortzen hasi zen, hainbat gai pilatu, harik eta dena bildu eta argitaratu zuen arte, hala paperean nola sarean (www.euskaragara.net). Harrera ona izan zuen hasieratik, 2014koa baita lehen argitalpena, eta bosgarren edizioan ari baita dagoenekoz. Iruretagoiena sinetsirik dago metodologia aldatuz gero, irakasleei formazio egokia eskaini eta eduki interaktiboetan trebatuz gero, euskararen irakaskuntza hobetuko litzatekeela. Berak, ohi ez bezalako erreminta jarri du irakasle-ikasleen eskuetan.
Zer duzu zure liburu hori, Claves para aprobar el B1. Base de B2 y C1. Euskara azterketa gainditzea da helburua?
B1eko ikasleentzako amua izan dadin jarri nion titulu hori nire materialari. Hasieran, euskaltegian jasotzen nituen ikasleak ezinean zeudenak ziren, B1 mailan, alegia. Eta materiala sortzen hasi nintzen. Egia esan, materialik sortu nahi izatekotan, horixe da mailarik errazena ere. Bestalde, aspaldi konturatu nintzenez, maila guztietakoa da euskara ikasteko nahiz irakasteko erronka, baita zailtasuna ere. Dena dela, nahasterik izan ez dadin, esan behar dut nire hau ez dela metodoa. Nire materiala ez da Bakarka, ez IKAren metodologia, ez AEKrena; ez da Primeran, ez Arian. Nirea, euskararen gramatikaren gida bat da. Ikasleak edukien mamia di-da batean harrapa dezan diseinatu nuen materiala, euskarazko eta gaztelaniazko azalpenak ditu, trikimailuz eta arau pnemoteknikoz hornitua dator –euskararen irakaskuntzan batere landu ez den arloa–, kolore sistema bat du, ariketa interaktiboak eta bideoak…
Zure lana ez dela metodoa esan diguzu, gramatikaren gida bat baino...
Bai, material osagarri bat, ez metodoa, bakarrik nire materiala baliatuz ez dago euskara ikasterik. Ni sarean hasi nintzen eskolak ematen, nire kabuz. Esaterako, argentinar bat izan nuen lehen ikasleetakoa. Gero, eskola partikularrak ematetik euskaltegian irakastera egin nuen jauzi, eta blog bat egiten hasi nintzen, dibulgazioa helburu nuela. Interesgarri iruditzen zitzaizkidan gauzak idazten hasi nintzen, eta sarera igotzen. Uste nuen ez zuela inork ikusiko, baina oker nengoen, jendea nire blogera heltzen zen, nola ez nekiela! Gero, klaseak ematen ari nintzela, ohartu nintzen zenbait eduki azaldu nahi nituenean –aditzaren paradigma, adibidez–, interneten topatzen nuena ez zitzaidan nahikoa iruditzen eta, orduan, apunteak idazten eta partekatzen hasi nintzen, Google Drive bidez. Laster, aditz koadroak egiten hasi nintzen, eta neure buruari galdezka: “Eta nola ulertarazi ikasleari aditz paradigma?”. Aditzak.com hartu nuen oinarri, pantailaren aurrean jarri, eta edukiak era jakin batean antolatu, ikasleak klik bat eginez, dena delako aditzaren ezaugarri guztiak –izan baldintza, baldintza ondorioa, nor-nori-nork…–, ikaslearen pantailan unean bertan agertu zitezen, koloreetan, taulatik nondik ateratzen den zehaztuz, baliokidetzak, itzulpena….
Ikasleari ez ezik, irakasleari ere eskaintzen diot egindakoa, errazago azal dezan gure aditz paradigmaren giltza
Ikasleak ez du aditz paradigma ulertzen?
Aditz taula ikusi, eta ez, ez du ulertzen! Horregatik egin dut materiala, ikasleari erreminta bat eskaintzeko, uler dezan. Ikasleari ez ezik, irakasleari ere eskaintzen diot egindakoa, errazago azal dezan gure aditz paradigmaren giltza. Erakuslea pantailan pasatu eta, puxika sistema bidez, azalpen guztia daukazu eskura, kontzeptu gramatikalak, bideoak eta beste… Euskalkulagailua izena eman diot, hau da, euskal aditzaren kalkulagailua, hitz jokoa eginez. Nik uste material honek aditzaren eta deklinabidearen arteko harremana ere ulertzen laguntzen diola ikasleari, eta ariketak, bideoak, teoria… denetarik du. Aditz edota deklinabide tauletan ikusten ez dena ikusarazten du Euskalkulagailua-k.
Zer dio zure materiala darabilen ikasleak?
Lagungarri zaiola. Gaur egungo ikaslea ohiturik dago pantailaren aurrean lan egiten, eta, horretan, beraz, ez da arazorik. Egia da azaldu nahi dudana ikasle batzuek hobeto ulertzen dutela tresna honen bidez; baina beste batzuek, aldiz, horrela ere barneratzeko zailtasuna dute. Beste zera bat ere badu tresna honek, ikasleari akatsak ikusarazi eta zuzentzen lagundu ahal baitio. Eta aditz landuagoak, forma jasoagoak erabili nahi diren kasuan ere, sistema honek ikasleari lagundu ahal dio. Horixe da nire materialaren helburua, behintzat: hizkuntzaren ikasketa erraztea.
Usteko nuen irakaslearen joera dela metodo nahiz metodologia bat hautatu eta hark erakutsitako bideari lotzea…
Ez beti. Eta, bestalde, euskararen irakaskuntzarako metodoak, askotan, zaharkiturik daude. Azken urteotan gauza politak egin dira, baina oraindik bidea dugu egiteko. Buruan ditudan gauza guztiak egin ahalko banitu, neurri handian erraztuko nuke euskararen irakaskuntza. Baina ez dut uste egingo dudanik: hainbat enpresarekin hitz egin dut, eta hasieran interesa erakutsi badute ere, hortxe gelditu dira nire ideiak, ez aurrera ez atzera. Eusko Jaurlaritzak Boga sistema du, adibidez, erabilgarria da, baina zaharkituta dago. Hobetzerik badago, gamifikazioak –jokoak, alegia–, sariak eta beste erabiliz, hau da, ikasleari erronkak jarriz, ikastea dibertigarria gertaraziz, bisualagoa eginez… Gaur egunean ingelesa edo beste zenbait hizkuntza ikasteko erabiltzen diren sistemak baliatuko nituzke nik, Babble, Duolingo eta gisakoak. Nire ustez, euskara atzeratuta dabil bide horretan eta, gehiago esateko, gastatzen den diru asko ez da modu eraginkorrean gastatzen.
Zure ideiak hortxe gelditu direla esan duzu, ez aurrera ez atzera. Baina Euskaragara.net hau gauzatu ahal izan duzu, bederen.
2012an, ordu arte idatzita neukana bildu, eta ikasleari eskaini nion. Bitarlan enpresarekin jarri nintzen harremanetan, eta informatikari, programatzaile, diseinatzaile eta gainerakoen laguntzaz gauzatu nuen materiala. Euskarria enpresa horrek eskaini zidan, baina ondoren, neuk sartu behar izan nituen edukiak, banan-banan. Eta aditz laguntzaile eta trinko guztien konbinazioak 4.000 inguru dira. Asko! Bateko aditz forma, besteko adibidea, itzulpena, ariketa, bideoa eta abar. Sekulako lana izan zen, ordu pila handia! Naiz formatik nakarkio edo zekiokeen formak arte… hortxe dira denak. Eta denak ez badira, %90 bai, behintzat. Nik uste euskalkulagailua-ren bitartez ikasleak errazago ulertzen duela euskal aditzak nola jokatzen duen, klik eginez. Bestalde, tutorialak ere uzten ditut Euskaragara-ren Youtubeko kanalean, eta han ikasleek galderak egiten dizkidate, gramatikaz nahiz halako edo halako deituraren jatorriaz.
Gaztelania txirenearen aldarrikatzaile zaitugu… Zer da, zuzen, gaztelania txirenea?
Gaztelaniaz hitz egiten dugunean, euskarazko hitzak sartzea. Euskaldunok euskañolez hitz egiten dugu, ezta? Nik, berriz, erdaraz nahitaez aritzean, "euspañolez" egitea proposatzen dut. Hizkuntza hegemonikoaren zangopean gaude, euskaraz ari garenean ere etengabe jotzen dugu gaztelaniaren makuluetara. Bateko ¡Claro!, besteko Bueno edo Sin más… Zenbait hitzek ez du baliokiderik euskaraz, eta gaztelaniara jo beharrean gaude. Ados. Baina, gehienetan, euskarak badu baliokiderik, eta, hala ere, gaztelaniara jotzen dugu: euskañolaren parean, euspañola defenditzen dut nik, gaztelaniaz ari garenean, “La andereño… He hecho el azterketa…" eta horrelakoak lotsa barik erabiltzea. Ez al dago gaztelania anglizismoz gainezka? (follower, online, challenge…). Zabal dezagun, hortaz, euspañola!
Nik uste 'Euskalkulagailua'-ren bitartez ikasleak errazago ulertzen duela euskal aditzak nola jokatzen duen, klik eginez
Youtube kanalean hizkuntza paisaiaz ere ari zarela ikusi dugu...
Bai, eta “sarrera, irteera, eman bidea...”, kaleen izenak eta gainerakoekin batera, garrantzitsua da erakundeek enpresa publiko zein pribatuei izenak euskaraz jartzea, eta ez ingelesez, adibidez. BEC, Basque Culinary Center, edo Urdaibaiko Bird Center zera hori… “Azoka”, “Jan”, “Txori” izan zitezkeen erakunde horien izenak, eta, horrela, nortasuna erakutsi, ingeles uniformatzailera sistematikoki jotzen ibili beharrik gabe. Hitzak sikiera erdaldunen artean normalizatzera jo beharko genuke, zabaltzera. Pedagogia soziala egin nahi badugu, ezinbestekoa da euskarazko izenak jartzea enpresa, taberna eta bestelako guztiei. Nik uste horrek legez araututa egongo beharko lukeela.
Deigarri gertatu zait: irabazi asmorik gabekoa da Euskaragara.net.
Ez dugu diru-laguntzarik jasotzen baina irabaziak izan baditugu, eta horiek euskararen sustapenera bideratzen ditugu. Adibidez, etxeko atarian jartzeko euskarazko plakak sortu eta dohainik eskaintzen ditugu. Horma-irudiak sortzen ere laguntzen dugu. Euskararen presentzia bermatzea da helburua, betiere. Halaber, gailuak –izan telefonoa, izan ordenagailua– eta posta elektronikoa euskaraz erabiltzeko materiala eta kanpainak sortu ditugu. Euskarak presente egon behar du gure gizartearen arlo guztietan, eta horretan laguntzera ere badator.
“Hemengo proposamena zera da: ez kikildu euspañol egitean. ETB2n Klaudio Landa dugu horren adibide –agurrak edo eskertzekoak esatean–. Aurkezle askok kontzienteki egiten dute. Hori bai, segun eta norekin, euspañolari ere uko egiten diete [hor dago koxka, beraz, geureari eustean]. Euskaraz egin ezin baduzu, hau da, beste interlokutoreak ez badu ezagutza nahiko, txertatu euskara gaztelaniaz ari zarenean –irribarre batez, ahal bada–: gure komunitate linguistikoa agerian utzi behar zaie. Nolabait Aizu, hemen gaude, gu ere existitzen gara gogorarazteko modua da”.
Garrantzitsua al da hizkuntza bat zuzen erabiltzea? Zer puntutaraino da hain beharrezkoa gramatika menderatzea edo hiztegi zabal bat edukitzea? Betidanik entzun izan ohi dut hizkuntzaren garrantzia, baina pentsatzen jarri ostean, ondorio batera iritsi naiz. Pentsatzeak askotan... [+]
Nerabeek eta gazteek, ibilbide akademikoan zehar, behin baino gehiagotan jasoko dute lagungarria izango zaien ikasketetarako edo-eta lanbiderako orientabidea. Gidaritza eskaini behar zaie, zalantzez beterik egon ohi baitira erabaki garrantzitsuak hartu behar dituzten bakoitzean,... [+]
Maiatzaren 17an Erriberako lehenengo Euskararen Eguna eginen da Arguedasen, sortu berri den eta eskualdeko hamaika elkarte eta eragile biltzen dituen Erriberan Euskaraz sareak antolatuta
Ansorena´tar Joseba Eneko.
Edonori orto zer den galdetuz gero, goizaldea erantzungo, D´Artagnanen mosketero laguna edo ipurtzuloa, agian. Baina orto- aurrizkiak zuzen adierazten du eta maiz erabiltzen dugu: ortodoxia, ortopedia, ortodontzia... Orduan (datorrena... [+]
Euskaraldiaren laugarren edizioaren bezperatan egon gara Goiatz Urkijorekin. Hirugarrenean apalaldia sumatu zuten; bigarrena pandemia betean egin izanak ez zuen askorik lagundu. Aurtengoa herrikoiagoa eta ilusionagarriagoa izatea dute helburu. Oraingoz pozik daude tokian tokiko... [+]
Gure hizkuntzaren aurkako beste eraso bat jasan behar izan dugu Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren eskutik; PAI programan euskararen aurkako aldaketa bat egitera behartu gaituzte. Azken urteotan, legeak hala aginduta, D ereduko ikastetxe berriek PAI programa sartu... [+]
"Eskatu txanda eta egingo dugu bat zurekin", esan dio estudioetatik ari den esatari prestu eta animatuak Bilboko kaleetan dabilen berriemaile gazteari. Aurkezlea entzuleei zuzendu zaie segituan. "Bien bitartean, Iruñera goaz...". Han zabaldu dute linea... [+]
Goizez Nafarroako zubirik esanguratsuenak jendez beteko ditu Sorionekuak dinamikak. Arratsalderako mobilizazio herritarra deitu dute Iruñeko Kostarapea parketik Alde Zaharreko Takonera parkeraino.
EAEko udal legearen euskararen arloko zenbait artikuluren aurkako epaia eman zuen Justizia Auzitegi Nagusiak 2023an, eta orain Gorenak berretsi du. Eusko Jaurlaritzak ez du garaiz aurkeztu epaiaren aurka egin zezakeen helegitea.
Sarriguren, Tafalla, Noain, Buztintxuri eta Gares herrietako D-PAI ereduko ikastetxeetako familiak kalera aterako dira Hezkuntza Departamentuak foru lege bidez ingeleseko orduak handitu nahi dituela salatzera. Euskarazko murgiltze ereduaren kontrako erabakia dela iruditzen... [+]
Osakidetzan egun, ez dago bermatuta euskarazko zerbitzua. Zerbitzu gehienetan ez dago hizkuntza irizpiderik eta herritar euskaldunek bere burua nabarmendu beharra daukate, egoera oso zaurgarrian, euskarazko zerbitzua jaso ahal izateko.
Aberri Eguna elkarrekin ospatzeko xedez sortu zen Euskal Herria Batera plataforma. Aurten, ikusgarri bat eskainiko dute apirilaren 11n, Manex Fuchs antzerkilariaren, Lorea Agirre idazlearen eta Martxel Rodriguez dantzariaren eskutik.
EHEk deituta, Baionan manifestazioa egin dute apirilaren 6an. Euskararentzat eta euskaldunentzat justizia eskatu dute, eta Euskararen Errepublika aldarrikatu. Hilaren 11n EHEko bi kide epaituko dituzte Baionako auzitegian desobedientzia ekintza bat egin izanagatik.
Aurtengo Lokizaldeako Euskararen Eguna Murieta herrian ospatu dute, larunbatean, goizean hasi eta ordu txikiak handitu arte. Zita garrantzitsua eta gozagarria da Nafarroako Lizarra ondoko eskualdeko euskaltzaleentzako.