Soziologian doktorea da Sergi Raventós Panyella (Bartzelona, 1968), eta oinarrizko errenta unibertsalak (OEU) osasun mentalean dituen eragin positiboak ikertu zituen doktoretzan. Hamarkadak daramatza Katalunian OEU bultzatzeko lanean, beste hainbat pertsonekin batera, eta 2021eko urritik hona Katalunian OEU ezartzeko Plan Pilotuaren Bulegoko zuzendaria da. Plana aurrera doa pixkanaka, eta Euskal Herrira etorri dela aprobetxatuz, pobreziak jendearengan dituen eraginez eta OEUk izan dezakeen paperaz hitz egin dugu berarekin.
OEUren beharra azken urteetako proletarizazio prozesuaren sintoma bat izan daiteke?
Oinarrizko errentaren inguruko inkestak egiten direnean, gero eta garbiago geratzen ari da horren aldeko sektoreak zeintzuk diren: gazteak, langile prekarioak, ikasleak eta emakumeak dira OEUrekiko begikotasun handiena dutenak. Bestalde, lan kualifikatu, egonkor eta ondo ordainduetan aritzen diren pertsonak dira orokorrean oinarrizko errentaren aurkako iritzia dutenak.
Hala ere, oinarrizko errenta hobeto ikusten duten sektore edo kolektibo horiek gero eta zabalagoak dira. Katalunian, Euskal Herrian eta Europako beste txoko batzuetan egin diren inkestek erakutsi digute biztanleriaren %60-70a dagoela OEUren alde, eta horien gehiengoa aipatu ditugunak dira: gazteak, emakumeak eta langile prekarioak.
Ba al dago OEUren aldeko jarrera bultzatu duen beste faktorerik?
Automatizazio prozesuak kezka asko sortu du hainbat esparrutan. Jendea kontziente da lan batzuk desagertzen ari direla, eta pandemian jende askok lana galtzeko beldurra izan du. Robotek ez dute oporrik behar eta ez dira gaixotzen, azken finean.
Egun bizi dugun ziurgabetasun ekonomikoak eta etorkizunarekiko ditugun kezkek oinarrizko errentaren aldeko jarrera bultzatzen ari dira.
Demagun Katalunia osoan OEU ezartzea lortzen dela; kapitalak horren aurka egin lezakeela uste al duzu? Inflazioaren bitartez, adibidez.
Oligarkiek ez dute lagunduko, hori garbi izan. Guk badakigu OEU bermatzeko dirua atera daitekeela eta zenbakiek ahalbidetzen dutela, eta uste dugu horrek handitzen duela langile klaseak negoziatzeko duen gaitasuna, egin nahi ez duen lan bati ezetz esateko ahalmena, esaterako. Eta hori ez da kapitalak gogoko duen zerbait.
"Gazteak, langile prekarioak, ikasleak eta emakumeak dira OEUrekiko begikotasun handiena dutenak”
Hala ere, kapitalaren sektore handi batek ere badaki jendeak ez badu dirurik ezingo dituela haien produktuak erosi, eta kapitalista asko OEUren alde agertu dira, Silicon Valleyen (Kalifornia, AEB), adibidez. Are gehiago, Kataluniako Terrassa eskualdean, CECOT enpresen konfederazioa oinarrizko errentaren alde agertu da.
Garbi dago eredu horiek gutxiengoa direla, baina konturatzen ari dira badela garaia ekonomia kapitalistetan jendeari oinarrizko beharrizanak bermatzeko baliabideak emateko.
Egin ohi zaizuen kritika bat da “lan txarrak” ez dituela inork egingo.
Gaur egun gertatzen ari den fenomenoa da, eta AEBetan dimisio handia deitu diote aditu batzuek. Jendea lan zehatz batzuk uzten ari da lanpostu hobearen bila, eta oinarrizko errenta batekin fenomeno hori hazi egingo da, dudarik gabe. Horren aurrean, enpresariek egin behar dutena soldatak igotzea da. Ostalaritzako enpresariak kexu dira azkenaldian AEBetan, langilerik aurkitzen ez dutelako, eta Joe Bidenek garbi esan zien: “Ba ordaindu gehiago”. Joe Bidenek hori esan behar izatea oso adierazgarria da.
Nola eragiten du pobreziak gizakien osasunean? Fisikoan, adibidez?
Bizi-itxaropena izugarri aldatzen da dirudunen auzoetatik auzo langileetara. Bartzelonan, esaterako, zazpi eta bederatzi urte arteko ezberdintasunak daude metro geltoki batetik bestera. Kalean bizi den jendearen bizi-itxaropena, adibidez, 50-60 urte ingurukoa da.
Eta osasun mentalean?
Azken urteetan konturatu naiz oinarrizko errentak, eta orokorrean babes sozialak, harreman handia duela osasun mentalarekin. Izan ere, diru sarrera bermatua izatea edo gutxieneko segurtasun ekonomikoa izatea beharrezkoa da jendeak bere bizitza nahi duen moduan garatzeko.
Bizitza prekarioek, epe luzean, zuzen eragiten dute osasun mentalean. Lan egoera zehatz batzuek ere eragina dute: enplegu-aniztasuna, lan alienatzaileak, lan estresagarriak, gainkarga eta lan errepikakorrak, esaterako. Horrez gain, ikerketa askok dio pobrezian bizitzeak gaitasun kognitiboak galtzea dakarrela. Zure helburu bakarra bizirautea baldin bada, zure energia mental guztia horretara bideratzen duzu; tunel efektua ere deitzen zaio horri.
Menpekotasunak eta nahasmenduak areagotzen al dira?
Osasun mentalaren esparrua oso zabala da, eta antsietatea, depresioa eta suizidioa areagotzen ditu. 2008ko krisiaren ostean, adibidez, Europa hegoaldeko herrialde gehienetan suizidio tasa handitu egin zen.
Estresak eta antsietateak modu askotan eragiten du pertsona bakoitzarengan, eta batzuek alkoholera, drogetara edo jokora jotzen dute, eta beste batzuek elikadura nahasmenduak garatzen dituzte.
Azkenaldian badirudi gaixotasun mentalek nabarmentasun publikoa irabazi dutela.
Gai tabua zen, eta izaten jarraitzen du, baina gaixotasun mental batzuen estigmatizazioa gutxitzen ari da, estresarena eta antsietatearena adibidez. Azken finean, zer da estresa? Arrisku baten aurrean gure gorputzak duen erreakzio adaptatibo bat da, eta gorputza alertan jartzen du. Alerta hori iraunkorra denean higadura sortzen doa.
"OEU bermatzeko dirua atera daiteke eta zenbakiek ahalbidetzen dute, eta horrek handitzen du langile klaseak negoziatzeko duen gaitasuna, egin nahi ez duen lan bati ezetz esateko ahalmena, esaterako”
Faktore zehatz batengatik bada, ez da ezer pasatzen. Ehiztariak ginenean eta animali batek jarraitzen gintuenean, alerta horrek bizirauten laguntzen zigun. Gaur egun, baina, egunero lehoinabar bat jarraika duzunean, eragin larriak ditu. Munduan egin diren plan pilotu guztiek frogatu dute oinarrizko errentak estres maila jaisten laguntzen duela, eta eragin positiboak dituela osasun mentalean.
Denbora tarte laburretan gainera.
Bi edo hiru urte eskasetan emaitza positiboak ikusi dituzte. Kanadan egin zuten proba pilotuan, esaterako, fenomeno interesgarri bat antzeman zuten ikertzaileek: proba egin zuten eskualdeetako ospitaleetan sarrerak gutxitu egin ziren. Ez da gaian aditua izan behar ikusteko oinarrizko errentak lasaitasuna handitzen duela eta estres edo antsietate egoeretan erortzea saihesten laguntzen duela.
Oraindik ez dago munduan baldintzarik gabeko oinarrizko errenta indarrean jarri duen herrialderik, baina esperientzia pilotu asko egin dira munduko hainbat eskualdetan, eta aurreikusitakoak ere asko dira. Daniel Raventósek eta Julen Bollain irakasleek euren liburuetan... [+]
Bizkaian, Gipuzkoan edo Araban urtebetetik gora bizi bazara eta 18 urtetik gora badituzu, hilero 900 euro jasotzeko eskubidea izango duzu, beste inongo baldintza barik. 450 euro jasoko dute 4 eta 18 urte arteko herritarrek eta 4 urtetik beherakoek 270 euro. Ados egongo zinateke?... [+]
Iazko otsailean ekinda, Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errentaren aldeko herri ekinaldi legegileak 22.075 sinadura lortu zituen proposamena legebiltzarrera eramateko. Ostegun honetan eztabaidatu zuten proposamena legebiltzarrean eta EAJ, PSE, PP eta Vox-en botoekin atzera bota... [+]
Urtarrilaren 4an aurkeztu zituzten Legebiltzarrean Oinarrizko Errenta Baldintzagabearen alde jasotako 22.075 sinadurak, lege-proposamen gisa izapidetu ahal izateko. Maiatzaren 5ean eztabaidatuko dute legebiltzarkideek: "beren esku dute pertsonen bizitza aldatzea, batez ere... [+]
Oinarrizko errenta unibertsalaren inguruko eztabaida Kataluniatik Euskal Herrira ekarri dute Laura Vilagrá i Pons Generalitateko aholkulariak eta Sergi Raventósek. Otsailaren 25ean EHUk Bilbon duen Bizkaia aretoan izan ziren bi katalanak, Julen Bollain... [+]
Eusko Legebiltzarreko mahaiak oniritzia eman dio Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errentaren aldeko herri-ekimen legegileari. Hala, laster 10.000 sinadura lortzeko kanpainari ekingo dio ekimena sustatzeko batzordeak.
Herritarren sinadurak biltzen ari dira, herri ekimena aurkeztu eta Europako Batzordeari eskatzeko proposamena aurkeztu dezala, baldintzarik gabeko oinarrizko errenta unibertsala Europar Batasun osoan ezartzeko. Besteak beste, desoreka ekonomikoari eta pobreziari egin nahi zaio... [+]
Hainbat estatutatik ekimen herritarra bultzatu dute oinarrizko errenta unibertsal eta baldintzarik gabekoaren proposamena Europar Batasuneko erakundeetara eramateko. Bitartean, hainbat kolektibotako kideek diru-sarrera bermatuta izateak euren bizimoduan izango lukeen eragina... [+]
Espainiako Gobernuak onartu duen bizitzeko gutxieneko diru-sarrera 460-1.000 euro artekoa izango da familia bakoitzarentzat. Hego Euskal Herrian, gutxieneko errenta horren osagarri izatera igaroko dira Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) eta Nafarroako errenta.
Espainiako Gobernua onartzear den gutxieneko errenta izango da oinarri, eta horren osagarri izatera igaroko dira Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) eta Nafarroako errenta. Hego Euskal Herrian Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak kudeatuko dituzte laguntzak.
Espainiako Gobernuak martxoaren 31n hainbat neurri onartu ditu, tartean diru-laguntza bat, lana galdu duten aldi baterako langileentzat. Neurri hori hartzekoak zirenean, Oinarrizko Errentaren Sareko Espainiako Estatuko lehendakari den Daniel Raventósek kritika zorrotza... [+]
Laguntza sozialaren banaketari begira jarri da Olivier Ducharme filosofoa. Ongizate estatua gertu zegoen garai hurbilean eskubide izatetik, baina indarraren truk jasotzen duzun ordaina bilakatu zaigula azaltzen du. Aldaketak ezinbesteko, lehen iraultza gure buruetan egin beharra... [+]