Bada hogei urtez, ahots goxo eta irmoa entzuten ari den bidasoarrik. Antxeta Irratiaren hogeigarren urteurrenaren karietara, bertako kazetari beteranoenetariko bat ezagutzeko parada baliatu dugu: Maia Muruaga (Donibane Lohizune, 1977), “Maia Antxeta” askorentzat. Mikrofono berdea du lagun eta ahotsaren mundua atsegin du, irudiari ihes eginez. Ipar Euskal Herriko kultur kazetari ezaguna den arren gutxitan mintzo da bere lanaz publikoki. Ez dut egunero lankide bat elkarrizketatzeko aukerarik izaten, are gutxiago horrelako aitzakiarekin.
Nola gogoratzen duzu 2002ko otsaila?
Urduritasunarekin oroitzen dut. Baina bide baten hastapenean izaten den ilusioarekin ere. Garai hartan 24 urte nituen, irratigintzan esperientziarik ez nuenez Gure Irratiako lankideen eskutik hasi nintzen mundu hau deskubritzen eta irratiko lanak neureganatzen. Antxeta Irratian sartzen azken langilea izan nintzen, ordurako proiektua mamituta zegoen, baina hastapenetik nire egin nuen, eskualde berezi honetan euskarazko tokiko komunikabide baten beharra agerikoa baitzen. Elkar ezagutza bultzatzea ere beharrezkoa iruditzen zitzaidan.
Nola joan dira hogei urteok?
Konturatu gabe joan dira, baina aldi berean intentsitate oso handikoak izan dira. Garai ezberdinak izan ditu Antxeta Irratiak, garatzen joan den proiektua baita. Herriari begira dago, eta eskualdeko elkarteekin harremana sendotu dela esango nuke. Hogei urte hauetan aldaketak ere izan dira gure eskualdean, eta euskarak espazio publikoan presentzia handiagoa duela esango nuke, nahiz eta oraindik ere urrats gehiago eman behar diren. Orain arteko ibilbidea aberatsa izan da, bere momentu onekin eta zailekin. Laguntzaile asko pasa dira Antxeta Irratitik eta gaur egun ere berriak gehitzen doaz, eta horrek ematen dio gure proiektuari hauspoa.
Galde daiteke zer den Maia Antxeta gabe, baina zer litzateke Antxeta Maia gabe?
Maia Antxeta gabe beste bat izanen litzateke, irratiak pertsonalki eman didana handia izan baita. Urte hauetan asko ikasi dut eta oraindik ere ikasten ari naiz, arlo profesionalean nahiz pertsonalean. Aldiz, Antxetak ni gabe berdina izaten segituko luke, dudarik gabe.
Tokiko hedabide baten garrantziaz eta funtzioaz kontziente al zinen Antxetan lanean hasi aitzin?
Bai, kontziente nintzen, gure eskualdean elkarren ezagutza eza handia zela sentitzen bainuen. Eta euskarazko tokiko irrati batek ekar zezakeenaz ere ohartu nintzen. Hendaiarra naiz, bertako ikastolatik pasatakoa eta Kanboko kolegioan hainbat urtez egon ondotik Hondarribiko institututik ere iragandakoa. Santiagoko zubia egunerokoan zeharkatzen dugunok asko gara, eta nire moduko euskaldunon arteko elkar ezagutza hori eta euskara bultzatzea, bereziki gustuko dudan irratiaren bidez, oso ederra iruditzen zitzaidan. Eta hala iruditzen zait oraindik ere.
Kultur kazetaritzan buru-belarri murgilduta zaude azken urteetan, bereziki Euskal Irratiak federazioan.
Bai, kultur kazetari izatea proposatu zidaten orain dela urte zenbaitzuk eta horretan dihardut, gustura gainera. Dela musika, antzerkia, literatura edo zinema, gustuko ditudan arloak dira eta iruditzen zait iparraldean bereziki lan handia dugula euskal kulturaren hedapenari dagokionez. Euskarazko lanen ikusgarritasunean ekarpena egiten ahalegintzen gara. Euskaraz sortzen den uzta askotarikoa eta aberatsa da, eta ezinbestekoa da Baionan, Donapaleun, Maulen edo Hendaian bizi direnek horren berri ere izatea.
Badago zer ospatu, besteak beste Antxeta Irratiak egoitza berria izango baitu hemendik aurrera.
Bai, hogei urteren buruan baldintza hobeak eskaintzen dizkigun lokal berrian egoteak pozten gaitu. Orain Hendaiako Intzura auzoan gaude eta egoitza berriak indar berria ekarriko duelakoan nago. Lehengo egoitza Hendaia erdigunean kokatuta bazegoen ere zaharkitua geratu da, eta baldintzak jada ez ziren egokiak eguneroko lanerako.
Entzuleei zer esan?
Entzuleei eskerrak ematea besterik ez dagokigu, arazo teknikoen gainetik fidelak izan direlako asko, eta ikusten ez baditugu ere ondoan somatzen baititugu. Aurten ere Korrika izango dugula aprobetxatuz esan nahiko nuke momentu berezia izaten dela guretzat, gure entzuleekin egoteko tartea eskaintzen baitigu; une hunkigarria eta ederra izaten da.
Irun, Biriatu, Hendaia eta Hondarribia, berriki baita Bera ere. Zer du bailara honek?
Bailara honek bizi ohitura ezberdinak, euskararen inguruan hizkuntza ezberdinak eta euskalki ezberdinak ditu, oso aberatsa eta askotarikoa da, eta nortasun handikoa, esango nuke nik. Mendia eta itsasoa lotzen ditu, herriak eta hiriak biltzen, eta bi edo hiru administraziopean bizi bagara ere euskarak eta euskal kulturak lotzen gaitu bertakook.
Ttikitik gauza handiak egin daitezke, eta euskaraz.
Bai, eta euskararen normalizaziorako euskarazko komunikabideak ezinbestekoak dira, euskaraz bizitzeko beharrezkoak baitira. Antxeta Irratian horretan lanean segituko dugu. Eskualdeko elkarteen parte hartzearekin irratigintzari lotutako proiektu oso ederrak, eta guretzat handiak, garatu ahal izan ditugu hogei urte hauetan. Bide ederra opa diot Antxeta Irratiari!
“Hogei urtetan anekdota asko izan ditugu, irratia urak hartu zuen egun hura memorian geratzen den horietakoa da; egun batetik bestera irratirik gabe geratu ginen, eta egun gutxitan egoerari buelta eman eta jabeak utzi zigun goiko pisutik, sukaldean erredakzio gela txiki bat sortuta eta egongelan muntatutako estudiotik zuzenean igortzeko gai izan ginen... a ze oroitzapenak!”.
Batzuetan, "aukeratu gabe eta bat-batean etortzen da" menpeko pertsona zaindu beharra, aipatzen du proiektuan parte hartu duen emakume batek; amaz arduratzeko bere bizitza-proiektua alboratu du beste batek; zahar egoitzan amona penaz hiltzen uzten ari direla dio... [+]
Euskal hedabideen elkarteak “elkartasun eta babes osoa” adierazi die joan den larunbatean Hondarribian lanean ari zirela erasoak jasan zituzten kazetariei.
Urruñako San Frantzisko Xabier ikastetxeak iaz egindako “Pantailarik gabeko 10 egunen desafioaren” ondotik, aurten 4.600 haur, 18 herri eta 30 egitura ezberdin batuko dituen “Pantailarik gabeko desafioa” aurkeztu zuten joan den astean... [+]
Hego Euskal Herrian legalki arituko den euskarazko lehen irrati komunitarioa da. Lau urteren ostean, behin betiko erabakia hartu du epaileak.
Arrosa Sareak pozik agertu da Antxeta Irratia Donostialdean entzun ahal izango delako. Erredakziora bidali duten ondoko agirian egin dute haien balorazioa.
Behe Bidasoako Antxeta Irratiak 15 urte bete ditu. Mahai-inguruak, topaketa gastronomikoak, euskararen aldeko bestak eta gisakoak antolatu dituzte urteurrena ospatzeko. “Uhinak orrazten” lema aukeratu dute, beren esanetan, hori baita irratiaren eguneroko erronka,... [+]
Gazteak norabidea aldatu eta irrati formula komertzialen bidea hautatu zuenetik, ez dago euskal eszena bere aniztasunean erakutsiko duen irrati kate publikorik. Saio bakan batzuetan salbu, easy-listeningetik aldentzen diren taldeek toki gutxi dute uhinetan. Irrati libreak edo... [+]
Antxeta irratiak bizikidetza sustatzeko jardunaldiak antolatu ditu Bidasoa bailaran otsailaren 5ean, 12an eta 19an. Lehenengo egunean Guardia Zibilaren, talde paramilitarren eta ETAren biktimak eta haien senideak elkartuko ditu.
“Emakumeen Ahotsa” proiektua abian jartzeko Europako diru-laguntzak eskatu dizkio Antxeta Irratiak Frantziako Gazte Sailari. Laguntzak kudeatzen dituen agentziak erantzun dio egitasmoak ez duela Europako dimentsiorik, euskara hutsean ari dela.