“Klase popularrak ez daude desmobilizaziora kondenatuta”

  • Frantziako Jaka Horien mugimenduari buruzko tesia egiten ari da Aldo Rubert soziologoa: klase popularren politizazio heterogeneoa ulertzea interesatzen zaio, herritarrek politikarekiko daukaten harremana ezin baita murriztu hauteskunde-garaian gertatzen den –edo gertatzen ez den– horretara.

Argazkia: François Leguen
Argazkia: François Leguen
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Aldo Rubert. Bartzelona, 1994

Gizarte Antropologia ikasi zuen Bartzelonako Unibertsitatean, eta Gizarte Zientzietako masterra, ondoren, ENS/EHESS eskolan (Paris). Lanaren soziologia, klase popularrak eta mugimendu sozialak aztertzen ditu. Ikerketa etnografiko bat egin zuen, rider-ek lanarekiko eta politikarekiko duten harremana aztertuz; gaur egun, berriz, Jaka Horien mugimenduari eta horren eragin biografikoari buruzko doktoretza-tesia egiten ari da.

Jaka Horien lehen manifestaldiaren aurretik –2018ko azaroak 17–, zein zen testuingurua?
Jaka Horien lehen ekitaldia baino sei hilabete lehenago, jatorri martinikarreko neska batek eskaera bat abiatu zuen internet bidez, kontra egin nahian erregaiaren prezioaren igoerari –ekotasaren ondoriozko igoera–. 2018ko urrirako, milioika sinadura bildu zituen eskaerak. Sekulako arrakasta izan zuen, eta une horretan bertan hasi ziren deialdiak antolatzen Facebook bitartez, azaroaren 17ko mobilizaziora dei eginez.

Zer oroitzapen duzu egun hartaz?
Ordu batzuk bakarrik egon nintzen mobilizazioan, garai hartan beste etnografia bat egiten ari nintzelako Parisko rider batzuekin. Lehen ekitaldia lasai samarra izan zen, gerora ikusiko genuenarekin alderatuta. Parisen, esaterako, hiria inguratzen duen errepidea moztu zuten.

Une horretatik aurrera, larunbatero antolatzen dira mobilizazioak. Zeintzuk dira mugimenduaren aldarrikapenak?
Lehenik eta behin, erregaiaren gaineko tasa desagertzea, bereziki kaltegarria landa-eremuko eta periferia urbanoko klase popularrentzat, autoaren premia handia baitute. Baina, aldi berean, orobat aldarrikatzen da fortuna handien gaineko elkartasun-zerga berreskuratzea, zerbitzu publikoak zabaltzea batez ere landa-eremuetan eta hirien periferietan, eta demokrazia parte-hartzailea eta zuzena sustatzea.

Azken finean, agerian jartzen da Frantziako errepresentazio-krisia eta, era berean, ikusgai geratzen da debate publikoan oso gutxitan aipatu izan den Frantzia popularra, sufritzen duen Frantzia. Agerian geratzen da pobrezia, agerian geratzen da badagoela jendea ezin dena duintasunez bizi bere soldatarekin, eta bereak eta bi egin behar dituena hilaren amaierara iristeko.

Argazkia: François Leguen
"Jaka Horien mugimenduaren
%50 emakumeak dira, gauza interesgarria eta harrigarria, alderdiek, sindikatuek eta enparauek gidatutako mugimendu sozial gehienak oso maskulinoak
izan baitira”

Zer erreakzio sortu ziren horren ostean?
Frantziako prime timea bete zuen gaiak. Hasieran, sentsazionalismo handiarekin landu zuten kontua, mugimendu kaltegabea zela uste baitzen: hilaren amaierara iristen ez diren pobreak. Baina mugimenduaren indarra azaleratu zenean, klase-mespretxu handiarekin tratatu zituzten. Jarrera hori lehenagotik zetorren, Macronek berak sekulako klase-mespretxua gauzatu baitzuen ez soilik bere politika sozialen bidez ezpada bere adierazpen oso mingarriekin. Elkarrizketatu ditudan pertsonen memorian, umiliatu dituen norbait izan da Macron.

Eta ezkerrak nola erreakzionatu zuen?
Alderdien barruan izan ziren pertsona disonanteak, baina ezkerraren puska handi batek mesfidantza handia erakutsi zuen mugimenduaren aurrean: Marine Le Penekin edo patronalarekin lotu zuten bizkorregi, langile independente asko zeudelako. Egia da eskakizunak minimalista samarrak zirela, baina kontua da Jaka Horien mugimendua ez dela jaio antolakunde iraultzaileetatik. Hala ere, antolakunde iraultzaileek nahiago lukete halako profilak izatea beren baitan.

Jakin badakigun moduan, borrokak, alderdiak eta sindikatuak sektore publikoko klase ertainez josita daude, errepresentatzen omen duten profiletik oso urrun. Hortaz, harrigarria iruditzen zait ezkerrak halako mesfidantza agertu izana, zeren, azken batean, zer nahi dugu, ezkerra presente egon dadila soilik irakasleen, ikasleen eta sektore publikoko langileen manifestaldietan, alegia, lanbide gutxi-asko babestuen eta kapital kultural handikoen aldarrikapenetan? Kasu horretan, gutxiengo izatera kondenatuta dago ezkerra.

Ohiko manifestazioez gainera, errepideak blokatzea eta biribilguneak okupatzea izan da mugimenduaren ezaugarrietako bat. Zure tesian, bi biribilguneren okupazioa aztertu duzu zehazki.
Lana eginda nengoen Parisko eskualdean bizi den jendearekin, baina biribilguneak ezagutzea interesatzen zitzaidan, ez-leku horiek oso adierazgarriak baitira ekonomia neoliberalaren eraldaketari dagokionez; oso ondo erakusten dute nola aldatu diren inguru popularrak. Hasieran errezeloz hartu ninduten, baina harremana egin ostean beren kuartel nagusietara gonbidatu ninduten bi taldek; mugimenduaren funtsezko alderdi bat ikusi nuen horrela.

Nolakoa zen egunerokoa biribilguneetan?
Biribilgunea ez da militatzeko gune bat bakarrik: biribilgunean jendea ezagutzen duzu, barre egiten duzu, maitemindu egiten zara; bizitza egiten duzu. Landa-eremuetan gauza nabarmena da, jendetasunerako ardatz handiak desagertzen joan baitira: eliza, tabernak, elkarteak etab. Biribilguneei esker, jendeak elkar ezagutu zuen, beren bizi-baldintzez hitz egin zuen, eta aldarrikapen kolektiboak antolatu zituzten aurretik bakardadean edo lotsaz bizi izandako prekarietate- edo bidegabekeria-egoeren harira.  

Ikusi duzuna eta kontatu dizutena kontuan hartuta, arreta eman dizu zerbaitek bereziki?
Bi talde-mota aurkitu ditut batez ere. Batetik, klase popularretako lehen-manifestarien ehuneko handi eta harrigarri bat dago, hau da, beren bizialdian inoiz manifestatu gabeko jendea, Jaka Horien mugimenduarekin kalera ateratzea erabakitzen duena. Hori oso potentea da.

Gero, mobilizatu diren klase ertainen barruan, jende askok ekintza kolektiboa ezagutzen zuen jadanik, batez ere ezkerreko manifestaldiak, baina sekulako desengainua sentitzen zuen Frantziako borroka sozialen bilakabidearekiko, eta Jaka Horiei esker berraktibatu dira.

Zer ondorio ateratzen duzu?
Garrantzitsuena hau da: Jaka Horien mugimenduak zalantzan jarri du klase popularren desmobilizazioa, zalantzan jarri du klase popularrak kondenatuta daudenik abstentziora, politikarekiko ezaxolara edo eskuin muturrari botoa ematera, eta zalantzan jarri du klase popularren faxistatzea.

Mugimenduko partehartzea aztertuz gero arrazaren eta generoaren arabera, zer ikus dezakegu?
Landa-eremuetan, arraza-gutxiengoetako kategorien errepresentazioa proportzional samarra da toki horietan bizi direnekiko. Aldiz, mobilizazioa erlatiboa izan da –nahiz eta batzuek mugimendua babestu duten, hainbat ikerketak frogatzen dutenez– Parisko periferiako udalerrietan, zeinetan herritar arrazializatu asko bizi baita, eta egia da jende hori ez dela hainbeste mobilizatu. Ez du esan nahi ez daudenik, baina ez da ikusi aldiri horietako hainbeste jende.

Zer hipotesi daude datu horiek azaltzeko?
Ikertzaile batzuek diotenez, klase horiek mobilizatzeko are zailtasun handiagoak dituzte klase popular zuriek baino. Zenbait ikerketak erakusten dutenaren arabera, banlieue-tan, Poliziak oso bortizki hesitzen du ekintza militantea, eta horrek disuasio-efektu handia dakar berekin. Pertsona arrazializatu gisa, pertsona zuri batek baino askoz beldur handiagoa daukazu Poliziak manifestaldi batean gera zaitzan.

Bestalde, biztanleria hauek askoz konfiantza txikiagoa dute ekintza kolektiboaren probabilitateetan, batez ere 2005eko mobilizazioen ostean, garai hartan sentitu baitzuten inork ez zituela babestu.

Eta emakumeei dagokienez, zenbateko presentzia dute Jaka Horien mugimenduan?
Jaka Horien mugimenduaren %50 emakumeak dira, gauza interesgarria eta harrigarria, alderdiek, sindikatuek eta enparauek gidatutako mugimendu sozial gehienak oso maskulinoak izan baitira.
Ehuneko handia da, bai.

Zure ustez zer islatzen du?  
Presentzia nabarmen hori azaltzeko darabildan hipotesietako bat da ez soilik emakumeek osatzen dutela erreprodukzio sozialeko zerbitzuen lanik prekarioenaren eta proletarioenaren zati handi bat, baizik eta emakumeak direla, halaber, eroste-ahalmenaren kontua gehien ikusten dutenak, eta alderdi horixe izan da Jaka Horien mugimendua gehien egituratu duen aldarrikapena. Emakumeei elkarrizketak egitean, beren zailtasun finantzarioei buruz galdetu diet, eta zehatz-mehatz dakite zertan gastatzen duten dirua, baita azken zentimoa ere.

Emakumeak arduratzen dira etxeko ekonomiaz.
Hori da. Hainbat ikerketak erakusten dutenez, eta oso gauza esanguratsua da gure gizarte generizatuei dagokienez, eskala sozialeko sektorerik popularrenetan, emakumeek kudeatzen dute familiako aurrekontua, haiek betetzen dituzte agiri administratiboak eta oro har haiek arduratzen dira etxeko finantzez. Aldiz, hierarkia sozialean gora egin ahala, diru gehiago dagoenean, gizonak arduratzen dira horretaz, eta zer esanik ez optimizazio fiskalari lotutako kontuez ari garenean.

Argazkia: François Leguen
"Macronentzat, Damoklesen ezpataren parekoa izan dira Jaka Horiak. Orain, askoz tentu handiagoarekin garatzen ditu politika batzuk”

Oker ez banago, elkarrizketatzen dituzun pertsonen ibilbide biografikoa ere interesatzen zaizu. Emakume militanteen kasuan zerbaitek harritu zaitu bereziki?
Emakume hauen ezaugarri sozial batzuk oso deigarriak iruditzen zaizkit, halako birilitate femenino popular bat erakusten baitute, eta hori landu nahian nabil orain. Hau da, emakume mordo bat ezagutu dut ez dena identifikatuta sentitzen feminitate hegemonikoarekin, mendekotasunarekin lotzen dutelako. Diskurtso militanterik izan gabe, azaltzen didate “marimutilak” izan direla beti; haurtzaroan ez zutela soinekorik jarri nahi, horrela ezin baitzuten korrikarik egin; nerabe zirenean ez zutela beren neben neskamea izan nahi, ezta aitari men egin ere, eta etxetik alde egin zutela horregatik… Horrek guztiak argi nabarmentzen du emakume kritikoen profilak existitzen direla testuinguru popularretan, feminista etiketa erabiltzen ez badute ere.

Halaber, diskurtsoaren dimentsiora ez mugatzea zein garrantzitsua den ikusten dugu. Etnografiari esker, praktika-erregistro zabal honetara irits gaitezke, zeinak erakusten baitu nolako aldea egon daitekeen hitzen eta ekintzen artean eta genero-arauen eta emakumeen espektatiben artean.

Zein da Jaka Horien ondarea?
Agerikoa da mugimendua jaitsi egin dela parte-hartzaileen kopuruaren aldetik, nahiz eta presente segitzen duten gatazka sozial guztietan, eta garbi dago politika baldintzatzen dutela oraindik ere. Alderdien programetan nabaritzen da hori. Eta Macroni dagokionez, zer esanik ez: harentzat, Damoklesen ezpataren parekoa izan dira Jaka Horiak. Orain, askoz tentu handiagoarekin garatzen ditu politika batzuk, eta, batez ere, ez da ausartzen edozer gauza esatera.

Horretaz aparte, ikerketari esker ikusi dut borrokak iraun egin duela, nahiz eta luzapen hori oharkabean pasa den.  
Azken horren adibiderik?

Kolektibo batzuk herritar-zerrendetan antolatu dira eta udal zein eskualde hauteskundeetara aurkeztu dira. Ez dituzte sekulako emaitzak izan, baina argi geratu da Jaka Hori guztiak ez daudela errepresentazio-sistemaren kontra, eta politikoki antolatu nahi izan dutela moduren batean; are, kasu batzuetan, elkarte iraunkorrak sortu dituzte.

Eta gero, batez ere, elkartasun-brigadak eratu dituzte: autoantolakuntzaren bitartez, fruta- edo berdura-soberakinak banatzen dizkiete talderik zaurgarrienei; horietako asko Jaka Horiak dira baina badaude bestelako kolektiboak ere. Egitasmo guztiz interesgarria da, saiatzen baitira logika bertikalik ez sortzen, eta, aldiz, elkarrekikotasun-logikak eraikitzen.

Beste zerbait aipatu nahi zenuke?
Badago gauza interesgarri bat orain arte aipatu ez duguna: auzi ekologikoa. Diskurtsoetatik harago, Jaka Horiek eta klase popularrek maiz erakutsi dute ekologismo-mota berezi bat: ez da goi-klaseen kontsumo bertutetsuaren eko-moral hiritarra, alegia bio erostea eta bizikletan ibiltzea, ezpada Joan Martínez Alier antropologo eta ekonomialari katalanak pobreen ekologismoa deitzen dion hori.

Klase popularren ekologismoa ez da koordenatu ofizialen arabera adieraziko, baina isurpenak murriztuko ditu egiaz, kontsumoa txikiagoa delako eta autokontsumo- zein truke-praktikak erabiltzen direlako. Nahikoa da datuei erreparatzea: argi dago goi-klaseen bizimoduak askoz inpaktu handiagoa duela ingurumenean, nahiz eta askoz ebidenteagoa eta errazagoa den langile-jendea seinalatzea, autoan asko ibiltzen direlako edo ez dutelako birziklatzen.

Beste behin ere, aldea dago egiten denetik esaten denera.
Auzi ekologikoan –eta gauza berbera gertatzen da auzi feministarekin, klase-auziarekin nahiz ezker-eskuin ardatzaren kontuarekin–, argi geratu da badirela hainbat praktika, aurrerakoitzat, feministatzat edo ekologistatzat har daitezkeenak, baina ez dutenak funtzionatzen militanteek nahi genukeen koordenatuen arabera edo ohituta gauden moduan. Hau da, balio ekologistak gauzatzeko modua ez da derrigorrez izango sagar ekologikoak erostea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Jaka Horien mugimendua
2021-11-17 | ARGIA
Jaka horien ekintza batek auto pilaketak eragin ditu AP-8 errepidean

Hiru urte dira jaka horiek lehen protestak egin zituztela. Urtemugarekin loturan ekintza egin du hogei pertsona inguruko taldeak Biriatuko pasabidean, auto ilarak sortuz.


Éric Vuillard
“Beti hartu behar da serio bere ideiengatik hiltzen den norbait”

Herria eliteen aurka. Edo beharbada errealitate konplexuagoa, historiaren barrunbeetan sartzen zarenean. Horrela islatzen dute Éric Vuillarden liburuek. 2017an Frantziako letren saririk handiena, Goncourt saria jaso zuen L’Ordre du jour liburuarengatik.


2020-06-16 | Mikel Eizagirre
Parisko poliziaburuaren aurkako barne-kritikak zabaldu dira

CRS eta jendarmeen barne-oharretan kritikatua izan da Didier Lallement buruzagiaren gestioa. Bere praktikak “legalki zalantzagarriak eta politikoki kaltegarriak” direla diote.


Poliziaren granada bat jaso du aurpegian kazetari batek, Parisen

Le Média Pour Vous komunikabide independentekoa da kolpaturiko kazetaria. Larunbateko Parisko Jaka Horien manifestazioaren jarraipena egiten ari zela jaso du aurpegira Poliziaren granada bat.


2019-11-08 | Mikel Asurmendi
Jaka Horien urtea datutan: 3.000 zigortu eta 400 preso

Jaka Horiak mugimendua kale eta bideetara atera zela urtea beteko da azaroaren 17an. Mugimenduak badu zer ospatua, izaera sendoa agertu baitu, baina badu ere zer pairatua. Horren lekuko, hona datu bat: Frantziako justiziak 3.000 zigor ezarri dituzte iazko azarorik aurtengo... [+]


2019-09-26 | Simon Fairlie
Frantziako Jaka Horiak eta krisi ekologikoa: Hilabete bukaera versus Mundu bukaera

Jaka Horien (Gilets Jaunes, frantsesez) mugimendua 2018ko urrian abiatu zen eta urtebete beranduago bizirik dirau. Ekarri dituenen eta huts egindakoen balantzea egiteko goizegi ote da? Itsasoaren beste aldetik, Ingalaterratik, Simon Fairlie saiatu da eta LARRUNerako euskaratu... [+]


2019-04-26 | Mikel Asurmendi
Errepublikari mintzo zaio Emmanuel Macron presidentea Jaka Horiekiko auzia saihestuz

Eztabaida Nazional Handiaren berri eman bezperan, Notre Dame katedrala sutu zen. Jaka Horien oldeari aitzi egiteko Errepublikako presidente Macronen asmoak ezagutu gabe geratu ginen. Ostegunean agertu zen Frantziako nazioaren aurrean, baita bere gobernuaren neurri politiko... [+]


M1: Matxinada horia

Azken sei hilabeteotan arreta bereziarekin jarraitu ditut Jaka Horiek Estatu frantsesean sortu duten zurrunbilo politikoa eta eragin duten egoera berria. Haien inguruan idatzitakoak ere irakurtzen saiatu naiz, batez ere, sare sozialetan. Izan ere, Estatu frantseseko... [+]


2019-04-05 | | Aiaraldea
“Poliziak uste zuen Parisko Jaka Horiek Korrikako furgoneta irauliko zutela”

Txaleko horietatik moreak eramatera igaro zen Paris iragan astean. Lorea Ibañez egon zen, besteak beste, Pariseko Korrikan. Zer gertatu zen jakin nahi?


2019-04-03 | Bea Salaberri
IRITZIA
Laru beilegi hori

Txaleko Horien mugimendua, altxatu bezain laster, itzaltzera kondenatzen zen. Hor dirau. Bazirudien ez zuela deus lortuko. Zerga soil baten kontra altxatzen zelako, agian? Ala ez zuelako sarien eta aberastasunen birbanaketa seriosa planteatzen? Orain jada diskurtsoa jantziagoa... [+]


2019-03-27 | Juan Mari Arregi
Macronen bolborategia

Jaka Horien mobilizazio soziala Frantziako Estatu osoan zabaldu da, baita Ipar Euskal Herrian ere, eta Macronek gidaturiko gobernuaren politika hankaz gora ari da jartzen. Baina orain, arriskua dago herri sektore horiek mahairatu duten sakoneko problemari soilik errepresioz... [+]


2019-03-22 | Mikel Asurmendi
Frantziako Gobernuak neurriak gogortu ditu Jaka Horien manifestazioei aitzi egiteko

20. mobilizazio ekitaldia iragarri dute Jaka Horiek. Bihar, martxoaren 23an, manifestazioen inflexio puntua izanen delakoan daude herritar eta politikari asko. Frantziako Gobernuak baimenik gabeko manifestazioak eta "istilu sortzaileak" zigortzeko neurri bereziak hartu... [+]


Eguneraketa berriak daude