Iñaki Egañak idatzi berri duen Objetos perdidos. Desapariciones forzadas en el contexto vasco (1956-2010) (Objektu galduak. Indarrezko desagerpenak euskal testuinguruan, 1956-2010) liburuan (Txalaparta, 2021) oinarrituta dago erreportaje hau. Makina bat aldiz hitz egin da ETAren hilketa edo bahiketez, talde parapolizialen edo segurtasun indarren hilketa eta torturez, baina askoz gutxiago desagertuez, eta liburu honek ale bat gehitu dio gai arantzatsu horren errelatoari. Aukera on bat bortxazko desagertuen auziak azaleratzeko.
Euskal gatazkaren bueltan indarrezko desagerketen gainean ikuspegi orokor bat eduki nahi duenarentzat informazioz jantzia dator Iñaki Egañaren argitalpena. Hala ere, liburuari heldu eta berehala egin du jauzi lehen kontraesanak orrien artetik: euskal gatazkari lotuta batek oroimenean dituen desagerpenak eta liburuan sakontasun maila batekin aztertzen diren 24 desagerpenen artean jauzi oso handia dago. Horrez gain, munduan barrena izandako beste bederatzi euskal herritarren desagerpenez ere idatzi du. Eta liburua idatzi ondoren ere, beste hiru kasuren berri eman diote.
Kasu batzuk ezagunak dira, beste batzuk ez, baina gehienetan dira berrikuntzak, gutxienez ikerketen oso gainean ez dagoenarentzat; eta mundu bat eskaintzen dio halakoez ezer gutxi dakienari. Baina zergatik orain? “Gerra Zibileko desagertuak ikertzen aritu naiz azken 20 urteetan, beraz urratsa naturala iruditu zait, badut adin bat eta desagertuei buruzko datu asko nituen. Zertarako gorde? Dakidana hobeto dago liburu batean. Horregatik da hainbat auziren nahasketa”.
Zehatzago esanda, hiru multzo handi bereizten dira liburuan. Lehen multzo batean hamaika desagertu daude: Jesús Galindez, Pedro Baigorri, José Humberto, Jorge Juan García, Fernando Quiroga, Annie Intxauspe eta Patrick Ly, Eduardo Moreno Pertur, Tomás Hernández, José Miguel Etxeberria Naparra eta Jean Louis Larre Popo.
Bigarren multzoan hamabi herritarren kasuak azaltzen dira, uneren batean desagertuta egon ziren, ustez norbaitek desagerraraziak, baina denborarekin gorpuak agertu ziren, batzuk hiruzpalau egunera, hilabetera, urtebetera... edo hamabi urtera –Joxi Zabala eta Joxean Lasa moduan–: Jesús María González Tuitero eta José Luis Martínez, Bernardo Bidaola, Joxean Lasa eta Joxi Zabala, Mikel Zabalza, Joserra Asua, José Luis Salegi Txipi, José Luis Geresta Ttoto, Josu Zabala, José María Eizagirre Tapi eta Jon Anza.
Aurreko bi multzoak ez dira horrela bereizten liburuan eta lerro hauen irakurleari desagerketen berri zehatzago emateko erreportajearen egileak bereizitakoak dira. Hirugarren multzoa liburuaren egileak proposatutakoa da, Beste desagerpen batzuk kapituluan, euskal lurretan edo munduan gertatutako euskal herritarren indarrezko desagerpenak direlakoan. Oso izaera desberdineko bederatzi kasu dira: Borja Lazaro, Sabin Llona, Miguel Angel Martínez, Hodei Egiluz, Fidel Equiza, José Ramón Canal, Valentín Parrás, Antonio Varona eta Ignacio Zurbano.
Eta bada azken kasu bat ere, euskal gatazkaren historian oso ezaguna, ETAn izandako satorrik ezagunena izan delako: Mikel Lejarza El Lobo. “Hau ere bai?”, pentsa dezake harriduraz haren historia apur bat ezagutzen duen edonork. Egañak dioskunez, berak ere sartzeko zalantzak izan zituen, eta azkenean sartu du badelako pentsatzen duenik El Lobo 70eko hamarkadan atxilotu zutenean, torturatu, Poliziarekin kolaboratzera behartu eta desagerrarazi zutela. Egañak liburuan azaltzen duenez, hori da hain zuzen gerra zikina eta tortura ikertzen duen Xabier Makazagaren hipotesia. Bere ustez, ordea, eta oro har hori da uste zabalduena, El Lobo bizirik legoke eta 70 bat urte izango lituzke. Elkarrizketan dioskunez, bizi den tokiaren lekukorik ere badu.
Liburuan agertzen ez diren hiru kasu berriei buruz honakoa azaldu digu Egañak: bat Andrés Lanz Andueza da, Lakuntzakoa. Apaiza zen, Guatelamalara joan zen eta 1980an hango gerrillan ekin zion. 1982an atxilotu, torturatu eta, garai hartan Hego Amerikan oso ohikoa zen moduan, Karibe itsasora bota zuten hegazkin batetik. Beste bi desagertuen izenak ez dizkigu eman, oraindik ikertzen ari delako, baina Egañak aurreratu digunez, 80ko hamarkadan desagertu ziren, Guardia Zibila mugan edo handik gertu ETAren aurkako operazio bat egiten ari zela.0
Desagerpenen errudunak
Hamaika desagertuetatik bederatzi kasu euskal gatazkaren testuinguruan kokatzen dira, baina ez dago argi nork desagerrarazi zituen. Kasu gehienetan uste da Espainiako Estatuaren estoldak daudela atzean, baina horietako batzuetan ETAren edo bere ingurunearen itzala ere ageri da, eta aurrerago azaltzen den hiru galiziarren auzian itzala baino gehiago.
Naparra, Pertur eta Popo Larre dira kasurik ezagunenak. Lehen bietan hipotesi nagusia Espainiako Gobernuaren gerra zikinarena da, baina gaur egun ere oraindik askok sinesten du ETAk desagerrarazi zituela. Egañak sinesgarritasun handiagoa ematen dio gerra zikinari, eta argi azaltzen du zergatik. Naparra-ren kasuan, uste berekoa da Naparra kasu irekia liburuan auzia ikertu duen Jon Alonso idazlea. Ikerketari dagokionez, Arnau de la Nuez, ustez Espainiako agente sekretu ohiaren haritik tiraka, 2017an miaketa batzuk egin ziren Landetako Mont-de-Marsanen, baina ez zuten emaitzarik izan. Han bertan dagoen beste eremu bat arakatzea eskatu zuen ondoren familiak, eta Auzitegi Nazionalak bideratu zion eskaera Frantziako Justiziari, baina honek ez du oraindik miaketa berririk agindu.
Antzera Pertur-enean ere, badira bi hipotesi nagusi, estatuarena –italiar neofaxistak exekutore– eta ETArena. Egañak gerra zikinari ematen dio sinesgarritasun handiagoa. Agian hori da zabalduena euskal gizartean, baina Naparra-ren kasuan baino zalantza handiagoarekin. Euskal gatazka sakon aztertu duen Emilio Lopez Adan Beltza ikerlariak ere zabalik uzten ditu kasuak, baina Borroka armatua Euskadin. 1967-2011 liburuan argi ikusten da ETAren hipotesiari ere sinesgarritasun handia ematen diola: “Gaurko ikerle batzuek Naparra bilakatu dute Estatu terrorismoaren lagin garbia (Pertur eta Popo Larre bezala) eta, salbuespenak salbuespen, erakunde armatu desberdinen arteko arazoak ez dira gehiago aipatzen. Bada horretan hautu politiko-estrategiko bat, Ezker Abertzalearen bilakaerari lotua”. Kasuotan, historiografia abertzaleari ere kritika luzatzen dio: “Historiografia abertzalea tronpatzen da (eta jendea tronpatzen du) Berezien [ETA pm-ko adarra] hipotesia bakarrik Estatuaren zerbitzuko ustelek edo ergelek mantentzen dutela erraten duelarik”.
Urteetan esperantza piztu eta itzaltzen da hainbatetan, Pertur-en kasuan 2019. urtean izan zen argi une horietako bat, eta Egañak-eta pentsatu zuten Burgosko herrixka batean agertutako gorpua Pertur-ena zela: “Ziur ginen, eta duela 30 urte aurkikuntza horrekin topo egin izan bagenu, eta genituen datuak izanda, publiko egingo genuen”. Baina ez, DNA probak egin eta frogatu zuten ez zela Pertur.
Popo Larre eta Carbon Blanc-eko gaztea
Larrek militatu zuen Iparretarrak (IK) erakundeak beti defenditu du Frantziako Estatuko segurtasun indarrek desagerrarazi zutela, 1983ko abuztuaren 7an, erakundeko lau kiderekin Landetako Léon-eko kanpinean izandako tiroketaren ondoren. Popo, Gabi Mouesca, Filipe Bidart eta Ttotte Etxebeste omen ziren lau militanteak. Urte luzez ikerketa kateatuta egon da beste auzi batekin, sasoi hartan Carbon Blanc herrian desagertutako 15 urteko Pascal Dumont gaztearekin. Gaztearen familiari itsasoak itzulitako gorpu bat eraman zion Gendarmeriak, baina hark ez du inoiz ezagutu bere seme gisa. Herriko hilerrian lurperatu zuten.
IK-k pentsatu zuen itzulitako gorpua Popo-rena izan zitekeela, eta 1983an, erakundeko kideek gorpuari orkatileko hezur zati bat kendu zioten DNA probak egiteko. Gorabehera asko eta konplexuak izan dira analisi hauekin, denboran ere biziki luzatu dira, eta ondorioztatu izan da Carbon Blanc-eko hilerriko gorpu hura ez dela Popo-rena. Hala ere, oraindik proba gehiago egin beharko lirateke eta une honetan, auzia urte luzez kateatuta egon ondoren, bada horretarako aukerarik, Egañaren arabera. Halakoetan ohikoa den maneran, auziaren hariak biziki nahastu ziren, eta Gendarmeriak esan zuen bere kideek hil zutela. Egañak dioenez, Bidart eta Mouesca izan dira ikerketaren akuilu handienak azken urteetan eta orain ikusi beharko da ea zein haritik tira litekeen.
Annie Intxauspe eta Patrick Ly
Agian desagerpena kasurik ezezagunenak Annie Intxauspe eta Patrick Ly-rena dira, Donibane Lohizunen ikusi zituzten azkenekoz, 1976an, Pertur desagertu baino hilabete batzuk lehenago, Behobiara zihoazela esanda. Xabier Soubeletek –laguna zuen Intxauspe– idatzitako Oroitzirriak. Baztango lapurtar baten leihotik (Maiatz, 2006) liburuan aipatu zen afera, baina desagerpen kasuek ez zuten oihartzun zabalik izan. Annie Intxauspe zuberotarra oso ezaguna zen errefuxiatuen ingurunean, eta Espainiako segurtasun indarrek ere atxilotu zuten birritan, Hegoaldean ari zelarik. Egañak dio garaiko errefuxiatu askorekin hitz egin duela Intxausperen gainean: “Denetarik entzuten da hari buruz, gorroto eta amodio istorioak”. Egañaren kontakizunean Intxauspe ei litzateke klabea desagerpenean, eta Ly argazkilaria azken garaietako laguna ei zen.
Asko laburtuz, honakoak dira desagerpenaren hipotesiak: bat, Poliziak lortu zuen Intxauspe kontrolatzea eta salatari bihurtu zuen, ETAk edo errefuxiaturen batzuek beren kabuz hil zuten. Beste hipotesia: Poliziarekin aritu ondoren, errefuxiatuei informazioa pasatzen zien, joko bikoitz horren ondorioz Batallón Vasco Españolek bahitu eta desagerrarazi zuen. Lopez Adanek ere labur aipatzen ditu lerro batzuk gorago aipatu liburuan. Datuen faltan zabalik uzten du kasua, gehituz ezin dela baztertu ETAk edo euskal talde armaturen batek egin izana “etsaiak baztertzeko”: “Hau ere gelditu da argitzeke eta inork ez du ikertu, hain segur oso deserosoa delako (...) Annie, errefuxiatuei hurbila, militantziatik baztertu zen; haren lagunak, argazkilariak, nonbait salatari fama bildu zuen. Biek nahikoa bizi marjinala zeramaten. Handik, makaltasunak, hipotesiak eta isiltasuna”.
Irungo hiru langileen kasua
José Humberto Fouz, Jorge Juan García eta Fernando Quiroga, Irunen bizi ziren jatorri galiziarreko herritarrak hirurak. 1973ko martxoan desagertu ei ziren Donibane Lohizunen. Kasu honi buruz asko idatzi izan da, baina oro har, ez da batere hedatu. Egañak Irungo aduanetako langile gisa aurkezten ditu hiru gazteak. Lopez Adanek dio Quiroga aduana agentzia bateko langilea zela, Eskobedo garraio enpresa batean ari zela, eta García langabetua zela.
Kasu honetan ere bi hipotesi nagusi dira, eta bietan errudunak dira ETA edo euskal errefuxiatuen ingurunea. Batean, ETAk edo haren bueltakoek nahastu zituzten poliziekin, hil eta desagerrarazi. Bestean, egiazki poliziak ziren, erakunde armatuak deskubritu egin zuen, eta hil eta desagerrarazi zituen. Saez de Santamaría Guardia Zibileko jenerala zenak, esaterako, publikoki aitortu zuen Espainiako Poliziaren zelatariak zirela. Frantzian 1975ean itxi zen guztiz kasua, eta oro har, giza eskubideen urraketak ikertu dituztenek, besteak beste Eusko Jaurlaritzarako lanean aritu den EHUko lan taldea, kasua oso gutxi ikertu dela salatu dute.
Egañaren esanetan, bere ustez errefuxiatu talderen batek desagerrarazi zituen, baina ez zehatz-mehatz ETAk aginduta.
Lopez Adanen ustez, “garaiko ingurunean sinesgarri izan daiteke hiru pertsonen susmoa hartuta, militante talde bat bere kabuz aritzea, beroan bero bat hil eta denen estaltzeko gero beste biak akabatzea”. Eta kasuari buruzko konklusio gisa honakoa: “Erreibindikatu gabe eta froga materialik gabeko gertakaria da. Balizko biktimak errepresioan inplikatugabeak ziren. Militanteen aldetik, izatekotan autodefentsarako ekintza oker bat izan zen, oso gaizki eramana, eta geroko komunikazioa oso gaizki kudeatua”. Bere ustez familiek merezi dute egia jakitea, baina “oro har, Erakundeak hautatu du bere ekintzaileei babesa ematea, biktima inozenteen edo ekintza gehiegizkoen familiei ekar zekiekeen minaren gainetik”.
Kasu honen gisakoa izan daiteke Jesús María González eta José Luis Martínez Polizia inspektoreena, Hendaian desagertuak 1976ko apirilean. Hipotesi nagusia da ETAko adarren batek hil zituela eta desagerrarazi. 1977ko apirilean gazte talde batek topatu zituen gorpuak Angeluko hondartzako bunker baten azpian ehortzita. Inork ez ditu hilketak bere gain hartu.
Pedro Baigorri sukaldaria
Pedro Baigorri Kolonbian desagertu zen 1972ko urriaren 6an, Kolonbiako gerrillarekin borrokan ari zela. Haren ibilbidea gehiago ezagutu da azken urteetan, bereziki Baigorri. Un vasco en la guerrilla colombiana (Baigorri. Euskal herritar bat Kolonbiako gerrillan. Txalaparta, 2017) argitaratu denetik. Zabaldikan (Nafarroa) jaio zen Baigorri 1939an. Sukaldaritza munduan hasi zen lanean gaztetatik, besteak beste Iruñeko Yoldi eta Donostiako María Cristina hoteletan. Parisera egin zuen jauzi ondoren, Galesko Printzea hotelera.
Fidel Castrok Kubako jatetxeen sarea egituratu nahi zuela eta, norbaiten bila ari zen eta Baigorrirenganaino iritsi ziren haren ordezkariak. Kubara jo zuen ondoren, eta sarri Castrotarren sukaldari moduan ere jardun ei zuen. Eta handik Kolonbiara, gerrillarekin borrokatzera. Kolonbian 83.000 indarrezko desagertu daude eta bake akordioen ondorioz asko azkartu da haien bilaketa. 2021eko irailean ustezko bere gorpua topatu zuten, Cesar Departamentuko hilerri batean. Orain DNA frogak egin behar zaizkio, Paco Etxeberria auzi medikuak badu familiari ateratako lagin bat, eta prozedurak bere bidea egin dezan itxaron behar da.
Galíndez, espioi jeltzalea
Jesús Galindezen kasua oso ezaguna da, eta lotua dago 36ko Gerrari eta Gerra Hotzaren garaiari. Egañak, aurretik hemen aipatutako kasuetan legez, haren desagerpenaren berri zehatza ematen digu liburuan, espioien film batean murgilaraziz. Madrilen jaio zen, baina Amurrion hazi zen bertakoa zen ama hil ondoren. 1946an New Yorkera jo zuen eta erbesteko Eusko Jaurlaritzaren ordezkaria izan zen bertan, beste gauza askoren artean, adibidez abokatu edo idazle. Zereginen artean, aldiz, espioi gisa nabarmendu zen eta bereziki FBIrentzat jardun zuen, baina baita CIArentzat ere. Columbiako Unibertsitatean ere ikasi zuen, doktore tesia Dominikar Errepublikari buruz egin zuen eta Leonidas Trujillo diktadoreari oso kritika gogorra egin zion.
Trujillok aginduta, 1956ko martxoaren 12an New Yorken bahitu zuten, errepublikara eraman, torturatu, hil eta desagerrarazi. Egañak aipatzen du 2007an bildu zela Ibarretxe lehendakariarekin eta Iñaki Anasagastirekin gaiaz hitz egiteko, oso ongi hartu zutela eta ikerketarekin jarraitzera animatu ere bai. EAJren barruan, azaldu zioten, Joseba Agirretxea diputatua arduratzen zen gaiaz, eta harengana bideratu zuten. Agirretxerekin bildu zen, baina “nik eman nion informazioa ‘galdu’ zuen eta gero lotsagabe saihestu ninduen”. Ez zuen ikusi ikertzeko interesik EAJn.
Ofizialki Galíndez desagertuta dago, baina Egañak liburuan aipatzen duenez, berak ikertutakoaren arabera, haren gorpua XX. mendeko 50eko hamarkadaren amaieran agertu zen, Raul Fontana epaileak irekitako diligentzien ondoren. Ikerketarekin aurrera jarraitzeko zantzuak ikusten zituen Egañak, baina era berean, “EAJren sostengurik gabe, ez zuela merezi” iruditu zitzaion eta ikerketa alboratu zuen.
Hernández, iluntasuna nagusi
Tomás Hernández 1911n jaio zen Zaragozan eta umetan joan zen bizitzera familiarekin Bartzelonara. Gerran Durruti zutabe anarkistarekin jardun zuen, eta gerra ostean Parisen errefuxiatu zen. Han ezkondu zen gerratik ihesi iritsitako Ines Martínez irundarrarekin. Emaztearen familiatik gertu egoteko, bikoteak udaro igarotzen zituen oporrak Hendaian. 1979ko maiatzaren 15eko arratsaldean hiru pertsonak bahitu egin zuten. Baratzean lanean ari zen auzoak ikusi zuen guztia.
Hortik aurrera dena nahasia izan da. Hendaiako Gendarmeriaren iturriak aipatuz, El Diario Vasco-k Hernández gaizkile ezaguna zela argitaratu zuen. “Gezur boribila zen, baina Donostiako egunkariak ez zuen informazioa zuzendu”, azpimarratu du Egañak. Hipotesi nagusietakoa da Hernández ustekabeko gertakari itsusi bateko lekuko izan zela, eta horregatik bahitu zutela. Litekeena da Peru Larrañaga errefuxiatuaren hilketa ikusi izana eta horregatik desagerrarazi zutela. Familiak inoiz ez du onartu hipotesia, eta bere aburuz, desagerpena lotua dago 40 urte lehenago Bartzelonako gerra kontuekin, “burges katalan baten mendekua litzateke”. Badira, halaber, uste dutenak GALen akats bat izan zela, norbaitekin nahasi zutela, Segundo Mareyrekin gertatu zen bezala. Oso kasu korapilatsua da erreportajeko lerro hauetan dena azaltzeko, baina Egañaren liburuan zehatz aipatzen dira hipotesi guztiak, haien indargune eta ahulguneekin.
Ikusten denez, argi gutxi eta hipotesi ugari kasu gehienetan. Ikerlari eta senide askok uste du Espainiako Gobernuak sekretupean dituen dokumentuak desklasifikatzean egon daitekeela kasuok argitzeko klabea. Egaña ezkorragoa da, bere ustez, “Trantsizioan gertatu zen bezala”, artxiboetan egin beharreko garbiketa egina dagoelako. Konfiantza gehiago du lekukotasunetan, “baldin badaude, lekukoak orain agertu behar dira, bestela hilko dira”.
Bila eta bila jarraitzea, hori da desagertuen senideen patua, eta horretan ari dira makina bat familia oraindik. Ondorioz, noizean behin, gaiak hartzen du presentzia gizartean. Agian Naparra-ren familia da bilaketa horretan tematienetakoa, berriki Bolante baten historia filmean ikusi dugun bezala. Baina denbora ez da alferrik pasatzen, eta gehienetan bere lana egiten du, auziak ahanzturan edo lozorroan utziz, senideak ahitu egiten dira bilaketan edo, beste barik, hiltzen dira. Justiziaren ikuspegitik, aldiz, bortxazko desagerpen kasuak ez dira inoiz preskribatzen eta egileen erantzukizun penalek ez dute iraungitze datarik. Eta dudarik ez, justizia garrantzitsua da familientzat, baina edozeren gainetik, ikerketaren amaiera argia nahi dute, eta batez ere gorpua, edo harekin zer gertatu den jakitea, urte amaigabeen ondoren behin betiko dolua egin eta bakean bizitzen segitzeko.
Ostiral honetan bete dira 50 urte José Humberto Fouz, Jorge Juan García eta Fernando Quiroga Donibane Lohizunen desagertu zirenetik. Irunen bizi ziren jatorri galiziarreko herritarrak ziren.
Jose Miguel Etxeberria Alvarez Naparra-ren desagerpenaren inguruko informazio eguneratuaz txostena osatu du EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco katedrak. Dokumentuaren funtsa ikerketa eragingarria bultatzea da, eta Eneko Etxeberria Alvarez Naparraren anaiak jaso du... [+]
Naparra. Kasu irekia (Elkar) liburua idatzi du Jon Alonsok (Iruñea, 1958) José Miguel Etxeberria Naparra-ren desagerketaren auzia ikertuz. 1980an desagertu zen iruindarra eta familiak oraindik bila jarraitzen du. Liburuak ez du kasua argitzeko aztarna berririk... [+]
Joxe Migel Etxeberria 1980an ikusi zuten azken aldiz, Ziburun. Bahiketa Batallon Vasco Españolek aldarrikatu zuen. 2016an, Landetan egindako bilaketa lanek ez zuten emaitzarik eman. Asteartean prentsaurrekoa emango dute Donostian Iñigo... [+]
Mont de Marsanetik (Landak) gertuko harizti batean bilatu zituzten Jose Miguel Etxeberria Naparra-ren gorpuzkiak apirilaren 4an, baina ez zuten ezer aurkitu. Naparra han lurperatu zutela esan zuen estatu terrorismoari lotutako iturria bilatzeko agindua eman du orain Ismael... [+]
Jendarmeriaren talde espezializatu bat, Paco Etxeberria auzitegi-medikuak lagunduta eta epaileak aginduta, Jose Miguel Etxeberria Naparraren gorpuzkiak aurkitzen saiatuko da astearte goizean. Mont de Marsanetik (Landak) gertuko harizti batean egingo dute bilaketa, iturri... [+]
Nork bere hildakoak lurperatzea izaten da iraganarekin bakeak egiteko irudietako, moduetako bat. Beste bat, baina luzera ez hain eraginkorra, iragana ahaztea izaten da. Baina batzuetan ahanzturaren apologistei ahazten zaie nork bere hildako ehortzi gabeak ahaztu behar dituela... [+]
Joxe Bernardo Bidaola Txirrita etakide tolosarraren desagertze eta heriotza ikertzen dituen liburua aurkeztu dute, egilearen opariz ARGIAk PDF formatuan hemen eskaintzen duena. Ander Lizarralde oñatiarrak bildu ditu 1976ko apirilaren 25ean Txirritarekin zihoazen lekukoen... [+]