“Euskarak Nafarroan ez du lanpostu duin bat lortzeko balio, baina bai underground gauzak sortzeko”

  • Musika beltza maite du betidanik Broken Brothers Brass Bandeko gidariak. Azken urte hauetan sutsuki ari da uztarketa lanetan: alde batetik musika eta komunitatea eta, bestetik, musika inprobisatua eta Euskal Herriko musikaren sustraiak. Plazaratu berri duten bosgarren diskoa duela urtebete grabatu zuten, eta bertan parte hartzen dute Iruñerriko oraingo musika loraldiko talde garrantzitsuenek.

Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Ion Celestino Manterola. Donostia, 1982

Jazz musikaria, tronpeta jotzaile eta irakaslea. Donostian eta Iruñean ikasi ondoren Goi Mailako jazz ikasketak egin zituen. Hamar urte zituela Reinhard Renato Valeruz kontrabaxu jotzailearekin inprobisazioa eta jazz musika lantzen hasi zen. Afroamerikar musikarekiko grinak zenbaezinezko grabaketa eta zuzenekoetan parte hartzera eraman du gaztetatik. Amama Luisa, The Foralettes, Lurpekariak eta Eskola Ergatiboa bezalako formazioetan ibili da. Broken Brothers Brass Band taldearen gidaria da eta talde honekin bostgarren diskoa, Katebegia, berriki plazaratu dute. Irakasle lanetan ibili da haur eta nerabeekin hainbat musika eskolatan.Gaur egun klase partikularrak ematen ditu.

Zer du musika beltzak zuretzat horren erakargarri izateko?
Gauza asko. XX. mendeko musika popular guztiaren sustraian musika beltza dago, hasi muturreko rocketik eta musika elektronikoraino. Sustraiera joateko grina izan dut betidanik eta oinarrian musika beltza dagoela ikusi dut beti.

Lokatz antropologikoan sartuta, esango nuke kapitalismoa ulertzerik ez dagoela komertzio triangularrik gabe eta, modu berean, komertzio hori ez dagoela ulertzerik milioika afrikar bahituak eta Ameriketara eramanak izan ez balira. Oinazearen eta kulturen arteko talkaren ondorioz sortzen diren kultur adierazpenek azaltzen dute gure mundua. Horregatik interesatzen zait ezagutzea zer gertatu den musikalki, eta baita historikoki ere.

Bestalde, nire ustez, komunitatearen ideia oso garrantzitsua da musika beltzean. Popetik hurbilago dagoen kanona, adibidez, Beatlesen estiloa, nolabait esateagatik, niretzat nahiko itxia eta indibiduala da. Musika beltzaren historian, aldiz, taldean egina izatearen garrantzia nabarmentzen da beti. Izan ere, New Orleanseko musika gehienari ezin zaio autore bat aitortu. Herri musika da. Mendebaldeko musika zurian, aldiz, pisu handia hartzen du autore-genioak. Nik musika beltza maite dut eta etxean musika beltz asko entzun dugu betidanik.

Oso gazte hasi zinen jendaurrean jotzen. Zure lehen kontzertuak aitarekin egin zenituen?
Bai, 12-13 bat urterekin. Amama Luisa Brass Band-eko taldekide gehienak Renatoren ikasleak ginen. Reinhard Renato Valeruz nahiko tipo berezia zen. Austriatik heldu zen hona 70eko hamarkadan. Kontrabaxu jotzailea zen eta haren inguruan jazz-zale asko mugitzen ziren. Niretzat oso garrantzitsua izan zen.

Musika biziaren bizipen hori oso hurbilekoa izan dut beti, horregatik estatuan goi mailako jazz ikasketak ezarri zirenean bide hori aukeratu nuen.

Argazkia: Dani Blanco

Zuk sortutako lehen taldea The Foralettes izan zen. Nolakoa zen?
Duela 20 bat urte oso tematua ginen 50eko eta 60ko hamarkaden rhythm and blues eta soul estiloetan. Garai hartan oso ohikoa zen girl group edo nesken taldeak sortzea eta guk ere halako zerbait egin nahi izan genuen. Sei bat urtez aritu ginen talde honekin, baina, aldi berean, beste hainbat taldetan aritzen nintzen. Nik ofizioa horrela ulertzen dut. Jazzetik eta orokorrean musika beltzetik datorren ideia da. Batzuetan pentsatzen dugu talde bat ia milizia modukoa dela. The Rolling Stones ez da talde hori beraiek bostak ez badira, baina nik ez dut horrela ikusten.

"Iruñerrian gauza baten behar handia dugu: sindikatzea. Ez diogu geure buruari onartzen langileak garenik. Hain da prekarioa egoera, ze batzuetan ez dakigu ezta zer egin behar den kontzertu batengatik kobratzeko"

Eta gero Broken Brothers Brass Band?
Renato hil ondoren Amama Luisarekin jarraitu nuen urte batzuetan, baina bukatzen joan zen. Garai horretan kontserbatorioan goi mailan ikasten ari nintzen eta ikaskide batzuekin sortu zen ideia. Taldea 2006an eratu zen, baina lehen diskoa 2012an egin genuen. Urte luzez grabatzeak edo ez grabatzeak ez zuen garrantzi handirik guretzat. Ikasketa prozesu bat izan zen.

Musika beltza hemengo tradizioarekin ari zara lotzen. Gurea ere musika komunitarioa da?
Bai. Hori da. Komunitatearen kontzeptzio hori herri musika guztietan dagoen zerbait da. Bada, nolabait, herri batek bere buruari mundua azaltzeko sortzen duen zerbait, modu anonimoan normalean.

Nire irudiko, jazzak Mendebaldeko musika zuriaren bizio txarrenak hartzen ditu akademian sartzen den momentuan. Zerbait irakasteko errazena da kanon bat sortzea besteek hori imita dezaten, baina ondorioz zurrundu egiten da, ezinbestean. Hori gertatu izan zaio jazzari azken urteetan, nire ustez, eta bereziki kontraesankorra da.

Ikasketak bukatzen ari nintzenean sentitzen nuen kanon horri ezin niola ezer gehitu eta nahiago izan nuen nire sustraiekin lotu eta ni bizi naizen komunitatearentzako gauza berriak sortu. Hortik heldu zen ideia hori. Orduan ohartu nintzen ere nire sustraietako gauza gehienak ez nituela ezagutzen, edo soilik oso modu azalekoan.

Tradizioa beti mugimenduan dagoen zerbait da…
Prozesu honetan aurkitu dudana da nik neuk definitibotzat hartzen nituen gauza asko ni jaio nintzen garaian fosilizatu zirela, ez lehenago. Gure gurasoek kristalizazio prozesu hori ezagutu dute. Jauziak, adibidez, etengabeko eboluzioan izan dira bai jotzeko baita dantzatzeko moduan ere. Baztango mutil-dantzak, guk ezagutzen ditugun bezala, ez dira denboraren gauean galtzen. Maurizio Elizaldek kontatzen du nola bere aitak elkartu zituen hainbat jauzi egungo mutil-dantzen zikloa osatzeko. Niretzat, horretaz kontziente izatea oso dibertigarria da. Gure seme-alabentzat Sanfermin Txikiko ezpata-dantza %100 tradizionala da, eta 2009an sortu zuen Duguna Dantza Taldeak. Ezpata-dantza horren gauzarik inportanteena ez da noiztik izan den, baizik eta, hain zuzen ere, sortua izan dela Iruñean genuen behar bat betetzeko.

Folklorea eta tradizioa bi kontzeptu kasi kontrajarri gisa ikusten ditut. Niretzat folklorea da kristalizatu den gauza hori. Une jakin batean tradizioak eman duen lore bat, "kontserbatu" behar duguna. Tradizioak aldiz, gauza berriak sortzen ditu etengabe. Batzuk gelditzen dira eta beste batzuk ez, baina guk segitu behar dugu erantzunen bila.

Eta zure esperimentatzeko gogo horretatik ere beste formazio batzuk sortu dira: Lurpekariak edota Eskola Ergatiboa, Nerea Erbitirekin.
Nik badut beharra gauza berriak probatzeko. Lurpekariak oso toki experimental batean zegoen eta seguruenera jasanezina da diska hori osorik entzutea jende gehienarentzat, baina bere fruitua eman du. Handik, eta era horretako esperimentazio beste saioetatik, Brokenen disko berria eta Iruinkoko, Iruñeko Inauteri Euskaldunerako musika atera dira, esate baterako.
Laborategi modukoak izan dira. Nik neure burua eskulangiletzat hartzen dut eta horregatik esperimentatzea maite dut, baina jendearentzat interesgarriagoa da hortik ateratzen den emaitza, jakina.

Asko hitz egiten da Iruñerrian gertatzen ari den kulturaren eta, bereziki, musikaren loraldiaz. Zergatik orain, Iruñerrian eta euskaraz?
Zaila egiten zait erantzun zehatzak aurkitzea, baina uste dut ekaitz perfektua izan dela. Espainiako Estatuan orain dela zazpi-zortzi urte zartatu zen musika egiteko modua eta, nire ustez, musika beltzarekin harreman handi-handia duten jokamolde berri horiek zabaldu eta orain hemen garatu direla. 2015ean eta 2016an oso musika guapoa egiten ari zen Iruñean, baina ez ziren beraien zirkuluetatik ateratzen. Orain, gainera, pandemiaren ondorioz elkarrekin egoteko beharra areagotu da eta lehenagotik zetorren mugimendua azkartu da.

Eta zergatik euskaraz? 2000ko hamarkadaren hasieran niretzat erreferenteak izan ziren musikarietako asko eta asko euskaldunak izan arren, gaztelaniaz edo ingelesez abesten zuten eta nik ere berdin egiten nuen, agian asetzen ninduten euskarazko erreferente konkreturik ez nuelako. Orain hori aldatzen ari da. Gainera, Nafarroan euskarak badu elementu kontrakultural bat agian beste toki batzuetan ez duena. Euskarak hemen ez du lanpostu duin bat lortzeko balio, baina bai, aldiz, undergroundeko gauzak sortzeko. Slang moduko bat da.Txantxetan esaten dugu, baina egia da: euskarafobiari eskerrak eman behar dizkiogu.

Bada beste arrazoi interesgarri bat, nire ustez, honekin lotuta: sozialdemokraziaren bidea hilda dagoela sentitu du jende askok. Hortik bide egiterik ez dagoela. 20-22 urte dituen norbaitentzat nerabezaroan gertatu zen bere gurasoek hainbeste amestutako mobida bat gauzatzen zela. Lehenbiziko aldiz "gureak", nolabait esateagatik, zeuden boterean, baina, lau urte pasata, hortik ez da ezer gelditzen. Orduan, ez badago ezer, egin dezagun geurea. Antola gaitezen gure artean, musika edo liburuak edo nahi duguna egiteko, gutxienez.

Argazkia: Dani Blanco
"Folklorea eta tradizioa bi kontzeptu kasi kontrajarri gisa ikusten ditut. Niretzat folklorea da kristalizatu den gauza hori. Une jakin batean tradizioak eman duen lore bat, "kontserbatu" behar duguna. Tradizioak aldiz, gauza berriak sortzen ditu etengabe"

Hemengo beltzak euskaldunak gara?
Neurri batean, baina gero badira gu baino beltzagoak, euskaldun izatea ere ukatua dutenak.

Modu batez edo bestez loraldiaren zurrunbiloaren erdian beti aurkitzen zaitugu zu. Aita ponteko modukoa zara? Zer harreman duzu taldeekin?
Agian astuna naizela? Talde bakoitzarekin oso harreman desberdinak ditut, gauza asko egin izan ditugulako batzuekin eta besteekin.

Ibil bedi, adibidez?
Oso garbi ikusarazi didate nire errore taktiko handiena zein zen. Oso tematua egon naiz beti musika beltzarekin. Nire asmoa zen musika beltza modu masiboan zabaltzea Iruñean. Ibil bedikoek erakutsi didate egiten duguna baino askoz garrantzitsuagoa dela ikustea zer dugun elkarrekin egiteko. Nik ez dut gitarradun pop zuririk entzuten, Ibil bedi salbu, eta konexioa musikaz harago doa: interesatzen zait nortzuk diren, zertaz hitz egiten duten… Beraiek erakutsi didate hau eta, gainera, oso kantu politak egiten dituzte.

Chill Mafia?
Chill Mafiaren onena da hau dena hasiera besterik ez dela izan. Badute hazteko bide handia, zentzu guztietan, eta horrek kristoren poza ematen dit.

Harremana dator batez ere Beñatengatik. Aspalditik ezagutzen dugu elkar. Musika kultura izugarria du. Sakondu du jendeak uste duena baino askoz ere gehiago. Oso gazte zirela gure saioetara etortzen ziren, interes handia zuten reggae musikarekin, eta Iruñerria Jamaica Clash kolektiboan hasi zen gure harreman pertsonala. Ben Yart Mendillorrin bizi zen, gure gurasoen parean.

Hortik ikusi dugu beti, baina ez nuen harremanik berarekin. 2015-2016an bere musika hasi nintzen ezagutzen eta flipatu nuen. Tipo hau egiten ari da kantak eta bideoak bere etxean bere lagunek ikus ditzaten, besterik ez. Mendillorrin dagoen eszena oso potentea da eta hau adibide guapoa da. Mendillorrin mobida hau gertatu zen ia Madril eta Bartzelonan gertatzen ari zen aldi berean. Oso aurrean zeuden eta daude. Zergatik ez da lehenago gertatu Iruñerri osoan?

Nor gehiago azpimarratuko zenuke?
Niretzat oso garrantzizkoak dira Skabidean, nahiz eta beraiek beren burua hor ez kokatu, beraiek baino gazteagoak diren taldeak identifikatzen dituztelako mobida honekin. Harremana izan dugu musika jamaikar zaharra asko maite dutelako. Oso gauza onak egiten dituzte, eta gustatzen zait gauza askotan beste ikuspuntu bat daukatela. Gainera, iruditzen zait azken hamarkadetan euskaraz egin diren letra ederrenetariko batzuk dituztela. Oso erreferente potentea da gaur egungo gaztetxoentzat. Nik 15 urterekin ez nuen halakorik eta horrek poz handia ematen dit.

Tatxers-ekin harreman gutxiago izan dut baina letrak ere oso onak iruditzen zaizkit. Gauzak azaltzeko duten argitasunak inbidia ematen dit.

Burutik ere oso talde interesgarria da. Rocka euskaraz eta akordeoiarekin. Asier Capon akordeoi jotzailearekin flipatzen dut. Iruinkokoan ari gara elkarrekin jotzen eta ikaragarria da.

Amets Aznarez beste ereferente bat da. Kinbonbo taldeko tronbonista da, orain Bartzelonan ikasten ari da eta ikaragarria da. Neska hau beste maila batean dabil.

Garazi Petrirena beste izen handi bat da. Jazza ikasten ari da eta instrumentu guztiak jotzen ditu. Tronboia ikasten du goi mailan eta zer esan asko ekarriko duen musikaria da, zalantzarik gabe.

Brokenen denak mutilak zarete, beste taldeetan ere gizonezkoak dira gehienak. Nola ikusten duzu hori?
Dezente hitz egin dugu honetaz Brokenen. Taldea egin genuenean goi mailako jazz ikasketetan neskarik ez zegoen, adibidez. Ez da kasualitatea. Modu naturalean etorriko dela uste dut nik, baina oso zaila egiten zait soluziobide bat planteatzea. Gazte jendearengan, hala ere, ikusten dut jada zerbait desberdina ari dela gertatzen. Chill Mafian pisu ikaragarria du Sara Goxua DJak, nahiz eta nabarmendu nahi ez izan. Kinbonbon erdia eta erdia daude, Skabideanen pausoa eman zuten Black Birdseko hiru neskak sartuz, Burutik taldean ere badira neskak...

Orain zerbait bultzatzeko beharra ikusten duzu?
Iruñerrian gauza baten behar handia dugu: sindikatzea. Ez diogu geure buruari onartzen langileak garenik. Hain da prekarioa egoera, ze batzuetan ez dakigu ezta zer egin behar den kontzertu batengatik kobratzeko.
Musikaren aldetik ez dakit. Gauza batzuk behar dira, baina gertatzen ari dira. Gauza guapo-enei eutsi behar diegu egonkortu daitezen eta beste toki batzuetan erreplikak izan ditzaten.

 Katebegia disko berriaz zer duzu esateko?
Borobilena dela nire ustez. Aurrekoetan airean izan diren ideia asko honetan mamitu direla iruditzen zait.

Ikusten dut New Orleanseko gaur egungo taldeen estiloa eta eraginak erabili ditugula inoiz baino hobeto, euskararen tradizioarekin eta komunitatearekin dituen loturak oso guapoa-k iruditzen zaizkit eta inguruan dugun gazte jendeak nola parte hartu duen izugarria iruditzen zait. Biniloan bakarrik aterako da, baina ez dakigu noiz. Orain partekatu dugu sare sozialetan.

AZKEN HITZA

Federala

“Euskaldunok zenbaki handien eta gauza oso espektakularren batailan ez dugu ezer egiteko, horregatik ez dezagun denbora gal eta egin dezagun saretzearen aldeko lana eta ahalegina. Pentsamendu federala da euskarari komeni zaion planteamendua, nire ustez, ez naziotasuna. Federazio txikiak behar ditugu, elkarrekin lanean. Aurreko hamarkada batzuetan euskarazko musikak asko kantatu dio herri bat izateari, aberriari... eskala handi batean jarrita. Egungo talde gazteek, aldiz, hurbileko errealitateaz hitz egiten dute eta gai horiek partekatuz sare bat sortzen dute. Hain da lokala esaten dutena, azkenean unibertsala ere badela. Haien indargunea da hori eta jendea engantxatu egiten du".

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
2024-11-19 | Jon Torner Zabala
Fermin Muguruza: “Pradales lehendakaria bere Justizia Sailarekin ados dagoen jakin nahiko nuke”

Fermin Muguruzak kontzertua eskaini zuen pasa den larunbatean Martuteneko kartzelan, Iñaki Pikabea 'Piti' eta Joseba Sarrionandia ETAko kideek espetxe horretatik ihes egin eta 39 urtera. Orain, kontzertua dela-eta hainbat jenderen kexak jaso ostean, Eusko... [+]


Kronika: Artea eta politika
Hoberena etortzeko dago-eta

Oasi bat hiri erdian

Kutixik jaialdia
Non: Intxaurrondoko Kultur Etxean, Donostian.
Noiz: Urriaren 26an.

---------------------------------------------

Donostialdean sortutako musika ekimena da Balio Dute, autogestioa zimendu eta lan-tresna gisa hartuta, "musikariak prekario, bakarti eta... [+]


Don Pasquale garaikidea pizza artean

Donizettiren Don Pasquale opera
Taldeak: EOS eta Bilboko Operako Abesbatza.
Bakarlariak: S. Orfila, M.J. Moreno, F. Demuro, D. Del Castillo, P.M. Sánchez.
Eszena-zuzendaria: Emiliano Suárez.
Eszenografia: Alfons Flores.
Lekua: Euskalduna Jauregia.
Data:... [+]


Euskal musika eszena: zer da, baldin bada?

Gasteizen, Jimmy Jazz aretoaren hamabosgarren urteurrenaren harira, hitzaldi-ziklo bat antolatu dute lau astelehenez jarraian. Aurrekoan artez eta politikaz mintzatu baziren, azaroaren 4an euskal musika eszena izan dute hizpide. Ea existitzen den, eta existitzen bada nolakoa ote... [+]


2024-11-05 | Leire Ibar
Juan Mari Beltran musikariak jasoko du aurtengo Manuel Lekuona Saria

Musika ondare tradizionala “berreskuratu, zaindu eta transmititzeagatik” irabazi du Eusko Ikaskuntzaren 2024ko saria Beltranek. Urte luzeetako “dibulgazio lan multidimensionala” aitortu nahi izan dio epaimahaiak.


Baigorri-Tafalla senidetze eguna
Liturgia ez-katoliko bat Urdozeko kaperan

Kasu Hegoaldeko begirada horri. Lehen-lehenik desmitifikatu larre berde, etxe zuri eta teila gorrien lur ederrekiko miresmen itsua, halako maitasun inkondizionala, hizkerari eta ustezko bizitzeko manerari loturiko fetitxismoa. Utz, Ruper Ordorikari sarri entzun gisan,... [+]


2024-11-01 | Hala Bedi
Gorka Erostarbe (Badok)
“Edukiak gorantz egin du eta sorkuntza aldetik une polita bizitzen ari da euskal musika”

Badok-ek, Berriako musika atariak, 15 urte bete ditu. Bi ekitaldi ezberdin antolatu dituzte urteurrena ospatzeko, bata Hendaian azaroaren 16an eta bestea Durangoko Azokan. Hainbat artista izango dira bertan. Euskal musikaren gaur egungo egoeraren erradiografia txikia ere eskaini... [+]


2024-10-31 | Iker Barandiaran
Izan ginelako… landuko dugu!

Laberintuak
Maniaks
Autoekoizpena, 2024

------------------------------------------

Ohikoa da gaztaroaren borborrean musika taldeak sortzea, eta non eta Arrasaten are gehiago. Baina talde bat sasoian eusteak esfortzu eta konpromiso handia eskatzen du, eta tira egin ezean... [+]


Kaskezur disko berriarekin dator, bost urteren ondoren

Rock alternatiboa egiten duen laukote baztandarrak 2019an kaleratu zuen Ihesi doaz animaliak, eta pandemia heldu zenez geroztik isilik egon da. Orain arte. Seigarren lana izango du Deus (Usopop, 2024). Lehen singlea kaleratu dute, Egia, begira deiturikoa, eta azaroaren 11n... [+]


2024-10-24 | Xalba Ramirez
Zorroztu ezpatak!

Ezpatei Disdira!
Tatxers
Humo Internacional, 2024

-----------------------------------------

Pop melodia itsaskorren gerrillariak. Vietcong txikiak nola, bata bestearen atzetik, tranpekin edo tranparik gabe berriz harrapatzen gaituzte Tatxersekoek. Himnogintzaren maisuak,... [+]


Eguneraketa berriak daude