Goiza eguzkitsu dago Urbasan, eta familiaren bordatik bi aulki atera ditu Maite Ruiz de Larramendik (Beasain, 1973). Eszenatoki idilikoa da elkarrizketa baterako. Antza, haren bi txakurrek ere parte hartu nahi dute solasaldian. Jostari dabiltza, arreta eske. Jabea ere inguru horretan asko jolas egindakoa da, bertan hazi baitzen, ardiak zainduz eta gazta landuz, guraso eta anai-arrebekin batera. Eguzkia sartu arte aritzen zen pilotan, hotel zaharraren frontoian (argazkietan), eta ekinean jarraitzen du oraindik ere, 48 urterekin. Sasoiari eta grinari eusten die munduko txapeldun ohiak; ziurrenik, Urbasako gaztak eta egurats garbiak badute zerikusirik horretan.
Urte askoan bizi izan zara paraje eder hauetan. Pribilegio handia izan duzu.
Toki honek dena esan nahi du niretzat. Nire bizitzako udara gehienak hemen pasa ditut, eta oso zoriontsu izan naiz. Gehien betetzen nauen lekua da, eta indar handia ematen dit. Nire sustraiak hemen daude, eta oso garrantzitsua da niretzat erroekiko loturari eustea. Behar nuen guztia neukan hemen: familia, natura, eta frontoi bat. Paradisua zen. Urbasako bizimoduak aske sentiarazten ninduen, eta hemen pasatako urteak ez nituzke ezerengatik ere aldatuko. Familiak hemen jarraitzen du, eta ahal dudan guztietan itzultzen naiz.
Etxean jaso duzu naturarekiko eta animaliekiko zaletasuna. Eta pilotaz ere, beste horrenbeste esan daiteke, ezta?
Aitak eta aitonak zaletasun handia zuten, eta anai-arreba guztiok kutsatu gintuzten. Anaia gazteena urte askoan aritu da frontisean, eta anaia zaharrenak ere luzaroan jokatu zuen afizionatutan. Txikitatik izan dugu abeltzaintza eta pilotarekiko pasioa. Ia oinez hasterako hasi nintzen ni pilotari ematen. Etxeko edozein txokotan aritzen nintzen. Zenbat partida jokatu ote ditudan lastategian… Gurasoek ohitu egin behar izan zuten. Aitonak frontoira eramaten ninduen, eta berehala ikusi nuen hura zela nire tokia.
Zenbat urterekin hasi zinen txapelketak jokatzen?
Zortzi urterekin egin zidaten lizentzia. Eulaten eskola txiki bat zegoen, baina Lizarrara ere bidaltzen gintuzten. Mutilekin lehiatzen nintzen, bikoteka. Hasieran, ezagutzen ez nindutenek ez zuten nirekin jokatu nahi izaten. Baina iritziz aldatzen zuten joa nuela ikusi orduko. Hamalau urte bete arte ibili nintzen horrela, eta bitxikeria bezala, partida bat irabazi nion Ruben Belokiri. Nafarroako Txapelketako finalaurrekoetan izan zen, Tafallan. Aitortu zidan sake ona nuela, eta pilotari oso ondo ematen niola. Lagunak gara oraindik ere.
Gero, lau urteko etena izan zenuen. Behartu egin zintuzten pilota uztera. Nola gertatu zen?
"Pentsatu gabe egin ditut gauzak. Ospitalean hiru txandatan aritu behar nuen, eta askotan, jan edo lo egin gabe joan naiz jokatzera"
Ni oso gustura nenbilen, ondo moldatzen nintzen, eta ez nuen eskuko minik batere. Jendea, ordea, aitari presio egiten hasi zen: emakumea nintzela, eskuak kaltetu behar nituela, beste zerbait egin nezakeela… Hainbeste tematu ziren, ezen aitak amore eman zuen, eta esan zidan ezingo nuela txapelketak jokatzen jarraitu. Nik ezin nuen zergatia ulertu. Mutilek askatasun osoa zuten pilotan segitzeko, edo nahi zutenean beste kirol bat egiten hasteko. Niri, ordea, ez zidaten aukerarik eman. Hemezortzi urterekin etxera deika etorri zitzaizkidan, eta amak ez zuen bitan pentsatu. Niri galdetu ere egin gabe eman zuen baiezkoa. Ongi zekien pilotak zoriontsu egiten ninduela.
Eskuz ez, palarekin hasi zinen jokatzen. Eta oztopoak oztopo, tinko eutsi zenion hortik aurrera.
Proba bat egin nuen Susana Munetarekin, eta buru-belarri aritu nintzen aurrerantzean. Aitzindariak izan ginen: herrietan baziren emakume pilotariak, baina inork ez zien federatzeko aukera luzatzen. “Hara piztia arraro hau, utziko du momenturen batean. Edo bestela, zoko honetan joka dezala”. Pentsamolde hori zegoen indarrean. Gu herriz herri genbiltzan, eta jendea zur eta lur gelditzen zen. Mutilen aurka jokatzen genuen, ez zegoen besterik, eta harro diogu finalak jokatu eta txapelketak irabazi genituela.
Zenbaitentzat, porrot handia izango zen zuen aurka galtzea.
Berotzen hastean, pilota ez ziguten lehen koadroa baino urrutiago bidaltzen. Nik Susanak baino pazientzia handiagoa nuen, eta ez nien kontra egiten. Pentsatzen nuen pilota oso hotz zegoela oraindik, eta horregatik emango ziotela horren ahul. Susana gogaitu egiten zen, eta sekulako zartakoa ematen zion azkenean. Zazpiraino bidaltzen zuen, eta hortik aurrera, serioski hartzen gintuzten. Eta gero, irabazten bagenien, denetariko aitzakiak jartzen hasten ziren. Txantxa bezala hartzen nituen halakoak. Berdin zidan aurkariek nola begiratzen gintuzten; pilotan aritu besterik ez nuen nahi.
Asko gozatu duzu, baita irabazi ere. Denak merezi izan duela sentitzen duzu?
Erabat. Ikaragarri gozatu dut. Batzuetan gauza itsusiak bizi behar izan ditut, baina ez zaizkit iltzatuta gelditu. Gogor egin dut lan, baina ez dut sakrifizio bezala hartu, gustura egin dudalako, eta sekulako emaitzak izan ditudalako: zazpi Munduko Txapelketa jokatu ditut, eta urrezko bi domina, zilarrezko lau eta brontzezko bat lortu. Munduko Kopan, berriz, urrezko bost ditut. Halere, garaipenek bezainbeste betetzen naute pilotari esker izandako bizipenek. Pertsona eta toki zoragarriak ezagutu ditut. Itzela da.
Nola lortu duzu pilota alor profesionalarekin uztartzea?
Pentsatu gabe egin ditut gauzak. Ospitalean hiru txandatan aritu behar nuen, eta askotan, jan edo lo egin gabe joan naiz partidak jokatzera. Eta bueltan, gauez, berriz ere lanera. Gelditu eta hotzean hausnartu izan banu, agian sekulako ahuldadea hasiko nintzen sentitzen. Pilotarekiko dudan afizioa gailendu da. Kosta ala kosta, jokatzen eta neska gazteei irakasten jarraitu nahi izan dut. Ordu asko eskaini dizkiot pilotari, dudan guztia eman diot, eta atzera begiratuta, harritu egiten nau nola ibili naizen ikusteak. 21 urterekin hasi nintzen ospitalean lan egiten, eta Espainiako selekzioan 27 urtez aritu nintzen. Eta asteburu batzuetan, lauzpabost partida izaten nituen. Atera kontuak.
Erraketisten garaian, aurreko mendearen hasieran, emakume pilotariak profesionalak izan ziren. Zuk, ordea, ez duzu ia zentimorik ere jaso, birritan munduko onena izan arren.
Pilotarekiko maitasun hutsez aritu naiz. Niretzat, paradisua izan da txapelketak jokatu ahal izatea, ezeren truke izan arren. Garai horiek bizitzea tokatu zitzaidan, eta pena ematen dit. Alde itzela dago duela 100 urte erraketistek bizi izandako egoerarekin. Eibarreko eskolak 200 emakume zituen, eta gehiago ziren emakumeen lizentziak gizonenak baino. Familia askoren sostengua izan ziren erraketistak. Diru asko irabazi zuten. Pilotalekuak betetzen zituzten Bartzelonan, Madrilen edota Sevillan, eta batzuk Ameriketara joan ziren. Egungo tenislariak bezala ziren hartuak. Ordea, diktaduran debekatu egin zitzaien pilotan aritzea. Historia ezabatzen saiatu ziren. Ni jaiotzerako, inork ez zuen emakume pilotarien berri.
Asko jota, 2.000 euroko beka eman dizute lau urterako. Kopuru irrigarriak jaso dituzu: adibidez, Espainiako Txapelketa bat bederatzi euroren truke jokatu zenuen.
Munduko txapeldun izanda, Miguel Indurain beka ematen zizuten Nafarroan. Hori zen lor nezakeen diru-sarrerarik handiena. Eta zuk aipatutako bederatzi euro haiekin, hoteleko gosaria ordaintzeko ere ez genuen. Nire ustez, arazoa diruaz harago zihoan. Orain, geroz eta erraztasun gehiago dute neskek, teknifikazio aldetik eta abar. Guri, ordea, trinketea ez zigun inortxok ere ordaintzen. Gaueko bederatzietatik hamaiketara aritu behar izaten genuen, pilotalekua libre gelditzen zenean. Ordu batak aldera iristen ginen etxera.
Ez zenuen sekula izan dena pikutara bidaltzeko bulkada?
Ez. Halere, haserrea eta etsipena sentitu izan ditut, ez dut ezkutatuko. Ez zitzaidan bidezkoa iruditzen mutilek, askoz ere gutxiago eginda, profesional bihurtzeko aukera edukitzea, eta guri, berriz, bidaietarako erregaia ere ez ordaintzea. Nik pasioari esker jarraitu dut pilotan; ordea, gaitasun handiko neskak ikusi ditut amore ematen, gutxienekoa ere ez zaielako eman pilotan aritzearen truke. Orain gauzak aldatzen ari dira, eta horrek izugarri pozten nau. Nire iloba Olatz sei urterekin hasi zen jokatzen, hemeretzi dauzka orain, eta hegoak ez dizkio inortxok ere moztuko. Pausoak oso geldoak dira, baina eman egin behar dira.
Urrats handia egin zenuten iazko maiatzean, Ados Pilota elkartea sortuta.
Ez geneukan beste irtenbiderik. Ematen du bibote eta gorbatadun gizonak etorri behar duela salbatzaile bezala, baina nik 48 urte ditut, eta konturatu naiz pilotariok atera behar ditugula babak eltzetik. Bestela, inork ez du apustu egingo gure alde. Guk erabateko konpromisoa dugu gure onena eman eta geroz eta pilota hobea eskaintzeko. Trukean, babes apur bat besterik ez dugu eskatzen. Berdintasunaz asko hitz egiten da, baina telebistak eta babesleek benetako apustuak egitea behar genuen. Iera Agirrek eta biok egoeraren azterketa egin genuen, eta ikusi elkarte bat sortzeko beharra zegoela. Batzuek beldurra zuten, guk geuk eman behar genuelako urratsa, inoren zain egon gabe.
Zer balantze egiten duzu ia urtebetean egin duzuen ibilbideaz?
Emakumezko pilotarien lehen klub profesionala da, eta orain arte izan ez diren baldintzak ari gara eskaintzen pilotariei. Benetako profesionalismoaren abiapuntua izatea espero dugu. Gainera, burujabetza aldetik ere abantaila handia ematen digu Adosek, pilotariok garelako klubaren kudeatzaileak. Udan Plazaz Plazaz txapelketa antolatu genuen, eta berriki binakakoa jokatu dugu. Babesle garrantzitsuak lortu ditugu, eta horri esker, pilotariak kontratupean aritu dira azken bi hilabeteetan, txapelketak iraun bitartean. Gainera, oso pozik gaude egiten ari garen teknifikazio lanarekin. Besteak beste, Juan Martinez de Irujo eta Patxi Eugi ari zaizkigu laguntzen. Luxua da haiekin lan egin ahal izatea.
Pilotalekuetan zer giro dago orain emakumeek jokatzen duzuenean?
"Orain arte izan ez diren baldintzak ari gara eskaintzen Adosen. Benetako profesionalismoaren abiapuntua izatea espero dugu"
Jendea harrituta gelditzen da, eta gozatu egiten du. Oso joko polita egiten omen dugu. Batzuetan mutilekin konparatzen zaigu, eta hori akatsa dela uste dut. Ezin zaigu alderatu. Gustatuko litzaidake pilotan Zabaletak adina jotzea, baina ez da posible; eta horrek ez du esan nahi guk egiten duguna okerragoa denik. Besterik gabe, jokatzeko modu ezberdinak ditugu: mutilak oldarkorragoak dira, eta guk azerikeria gehiago egiten dugu. Kontua da, gozatu egiten dutela orain arte soilik gizonezkoen pilota ikusi duten zaleek, eta zoriontzera etortzen zaizkigu. Asko pozten nau horrek, jabetzen naizelako egoerak nabarmen egin duela hobera.
Esan duzunez, zure iloba ere pilotaria da. Nolakoa da harekin aritzea? Eta zer duzu nahiago, harekin bikotea osatu, ala haren aurka jokatu?
San Ferminetan aritu ginen aurrenekoz elkarrekin, lagunarteko batean. Itzela izan zen. Txikia zenean, noizbait Amerikak egingo genituela esaten nion. Oraindik gogoan du, eta galdetu ohi dit ea noiz joango garen Ameriketara. Niretzako, ametsa da: nork esango zidan, hainbeste urteren ondoren, berriz ere esku-huska jokatzen hasiko nintzela, eta nire ilobarekin batera? Halere, ez pentsa oparirik egiten diodanik, eta berak ere eginahalak eta bi egiten ditu irabazteko. Oraintxe bertan, nahiago nuke berarekin bikotea osatu, kar-kar! Biok atzelariak gara, eta pilota utzi aurretik, txapelketa bat berarekin jokatzea gustatuko litzaidake. Etxean, gehiago dira bere aldekoak; nik jada asko irabazi omen dut. Eskerrak anaia Patxik babesten nauen!
Noiz arte jarraituko duzu ekinean?
48 urte ditut, baina ez dut horrela sentitzen. Entrenamenduen ostean, belarriek ere min ematen didate; baina biharamunean, jokatzeko pronto nago berriro. Nahi dudana egiten dudalako sentitzen naiz nekatuta. Gainera, bi urte eskas daramatzat pilota mistoarekin jokatzen. Ilusio aldetik, hasiberri baten pare ikusten dut nire burua. Gorputzak erantzuten jarraitzen duen bitartean, ez dut pilota uzteko asmorik.
Iruñeko Labrit pilotalekuan ari da jokatzen 22 urtez azpiko XI. Munduko Euskal Pilota Txapelketa. Abuztuaren 31ra bitartean zazpi herrialdetako 200 pilotari baino gehiagok hartuko dute parte. Euskal selekzioak lehiatzerik ez duela-eta, haren ofizialtasuna eskatu dute... [+]
Euskal Herriko pilota selekzioa aldarrikatu du dozenaka pilotarik Hendaian egindako ekitaldi batean. Erabakia larunbatean, Hendaiako Beltzenia pilotalekuan egindako ekitaldi batean ezagutzera eman zuten.
Pilotari famatua izan zen, munduko txapelduna, baina tartean behin baizik ez zuen Euskal Herrian jokatu, Mexikon jaio, hazi eta hantxe bizi baitzen, gurasoak haraxe joanda 1936ko gerratik ihesi. Abertzalea, Mexikoko euskal etxeko presidentea, Jaurlaritzaren aholkularia,... [+]
Txikitatik bizi dugu lehia gizarte honetan: umetan haurren arteko jolasetan, heldutakoan bizitzako eremu guztietan –batzuetan kontzienteki onartzen dugu jokatzea eta bestetan nahi gabe erortzen gara lehia dinamiketan–. Agian horregatik dira kirolariak gizarte... [+]
Frontoia du habitat Naroa Iturainek (Iruñea, 1992). Pilotaria da, baita pilota epailea ere. Umetan ikusmina piztu zion palak, eta pasioari jarraika, esku-pilotan hasi zen gerora. Alabaina, ia behartuta egin zen epaile, emakumeen arteko neurketak pilotariek beraiek zuzendu... [+]
Maiatzaren 13an Larraul-Azpeitia partidak jokatuko dira Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren baitan, eskuzko modalitatean. 18:00etan hasiko dira partidak Tolosaldeko herri txikian, eta urtetan pilota sustatzen egindako lanaren emaitza izango da: jai handi bat, lehen aldiz parte... [+]
Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak batzarra egingo du, lehen aldiz euskal pilotarien estatusaren aldaketa aztertzeko prest azaldu ostean. Espainiako Pilota Federazioak bere aurkako "iraintzat" jo du asmoa, eta gaineratu du "izaera nazionalista aitortzea"... [+]
Gernika, Donibane Lohizune, Biarritz eta Paueko lehiaketak batu egingo dira Jai Alai League sortuz.
Ados Pilota klubak salatu du ETBk ez duela larunbatean abiatuko den Binakako Txapelketaren partidarik emango eta, ondorioz, Eusko Labelek ez duela txapelketa babestuko.