1935 urteaz geroztik landutako lurrak hormigoitu eta 2024an eginen diren Olinpiar Jokoetarako igerileku bihurtu nahi dituzte lekuko instituzioek. Desobedientzia eta okupazioaren bidetik dabiltza megaproiektu honen aurka borrokan. Hiri batetik bestera, Joko batetik bestera, fenomeno berdinak errepikatzen dira: natura guneen suntsiketa, hiriaren bestelakotze basatia eta nola ez, sekulako dirutza publikoa bideratzea hauen antolaketara. “Festaren kapitalismoa” terminoarekin definitzen du fenomenoa AEBetako kirolari eta ikerlari Jules Boykoffek.
Parisen egondakoak daki zenbat eskertzen diren hiri honen zurrunbiloan bat-batean agerturiko oihan, parke ala ibai bazterrak. Horietan ditugu Aubervillierseko baratze kolektiboak. 26.000 metro kuadro lur, herritarren esku. 1935ean hasi ziren lur horien lantzen, eta dioten gisara, orduz geroztik aitzina egin dute, Historia bertatik zeharkatuz: “Fronte Popularra, Bigarren Mundu Gerra, industrializazioa eta desindustrializazioa, 68ko Maiatza, metro linearen eraikuntza, 2005eko barrikadak, 2008ko subprimes-en krisia, koronabirusa... Parisen metropolizazioari biziraunen ote diogu?”.
2024ko Olinpiar Jokoak direla eta, hormigoitu eta igerileku olinpikoa egin nahi dute bertan agintariek. Erresistentzia handituz eta gogortuz doa: okupazioak, ekintzak eta makinen blokeatzeak. Nolazpait, Lekarozeko borroka Parisen. JAD Jardins à défendre (defendatu beharreko baratzeak) borroka gunea abiatu zuten iragan udan, gau eta egun okupatuz gunea. “Leku hau magikoa da, geroz eta urbanizatuagoa den gune baten erdian dagoen bitxiontzi bat da. Haien logikari segi, zer geldituko zaigu hemendik hamar, hogei urtera? Gune berdeen beharra dugu, batez ere Paris batean” dio Reporterre-ko kazetariari jad-ista batek.
Osasunaren Mundu Erakundeak dio hiri batek bizigarri izateko gutxienez pertsonako 10 m2 natura behar dituela, hamabost minututara oinez. Aubervilliersen 1,42 m2 dituzte. Iazko irailaren 2an kanporatu zituzten aktibistak, obrak hasteko. Amore ez emanik, otsailaren 2an makinei lotu ziren zortzi aktibista, poliziek atxilotu arte. Justiziaren bidetik ere dabiltza megaproiektua geldiarazi nahian. Behin betiko garaipena ez bada ere, lehen garaipena jaso dute otsail honetan, PLU hirigintzako dokumentua ez duelako errespetatzen proiektuak. Lau hilabete ditu Plaine Commune elkargoak dokumentua moldatzeko.
Iaz Tokion izan ziren udako Olinpiar Jokoak, 2016an Rio de Janeiron, 2012an Londresen, 2008an Pekinen... Negukoak, Pekinen aurten, Pyeongchangen 2018an, Sochinen 2014an... eta horrela, lau urtero, 1896ko Atenasko lehenak arte. Datozen hamar urteenak finkaturik dituzte: Paris (2024), Milan (2026), Los Angeles (2028) eta Brisbane (2032). Hemen ez dago klima larrialdiak geldiaraziko duen ezer, festan segitzeko asmoa du NOB Nazioarteko Olinpiar Batzordeak.
“Nazioarte mailan antolaturik daude NOB eta olinpismoaren promotoreak; gisa berean antolatu behar gara” irakurri daiteke saccage2024.noblogs.org webgunean. Olinpiar Jokoen aurkako nazioarteko topaketak eginen dituzte maiatzaren 21 eta 22an Paris inguruko Seine-Saint-Denisen. Aurreko esperientzietatik ikasi nahi dutelako Parisen mobilizaturikoek. Gauza berdina errepikatzen delako aldi oro: hiria erabat desitxuratzen dute, kalte sozial, ekonomiko, kultural eta ekologiko berdinak ondorioztatuz gainera.
Alta, ez dute beti horrelako eragina ukan Jokoek. Telebista etxe guztietara sartzearekin eta Gerra Hotzaren testuinguruan hartu zuten bihurgunea: “Supremazia globalarentzako prokuraziozko gudu zelai bihurtu zen kirola”, AEBetako kirolari eta ikerlari Jules Boykoffen arabera. Ikuspegi kapitalista bereari txertatuz, gaur egun ezagutzen dugunaren dimentsioa abiarazi zuen NOBeko presidente izandako Juan Antonio Samaranchek 1984ko Los Angeleseko Jokoetan. Orduan hasi ziren enpresa pribatuak hitzordua diruztatzen. Beti ere, instituzio publikoetatik sekulako dirutza bideratuz: Parisekoentzat 1.500 milioi euro bideratuko dituzte –aurrekontuaren %20–; baina horiei gehitu beharko zaizkie kontabilizatu gabeko gastuak.
Naomi Klein kazetariaren “hondamendiaren kapitalismoa” nozioaren gisara –krisi, gerra, larrialdi edo nahasmen garaien aprobetxamendua gobernu eta enpresa handien aldetik, herritarren biziak eta zerbitzu publikoak arpilatzeko–, “festaren kapitalismoa” terminoa erabiltzen du Boykoffek. Helburu bera daukate biek, batean hondamendia eta bestean festa-giroa izanik ere: “Egoera normal batean ezin bideratuzkoak lituzketen politika batzuk abiarazteko bidea irekitzen diete politikariei eta hauen aliatu ekonomikoei; eta hori, prozesu demokratikoaren gainetik pasaz”. Batean eta bestean, estatuaren rola ezberdina da, ordea: hondamendiaren kapitalismoak estatuaren ahultzea eta neoliberalismoaren azkartzea baldin badakar, festarenak ezinbestekoa dauka estatua, festaren antolaketarako dirutza jasotzeko. “Elkar osatzen dira, talde berean dabiltza, nahiz eta bakoitzak bere unea ukan: festaren kapitalismoak bidea irekiko dio hondamendiaren kapitalismoari eta vice et versa”.
Kontu publikoen zuloa handitu besterik ez dute egiten Jokoek, tartean aurreikusitako aurrekontua batezbesteko %179az gainditzen dutelako. Rio de Janeirok 9.500 milioi euroko aurrekontua aurkeztu zuen baina 16.000 milioi euro kostatu zitzaizkion; Londresek 4.800 milioi eurokoa eta 10.900 milioi euro gastatu zituen; Pekinek 2.600 milioi eurokoa eta 32.000 milioi eurokoa ukan du faktura. Guztiak horrela, 1984ko Los Angelesekoak izan ezik, kontu orekatuekin ateratako bakarra. Contrepoints komunikabidearen Rio: les J.O les plus chers de l´histoire, stop aux excès (“Rio: historiako O.J garestienak, gehiegikeriarekin gelditu”) artikuluak azaltzen digu “enkante” joera baten emaitza dela: norberaren hiria hautatua izateko gisan, kostuak ttipitu eta ondorio ekonomikoak gainbaloratzen dituzte hautagaitzaren aurkezpen-txostenean.
Geroz eta hiri gutxiago dira aurkezten: 2004koentzat 11 ziren eta 2020 eta 2024koentzat 5. Nabarmentzekoa da 2024koentzat Boston, Hanburgo eta Budapestek kandidatura kendu behar izan zutela, herritarren presio pean, Paris eta Los Angelesen artean mugatuz lehia. Berdin aurtengo Jokoentzat: St Morritz, Munich, Stockholm, Krakovia, Lviv eta Oslok hautagaitza ezeztatu zuten, Almaty eta Pekini utziz lehia. Tendentzia interesgarria da: baliteke gerora, krisi klimatikoa zein sozio-ekonomikoa dela eta, hiriek Olinpiar Jokoetarik urrun egon nahi izatea; NOB berean utziz, bakarrik.
Olinpiar Jokoek eta Paralinpiarrek dakarten "festa" gutxietsi gabe, kostu sozial, ekologiko eta ekonomiko izugarria eragin dutela dioten ahotsak ere badira, entzun nahi izanez gero. Horretan dabiltza Frantziako Legebiltzarretik, LFI Frantzia Intsumisoa alderdiko... [+]
Su-eten Olinpikoaren urraketak Errusia 2024ko Pariseko Jokoetatik kanpo uzteko balio izan du, baina Israelekin ez dute berdin jokatu, hasiera-hasieratik kutsu politikoa duen lehiaketa batean parte hartu ahal izan baitu.
2024ko Pariseko Joko Olinpikoak lehen joko parekideak izango dira parte hartuko duten gizon eta emakumeen kopuruari dagokionez. Genero bakoitzeko 5.250 atletek hartuko dute parte uztailaren 26tik abuztuaren 11ra bitartean 33. Olinpiada modernoetan.
Hiri bat Olinpiar Jokoen antolatzaile izendatzen dutenean, biztanleen artean ilusioa sortzea da helburuetako bat. Asko dira hartu beharreko erabaki polemikoak, eta herritarren babesa izateak lana errazten du. Hala ere, 2017an Nazioarteko Olinpiar Batzordeak (NOB) Paris... [+]
Nazioarteko Olinpiar Batzordeak onartu du gizonezkoek ere lehiatu ahal izango dutela taldekako igeriketa artistikoan, 2024an Parisen egingo diren Joko Olinpikoetan.
Baqueira Beret-eko eski estazioan eman du prentsaurrekoa 2030eko Neguko Joko Olinpikoak antolatzeko 'Bartzelona-Pirinioak' hautagaitzaren kontrako Stop JJOO plataformak, luxuzko 38 etxebizitza eraikitzen ari diren lekuan bertan.
Litekeena da 2024an Baionako festak beste data batean egin behar izatea, eta bertan behera geratzeko arriskua ere badago, bertan egon beharko luketen polizia gehienak Pariseko Joko Olinpikoetan izango direlako.
Iñigo Llopis igerilari donostiarrak hiru domina irabazi ditu Munduko Txapelketan eta 2021eko Tokio Paralinpiar Jokoetatik zilarra ekarri zuen etxera. Konporta Kirol Elkartean aritu ondoren, Basque Team klubean dabil gaur egun, “Gipuzkoan maila handia dago”... [+]
2030eko Joko Olinpikoen hautagaitzaren inguruan uztailaren 24an egingo den galdeketari begira dago Stop JJOO plataforma. Puigcerdá herrian deitutako manifestazioa, datozen asteetan egingo dituzten ekintzen abiapuntua izan da.
Txinan, Neguko Joko Olinpikoak egin diren zonaldean, elurrik egin ez eta artifizialki sortutakoa baliatu dute. Kataluniako Pirinioetan ere elur gutxi egin du, eta eski estazio askok ezin izan dute normaltasunez funtzionatu. Halere, 2030eko Neguko Jokoak begi-puntuan,... [+]
Kataluniako Gobernuak bi galdeketa egingo ditu uztailaren 24an Pirinioetako herrietan, 2030eko Neguko Olinpiar Jokoen hautagaitzak daukan babesa neurtzeko. Kirol probak egingo diren herrietan galdera izango da: "Kataluniako Gobernuak aurkeztu beharko luke hautagai zerrenda,... [+]
Beijingeko neguko jokoetarako villa olinpikoa eraikitzen ari zirela, Jin dinastiako aztarnategi handi bat azaleratu zen.
Atenas, 1896ko apirilaren 6a. Lehen Joko Olinpiko modernoak inauguratu zituzten. 241 atletek –guztiak gizonezkoak– parte hartu zuten 10 eguneko kirol ekitaldian. 125 urte igaro dira.
Txinako Gobernuak egindako “genozidioa eta gizateriaren aurkako krimenak” salatzeko, ez dute ordezkari diplomatikorik bidaliko neguko jokoetara, baina atletek joan ahal izango dute. Txinak irmo erantzun du: “AEBek ordaindu egingo dute boikotagatik”.