Urtearen hasiera munduaren bukaerarekin abiatu zaigu. Fikzioan, diot. Netflix plataformaren ekoizpenak etxe askotara iritsi dira urtarril honetan; omicronpean itxialdian egon garen asko izan gara horien lekuko. Plataforma ugari dira, halere, egoera apokaliptiko eta postapokaliptikoak pantailaratzen ari direnak, eta merezi du tarte batez fenomenoari arreta jartzea.
Into The Night (2020), El colapso (2019), La Valla (2020), Tribus de Europa (2021), #Alive (2020), Don't Look Up (2021). Hamaika dira krisi ekosoziala literalki edo metaforikoki hartuta, urrunegi ez dagoen etorkizuna zientzia-fikzioz jantzi dutenak. Mota horretako filmak ez dira atzo asmatu, gogoangarriak baitira jada klasikoak diren Armageddon (1998) edo The Day After Tomorrow (2004). COVID-19aren pandemia bizi dugunetik, ordea, arruntagoa bihurtu da munduaren bukaeraz pentsatzea. Eta literatura edo zinema ere ez daude beste norabait begira.
Zientzia-fikzioaren ez-fikziotasuna ere aipatzen da azkenaldian: genero honetako filmak, egun, urrunago daude estralurtarren inbasiotik denok hilko gaituen birus baten agerpenetik baino. Badira oraindik gure bukaera dinosauroen patu berarekin alderatzen dutenak. Meteorito batekin denok hiltzea baino probableagoa da, ordea, lurra bizi ezin den planeta bihurtzea gure kabuz, jada egiten ari garen moduan. Eta ildo horretatik, munduaren amaieraren erretratuak kutsu politikoa hartzen du, ez baita gauza bera apokalipsira iristeko modu bat edo bestea. Orain gutxi ikusi nuen Silent Night (2021) filmak eragindako hausnarketetatik tiraka pentsa dezakegu honelako pelikulen efektuez.
Silent Night Camille Griffinek zuzendutako film luzea da, iazko urte amaieran estreinatutakoa. Bertan, apokalipsiari aurre egin behar dion mundua ageri da, egunerokotasunetik erretratatua. Munduaren amaiera da. Baina bitartean Gabonak ere badira, eta Erresuma Batuko landa eremuko etxe zoragarri batean bildu dira hainbat lagun. Lau bikotek eta haur gutxi batzuek osatutako taldeak nahiago izan du ospakizunarekin jarraitu, Prosecco botilak bat bestearen atzetik edan, eta lasaitasunez bizi egoera. Halabeharrezko gizateriaren suntsiketari erreparatzea deserosoa zaie. Aitzitik, normaltasuna antzeztu nahi duten arren, uneren batean aurre egin beharko diote ideia lazgarriari: euren azken gaua da.
Egoera pixkanaka deskribatzen da filmean, ez gara berehala ohartzen azkena gertu dela. Gurasoen arteko gezurrak eta giro txarra gizabidez ezkutatzen dira. Halere, haurrek egoeraren aurrean ulertu dutenaren bidez eraikitzen da gertatzen ari denaren auzi morala. Beste herrialde batzuetan jendea sufrimenduz hiltzen ari da eta, hori saihestu asmoz, gobernuak pilula batzuk agindu dizkie erresumako biztanleei. Pilula horiekin heriotza samurragoa izango da, minik gabea. Pilulak eskuratzea, ordea, ez da denentzako erraza izan: paperik gabekoek ez dute horiek lortzeko baimenik, ez baitira existitzen. Horren aurrean sortzen diren erreakzioak gizartearen moralaren inguruko gatazka etikoak dira, filmeko pasarte ugaritan gorpuztuko direnak. Heriotza airetik iritsiko den gas baten bitartez izango omen da, biharamunean. Hori gertatu aurretik hartu beharko dute denek pilula, sufritu nahi ez badute. Gero, beranduegi izango da.
Irtenbiderik gabe
Oro har, film hauetan gehien kezkatzen nauena ahalduntze-diskurtsoen gabezia da. Normalki, imajina daitezkeen egoerarik gogorrenak irudikatzen dira, eta horrek sortzen dituen paradoxak. Egoera horiek, ordea, saihestezinak diren unean kokatzen dira, atzera bueltarik ez dagoenean. Horrek, beldur irrazionala eragiteaz gainera, ez du ekintzarako aukerarik ematen: “Arduragabeak izan gara, orain jaso dezagun merezitakoa”, litzateke mezua. Eta horrek babesgabe uzten gaitu, salbazioa zein izan daitekeen galdezka. Jainkoa, Estatua, salba gaitzazu. Ados nago, guk ez dugu mundua salbatuko. Baina Jainkoak edo Estatuak ere ez dute egingo. Geratzen zaigun aukera krisia etengabe kudeatzea da, “staying with the trouble”. Elkarren menpekoak diren espezieetako harremanen munduan logikoa den bezala, elkarri lotuta dagoen tximeleta-efektuen kate gisa. Munduaren bukaera jada izan da, eta izaten ari da. Hartzeko prest gauden ardurak dira definitu behar direnak.
Zein bortizki hilko garen irudikatzea baino arduratsuagoa litzateke gure eskuetan dagoenari begira jartzea
Zein bortizki hilko garen irudikatzea baino arduratsuagoa litzateke, nire ustez, gure eskuetan dagoenari begira jartzea, gertatzen ari denari erreparatzea. Beste batzuk hil dira gure aurretik bortizki, eta hiltzen ari dira. Beste espezieei erreparatuta ere, askori amaitu zaizkie bizitzeko baldintzak eta aukerak. Beraz, krisi ekosoziala ezin da arerio-gerra gisa irudikatu, aldekoen eta kontrakoen gudu bezala. Ezin da kontua ulertu bizi garen planetak gure aurka prestatutako eraso gisa. Gizakiaren bakardadearen zaurgarritasuna irudika lezake zinemaren bitartez sortzen den iruditeriak, gizaki eta ez-gizakien aliantzen beharra, inguruarekiko banaezintasuna. Ez pentsatu “haiek edo gu”, baizik eta nola kudeatu gure presentzia krisialdi betean. Akaso, errealitatearen metafora falozentrikoak ez dira gai egoera ulertu eta irudikatzeko.
Film honek, era batean, beste filmetan errepikakorrak zaizkidan tabuak hausten ditu. Meteorito bat erortzeak dakarren erantzukizun eza (gaixoak gu) edo inbasio interplanetario baten suntsiketa (gaiztoak haiek) errazagoak dira kokatzen beti-besteen-errua den errealitatearen interpretazioan. Gogorragoa da pentsatzea egin genezakeena ez dugula egiten, eta gurea dela ardura. Ez dugulako egin nahi, baina jakin ere ez dakigulako zer egin behar dugun. Gutasuna etsaiaren aurrean eraikitzen duten diskurtsoak errazagoak dira liseritzen.
Silent Night-ek suizidio kolektiboaren gaia dakar lehen planora. Pasarte batean ama bi ari dira –pedagogiaren irudikapen gisa– haurrei gertatzen ari dena azaltzen. Haurren jakin-minari eta izuari erantzuten saiatzen diren arren, erantzukizuna gainetik kentzen ahalegintzen dira, azalpenak ematen erabat asmatu gabe. Hala diote: “Gogora ezazue, guk ez dugu errurik”. Haurrak ez daude hain seguru. Halere, esaldia ez dago norberaren pentsamendutik hain urruti, antza. Inorena ez den erruarengatik, ordea, denek hil behar dute eta, ondorioz, denek egin behar dute beren buruaz beste. Suizidioaren tabuak garrantzia hartzen du hemen, sufrimendu irrazionalaren aurrean legeztatzen den pilularen bitartez.
Black Mirror fenomenoaren aurrean, bi erantzunak dira koldarrak: bata, “jada ezin da ezer egin, beraz egizue nahi duzuena”; bestea, berriz, salbazio heroikoa. Ondorengo filmek landu gabe geratzen ari den ekintzarako deiaren hariari begiratu beharko diote...
Itoiz, udako sesioak filma estreinatu dute zinema aretoetan. Juan Carlos Perez taldekidearen hitz eta doinuak biltzen ditu Larraitz Zuazo, Zuri Goikoetxea eta Ainhoa Andrakaren filmak. Haiekin mintzatu gara Metropoli Foralean.
Zeresana ematen ari da Rami Younis kazetari eta aktibista palestinarraren LYD animaziozko film-dokumentala. Fikziozkoa da, Israelek inoiz okupatu gabeko Lyd hirian kokatua, zeinean ez den sekula ere britainiarren koloniarik egon, eta juduak eta arabiarrak elkarrekin bizi diren;... [+]
Eusko Jaurlaritzaren esku geratu dira beste bi eskumen: Itsasertzaren Antolaketa eta Kudeaketa, eta Zinematografia eta Ikus-entzunezko Jarduera. Astelehenean bildu da Transferentzien Batzorde Mistoa, Madrilen, eta han adostu dute bi eskumen horiek EAEra eskualdatzea.
ETB1ek Bizkarsoro filma estreinatu zuen Euskararen Egunean iluntzean. ETB2ri aldi berean gaztelaniazko azpidatziekin ematea proposatu bazioten ere, kate horretan Tasio eskaini zuten gaztelaniaz azkenean, eta horrek haserrea sortu du euskaldun askorengan sareetan.
Inguruan dituen emakume sortzaileek halakorik izateak harritu egiten du, baina berak urte askotan izan du iruzurtiaren sindromea. Irauteak erakutsi dio, ordea, gauza asko ondo ere egin dituela. 2021ean Espainiako Estatuko Goya saria irabazi zuen
Maite Arroitajauregirekin... [+]
Irungo ospitale zaharrean jaio zen Fermin 1963an, Muguruza Ugartetarrenean. Azken hamarkadetan euskal musikan eragin nabarmena izan duen artista da. Ez alferrik, bera izan da Kortatu eta Negu Gorriak taldeetako abeslaria eta alma mater-a, Esan Ozenki zigilu independentearen... [+]
Bizkarsoro filma (Josu Martinez, 2023) Donostiako zinema aretoetan proiektatuko dute ostiral honetatik aurrera (hilak 22); SADEko Iñaki Elorzak azaldu duenez, bi aste inguruz proiektatuko dute printzipioz, eta, arrakasta baldin badu, denbora gehiagoz. Hala azaldu dute... [+]
Bizitegi elkarteak 2016a geroztik antolatzen duen duen film eta antzerki jaialdia jada abian da Bilbon.
Azaroaren 8tik 15era egingo dute zine jaialdia. Euskal Herriko zinema lanak ere izango dira pantaila aurrean, besteak beste Tasio filmaren bertsio zaharberritua eta La Muerte de Mikel, filmaren estreinalditik 40 urtera.
Jone Arriolaren “Dena asmatuta dago” filma izan da Urrezko Antzararen irabazlea larunbat honetan ospatutako sari banaketa ekitaldian. Euskal Zinemaren Begiradak Itziar Ituño aktorearen ibilbidea omendu du.
Aurtengoa hirugarren edizioa izango da, eta memoriaren gaia hartuko da ardatz, Kulturarteko Plaza Feministan.