Ez da geldirik egotekoa. Neska bat leku inposiblean argitaratu zuen 2018an. Aurten, Uharte bat Venusen nobela argitaratu zigun uda atarian eta, udazkenean, berriz, euskara batura ekarri du. Bernat Etxepare. Bitartean, kopla kantari ere ibili da Agus Barandiaranekin Korrontzi taldean, zinema-aretoetan da Apaiz kartzela, eta astero da Euskadi Irratian. Denetan, Xabier Amuriza.
Bertsolari txapelduna bezain idazle, ikertzaile, saiakeragile, itzultzaile... Hainbat liburu ditu argitaratuak, nahiz gizartearen begietara Amuriza bertsolaria nagusitu zaion beste ezein figurari. Hamaika lan eta eleberri publikaturik ere —Menditik mundura, Hil ala bizi, Oromenderrieta, 4x4 operazioa, Neska bat leku inposiblean...—, aurtengo Uharte bat Venusen ei du bere lanik inportanteenetakoa, has eta buru asmazioa baitu zeharo. Amurizaren barrunbeetara heltzeko bidea dukegu liburu horretan irakurleok. Hobeko dugu esku batean hura hartu, eta, bestean, berriz, euskarazko lehen liburuaren bertsio gaurkotua: Etxepareren poemategia.
Bilbo Zaharra euskaltegiaren Klasikoen irakurketa jarraitua ageri da zure Etxepare, jalgi hadi batura (Erroteta, 2021) honen atzean…
Beti izan dut harreman atsegin eta hurbilekoa euskaltegi horrekin, eta Etxepareren irakurketa egin nahi zutela jakinarazi zidatenean —eta aurretik hiru hitzaldi egingo zirela, eta haietako bat nik egitea nahi zutela—, pozik hartu nuen eskaintza. Gero, gertatu zen hitzaldia ez baina saiakera atera zitzaidala, gaiari gustua hartu niolako. Eta saiakeraren barruan, Etxepareren antologia bat ere egokitu nuen euskara batura, poema bakoitzetik lau edo bost estrofa ustez esanguratsuenak hautatuz. Hamalau kanta ziren, azkenean, eta haiei azalpen bat gehituz, ordu eta laurden inguruko ekitaldi bat, deklamatua eta kantatua, osatzeko moduko materiala sortu nuen. Uste nuen horrela Etxepareren ikuspegi nahiko argi eta oso bat eman niezaiokeela entzuleari.
Etxepareren poema liburua batuan argitaratu duzu, baina ez, ordea, aipatu diguzun saiakera…
Ez dakit liburu formatuan argitaratuko dudan ere. Sarean jarriko dut, seguruenik. Baina eginda dago, bai, esan dudan antologia hori barne, zeren, azken batean, kantatzeko ari baita Etxepare. Tradizio baten barruan ari da, tradiziorik asmatu gabe. Lehenik eta behin, Etxepare koblakaria ageri da Linguae Vasconum Primitiae liburuan. Etxepare bertsolaria zen, Hego Euskal Herriko terminologian. Antologia osatu nuen, lehen ere Xalbadorrekin eta Lazkao Txikirekin egina nuen bezala. Bestalde, banuen eredu bat, Yon Etxaidek Etxahun Barkoxeren bertsoak gipuzkerara ekarri baitzituen. Aurrekari bat bazen, beraz. Hala, klasikoen irakurketaren barruan hitzaldia egin nuenean, Etxepareren poemen laburpenak batura ekarri nituen, eta jendaurrean kantatu nituen, euskaltegiko ikasle eta beste entzule batzuen aurrean.
Eta hori guztia okasio puntual hartarako bakarrik egin al zenuen?
Okasio hartarako egin nuen, baina beste nonahi ere gustura egingo nuke. Niretzat gozamen bat litzateke, eta entzuleentzat ere baietz esango nuke. Etxepareren figura eta edukia interesatzen zaienentzat, behintzat.
Gero, Etxepare osoaren bertsio-itzulpena egin zenuen.
Bai. Nik antologia hura besterik ez nuen prestatu, baina, gaizki ulerturik edo, esaten hasi ziren Amurizak Etxepare batura ekarri zuela, eta deiak jasotzen hasi nintzen batetik eta bestetik, ea non topa zitekeen lan hura. Orduan, argia piztu zitzaidan, eta merezi zuela ikusi nuen. Euskaltzaindiak Etxepareren obra hainbat hizkuntzatara itzulia zuelarik, pentsatu nuen: “Eta zergatik ez batura ere ekarri?”.
"Orain eta hemen hauxe baino ez dizut esango: gure aditzarekin ez dago hizkuntza lehiakor bat egiterik. Ezinezkoa da eta, gainera, inposiblea da”
Baina nola ekarri batura duela 500 urteko Etxepare?
Etxeparek dioena esanez. Hori argi dago. Nire bertsioa irakurtzen duenak Etxepare irakurri behar du, ez ni. Horixe nuen helburua. Nik errima eta abarrak gehiago ere zorroztu nitzakeen, baina Etxepareren airea galduko nukeen. Aldakuntzak egin ditut, baina beti ere bere horretan utziz edukia. Batzuetan, aldakuntza handi samarrak ere gertatzen dira, batez ere errimak aldatzean. Orduan, zailtasun handiak sortzen dira edukiari leial eusteko. Ehuneko ehunean ezinezkoa bada ere, ehuneko ia oso batean lortu dudala uste dut. Uste dut nire bertsioak Etxepareren aire eta estilo osoa duela, eta gaurko irakurleak aise ulertuko duela.
Zertan dira aldakuntza handi samar’ horiek?
Lexikoa aldatu dut, aditza ere bai, eta, oroz gain, teknikoki ere pixka bat hobetzen saiatu naiz. Itzulpen hutsa egiteko —euskara batura ekartze hutsa, esan nahi dut—, ez nuen izango halako kinadarik edo interesik. Teknikoki hobetu dudala esan dut, baina exajeratu gabe. Nire sentimendu nagusia zen Etxepareren testua gaurko egunera ekartzea, bere estiloari zintzo eutsiz. Teknikoki, haren errima oso elementala da, eta batez ere, bariazio gutxikoa. Arlo horiek pixka bat hobetuz, hizkuntza ulergarri egite aldera egokitu dut.
Etxeparek doktrinaren barruan ama birjinari eskaintzen dion otoitzari oharra egin behar izan diozu.
Bai. Oracionia izenekoa. Kasu horretan, zegoen-zegoenean utzi dut errima. Hamabost estrofa, errima berdinean. Ez dakit zerbaitegatik apropos egin izango zuen. Ez dut intentzioa inon iradokita ikusten. Hala ere, behingoagatik, poema guztia errima berdinean uztea erabaki nuen. Uste dut Etxepare ez zela saiatu errima-sistema garatzen. Tradizioan zebilen, eta garai hartan, eta baita geroago ere, errima ez zen oso bariatua. Oihenart baten kasua ez bada, behintzat. Jende kultua baitzen Oihenart. Kontzientea eta zorrotza. Eta zerbait sofistikatua ere bai. Etxepare beste tradizio batekoa zen, errimari aparteko garrantzirik eman gabe ibili zena. Ez zeukan jakintza hori. Inguruko hizkuntzetan, errima askoz garatuagoa zebilen aurretik ere. Euskaraz, atzerapen horren arrazoi nagusietako bat deklinabide erantsia izan daiteke. Oso geroago, Etxahun Barkoxe bera ere Etxepareren antzekoa da erriman. Gorago aipatu saiakeran azaltzen ditut kontu hauek.
Etxepareren inperfekzio eta hutsak hor diren arren, aldarean daukagu Etxepare…
Eta hortxe eutsi behar diogu! Lehenengoa delako, hain zuzen. Eta lehenengoa horixe da: lehenengoa, betiko. Gainera, Etxeparek badu lehenengoa izatearen kontzientzia argia. Ni horrexek harritzen nau gehien: optimismoz eta euforiaz dio bera dela lehenengoa. Alde horretatik, Kontrapas eta Sautrela ez sinestekoak dira. Euskara frantsesaren eta espainolaren gainetik ere jartzen du. Ez parean, gainetik baizik! “Orain hura [euskara] igoko da / beste ororen gainera...” idatzi zuen! Gaztelaniaren eta frantsesaren kasuetan ez da ageri nor izan zen lehenengo idazlea. Historialarien dedukzioak dira. Etxeparek segurantza garbiz dio bera dela lehen euskal idazlea. Nola zekien Donemiliagan edo beste edozein bazterretan ez zela izan norbait, liburu bat euskaraz idatzia zuena?
Hamabost poema ditu liburuak. Lehenengoa, luzea, erlijiozkoa da.
Baina gaia erlijiozkoa izanda ere, xarmagarria da Etxeparek gai horiek nola kantatzen dituen. Ni, esate baterako, liluratzen nau Judizio Jenerala-k. Terrorezko film bat ematen du. Alegia, nola eraikitzen duen poema, harrigarria da. Badauka grazia, eta gozatu egiten dut bertso horietako batzuk errezitatuz eta deklamatuz. Gaur egun poema horrek ez duela indarrik esango du baten batek, eta baliteke. Baina gaur egun ikusten ditugun makina bat terrorezko film era horretaraxe osatuta daude. Erakargarri zait, eta interesgarri zait poema hori. Badakigu apaizaren lana zein zen, kristauen beldurrarekin jokatzea, alegia, eta horixe egin zuen Etxeparek poema horretan, eta horixe egiten dute orain terrorezko pelikulek ere.
Ondoren, hamaika, amodiozkoak ditugu. Hamahirugarrena, autobiografikoa da. Azkeneko biak, euskararen goresmenez idatzitakoak.
Amodiozko poemak direla-eta, Etxeparek era askotara kantatzen du maitasuna. Hortxe ditugu maitasunaren nahia eta ezina, maitasunezko jolasa, amore inposiblea… Hala ere, guztien gainetik, ni gehien harritu nauen poema Emazten favore izenekoa duzu, nik Emakumeen alde itzuli dudana. Borobilak iruditu zaizkit horko esaldi batzuk, rotundoak! “Andrerik ez den lekuan / ez dakusat plazerik / ez gizona, ez etxea / ez deus ere garbirik. / Etxean den gauza oro / gaizki antolaturik / ez nuke nahi zeruratu / han ez balitz andrerik”. Grazia ere egiten du deskribapen horrek. Eta hona gero: “Ez dut entzun emazteak / lehen eraso gizonik / bai gizonek emaztea / beti ere lehenik. / Txarkeria sortzen baita / beti gizonetarik! / Nola egozten zaie, bada / emazteei errurik?” Eta geroago: “Mila gizon gaiztorik da / emazte batendako / Gizon baten mila andre / bere fedean dago”. Eta azken adibidea: “Nik ez dantzut emazteak / bortxaturik gizona / bai gizona andreari / zoroki darraiona”. Ez naiz nor konparatzeko frantsesez eta espainolez horrelako testurik baden, ez den. Izango da, beharbada, baina Elizaren barruko apaiz bat, duela 500 urte, emakumeen alde eta gizonen aurka horren gogor agertzea harrigarri egiten zait.
Nola liteke apaiz batek maitasunari era horretara kantatzea…
Etxepare kantak egiten aritu zen amoreari edo amodioari. Baina baita sentimendu horri idealismoa kentzen ere. Hala ere, gizonen kontra agertzen duen amorru hori ikaragarria da. Bestalde, konfesioa bazen orduan, eta handik ere jasoko zuen informazioa, bekatuetan sexu kontua gai zentrala baitzen. Etxeparek, seguruenik, emakumeen konfesioetatik, berak bizi izandako esperientziatik eta kartzelatik aterako zuen gizonen kontrako oldar hori. Nondik ez dakit, baina nonbaitetik atera zuen. Kartzela aipatu dugunez gero, esan beharko da, badaezpada, Etxepare kartzelan eduki zutela, eta aldi hari buruzko poema luze bat ere ondu zuela.
‘Mosen Bernat Etxepareren kantua’ da...
Min handia ageri du poema horretan. Ez du esaten zehazki zerk eraman zuen kartzelara, konfabulazioren bat izan zela besterik. Berak ez du garbi esaten, baina bai adierazten du kartzelaldi gogorra pairatu zuela. Etxeparek liburua publikatu zuen urtean bertan, 1545ean, Trentoko Kontzilioa hasi zen. Etxepareren lanak, beraz, kontzilioaren aurreko giroa jasotzen du. Haren isla eta ispilu da. Trento, gogoan har, protestantismoaren aurka sortu zen, eta seminarioak sortzea ere ekarri zuen. Testualki, kredoaren libertinajearen kontra sortu zen, eta diziplina arautzeko eta estutzeko.
‘Garaziko herria benedika dadila…’, euskara ere kantatu zuen Etxeparek.
Harrigarri egiten zait euskarari ezartzen dion euforia. Kanta horietan dioena benetan sentitzen bazuen, eta baietz dirudi, Etxepare izan da euskaldunik zoriontsuena. Eta ni, bigarren zoriontsuena, lan hau egin dudalako. Etxeparek sentitu zuen poz hura gauza handia baita! Eta zuk galdetuko didazu, “Gaur, optimismo horretaz, zer?”. Bada, ez dakit. Euskara Batua sortu zenetik mende erdi joana da, eta hortxe gabiltza borrokan eta lanean, erresistentzian ala aurrerabidean goazen garbi ez dakigula.
Norentzat egin duzu Etxepare hau?
Lehen-lehenik, idazlea interesatzen zaionarentzat. Nik uste edozein euskaldun jantziri interesatzen zaiola gure lehen idazleak zer dioen eta nola dioen. Forma eta edukia. Aurkezpen egunean, Bilboko Plaza Barrian, Mikel Martinez antzerkilariarekin topo egin nuen, eta zertara nindoan azaldu nionean esan zuen: “Hara, bada, irakurriko dut. Ea noizbait jakiten dugun Etxeparek zer dioen!”. Bada, horrelakoentzat da liburu hau. Etxepare era eskuragarrian, ulergarrian edukitzea gauza on bat dela uste dut. Euskaltegietan-eta, adibidez, merezi du irakurria izatea. Baina originala bakarrik nori eman behar diozu? Liburu honetan, biak daude parean: originala ezkerrean, nire bertsioa eskuinean. Jolas bat ere izan daiteke konparazioak egitea.
Azalpenik gabe filologoek eta asko ikasiek beste inork ez lukete ulertuko Etxepareren lana...
Originala ulertzeko, azalpen asko eman behar zaizkio irakurle arruntari. Itzulpen-bertsio hau erraz ulertuko du. Kultura hutsagatik ere, gure lehen idazleak zertzuk idatzi zituen jakitea, badagokigu. Niri, gure lehen liburu hau gaurko egunetara ekartzeak sekulako atsegina eman dit, eta horixe da egin nahi izan dudana. Nork ez du entzun Etxepare? Eta, hala ere, zenbatek daki zer esan zuen? Bada, orain ez dauka ez jakiteko aitzakiarik.
Nola esango zituzkeen Amuriza bertsolariak Etxeparek esaten dituen hauek?
Gauza batzuk okerrago, seguruenik. Etxepareren liburuan pasarte asko dotore esanda daude, koblakaritza tradizionalaren arabera, metafora abstraktu eta irudi poetiko askorik gabe, baina naturaltasunez eta elegantziaz, teknika kontuak gorabehera. Neure gai bat izan balitz, beste era bateko metaforak, abstrakzioak edo direnak direlakoak erabiliko nituzkeen, eta beste era bateko neurriak eta errimak ere bai. Baina gaia eta helburua Etxepare bera zen, eta niretzat gozamena, jolasa, dibertsioa izan da Etxepare.
Uharte bat Venusen nobela ez bezala. Hura ez da jolasa izan...
Bai eta ez. Nik asko gozatu nuen nobela hura idazten. Eta egia esan, niri benetan interesatzen zaidana liburu horixe da: Uharte bat Venusen. Nire lanik inportanteena izan daiteke. Hortxe utzi dut neure sentiera intelektuala. Zibilizazio aurreratuago bat, gizateria inteligente bat. Eta gizateria horren osagai eta adierazgarri gisan, hizkuntza bera ere fase aurreratuago eta inteligenteagoan kokatu dut.
Gizateria inteligenteagoa, zertarako? Beste utopia bat?
Baina utopia inteligentea. Eta kasu honetan, ez hain utopia ere, niretzat balio izan baitu. Aspaldi erabaki nuen era inteligentean bizi behar nuela, eta lortu dut. Gizartea ez da izango nobela horretan ageri den modukoa, baina ni bai, izan naiteke. Gizarte erreal honetan, ni bizi naiteke era inteligentean.
Zeure lan inportanteena duzula esan diguzu. Zergatik du inportantzia handi hori?
Alde batera, narrazio hori fikzio totala delako. Beste guztietan, bizitzatik ari nintzen. Nobela hori neure asmazioa da guztia. Horregatik da Uharte bat Venusen. Gizarte honetakoek ez dute mundu hura ulertzen, ez hemen, ez inon. Horregatik behar zuen Venusen. Sarritan pentsatu ohi dut zer izango litzatekeen, bat-batean, gizatalde bat bakarrik geratuko bagina, beste inor gabe eta inolako aurrerapen gabe. Ataka horretan abiatzen da narrazioa, halako gatazka handi baten ondoren. Eta gizateria txiki horrek bizirautea lortzen du, eta baita zibilizazio bat sortzea ere. Zibilizazio inteligente bat. Une batean, zibilizazio horretara iristen da, kasualki, mundu aurreratuko ikerrontzi oso aurreratu bat, eta hortxe hasten da talka edo kontraste progresiboen katea, gizarte askoz aurreratuagoa eta askoz sinpleagoa aurkitzen baitute bertan. Hizkuntza bera ere askoz sinpleagoa eta efektiboagoa aurkitzen dute.
"Nire bertsioa irakurtzen duenak Etxepare irakurri behar du, ez ni. Horixe nuen helburua. Nik errima eta abarrak gehiago ere zorroztu nitzakeen, baina Etxepareren airea galduko nukeen"
Gizarte sinpleagoa diozu, eta euskara ere bai. Nola egiten da hori?
Hori jakiteko, nobela irakurri behar! Hizkuntzaren kasuan, eredu bat eraikitzen da non, adibidez, aditza ia muturreraino sinplifikatzen baita. Gaia luzea litzateke, eta ez dut nahi inork gaizki uler nazan. Horregatik, orain eta hemen hauxe baino ez dizut esango: gure aditzarekin ez dago hizkuntza lehiakor bat egiterik. Ezinezkoa da eta, gainera, inposiblea da. Har ezazu, adibidez, ingelesetik he has, gaztelaniatik él ha edo ella ha eta frantsesetik il a aditz forma laguntzailea. Bada, forma horietako bakoitzarentzat, euskaraz 200 forma ezberdin behar dituzu! Zeure etxean sartzeko, giltza bakarraren tokian, 200 giltza ezberdin maneiatu behar izatea bezala. Horrelakoxea da gure aditza. Idazteko, balio dezake, nahi adina denbora eta zuzenketa egin ahal baitira. Baina hizkuntza, oinarrian, hizkera da, eta hitz egiteko, aditz sinpleago bat garatu ezik, ez duzu hizkera fluido eta sozializatu bat lortuko. Ez, behintzat, inguruko —eta geure barneko!—, beste hizkuntza batekin edo batzuekin lehiatu beharra dugun bitartean.
Osoa, lehiakorra, nazionala. Euskara batuaren bigarren jaiotza liburuan bazen atal bat horretaz: Aditzaren fantasia heroikoa.
Horrelako zerbait. Baina ideia hori garatzeko, denbora luzea beharko genuke, entzuleekin lasai hitz eginez aritzeko. Honela, laburrean, gaizki azaltzeko eta nahi ez nukeena ulertzeko arriskua dago. Uharte bat Venusen nobelako zibilizazioak ez du ulertzen zergatik darabilgun horren aditz demonioa, eurentzat erabat arkaikoa. Hango aditzean, den-dena esan daiteke, argiago, laburrago eta era oso sinplifikatuan. Ez da, noski, goizetik gauera burutzeko transformazio bat, etorkizuneko norabide bat baizik. Edo aditza sinplifikatzen da, edo ezin da konpetitu. Venusen, hango herritarrek era horretara hitz egiten dute. Zerbait aipatu didaten irakurleei —ez asko ere, egia esan—, galdetu izan diet lehen-lehenik: “Erraz ulertu al duzu?” Eta erantzuna: “Bai, bai! Oso erraz”. Eta bigarren galdera, berehalakoa: “Zailtasun-erraztasunean, zer iruditzen zaizu?” Eta erantzuna ere, berehalakoa: “Askoz errazagoa”. Bada, niretzat ez dago bi erantzun horiek baino argudio konbintzenteagorik.
Eztabaidagarria, esaten ari zarena.
Eztabaidagarria, baina saihetsezina. Eztena korapilo zentraletan sartu behar da, ez kontu anekdotiko eta bitxietan. Dakitenek dakitena egin behar dute, dakiten moduan. Baina etorkizunean, etorkizun batean, euskaraz ikasi nahi dutenei hura solturaz menperatzeko bidea errazten ez bazaie, zail izango da konpetentziari eustea. “Zail” diodanean, badakizu zer ulertu behar den…
* * *
Bertsioak
“Etxeparek berak dioena esan nahi izan dut nik. Hainbatetan, hark dioenaren forma aldatu behar izan dut, eta badakit, forma aldatuz, edukia ere ukitzen dela, baina albait gehien eutsi diot Etxeparek esan nahi izan zuenari. Baliteke hark esaten zuenak indar handiagoa izatea —edo gutxienez, autentikoago izatea—, berak esan zuen modura, baina gaurko irakurleari, 500 urte geroago, nire bertsioa ondo etorriko zaiola uste dut. Nik egin dudana ez da, noski, neuk idatziko nukeena, ezta idatziko nukeen modu osoa ere. Nire ardura nagusia Etxepare bere hartan uztea izan da. Horregatik ageri dira ezkerrean originala, eta eskuinean bertsioa. Irakurleak konparatu eta epaitu behar du lana”.
Errezitaldia
“Euskara batura ekarri ez ezik, Etxepareren poemen antologia bat ere egina dut, eta haiek errezitatzeko, deklamatzeko eta kantatzeko prest naiz, ordu eta laurdeneko kantaldi-hitzaldi-errezitaldi bat eskainiz. Inork eskatuko balit, pozik egingo nuke. Orain nire helburua ez da bizibidea, baina hori ere ez dator inoiz gaizki, zeren bizibidearen barruan baitaude atsegina eta gozamena ere. Eta niretzat atsegin eta gozamen handia izan da Etxepare euskara batura ekartzea”.
AZKEN HITZA
Etxepare koblakari
“Contrapas kantuan, ‘Heuscara, jalgi hadi campora’, dio lehenengo leloan. Gero, ‘jalgi hadi plazara’. Hirugarrenean, ‘jalgi hadi mundura’. Baina mundua ez zaio nahikoa, nonbait, eta laugarrenean, ‘jalgi hadi mundu guzira’, dio. Estrofa gehiago sortu zaizkio, ordea, eta ez daki mundu guzitik nora joan! Bazekien ‘jalgi hadi dançara’ bukatu behar zuela, baina, tarteko estrofa horiei zer destino eman? Eta hala, hiru estrofaren lelotzat, ‘Heuscara’ hiru aldiz errepikatu, eta hortxe gelditu zen. Ziur horixe gertatu zitzaiola, neuk ere maiz ikusi baitut neure burua halako trantzean. Koblakariaren pentsamoldea du Etxeparek”
PLEIBAK
Miren Amuriza Plaza
Susa, 2024
--------------------------------------------------
Miren Amurizaren bigarren eleberria argitaratu du Susak Durangoko azokaren atarian: Pleibak. Aurretik egindako grabazio baten gainean kantatzen ari zarelako antzerkia egitea da... [+]
Non sense liburua
Edward Lear
Itzultzailea: Juan Kruz Igerabide
Denonartean, 2024
----------------------------------------------
Edward Lear idazle eta ilustratzaileak 1846an argitaratu zuen esku artean dugun obra hau. Igerabidek liburuaren hitzaurrean dioen bezala,... [+]
Ekintzailetza modan dago. Kontzeptuak indarra hartu du eta hiztegi ekonomikotik askoz harago zabaldu da. Just do it: egizu, besterik gabe. Baina ez dezagun ahaztu: propagandaren mundutik dator leloa. Erosle-ekintzaile aktiboak izatea ote da hitzaren mozorroa? Egungo enpresariek... [+]
Mila lan egitetik bizi dira, sarri, marrazkilari eta ilustratzaileak. Ezaguna da sektorearen aspektu hori. Prekarietatea deitu ahal zaiona nagusiki; ikusezina izatea ere bai. Paula Estévez (Donostia, 1984), esaterako, ARGIAn ikusi izan dugu azken bost urteotan, sarri... [+]
Hetero
Uxue Alberdi
Susa, 2024
----------------------------------------------------
Negazionismoaren, manosferaren eta trollen aroan ezinbestekoa da literaturaren ekarpena, errealitatearen tolesei begira jartzeko tresna paregabea delako: inguruan ditugun zapalkuntza... [+]
Bilboko Zirika! herri gunean eginen dute banaketa, ostiralean 19:00etan. Fanzine bidez eta sare sozialetan zabalduko dituzte partehartzaileen testuak, eta irabazlearena argitaratuko du ARGIAk.
Guardasolak euria nahi du
Patxi Zubizarreta
Ilustrazioak: Irrimarra
Ibaizabal, 2024
---------------------------------------------
Duela 30 urte argitaratu zuen Patxi Zubizarretak Marigorringoak hegan liburuxka; J. M. Lavarellok ilustratua eta Edebé argitaletxe... [+]
Abenduaren 5ean ikasleei eta irakasleei zuzendutako tailer, hitzaldi eta ikuskizunak izango dira azokan. Dinamiken bidez sortzaileak ezagutu eta eurekin harremanetan jartzeko moduko aukera ere izango da. Edukiera guztia bete da jada ikasle goizerako. ARGIAk eskaintza zabala... [+]
Craig Thompson kultuzko eleberri grafikoen egile estatubatuarra Europan izan da bere azken lana aurkezten, Raíces de ginseng (Astiberri, 2024). Bilbon bi aurkezpen egin ditu eta artista atsegina, hurbila eta azkarra dela erakutsi du –euskaraz “mila... [+]
Begiak zerumugan
Idazlea: Miren Agur Meabe
Ilustratzailea: Ane Pikaza
Elkar, 2020
-------------------------------------------------------
Askotariko testuak eta liburuak argitaratu ditu Miren Agur Meabek. Literatur genero guztiekin aritu da: haur eta gazte literatura,... [+]
Eguneroko abiadura itogarritik atera eta eskola-proiektua amesteko, gogoetatzeko denbora hartzea aldarrikatu dute solaskideek, Superbotereak liburua aurkezteko mahai-inguruan. Patxadatsu aritu dira, hain justu, eraldatzeaz, inpotentziaz, ilusioaz, eskola bakoitzak egin beharreko... [+]
Helduentzako zazpigarren lana argitaratu berri du Uxue Alberdik, hirugarrena ipuingintzan: Hetero (Susa, 2024). Zortzi narrazio bildu ditu liburuan, eta denen abiapuntua izan da memorian geratu eta “noizbait ere honi buruz idatzi behar dut” pentsarazi dion paisaia,... [+]
Bihotzean ditudan oroitzapenik politenetakoak dira. Euskal Filologia egiten ari nintzen garai hartan, eta Arbizuko elkarte batera joan ginen Ruper Ordorikaren kontzertu batera. Han zeuden Rikardo Arregi Diaz de Heredia eta Juanjo Olasagarre. Ez nintzen Arregiri esatera ausartu... [+]
Esloveniako eskoletan izan duen arrakastari tiraka, Alberdania argitaletxeak Euskal Herriko ikastetxeetara ekarri du Joko Ona Denontzat irakurketa-lehiaketa: DBHko ikasleek “kalitate handiko liburuak” irakurriko dituzte taldeka, eta avatarra aukeratuta, horiei... [+]
Barrengaizto
Beatrice Salvioni
(Itzulpena: Fernando Rey)
Txalaparta, 2024
------------------------------------------------
Barrengaizto izenburua aukeratu du Fernando Reyk Beatrice Salvioni-ren La malnata itzultzeko. Reyk dio idazlearen ahotsa izaten ahalegindu dela,... [+]