Konfinamenduak, hornidura kateetako etenak, kontsumitzaileen etsipena... COVID-19ak muturreko galantak eman dizkie munduko ekonomia guztiei. Sektore batek, alabaina, immunitatea eduki du pandemiaren erdian: armagintzak. Gobernuek sendo segitu baitute inbertitzen gerrarako prestakizunetan. Stockholmeko Bakearen Ikerketen Institutuak (SIPRI) berrikitan erakutsi du nolaz handitu diren munduko 100 armagile handienen salmentak.
2020an munduko ekonomiak %4,4 egin zuen behera COVID-19 pandemiaren eraginez, 1930etako Depresio Handiaz geroztik ikusi gabeko atzeraldia: herritarren kontsumoa gainbehera, burtsak zenbaki gorrietan, turismoa izoztuta, langabezia kopuruak gora… Farmaziako konpainiak izan ei ziren anabasaren erdian lehenaz gain beren fakturazioa handitzea lortu zuten bakarrak. Bakarrak ote? Ez: 2020an armagintzak ere handitu zituen ekoizpen eta salmenta kopuruak. Gerra dela –gerra prestatzea, oraingoz...– negoziorik ziurrenetakoa.
Hala erakutsi du Stockholmeko Bakearen Ikerketen Institutuak (SIPRI ingelesezko sigletan) plazaratu berri duen dosierrak: Business as usual? Arms sales of SIPRI Top 100 arms companies continue to grow amid pandemic (“Negozioa betiko bidean? SIPRIren zerrendako 100 arma saltzaile nagusiek handitzen jarraitu dute pandemiaren erdian”). SIPRI 1966an fundatutako think tank independente bat da, gerra, armagintza, armen kontrol eta armagabetzean berezitua, hein handi batean Suediako Gobernuaren dirulaguntzaz sustatua.
Ikerlanak kopuru zehatzez erakutsi du zein osasuntsu mantendu diren armagileak pandemiak kutsatzeko beldurrik gabe. Munduko 100 arma konpainia handienek aurreko urteko fakturazioarekin alderatuta 2020an %1,3 handitu zituzten arma eta zerbitzu militarren salmentak, 531.000 milioi dolarretara (470.000 euro) iritsiz. SIPRI 2015ean hasi zen armen rankingeko top 100 horien jarraipena egiten eta kalkulatu du azken bost urte hauetan arma eta zerbitzu militarren salerosketa %17 hazi dela.
Pandemiak eragin ditu hainbat matxura handion artean ere, noski. Adibidez, Thales armagile frantsesaren salmentak %5,8 murriztu ziren konfinamenduen eta hornidura kateetako etenen ondorioz. Baina oro har koronabirusak ez die kalterik egin konpainia handioi, mesede baizik. SIPRIko ikerlari Alexandra Marksteinerren esanetan, “gobernuek gogoz babestu dituzte industria honetako erraldoiak. Gastu militarrak handitu egin dira munduko bazter askotan eta gobernuek azkartu ere egin dituzte arma industriari egin beharreko ordainketak, COVID-19aren eragina arintzeko”.
100 arma ekoizle handienen zerrendan AEBkoek osatzen dute multzorik handiena, ehunetatik 41 dira yankiak, tartean zerrendako sei lehenak. 41 konpainion artean armatan fakturatu dituzte 285.000 milioi dolar, esan nahi baita aurreko urtean baino %1,9 gehiago. Beste konparazio batean, AEBetako arma industriak berak bakarrik ekoiztu eta saldu du munduko 100 konpainia handienek saldutakoen %54. Gainbehera omen doan inperio batentzako ez dago gaizki.
Txinak bost konpainia dauzka 100 handienen artean, 2020an 66.800 milioi dolarreko salmentak pilatuz, aurreko urtean baino %1,5 gehiago. Azken urteotan Txinako armagileek etekina atera diete herrialdeko armadaren modernizazio programei eta industria militarrak eta zibilak batzeko ahaleginean ari dira.
LOBBY LANAREN ETEKINAK
Ondorengo multzo handia Europako konpainiek osatzen dute. 26 enpresa europarren artean 109.000 milioi dolarreko salmentak lortu zituzten 2020an. Europarren buru, zazpi konpainia ingeles, %6,2 gehiago saltzea lortuz. BAE Systems ingelesa munduko hamar handienetan dago.
Sei arma saltzaile Frantziakoak dira, baina multzo hau da europarren artean 2020an salmentetan atzera egin zuena: %7,7 gutxiago. Antza, errua dauka Dassault konpainiak, urtetik urtera salmentak galtzen dituen Rafale gerra hegazkinaren egilea. Horren ifrentzuan, Safran enpresaren salmenta militarrak hazi egin ziren, nabigazio sistema eta behaketa elektronikorako osagaien eraginez.
Ondoren datoz Alemaniako bost ekoizle handiak, tartean Rheinmetall eta ThyssenKrupp. Espainiak ere badauka armagile handi bat handien artean, zerrendan 84garrena den Navantia. Eta 100 handienen zerrendan osatzen daude Israelgo hiru konpainia, Japoniako bost, Koreako lau eta Indiako hiru.
SIPRIren sailkapenak nabarmen uzten du Errusiako arma konpainien indar galtzea, aurreko urtearen aldean %6.5 gutxiago saldu baitute, hirugarren urtez errepikatu den joeran. Industria militar errusiarraren makalaldia lotuta omen dago Moskuko gobernuak armak berritzeko ezarritako 2011-2020 programaren amaierarekin; baina gainera, luzaz errusiarren bezero izandako Indiak eta Txinak aurrerapen handiak egin dituzte industria honetan, konpainia txinatarrek batik bat errusiarrei aurrea hartua diete: “Bereziki deigarria da munduaren hegoaldeko arma konpainiak gero eta indartsuago direla ohartzea”.
Arma ekoizleen osasun onak asko zor dio mundu osoan egiten duten lobby lanari. AEBetan, Open Secrets gobernuz kanpoko erakundeak esan duenez, “defentsa konpainiek urtero milioiak oparitzen dizkiete politikariei eta beren kanpainei. Azken bi hamarkadetan lobbysta eta donatzaileen artean 285 milioi dolar eman dizkiete zuzenean politikariei kanpainetarako eta 2.500 milioi gehiago gastatu dituzte armagintza politiketan eragiteko lobbygintzan”. Hori AEBetan bada, Europa zaharrean ez gara urruti ibiliko.
Industria militarraren garai berrietako beste ezaugarri bat da arlo militarraren eta zibilaren arteko bereizketaren lausotzea. “Informazio teknologiak dagoeneko ezin dira berezi armagintzatik”, dio SIPRIk txostenean. Horrela, armagintzan klasikoak diren Lockheed Martin bezalakoen ondoan, azken urteotan Silicon Valleyko erraldoiak ere jokoan sartu dira, hala nola Google, Microsoft edo Oracle. Microsoft batek 22.000 milioiko kontratua dauka AEBetako Defentsa ministerioarekin, militarrekin batera teknologiarik aurreratuenak garatzeko. Posible da laster teknologietako erraldoi horietako batzuk armagintzako Top 100 sailkapenean sartzea.
Eta euskaldunok ezer ‘pintatzen’ al dugu armagintzan? Asko: balio du berriz leitzea Estitxu Izagirrek 2017an plazaratutako “Etxean uso, kanpoan kondor” erreportaje argigarria.
Sales of arms and military services by the industry's 100 largest companies totalled $531 billion in 2020. The USA?? hosted 41 companies in the Top 100, accounting for 54% of total arms sales or $285 billion.
— SIPRI (@SIPRIorg) December 30, 2021
New SIPRI data on the #ArmsIndustry out now ?? https://t.co/7HtPTiIpjn pic.twitter.com/G7KrkSiQcL
Armagintzari loturiko Hego Euskal Herriko “enpresa, zentro edo erakundeak” hirukoiztu egin dira azken hamabost urteetan, Gasteizkoak talde antimilitaristak hurrenez hurren 2008an eta 2024an egindako ikerketen datuek azaleratu dutenez. Aurkeztu berri duten... [+]
José Luis Zapatero Espainiako presidente zela hasi ziren akordioa lantzen 2011n eta 2014an gauzatu zuten Espainiako Mariano Rajoy eta Israelgo Shimon Peres presidenteek. Publico komunikabideak eman du akordio horren berri.
ElDiario.es hedabideak aurreratutako Centre Delas erakundearen txostenaren arabera, enpresa israeldarrekin kontratu berriak egin ditu Espainiako Gobernuak azken hilabeteetan. Armak erosteaz gain, urritik hona Europar Batasunetik Israelera arma gehien bidali dituzten... [+]
Duela ia urte eta erdi, Ahoztar Zelaieta kazetariak Satlantis enpresaren aurpegi ezezagunena ekarri zuen argitara. Azkenaldian berrikuntza teknologikoaren alorrean sortzen ari diren euskal enpresen izar gisa aurkezten zaigu Satlantis; baina El Salto-k argitaratutako La empresa... [+]
Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]
Ezohiko irudia ikusi zen Madrileko Moncloako jauregian martxoaren 18an: estatuko industria militarraren buru nagusiak Pedro Sánchez presidentearekin eta Margarita Robles Defentsa ministroarekin bilduta. Bertan ziren ere Hego Euskal Herriko enpresa militarretako buru... [+]
Europako Banku Zentraleko lehendakari orde Luis de Guindosek Europak dituen "mehatxuez" hitz egin du Bartzelonan: "Berriz ere erreforma estrukturalen inguruan hitz egin behar dugu".
Badator gerra handi bat. Gastu militar ziztrin horiekin ez goaz inora. Trumpek bakarrik utziko gaitu oraingoan. Herritarrek prest egon behar dute Putinen aurrean... Europar Batasuneko agintarien artean nagusitzen ari den diskurtso hori, hitz bakarrean laburbiltzen da:... [+]
Bi urte joan dira Errusiak Ukraina ofizialki inbaditu zuenetik eta denak adierazten du Errusiak lortu duela aurrea hartzea Ukrainari. Errusia gai izan da gerra industria baliatzen herrialdeko ekonomia haizatzeko, bere baliabide energetikoei beste aterabide bat bilatzeko eta... [+]
"Errusiaren mehatxua" aitzakiatzat hartuta, arma ekoizpena areagotzea eta azkartzea jo du beharrezkotzat Scholz sozialdemokratak: "Ez da bake-garaia". NATOk berriki esan du Errusiaren kontrako "erabateko gerra" bat leher daitekeela hurrengo 20... [+]
Sendagorta anaien esanetan Senerrek “hazkunde nabarmena” izan du azken urteotan eta negozio aeroespaziala eta defentsakoa “fakturazio osoaren %25-30ekoa” da. Hurrengo bost urteetan, “%15eko hazkundea” espero dute.
“Euskal enpresek ia 200 milioi euroko produktuak saldu zizkioten Israeli 2022an, Australia edo Kanadaren mailan”. “2023an 300 milioi inguruko negozio-bolumena aurreikusi dute” (Eustat). "Ekialde Hurbilean, Israel lehentasunezko bazkidea da... [+]