Bueltan da Stromae

  • Stromae musikari belgikarrak sona handia lortu zuen duela hamar urte inguru bere lehen bi diskoekin, baina kontzerturik eman gabekoa zen 2015etik. Zazpi urteko isilaldiaren ondoren itzuli da: haren ibilbidearen errepaso apetatsu bat aurkituko duzu artikulu honetan.

Argazkia: Universal Music.

Goikoa irakurrita dagoeneko igarriko zenuten arren, esan egingo dut: izugarri gustatzen zait Stromae. Bitxia da: orain arte ez dut publikoki adierazi harekiko sentitzen dudan debozioa, nahiz eta aukerak izan ditudan horretarako, azken urteetan hiruzpalau aldiz eskatu baitizkidate kultur gomendioak hedabideetatik.

Zergatik ez dut inoiz aipatu? Badut susmo bat: musikari famatua denez –oso-oso famatua– uste dut iruditzen zitzaidala jendeak ezagutuko zuela jada –jendeak ezagutzen du– eta uste dut iruditzen zitzaidala hain sonatuak ez diren merezimendu handiko artistak aipatzea dagokiola norberari halako eskaerak iristen zaizkionean: zer gomendatzen duzun jakitea merezi duela uste izan du norbaitek eta zerbait berria deskubritu beharko diozu, ba, gutxien-gutxienik, zuk esandakoei tartea egingo dion jendeari. Sinesmen inkontziente horrek gidatu nau orain arte.

Kontua da, ordea, kulturari buruz idazteko beste aukera bat suertatu zaidala eta, orain arte ez bezala, Stromae zenbat gustatzen zaidan esan nahi dizuedala. Badut aitzakia: disko berria aterako du malenkonia alaiaren izarrak, etenaldi luze baten ostean.

Lehenik eta behin, dantzara

2010eko udaberria da. Ez dakit non zaudeten zuek baina ni Gasteizko tabernetan nago aste barruan eta Elgoibarrekoetan asteburuetan, eta Alors on danse kanta jartzen duten aldiro jauzika hasten naiz. Ez da ohikoa Hegoaldera halakorik iristea baina tipo hau izar bilakatu da oso azkar. Itzulpengintzako ikaslea naiz ez alferrik, eta estribilloaz aparteko letrak dakarkit bigarren sorpresa, bideoak berretsia: parranda-erritmoarekin nahasturik, kritika zolia europar langile ertain alkandora zuriarekikoaren bizitza errutinarioari.

Lehen lana izanik etxeko markaren bi ezaugarri funtsezkoren haziak ikus daitezke jada hemen: bizitzaren gaziak dantzaren gozoarekin uztartzea eta musikaren aurkezpen publikoa asko zaintzea –bideoak, estetika, komunikabideetako emanaldiak–.
Mundu osora zabaldu da abestia. Arrakasta meteorikoa esamoldeak guztiz esajeratua ez dirudien kasu horietako baten aurrean gaude. 25 urte ditu Stromae izenez ezagutzen dugun Paul Van Haverrek.

Norbere erro karratuak

Ez du luze joko bigarren diskoa argitaratu arte: 2013an ikusiko du argia Racine Carrée-k, konsagrazioaren albumak. Lehen singlea, beste ereserki erritmiko bat: Papaoutai.

Nik jada amaitu ditut ikasketak, pertsona heldu baten moduan jokatzeko bide luzearen lehen zaplaztekoa ez dut usnatu ere egiten oraindik eta kanta horretan topatu dut Stromaerekiko miresmena eraikiaraziko didan lehen adreilu ukaezina, honako esaldi hau: “Tout le monde sait comment on fait des bébés, mais personne sait comment on fait des papas”. Alegia, ez dela gauza bera umeak egitea eta aita izatea.

Kanta horrek iradokitzen duenaz gainera datu biografikoak ere agertzen zaizkit arian-arian. Ama belgikarra du Van Haverrek, aita ruandarra. Amarekin –haren abizena du– eta beste lau anaia-arrebarekin hazi da, Bruselan, eta hamabi urte dituela jakin du aita hil dutela Ruandako genozidioan –hark albistea jaso baino hiru urte lehenago gertatu zen egiaz heriotza–. Gaztedanik interesatu zaio musika, eta YouTuben ekoizpenari buruzko bideoak grabatzeari ekin aurretik –Stromae proiektuaren abiaburua– rap talde batean aritu da.

Aparretan

Itzala handiagotzen diote lehen singlearen osteko kantek. Europako hainbat herrialdetako musika-zerrenden buru, kontzertu-bira luze eta jendetsuak, AEBetako merkatu ahalguztidunaren konkista.

Etxeko markaren zaleek ez dute desengainurik hartu Racine Carrée-rekin, guztiz kontrakoa: doinu dantzagarriak sortuz betiere, identitateari buruzko ikuspegi kritiko eta ironiko bezain interesgarria dakar Bâtard abestiak; Carmen-ek, berriz, sare sozialen mekanismo arriskutsuak salatzen ditu, Bizeten opera bertsionatuz gainera, eta eder-ederra da Cesarea Evora abeslari caboverdetarrari eskainitako Ave Cesaria omenaldi-kanta. Besteak beste.

Bideoklipa ala kale-ekintza?

Ez da adibide bakarra, baina Formidable-k –bigarren singlea, Papaoutai-ren justu ostean argitaratua–, bikain erakusten du musikaren aurkezpen publiko zainduaz esandakoa.

Bikotekidearekin harremana eten eta gero nostalgiak jota mozkortu den gizon bati buruzkoa da abestia: haren istorioa azaldu ez ezik, huraxe gorpuztu du Stromaek kalean zein bideoklipean. (Niretzat partikularki, Stromaerekiko debozioaren bigarren adreilua).

Bruselako erdigunera joan da goiz batez, tranbiaren geltoki-ingurura, edanda egoteko itxurak eginez. Handik ez oso urruti, guztia grabatzen ari da kameralari bat ezkutuan. Balantzaka dabil Stromae astegun-giroko jendearen artean, andenaren ertzean eseri da burumakur, 600etik 3.000 eurora bitarteko isunek galarazi nahi izaten duten moduan justu; telefonoa atera dute inguruan dauden herritarrek argazkiak ateratzeko gajoari: badakite nor den. Polizia ere hurbildu da, atsegin; ea ondo dagoen, ea etxera eramatea nahi duen: badakite nor den.

Udaberriko goiz gris horretan Stromae mozkor-plantan ikusten ari direnek ez dakite, ordea, desamodio garaikidearen garratzaz hitz egin nahi digula musikariak. Halako batean altxatu da, erretiratu da auzo hutsetara, eta irribarre egin dio kamerari.
Kaleratu osteko lehen hiru egunetan, hiru milioi lagunek ikusi dute bideoa: beste errekor bat.

Arrakalak. Etena.

Gauza asko ez dira bat-batean gertatzen. Jada 2014an, bigarren diskoa atera eta urtebete eskas pasa delarik, bere ibilbidea tarte batez geratzeko nahia adierazi du artistak elkarrizketa batean. Bizitza normala egin nahi du berriro. Ulergarria iruditzen zait. Ziur aski ez da posible.

Handik gutxira Amerikara doa (AEB, Brasil), Asiara, Afrikara.

Arrakasta kopurutan zehaztearren: berrehun kontzertutik gora, milioi bat ikus-entzule.

Uda honetan Euskal Herrian ere joko du berriz denen ahotan dabilen Stromaek

Afrikako biran lehertu da egoera, 2015eko udaberrian: paludismoaren aurkako botika bat hartu ostean ondoez fisikoa eta mentala egin zaizkio eta urgentziaz itzuli da Belgikara. Nabarmena da kontuaren larritasuna, baina Ruandako hiriburu Kigalira bueltatu da artista urte bereko urrian, bira ixtera. Kontzertu berezia da berarentzat; imajinatu genezakeen eta berak berretsi du: oso pozik eta oso hunkituta dago bere aitaren jaioterrian arituko delako.

“Zorra” kitatu ostean iritsi da benetako isilaldia.

Stromae itzuli da: topa!

Ez pentsa mugarriz mugarri, denbora errealean, jarraitu nuenik hau guztia, kontatu dizuedan bezala, ezta inondik ere. Neure kontu eta lantu propioak neuzkan garaian. Baina behin batean Googlera jo nuen, 2016-2017 ikasturtearen bueltan izango zen, eta danba. Ordutik aurrera bai, ordutik aurrera adi egon natzaie musikariaren gorabeherei.

Tantaka iritsi dira albisteak. Beste artista batzuen musika ekoizten ari dela. Coralie Barbier estilistarekin eta Luc Junior Tam arte-zuzendariarekin arropa-sorta bat sortu duela, MOSAERT zigilupean. Elkarrizketa bat eskaini duela azken egitasmo horren aitzakian, eta, bide batez, azken urteetako arazo psikologikoez eta burn-outaz mintzatu dela, alde banatara zituelarik Barbier emaztea eta Tam anaia.

Gauzak aldatu direla nabaritzen zaio eta itxura ona du.

Eta, halako batean, pandemiaren ubera luzean, 2021. urtea amaitzear dela, mezu bat iritsi zait; bideo baten esteka dakar: Santé. Kanta berri bat atera du Stromaek. Dantzaren taupadarekin batera, hausnarketa, beste behin ere: gure ospakizunak sostengatzen eta ahalbidetzen dituztenek –garbitzaile, zerbitzari, zaintzaile– ez dute ospatzeko aukerarik.

Etorkizunari begira: Multitude

Arin zabaldu da Stromaeren itzulerari buruzkoa: elkarrizketak irratian, elkarrizketak telebistan. Horietako bat aprobetxatu du abeslariak beste kanta bat zabaltzeko: depresioa eta antsietatea hizpide dituen L’enfer soil eta ederra. (Gaian sakonduko ez dudan arren, ez dut aipatu gabe utzi nahi eztabaida piztu duela abestia TF1 frantziar kate publikoko 20etako albistegian aurkeztu izanak, halako zerbaitek lotura handiagoa duelakoan marketinarekin ezen ez komunikabideen xede informatiboarekin).

Hari nagusira itzulita, eta datorrenari dagokionez, martxoaren 4an aterako da Multitude, Stromaeren hirugarren diskoa, eta biran ibiliko da gero hainbat herrialdetan, aurten zein 2023an. Uda honetan bertan, uztailaren 8an, Euskal Herrian joko du, Bilboko Kobetamendin.

Diskoaz ari, artistak adierazi du erritmo askotarikoak bilatu eta landu dituela, bere baitako jende-piloak islatu nahian. Momentuz iritsi zaizkigun bi singleek iradokitzen dute, dena den, orain arte zaletu gaituzten ezaugarriei ere eutsiko diela: giza bizitza osatzen duten pozari bezainbat minari.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
2025-04-04 | Sustatu
Kneecap filma, orain euskarazko azpitituluekin

Ezagutzen duzue Kneecap filma? Oscar sarietarako hautatu zuten. Belfasteko hirukote baten istorioa da. Kneecap Hip Hop talde ezaguna da gaur egun, eta hizkuntzaren aldeko jarrera (gaelikoa) argia dute, IRAren osteko belaunaldiaren gorabeherak kontatzen ditu filmak; drogak eta... [+]


Pierre Boulez: matematikaren eta abangoardiaren artean

Joan den martxoaren 7an Maurice Ravel, garai guztietako euskal konpositorerik onena, jaio zela 150 urte bete ziren. Eta ARGIAn omenaldia egin zitzaion konpositore horri, Bolero ospetsuak imajinario kolektiboan izan duen eragina gogoratuz.

Kasualitatez, Deutsche Grammophonek... [+]


EAEko espetxeetako kultur emanaldiei Jaurlaritzak ezarri nahi dien “zentsura”-ren aurkako manifestua sinatu dute 51 kulturgilek

'Espetxeak libre' manifestuan adierazi dute Eusko Jaurlaritzak "ataka txarrean" jarri dituela kulturgileak, espetxeetara kultur emanaldiak egitera sartu nahi dutenei dokumentu bat sinatzea eskatzen baitie, eta salatu dute ezin dutela sartu ez sinatuz gero. Kultur... [+]


Olatz Salvador
Konfort gunea

Olatz Salvador
Noiz: martxoaren 15ean.
Non: Deustuko jaietan.

------------------------------------------------

Martxoak beti du deustuarrontzat kolore berezia; urtero ospatzen ditugu jaiak, San Jose egunaren bueltan. Bi asteburu bete festa, eta urtetik urtera Deustuko... [+]


2025-03-27 | Iker Barandiaran
Faxismoari kontra beti eta bortizki

Antifa hardcore
Lee-Kore + Hoben
Autoekoizpena

---------------------------------------------------------

Tamalez ez da ohikoa Arrasaten hardcore kontzertuak egitea, bestelako musika eszenak nagusitzen direlako. Hala bada, joan den larunbatean herriko gazte batzuen... [+]


Olaia Inziarte. Animalia artean kantari
“Nire izateko manera nire ardura da, baina ez nire kulpa”

Hunkituta eta ilusioz egin dut Iruñetik Oronozerako bidea. Maite dut Olaia entzutea, baita hizketan ere. Herriko farmaziaren ondoan autoa utzi eta balkoitik agurtu naute hark eta bere zakur Arak. Grabagailua martxan jarri aurretik, bueltaxka egin dugu frontoira eta Arak... [+]


2025-03-21 | Xalba Ramirez
Verde Prato, tropismoa eta Dolce Vita

Bizitza eztia
Verde Prato
Plan B Records, 2024

--------------------------------------------------------------

Ousmane Sembène zinemagile senegaldar ospetsuari galdetu zioten ea bere pelikulak Europan ulertzen ote ziren. Erantzuna, epikoa: “Izan gaitezen... [+]


Inoren Ero Ni + Lisabö
Eta eromenaren lorratzetan dantzatu ginen

Inoren Ero Ni + Lisabö
Noiz: martxoaren 14an.
Non: Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.

----------------------------------------------------

Izotz-arriskuaren seinalea autoko pantailatxoan. Urkiola, bere mendilerro eta baso. Kontzertuetara bideko ohiko errituala: Inoren... [+]


Abeslari sorta ederra

FITXA
Zer: OLBEk antolatutako Gaetano Donizettiren ‘La favorite’ opera.
Nork: Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (zuzendaria: Riccardo Frizza) eta Bilboko Operaren Abesbatzak (zuzendaria: Boris Dujin).
Noiz: otsailaren 18an.
Non: Bilboko Euskalduna Jauregian.

[+]


Olor
Deserosotasunaren apologia

Olor
Noiz: martxoaren 9an.
Non: Bilboko Sarean espazioan.

---------------------------------------------------------

Esperantza. iz. Nahi edo desiratzen dena gertatuko delako edo lortuko delako uste ona.

Izen horixe jarri zion Jokin Azpiazu Carballo Olor ermuarrak bere... [+]


Su ta Gar, Kaotiko, Gatibu, Maruxak eta Leihotikan ere Hatortxu Rockeko azken jaialdian

22 talde gehiago iragarri dituzte Lakuntzan uztailean izanen den HatortxuRockerako: Bad Sound, Dupla, Su Ta Gar, Chuleria Joder!, Brigade Loco, Leihotikan, Burutik, Tribade, Maskak, Les Testarudes, Non Servium, Añube, Dj Plan B, Gatibu, DJ Trapella, La Jodedera, Süne,... [+]


Eguneraketa berriak daude