“Pirinioetan komunitate-autodefentsarako mugimendu indartsua dago”

  • Zaraitzu ibarrean zaila da ekimen, proiektu edo elkarte bat aurkitzea Xabier Diaz-Esarteren bultzadarik ez duena. Iruñeko Udal Ikastolako sortzaile historikoetako bat da eta antzerkia zer den milaka iruindarri erakutsi diena. Idazle gisa bere bi pasio hauek, Zaraitzu eta haur antzerkia, landu ditu bere liburuetan.


2022ko urtarrilaren 27an
Argazkia: Dani Blanco
Argazkia: Dani Blanco
Xabier Diaz-Esarte. Eskaroze, 1951

Idazlea, maisua eta antzerkilaria. 1978an abian jarri zen Iruñeko Udal Ikastolaren sortzaileetako bat izan zen, eta erretreta hartu arte ikastola horretako hiru ikastetxeetako irakasle eta antzerki taldeen zuzendaria izan da. Haurrentzako antzerki testuak biltzen dituzten bost libururen egilea da eta lehiaketa ugaritan izan da saritua. Bestalde, Zaraitzu ibarreko kulturaren ikertzaile eta dibulgatzaile sutsua da. Tiza negra (Klarion beltza) eleberria, Carreteras en el Valle de Salazar (Zaraitzu Ibarreko errepideak) kronika liburua eta 2021ean plazaratutako Zaraitzuko ipuin zahar eta berriak dira ibarrarekin lotutako bere idazlan nagusiak.

Ezkarozekoa ala Iruñekoa zara zu?
Txikitatik Iruñean bizi izan naiz aitak hemen zuelako lana, baina herrira joaten ginen asteburu eta oporraldi guztietan. Banestok Otsagabian jarri zuen bulegoan hasi zen lanean aita. Banketxe horretako administrazio kontseiluko kide bat zaraitzuarra zen eta erabaki zuen han, bere herrian, sukurtsal bat zabaltzea. Gero aita Iruñera eraman zuten eta Zabalgunean genuen etxea Zaraitzuko kontsulatu moduko bat bihurtu zen. Medikuetara, erosketak, paperak egitera etortzen zirenak gure etxetik pasatzen ziren.

Hirian bizi izan arren, oso gertu izan dut beti herriko bizimodua. Gure ahaide guztiak laborariak edo abeltzainak izan dira betidanik eta gaur egun familiako gazte batzuek lanbidearekin jarraitzea erabaki dute. Horietako bat da Bardeetara jaisten den artzainik gazteena, adibidez. 19 urterekin hasi zen jaisten, hala erabaki zuelako. 1.500 ardi ditu gaur egun eta bere anaiak, aldiz, behiak eta behorrak.

Nolakoa izan zen zure lehen harremana euskararekin?
Eskolapioetan ikasten nuen eta hango koroan euskarazko kanta batzuk erakusten zizkiguten. Egun batean etxera joan nintzen Migel aingeruaren kanta abestuz, latina zela sinetsita, eta amak esan zidan hori euskara zela. Orduan jakin nuen hizkuntza hori existitzen zela eta are gehiago, nire amak ere bazekiela. Niretzat errebelazio modukoa izan zen. Handik aurrera herrira eta toki guztietara belarriak tente joaten nintzen ea zer gehiago harrapatzen nuen.

Ondoren, 10 urterekin, Seminariora joan nintzen. Han igandero bizpahiru apaiz biltzen ziren apezgai euskaldunekin. 200 pertsona baino gehiago, eta ni ere hor sartzen nintzen. Gero batxilergoan hasi nintzen fundamentuz euskara ikasten, Komertzio Eskolan ematen zituzten klaseetan. Nire ondoan Carlos Garaikoetxea esertzen zen. Nik Kazetaritza edo Historia ikasi nahi nuen Iruñean, baina ez ninduten hartu eta 1970ean Bartzelonara joan nintzen Antropologia ikastera, euskal antropologoa izan nahi nuelako. Oso garai bizia izan zen, politikoki oso mugitua. Hilabete gutxi batzuk pasata hona itzuli eta erabaki nuen nire tokia Euskal Herrian zegoela. Unibertsitatea utzi eta Gorritira joan Jon Arrizibita apaiz euskaltzale porrokatuarekin euskara ikastera. Oso xelebrea zen. Francoren aurkako jarrera argia zuen. Behin batean, zigor moduan, Erriberako herri batera bidali zuten. Bera, temati, igandeetako predikuak euskaraz ematen hasi zen, herrikoak haserretu eta Gorritira bueltan bidali zuten arte. Copelecheko kamioi batekin egiten zuen lan, apaiz ezkertiarrek lan egiten zutelako. Urte bat eman nuen han eta ondoren Irakasle Ikasketak ikasi nituen.

Argazkia: Dani Blanco
"Egun batean etxera joan nintzen Migel aingeruaren kanta abestuz, latina zela sinetsita, eta amak esan zidan hori euskara zela, eta are gehiago, nire amak ere bazekiela”

Militantzia politikoan garai hartan hasi zinen?
Bai. ETAren bereizketaren garaia zen eta bilera teorikoetan parte hartzen hasi nintzen. Biolentziari uko egin zion Eusko Bazterrak talde troskista-marxistan nenbilen ni.

Nire lehen ekintza panfleto batzuk banatzea izan zen. Taldean mendizale eta eskalatzaile batzuk zeuden eta ikurrina handi bat genuen, toki enblematikoetan jartzen genuena. Behin, San Jose plazako gure lokalaren erregistroa egitera polizia etorri zelarik lortu genuen ikurrina ateratzea, eta ondoan zeuden klausura mojei eman genien gordetzeko. Batzuk euskaldunak ziren eta haiek komentuan gorde ziguten hainbat hilabetez, arriskua pasatu arte. Komentu horretan ere hasi ziren euskarazko mezak ematen Iruñean eta gu joaten ginen aberria egiteagatik. Horrez gain, abesbatza eta musika talde bat osatu zituzten eta herriz herri joaten ziren igandero euskal mezak ematen.

Gure taldea Liga Comunista Revolucionaria estatuko taldearekin elkartu zen, LKI sortuz. Ondoren, EMK, Euskadiko Mugimendu Komunistarekin bat egin eta Batzarre sortu zen. Eta hor egon naiz beti militatzen, duela bi urtera arte.
Germán Rodríguez talde horretako kidea zen eta oso laguna nuen. Maisu ikasketak bukatutakoan lanean aritu nintzen hainbat tokitan aitak Baneston lan egiteko aukera eskaini zidan arte. Nik ez nekien ezer kontabilitateaz eta Germán, aldiz, oso ona zen horretan. Oso buru argikoa zen eta proposatu zidan berak niri kontabilitatea irakatsiko zidala, trukean nik euskara erakusten banion. Urtebete aritu ginen horretan.

Eta Udal Ikastolara nola iritsi zinen?
Banketxean lanean hasi baino lehen lagun batzuk etorri zitzaizkidan Udal Ikastolaren sorreran parte hartzeko proposamenarekin. Ideia zen euskarazko irakaskuntza ikastetxe pribatuetatik atera eta sare publikoan sartzea. Une horretan Euskal Herri osoan ez zegoen halakorik. Talde honetako gehienak San Fermin eta Paz de Ziganda ikastoletatik zetozen familiak ziren. Ezkerreko militanteak eta euskaltzaleak.

1978ko urtarrilaren 13an Txantrean hasi ginen 200 bat umerekin, moja Kanosianek beren ikastetxean utzitako ikasgeletan. Oso progreak ziren italiar jatorriko moja horiek eta auzoko saltsa sozial guztietan sartuta zeuden.

Une politiko berezia zen Iruñean. Oso udal aurrerakoia zegoen eta ikastolaz gain, Andraize, haur eskolak eta beste ekimen asko abiarazteko bidea zabaldu zuten.

Nik, egia esan, ez nuen maisu izateko batere bokaziorik, baina sartu bezain laster buru belarri murgildu nintzen proiektuan.

Nola gogoratzen duzu hasiera hura?
Ederra bezain gogorra. Ahalik eta auzo gehienetara iristea zen asmoa. Oso arrakastatsua izan zen. Urtetik urtera gero eta talde gehiago sortzen ziren han eta hemen, eta guk beti lokalen bila ibili behar izaten genuen. Erromesaldi latza izaten zen urtero. Ez dakit gurasoek nola aguantatu zuten hainbeste, baina beste garai bateko gurasoak ziren, jakina! Urte batez, adibidez, ia hiru astez egon ginen klaseak Gazteluko plazan ematen, protesta gisan, tokirik ez genuelako.

Euskal Herri mailan Udal Ikastola izugarria izan zen, euskarazko irakaskuntza sare publikoan txertatzea lortu zuelako, eta baita erabiltzen zuen pedagogia berritzailearengatik ere. Berpizkunde pedagogikoa pil-pilean zegoen momentu hartan. Aktibismo ikaragarria zegoen eta hori dena praktikan jarri zen gure ikastolan.

Kide guztiak ginen aitzindariak eta praktikan jartzen genituen gure eskuetara iristen ziren mota guztietako ekimenak. Neskak eta mutilak elkarrekin zeuden, nahiko gauza berria garai hartan, irakurketa-idazketa prozesua atzeratu genuen, programazioa eta materialak geuk egiten genituen. Hamar bat urte aritu ginen horretan. Liburuak, fitxa guztiak... guk asmatzen genuen dena. Oso metodologia praktikoa eta aktiboa zen. Hasi ginen mota guztietako jaiak egiten kalean: Olentzero eguna, Inauteriak, kanpaldiak... Ikasturte bukaeran haurrak hartu eta mendira joaten ginen astebete ibilaldiak egitera. Goizean goiz sartzen ginen ikastolan eta arratsaldeko zazpiak arte egoten ginen han, guztiok emozioz beterik, erronka ikaragarri polita zelako.

Ni berehala hasi nintzen antzerkia ematen eta berehala onartu zen eskola-programaren parte izatea. Gero eta gauza gehiago egiten genuen. Hamar urtez Udal Ikastolako hiru ikastetxeetan, Hegoalden, Axularren eta Amaiurren, aritu nintzen antzerkia ematen. Hamabi talde eramaten nituen urtero eta ikastetxe bakoitzean bi antzezlan desberdin muntatzen nituen. Eromen hutsa, baina oso polita.

Zein dira antzerkiaren onurak?
Memoria, hizkuntza eta ahoskera lantzeko oso ona da eta, horrez gain, gorputz adierazkortasuna, elkarlana, talde lana, inplikazioa, konplizitatea… Psikologoarengana jo behar ez izateko baliabide ezin hobea izan daiteke antzerkia kasu batzuetan.  

Garrantzi gutxiegi ematen zaio gaur egun?
Zalantzarik gabe. Interesak desbideratu dira. Artea eta sorkuntza alde batera gelditzen dira egungo eskola sisteman. Garai batean Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak laguntza handia eman zuen eskoletan eta institutuetan euskarazko antzerki taldeak sustatzeko. Xole Erbiti teknikari apartak bultzada ikaragarria eman zion horri. Hasieran lehiaketa moduan eta gero topaketa gisa, oso mugimendu bizia lortu zen. Autobusak jarri eta diru pixka bat ematen ziguten beste herrietara joateko: Lesaka, Bera, Leitza, Iruñerriko toki asko, Irurtzun... eta hango taldeetako partaideak ere ezagutzeko aukera izaten genuen. Hori ikasleentzat ikaragarria zen.

Zaraitzuko historia eta kultura zabaltzea da zure beste pasioa. Berriki ipuin zahar eta berrien bilduma plazaratu duzu. Zer aurkituko dugu bertan?
Osotara 53 ipuin dira, euskaraz eta gaztelaniaz, horietako batzuk zaraitzueraz idatziak. Alde batetik Resurrección Mª de Azkuek, Arturo Campionek, Federico Garraldak eta Zoilo Mosok erreskatatutako ipuinak hartu nituen eta, bestetik, herriz herri ibili nintzen adineko bizilagunek kontatutako istorioak biltzen. Azkenik, gaurko hamahiru kontakizun (XXI. mendekoak) gehitu ditut, gai garaikideak jorratzen dituztenak.

Ipuin tradizionaletan izaki mitologikoak –sorginak, laminak, Sanson, Basajaun, Gartxot, Mari…– eta animaliak –axeria, hartza, otsoa, belea, usoa, Orhiko txoria…–  protagonistak dira eta badira ere memoria historikoaren alorrekoak, lanbideetan oinarritzen direnak –artzain ibiltaria, almadiazaina, kontrabandista…–.

Argazkia: Dani Blanco

"Gazte batzuek gurasoen herrira bizitzera joan nahi dute. Kopuru txikia da, Zaraitzun 20 bat gazte izan daitezke. Gutxi dira, baina orain dela hamar urte 0 ziren"

Baten bat nabarmenduko zenuke?
Zalantzarik gabe, Gartxot, Itzaltzuko bardoa, Campionek duela 104 urte idatzia. Haraneko mugak gainditu dituen istorioa da. Asiskoren filmak eta komikiak, Lertxundiren abestiak eta Gartxot Ekimena elkartearen dibulgazio-ahaleginak haren hedapenari izugarri lagundu diote. Oso istorio dramatikoa da, baina bere mezua unibertsala da: herri baten kultura eta nortasuna azken ondorioetaraino defendatzea besteen inposaketen aurrean.

Nola ikusten duzu Zaraitzu gaur egun?
Zoritxarrez ematen dugun irudia despopulazioarena eta tristurarena da. Batzuek pentsatuko dute ez duela merezi han bizitzea beti kexaka ari garelako. Errealitate gordina da, hori egia da, baina bestaldetik nabarmendu behar da azken zortzi-hamar urte hauetan hango jendeak hausnarketa prozesu sakon bat egin duela Pirinioak Bizirik! taldeak bultzaturik. Egoera latza izan arren ez dute amore eman eta lortu dute Nafarroako politikagintzaren agendan Pirinioetako errealitatea mahai gainean jartzea. Jende asko inplikatu da, hainbat mailatan. Orain arte nagusi zen jarrera ezkorra, pasibo edo apatikoari buelta eman eta Iruñean bizi diren piriniotar gazte batzuk bailarak defendatzeko eta berpizteko proiektuetan hasi dira inplikatzen. Gazte batzuek gurasoen herrira bizitzera joan nahi dute. Kopuru txikia da, Zaraitzun hogei bat gazte izan daitezke. Gutxi dira, baina orain dela hamar urte zero ziren. Pirinioetako haranetan asko hitz egiten dute horretaz eta ahalduntze kolektiboko mugimendu indartsua dago. Kontzientzia hartzeko eta komunitate-autodefentsarako mugimendu interesgarria dago.

Otsagabian, adibidez, gazte batzuek ardiak eta euskal txerriak jarri dituzte, beste batzuk gazta egiten ari dira eta zahartze aktiborako enpresa bat sortu berri dute. Fenomeno berri-berria da. Horrekin etorkizuna bermatuta dagoenik ezin da esan, baina behintzat jaiotze tasa handitu da pixka bat. Izan dira urte batzuk bailara osoan batere jaioberririk gabe, eta azken hamar urteotan bada gutxienez nolabaiteko birjartze-tasa bat.

Zer hobetu daiteke?
Familia gazteen alde gauza asko egin daiteke: etxebizitza aurkitzea zaila da, eskoletako jantokien prezioak garestiak dira, eskola-garraioan gabezia asko daude, legeak eskatzen dituen ikasle gutxieneko kopuruak egokitu behar dira... Horren adibide da Europako diru-laguntzaz Ezkarozen zabaldu zen haur eskola. Izugarri polita egin zuten, baina berehala itxi zuten haur gutxiegi zegoelako. Itxita izan zuten urte oso batez eta bitartean familiek pertsona bat kontratatu behar izan zuten eta etxabe batean moldatu, ume horiei arreta emateko. Huescan haur bakar batekin eskolak irekita zeuden eta hemen ezin. Asko borrokatu ondoren, azkenean lortu genuen zabaltzea. Orain multzo polita dago, hamahiru edo hamalau haur. Irakasleen baldintzetan ere duela ez aspaldi lortu zen gutxienez hiru urterako kontratuak izatea eta egonkortasun hori izugarri nabaritu da. Batzuek etxeak erosi eta alokatu dituzte bertako herrietan.

Pirinioetako errealitatea kontuan hartu behar da eta horri moldatu legeria, kopuruak eta beste guztia.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pirinioak
Aurizko alkate Unai Irigarai
“Pirinioaldean despopulazioa dugu arazo nagusi”

Nafarroako ipar-ekialdeko egoera larriari aurre egiteko Pirinioaldeko Mahaia sortu zuten zonaldeko hainbat gizarte eragilek eta erakundek. Nafarroako Gobernuaren utzikeria salatu dute bertako biztanleek. Aurizko alkate Unai Irigaraik eman dizkigu xehetasunak Guardasola saioan.


Nafarroako Gobernuari leporatu diote ez duela Pirinioetako planean sinisten Jaurrietan egindako herri batzarrean

Asteazken honetan Pirinioetako herritarrek batzar irekia egin dute Jaurrietan eta salatu dute Nafarroako Gobernua ez dela behar bezala garatzen ari Pirinioetako Plana.


2024-06-25 | ARGIA
Pirinioetako alkateek salatu dute “noraezean” dagoela despopulazioari aurre egiteko gobernuaren plana

Pirinioetako Mahaiak agerraldia egin zuen ostiralean, "konpromisoen lege bat" eskatzeko eta Nafarroako Gobernuari "neurri zehatzak" exijitzeko.


2024-03-03 | Garazi Zabaleta
Azokoop
Pirinioetako Artzibarren lan eta bizi: hurbileko kontsumorako denda eta proiektua

Artzibarko Urdirotz herrian, Nafarroako Pirinioetan, proiektu berri batek zabaldu ditu ateak otsailaren 24an. "Azoka-Denda" deitu diote Txabi Bados Ruizek eta Rita Perandrés Martínezek haien etxe azpian ireki duten dendatxoari. Azokoop mikrokooperatibaren... [+]


Basoilarra agertu da Larra-Belaguan, baina zer esatera etorri zaigu?

Desagertzeko arriskuan dagoen basoilarra ikusi dute azken egunetan Larra eta Aztaparretako naturgunean, Belaguako La Contienda bailarako eski estazioko aparkalekuan. Jokabide arraro horrek kezka sortu du biologoen artean, aurtengo negu beroak eraginda izan baitaiteke. Basoilarra... [+]


Frankismoko bunkerrak
Hormigoizko orbainak Pirinioetako mugan

1936ko Gerra amaitzear zela, Franco diktadoreak Pirinioetan milaka bunker eraikitzea agindu zuen. Mendian horiek ikusten aspaldi ohituak gaude, baina ez genekien defentsarako lerro erraldoi bat osatzen zutela, eta azken urteetan berreskuratzeko ekimenak jarri dira abian. Izan... [+]


1900ean 18.000 pertsona bizi ziren Nafarroako ipar-ekialdean, gaur egun 3.600 inguru

Nafarroako ipar-ekialdeko eskualde honetan lau pertsona bizi dira kilometro koadroko, Erkidegoaren batez bestekoa baino hamabost aldiz gutxiago. Biztanleriaren zahartze larria eta zerbitzu publikoen gabezia dira zonaldeko kezka nagusiak.


2023-11-08 | Itxaro Borda
Irati

Goizeko berria. Zuberoako Herri Elkargoak kudeatzen duen Irati gaineko eski-estazioa behin betiko zerratzea erabaki du, elur eskasean izanen direlako aurten ere. Oroitzen naiz duela hogei bat urte, Pyrénées Magazine aldizkariko zenbaki berezi batean,... [+]


2023-10-23 | Cira Crespo
EUROPAKO TXIKI(TU)AK
Mugak eta lerroak


Nafarroako Gobernuaren laguntza
360 eta 2.000 euro bitarteko diru-laguntzak Pirinioetako ikasleen “aukera berdintasuna” sustatzeko

Guztira 160.000 euro bideratuko ditu Nafarroako Gobernuak bertako biztanleen “aukera berdintasuna” sustatzeko. 174 ikaslek jasoko dute 360 eta 2.000 euro bitarteko diru-laguntza. Ez da nahikoa izango, ordea, Pirinioetako herritarrentzat, diru-laguntza eskatu dutenen... [+]


“Pirinioetako despopulazioa haren aurkako neurriak baino abiadura handiagoan doa”

Pirinioetako husteari aurre egiteko legea eskatu dute eskualdeko ordezkariek. Hamar biztanletik bat galtzen du urtero eskualdeak.


Pirinioetan alokairu publikoa merkeago izateko hobaria jarri du martxan Nafarroako Gobernuak

Pirinioetan etxebizitza lortzeko dagoen arazoari aurre egiteko neurria onartu du Nafarroako Gobernuak. Etxebizitza publikoen alokairuaren prezioa %38 jaisteko hobaria aktibatu du, despopulazio arriskuan diren ibarretan "biztanleria finkatzea" helburu.


Eguneraketa berriak daude