“Haurrak ez dira dianan jarri, bilatu da defentsa gutxiago zituztenak babestea”

  • Pandemia garaiko hezkuntza protokoloen eraginkortasunaz, umeei ezarritako neurriez eta ikastetxeetako lan kargaz galdetu diogu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuari. Curriculuma, Euneiz eta konpetentziak ere izan ditugu hizpide, baita Legebiltzarrean egosten ari den hezkuntza hitzarmena ere. Datorren udazkenean EAErako Hezkuntza Lege berria aurkeztea aurreikusten du Jaurlaritzak eta aurre-pausoa da alderdien arteko adostasuna bilatzen duen hezkuntza hitzarmena. Hitzarmenaren hiru ardatzak mahaigaineratu dizkigu Jokin Bildarratzek: ikasleen segregazioa, euskara eta ikastetxe publiko-pribatu afera.

Argazkiak: Dani Blanco
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Hezkuntza langileak kexatu dira gainezka daudela, COVIDari lotutako gestio eta lan burokratiko askorekin. Ikastolen Elkarteak berriki kritikatu du ez dagozkien ardurak hartzen ari direla, pedagogia eta bestelako lehentasunak alboratuz.
Oso egoera zaila bizi dugu, inoiz pentsatuko ez genukeena, eta erantzun ona eman zaio hezkuntza mundutik. Baliabideak jarri dira horretarako. Ikasturte honetan, iaz baino irakasle gehiago daude bai sare publikoan, bai itunpekoan, eta protokoloa, oro har, ongi funtzionatzen ari dela uste dut. Pasa den abenduan, oporren atarian, asko sufritu genuen ikastetxeetan, 460 bat gela itxi behar izan genituen eta garbi ikusi genuen oporretatik buelta ere ez zela erraza izango, baina egoera samurra ez den arren gela oso gutxi daude itxita, eta hori oso berri ona da. Behin hori esanda, pedagogiari lotuta ez dauden bestelako lan gehiago egiten ari al diren ikastetxeetan? Seguruenik bai, egoera berezi honetan denok ari baikara normalean egokitzen ez zaizkigun lanak egiten eta ahalegin berezia egiten. Irakasle bezala aritua naiz, eta pedagogiaz gain lan asko tokatzen zaigu egitea ikasle bakoitzarekin; bizitzen ari garen momentu honetan pedagogiaz harago arlo emozionala eta beste ere lantzen ariko dira irakasleak. Dena den, niri Ikastolen Elkarteak ez dit diozuna helarazi pertsonalki. Elkarrekin ari gara lanean eta elkarrekin aterako dugu hau aurrera; hezkuntza komunitateko partaide guztiei eskertu behar diegu egiten ari diren lan izugarria eta bikaina.

Arlo emozionala aipatu duzu. Pandemia uzten ari den arrastoa dela-eta, ekainean aurreratu zenuen Osasun sailarekin lantzen ari zinetela ikasle eta irakasleen emozioak gestionatzen laguntzeko modua. Zertan da?
Hainbat ikastaro antolatu dugu eta 800 bat irakaslek hartu du parte. Oso ondo ari da funtzionatzen eta martxoan beste hainbat jardunaldi antolatuko dugu tresna gehiago emateko irakasleei, psikologoei, aholkulariei…

Pandemiako sentsazioetako bat da umeak daudela maiz dianan, baita hezkuntza protokoloetan ere: musukoa espazio irekietan eraman beharra ikastetxeetan, burbuilak osatu beharra, orain eskola kiroleko partiduak debekatzea... Beste sektore eta adin batzuekin konparatuta, ikasleei ezarritako neurriak proportzionalak direla uste duzu?
Elementu oso baldintzatzailea egon da: txertoa. Ikasturte honetan izan dugun protokoloa aurreko ikasturtekoaren oso bertsua izan da; pandemiaren garapenaren baitan lasaitu egin dugu uneren batean, baina 12 urtetik gorako edo beherako geletan egon da aldea, alegia txertatuta egon edo ez egon (adibidez, 12 urtetik gorakoek musukoa kendu zezaketen patioan): 12 urtetik gora oso gela gutxi itxi dira abendu bitarte (%3 inguru), eta horrek erakutsi digu txertatuta zeuden adinetan pandemiaren eragina askoz baxuagoa zela. Alegia, kontua ez da diana haurrengan jarri dela, baizik eta bilatu dela defentsa gutxiago zituzten gazteak nola babestu. Ikastetxeetatik kanpo gertatzen dena beste errealitate bat da, baina administrazio bezala gure ardura da ikastetxeen barnean segurtasuna eta ziurtasuna mantentzen saiatzea. Eta neurriak kuestionatu ordez, kontziente izan behar dugu zein egoera zaila bizitzen ari garen eta oinarrizko elementu bat mantentzea dela funtsa: aurrez aurreko hezkuntza. Gogoratu ikasleak hiru hilabetez etxetik aritu beharrak zer nolako ondorioak izan zituen. Ikasleek eurek esaten didate etxean baino askoz hobeto daudela orain ikastetxean, eta horrek esan nahi du neurriak hartu behar direla kutsadura murrizteko. Ez dira gustuko neurri eta arauak, baina aurrez aurrekoa bermatzeko hartu beharrekoak dira.

“Pedagogiari lotuta ez dauden bestelako lan gehiago egiten ari al diren ikastetxeetan? Seguruenik bai, egoera berezi honetan denok ari gara normalean egokitzen ez zaizkigun lanak egiten”

Pandemiak ikasleen arteko arrakala areagotu duela ere ikusi dugu. Giza baliabide gehigarrietan, jarri al da arreta berezirik are atzerago geratu diren ikasleen errefortzuetan?
Baliabide pertsonal gehiago jarri direnean, bereziki jarri dira batetik pandemiari aurre egiteko eta bestetik sorturiko arrakala eta arazoak landu ahal izateko. Irakasleak profesionalak dira eta pandemiarekin edo pandemiarik gabe, beti jarriko dute arreta arazoak dituzten ikasle horiengan.

Nabarmendu da pandemia garai ona zela hainbat gairi heltzeko: ratioak jaisteko, kanpoko espazioak gehiago aprobetxatzeko, teknologian formatzeko… Ohiko hezkuntza-paradigmak aldatzeko aukera galdu da?
Guztiz kontrakoa da nire diagnostikoa. Pandemiak aukera asko erakutsi dizkigu eta teknologia berrietan, esaterako, ikasle guztiei (publiko zein itunpeko ikastetxeetakoei) ordenagailu bana eman zaie, baita euskarazko materiala ere ordenagailu horiek hornitzeko. Pauso izugarriak eman dira, lehendik bazetozenak, eta pandemiak erakutsi digu guztion artean gauza gehiago egiteko gai garela. Kalitate handiko hezkuntza daukagu eta gehiago hobetzeko aukera daukagu.

Konpetentziez asko hitz egiten da (pentsatzekoa, ikasten ikastekoa...), baina sentsazioa da sarri bestelako norabidean doazela hezkuntza politikak. Adibide bat: Espainiako LOMLOE legeak filosofiaren eta etikaren kamustea ekarriko duela-eta, filosofia irakasleek nabarmendu dute Jaurlaritzak urteotan ez duela filosofiaren aldeko apusturik egin, horretarako eskumena izan arren. Diskurtsoa eta hezkuntza politika bat al datoz?
Urteak dira konpetentziez hitz egiten ari garela, baina beti izan du mahai gainean zailtasun bat: ebaluazioa. Nola ebaluatu konpetentziak? Uneotan, LOMLOEren curriculumaren garapenean gaude, Espainiako Gobernuak definitu du jada eta gu hemen irakasle eta eragileekin hurrengo urteetako curriculuma definitzen ari gara. Definitu beharra dago ze pertsona mota nahi ditugun, ze ezagutza barneratu behar dituzten eta elkarbizitzan nola heziko ditugun. Inportantea da ikasle bakoitzari pentsatzen erakustea eta tresnak ematea bere ikas-prozesuaren jabe izateko; konpetentziak beti izango dira funtsezko bide horretan.

LOMLOEz eta eskumenez ari garela, Espainiako Gobernuak markatzen duen curriculumean eskua sartzeko %50eko eskumena du Jaurlaritzak. Nahikoa baliatzen al duzue eskumen hau?
Goitik behera. Sare ezberdinetako 75 bat irakaslerekin talde indartsua osatu da, maiztasun handiarekin biltzen dena, definitzeko hurrengo ikasturtean martxan jarri beharko den curriculuma. Dena den, benetako giltza ikastetxeetako profesionalek dute, egunero-egunero ikasleekin ari direnak eta eraikitzeko prest daudenak, curriculuma dinamikoa izan dadin.

“Ikastetxe guztiek hartu beharreko ikasle zaurgarrien portzentajeak jarri nahi ditugu. Diru publikoa jasotzen duten ikastetxeek zaurgarritasun horiei erantzuteko adina ardura hartu behar lukete”

Euneiz unibertsitatea zabaltzea onartu du Legebiltzarrak, aurretik Jaurlaritzak argi berdea emanda, baina Euneizen beharra zalantzan jarri dute EHUko aurreko eta oraingo errektoreek. Behar al du EAEk diru publikoz finantzatutako unibertsitate pribatu hau, EHUk berak ematen dituen hainbat ikasgai ematen dituena?
Diru publikoz finantzatua… Non ikusi duzu hori?

Nik dakidala, bai Arabako Foru Aldundiak bai Eusko Jaurlaritzak inbertsioa iragarri zuten…
Eusko Jaurlaritzak? Bilatuidazu hori.

Ez dut datua eskura, nire akatsa.

[Elkarrizketan aurrera egin dugu, eta kazetariak ondoren bilatu du informazioa. Berez, Gasteizko Udala eta Arabako Foru Aldundia dira Euneiz finantzatzeko bakoitzak 480.000 euro jarriko dituztela iragarri dutenak. Jaurlaritzak Araba Sport Capital proiektua Next Generation EU funtsetarako aurkeztu zuen, Arabako Aldundiak aurkeztutako proposamena bideratuz eta proiektuarentzat 64 milioi euro eskatuz, horietatik 12,5 Euneizentzat]

Unibertsitate berri bat irekitzeko Legebiltzarraren legea behar da, eta hori da onartu dena. Orain Jaurlaritzak proiektu hori du mahai gainean, balioztatzeko martxan jarri nahi dituzten graduek bete beharreko baldintzak betetzen dituztela, baita doktoregoek ere, masterrek, irakasleen profilek… Hortik aurrera dirulaguntzak jasoko dituen edo ez dituen jasoko, ez dago horrelako ezer, unibertsitatea ez delako oraindik martxan jarri.

Baina zuk nola baloratzen duzu?
Ez dakit proiektu hori zer den. Printzipioz, unibertsitate berri bat ongi dago, ez dut zeresanik hor, ez baita pribatua den unibertsitate bakarra. Beste unibertsitate pribatuekin egon daitekeen aldea da, hori bai, irabazi asmorik gabeko unibertsitatea den edo irabaziak ateratzeko helburua duen.

Honek itxura du dirua irabazteko asmoa izan baduela.
Itxura ez, bere estatutuetan horrela du jarria.

Orduan badago aldea…
Noski, horregatik aipatu dizut.

Eskolaldi jarraitua vs zatitua, Nafarroan bizi dagoen eztabaidaren oihartzunak iritsi dira EAEra. Zer dio sailburuak?
Legebiltzarrak gai honen inguruko analisia eskatu zigun eta horretan ari gara. Gure iritziz, zaurgarrien diren ikasleentzat justuagoa da eskolaldi zatitua, trinkoa baino, eta ikuspegi pedagogikotik ere egokiagoa iruditzen zaigu. Hala ere, aztertzeko eta eztabaidatzeko prest gaude.

Hezkuntza Lege berria egin aitzin, hezkuntza hitzarmena adostu nahi duzue Legebiltzarrean. Hitzarmenaren bueltan, hainbat gai daude mahai gainean eztabaidagai eta ikasleen segregazioa da horietako bat. El Correon esan zenuen segregazioa ez dela arazo EAEko hezkuntza sisteman. Eragile eta alderdi askok, baita datuek ere, hain justu diote hori dela dugun arazo larrienetakoa.
Guk esaten duguna da segregazioa ez dela eskolan sortzen. Ikaslea motxila batekin dator eta hezkuntza sistemak egin behar duena da berdintasun eta ekitate ikuspegi batetik landu. Gure hezkuntza sisteman, zaurgarritasun guztiak ikastetxe guztion artean banatu edo landu behar ditugu, ez da posible ikastetxe batean kontzentratzea zaurgarritasun egoera handiena duten ikasleak. Zaurgarritasun egoeran dauden ikasle gehienak dituen ikastetxe hori herri batean izan daiteke publikoa, eta beste herri batean itunpekoa. Nola lortu zaurgarritasuna duten ikasleak hezkuntza sistema osoan, guztion artean ahalik eta modu justuenean banatzea? Horretarako lanean ari gara eta hurrengo urteetan hartuko ditugun erabaki guztiak zentzu horretan joango dira.

Zein da segregazio horri aurre egiteko bide nagusia?
Segregazio mota asko dago, baina segregazio sozio-ekonomikoari erantzun nahian ari bagara, ikastetxe guztiek hartu beharreko ikasle zaurgarrien portzentajeak jarri nahi ditugu. Diru publikoa jasotzen duten ikastetxe guztiek zaurgarritasun horiei erantzuteko adina ardura hartu beharko lukete.

“Auzia ez da hizkuntza bat edo bestea, hiru hizkuntzetan aritzeko gaitasuna lortzea baizik”

Hizkuntza da beste gai zentral bat. Eragile ugarik aspalditik dio hizkuntza ereduak gainditu behar direla eta murgiltze eredua (D eredua) dela ikasleek euskara jakitea bermatu dezakeen bakarra, baina gurasoek duten aukeratzeko askatasuna bermatu behar dela defendatu izan du EAJk. A eta B ereduei eutsiko zaie?
Gaur egun, euskal ereduen aldeko apustua garbia da gurasoen artean. Ikastetxe bakoitzak bere hizkuntza proiektua behar du, ez baita berdina Tolosan egin daitekeen D eredua eta Barakaldon edo Gasteizen egin daitekeena, ikasleen %60ak ama-hizkuntza euskara duen ikastetxean eta ikasleen %100ak ama-hizkuntza erdara duen ikastetxean. Bakoitzaren egoera sozio-linguistikora egokitzen zaion hizkuntza proiektua gauzatu beharko genuke, eta horretarako ikastetxe eta errealitate bakoitzaren araberako baliabideak eman beharko genizkioke. Irakasleen formazioa ere ezinbestekoa da gai honetan.

Testuinguru sozio-linguistikora egokitutako hizkuntza proiektuak… baina D ereduaren barruan?
Ikastetxe gehienek D eredua aukeratu dute, baina esan dudan moduan Tolosako eta Barakaldoko D ereduak ez dira berdinak izango, ezberdin erantzungo diote beren errealitate sozio-linguistikoari, eta beraz auzi honetan protagonismoa ikastetxe bakoitzak du. Euskararen eztabaidatik alde egin behar dugula uste dut, azken urteetan adostasun zabala dagoelako eta gurasoek ere ikusten dutelako zein den seme-alabentzako biderik egokiena, euskarari dagokionean. Euskararen Legea bera gako inportantea da: legeak dio bigarren hezkuntza bukatu eta gero ikasle guztiek gai izan behar dutela euskaraz eta gaztelaniaz aritzeko. Hizkuntza aniztasunaren barruan ulertu behar baitira ikastetxeetako hizkuntza proiektuak, ingelesa edota frantsesa ere ikasten dutelako gazteek. Auzia ez da hizkuntza bat edo bestea, hiru hizkuntzetan aritzeko gaitasuna lortzea baizik.

Sare publikoak eskatzen du administrazioak sare publikoari eman behar diola lehentasuna. Hezkuntza Sailak hobesten al du sare bat bestearen gainetik?
Sistema publikoan, ikastetxe publikoak dira hezkuntzaren muina, baina itunpeko ikastetxeek ere paper garrantzitsua jokatzen dute (ikasleen %50 hartzen dute). Bi sareak sendotu behar ditugu, denek osatzen dutelako gure hezkuntza proiektua eta zentzu horretan inportantea delako bi sareak indartsu egotea. Hain justu, lege berria baliatu beharko genuke sareen dinamika gainditzeko, berdin duelako sare bateko edo besteko ikastetxea izan, inporta duena da ikastetxe bakoitzak zein proiektu daukan, etorkizunerako zein bide-orri eraikitzen duen, bermatzen badu baldintza bertsuetan eta doan eskainitako hezkuntza bat.

“Ikastetxeak publifikatu edo ez, ez dut uste eztabaida hori gizartean dagoenik. Gainera, zergatik publifikatu ikastetxe bat, baldin badu hezkuntza proiektu sendo bat eta publifikatzeko beharrik ez?”

Sareak gainditzeko behar horretan, bi formula daude mahai gainean: edo itunpekoak publifikatzea, edo hainbat eskubide eta betebehar betez gero denei %100eko finantzazio publikoa bermatzea.
Ikastetxeak publifikatu edo ez publifikatu, ez dut uste eztabaida hori uneotan gizartean dagoenik. Gainera, zergatik publifikatu ikastetxe bat, baldin badu adibidez hezkuntza proiektu sendo bat, soziala, eta inongo gogorik ezta beharrik ere publifikatzeko? Horregatik nioen sare kontzeptuaren gainetik egon behar dugula, kalitatezko hezkuntza proiektua eskaintzea dela helburua, dauden arazoei ikastetxe guztien artean eta baldintza bertsuetan erantzunez.

Ikastetxeen autonomia erabatekoa defendatzen duzu, ebaluazio on bat eginez. Nola fintzen da ebaluazio hori?
Ikastetxe bakoitza da bere buruaren jabe eta berak erabakiko du zertan gastatuko duen dirua, non dituen lehentasunak… eta orain arte bezala ebaluatuko dugu, publiko zein itunpeko, ziurtatzeko ematen zaien dirua erabiltzen dela behar den horretan eta emandako arrazoietan oinarrituta. Eta %99a fin dabil, baina guztiontzat eraginkorragoa da bai gure burua ebaluatzen badugu, bai besteen ebaluazioa jasotzen badugu.

Hezkuntza arloan udalek eskumen gehiago izatea ere aipatu da. Zein rol izan beharko luketela uste duzu?
Eskumen batzuk partekatzen ditugu jada: herri baten giza-kohesioa zaintzea esaterako udalaren eskuduntza da, baina guk lagundu dezakegu horretan. Giza-kohesioaz ari gara eta segregazioaren gaia aipatu dugu oraintxe: zenbat eta orekatuagoa izan kohesio hori, orduan eta hobea izango da herriko giroa, eta horregatik bultzatzen dugu herrian udal batzordeak sor daitezen eta bertan herriko ikastetxe guztiek parte har dezaten, hezkuntzarekin lotura duten hainbat erabaki guztion artean adostu ditzagun.

Matrikulazioari begira baita ere?
Baita ere. Agian herri bakoitzean jarri daiteke matrikulatzeko bulego bat… Segregazioari lotuta lehen esan dugu zaurgarritasun espazioak ikastetxe guztien artean orekatu behar ditugula eta udalak ere parte hartu behar du banaketa eta planifikazio horretan.

Ikastetxeen ahalduntzea aldarrikatzen duzu. Nola ahalduntzen dira ikastetxeak administraziotik, baliabideak emanez?
Baliabideak emateaz harago, ahalduntzea da indarra ematea, autonomia eta lidergoa, eta horretarako bere buruaren jabe den eta bere buruan sinesten duen taldea behar da. Ezinbestekoa da zuzendaritza talde potenteak izatea, eta beraien aitortza jasoko duen dekretu bat jorratzen ari gara, funtzio berriak eta sari ekonomiko berriak tarteko. Gurasoek ere paper garrantzitsua jokatzen dute. Ikastetxe bakoitzak erantzuten dio errealitate eta ekosistema jakin bati, eta inguruan dauzka eragileak, dauzka hainbat administrazio, baina benetan protagonistak ikastetxeak eurak dira. Gure pean 1.222 ikastetxe dauzkagu; ezinezkoa da ikuspegi zentralista batetik guztiei indarra ematea, ikastetxe bakoitzak hartu behar du indarra, autonomiatik.

Hitzarmenari begira, hezkuntza komunitateko eragileen 100 agerraldi entzuten ari zarete Legebiltzarrean. Halere, hainbat ahotsek eskatu dute hitzarmenaren egituraketan bertan parte hartzea, ez izatea eragile politikoen arteko adostasun soila.
Irailetik hona 511 pertsonarekin bildu naiz (guraso elkarteak, ikastetxeetako zuzendariak, sindikatuak, patronal guztietako arduradunak…) eta guztiei, hitzarmenaren oinarriak azaltzeaz gain, eskatu diet ekarpenak egin ditzatela. Dozenaka ekarpen ditut, oso baliagarriak. Horrez gain, inoiz ez bezala, 100 agerraldi daude martxan Legebiltzarrean. Legebiltzarreko alderdiak gizartearen ordezkariak dira, legitimitate guztia dute legeak egiteko, eta hala ere testua egiten hasi aurretik eragile guztiekin hitz egin du Legebiltzarrak, guztien gogoetak jasotzeko. Are gehiago, testu artikulatua egin ondoren ere, eragile guztiekin egongo gara berriro, beraien iritzia eman dezaten. Garbi dago zein diren ardatzak: segregazioa, euskara eta ikastetxe publiko-pribatu afera, eta horien eta gainerako gaien inguruko sentsibilitate ahalik eta gehienak bilduz testua osatzea izango da gure zeregina.

Cristina Uriarte sailburu ohiarekin oso urrun zegoen akordiorako aukera Legebiltzarrean. Orain aldiz, kanpotik badirudi hitzarmena egina dagoela, alderdi batzuen artean sintonia handia dagoela. Zer gertatu da Uriarteren garaitik Bildarratzen garaira?
Gertatu da pandemia. Pandemiak erakutsi digu hezkuntzak zein paper joka dezakeen eta alderdi politiko eta eragile sozialekin oso giro eta jarrera ona ikusi dugu, pandemiak erakutsi digulako batera askoz gehiago garela. Alderdi politiko guztiekin oso harreman ona dut eta baten batek jada esan dit hitzarmenean ez duela parte hartuko, baina ulertzen duela akordioa egon behar duela. Baikorra naiz eta adostasunak lortuko ditugula uste dut, eragileen agerraldietan ere gauza bertsuak entzuten ari garelako, gai ardatzen inguruan. Horiei forma ematea izango da gakoa.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
Barañaingo Alaitz BHIk Batxilergoko D ereduko bigarren lerroa izanen du datorren ikasturtean

Hezkuntzak aurreikuspena zuzendu eta onartu du institutuak Zientzia, Humanitate eta Gizarte Zientzien Batxilergoko lehen mailan bi talde izaten jarraitzea.


Hezkuntza Sailean, euskara eskubide?

Ekain amaieran, Hezkuntza Sailak ehunka irakasle funtzionario izendatu ditu: praktikaldia egitea falta dute, bai eta, irailetik aurrera, mediku-azterketa ere.

Azkeneko deialdian, mediku-azterketa azpikontratatu egin zuen Hezkuntza Sailak. Azpikontratatu zuenean,... [+]


“Haurren parte-hartzeak ezin du izan eserita eta hitzaren bidez bakarrik”

Zein egitura behar ditugu herrian, haurrek herriko erabakietan parte har dezaten edota beharren bat badute bideratzen jakin dezaten? Galderari tiraka esperientzia pilotua egin dute lau herritan eta emaitza ezberdina izan da lauretan. Prozesua gidatu duen Oinherri Herri... [+]


Lan kontuekiko (des)konexio digitala nola kudeatu irakasleek?

Irakaslea zara eta lanordutan nahiz lanorduz kanpo, berehala erantzun beharreko mezuz josten zaituzte ikasleek, haien gurasoek, ikastetxeko zuzendaritzak, lankideek? Deskonexio digitalaren beharraz gogoetatu dugu, Aitor Idigoras irakaslearekin: "Ateak ixten eta mugak... [+]


Jolastoki berdeagoak Ipar Euskal Herriko ikastetxeetan, klima aldaketari aurre egiteko

Ingurumena, bioaniztasuna, uraren gestioa eta haurren beharrak oinarri hartuta, ikastetxeetako patioak aldatzeko proiektu kolektiboa jarri dute martxan Pirinio Atlantikoetan; Euskal Herriko lau herrik hartuko dute parte. Iruñean ere, itzal eta landare gehiago izango... [+]


Barañaingo Alaitz institutuko 26 ikasle batxilergotik kanpo gelditu dira, D ereduko gela bat murriztu dutelako

Barañaingo Alaitz institutuko 26 ikasle batxilergoko zerrendatik kanpo gelditu dira, Nafarroako Hezkuntza Sailak gela bat murriztu duelako. Murrizketa salatzeko mobilizazioa egin dute.


PSNren egoitzaren aurrean elkarretaratzea deitu dute Iruñean, D ereduari trabak jartzen dizkiola salatzeko

Euskararen Defentsarako Sareak Nafarroako Gobernuak D ereduari jartzen dizkion trabak salatu nahi ditu. Argi dute Nafarroako Gobernua “edozertarako prest” dagoela “euskararen kontra” jotzeko. Horregatik, elkarretaratzea deitu dute uztailaren 2an,... [+]


2024-06-26 | ARGIA
Laborantza lizeoetan euskaraz ikasi ahal izango da, Frantziako Gobernuak hala onartuta

Aspaldiko aldarrikapena onartu du Frantziako Gobernuak: laborantza lizeo pribatuetan formakuntza elebidunak eskaini ahal izango dira, “esperimentazio pedagogiko” gisa, alegia frantsesez bakarrik ez, euskaraz ere irakatsi ahalko da. Donapaleun eta Hazparnen baliatuko... [+]


Nola irakurzaletu ikasleak

Irakurtzen al dute –eta irakurritakoa ongi ulertzen al dute– haur eta gazteek? Eta helduok? Eskolan zein tarte eskaintzen zaio irakurketari eta literaturari? Nola prestatzen da ikasleei eskaintzen zaien liburu zerrenda eta nolako liburutegiak dituzte ikastetxeek,... [+]


Oporretan mugikorretik deskonektatu, seme-alabek eskertuko dizute

Haur eta gazteek duten pantaila kontsumoarekiko kezka nagusi den garaiotan, fokua helduongan jarri eta familia guztiarentzako gomendio baliagarriak bidali dituzte Zurriola ikastolatik, pantailek ez ditzaten udako oporrak baldintzatu.


Eguneraketa berriak daude