Manuel Quintanaren familia XVII. mendean hasi zen kanpaiak galdatzen. Lehen obrak Nafarroan jaio baziren ere, mundu osoko tenpluetako kanpandorreak bisitatu ditu Campanas Quintana enpresak. Euskal Herrian, Bilbon egin du azken zaharberritze lan garrantzitsuetako bat, Begoñako basilikan.
Askorentzat, kanpaien soinuek orduaren berri baino ez dute ematen, baina kolpe horiek istorio harrigarriak ezkutatzen dituzte mailukada bakoitzaren atzean. Garai batean, kanpaien funtzioa gaur egungo WhatsApp aplikazioak duenaren antzekoa zen: komunikatzea. Orduaz gain, hileten, ezkontzen eta jaiotzen berri ematen zuten, eta laino itxia zegoen egunetan, esaterako, artzainen gidari lanak egiten zituzten herri txikienetan, itsasargiek itsasontziekin egiten duten era berean, besteak beste.
Manuel Quintana Saguillo (Villota del Páramo, Palentzia, 1943) Espainiako Estatuan geratzen diren kanpaigile eta metal-urtzaile artisau urrietako bat dugu. Quintanak, abizen bereko arbasoek bezalaxe, bizitza osoa eman du Campanas Quintana familia-enpresan lanean. Dokumentatutako lehen kanpaia 1637an sortu zuen Clemente Quintana e Isla maisu urtzaileak, Nafarroan. Garai hartan, kanpaigileak langile ibiltariak ziren, eta lana zegoen lekuetara joan ohi ziren metala urtu eta kanpaiak egitera. Quintana familiaren kasuan, urte hasieran Kantabriatik irten eta Iberiar penintsula osoan barrena ibiltzen ziren, kanpaiak han eta hemen enkarguz sortzen.
XIX. eta XX. mendeak oparoak izan ziren oso kanpaigintzan. Euskal Herrian baziren kanpaiak galdatzen zituzten hainbat familia, baina denborak aurrera egin ahala desagertzen joan dira
“Lan esparrua eskualdetan banatuta zeukaten kanpaigileek garai hartan”, azaldu du Manuel Quintanak, gaur egun Saldañan (Palentzia) ezarritako industria-nabean. Lan eskariak eraman zuen familia Gaztelako herri xume horretara XX. mende hasieran, baina enkargu asko Euskal Herrian egin dituzte bere historian, “bereziki Nafarroan, XVII. mendean”. Palentzia, Madril, Bilbo, Marbella, Balear Uharteak, Nafarroa… Australian ere aurki daitezke orain Quintanaren kanpaiak.
Euskal Herrian ere bai
XIX. eta XX. mendeak oparoak izan ziren oso kanpaigintzan. Euskal Herrian baziren kanpaiak galdatzen zituzten hainbat familia, baina denborak aurrera egin ahala desagertzen joan dira: Bilboko Delta Español, Agirre Sarasua edo Ignacio Ituarte, Durangoko Martin Eizaga, Iruñeko Vidal Erize, Gasteizko Murua… Campanas Quintanak ere lan ederrak egin izan ditu Bizkaiko hainbat tenplutan: Ibarrangeluko San Andres Apostoluaren elizatik hasi (1868) eta Begoñako Andra Mari basilikaraino (1994). Palentziako enpresaren produktu nagusia kanpaiak direnez, tenplu erlijiosoetan egin ohi dute lan (elizak, katedralak, komentuak…) baina baita udaletxe, eraikuntza publiko eta erlojugintza mekanismoak eskatzen dituztenetan ere.
Manuel Quintanak erretiroa hartu aurretik enpresako administrazio lan guztiak egin izan ditu: “Jende gutxi ginen enpresan eta departamentu guztietako ardura izan nuen urte horietan”. Saldañako lantegia bisitatu dugu kanpaigile ohiarekin, eta nabeko sarrerak bestelako fabriken antza badu ere, atea zeharkatzean tonu ugaritan afinatutako kanpaien hotsek inguratzen gaituzte: 12:00ak dira. Manuelek urrutiko kontrol baten bidez kontrolatzen ditu kanpai guztiak.
Geruzaz geruza
“Kanpaiak sortzea eskuz egindako prozesua da –dio Quintanak bulegotik tailerrera salto egiten dugun bitartean–. Horrela izan da VI. mendetik, lehen kanpaiak Italian sortu zirenetik. Prozesu horrek kanpai-galdaketa batzuetan bizirik dirau oraindik”. Enpresan duela urte batzuk utzi zioten kanpaiak eskuz egiteari, baina prozesu hori euren kulturan geratu dela azaldu du. “Nik neuk hainbat kanpai egin izan ditut eskuz, eta nire semeak gaur egungo sistemaren bidez egiten dituen arren, antzinako prozesu hori ezagutu izan du: lokatza, arrautzen zuringoa, argizaria eta bestelako material naturalak erabiltzen ziren”.
Denborak aurrera egin ahala, kanpaiak egiteko prozesua asko garatu da, Quintanaren esanetan. “Demagun gaur egun 500 kiloko kanpaia sortu nahi dugula. Antzinako prozesua jarraituz, erritmo arinean eta behar bezalako egoera atmosferikoarekin hilabeteko lana izango litzateke. Prozesu berriekin, ostera, 12 egun baino ez dira behar”. Saldañan 16 pertsonak egiten dute lan, eta lantoki bi bereiz daitezke bertan: galdategia eta kanpaiak perfilatzeko tailerra (afinazioa eta soinu probak, inskripzioak, biltegia…).
“Kanpaiak sortzea eskuz egindako prozesua da, horrela izan da VI. mendetik, lehen kanpaiak Italian sortu zirenetik. Prozesu horrek kanpai-galdaketa batzuetan bizirik dirau oraindik”
(Manuel Quintana, kanpaigilea)
Oraintxe bertan Palentziako katedraleko kanpaiak ditugu tailerrean gure begien aurrean. Kanpai baten bizitza zikloa batez beste 100 eta 120 urte artekoa da: “Egia da 200 urteko kanpaiak egon badaudela gaur egun martxan”. Hala ere, artisauak dio kanpaigintza ez dela kanpaian soilik zentratzen, baita kanpai-etxean ere, “kanpaiaren pisuari eutsi behar baitio”; horregatik, biak eraberritu ohi dira aldi berean. Eraberritze prozesuan kanpaiak ez dira zertan galdatu behar, batzuetan baino ez dira egiten ohiko akustika berreskuratzeko. Kanpai-etxea, berriz, egur zaharra kendu eta berria jarriz eraberritu ohi da. Gainera, sistema elektronikoa jartzen zaie kanpaiei, baina eskuz ere erabili ahal izateko moduan: “Automatizazioak betidanik erabili ohi izan diren kanpai-jotze teknikak eta estiloak ere ahalbidetzen ditu: kanpai-iraulketak, kulunkatzeak… eta nahi izanez gero, eskuz jo daitezke”.
Campanas Quintanak bezero esanguratsu ugari izan du –Madrilgo katedraleko kanpaiak eta hemezortzi kanpaiz osatutako karilloia jarri ditu, adibidez–, baina lan guztietan jarduten du mimo handiz. “Kanpai bakoitza oso garrantzitsua da guretzat –dio Quintanak–. Azken batean mende bateko iraupena izango duen pieza bakarra da”.
Kanpai-joleak
Kanpaiak galdatzea obra bakarrak sortzea bada, berauek kolpatzea artea da kanpai-jotzaileentzat. Espainiako Estatuan ezkilazain ugari daude eta euren betebeharra kanpai-kolpeen ondarea mantendu eta belaunaldi berriei zabaltzea da: “Villavanten (Leon), kanpai-jotzaileen eskola bat dago eta bertan irakasle ezkilazain bi daude; euren helburua gaztetxoei kanpaiak jotzen irakastea da”, azaldu digu kanpaigileak. Bere jaioterrian ere badago kanpai-jole talde bat, baina soilik gizonez osatua, emakumeek sarrera debekatuta baitute: “Kanpaiak jotzea deskonexioaren sinonimoa da, inolako kanpoko presiorik gabe”, argudiatzen dute bertako kideek. Zorionez salbuespena da, munduan zehar kanpai-jole talde misto ugari baitaude.
Hirietan entzuten diren doinuek, ordua emateaz gain, jaiegunetako meza nagusiak eta hiletak iragartzen dituzte, besteak beste. Landa eremuan, ostera, 20 esangura baino gehiago izan ditzaketen kanpai kolpeak entzun daitezke. Herrietako biztanleek kanpaien hizkuntza ezagutzen zuten antzina: abereak askatzeko kolpeak, bazka kolpea, auzotarrak batzeko, zor-bilketarenak… Hileten kanpai-kolpeen artean baziren hainbat mota ere: “Hildakoaren adinaren arabera kolpeak era batekoak edo bestekoak izan ohi ziren –azaldu du Quintanak –. Herriko inor galtzen bazen, baziren orientaziorako kanpai-hotsak, itsasoan itsasargiek duten antzeko xedearekin. Oso erabilgarriak ziren laino itxia zegoen egunetan”.
Bilboko basilika automatikoa
Soinu-erlojuen tradizioa txikia da Bilbon. Hiriko 70 elizetatik soilik 26k dituzte kanpaiak, eta horietako lau bakarrik erabiltzen dira ordulari gisa: Deustuko San Pedro, San Felicísimoko pasionistak, Santiago katedrala eta Begoñako Andramari basilika. Urriaren 11n egiten da Begoñako Amatxuaren eguna, eta jakina da kanpandorreko kanpaiek doinuz girotzen dutela hiria talaia estrategikotik, funtzio liturgikoaz gain melodikoa ere bai baitute. Hain zuzen, abestiak jotzen dituzten karilloiko kanpaiak dira azken urteetan produktu eskatuenetakoa kanpaigileen artean.
Bilboko basilika ezagunean topatu dugu Enrique Franco sakristaua (Donostia, 1962), eta Begoñako sakristia bisitatu ostean kanpandorreko eskaileretatik gora egin dugu, tenpluko kanpaiak eta karilloia gertutik ezagutzeko. Astean zehar ordua ematen dute, baina jaiegunetan ozen entzun daitezke Begoñako Andra Mari edo Athletic Club-en ereserkiak: “Kanpaiak iraultzerakoan haien indarra hain da handia, eraikineko fatxadak dar-dar egiten duela, eta barrualdean mugimendua sentitu daiteke”, dio Francok.
“Kanpaiak iraultzerakoan haien indarra hain da handia, eraikineko fatxadak dar-dar egiten duela, eta barrualdean mugimendua sentitu daiteke”
(Enrique Franco, Begoñako basilikako sakristaua)
A la madre de Dios de Begoña Banco de Vizcaya 1922 (Jainkoaren Begoñako Amari Bizkaiko Bankua 1922), irakurri daiteke bertako kanpaietan. 1922an, Banco de Vizcayak eskuz eragindako mekanismoa zuen karilloia eman zion Andra Mari basilikari, 24 kanpaiz osatua. Kanpaiak Suitzako enpresa batek egin zituen Aarau hirian, eta Quintanaren arabera, erlojuaren mekanika originala Frantziako Jura departamendukoa da. Kanpai horiek egurrezko mailuekin kolpatzen ziren, baina 1994an basilikako dorrea eraberritu zenean Gasteizko Muruaren semeak enpresak sistema aldatu eta kanpai gehiago jarri zituen. “Lan ederra izan zen –gogoratu du Quintanak irribarre batekin–. Antzinako harrizko eraikuntza da eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Banco de Vizcayaren babes handia izan zuen”.
Basilikako eraberritze-lanetarako Campanas Quintanarekin harremanetan jarri zen Aldundia, kanpaien inguruko ikerketa egiteko. “Dorreko kanpai bakoitzaren soinuaren analisia egin genuen eta karilloi osoa automatizatu genuen mailu elektromagnetikoekin. Kanpaiak garbitzeaz gainera, erabilera liturgikoko bi berriro galdatu behar izan genituen, arrakalatuta zeuden eta”. Kanpaietako inskripzioak ere tratatu zituzten beirazko mikroesfera batekin, brontzea ez kaltetzearren: A la madre de Dios de Begoña año 1994 (Jainkoaren Begoñako Amari 1994 urtea) irakurri daiteke gaur egun horietako bitan. Denborak aurrera egin ahala, tenpluak mekanismo analogikotik sistema digitalera salto egin zuen eta gaur egun grabatutako 65 doinu jarri daitezke sakristiako gela txiki batean dagoen ordenagailuaren bidez, tekla bat sakatuz.
Quintanaren arabera, lana egon badago kanpaigintzan, baina antzina ez bezala, bolumen txikiko piezak eskatzen dira, eta bezeroen exijentzia maila oso altua da: “Kanpaigintzak gero eta joera nabarmenagoa du musika esparrurantz, gero eta presentzia handiagoa lortzen ari da”.
Kanpaiak galdatzea prozesu konplexua zen antzina. Lehenik terraila izeneko egurrezko plantillan arra edo adreiluzko moldea egiten zen lokatzez estalita. Lokatza sikatzeko sua egiten zen barruan, eta molde horri kanpai faltsua jartzen zitzaion gainetik, lokatz finagoz. Azkenik, lokatz lodiagoko hirugarren geruza jartzen zen oinarrian uztai batekin, kanpaiaren benetako moldea sortzen zuena.
Molde hori sikatu ondoren, kendu, erdiko kanpai faltsua apurtu, eta berriz jartzen zen. Bi moldeen arteko hutsune edo zuloa 1.000 gradutara zegoen kobrezko eta estainuzko saldaz betetzen zen. Metala hoztean, kanpoko eta barruko moldeak apurtu eta behin betiko kanpaia agerian geratzen zen.
Mundu-mailan antifeministak eta arrazistak diren gorroto-diskurtsoak larriki areagotzen ari diren testuinguruan bizi gara. Mundu zabalean sare sozialek zein agenda
politikoek txertatzen dituzte eskuin-muturreko narratibak. Arrazismoa eta antifeminismoa tokian tokiko... [+]
Askotan gertatu izan zait etxetik lanbroari so egon ostean, blai bukatuko dudala jakin arren, aterkirik ez hartzea. Zergatik ote? Beharbada, aterkia hartzeko gogorik eza? Beharbada, bustiko ez naizen itxaropena? Kontuak kontu, ondorioa beti berbera izan da. Esaerak dio, euri... [+]
Zestoako Iraeta auzoko Amilibia baserria eta lurra kolektibizatzeko 100.000 euro batzea falta du Amillubi proiektuak, lehen urte honetan 290.000 euro eskuratu baititu. Biolurrek abiatutako proiektu agroekologiko honek dagoeneko jarri du lurra martxan, sektorearen beharrei... [+]
Tanta hotzak Valentzian eragindako hondamendiak irudi lazgarriak utzi dizkigu; batetik, izan dituen berehalako ondorioengatik, eta, bestetik, nolako etorkizuna datorkigun aurreratu digulako: halako fenomeno klimatiko muturrekoak gero eta ugariagoak eta larriagoak izango direla,... [+]
Udan izandako indarkeria kasuen gorakada batetik, eta hainbat gizonezkok mugimendu feministak antolaturiko ekitaldiak boikotatu dituztela bestetik, Bortziriak, Xareta, Azkain, Bertizarana, Malerreka eta Baztango mugimendu feministek, erakunde publikoen konpromiso irmoa exijitu... [+]
Euskarari Puzka azken kanpainan 16.000 saski saldu dituzte, eta euskararen alde lan egiten duten elkarteentzat bideratuko zaie lortutako etekina.
Atxuriko irakasle eta ekintzaile batek uko egin dio akordioari kontzientzia arrazoiak direla eta. Voxek bost urteko kartzela-zigorra eskatzen du auzokidearentzat, Fiskaltzak aldiz zazpi hilabeteko espetxe-zigorra hauteskunde-delituagatik eta hiru hilabeteko isuna mehatxu... [+]
Gizateriaren aurkako krimenak eta gerra krimenak egotzi dizkie Hagako auzitegiak bi sionistei. Erabakia "antisemitismotzat" jo du Netanyahuk, eta Hamasek, aldiz, "Justiziarako urrats garrantzitsutzat".
Polizia etxegabetzea geratu nahi zituzten herritarren aurka oldartu da eta hainbat lagun zauritu ditu. Azkenean, etxegabetzea atzeratu duela jakinarazi du epaitegiak.
Gaur, azaroak 21, Mastodon.eus komunitateak sei urte bete ditu. Urteurrena ospatzeko Gure aukera, sare libreak kanpaina abiarazi dute, atxikimenduak biltzeko. Izan ere, azken asteetan “eXodoa” ematen ari da: erabiltzaile asko X-tik ihes egiten ari dira, sare... [+]
ARGIAko lantaldeak bat egin du Mastodon.eus-ek bere seigarren urtemugan abiatutako Gure aukera, sare libreak atxikimendu kanpainarekin.
Gipuzkoako Lurralde Auzitegiaren ustez, bideo bateko irudietan ikusten denak "talka" egiten du Ertzaintzaren atestatuarekin, eta Amaia Zabarte foam bala batekin zauritua izan zenaren "ebidentzia erakusten" du, Noticias de Gipuzkoa-k jaso duenez.
Bere Telegram kanalaren bidez jakinarazi du ez dituela deialdi erreakzionario gehiago egingo oraingoz. Aurreko larunbatean, nabarmen egin zuen porrot Eason antolatu zuen kontzentrazioak, eta agerian geratu da kontramobilizazioen eraginkortasuna.
Azaroaren 20an Donostiako Le Bukowski tabernan abiatuko dute elkarlanean egindako jaialdia. 40 artista, aktibista, pentsalari eta kolektibok hartuko dute parte. Amaiera Gasteizen izango da, ZAS espazioan.