Oso gaztea da, sehaskatik atera berria, baina sustrai ideologikoak iraganean ondo errotuta ditu Euskal Herriko Mugimendu Sozialistak, eta etorkizunari irmo eta seguru begiratzen dio. Seguruegi akaso? Denborak esango du, baina ez du txantxetako helmuga: mundu mailako ezkerreko tradizio luze eta korapilatsuaren lorratzari segika, komunismoa eraiki nahi du Euskal Herrian eta munduan; haien ustez, munduan ez bada, Euskal Herrian ere ez baita izango.
Gazte Koordinadora Sozialista (GKS) da Mugimendu Sozialistako erakunderik indartsuena, 2019an sortu zen eta haren zein aurretikoen testuek, 80ko hamarkadaren hasieran etxean irakurtzen nituen anaia nagusien Marta Harnecker eta gisako literatura gorriaren tankera gordina zuten. Galdera berez erori zen: baina posible ote igaro mendean porrot egindako tradizioaren haritik tiraka, orduan bezain berdintsu tiraka gainera, XXI. mendean norabait iristea? Hastapeneko burutazioak gisa horretakoak ziren norbere baitan. Hotzean pentsatuta, ostera, pentsamendu hori gauzatzea gaur atzo bezain gaitz dela ondoriozta liteke, eta ideiok, hain zuzen, mugimenduko kideen indarguneetakoa dira gaur egun. Egungo kapitalismoaren bilakaerak, Euskal Herriko borroka armatuaren ondorengo egoera politikoak, eta azken urteetan borroka ideologikoari eman dioten garrantziak izango dute zerikusirik mugimenduaren gorpuztean.
Lehenengo urratsean, batek pentsa dezake Mugimendu Sozialista Ezker Abertzalearen 2011ko paradigma aldaketaren ondoren sortutako sigla zaparradaren bueltako beste bat gehiago dela. Eta hori ere bada, baina hurbildu ondoren, arretaz eta begirunez begiratzeko moduko hainbat zantzu ere ageri ditu: darabilten diskurtsoa zaharkitua iruditu arren, etorkizunera begiratzen duen gorputz ideologiko landua antzematen da; antolaketa sendoa; lan handia eta euren proiektuaren alde borrokatzeko jarrera irmoa; eta talde sozio-politiko moduan kopuru aldetik oraindik indartsua ez bada ere, bere inguruan sistemarekiko desadostasun erradikalaren multzo bat biltzeko gaitasuna erakutsi du.
Usain zaharreko zerbait berria da, azken hamarkadetako euskal politikan ikusi ez duguna behinik behin, XX. mendeko komunismoaren errautsetatik XXI.ean hegaldatu nahi den ikuspegi bisionario, askatzaile edo utopikoa garatzen duena, begiratutako betaurrekoen arabera. Eta gehiago hurbildu gara, hobeto ezagutu eta azaldu guran. Erreportajea egiteko Gedar webgunea, Gedar Telebista eta Arteka aldizkarian murgildu gara, mugimenduaren Pravda modernoetan. Mugimendu Sozialistako Beñat Aldalur azpeitiarrarekin ere hitz egin dugu. Bistan da komunikazioari garrantzi handia ematen diotela, haien egia haien erara gizarteratu nahi dutela, gizarteko gainerako korronte politikoek egiten duten bezala; egia esan, kazetari honen esperientziatik begiratuta bederen, kontraesankorra ere badirudi, haiekin hitz egitea lortzea ondo kostatako zeregina izan delako.
ETA-ren amaiera
2011n ETAk borroka armatuaren amaiera iragarri zuenean hasi ziren egungo sugar hauen lehen txinpartak aireratzen. Ezagunak dira ezker abertzalean prozesu hark sortu zituen tentsioak. ENAMeko lemazain berriek norabidea aldatu zuten, baina desadostasun guztiak ez ziren atzean geratu. Ondorengo urteetan hasi eta gaurdaino talde eta korronte txiki ugari garatu dira: Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren aurkako Mugimendua, Askatasunaren Bidean –desagertu zen–, Jarki, Jardun, Herritar Batasuna, Hauspoa, Eusko Ekintza (ANV-EAE)... eta Mugimendu Sozialistako sigla eta izen saltsa ere hor dago.
ENAMen eremu soziologikoetatik datoz, eta Euskal Estatu Sozialista dute helburu, baina argi utzi nahi dute ezker abertzalearekin apurtu dutela
Borroka Garaia da! bloga izan zen ezker abertzaleko disidentziaren bozgorailu esanguratsuena. Egungo Mugimendu Sozialistako hainbat kideren testu eta hausnarketa ugari batu zituen blogak. Blog hartako eztabaidetan eta ikasle mugimenduan hazi ziren arbolaren lehen sustraiak. Ikasle Abertzaleak (IA) erakundea nork kontrolatuko, talka egin zuten ezker abertzaleko gazteen bi ildo nagusiek, eta 2018an Ernaik iragarri zuen IArekiko loturak apurtuko zituela eta hezkuntzan bere kabuz ekingo ziola lanari, ondoren Ikama sortuz.
Beñat Aldalurren esanetan, haiek ere ezker abertzalearen esparru soziologiko zabal horretatik datoz nahitaez, eta Mugimendu Sozialistaren hedapena oraindik mugatua dela aitortzen du: “Lan ideologikoa medio, orain arte gai izan gara soziologia unibertsitarioko esparruetara iristeko, kezka politiko eta intelektuala duen hainbat jende bildu dugu, baina oraindik ez gara proletariora iritsi, hau zentzu orokor batean hartuta, eta zeregin hori pixkanaka egiten ari gara. Hori da gure erronka”.
ENAM-ekin apurtu
Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduaren (ENAM) eremu soziologikotik datoz, eta Euskal Estatu Sozialista dute helburu, baina argi utzi nahi dute ezker abertzalearekin apurtu dutela, eta ez dutela zerikusirik haren tradizio historikoaren segida izan nahi duten beste talde txikiagoekin ere. Iragan azaroko Artekan ozen azaldu zuten apurketaren nondik norakoa, "ENAMen porrot historikoaren” analisi zehatza eginez. Gedar-ek sinatzen duen Berdinketaren amaiera: Estatuaren behin betiko ofentsiba erreportajean, 2007tik 2011ra Ezker Abertzalearen baitan izandako mugimenduak miatzen dira. Koiuntura politikoa aztertuz, halaber, Aitor Martinezek Ezker Abertzalearen porrot historikoaren ondorioak jorratzen ditu:
“Hamarkada hauetan behera egin duena ez da grina eta borondate iraultzailea izan. Desagertu dena programa iraultzailerik gabeko itxurakeria iraultzailea izan da, hau da, sozialdemokrazia iraultzaile gisa azaltzea ahalbidetzen zuen testuingurua. Horri deitu izan zaio krisi kapitalistaren ondotiko politika burgesaren krisia, zeina modu gordinenean agertzen den sozialdemokraziaren haragitan. (...) Erronka berdina dugu esku artean; azken hamarkadetan proletalgoak izan duen erronka berdina. Abiapuntua hasierako berdina da: porrot egin dugu, komunismoa sistematikoki baztertua izan da Ezker Abertzalearen baitan. Orain hasiera berri baten aurrean aurkitzen gara, baina oraingoan hori ez da soilik posizio etiko bat”.
Kontseilu Sozialistetan adin guztietako militanteek parte hartzen dute, orain arte, batez ere gazteak aritu baitira Mugimendu Sozialistako erakundeen jardueran
Aldizkari berean mugimenduko hiru gaztek “Ezker abertzale ofizialarekiko” apurketa horretan sakontzen dute, besteak beste, desenkantu batetik eraikuntza politikorako urratsa eman dela azpimarratuz. Aingeru Otxotorena, Dorleta Agiriano eta Isaak Ziaurriz Ernain eta IAn hasi ziren, eta azken hamarkadan Ezker Abertzaleak eramandako ildoaz oso kritiko hitz egiten dute. “Gero eta nabarmenagoa zen ‘ofizialismoak’ Estatuan integratzeko eta instituzio nahiz legalitate burgesetatik eragiten saiatzeko egina zuen apustua (...) bazirudien ezin genuela jada iraultzan sinetsi”, dio Agirianok. Desadostasunak hainbat esparrutan ikus zitezkeela azpimarratzen du Otxotorenak: “Mobilizazio ereduak, Sorturekiko erabateko obedientzia, borroka parlamentarioari gehiegizko garrantzia ematea, interklasismoa, amnistiaren afera...”.
Ideien garapena luzeagoa bada ere, ENAMen porrota azalduko luketen hainbat puntuz mintzo zaigu Beñat Aldalur. “Denborari dagokionez, Sobietar Batasunaren amaierarekin batera egon zen nazio askapeneko mugimenduen gainbehera hor dago. Espazioa oinarri hartuta, horietako prozesu askok izan zuten arrakasta, baina azpigaratutako herrialdeetan, periferian. ENAMen interklasismoarekin ere kritiko izan gara, aliantza horretan burgesia txikia nagusitu zelako eta ez langileria. Baita etapismoarekin ere, hau da, lehenik independentzia eta gero sozialismoa. Gure ustez, nazio auzia eta soziala ez dira bi prozesu ezberdin, programa sozialistaren parte izan behar dute, eta gainera, prozesu hori zentzu internazionalista batean ulertuta, prozesu zabalago baten parte izan behar du”. Hala ere, Europan zerbait bai, baina aitortzen du oraindik ez dutela harreman handirik munduko beste eragile komunistekin.
Eta errepaso historiko horretan, zehazten du beste hipotesi batzuk ere ari direla lantzen: “Adibidez, ETAren estrategiak iraun zuela naziotasunak indar handia zuelako. Borroka horrek iraun badu, izan da borroka armatuak berak sortzen zuen atxikimenduagatik, ez estrategikoki asmatu zelako; ENAMek bere burua erreproduzitzeko gaitasuna zuen. Hala ere, ENAM ez zen gai izan prozesu iraultzaile zabala lortzeko. Begiratu behar da zergatik ez zen gai izan oraindik ere jende gehiagorengana iristeko, bestelako botere eredu bat sortzeko”.
Lehentxeago aipatutako Arteka-ko erreportaje zabala hala amaitzen da: “Klaserik gabeko Euskal Herriaren alde modu desinteresatuan bizitza eskaini duten militanteekiko eta proiektu emantzipatzailearekiko begirunez, kritika eta diziplina dira XXI. mendeko militante komunistaren betebehar etikoak. Aurrekoen akatsen eta ekarpenen identifikazioak balio dezala batzen gaituen ortzi-mugara hurbiltzeko”.
Proiektu komunistaren porrotaz
Zergatik egin zuen porrot XX. mendeko proiektu komunistak? Aldalurrek hainbat faktore mahaigaineratzen ditu, kritika orokor gisa: “Ezin da pentsatu bakarrik AEBen hegemoniagatik egin zuela porrot, barne arrazoietara ere begiratu behar da. Adibidez, une historiko batzuetan –XIX. mende bukaeran edo XX.eko hasieran– langile klasea sozialismoarekin parekatzea lortu bazuten ere –gaur egun ez da identifikatzen proletariotza eta sozialismoa–, prozesuak batez ere politikoak izan behar ziren sozialismoaren eraikuntza ekonomikoa tinkatzea lortu ez zuten heinean. Hau da, estatu aparatuak hartu ziren, baina ez zen finitu gizarte ereduaren eraldaketa osoa. Ez zegoen teoria garbi bat sozialismoa prozesu gisa ulertzeko. Estatua hartzen da eta gero malabarak egiten dira hau mantentzeko. Orduan estatuak jan egiten zaitu. Ondorioz, denborarekin burokratizazio prozesuak ematen dira, elite eta elite ez direnen arteko banaketa, eta berriz kapitalismora itzultzea. Orain argi ikusten dugu prozesu politikoak eta ekonomikoak batera joan behar dutela, adibidez soldataren logika gainditzeko. Prozesu sozialista batek soldataren diziplina gainditu eta hortik harago begiratu behar du.
Mugimenduaren ikusmoldeak arazoak sortu ditu hainbat gunetan, batez ere okupazioaren munduan, eta hainbat ahotsek leporatu die gaztetxeetako pluraltasuna hausten ari direla
Baina bere garaian Antonio Gramscik aipatu zuen bezala, estatuaz gain, hor da kultur hegemoniaren gaia ere, eta Mugimendu Sozialistarentzat hori esparru klabea da. Hau da, Aldalurrek azaltzen duen gisan, “ideologia kapitalista guztiz dominantea den proletariotzaren barruan, pentsatu behar da –eta Gramscik erremintak ematen ditu horretarako– zein tekla eta zein esparru ukitu behar diren, eta borroka prozesuak kulturalki nola baliatu behar diren. Bizi ikuspegiei buruzko guda kulturala ematea, beraz, lehentasunetakoa da guretzat”. Eta hala ere –dio mugimendu sozialista honetako ideologoetakoa den eta Kolitza moduan sinatzen duenak Artekan–, prozesu kultural horietan ondo asmatuta ere, beti izango da ezinbestekoa “formazio sozial burgesari eragiten dion faktore erabakigarria: kapitalismoaren metatze krisia, gaur egun mendebaldeko langile masen bizitza kalitatean galera geldiezina dakarrena”.
Mugimendu sozialistaren antolaketa-esparrua
Une historikoren batean proletariotzak lehiatu beharko dio estatua burgesiari, hori Alderdi Komunistaren bidez egingo du, baina bitartean Mugimendu Sozialistako erakundeei dagokie horretarako baldintzak sortzea. Ez da kontua alderdi komunista bat alderdien erregistroan sortzea eta kito, horretarako baldintzak daudenean sortuko da Alderdi Komunista. Beraz, gizartean eragitea dagokio Mugimendu Sozialistari eta azken bi urte hauetan hainbat tresna sortu ditu horretarako.
Gazte mailako GKS da ezagunena eta aktiboena, baina beste batzuk ere badira: Itaia emakumeen antolakunde sozialista, kultura eta artearen munduan Ekida, gaztetxe eta okupazioaren eremuan Erraki, hezkuntzan Ikasle Abertzaleak, eta hedabideen alorrean Gedar, Gedar Telebista eta Arteka hilabetekaria. Arteka euskaraz eta gaztelaniaz argitaratzen da, eta Gedar.eus euskaraz egiten da. Hori ere bitxia egiten da, euskal nazio edo identitateaz ezer gutxi irakur daitekeen hedabideetan, euskara nagusi da. Aldalur naturaltasunez mintzo da gaiaz: “Hizkuntza tresna bat da guretzat, orain arte euskara erabiltzen dugu nagusiki, baina lurraldearen arabera – zonalde erdaldunak badira– erabiliko dugu gaztelera edo frantsesa, euskararekin batera. Komunismoan hizkuntzak, euskara adibidez, humanitatearen ondare izango dira, ez gurea bakarrik; eta testuinguru horretan, munduko hizkuntza guztiak garatu ahal izango dira”.
Orain, Kontseilu Sozialistak
Egungo abagunean tresna garrantzitsuena eta zentrala dena ere sortzen ari dira, orain arte aipatutako guztiak koordinatu eta akuilatzeko: Kontseilu Sozialistak. Proletariotzaren iraultza gidatzeko erreminta zehatzak lirateke, lurralde eta sektoreetan “hazkunde mugagabea izango duten Alderdi-zelulak”, Kolitza-ren arabera.
Kontseilu hauek sobieten gisakoak dira eta haien lana izango da komunismoa eraikitzea, hau da, Kolitza-k 2021eko urtarrileko artikulu batean dioenez, “klaserik gabeko gizarte unibertsal baten programa historikoa, non gizateria osoaren ondare baitiren askatasun politikoa, ongizatea eta aberastasuna (...) Laburbilduz, –diosku Kolitza-k, eta komeni da arretaz irakurtzea– kontseiluak demokrazia proletarioaren administrazio-zelulak dira eta militante sare komunistaren hazkunde proportzionalerako fronte zein borroka zehatzak artikulatzeko, proletariotza iraultzaileak prozesu sozialak kontrolatzeko eremua pixkanaka zabaltzeko eta Alderdi Komunista mundu mailan berreratua izango den ofentsiba fase batean proletariotzaren sektore ezberdinetan eta konpromiso maila ezberdinekin komunismoa gero eta gehiago nagusitzeko zeregin berehalakoa dute”.
Aldalurrek dioskunez, Euskal Herriko eskualdeen erdietan dagoeneko badira Kontseilu Sozialistak, baina gai gehiago ere landu nahiko lukete, esaterako "gune sozialisten edota etxebizitzaren auzia, askatasun politikoen aldeko eta errepresioaren aurkako borroka, auzi laborala eta oinarrizko bizi baldintzen esparrua". Bide batez, kontseiluetan adin guztietako militanteek parte hartzen dute, orain arte, batez ere gazteak aritu baitira Mugimendu Sozialistako erakundeen jardueran. Euskal Herri osoko mugimendua izan nahi du eta Ipar Euskal Herrian iragan urrian sortu zuten Kontseilu Sozialista. Gipuzkoako Urola Erdian eta Goierrin, eta Nafarroan Iruñerrian eratu dituzte orain arteko kontseilu indartsuenetakoak.
Aliatuak eta gatazkak
Urruti da gizarte berria, komunismoa, eta hartara iristeko iraultza egin behar du proletariotzak, hau da, oraingoz Mugimendu Sozialistak. Behar du aliantzarik horretarako? Ez da samurra gaia. Haientzat prozesu iraultzailean bi alderdi nagusi daude jokoan, proletariotzarena eta burgesiarena, eta beraz, parte-hartzen duten esparruetan, horietan hobekuntzak lortzeko borrokatuko dira, baina beti ere iraultza sozialistaren norabidea elikatzeko balio badute. Prozesu hori guztia, proletariotzaren independentziatik egin behar dela azpimarratzen dute, eta ezkerreko beste sentsibilitate batzuek gogorarazten diete Mugimendu Sozialista bera ere aktore politiko bat gehiago dela.
Ikusmolde horrek arazoak sortu ditu hainbat gunetan, batez ere okupazioaren munduan, eta hainbat ahotsek leporatu die gaztetxeetako pluraltasuna hausten ari direla. Sare sozialetan ezagunak dira gatazka honi erreferentzia egiten dioten gaztetxeetako zenbait militante eta Errakiren arteko ika-mikak zorrotzak. Horietako bat da Gasteizko Arkillos etxe okupatuan emandakoa: “Finean, 10 urtez, bizilagunez eta kolektiboz oso anitza izan den etxe bat, 4 egunetan pasatu da Errakirekin lotu den etxe bat izatera. Une zehatz bateko gehiengoak inposaturik bai, ez kontsentsuz. Autogestioa, asanblada eta auzolanaren balioak ezberdin ikusten ditugu guk”, idatzi zuten sei bizilagunetako bik. Errakiko pisukideen erantzuna: “Kaleratutako iritzi artikuluaren xedea argia da: mugimendu politiko bat, honek sortzen dituen tresnak eta bertako militanteak kosta ahala kosta kolpatzea. Azkenengo egunotan hamaika kasu ikusi ditugu intentzio hori berresten dutena”.
Hitzez langileriaren interesak defendatzen dituzten baina, izan, Burgesiaren Alderdiaren parte diren horiei guztiei bizkarra emateko unea da GKSren arabera
Gaztetxe askotan ere izan dira gisa horretako arazo eta gatazkak, eta Gasteizko Errekaleor auzo okupatuan ere bai. “Kontsentsurik ez dagoenean, kontsentsua eraikitzen saiatu behar da, dio Aldalurrek, baina erdiesten ez bada, gehiengoak nahi duena egin behar da, bestela gutxiengoak erabakitzen du”. Arazo zehatzen gaineko herritarren protestetan, Mugimendu Sozialista bestelako protesta bateratuetatik bereizten da hainbatetan, esate baterako mugimendu feministaren alorrean eta hilketa matxisten kasuan, batzuetan Itaiak bere ekitaldiak antolatu ditu.
Manifestazioak 29an
2008tik kapitalismoa krisi latzean dagoela uste dute, eta ondorioz, urtez urte langileriaren bizi baldintzak biziki kaltetzen ari direla. Krisi ekonomikoa eta COVID-19ak areagotu duen krisi politikoa ere hor dagoela azpimarratzen dute, eta urte bukaeran bereziki salatu dute COVID pasaportearen ezartzea. Protesta egin eta indar metaketa bultzatzeko, GKSk urtarrilaren 29rako manifestazioak deitu ditu Bilbon eta Iruñean Burgesiaren diktadura gelditu! goiburupean. Krisi kapitalistaz eta alderdiez Gramscik egiten zuen hausnarketaren bueltan –bi alderdi daudela, burgesiarena eta proletariotzarena– ezaugarritu dituzte mobilizazioak. Hala dio iragan abenduaren 13ko Gedar-eko editorialak: “Hitzez langileriaren interesak defendatzen dituzten baina, izan, Burgesiaren Alderdiaren parte diren horiei guztiei bizkarra emateko unea da GKSren arabera”.
Orain arte egin duten agerraldi jendetsuena izan da iragan urriaren 8tik 12ra GKSk eta IAk bultzatuta egin zen Gazte Topagune Sozialista, 1.500 pertsonatik gora bilduz. Orain arte mugimendu honek dakarren berrikuntza nagusia ez da kuantitatiboa, baina datorren 29a garrantzitsua izango da haientzat, eta ezkerreko beste begi batzuek ere arretaz jarraituko dute zenbat biltzen diren eta hurrengo urratsak zein diren.
Bizkaian eguneko zentro publikorik ez duen eskualde bakarra da. Elkarretaratzea eginen dute apirilaren 27an, 12:00etan, Sopelako (Bizkaia) Udaletxeko plazan.
Israelgo IMI Systems enpresarekin Espainiako Barne Ministerioak egindako bala erosketa bertan behera uztea agindu du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko lehendakariak. PSOEren eta Sumar-en arteko gobernu koalizioan zegoen apurketa arriskua baretu du erabakiak.
2023ko urritik armamentua erosteko 40 kontratu sinatu ditu Espainiako Estatuak Israelekin eta hango enpresekin, horien erdia azken urte erdian. Horietako kontratu batekin ika-mika piztu da Espainiako Gobernua osatzen duten PSOE eta Sumarren artean, bereziki azken horren barnean,... [+]
Espainiako Estatu mailan, behera egin dute bai ezarritako babes-neurriek bai aurkeztutako eskaerek.
2002az geroztik Espainiako Estatuko hainbat kolektibotan infiltratutako hamabi poliziaren berri eman dute La Directa eta El Salto agerkariek. Nieves López izen faltsua baliatzen zuen Espainiako poliziaren kasua da publiko egin duten azkena. El Salto-k argitaratu duenez,... [+]
Espainiako Gobernuak urte amaierarako Defentsara bideratuko duen gastua Barne Produktu Gordinaren %2 izango da: 33.123 milioi euro. Sánchezek adierazi du erabaki horrek "Espainiaren segurtasuna bermatzea" eta armadaren baliabideak "modernizatzea" dutela xede.
Natura Ondarearen Zerbitzuak txosten bat aurkeztu du Barakaldoko mendi horretan bost haize errota jarri nahi dituen Iparaixe II proiektuaren aurka. Barakaldoko Udalak duela urte eta erdi eman zion ezezkoa egitasmoari, Mendietan Eolikorik Ez–Barakaldo plataformaren... [+]
Ostegunetik igandera bitarte egindako topagunean 3.000 lagunetik gora bildu dituela esan du Ernaik. Larunbat iluntzean egin dute jardunaldietako ekitaldi politiko nagusia, gazte antolakundeko bozeramaile Amaiur Egurrolak hitza hartuta. Aberri Egunaren harira EH Bilduk... [+]
Eragile nahiz alderdi politiko ugarik plazaratu dituzte euren aldarriak aurtengo Aberri Egunean. Azken urteetan egin bezala, Bilboko eta Iruñeko kaleak hartu dituzte EAJk eta EH Bilduk, hurrenez hurren. Bagira-k, Ipar Euskal Herriko Mugimendu Abertzaleak, abertzaleen... [+]
Atxik Berrituz giristino taldeak Kristauak Euskal Herriko bake prozesuan liburua argitaratu du Maiatz argitaletxearekin. Giristinoek euskal bake prozesuan zer nolako engaiamendua ukan duten irakur daiteke, lekukotasunen bidez.
Ertzaintzarekin bigarren negoziazio mahaia ireki du Bigen Zupiriak, martxoan ERNE, ESAN eta SIPErekin ertzainei urteko soldata gutxienez 4.200 euro igotzea adostu ostean. Agente kopurua areagotzeko plan horretan Arkautiko (Araba) akademiak "berebiziko... [+]
EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu dute osoko bilkuran. Udalak egitasmoa sustatzen duen enpresari, Cañaveras Solarri eskatu dio proiektuak ez ditzala hartu balio estrategiko handiko gisa kalifikatutako nekazaritza lurrak, eta gune populatuetatik gutxienez 500 metroko... [+]
Duela egun batzuk iragarri zuen Puntueu-ek La Ligaren blokeoak euskal domeinuei eragiten dien kaltea monitorizatuko zuela. Asteburu honetan izan dira partiduak, hain zuzen, eta monitorizazioaren datuak hor daude, penagarriak dira.
Ez da Aberri Eguna, Aberri Aukera da euskaldunok behar duguna. Urtean behin errepikatzen dira balizko alderdi zein talde abertzaleen deialdiak, data hauetan, Euskaldunon aberria Euskadi/Euskal Herria da aldarriaren inguruan. Egun bateko kontua izaten da, hala ere. Eta ez batera... [+]