“Estatu Islamikoak eta Turkiak mentalitate atzerakoi eta patriarkal bera dute”

  • Rawda Hasan, Nariman Evdike eta Manal Mohammed kurduak Siriako Iparralde eta Ekialdeko Autoadministrazioko ordezkariak abenduan Euskal Herrian egon ziren, Suargi elkartearen eskutik. Durangoko Azoka, Eusko Legebiltzarra edota Nafarroako Parlamentua bisitatu zituzten ideiak trukatzeko eta euren mezua zabaltzeko.

Durangoko Udaletxearen aurrean. Argazkiak: Aitor Aspuru
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Nolakoa zen kultura kurduaren egoera Sirian iraultza baino lehen, hau da, Baxar Al Assaden erregimenean?
Rawda Hasan: Oro har hitz egin behar da, ez soilik kultura kurdua. Mesopotamiako askotariko kulturak debekatuta zeuden: armeniarra, zirkasiarra, kurdua eta bestelako herrienak. Antzinako hizkuntzak desagertu dira eta hori gerta ez dadin, 2012ko iraultzaren ostean, erakundeak sortu ditugu kultura adierazpenak babesteko eta horien barruan erabateko garrantzia eman diegu hizkuntzei.

Berez, Siriako Ipar eta Ekialdeko Autoadministrazioaren hizkuntza ofizialak arabiera, kurduera eta asiriera dira eta kurdueraren eta asirieraren defentsarako erakundeak sortu ditugu. Hezkuntza sisteman irakasten dira.

Jende nagusi askok kurduera galtzear zuen eta horretarako abiatu ditugu ekimenak. 2014tik aurrera apustua egin dugu kurduera indartzeko eta bederatzi zentro ireki ditugu. Kultura asiriarreko zentroak ere zabaldu ditugu.

Kulturari dagokionez, iraultza aurretik zeuden idazle guztiak batzen saiatu gara. Baxar Al Assaden gobernuaren menpe, debekatua zuten euren testuak argitaratzea eta horregatik askok erbesteko bidea hartu zuten.

Musikaren esparruan, esaterako, 1990eko hamarkadan abeslari kurdu asko zegoen, baina ezin zituzten euren kaseteak banatu Sirian. Edonola ere, debeku bera zegoen Turkian edo Iranen, euren helburua baitzen estatu-nazioa sendotzea, euren lurralde barruan dauden beste herriak isilduta.

Zein da Intelektualen eta Idazleen Batasunaren lana?
Nariman Evdike: Iraultza baino lehen, idazteko kurduera erabiltzen zutenek bi aukera zituzten: horri uko egitea ala atxiloketa. Gauza bera gertatzen zitzaien herri kurduari buruz arabieraz idazten zutenei. Gure helburuetako bat da argitaratu gabeko testu horiek guztiak biltzea.

Lanak, hortaz, bi ardatz ditu. Siria barruan edo erbestean zeuden idazleen testuak batu, batzuk 1990eko hamarkadan baino lehen idatzi baitziren, eta argitaratzea.

Beste xede bat da egun idazten ari diren lagun guztiak babestea. Gure lurraldea, Kurdistan, beti alboratu dute gobernuek garapen ekonomiko edo kulturalari dagokionez, estatu batean zein bestean. Horregatik da hain garrantzitsua guretzat kurdueraz argitaratzea, idazleei aukera ematea horretarako, hizkuntzaren garapenean parte har dezaten.

Horrez gain, itzulpengintza batzordeak sortu ditugu beste herrialdeetako testuak, europarrak ere, kurdueraz edo arabieraz eskuragarri egon daitezen.

Badago beste batzorde bat iraultzaren testu guztiak dokumentatzeko eta gordetzeko. Gure argitaletxea dugu; Sheler. Inprimategi handia daukagu. Badugu beste argitaletxe bat ere, zeinaren eginkizuna den kurduei buruz agertutako testuak itzuli eta argitaratzea. Liburutegiak irekitzen ari gara eta ahalegin handia egiten ari gara kurduerazko testuak arabierara itzultzeko.

Iraultzari buruz ari zarete hitz egiten, baina hori gertatu zen Estatu Islamikoaren kontrako borroka ospetsu egin baino lehen. Zer izan zen iraultza?
R. H.: Erregimena bota genuen gehiengo kurdua zuten lurraldeetatik, nahiz eta Qamixlon eta Hasaken erregimenaren zenbait indar geratu diren. Ez dute Autoadministrazioa aitortu eta gu behartuta gaude eurekin harremanak izatera. Adibidez, pasaporteak edota nortasun agiriak eskuratzeko. Gure indarren eta erregimenaren artean ez da talka bortitzik izan, nahiz eta noizbait gertatu den.

Ni Qamixloko alkatea izan naiz eta batzuetan koordinatu gara, zenbait dokumentu argitaratzeko, adibidez. Edonola ere, arrazoi militar –zerbitzu militarra ez betetzeagatik– edo arrazoi politikoengatik erregimenak atxilotu nahi dituen herritarrak ezin dira sartu Baxar Al Assadek kontrolatzen dituen auzoetan. Adibidez, gure ordezkaritzako kide bat ezin izan da etorri Euskal Herrira ezin zuelako arrisku hori hartu.

Nolakoa zen emakumeen egoera iraultza baino lehen eta nolakoa da orain?
Manal Mohammed: Iraultza baino lehen emakumeek ez zuten protagonismorik gizartean. Ez soilik gehiengo kurduko lurraldean, baizik eta Siria osoan. Gehienez ere ikasteko aukera zuten, baina gero etxean geratu behar ziren. Legeak ere ez zuen laguntzen, eta gizonezkoek eskumena zuten emazteak edo familiako emakumezkoak hiltzeko, ohore arrazoiak argudiatuta. Finean, emakumeek ez zuten autodefentsarako eskubiderik.

2012ko iraultzaren ostean, emakumeak lehen lerrora pasa dira eta horregatik bilakatu da emakumeen iraultza. Hain zuzen, emakumezkoek parte hartu dute Autoadministrazioaren eraikuntzaren esparru orotan eta, bereziki, emakumeen aldeko legeak sortzen. Ezin ahaztu, jakina, YPJ (Babeserako Emakumeen Brigadak) eta Estatu Islamikoaren kontrako borroka. Emakumeak modu aktiboan aritu dira eta hori bistakoa izan zen Rakkako askapenean.

Presidentetza bikoitzean oinarritzen da gure sistema. Ardura postu guztietan egon behar da emakumezko eta gizonezko bana, Autoadministrazioaren egitura osoan. Berdintasun kontzeptu hori gizarteko txoko orotara eraman dugu eta alderdi guztietan sustatu ditugu emakume batzarrak.

Hasieran emakume kurduek hartu zuten beren gain eginkizun hori, baina Estatu Islamikoa garaitu ostean, emakume arabiarrak ere mugimenduaren parte dira. Eurekin batera parte hartu dugu emakume arabiarren batzarren sorkuntzan, baita zenbait gutxiengo etnikorekin ere.

Emakumearen Legea sustatu duzue, baina zenbait puntu garrantzitsu –poligamiaren debekua, esaterako–, ez daude indarrean gehiengo arabiarreko lurraldeetan.
M. M.: 2014an onartu zen legea Kobane, Jazira eta Afringo kantoietan, gehiengo kurdua dutenak. Hasieran arazo ugari izan genituen gizarteak onar zezan, baina egun handia da adostasuna. Gure helburua da emakumeak esparru politiko, ekonomiko eta militarrean indartzea. Hiru eremuak ezinbestekoak dira. Adibidez, emakumea politikoki indartsua bada, baina ekonomikoki menpekoa, ez da aurrerapenik egongo.

2015etik aurrera etorri ziren Tabqa, Rakka eta Deir Ez Zour gehiengo arabiarreko lurraldeen askapenak. Eremu horietan emakumezkoen batzarrak sustatu ditugu, baina oraindik klanen araberako mentalitate tribala indarrean da. Ondorioz, legea ez dute onartu. Hau da, Siriako Ipar eta Ekialdeko Autoadministrazioak legea ezarri arren, kantoiek ez dute berretsi. Oraindik eztabaidatzen ari dira.

Zer izango litzateke beharrezkoa Emakumearen Legea gune horietan ere onartzeko?
M. M.: Egungo egoera ez da onargarria eta kantoi horietako emakumezkoen batzarrek exijitu dute onartzea, hortaz, borrokak jarraitzen du.

Erregimenaren legeetan, bestalde, gizonezkoek eskubidea dute haien emaztea jotzeko eta 2020ra arte ez dira ohorezko krimenei lotutako feminizidioak beste edozein krimen bezala tratatu. Uste duzue aldaketa hori gertatuko litzatekeela zuen legeak existituko ez balira?
M. M.: Autoadministrazioaren eragina argia da Siriako Erregimenean. Herri arabiarretan ere aldaketak gertatzen ari dira emakumeen egoerari dagokionez. Adibidez, presidentetza bikoitzak ez du aparteko arazorik sortu eta azaroaren 25ean gizonezko ugarik parte hartu zuten indarkeria matxistaren kontrako mobilizazioetan.

Batzuk emakumeen bazterketaren kontrako trebakuntza jasotzea onartzen ari dira. Antzinako mentalitatea ez badugu aldatzen, aurrerapenak ezin izango dira gauzatu. Gure lana ere hori da, eta lortzen badugu legeak modu demokratikoan onartuko dira.

Legeak lege, feminizidioak gertatzen dira oraindik.
M. M.: Tamalez, bereziki lurralde arabiarretan, horrelakoak gertatzen dira oraindik. Esku hartzeko modu anitzak daude, bai Emakumeen Etxearen, Autoadministrazioren edo justizia sistemaren bitartez. Familiak salatu ala ez, guk prozesuak ireki eta legea betearazten dugu.

Siria iparraldean eta ekialdean emakumezkoen bi mehatxu handienak Estatu Islamikoa eta Turkia al dira?
M. M.: Bai, mentalitate patriarkal eta atzerakoi bera dute. Gure mugimendua eta emakumeen parte hartzea bizitza politikoan mehatxua da eurentzat. Daex zein Turkiako Gobernua emakumeen kontrako erasoen parte dira. Adibidez, 2018an Turkiak Afrin inbaditu zuenean, YPJko borrokalari baten gorpua mutilatu zuten, Barin Kobanerena. 2019an Turkiak inbasioa egin zuenean Tall Abyad eta Serekaniye artean, Avrin Halaf politikariari gauza bera egin zioten, erail eta gero mutilatu. 2020ko ekainean Turkiako drone batek Kongra Starren (Emakumeen elkarteen konfederazioa) bilera bat bonbardatu zuen eta hiru kide hil zituen.

Daex-ek, bestalde, bereziki kolpatu ditu emakume arabiarrak. Shadaddiko Autoadministrazioan zeuden bi emakume hil zituzten 2020an. Aldez aurretik mehatxatu egin zituzten, baina ez zituzten euren ardurak utzi.

Autoadministrazioaren aldetik, zer izan beharko litzateke Sirian bake iraunkorra lortzeko ezinbestekoa?
R. H.: Oso zaila izango da, atzerriko hainbat indar baitago Sirian. Herrialdea geoestrategikoki garrantzitsua da Errusiarentzat eta AEBentzat. Bi indar horiek akordioa lortzen badute soilik izango da posible bakea, baina errusiarren eta amerikarren helburu bakarrak euren interesak dira. Herri siriarraren aldarrikapenak eta demokrazia ez zaizkie axola.

2019an Turkiako inbasioari aurre egiteko Siriako Gobernuaren soldaduak sartu ziren zenbait tokitan, baina politikoki ez dirudi aurrerapen handirik egon denik Autoadministrazioaren eta erregimenaren artean, ezta?
R. H.: Turkiari aurre egiteko akordio militarra egon zen Erregimenarekin eta Errusiarekin, baina ez politikoki. Guk programa politikoa proposatu genion Errusiako Gobernuari. Alde militarrean gure asmoa da gure talde militarrak –Siriako Indar Demokratikoak– gobernuaren armadaren parte izatea, baina autonomiarekin. Kurdueraren ofizialtasuna ere eskatu genuen eta exijitu genuen estatuaren izen aldaketa. Orain “Siriako Arabiar Errepublika” da eta guk “Siriako Errepublika” izatea nahi dugu. Bestelako auziak ere badaude, baina nagusiena Siriako boterearen deszentralizazioarena da.

Bestalde, AEBek jarraitzen dute PKK erakunde terroristatzat jotzen, nolakoa da horiek aliatu izatea?
R. H.: Amerikako Estatu Batuekin dugun akordioa Estatu Islamikoaren kontrako borrokara mugatzen da. Bistakoa da amerikarrek akordio historikoak dituztela Turkiarekin eta ez dietela horiei uko egingo.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kurdistan
2024-03-20 | Aitor Aspuru Saez
Ibrahim Bilmez
“Öcalanen aurkako sistema garatu du Turkiak Imraliko espetxean eta beste preso politikoen aurka baliatu du”

Ibrahim Bilmez abokatua da eta Abdullah Öcalan buruzagi kurdua da bere bezeroa. Bere isolamendua salatu du Euskal Herrian otsailean, Turkiako errepresio eta inpunitate mekanismoak azalduta.


2024-02-15 | El Salto-Hordago
Ocalan, 25 urte preso eta erabat isolaturik, Espainia eta Europar Batasunaren oniritziarekin

1999ko otsailaren 15ean Abdullah Öcalan atxilotu zuten, Kurdistango Langileen Alderdiko (PKK) eta mugimendu independentista kurduko burua. Turkiako zerbitzu sekretuek Kenyan atxilotu zutenetik, Marmara itsasoko uharte batean dagoen Iämralä-ko kartzelan isolatuta... [+]


2024-01-29 | Aitor Aspuru Saez
Lara Vilanova
“Estatu Islamikoko emakumeekin zubiak eraiki genituen elkarrizketarako, baina zintzoak izan behar ginen eta gezurretan ez erori”

Lara Vilanova (1983, Bartzelona) argazkigintza zuzendaria da eta The Return: Life after ISIS, Sinjar, Cuerdas edota Hondarrak filmetan hartu du parte. Abenduan Euskal Herria bisitatu zuen The Purple Meridians topaketetan parte hartzeko Durangon.


Urtzi Urrutikoetxea
“Ohorezko krimenen ondorioz eraildako emakumeen hilkutxak emakumeek eurek eramateak sekulako eragina izan du Kurdistanen”

Urtzi Urrutikoetxea nazioarteko kazetariarekin mintzatu gara Radio Kobanen, iaz idatzitako Kurdistan-Argi bat ekialde hurbilean liburuari buruz. Testuak azken urteetako gertakizunei erreparatzen die, eta atzerago ere begiratzen du herri kurduaren egoera politikoa eta... [+]


2023-05-22 | Aitor Aspuru Saez
“Osasun sistema oso ahula dugu, ahaleginak ISIS, Turkia eta Al Asaden kontrako defentsan bideratu direlako”

Siriako Ipar eta Ekialdeko Autoadministrazioko osasun esparruko ardurak ditu Ciwan Mustafak eta herri kurduak lideratzen duen proiektu politikoaren osasun ministrotzat jo daiteke. Mediku-Ekintza Koordinakundea gobernuz kanpoko erakundearen laguntzarekin Eusko Legebiltzarrean... [+]


Bederatzi kazetari kurdu askatu dituzte, zazpi hilabete preso eduki ostean

Epaiketaren lehen eguna amaituta eta bederatzi kazetari kurduak askatu dituzte. Urte erdia pasatxo preso eduki dituzte "terrorismoa" egotzita. Ankarako espetxean zeuzkaten eta orotara hamaika kazetariri erakunde terroristako kide izatea egozten diete.


Turkiako ezkerrak bat egin du Erdogan boteretik botatzeko

Parlamentuan ordezkaritzarik lortuko ez duten beldur, ezkerreko alderdi gehienek Kemal Kiliçdaroglu zentro-ezkertiarraren aldeko botoa eskatzea erabaki dute, egungo presidentearen aurkari nagusia dena.


2023-03-20 | ARGIA
HerriBiltzak udaberriko festa ospatu du kurduekin batera eta iraultzaren haziak ereiteari ekin dio

Behe Nafarroako Behorlegin asteburu osoko egitaraua eraman du aurrera herriBiltzak. Larunbatean Parisko Komunaren iraultzaren urteurrena gogoratu dute eta igandean kurduen eta euskaldunen arteko elkartasuna indartzeko udaberriko festa ospatu dute elkarrekin. Bi egunetan erein... [+]


Turkian lurrikarak ‘low cost’ hirigintzaren ondorioak azalerazi ditu

Anatoliako failak Kurdistanen, Turkian eta Sirian eragindako lurrikarak goitik behera jausi ditu milaka etxebizitza, eta agerian geratu da Recep Tayyip Erdoganen gobernuaren eta eraikuntza sektorearen artean dagoen ustelkeria. Baina baita munduan nagusitzen ari den eredu baten... [+]


Torturak salatu dituzte Kurdistango lurrikara eremura laguntzera joan diren bost boluntariok

Turkiako Poliziak torturatu dituztela salatu dute, eta ondoren, ondasunak lapurtu eta biluzik utzi dituztela hiriaren kanpoaldean.


PKK-k su-etena iragarri du Turkian, erreskate lanak ez oztopatzeko

Cemil Bayik PKK-ko buruak adierazi du helburua erreskate lanak ez oztopatzea dela eta su-etenak "herriaren mina arindu eta zauriak sendatu arte" iraungo duela.


Hildakoen kopuruak 21.500 gainditu du eta kudeaketarekiko haserrea hazten doa

Ostegun eguerdirako 21.500 dira hildakoak Mesopotamiako lurretako historia modernoan izandako lurrikara gogorrenaren eraginez. Mundu osoko herrialde ugari erreskatean laguntzeko taldeak bidaltzen ari dira. Erdoganek esan du eremu kaltetuak ikustera joango dela, bere aurkako... [+]


Hiru milioi sinadura aurkeztu dituzte Europako Batzordean, PKK erakunde terroristen zerrendatik kentzeko eskatuz

Kurdistango Langileen Alderdia (PKK) erakunde terroristen EBko zerrendatik kentzeko kanpaina amaitu da. 2021eko azaroan abiarazi zuten "Kurduentzako Justizia" iniziatiba. Emaitzen arabera, hiru milioi sinadura bildu ditu eta Europako Batzordeari eman dizkio.


Kurdistango Langileen Alderdiaren banderak lehen aldiz konfiskatu ditu Poliziak Espainiako Estatuan

Emakumezko militanteen hilketak salatzeko Bartzelonan egindako mobilizazio baten ostean, Mossos d'Esquadrak PKK Kurdistango Langileen Alderdiko banderak konfiskatu zizkien militanteei, alderdia Europako Batasuneko erakunde terroristen zerrendan ageri delako. Espainiako... [+]


Eguneraketa berriak daude