“Sormena izan da nire bizitzaren hari eroalea”

  • Chica Sobresalto da Maialen Gurbindo (Atarrabia, 1994) nafartarraren alter egoa eta izen artistikoa. Operación Triunfo telebista-programako azken edizioko kideak maiatzean kaleratu zuen Sinapsis, bere bigarren diskoa, Dromedario Records disketxearen eta Love of Lesbian edo Sidonieren lanak ekoitzi dituzten Santos & Fluren ekoizleen eskutik. Madrilen hitzartu du ARGIA bere ibilbideaz solasteko.

Argazkiak: David F. Sabadell
Argazkiak: David F. Sabadell

Hasteko, garrantzitsuena: zer moduz zaude?

Ongi nago. Terapia hasi dudanetik, hobeto. Baina dena oso arraroa izan da. Beti diot tren bat hartu nuela eta ez nintzela sekula bizitza normalera itzuli. Operación Triunfotik atera nintzen mundu mailako pandemia baten testuinguruan. Erokeria bat izan da eta oraindik nire gorputza lurreratzen ari naiz.

Geroxeago solastuko gara Operación Triunfo saioaz. Sinapsis diskoaren aurkezpen bira bukatu eta pare bat aste geroago abiatu zenuen Bailando raro bira.

Oso pozik nago. Egia erraten badizut, ideia zen lehendabizi diskoa ateratzea eta ondoren bira egitea. Baina, bat-batean, toki desberdinetatik deika hasi ziren eta azkenean kontzertu gehiago egitea erabaki genuen: Zahara eta Lola Indigo baino lehen aritu izan gara oholtzan, eta esperientzia sekulakoa izan da.

Instagrameko post batean aipatzen zenuen hainbat kontzertu antolatzeko izan zenituzten oztopoak. Zergatik?

Bai. Adibidez Iruñean kontzertu bat egin nahi genuen, etxea delako guretzat. 500 lagun toki batean sartzeko aukera bakarra Zitadelan zen eta han kontzertu bat egiteko zailtasunak gizapetikoak ziren. Tokia topera beteta ere ez da errentagarria. Taldekideekin solastu nintzenean erran zidaten nahiago zutela kontzertua egin eta ez kobratzea. Banekien dirua galduko nuela, baina Iruñean abestu nahi nuen, nire lagunak gonbidatuz. Eta egin genuen. Baina zaplazteko itzela jaso genuen. 500 lagun baino gehiago sartu ziren azkenean eta 2.000 euro galdu nituen. Hori behin egin dezakezu bakarrik.

Zer dira zuzenekoak zuretzat?

Adrenalina. Nirekiko mendekua. Arraroa da, baina bizi ditut Chica Sobresaltok Maialeni hartzen dion mendekua bezala. Eta horrek sekulako adrenalina sortzen dit. Zorionekoa sentitzen naiz.

15 urterekin idatzi omen zenuen zure lehendabiziko kanta.  

Bai, Begiak itxita izena jarri nion. 14 edo 15 urte izanen nituen. Chica Sobresalto aurkeztu genuenean nahasketa moduko bat egin genuen nire lehendabiziko abestiekin eta Youtube-n entzungai dago.

Nola gogoratzen duzu zure haurtzaroa?

Tira, desberdina sentitzen nintzen... Gogoratzen dut nire lagunek zerbaitetan jokatu nahi izaten zutela eta nik bakarrik egotea nahiago nuela. Edo jolas bat egiteko taldeak egiten zirenean azkena gelditzen nintzen beti; normala, denak nagitasuna eragiten zidan. Ez nintzen erabat eroso sentitzen, orokorrean. Eta nire gauzarik kuttunena zen etxera joan eta Pocahontas-en panpinarekin istorioak asmatzea. Etxean egon nahi nuen beti.

Sentipen horiek gerora ere sentitu dituzu?

Egia erran, pixka bat bai. Lagun gutti ditut, baina ditudanak betirako lagunak dira. Harreman sakonak ditut, baina ez naiz sozialegia. Sarri estutzen naiz…

Musikak zein toki izan du emozio horiek kudeatzeko?

Hain zuzen ere, nire psikologoarekin solastu naiz azkenaldian horretaz. Eta atera dudan ondorioa da ttikitan Pocahontas-ekin sormenari tokia uzten nion bezala, hazten joan nintzenean hori musikarekin ordezkatu nuela. Berdina sentitzen dut, behintzat. Sormena izan da nire bizitzaren hari eroalea: mundua ez zait gustatzen, beraz, alternatibak asmatzen ditut.

Sortzaile bezala krisi garaiak dituzunean zerk laguntzen dizu?

Azken krisia duela gutti bizitu dut. Basandere kenduta, urtebetean ez nintzen gai izan abesti bat bukatzeko. Hainbat hasten nituen, baina bukatu gabe utzi. Une hartan Veintiuno taldeko Diego deitu nuen eta harmonia eta piano klaseak ematea eskatu nion. Krisiak ditudanean bertze tokietan bilatzea ezinbertzekoa iruditzen zait eta niri horrek lagundu dit ikaragarri. Bat-batean bertze musika tresna bat hartu eta gauza interesgarri anitz suertatu dira.  

Langilea eta tematia zara, horrek ere lagunduko dizu.

Okerrena da duela gutti arte ez naizela kontziente izan hain langilea nintzenik! Nire psikologoak ikusarazi dit. Ikastolan bortzak ateratzeko ikasten nuen bakarrik, eta ondorioz, desastrearen fama izaten nuen. Noski, ikastea ez zitzaidalako interesatzen. Eta nik denbora luzez pentsatu izan dut haizeak mugitutako paper bat nintzela. Orain argi dut ezetz. Langilea eta iraunkorra naiz, erabat.

Denbora honetan guztian babestuta sentitu zara?  

Egia erran, ikaragarri. Bai Operación Triunfo aurretik inguruan nuen jendearekin, eta baita gerora ezagutu ditudanekin ere. Polita izaten ari da.

Bueltatu gaitezen Operación Triunfora. Esperientzia hori hiru sentipenen bitartez deskribatu beharko bazenu, zein aukeratuko zenituzke?

Batetik, nerabezaroa: gaztetxoa nintzela hasi nintzen lanean eta bat-batean garai hartara itzuli nintzen saioan sartu nintzenean; esnatu eta gure ardura bakarra zen musika egitea, janaria mahai gainean aurkitzen genuen. Bestalde, surrealismoa: oso jende guttik bizitzen duen esperientzia bizitu dut eta, askotan, pelikula batean egon izanaren sentsazioa izan dut. Eta, azkenik, deserosotasuna: bertsioak egitea ez da nire habitat naturala, dantza ere egin behar nuen, ausazko arropa batekin eta nire buruarekin identifikatuta sentitzen ez nuen makillajearekin… Eta azken hori zen niretzat okerrena, niri berdin zitzaidalako epaileak zer erraten zuen.

"Denbora luzez pentsatu izan dut haizeak mugitutako paper bat nintzela. Orain argi dut ezetz. Langilea eta iraunkorra naiz, erabat"

Aldiz, normalean hori izaten da partaideen ardura nagusia, ezta?

Bai, baina niri berdin zitzaidan. Nik sortutako abestien inguruko balorazioa egingo balute, seguraski axola izango lidake. Baina argi nekien saioa ez nuela bide horretatik jarraituko, beraz, berdin zitzaidan.

Maiz aldarrikatu duzu nahi duzuna egiten duzula. Zenbateraino da bateragarria hori Operación Triunfok berezkoak dituen muga eta arauekin?

Tira, ez dut uste hainbertze arau daudenik. Ordutegiak errespetatu behar dituzu, bai; klaseak, eta antolakuntza definitu bat dago. Baina nik hori izugarri gustuko dut. Alde horretatik, bikain. Gero, egia da, adibidez, Oxitocina ekoiztuko zutela erran zidatenean, niri galdera anitz etorri zitzaizkidala bat-batean burura: noiz? nola? Beraz, eurekin solastu nintzen eta erantzuna bikaina izan zen: nahi banuen bakarrik eginen zela.

Baina kontratu baten bitartez sartzen zarete saioan, ez?

Bai, eta egia erran, beti errana zidaten telebistan muga anitz daudela. Baina zintzoki, nik egin dut egin nahi nuena. Gero, ilusio handia egiten zidan zuzeneko banda batekin jotzeak, eta hori oparitu zidaten. Hori bai, izendatu nindutenean nire kanta bat abestu nahi nuen eta hori ez zidaten utzi. Horrek bai mindu ninduen, eta gorroto pixka bat dut [irriz]. Baina gainontzeko guztia bikaina izan da. Kanpotik ere agerian gelditu da nahi izan dudana egin dudala beti.  

Operación Triunfo estigmatizatuta dagoela erranen zenuke?

Bai, niri batek baino gehiagok galdetzen zidan erran behar nuena arautzen ote zuten, adibidez. Eta nik beti erantzuten dut berdina: uste duzue niri zer erran behar dudan mugatuko balidate erran izanen nituela bota nituen astakeria guztiak? Otorduetan tauromakiaren gaia ateratzen zen, eta nik kritikatzen nuen. Feminismo intersekzionalaren inguruko eztabaida ateratzen zela? Nik beti erran nuen pentsatzen nuena...

Zer izan da zuretzat Operación Triunfo?

Sorpresa handi bat. Castingera joan nintzen, eta bertan nintzela frogak pasatzen joaten nintzen heinean argi nuen hori ez zela nire tokia. Eta, bat-batean, finalera, 0 galara… “Amatxo maitea, zer egiten dut nik hemen barruan?”, galdetzen nion nire buruari… Bertzetik, ikasteko sekulako aukera ere izan da. Nik banekien nola egiten nuen musika eta zer nuen gustuko. Hain burugogorra naiz, bertatik atera eta irekitzea kostatzen zaidala. Eta zentzu horretan pila bat ikasi dut.

Zer erran nahi duzu zehazki?

Adibide bat jartzeko: Nia [Operación Triunfoko partaidea] uste dut dela nire profilaren kontrakoena. Nirekin inolaz ere bat egingo ez lukeen pertsona bat zela uste nuen, eta bat-batean sekulako konexioa izan dugu. Horrek lagundu dit perspektiba gehiago izaten.

Aurten Operación Triunfok hogei urte bete ditu. Lehendabiziko edizioaren inguruko dokumentala publikatu zuten. Osasun mentalaz irekian solastu ziren partaideetako aunitz, saioak emozionalki eragindako astindua azaleratuz. Nola bizitu duzu zuk?

Tira, ni oroitzen naiz goizetan esnatzen nintzela eta non nengoen ere ez nekiela. Gainera, konfinamendua tarteko, akademiatik atera behar izan ginenean ni etxez aldatu nintzen eta paranoia izan zen. Sekulakoa.

Nola kudeatu duzu?

Psikologia karrera ikasten hasi nintzen, eta oroitzen naiz ikasitako teoria batez: egiaztatzen zuen kaiola baten barruan zeuden arratoiei zerbait erakusten zietenean, eta bat-batean, kaiolaz aldatzen zituztenean, gauza horiek aldatzen zirela. Eta nik ere kaiolaz aldatzeko beharra sentitu nuen, reset egiteko. Nor nintzen ikasten hasteko beharra nuen. Horretaz aparte, terapia ezinbertzekoa izaten ari zait: duela gutti hasi naiz bi bizitza horien arteko bereizketarik ez egiteko kontzientzia hartzen. Hil nintzen eta berpiztu nintzen sentsazioa izan dut denbora luzez.

Kaiolaz aldatzeko Madril aukeratu zenuen bizitoki. Nola hartu zaitu hiriak?

Ikaragarri ongi. Nire ongizate-eremutik atera nintzen, hiri handi batean. Hau da inoren hiria eta, aldi berean, guztiona. Jende arraroa ezagutu dut, ni bezala galduta dagoena, eta zalantzarik gabe identifikatuta sentitu naiz.

"Garbiketa lanetan edo haurrak zaintzen aritzen zen neska gazte bat nintzen Operación Triunfora sartu aurretik. Telebista saiotik atera nintzenean nortasun krisi itzela izan nuen"

Izan ere, saiora iritsi aurretik zu ez zinen musikatik bizi, ezta?

Garbiketa lanetan edo haurrak zaintzen aritzen zen neska gazte bat nintzen Operación Triunfora sartu aurretik, eta asteburuetan gitarra hartu eta dirua irabazteko mugitzen nintzen handik hona. Telebista saiotik atera nintzenean nortasun krisi itzela izan nuen.  Proiektu baten burua nintzen, autonomoa, eta gauzak nola egin nahi nituen erabakitzeko denbora behar nuela ikusi nuen, argi eta garbi: jende pila bat ezagutzen hasi nintzen, bestetara gonbidatzen ninduten… Musikaren industria oihaneko legearen gisakoa da, eta nik beharra nuen erdibideko puntu bat aurkitzeko, musikaren industrian bizirauteko. Sekulako astindua izan zen. Ezetz erraten eta nire proposamenak egiten ikasten hasi naiz. Norbaiti gustatzen ez bazaio, sentitzen dut.

Zein da gakoa hori lortzeko?

Ez dut aurkitu oraindik. Are gehiago, hemendik bortz hilabetera alokairua nola ordainduko dudan ere ez dakit. Momentuz, hiru pertsona gehiagorekin bizi naiz Alcala de Henaresen. Tira, jendea harritzen da dirurik ez dudala erraten dudanean… Nire ardura nagusia da taldekideak zaintzea. Orduan, pausoz pauso noa. Baina bai, momentuz kamikazea naiz eta bidean printzipioak ez galtzeko ahaleginetan nabil. Ez dakidana da hori jasangarria den ala ez. Nik oraindik ez baitut toki finko bat industrian… Daukadana da Operación Triunfotik ateratzen zarenean duzun oihartzuna, eta hori ameskeria da. Ni lanean ari naiz ameskeria hori errealitate bihurtzeko. Baina lortuko dudan oraindik ez dakit.

Saioak hogei urte bete ditu aurten, eta edizio gehienak Espainiako telebista publikoan egin dira. Aldiz, duela urte pare bat arte ez da abestirik aditu galizieraz, katalanez edo euskaraz. Zer deritzozu?

Tira, bazen garaia! Horregatik, Ane [saioko partaidea] eta niretzat sekulako sorpresa eta ohorea izan zen euskaraz abestea. Ardura handia sentitu genuen, hori bai, euskaldunok dugun malaletxearekin [irriz]. Baina ilusioa sekulakoa izan zen. Beranduegi izan da, bai, baina garrantzitsuena da egin dutela.

Zure bandaren aldarrikapena egiten duzu beti. Orain Madrilen bizita, nola moldatzen zarete?

Urte bakar batean 30 mila kilometro egin ditut kotxez; zehazki, 2005eko Mazda 3 batean. Txantxak alde batera, eurek nire ahotsa grabatuta dute eta astean bitan entseatzen dute. Ni hilabetean behin joaten naiz, eta batzuetan aste oso batez geratzen naiz eta intentsiboa egiten dugu. Gainera, zuzenekoak ditudanean Murphy [txakurra] gurasoen etxean gelditzen denez, moldatzen gara.

Pandemiak ahulenak zigortu ditu gogorren. Aldiz, zure loraldia kulturaren unerik beltzenean ematen ari da.

Erabat. Profesionalki momenturik onena bizitu dut inguruko artista guztiek okerrena bizitzen ari diren bitartean… paranoia bat da.

Arduradun politikoek kulturan egin dituzte murrizketarik handienak. Zer deritzozu?

Tira, uste dut sortzaileek erakutsi dugula kultura segurua zela. Beti erran izan dut: erabat harro nago nire ogibideko lagunez, ikaragarri ongi egin dugulako. Orain buelta eman behar zaio; aretoetako langileak, argi eta soinu teknikariak, argazkilariak… industria handia da eta errekuperatzea gogorra izanen da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
Eski estazioetako festibaletan kutsadurak goia jotzen du

Elur faltak eski estazio ugari kinka txarrean jarri ditu, klima larrialdiaren ondorioz. Baina paisaiari eta naturari ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzeko batzuen logikak hor jarraitzen du, eta goi mendietan musika festibal erraldoi eta garestiak antolatzea da azken... [+]


2024-12-23 | Ahotsa.info
“HTX-k bukatzen du bere zikloa, baina oraindik daude borrokatzeko eta aldarrikatzeko motiboak”

HTX ROCK jaialdiaren azken-aurreko edizioa izanen da abenduaren 28an, eta Atarrabiako herrian ospatuko den azkenekoa, alegia.


2024-12-20 | Xalba Ramirez
Xabier Badiolaren gitarra: zaharra zena, berri

Xabier Badiola
Xabier Badiola
Gaztelupeko Hotsak, 2023

-------------------------------------------------

Ea, ba. “Gaur egungo musika” musika deitzen zaio erritmo kutxa elektroniko bat duen edozeri, eta, klaro, horrela ezin da. Lerro hauetan saiatu izan gara... [+]


Existentzia mugimenduan jartzea

TU-K
Non: Ahotsenean (Plateruena, Durango)
Noiz: Abenduaren 8an

-----------------------------------------

Bufandak, aterkiak eta begi-zuloak ditu abenduaren 8ak Durangon. Azokaren azken egunari igande eguerdia eta negu giro sarkorra gehitu zaizkio eta erdi hutsik daude... [+]


Oasiaren ondorena

Nobedadea izan ohi da Durangoko Azokari lotzen zaion hitz entzunenetako bat. Nobedadea han, eta nobedadea hemen. Zenbaitetan, ordea, lehengokoari beste itxura ematea aski izaten da etiketa hori itsasteko. Talentu berriztagarriz birmasterizatutako CDek eta berrargitalpenek badute... [+]


2024-12-20
Benetako gozoki musikala

Pucciniren Il Trittico
Nork: Nafarroako Orkestra Sinfonikoak eta Bilboko Opera Abesbatzak.
Eszena zuzendaria: Paco Azorín.
Bakarlariak: C. Álvarez, A. Blancas, M. Berti, C. Isotton, K. Mattila, A. Ibarra, S. Esparza eta  I. Hotea.
Non: Bilboko Euskalduna... [+]


2024-12-20 | Iñigo Satrustegi
Nora egon gara begira

Anari + Belako
Noiz: abenduaren 5ean.
Non: Iruñeko Zentral aretoan.

-----------------------------------------------

Gogoan dut Erasmuseko lehenengo hilabetean ikusi nituela aurreneko aldiz Belakokoak zuzenean. Ez nintzen haiek ikustera joan, azkenean bertan behera... [+]


2024-12-15 | Iker Barandiaran
Atzera begiratu, hausnartu eta dantzatu… madarikatuak!

Nick Linbött
Nick Linbött
Kaset ekoizpenak, 2024

------------------------------------------------

Komiki jantzi vintage-arekin, rock-and-rollaren hastapenaren eta Gerra Hotzaren bizipenak bete-betean bizi izan zituzten belaunaldiko pertsonaia batzuen akorduan,... [+]


Kobane hiriaren aurkako erasoaldia hasi du Turkiak

Astelehenean Manbij hiria hartu du Turkiaren babesa duen SNA Siriako Armada Nazionalak. Kurduen iraultzaren erreferente nagusia da Kobane, bertan garaitu zuten Estatu Islamikoa taldea orain zortzi urte, Rojavako Iraultzari hasiera emanez.


2024-12-09 | Leire Ibar
Israelen aurkako protesta egin dute Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren kontzertu batean Iruñean

Iruñeko Baluarten, ostegunean, Israelgo ereserki nazionalaren orkestrako bertsioaren egilearen pieza bat jotzear zirela aurretik zutik jarri eta aretoa utzi du publikoaren zati handi batek. Ereserki horrek “okupazio sionistari” gorazarre egiten diola kritikatu... [+]


Madame Birrots
“Emakumeok ez dugu izan beharrik super onak musika sortzeko"

Baztango Madame Birrots taldea emakumez osatuta dago. Landa eremutik eta ikuspegi feministatik mintzo dira.


2024-12-06 | Xalba Ramirez
No Nerbioi

Ciudad de Polvo
Sal del Coche
Humo Internacional, 2022

-----------------------------------------------

Tira, jada bukatu denez Gramsci zitatzeko moda, ekarri dezakegu lerro hauetara oportunismo akusaziorik gabe. Are gehiago Sal del Cochekoek ere hala ekartzen badute:... [+]


Eguneraketa berriak daude