Urteak igaro genituen “Donostia 2016” entzuten. Europako kultur hiriburua, herritarren energia olatua, elkarbizitzaren kultura... Hitz handien atzean, krisiz eta gatazkez betetako prozesua izan zen. Nork ez du oroitzen Odon Elorza eta Juan Karlos Izagirreren arteko besarkada hura, 2011n? Gainontzeko kultur hiriburuengandik “desberdina” izateko bokazioa izan zuen hasieratik, bidean jarriz helburua. Eta legatuan. Baina bost urte pasa dira dagoneko, eta non dago legatu famatua?
Erreportaje hau Irutxuloko Hitzak argitaratu du eta Creative Commons BY-NC-ND 4.0 lizentziari esker ekarri dugu.
Odonek eta biok ez genuen elkar ezagutzen. Berak, nire El Diario Vasco-ko zutabeak irakurtzen zituen, eta, egun batean, hots egin zidan: ‘Aizu, Santi, ba al dakizu zer diren kultur hiriburutzak?’. Eta nik, baietz: ‘Kulturari balioa emateko Europako Batzordeak dituen mekanismoak dira, baina, funtsean, turismoaren ideiarekin lotuta dago, kapital fluxuarekin eta marka hirien ideiarekin. Kontzeptu hori ez zait asko interesatzen, kulturaren aurka doalako, eta aholkatuko nizuke ez aurkezteko'”.
Santi Erasoren erantzuna da hau. Bera izan zen ondoren DSS2016EU proiektuaren Kultura zuzendaria eta Donostiaren hautagaitzaren buruetako bat. Garaiko alkate Odon Elorzak buelta emateko proposamena egin zion, bestelako ikuspuntu bat garatzekoa, eta “positiboan” jartzeko eskatu zion. Orduan sortu ziren lehen bi txostenak: La potencia de lo posible [Posible denaren potentzia] (2008) eta La burbuja cultural. Educación/ecología/cultura: un nuevo trinomio social [Kultur burbuila. Hezkuntza/ekologia/kultura: trinomio sozial berria] (2009) .
Hasierako proiektua lan horietatik abiatu zen. “Kultura ez zen ikusten masa ikuskizun gisa, erakargarritasun turistiko gisa, datozen ospetsuen zerrenda gisa”, Erasoren esanetan. “Tokiko kultura sustatu nahi genuen. Turistak ez zuen garrantzirik guretzat”.
Parte hartze zabala bilatu zen lehen bi dokumentuak osatzeko, eta “ia programa eta egitasmo guztiak jendeak proposatu zituen: elkarteek, kolektiboek eta norbanakoek”. Izan ere, Erasoren ustez, “alkate batek gogoratua izateko egiten duen ideia tipikoa bazen ere, hasieratik kontsentsua bilatu zen, eta alderdi guztiena lortu zuen. Baita ezker abertzaleko pertsona batzuena ere [garai hartan, ezker abertzalea legez kanpo zegoen, eta ez zuen udalean ordezkaririk]”.
Baina, 2011ko ekainean, inork espero ez zuena gertatu zen. Sortu berria zen Bildu koalizioak irabazi zituen Donostiako udal hauteskundeak, eta Juan Karlos Izagirre izan zen alkate berria. Handik gutxira izendatu zuten Donostia Europako Kultur Hiriburu, ekainaren 29an.
Espainiako beste hautagaitzek zalaparta ederra sortu zuten, Bilduk irabazteak sortzen zien azkurarengatik. Erasoren arabera, Bilduk “onartu egin zuen dokumentua” eta proiektua “gidatu behar izan zuen”. Igor Otxoa sartu zen orduan proiektuen zuzendari.
Otxoak kontatutakoaren arabera, “zubi lana” egin zuen, ordura arte proiektua landu zutenen eta gobernu berriaren artean. “Paperak dena aguantatzen zuen”, eta beraiei egokitu zitzaien “lurreratze pista finkatzea”.
Saiakerak saiakera, “noraezean hasi zen proiektua”. Erasok dio, batetik, argi ikusi zela inork ez zuela benetan sinisten oinarrietan: “Desiren kontra irabazten ari ginen”. Baina, bestetik, aitortzen du “boikota” jasan zuela Izagirreren korporazioak.
Otxoarentzat ere nabarmena da: “Denek erabili nahi zuten politikoki 2016a, elkarri mokoka aritzeko. Bitxia da, zeren, patronatuan zeuden parte hartzaile berak ditu, adibidez, Zinemaldiak, eta bertan ez da horrelakorik gertatzen. Ikusmira eta zama mediatiko handia zuen honek”.
Erasok gehiago zehaztu du: “Bilduren garaian, babesle guztiak erretiratu ziren. Presio asko izan ziren. Manuela Carmenaren [Madrilgo alkate ohia] bulegoan nengoenean berdina gertatu zen: komunikabideek eta botere ekonomikoek boikota egin zioten. Bilduri ere gauza bera gertatu zitzaion. Bilduk ekaitzaren kontra gobernatu behar izan zuen, ezin hobeto esan. Ahal izan zutena egin zuten. Pablo Berastegik bezala, ahal izan zuena”.
Itziar Nogeras Donostia 2016ko zuzendaria izandakoarekin egin zuten “jazarpena” nabarmendu du: “Ospe txarreko kanpaina izan zen, eta ostiaka bota zuten ni Madrilen bezala. Ordutik hona, dena burugabekeria izan da. Hautsitako adostasunak, kendutako babesletzak, komunikabideak ere aurka… Hori izan zen El Diario Vasco-ren bilakaera ere. Hasieran lotsatia, gero Bildu sartu zenean dena kontra, eta Eneko [Goia] sartu zenean murgildu egin ziren, baina beranduegi zen…”.
Europako Batasunak ere, balorazio txosten ofizialean, honela aipatzen du: “Bilduk EBren estrategiari buruz zituen iritzi politikoak ez ziren bat etorri estatuetako eta eskualdeetako gobernuen iritziekin, eta horrek, ezegonkortasunak eragin zituen programaren kudeaketan (eta aldaketak langile giltzarrietan, koordinatzailea barne)”. Europako Batasunak berak aitortzen du programak “jarraipen mediatiko negatiboa eta zaila” jasan zuela, “baita motibazio politikodun komunikabideen artean, diseinuaren eta exekuzioaren fasean ‘eskandalu’ politiko batzuk ere”.
Bilduk, hasiera batean behintzat, “ez zuen argi zertarako nahi zuen erabili 2016a”, eta honek eragina izan zuen egitasmoak zituen langileetan: bost langile hasieran, 2014an hamahiru, 2015ean 39, 2016an 61era heldu ziren arte. Inbertsio falta honek tirabirak eragin zituen Europarekin.
2011ko urtarrilean osatu zuten Donostia 2016 Fundazioa, Eva Salaberriak gidatuta. Fundazioa Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak osatu zuten. Ondoren, Espainiako Kultura Ministerioak, bere eskubidea baliatuz, patronatuan kide bat sartzea erabaki zuen.
Fundazioa sortu eta bi hilabete ingurura, dimisioa eman zuen Ainara Martin zuzendari artistikoak, “arrazoi pertsonalengatik”. Urte bereko uztailean, Fernando Bernues izendatu zuten bere ordezko.
Santi Eraso izan zen proiektua uzten zuen lehen pertsona garrantzitsuenetako bat. 2011n, proiektua irabazi zenean, Sevillan bizi zen, eta berak aitortuta, ez zuen “bateragarria ikusten Donostiara berriz itzultzea”. Ordurako, Igor Otxoa proiektuen zuzendaria zen.
Itziar Nogerasen kargu hartzea izan zen polemikoena, 2013ko udan. Bilduk proposamena egin zion, Elhuyarren lanean ari zenean. Hark baiezkoa eman, eta gerora atera zen lehiaketa publikoa. ABC egunkariak argitaratu zuen Nogerasek bere lankideei bidalitako agur gutuna, lehiaketa egin aurrekoa.
Espainiako Kultura Ministerioak azalpenak eskatu zituen, zalaparta mahai gainean zegoen. Alde guztiak batu ziren bilera batean, prozedura onartu eta Nogeras hautatu zuten, aho batez. Handik gutxira, Fernando Bernuesek utzi zuen, eta gerora Igor Otxoak.
Zalapartak iraun zuen, eta azkenean Nogerasek kargua uztea erabaki zuen, proiektuak zuen “erabilera alderdikoia” salatuz. Baita “konfiantza falta” ere, Izagirre alkatea aipatuz. Xabi Payak, Enara Garcíak eta Garbiñe Muñoak hartu zuten behin-behinean zuzendaritza, Pablo Berastegi azken zuzendaria hautatu zuten arte. Hautsak harrotu zituen honek ere, Bilduk euskaraz ez zekien zuzendari bat hautatu zuelako.
Erasoren ustez, “Pablo Berastegik ahal izan zuena egin zuen proiektutik geratzen zenarekin. Horrelako proiektu bati ezin zaio gehiegi eskatu, izan zuen noraeza kontuan hartuta. Desegiten joan zen, eta berak apurrak hartu zituen. Izan ziren murrizketekin, ezin zen bestela egin”.
Eneko Goiak irabazi zituen hauteskundeak 2015ean eta PSE-EErekin gobernua osatu zuen Donostiako Udalean. Stand-by egoeran geratu ziren proiektuak martxan jarri zirenez, babesletzak berriro ere agertu ziren: Kutxa Fundazioak, 500.000 euroko ekarpena egin zion Donostia 2016ri, hiriburutzaren “babesle global” bihurtuz. Tartean sartu ziren ere Telefonica, Iberdrola eta enpresa handien babesletzak.
2015aren hondarretan, programazioaren aurkezpen ofiziala egin zen Tabakaleran: 500 kultur eragile eta artistarekin diseinatu eta garatutako 102 proiektu aurkeztu ziren.
Inaugurazio ekitaldia izan zen 2016ko ekitaldi entzutetsuenetako bat. Batez ere, beste behin, polemikarengatik. Goiak berak onartu zuen “ez zituela aurreikuspenak bete”, eta Denis Itxasok “hotz” utzi zuela. Honen aurrean, Hansel Cereza artista arduradunak haserrea erakutsi zuen eta ez zituen kritikak onartu.
Zubian egindako show-az gain, aurrekontuak ere sortu zuen eztabaidarik. Izan ere, 2016ko martxoan oraindik ez zegoen argi zenbat gastatu zen ekitaldian. 660.000 euro kostatu zela jakin zen hasieran. Ordu erdiko ikuskizuna zela kontuan izanda, 22.000 euro minutuko. “Inaugurazio ekitaldia diseinatzea eta sortzea” eta “inaugurazio ekitaldiaren ekoizpena” kontzeptuak batuz gero, ordea, 800.053 eurokoa zen ekitaldia. Lau egunetako inaugurazioak denera 2.825.046 euroko gastua izan zuen, Ahal Duguk argitaratutako dokumentazioan irakur zitekeenez.
Aste batzuk lehenago, San Sebastian egunean ere, polemikak izan zuen bere lekua. Europako ereserkia jotzeko eta abesteko asmoa zegoen, baina izugarrizko txistualdia entzun zen –erdi antolatutako ekimenera jendea batu zen–. Telebistak zuzenean eman zuen.
Gorabeheretatik harago, hasierako asmoei jarraituz, 2016a ekitaldiz bete zen, Donostiako erdialdeko auzoetan zentratuz batez ere. Honela banatu ziren ekitaldiak: Egian %22,5, Erdialdean %21, Parte Zaharrean %19, Grosen %11 eta Antiguan %4,5.
3.356 jarduera antolatu zituzten 2016an, 6,8 jarduera egunero. Horietatik 2.476 Donostian, eta gainontzekoak Gipuzkoan zehar.
Programazioa “desestazionalizazio” planteamendu batetik garatu zen, Donostiako kultura eskaintza ofizialaren protagonismo txikieneko uneak bilatzen zituena. Horrela, hiriburutzaren jardueren eskaintzaren puntu gorenak maiatzean (453 jarduera) eta urrian (470) izan ziren, Donostiako goi denboraldia, uda alegia, ez den hilabeteetan.
Hiru itsasargitan banatu zituzten kultur hiriburutzaren inguruko jarduerak: Bakearen Itsasargia, Bizitzaren Itsasargia eta Ahotsak Itsasargia. Ildo jakin bat zuen horietako bakoitzak, eta horietako bakoitzaren barruan hogei jarduera inguru egin zituzten. Bestalde, Kaiak sortu zituzten, helburuak zeharka lantzeko: hizkuntza aniztasuna, teknologia, pentsamendu kritikoa, arte garaikidea, parte hartzea, artistak eta kultur espazioak.
Europako Batasunaren txostenean, 10.493 ordu eskaini zituzten 2.373 boluntarioren lana txalotzen da. Kontuan edukita Behobia-Donostia lasterketak 1.000 boluntario baino gehiago batzen dituela egun bakarrean, ez da oso zifra altua.
Olatu Talka izan zen proiektu berezienetako bat. 2010ean sortu zen jaialdia, kultur hiriburutza oraindik hautagaitza fasean zegoenean. Azkena 2020an izan zen, 60.000 lagun inguruk parte hartu zuten, jaialdiaren 200 jardueretan.
2016 hasi zenerako, apurtuak ziren elkarbizitza zubi gehienak herri mugimenduen eta kultur hiriburutzaren artean. Tabakalera irekitzen zen aste berean, 2015eko irailean, hondeamakinek Kortxoenea gaztetxearen zati bat apurtu zuten. Epailearen baimenik ez zutenez, eraisketa atzeratu behar izan zen. Agerian geratu zen gatazka Tabakaleraren inaugurazio ekitaldiko Pottors eta Klito hardcore talde feministaren kontzertuan.
“Femeninoz eta aldarrikapenez” hasi nahi izan zuen ekitaldia Tabakalerak, baina argi esan zuen: “Hau ez da guk irudikatu nahi genuena”. Taldeko Amaia Gabilondok gorputza pintura gorriz tindatu eta Kultura herriarena. Kortxoenea bizirik zioen pankarta zabaldu zuen. “Artea denontzako dela ari dira esaten, eta gaur haserretu egin zaizkigu egin duguna egin dugulako”, adierazi zuen Gabilondok.
Aste nahasiak ekarri zituen Kortxoenea gaztetxearen eraisketaren kontrako borrokaldiak. 2016ko langileek Kortxoenea babestu zuten, baita Donostiako eta Euskal Herriko kultur agente ugarik ere. Tabakalerak berak, txio baten bidez adierazi zion babesa gaztetxeari, eta zuzendari izandako Xabi Payak artikulu batean babestu zuen.
Azkenean, 2015eko azaroan eraitsi zuten Kortxoenea gaztetxea. Irailetik azarora hiriko kultur eskaintza zabalena antolatu zuen, besteak beste, Fermin Muguruza, Glaukoma, Berri Txarrak, Zea Mays, Perlak eta Anariren mailako taldeen kontzertuak eskainiz.
Bake itunak proiektua zen handinahienetako bat. Felipe VI. Espainiako errege izendatu berriaren bisita eta guzti. Artista talde batek bere parte hartzea kritikatu zuen Ongi etorri Felipe afixak paratuz markesinetan. Udalak faltsuak zirela adierazi zuen, baina artistek erantzun zioten ezetz, Espainiako erregeari ongi etorria benetakoa zela.
Eraso izan zen proiektu honen zuzendari nagusia. Berarentzat, “ETAren biolentziaren amaierako kontakizunaren ardatza izateko bokazioa zuen. Artearen historia ia osoa hartzen zuelako”. Bruegelen lanarekin hasten zen, “herria festa bat ospatzen ari da, baina erdian urkamendia duela. Gogoratzeko erabateko bakeak estatu indarkeria dakarrela berekin”.
2016ak bizikidetzan egin zuen ekarpenaz galdetuta, prozesuari eman dio garrantzia Erasok: “Proiektua eraikitzeko prozesu bera elkarrizketarako gune bilakatu zen. Ezberdinen arteko topaketa laborategi bat izan zen. Hori nahikoa eta sobera izan zen niretzat: PP eta Bildu adostasunetara iristea, pentsa!”.
Nabarmentzekoa izan zen baita ere, (E)zinezko elkarrizketak egitasmoa, besteak beste Ramon Saizarbitoria eta Fernando Aranbururen arteko elkarrizketa gogoangarriarekin.
Kritikak kritika, gatazkak gatazka, Erasok arrazoia du 2016k alderdien kontsentsua lortu zuela dioenean. PSE-EEk, Bilduk eta EAJk eraman zituzten politiketan gatazka nabari zen arren, oinarrian inork ez zuen zalantzan jarri egitasmoa bera. Azken finean, denak izan zirelako modu batean edo bestean proiektuaren parte.
Desokupatu 2016 mugimendua izan zen hasieratik egoerari kritika egin zion gutxietako bat. Polemikatik libratu gabe, hemen ere. Adibidez, Kortxoenea gaztetxean antolatu zen Santi Erasoren lehendabiziko hitzaldietako bat, oraindik gentrifikiazioaren gisako hitzak herri mugimenduaren hiztegian ez zeudenekoa, eta sabotajea egin zioten gaztetxeko ateko sarrailari. Polemika egon zela, hori bai kontsentsua.
Igor Otxoak “kontraesan handia” zela uste du: “Elkarbizitzaz hitz egiten genuen, baina gero oso zaila zen dena”. 2015. urtean “Kortxoenea eraisteak ere erakusten zuen, kultur hiriburutzak oinarrizko gauza batzuk aldatzeko ez zuela balio izan”. Egondako zentsura ere ekarri du gogora, “nik dudan kulturaren ulerkeraren erabat kontrakoa da” [Lekurik gabe, denborarik gabe erakusketan euskal preso baten artelanaren zentsuraz ari da].
“Beste zerbait izan zitekeen”, Otxoaren ustez: “Hasieran denok bilatu genuelako oinarritik eraldatuko zuen herri kultura bat garatzea”.
Otxoak distantziatik ikusten du egoera, eta uste du inork ez duela gaia berrartu nahi: “Denbora pasa da, eta benetako ikerketa bat egin beharko litzateke utzitako ondorioen inguruan”.
Erasoren ustez, “hamar urteko prozesua izan nahi zuen, 2016. urtea inflexio-puntua izanik. Prozesua zen ideia, bidea. Ez ekitaldia. Baina, azkenean, ekitaldia bihurtu zen”. Legatuari buruz galdetuta, ahoan bilorik gabe erantzuten du Erasok: “Nik dakidala, ez dago legaturik. Jendeak 2016a pasatzeko gogoa zuen, lotsa apur batekin. Aukera berde bat izan behar zena marroi bat bihurtu zelako”.
Atzera begira, inork gutxik uste du 2016ak bere helburu kulturalak bete zituenik. Kontrara, ordutik hona, hiriaren turistifikazio masiboaren erantzuleetako baten moduan ikusten dute askok egitasmoa. Baina zer zioten garaian hiriburutzaren kontrakoek? Izan al du hiriburutzak... [+]
Iazko abenduko egun bat izan zen, larunbat goiza. Ahoz aho zabaldutako informazioari esker izan nuen filmaren proiekzioaren berri eta kulturgune batera joan nintzen, Donostian, gauza handirik jakin gabe: zer ikusiko genuen pantailan, sarrerarik ordaindu behar ote zen, zenbat... [+]
Donostiako Udalak eta Donostia 2016 kultur hiriburuaren zuzendaritzak kalkulatu dute kultur hiriburuak 47,1 milioi euro utzi dituela hiriko ehundura ekonomikoan. Kultur hiriburuaren aurrekontua 46,8 milioi eurokoa zela.
Azkar pasa da Donostia Europako Kultur Hiriburu izan den urtea ezta? Nolanahi, errepasatzen hasita etorkizunean ere zeresana eman dezaketen gaiak plazaratu dira proiektuaren inguruan. Donostia 2016ri begiratu diogu, Donostia 2017tik.
Jaurlaritzarentzat momentu egokia dirudi probatzeko ea kulturaren gauza honek balio duen normalizazio sozial eta politikoa lortu izana poltsikoratzeko ere.
Europako hizkuntza gutxituetako hiztunen eskubideak bermatzeko sortu da Donostiako Protokoloa. Kursaal Jauregian egin dute honen aurkezpena. Kontseiluak eta Donostia Fundazioak sustatutako proiektuak 185 neurri ditu bere baitan.
Larunbatean, 11:30ean hasita zuzenean ikusi ahal izango da zuzenean ARGIAn.
Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa Europako 50 bat hizkuntza komunitatetako ehundik gora eragilek sinatu dute. Abenduaren 17an, ekimenaren bultzatzaileek, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak eta Kontseiluak, Donostian aurkeztuko dute. ARGIAk streaming bidez... [+]
Espetxeetan eta zentro psikiatrikoetan dauden pertsonek egindako lanak biltzen dituen erakusketa batetik erretiratu ditu antolakuntzak euskal presoei zegozkienak: "Biktimei min eman diezaiekegu".
Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzak zentsuratutako lan batzuk Antiguako Txantxarreka gaztetxean jarriko dituzte ikusgai larunbatean.
Espetxeetan eta zentro psikiatrikoetan dauden pertsonek egindako lanak biltzen dituen erakusketa batetik erretiratu ditu antolakuntzak euskal presoei zegozkienak: "Biktimei min eman diezaiekegu".
Donostiako udaletxearen aurrean protesta egin dute kolektibo eta eragile ugarik deituta, Demokrazia Zuzenaren Foro Globalaren irekiera ekitaldia baliatuz. “Donostia ez da eredugarria demokrazian, Donostiako Udalak jardunaldi hauen aurkezpenean dioen bezala”.
Donostiako udaletxearen aurrean protesta gisa kontzentrazioa deitu dute azaroaren 16an hiriko hainbat taldek: Satorralaia, Errausketaren Aurkako Mugimendua, SOS Miracruz 19, Stop Desahucios, Eleak/Libre, LAB. EH Bildu eta Ahal Duguk ere babesa adierazi dute. Egun horretan... [+]
Europako Kultur Hiriburutzaren aurkako Donostia Saldu eta Suntsitu kolektiboak, Letaman gaztetxeak eta hainbat musika taldek festa antolatu dute azaroaren 19an, Intxaurrondoko gaztetxean bertan. Jakinarazi dutenez, Mozal Legearen ondorioz, hirian 7.000 eurotik gorako isunak... [+]