Euskarazko liburu zaharrek irakurle berririk bai?

  • Euskarazko literaturaren tradizioa hautsia eta ezezaguna da oro har. Azken hamarkadetan idatzi denak nolabaiteko egonkortasuna lortu duela dirudi hala ere. Garrantzizko elementua falta da, ordea: egonkortu aurreko garaiko literatura eskuragarri jartzea. Lan bikoitza litzateke: liburuak berrargitaratzea eta haietako hizkuntza berrikustea.

Irudia: Shu Otero
Irudia: Shu Otero

Egun zaharrak joan ta
berriak etorri,
gaur poz bihar oinaze,
noiz burni noiz zilar
zenbaitek hondamendi
baitute katea
lore-sorta bekizu
goi-muinoak zehar!

Ia mende osoa bete da Verdes-Atxirika argitaldariak Xabier Lizardi (Zarautz, 1896 – Tolosa, 1933) poetaren hitzok zekartzan liburua plazaratu zuela, baina argitaratu ziren moduan ezin idatzi gaur; nola jartzen zaio ordenagailu honetan “r”-ri tileta? Inprimatzean ez luke arazorik emango? Ez dira alferrik pasa hamarkadak, euskararen grafiaren bilakaerari begiratzea besterik ez dago.

Susak berrargitaratu zuen iaz Lizardiren Bihotz-begietan, ortografia estandarizatuta. Gaurkotze horrez gain, orri arteak populatzen dituen Zuhar Iruretagoienaren esku-hartze artistikoa eta Anjel Lertxundiren hitzaurrea dakartza liburuak. Aitzakia ezin hobea ematen du klasiko honen berrargitalpenak literaturazalea kezkatu beharko lukeen gai bati heltzeko: ba al dute liburu zaharrek irakurle berririk? Eskura al daude euskarazko literatur tradizioko lan esanguratsuenak? Eskura liburuak zein eskura testuak, liburu horietako asko argitaratu zirenetik hona dezente aldatu baita euskarazko idazkuntza. Aldatu baino, batu, estandarizatu. Koldo Izagirrek dio: “Orduan idaztea mendia zen, gaur ordokia dugu”. Auzia da, ordea, orduko mendi horiez gure ordoki hau nola aberastu.

Bihotz-begietan eskuetan
Liburu garrantzitsua da Bihotz-begietan, zalantzarik ez dago horretan. Garrantzitsua, Lertxundik hitzaurrean dioen bezala, poesiagintzan izan duen eraginarengatik, sortu zen testuinguruan aztertuz gero duen bakuntasunagatik. Lizardik 1919 eta 1931 artean idatzitako hemezortzi poema biltzen ditu, poemagintza modernoa eta lirikoa erakusten du, garai hartan euskaraz idazten zenarekin hausten duena. Gabriel Arestik esan zuen, “pentsatuko dut Lizardik urrezko orri bat eskribitu zuela euskal literaturan, guztirik ederrena, guztirik distiratsuena. Haren izena munduko abangoardian aurkitzen da”.

Eta hori guztia horrela izanik ere, azken urte luzeotan deskatalogatuta egon da liburua eta ez da erraza izan ale fisikorik eskuratzea, harik eta Susak berrargitaratu duen arte. Hala dio Lertxundik hitzaurrean: “Gaurko irakurleek ez dute Lizardiren Bihotz-begietan irakurtzeko aukerarik; ez dute izan edizio berritu, egokitu, zaindurik. Euskara batuan. Literatura argitaratzeaz arduratzen den bilduma eta katalogo batean. Gaurko poema liburu eta narrazioen konpainia noblean. Egungo irakurlego konbentzionala gogoan izango duen edizio popular eskuragarri batean”.

Gaurko irakurleek ez dute izan Lizardiren Bihotz-begietan irakurtzeko aukerarik; ez dute izan edizio berritu, egokitu, zaindurik

Zergatik izan da horrela, baina? Hainbat galdera botatzen ditu airera Lertxundik: “Zabarkeria da motiboa? Informazio eza? Kultura jasoari diogun begirune ez batere jasoa? Lizardik duen idazle zailaren fama? Interes falta, axolagabekeria, ezjakintasuna? Eragile kulturalen proiekzio miopea argitaratu beharreko liburuak programatzerakoan? Denetarik egongo da zerbait”. Denetarik horren emaitza: erreferentziazkoa den lan baten edizio berritu, egokitu eta zaindurik irakurle berrien eskuetara ez dela iritsi Zarauzko Udalak poetaren 125. urtemuga omentzeko horretarako dirua jarri duen arte. Izan ere, ez da lan makala edizio berritu, egokitu eta zaindu hori osatzea. Josu Landak egin du Lizardi eguneratzeko lana, poetaren ortografia zuzenduz eta darabiltzan aditzi trinko berezienak azalduz. Susaren edizioak jatorrizkoaren facsimilea dakar, bi bertsioak erraz alderatzeko. Ortografia da deigarriena, irakurketari enbarazu gehien egiten diona. Ulertu ulertzen baita, Lizardiren trinkotasuna eta lexiko hautaketa gorabehera.

Literatura liburuetan dator
Urterik urte, uzta ederra utzi ohi du euskarazko literaturgintzak, Durangoko Azoka amaitu osteko zerrendak errepasatu besterik ez da egin behar. Liburu mordoxka bat urtero. 2020an, esaterako, lehendik argitaratu gabeko 30 nobela pasa eta ia beste hainbeste poema-liburu, Juan Luis Zabalak Euskal Literaturaren Apalategian egindako zenbaketaren arabera. Horien artean batzuk besteak baino askoz ere irakurriagoak izan dira, beste batzuek eman dute zeresana, baina ia bi urte pasa diren honetan oihartzuna gero eta ahulagoa da, beste batzuen izenburuak, aldiz, erabat oharkabean pasa direla dirudi.

Liburu horietako batzuek arrastoa utziko dute, lehen tirada txiki geratuko zaie eta berriz inprimatu beharko dira, agian beste hizkuntza batzuetara itzuliak izango dira, edo film batean moldatuak. Auzia da liburu batzuek iraungo dutela, bizitza berriak izango dituztela, eta beste batzuek, aldiz, ez. Ez baita erraza denboraren joanari, eta batez ere liburu berrien etorrerari, aurre egitea, gutxi irauten dute liburuek erakusleihoetan, dendetakoetan nahiz prentsakoetan. Gero eta liburu gehiago argitaratu, gero eta urriagoa da elkarri uzten dioten arnasa.

Egin dezagun urte batzuk atzera. Erraz bilakatzen dira liburuak aurkigaitz, liburu zehatz batzuk ez badira, urtero Durangoko Azokan, esaterako, edizio berean erosten eta berrerosten direnak. Egin dezagun are atzerago, urtean argitaratzen ziren euskarazko liburu guztiak irakurtzeko aukera zegoenera. Orduan ere irakurleak gutxiago ziren, noski, baina hori beste kontu bat da. Are atzerago eginez gero, muga lausoak dituen mugarri bat topatuko dugu: euskararen estandarizazioa, euskara batuarena.

Euskara batuaren aldapak
1964an Baionan, Txillardegik sustatutako bileran lehenik eta 1968ko Arantzazuko Batzarrean gero, euskara estandarizatzeko prozesua bide onean jarri zen. Bide onean baina ez errazean, baina hartu ziren erabaki batzuk, eta batez ere hainbat argitaratzailek eta idazlek egindako hautuak zabaldu zuen euskara batuak idatzizkoan behar zuen tokia. Estandarizazioa prozesu bat da, ordea, eta ez zen berehala egonkortu egoera. Ikastolen ugaritzeak eta Frankoren heriotzaren osteko euskararen instituzionalizazioak – EHUren, ETBren eta abarren sorrerak– ere lagundu zuen horretan. Literaturgintzan ere ez da bide erraza izan Izagirrek aipatzen duen ordokirainokoa, urte luzez luzatu da argitalpenetan euskara batuaren arauen araberako idazketa eta zuzenketa orokortzea, Euskaltzaindiak arauak eta argibideak eman eta idazleek eta editoreek horiek erabili ahala.

Tarte horretan guztian argitaratutako literaturari erreparatuz gero, eta bataren eta bestearen aparteko apetak gorabehera, hizkuntza idatziaren bilakaera hori ikus daiteke. Esan daiteke azken hogeita hamar urteotan egonkortu dela kontua, euskarazko literatur sistema modernoaren nolabaiteko egonkortzearekin batera. Zer gertatu da, baina, tradizio horrekin guztiarekin? Non dago eskuragarri? Eten batzuek –36ko gerrarenak eta frankismoarenak– erabat baldintzatzen dute euskarazko literaturgintzaren transmisioa, etena da halabeharrez. Hizkuntzaren estandarizazio berantiarrak ere ez du auzia samurtzen. Zer esanik ez oraindik orain zerumugan aterabide errazik ez duen euskararen diglosia egoerak.

Errealitatea da euskarazko liburuek, oro har, gutxitan izaten dutela bigarren bizitza bat

Luze jarrai genezake trabak zerrendatzen, Lertxundik literatur munduko keriekin egin bezala. Aleka egin dira ahaleginak tradizio horretako egileak gaur egungo irakurleei ekartzeko, eta “gaur egungo” esatean modu jarraituan esan nahi da, erreferentziazko lanak erreferentziazko izan daitezen haien argitalpenetik edo berrargitalpenetik urte gutxi batzuetara ere. Elkar, Alberdania eta Erein argitaletxeetan topa zitezkeen zenbait klasiko modernoren berrargitalpenak, baina horiek ere honezkero gutxi eta zaharkituak geratu dira, ez dira berritu. Susak mende honen hasieretan argitaratutako XX. Mendeko Poesia Kaierak bilduman berrogei poetaren bildumak argitaratu ziren, ezinbesteko kanona osatzen dutenak, baina ortografia eguneratu gabe, eta bilduma egun ez dago ia zirkulazioan.

Errealitatea da euskarazko liburuek, oro har, gutxitan izaten dutela bigarren bizitza bat. Berrargitalpenerako ohiturarik ez dago eta literatur sistema frantsesean eta ingeles-estatubatuarrean ohikoak diren poltsikoko edizioak ez dira existitzen. Ohitura falta horrek ere ortografia bederen berrikusi behar izateko aitzakia gutxiago edukitzea dakar; hala ere, berrargitaratzen diren lan batzuetan ez da lan hori egiten, irakurleen kalterako.

Egokitzapena?
Koldo Izagirrek dio kontuz erabili behar dela “egokitzapen” hitza. Dioenez, ortografia gaurkotu eta begi-bistako akatsak baizik ez lirateke zuzendu behar. Idaztea mendia zeneko garaietatik ordokia direnekoetara dagoen aldea literarioa ere badela azpimarratzen du. Zuzendu behar direla lan horiek, baina batez ere editorerik eta ia aurreirakurketarik gabe, iritzi profesionalik gabe, argitaratu zirelako. Bakartia behar zuen euskarazko literaturaren idazkuntzak, eta egile horiek bakarti jarraitzen dute orain, ia irakurlerik gabe.
Aleka berrargitaratu dira lan batzuk, Poesia Kaierak gisako bilduma berezituetan beste batzuk, baina beste modu batera izan behar luke. Lertxundik Bihotz-begietan-en hitzaurrean dioen bezala, edizio popularrak behar dira. Izagirrek azpimarratzen du ideia hori: urteko produkzioarekin batera egon beharko lirateke lan horiek, ez apartean.

Lan sistematikoa izan behar luke, euskarazko literatur tradizioaren errepasoa egin beharko litzateke, irakurle berriei ekarri beharreko lanen zerrenda osatu, argitalpen planak egin eta gauzatu. Adibide bat izan daiteke Hauspoa bilduma, Antonio Zavalaren Auspoa bildumatik edaten duena. Sebastian Salaberriaren Neronek tirako nizkin (1964) nobelaren berrargitalpenak eman zion hasiera bildumari,  euskara batuaren eredura ekarrita argitaratu zuten, “irakurle gazteek eskurago izan dezaten euskal literaturaren klasiko hau”. Pello Esnalek egindako oharretan argi adierazten da zein izan ziren Salaberriaren lana euskara batura ekartzeko jarraitutako irizpideak eta egindako hautuak.

Orainkeria
Gauza bat eta bestea, errealitatea da liburu zaharrek ez dutela irakurle berririk. Batetik, ale fisikoak ez daudelako eskuragarri. Bestetik, dauden testuen bertsioak ez direlako egunerokoan baliagarri. Beste eztabaida bat da egokitzapenaren mugak non dauden, baina edizio berrituetan gutxienez ortografia eguneratu beharko litzateke. Izan ere, tradizio hori guztia, edo horren guztiaren ale erakusgarri batzuk eskura eduki ezean, azken hogeita hamar urteei gero eta lotuago dagoen kanon literarioa ari da geratzen euskal literaturan, sustrai laburrekoa.

"Egia izango da gure literatura murritza dela, baina gure murritz hori irakurri gabe daukagula iruditzen zait”
Koldo Izagirre

Adibide gisa zirkulazioan behar luketen lanen zerrendaren hasiera bat eskatu diogu Koldo Izagirreri, eta hark prestuki erantzun: Xabier Kintanaren ipuingintza, Arantza Urretabizkaiaren poemen bilduma, Jean Baptiste Elizanbururen Piarres Adame nobela, Anjel Lertxundiren Hunik arrats artean eta Goiko kale, Jose Antonio Mujikaren Itzalak, Elkarrek 1984ean argitaratutako Jon Miranderen Gauaz parke batean ipuinen bilduma, Joxean Muñozen Parentesiak (eta abar), Imanol Muruaren Suetena Belfasten eta Palestina zauritua kazetaritza liburuak, Xabier Lizardiren artikulu hautatuak, Txillardegiren ipuinak, Joxe Austin Arrietaren Abuztuaren 15eko bazkalondoa, Antonio Valverderen Ibar ixilla, Bernardo Atxagaren Etiopia poema-liburu dagoeneko mitikoa eta Ziutateaz liburutxo ezezagunak...

Zerrenda posible baten zatia baino ez da, zati txiki bat. Horrela dio Izagirrek: “Zubitegiko A eta M multzoetan begira atera ditut hauek -Lizardi eta Txillardegi buruan neuzkan-. Horiek publikatutakoak dira, noski. Baina bada beste lan interesgarri asko prentsan: artikuluak, kronikak. Esan ohi da gure literatura murritza dela, ez dela asko idatzi… Egia izango da noski, baina gure murritz hori irakurri gabe daukagula iruditzen zait”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal literatura
2025-01-09 | Leire Ibar
(H)ilbeltza, euskal nobela beltzaren astea izango da Baztanen

Hamaikagarrenez antolatu dute euskal nobela beltzaren astea, urtarrilaren 20tik 26ra. Ekitaldi ugari egingo dira Baztango bailarako hainbat herritan. Liburu aurkezpenak, mahai-inguruak, solasaldiak eta kultur ekitaldiak izango dira, eta ekintzetan parte hartzea doakoa izango da.


2025-01-09 | Estitxu Eizagirre
Ekimen bat gehituta, hauek dira aurtengo euskara hutsezko liburu eta diskoen bederatzi plazak

Euskal kulturako berritasunak ezagutu nahi dituenak eta egile zein argitaletxeei zuzenean erosi nahi dizkienak urtean zehar baditu hainbat azoka eta ekimen aukeran. Urte askotako tradizioa dute horietako batzuek eta berriagoak dira besteak; tematikoak dira horietako asko eta... [+]


Jon Tartas
‘Ontsa hiltzeko bidea’: apez neurotikoak pistolarekin eskribatua

Joan Tartas (Sohüta, 1610 - heriotza data ezezaguna) ez da gure letren historiako idazle famatuenetarik eta, hala ere, ediren dugu gauza onik “pieza mendre” honetan, zeinaren titulua, onar dezagun hasieratik, ez den segur aski mundu honetan paraturiko izenburuen... [+]


Etorkizun bizigarriei buruzko literatura lehiaketaren sari banaketa eginen du ostiralean Sukar Horiak

Bilboko Zirika! herri gunean eginen dute banaketa, ostiralean 19:00etan. Fanzine bidez eta sare sozialetan zabalduko dituzte partehartzaileen testuak, eta irabazlearena argitaratuko du ARGIAk.


2024-12-05 | Leire Ibar
Durangoko Azokak ateak ireki ditu, ikasleen bisitarekin

Abenduaren 5ean ikasleei eta irakasleei zuzendutako tailer, hitzaldi eta ikuskizunak izango dira azokan. Dinamiken bidez sortzaileak ezagutu eta eurekin harremanetan jartzeko moduko aukera ere izango da. Edukiera guztia bete da jada ikasle goizerako. ARGIAk eskaintza zabala... [+]


“Konplexutasuna agertzeko lekua da literatura, ez lezioak ematekoa”

Helduentzako zazpigarren lana argitaratu berri du Uxue Alberdik, hirugarrena ipuingintzan: Hetero (Susa, 2024). Zortzi narrazio bildu ditu liburuan, eta denen abiapuntua izan da memorian geratu eta “noizbait ere honi buruz idatzi behar dut” pentsarazi dion paisaia,... [+]


DBHko ikasleak literaturzaletzea helburu duen irakurketa-lehiaketa aurkeztu dute

Esloveniako eskoletan izan duen arrakastari tiraka, Alberdania argitaletxeak Euskal Herriko ikastetxeetara ekarri du Joko Ona Denontzat irakurketa-lehiaketa: DBHko ikasleek “kalitate handiko liburuak” irakurriko dituzte taldeka, eta avatarra aukeratuta, horiei... [+]


Leire Lakasta Mugeta
“Hitzak harriak dira Ernauxentzat, eta idazketa labana”

Annie Ernaux (Lillebonne, Normandia, 1940) idazleak bere poetikaz eta horren funtzioaz egindako hausnarketak jasotzen dituen elkarrizketa-liburua euskarara ekarri du Leire Lakasta Mugetak (Iruñea, 2002): Idazketa labana bat da (Katakrak, 2024). Idazketaz, hautu estetiko... [+]


‘Politeismo bastarta’: lau egun Angela Davisekin eta Jule Goikoetxearen pentsamenduetan

Susa argitaletxearekin kaleratu du Goikoetxeak liburu berria: Politeismo bastarta. Nobela gisa kalifikatu arren, kronika gozo eta bizia da, irakurlea Goikoetxearen pentsamenduetan barneratuko duena. Donostiako San Jeronimo kaleko sotoan egin du aurkezpena, hamarnaka lagunen... [+]


Erraldoiek lagunduta eta haurrez inguratuta aurkeztu dugu ‘Abentura erraldoia’ liburua

Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira haurrentzako liburua modu berezian aurkeztu du ARGIAk, Donostian. Haur eta guraso ugari bildu ziren Gorka Bereziartua eta Adur Larrearen ipuinaren bueltan, eta festarako, dantzarako, ipuinak kontatzeko eta maskarak marrazteko tartea... [+]


Ipuinak idazten ikasten: nondik hasi eta zeri jarraitu?

Garazi Arrula (Tafalla, 1987) eta Iñigo Astiz (Iruñea, 1985) gonbidatu ditu Mikel Ayerbek (Azpeitia, 1980) Idazteaz beste euskal literaturari buruzko elkarrizketa-saioetako bigarrenera. Euskal ipuingintza izan da elkarrizketa saio honen gaia, eta gonbidatuen... [+]


Uxue Juarez. Hitzak pospolo
“Uretara harri bat botatzen duzunean sortzen diren uhin horiek dira poema”

Batxilergoan tutore izan nuenetik ia 10 urte pasa direla elkartu naiz Uxue Juarezekin Ur Mara museoko Toureau etxolan (Alkiza), pagoez eta Koldobika Jauregiren eskulturez inguraturik. Autoritate segitzen du izaten niretzat Uxuek, baina beste zentzu batean orain. Aurpegian... [+]


Katixa Dolhare-Zaldunbide
“Literaturaz gozatzen ikasi egiten da, eta ikas prozesu hori landu behar da gelan”

Bankan bizi den Literatura irakasle, ikerlari eta idazlea da. Irailaren hondarrean Itsasun egin zen Irailekoak poesia jaialdiaren baitan Ipar Euskal Herriko Poesiaz eman zuen hitzaldia. Besteak beste, bertan errandakoak hona ekarri nahian hasi gara harekin solasean.


Erraldoi eta buruhandien kalejirak lagunduta aurkeztuko dugu ‘Abentura erraldoia’ liburua, ostiralean Donostiako Grosen

Donostiako Gros auzoko erraldoi eta buruhandien konpartsak giroturiko kalejira eta dantza izango ditu lagun, ostiral honetan ARGIAk antolatu duen liburu aurkezpenak: Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira aurkeztuko dute Gorka Bereziartua eta Adur Larrea egileek.


Baigorri-Tafalla senidetze eguna
Liturgia ez-katoliko bat Urdozeko kaperan

Kasu Hegoaldeko begirada horri. Lehen-lehenik desmitifikatu larre berde, etxe zuri eta teila gorrien lur ederrekiko miresmen itsua, halako maitasun inkondizionala, hizkerari eta ustezko bizitzeko manerari loturiko fetitxismoa. Utz, Ruper Ordorikari sarri entzun gisan,... [+]


Eguneraketa berriak daude