Heldu gara 22ra eta argazki erdibitua izaten jarraitzen du Euskal Herriak. "Badu nora heldu baina ez du zeri heldu". Esaldi esanguratsua, aspaldiko kantu baten sarreran. “Baionatik Bilbora itsaso hutsa da nire herria”.
Baiona eta Bilbo, Euskal Herriaren bi erreferente nagusi. Errobi eta Aturri ibaiek bat egiten duten gunean, Baiona da Iparraldeko hiri nagusia, Euskal Hirigune Elkargoaren burua, Angelu eta Miarritzekin batu eta BAM makro-hiria sortzen ari dena. Ibaizabal eta Nerbioi ibaien urak batzen dituen Bilbo Handia da Hegoaldean konurbazio nagusia.
Zein da, gaur egun, Baiona eta Bilbo arteko distantzia? Lerro zuzenean, 120 kilometro baino ez, eta Donostia dago gainera bide erdian. Naziogintzaren ikuspuntutik, euskal hirien arteko harremanak estutu beharra lehen mailako helburutzat hartu behar dugu. Badugu, beraz, nora heldu. Baina ba ote da horretarako zeri heldu?
Baionaren eta Bilboren arteko harremanez txostena idatzi zuen Manex Pagola doktoreak, garaian Baionako Euskal Museoaren zuzendariordeak, EHUn egindako sinposio baterako. Bi euskal hirien arteko behinolako hurbiltasun historikoa, estatu espainiarrak eta frantziarrak sortutako mugaren eraginez oso ahuldua ikusten zuen arren, Europar Batasunaren norabidean itxaropena zuen Pagola doktoreak. Ez da horrela gertatu. Une honetan, Estatu biek apropos Ipar eta Hego Euskal Herria elkarrengandik urruntzen dituztela ematen du.
Frantziak, bere kabuz, mugaren hertsadura erabaki du, Euskal Herriaren erdi-erdian etorkinak geldiarazteko traba hilgarriak sortuaz. Zazpi hildako izan dira iaz horren kausaz Bidasoa ibaian, Irunen edo Donibane ondoko trenbidean.
Garai batean izan ziren mugaz gaindi euskal hiriak elkarren artean lotzeko proiektuak. Donostia eta Baiona ardatz hartuta, 1993. urtean Henry Grenet BAM edo Baiona-Angelu-Miarritze konurbazioaren presidenteak eta Eli Galdos orduan Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak sinatu zuten hitzarmen bat, Europar Batasuneko araudi berria oinarri hartuta, Euskal Eurohiria mugaz gaindi hedatzeko helburuaz. Lapurdiko 25 udal eta Gipuzkoako hamazazpi elkartu ziren proiektu horretara, baina hor gelditu zen bazterrean.
Joan berri den 2021. urtearen azkenetara, azaroaren 20an, bi manifestazio jendetsu egin ziren Bilbon eta Baionan. Aske eta berdinen Euskal Herria lortu arte leloa hartuta milaka pertsona Bilbon. Euskal Herrian bizi eta etxebizitza ukan aldarrika beste milaka Baionan.
Ondoren, abenduaren 13an elkartu zen Pirinioetako Lan Elkartea (CTP deitua), mugaz gaindiko lankidetza sustatzeko aspaldiko 1983an sortua, Europako Kontseiluaren bultzadaz. Oraingoan bilera Katalunian izan zen, Cerdanyako Alp herrian. Bileraren ondorioen berri ematera Pere Aragones Generalitateko president-a eta Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria batera agertu zirenean, ez zuten Euskal Herria eta Katalunia nazioek pairatzen duten zatiketa inposatua aipatu ere egin. Pedro Sánchez presidente espainiarrarekiko harremanak izan ziren bien ardura bakarra.
Etorkin afrikarren ohitura omen da, pertsonak jatorriko herria uzten duenean, norbere argazkia erdibitu eta erdi bat familiari uztea, bestea soinean daramatela. Azken mugaraino heltzean, bigarren erdi hori bidaltzen ei dute etxera, han argazkia osa dezaten. Guk, berriz, argazkia hiru zatitan hautsia dugu, eta ez dakigu noiz elkartu ahalko dugun Euskal Herriaren argazki bateratua. Bide berriak behar ditugu Euskal Herria osatzeko.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.
Egiari zor, ez dakit zergatik ari naizen hau idazten. Gaur egungo giro liskartsuan ez dira modu honetako iritziak ondo hartzen. Beharbada, ARGIAk ez du hau argitaratuko, ez baitator bat orain arte argitaratu dituzten iritziekin (baina, azkenean argitaratzea erabaki badute,... [+]
Urtarrilaren 15ean Zedarriak izeneko lobby tekno-enpresarialak bere 6. txostena aurkeztu zuen, Euskadi eta Europar Batasuna, oparotasunaren eta lehiakortasunaren patu partekatua izenekoa. Finantzen mundutik ateratako aditu gorbatadunez osatutako Think Tank neoliberal horrek... [+]
Tipi-tapa mugitzen ditugu euskaltzaleok gure oinak Korrikaren lekukoaren atzetik, gure hizkuntzaren alde, desio dugun Euskal Herri euskalduna helburu, herri euskaldun gisa biziraun nahi dugula aldarrikatzeko.
Tipi-tapa ematen ditu lehen urratsak Afrikako, Hego Amerikako edo... [+]
Eta beste urte batez, sindikatuek prefabrikatutako grebak antolatu dizkigute. Eta guk, indibidualki, erabakia hartuko dugu grebarekin bat egin ala ez, ikastetxean inongo asanbladaren beharrik gabe.
Niri irakatsi zidaten greba eredua jada ez dago modan, antza. Nire... [+]
Bizitzak dena inguratzen du, mugatua eta hauskorra da. Bizitza onak bizitzeko, gorputzak zer egin badakiela iruditzen zait, buruak ordea, nahiz eta jakin (ondo informatuta dagoenean), askotan gorputza nahita isiltzen duela ikusten dut. Isiltze horretan burua beste buru... [+]
Eroso gaude ingurunea gure egoera fisiko/emozionalera egokitzen denean. Besteak ni kontuan hartu nauenean, izan gizaki bat, objektu bat, espazio bat. Erosotasunaren klabea produktu eta espazio diseinuan beharrizan handi gisa sartu da, erosotzat jotzen dena erosgarria delako... [+]
Nafarroa Arenan Mitoaroa ikusten izandako lagun batek “telurikotzat” jo zuen entzun-ikusi-sentitutakoa. Niri ere hala iruditu zitzaidan telebista medio etxetik hauteman nuena.
Pentsa daiteke Mitoaroak piztutako grinak eta atxikimenduak proiektuaren ikusgarritasuna... [+]
Urte berria hastearekin batera, bizitza aldatuko diguten erabakiak hartzeko ohitura bada. Listak egiten ditugu hiru puntutan: bat, kirola gehiago praktika; bi, lagun zaharrak maizago ikusi; hiru, Islandiara itzuli, errealki eta metaforikoki. Xedeak beti xede geratzen direla... [+]
Zirkulazioan lehentasunek garrantzi handia dute. Gidatzeko ikasten dugun lehen gauzatakoak dira: biribilguneak eta STOPak menperatu ezean nekez lortuko dugu gidabaimena.
Hala ere, lehentasunak ez dira kontu neutroak, eta historiak eta interes kontrajarriek aldatu izan... [+]
Oholtzak betiko utziko dituela jakinarazi zigun Benito Lertxundik badira jada hainbat aste, eta geroztik asko gara maila batean ala bestean umezurtz sentitzen garenak, halako galera edo abandonu sentsazioarekin, triste. Iruindarroi, behintzat, bere zuzenekoen zirrara azken aldi... [+]
Hiru korapilotan mordoilotzen digute euskaldunon elkarbizitza, eta urte luzez, pazientzia handiz eta erabakitasun irmoz ekin arren, loturok askatu ezinean gabiltza. Hiru bederen badira uneko korapiloak: presoak, euskara, etorkinak.
Urte berriarekin elkartu ohi gara milaka... [+]
Gaur, urtarrilak 21, gure oraintsuko historiaren efemeride interesgarri bat gogora ekartzeko eta hari buruz hausnartzeko eguna dugu. 50 urte bete dira Potasas de Navarra enpresako 47 langilek itxialdia amaitu zutenetik. Hamabost egun iraun zuen itxialdi horrek eta greba orokorra... [+]
Duela aste pare bat Norvegiako zenbait datu plazaratu ziren. Ipar Europako herrialde hartan auto elektrikoak nagusitu dira, eta Tesla marka dute salduena; energia birziklagarriaz sortutakoa omen da han kontsumitzen denaren %90. Aldiz, Norvegiako enpresa publikoek ez dute inolako... [+]
Hauek izan ziren nire azken hitzak zure lo arnas sakonean eskutik helduta ginela joan zinenean. Aparteko minik gabe, xume, duin, geratu zen betiko zure bihotza. Zuk nahi eta eskatu bezala. Guk nahi eta errespetatu bezala.
Jada hilabete, neguaren atarian, gaurik luzeenak diren... [+]