Urtebete baino gutxiago falta da Qatarren gizonezkoen Munduko Futbol Txapelketa hasteko. 2010eko abenduaren 2an esleitu zion FIFAk datorren edizioaren antolaketa, eta lehen unetik zalaparta sortu du hautagaitzak. Diktadura zuritzeko trikimailua dela egozten diote askok eta, kezkagarriagoa dena, estadioak eta gainontzeko azpiegiturak eraikitzeko obretan 6.500 langile baino gehiago hil direla salatu dute hainbat erakundek.
Munduko Txapelketa antolatzeko ardura lortu aurretik ere, Qatar hautagaien artean egoteak eragin zuen polemikarik, batetik, herrialdeak futbolean ez duelako tradiziorik, eta bestetik, hango klimaren muturreko baldintzek nazioarteko futbolaren egutegia guztiz aldatzea behartuko zutelako. Halaber, lan baldintzak jo-puntuan ziren ordurako, eta askok gogorarazi zuten diktadura zuritzeko estrategiaren parte zela futbola.
Egin dezagun denboran apur bat atzera. Qatarrek nazioartean pisua irabazi du petrolio putzuengatik. Apenas garrantziarik izatetik, Ekialde Hurbileko potentzia handienetako bat bihurtu da. Petrolioa eta gas naturala deskubritu aurretik, hango ekonomiaren oinarriak arrantza eta perla-bilketa ziren. 1971. urtean lortu zuen independentzia Britainia Handitik, eta ordutik Al Tahni sendiko kideen eskuetan mantendu da agintea.
1940ko hamarkadan deskubritu zuten petrolioa, eta horrek guztiz aldatu zituen herrialdeko kultura, ohiturak, ekonomia eta demografia. Nazio Batuen Erakundearen datuen arabera, 1960. urtean 47.383 pertsona bizi ziren Qatarren, eta handik hamar urtera, bikoitza baino gehiago, 109.521. Biztanleriaren hazkunde tasa mantedu egin zen XX. mendearen amaierara arte, baina XXI. mendearen hasieran are gehiago hazi zen: 2000. urtean 594.000 pertsona bizi ziren Qatarren, 2010ean 1.715.000 eta 2020an 2.684.000.
Hazkunde esponentzial hori herrialdeak jaso duen migratzaile kopuruak eragin du bereziki. Hasiera batean petrolio findegietan lan egitera zihoazen, eta 2010ean munduko txapelketaren esleipena jaso eta gero, are pertsona gehiago joan dira azpiegiturak eraikitzeko obretan lan egitera. Gehienak Iran, Pakistan eta Indiakoak dira, eta gaur egun biztanleriaren %80 dira. Migratzaile gehienak gizonezkoak dira, eta horrek gehiago desorekatu du demografia: 2.165.135 gizonezko daude Qatarren, eta 715.925 emakume (biztanleriaren %25).
Historikoki beraz biztanleria txikia izan duen herrialdea da Qatar, eta futbolak ez du ia pisurik izan. Hori horrela, 2010eko abenduaz geroztik, agintariek izugarrizko inbertsioa egin dute futbola garatzeko, potentzia bihurtzeraino. Europako hainbat jokalari eta entrenatzaile ezagun eraman dituzte garapen horretan laguntzeko.
Estadio guztiak hutsetik egin dira; are gehiago, hiri berriak sortu behar izan dituzte. Finala, adibidez, Lusail hirian jokatuko da, 2005. urtera arte existitzen ez zen lekuan. Azpiegitura guztien eraikuntza bermatzeko, estatuak historiako inbertsio handienetarikoa egin du: 200.000 milioi dolar (178.000 milioi euro inguru).
Milaka eta milaka langile joan dira Qatarrera inguruko herrialdeetatik, familiak utzita, eraikuntza lanetara. Etxe orratzak, estadioak, hotelak, entrenamendu zentroak eta errepideak eraiki dituzte bazter guztietan, eta Demokraziaren aldeko Nazioarteko Fundazioak argitaratutako Pasioaren atzean dagoena txostenaren arabera, 2010az geroztik 6.500 langile hil dira, astean hamabi batez beste. Duela aste batzuk hildako langileen inguruan galdetu zioten nazioarteko hainbat hedabidek Qatar 2022ko zuzendari exekutiboari, Nasser Al-Khaterri, eta hauxe erantzun zuen: “Hildakoak? Hiru dira, eta gainontzeko guztia gezurra da”.
Segurtasun faltaz gain, beharginek muturreko lan baldintzak pairatzen dituztela ere adierazi dute giza eskubideen aldeko hainbat elkartek eta fundaziok; hamasei eta hemezortzi orduko lanaldiak direla salatu dute besteak beste.
Oraindik ere Kafala sistemaren menpe daude langileak. “Babesle” edo jabe batek du haien gaineko kontrol osoa
Arabiar Penintsulako ia herrialde guztiek baliatzen duten Kafala sistemaren bidez lortu dute migratzaileek Qatarrera lan egitera joatea. Laburbilduz, herrialde horietara lanera joan nahi duten pertsonek “babesle” baten baimena behar dute, zeina langilearen bisaren eta estatus legalaren arduraduna izango den. Hala, babesle edo jabe horiek langilearen kontrol osoa dute eta, esaterako, migratzaileak familia bisitatzera itzultzeko baimena eskatuz gero, ezezkoa jasotzen du gehienetan (aurrez pasaportea “konfiskatzen” diete euren babesleek, nolabait definitzearren). Lanez aldatu nahi dutenean ere baimena eskatu behar diote jabeari (termino hau egokiagoa da), eta orduan ere, ezezkoa da ia beti. Giza eskubideen aldeko elkarte eta fundazioek esklabotza sistema gisa definitu dute.
Qatarrek 2017. urtean abiatu zituen Kafala sistema desagerrarazteko tramiteak, eta 2020ko abuztuan onartu zituzten hura indargabetzeko legeak, baina Amnistia Internazionalak (AI) salatu du prozedura horrek urtebete daramala geldirik, eta abusurik krudelenak itzuli egin direla. Erakundeak langile batekin hitz egitea lortu zuen, eta “paperean jaso diren aldaketak” horretan geratu direla zioen: “Enpresa batean sartzen zarenean ikusten duzu langileen baldintzei dagokienez ez dela egon ia. Egoera beldurgarria da oraindik ere”.
Kirola betidanik izan da propagandarako tresna, estatuek baliatu dute haien mesederako. Qatarren kasuan, 2022ko txapelketak ahalbidetuko dio munduari bere buruaren irudi positiboa saltzea. Sportswashing deitzen zaio, irudi garbiketa kirolaren bitartez. Gizonezkoen munduko txapelketa kirol ekitaldi ikusienetarikoa da, Olinpiar Jokoekin eta Europako Txapeldunen Futbol Ligarekin batera. 2018an Errusian jokatutako Munduko Txapelketaren finala, esaterako, 1.120 milioi lagunek ikusi zuten, FIFAren datuen arabera, eta 3.572 milioi lagunek ikusi zuten uneren batean edizio hartako partidaren bat.
Munduaren arreta hori guztia bereganatzeak, bestalde, nazioartearen aitortza handiagoa izaten eta pisua irabazten lagunduko dio Qatarri. Herrialdeak tentsio geopolitiko handiak ditu Saudi Arabiarekin eta Arabiar Emirerri Batuekin, eta nazioartearen onarpen horrek Saudi Arabiaren balizko inbasio bat zailtzen du de facto; izan ere, munduko potentzia nagusiek Qatar begi onez ikusteak aliatuak sortzen ditu etorkizuneko gerra diplomatiko edo beliko bati aurre egiteko.
Beste alde batetik, petrolioarekiko eta gas naturalarekiko hain menpekoa den ekonomiari ondo datorkio dibertsifikatzea eta lehengaien ustiapenak barne produktu gordinean duen pisua leuntzea. Hori dela eta, herrialde arabiarrak Qatar 2030 izeneko plana abiatu zuen 2008an, sektore ekonomiko berriak garatzeko, eta kirolak –futbolak batez ere– berebiziko garrantzia hartu zuen. Ekonomiaren dibertsifikazio horrek ardura inportantea dauka herrialde horien garapenean, kontuan hartzen badugu ustiatzen dituzten lehengaiak egunen batean amaitu egingo direla.
Izan da Munduko Txapelketa kritikatu duenik, baina aurkako mezuak ez dira espero bezainbat zabaldu. Hainbat gobernuz kanpoko eragile eta gizarte mugimendu borrokatu dira ekitaldi erraldoi horren aurka, baina ez dute pisu handia irabazi. Futbolaren munduan ez da Qatar 2022ri boikota egiteko mezurik zabaldu, beste kirol ekitaldi batzuetan gertatu den moduan. Ameriketako Estatu Batuek, esaterako, Beijingo Neguko Olinpiar Jokoen aurkako kanpaina diplomatikoa abiatu dute, baina Qatarreko txapelketaz ez dute txintik ere esan.
Norvegiako futbol jokalariak izan dira langileek Qatarren pairatzen dituzten muturreko balditzen aurka ekintza sinboliko bat egin duten bakarrak. Aurtengo martxoan, sailkapen partida batean “Errespetua: zelai barruan eta kanpoan” zioten elastikekin atera ziren zelaira. Hain justu, pasa den azaroan, Qatarreko langileen baldintzen inguruko erreportajeak egiten ari ziren bi kazetari norvegiar 32 orduz atxiki zituzten.
Qatarrekoa, baina, ez da sportswashing eredu bakarra. Espainiako eta Italiako Superkopen edizio batzuk esaterako Saudi Arabian jokatu dira, eta 2018. urteko Txapeldunen Ligaren finala Kieven jokatu zen, Ukrainan, gerran dagoen herrialde batean. Futboletik harago badira adibide gehiago. Txirrindularitzan, 2018ko Italiako Giroaren lehen hiru etapak Israelen egin ziren; Netanyahuren gobernuak hamar milioi euro inguru ordaindu zizkion Italiako Giroaren antolakuntzari, eta Jerusalemgo karrikak Israelgo banderez josi zituzten.
Herrialde horiek beren buruaren irudi positiboa saltzeko beste metodo bat ere erabiltzen dute: klubak erostea. PSG, Manchester City, New York City, eta orain Newcastle United taldeen jabeak Qatar, Saudi Arabia eta Arabiar Emirerri Batuetako gizon boteredunak dira. Petrolioa medio, hiru herrialde horiek etengabe ari dira hazten, eta munduko herrialde dirudunen artean daude. Joko-taulan garrantzia irabazten ari dira, eta hasieratik nazioarteko onarpena lortzeko estrategiak jarri dituzte martxan, kirolaren bidez tartean. Eta dirudienez, helburuak lortzen ari dira gutxinaka.
Sare sozialetan ustezko mezu xenofoboak, gorrotozkoak eta indarkeria bultzatzen dituztenak zabaltzea egotzi diote. Osasunari ere 20.000 euroko isuna ezarri dio Indarkeriaren Aurkako Batzordeak Sadarren jokatutako Bartzelonaren aurkako Ligako partidan ikusleen egonaldia... [+]
2022ko urrian Iruñeko Sadar futbol zelaian jokatu zen Espainiako eta AEBetako emakumezkoen futbol selekzioen arteko partiduko zaleak iraintzea eta jazartzea leporatu zizkioten hainbat laguni. Epaiketa egin berri da eta akusatuak absolbitu ditu Iruñeko Zigor Arloko... [+]
Gazaren aurkako sarraskiak kirolean ere badu islarik, bateko eta besteko ekintzek erakutsi dutenez. Futbolean, zehazki, urak harro datoz, Israeleko taldeek Europako estadioetan jokatzen duten bakoitzean agerian geratzen den moduan. Pasa den astean Amsterdamen gertatutakoek,... [+]
Pasa den martxoan, Realaren eta PSGren arteko futbol partidaren testuinguruan izandako istiluetan oso larri zauritu zuten Amaya Zabarte, ustez foam jaurtigailu batekin. Zazpi hilabete geroago, Probintzia Auzitegiak kasua ireki ala ez erabaki bezperan, elkarrizketa egin dio... [+]
Realak Israelgo Tel Aviv-eko Maccabiren kontra jokatuko du ostegunean Belgradon. Segurtasun arazoak direla-eta, ez dute Israelen jokatuko. Talde txuri-urdineko zaletu batzuek Realari eskatu diote Palestinaren aldeko keinuren bat izateko, baina Jokin Aperribay presidenteak argi... [+]
Saudi Arabiak "emakumeen eta LGBTQ+ pertsonen eskubideak zapaltzen dituela-eta", 24 herrialdetako 106 emakumezko futbolari profesionalek Gianni Infantino FIFAko presidenteari eskatu diote Aramco petrolio-enpresarekin duten babesletza-akordioa hausteko.
1980an Everesteko gailurrean ikurrina paratu zuten Martin Zabaleta eta Pasang Tembari omenaldia eskaini diote larunbatean San Mamesen, Athletic-en partida hasi aurretik. Mendizaleak txalo artean hartu dituzte zaleek, une ederra izan da, baina Movistar telebista kateak eta Futbol... [+]
Iturramako taberna herritarrari eraso egin zioten egunean bertan Iruñean ziren arren, salatutakoan parte hartu zutenik ezin dela frogatu dio epaileak. 2022ko azaroan Ezpala taberna txikitu eta bertan ziren bezeroak jipoitu zituzten Bartzelonako ultrek.
Realeko futbol taldeko entrenatzaile Imanol Alguacilek, Nizan, Europako Ligako partiduaren aurretik eskainitako prentsaurrekoan euskarazko hedabideei euskaraz erantzuten ari zela, hainbat kazetariren kexa entzun behar izan du. Duela astebete antzeko egoera gertatu zen... [+]
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak orain arteko bertsioari eutsi dio. Bestalde, esan du Amaya Zabartek, martxoan PSGren kontrako futbol partiduan Anoetan larri zauritutako Realeko zaleak, ez zuela bere deklarazioan aipatu ertzain batek ostikoa jo zionik.
"Kanporatuko al du FIFAk Israel?", galdegin du hainbat mediok, futbol erakunde gorenak adierazi ostean Palestinako Federazioak egindako eskaera aztertuko duela. FIFAren izaera ezagututa, are gehiago eskaeraren bueltan zein epel jokatzen ari den, inplikatutako bi aldeak... [+]
Lurrean zela, polizia batek Realeko zaleari ostikoa jo ziola ikus liteke Ertzaintzak bere ikerketan erabilitako bideoetako batean, Noticias de Gipuzkoa-k zabaldu duenez. Martxoan, Realaren eta PSGren arteko Donostiako futbol partidaren testuinguruan izandako istiluetan zauritu... [+]
John Weissman sionista Sadarrera joatekoa zenean, Palestinarekin elkartasunez argitaratu zuen mezu bat Indar Gorrik. Adierazpen horiekin lotuta, pertsona bat auzipetu du Espainiako Poliziak, iritzita gorroto-delitu bat egon daitekeela.