Gizonezkoena izan den munduan, beren tokia egiten

  • Euskal Herriko kulturaren eta tradizioaren ikurretako bat dugu sagardoa, edari soila baino gehiago, ondare oso bati lotua den produktua. Baina tradiziotik edaten duten beste esparru askotan gertatu bezala, joera dugu sagardoa bera eta sagardotegiak profil konkretu bateko pertsonekin lotzeko: adineko gizonezkoekin.

GAINCERAIN AHIZPAK. Maialen, Oihana eta Jaione.
GAINCERAIN AHIZPAK. Maialen, Oihana eta Jaione.

Egia da sagardogintzarena mundu maskulinoa izan dela beti, bai ekoizpenaren alorrari, baita –eta, agian, bereziki– kontsumoarenari begiratuta ere. Baina, benetan, gaurko errealitatearen isla al da burura lehendabizi datorkigun irudi estereotipatu hori? Non daude emakumeak sagardogintzan? Zein izan da historikoki haien lekua?

Kuxkuxeatzen jartzen bagara, zailtasun handiegirik gabe topatuko ditugu gaur egun emakume sagardogileak han-hemen. Gipuzkoan, bederatzi bat sagardotegi gutxienez kudeatzen dituzte emakumeek, eta Bizkaiko Sagardoaren webgunean begiratzen jarrita ere, beste birekin egin dugu topo. Sagardoaren atzean dagoen aurpegi hori zerbait aldatu dela dirudi, beraz.

Gaia hurbiletik bizi dutenekin hitz egin nahi izan dugu erreportaje honetan. Orainaldian aritu gara Hernaniko Zelaia sagardotegiko Oihana Gaincerainekin —bere bi ahizpekin batera kudeatzen du enpresa—, eta lehenaldian, Lourdes Odriozola historialariarekin. Eta bai, ondorioa da emakumeak sagardogintzan beti egon direla. Askotan itzalpean izan bada ere.

 

Oihana Gaincerain · Zelaia sagardotegia

“Emakumeak beti egon dira hor, baina ikusten ez diren lanak egin dituzte”

 

Zelaia sagardotegiko laugarren belaunaldia hiru ahizpek osatzen duzue.

Bai, halaxe da, laugarren belaunaldia gara gu. Gure aitona txikia zenean etorri zen gurasoekin Zelaia baserrira. Baserritarrak ziren haiek, batez ere esnea saltzen zuten, eta baratzeko produktuak ere bai. Sagardoa ere egiten zuten, baina ez negozio moduan. Gure aitona hasi zen sagardo gehiago ekoizten, baina hark ere esnetik eta baratzetik ateratzen zuen bizimodua, eta gure aitak bide bera jarraitu zuen hasieran. Sagardoa egiten zuen hemengo bodega txiki batean, eta etortzen ziren aitonaren lagunak, elkartekoak, kuadrila… sagardoa probatu eta etxera eramaten zuten zerbait, baina ez zen negozio bezala ikusten.

Gaurko sagardotegitik oso desberdina zen ordukoa, beraz.

Erabat, bai. Etortzen zirenentzat su txiki bat zegoen, eta gure amonak zeozer egiten zien eramateko, kaxuelaren bat edo, baina horixe zen dena. Ah, eta bakailao tortilak ere egiten hasi zen amona! Gerora, gure amak ere ikasi zuen hori, etortzen hasi zen, eta pixkanaka publikora irekitzen hasi ziren. Ama sukaldera etortzen zen eta aita parrilan jartzen zen, bien artean egiten zuten txotx garaia. Horrela, pixkanaka profesionalizatzen hasi ziren, sagardoari beste toki bat ematen. Trantsizio horretan ezagutu dugu sagardogintza guk, baserriko parte bat izatetik sagardotegia sagardotegi moduan izatera pasatu den horretan.

Aipatu duzunaren arabera, emakumeak beti egon dira sagardogintzan.

Etxe bakoitzean desberdina izanen zela pentsatzen dut, baina gure kasuan, beti aritu dira emakumeak lanean. Esanen nuke, gainera, barrura begira eta erabakiak hartzen ere hor egon direla. Gure amonak sukaldean egiten zuen lan, eta baratzean eta baserrian ere bai, baina agian ez zuen hainbeste parte hartzen beste gauzetan. Gerora, gure ama hasi zen enpresako kontuak ere eramaten. Hor zegoen eta parte hartzen zuen, baina ez zen ikusten.

  Itzalpeko lana, ezta?

Bai, beti atzeko aldean aritu dira lanean emakumeak, sukaldeko eta barruko beste lan horietan. Egia da, orain arte sagardogilea eta sagardotegiko burua, figura aldetik, beti gizonezkoarekin lotu izan dela. Baserri bateko jabearen irudia bera, beti etxeko gizonarena izan da, jakinda emakumeak ere beti hor ibili direla, baserri batean denek egiten baitute lan. Gure aitak askotan entzun izan du: “Hiru alaba edukita, nork jarraituko du sagardotegiarekin?”. Edo espero zen gu norbaitekin ezkontzea eta beste pertsona horrek jarraitzea sagardotegiarekin. Bada, ez, guk geuk jarraitu dugu!

  Argi zenuten betidanik horrela izanen zela?

Ez genuen argi, ez. Gurasoek ez zuten inposatutako zerbait izatea nahi, “hau tokatu zaizu eta hemen jarraitu behar duzu” antzeko zerbait. Haiek animatu gintuzten beste gauzak ikastera eta gure bidea egitera. Esaten ziguten gero, behar zenean, erabakiko genuela jarraitu edo ez. Beraz, horrela egin genuen, bakoitzak bere bidea: Maialenek agronomia egin zuen, nik nekazaritza-ikasketak, eta Jaionek administrazioa eta marketina. Gerora bai, iritsi zen aita jubilatzeko momentua, eta hor erabaki beharra zegoen.

  Erreleboaren momentu horretan, hiru emakume izateak zalantza edo buruhausterik eragin al zizuen?  

Tira, egia esan, gu hemen beti etxean sentitu gara. Bakoitzak bere bidea eginda ere, oso gaztetatik ibili gara sagardotegian: txotx garaian laguntzen, zerbitzari gisan… Horregatik, nahiko naturala eta familiarra izan da dena, eta zentzu horretan, ez dugu mugarik sumatu. Bagenekien hasieratik mundu hau oso maskulinoa zela, baina ez sagardogintza bera, orokorrean enpresa mundua baizik. Mugak zentzu horretan izan ziren gehiago. Baina egia da, sagardo sektorean sartu nintzenean, agian beste sagardogileak gaztetatik ezagutzen nituelako-edo, hor ez nuela inongo trabarik izan.

  Sektorea ere aldatu den seinale.

Bai, argi eta garbi. Agian batzuek oraindik ere bilatuko dute gizonezkoaren figura hori, baina geroz eta sagardotegi gehiagotan daude emakumeak buru. Gainera, gertutik ezagutzen ditudanek, guk bezala, oso modu naturalean eman dute pausoa, benetan hori bilatu gabe, horrela atera delako. Azkenean, garrantzitsua da ereduak egotea eta gaiaz hitz egitea. Jaionek, esaterako, Gastronomikako Gastroanderen parte hartu zuen duela urte batzuk. Sagardogintzarekin baino, ostalaritzarekin eta sukaldaritzarekin du zerikusia foro horrek, baina gu hori guztia ere bagarenez, identifikatuta sentitu ginen. Bakarrik ez zaudela sentitzeak eta dituzun zalantzak beste batzuekin partekatzeak, horrek ematen du babesa.

"Sagardo sektorean sartu nintzenean, agian beste sagardogileak gaztetatik ezagutzen nituelako-edo, ez nuen inongo trabarik izan".

  Sagardo Mahaia Elkarteko lehen emakumezko lehendakaria ere izan zinen.

Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko lehendakari izana zen aurretik Iparragirre sagardotegiko Arantza Eguzkiza, baina Sagardo Mahaian bai, ni izan nintzen lehenengoa. Harremana oso naturala izan da, eta ongi sentitu naiz beti. Hasi nintzenetik, bileretan-eta emakume bakarra izanda ere, ez dut tratu desberdinik sumatu. 2008an hasi nintzen parte hartzen, eta 2011n izendatu ninduten lehendakari. Baina, esan bezala, sektore barruan ez dugu arazorik inoiz izan. Beste gauza bat da bezero eta hornitzaileekin…

  Zailagoa da haiekin harremana?

Tratua zailagoa da haietako zenbaitekin, bai. Bezeroekin harremanetan, konturatzen zara batzuetan distantzia markatzen dutela, eta gure aitarekin ari zirenean, gizonen artean zeudelako, beste konfiantza eta rollo bat sortzen zela. Badakizu zuk hori moztu egiten duzula. Beraz, bai, orokorrean nahiko ongi, baina bezero edo hornitzaile batzuekin zailtasun gehiago izan dugu, sektore barruan baino gehiago.

(Jaione Gaincerain ahizpa ondoko mahaian ari da lanean, eta zera gehitu du: Hona saltzera datozenekin ere, askotan gertatzen da. Galdetzen dute: “Non da nagusia? Harekin hitz egin nahi dut zuzenean”. Eta guk: “Bai ba, gu gara nagusiak!”. Telefonoz ere askotan pasatzen da hori.)

Bai, eta zenbait momentutan, konturatu izan naiz paternalismo kutsu batekin ere tratatu izan gaituztela, “ai mi niña…” eta antzekoak. Baina, tira, beti kanpoko jendearekin izan da hori. Bestetik, txotxera datorren jendearekin ere, denetik izaten da. Hor publikoa oso gizonezkoa izaten da…

  Horixe galdetu behar nizuen. Sagardotegiak esparru maskulinizatua izaten jarraitzen du, ezta?

Jaione: Bai, esparru oso maskulinoa da oraindik, astean zehar batez ere. Asteburuetan nahasiagoa da kontua, bikoteak ere badatoz, kuadrilla mistoak, neskek osatutako taldeak… Baina astean zehar, emakumeak, zero. Egun askotan bakar bat ere ez da etortzen.

  Zergatik da horrela?

Gizonezkoek oraindik bizitza sozial gehiago dutela uste dut nik. Bestetik, enpresetako afari, bazkari eta horrelakoetan ere haiek etortzen dira gehienbat. Azken batean, gizartearen isla da sagardotegian ikusten dena. Neska solteren bat badago, baina oso puntuala izaten da. Bestalde, egia da azken urteetan aldaketa ere sumatu dudala, nolabait. Ni gaztetxoa nintzenean eta hemen zerbitzari aritzen nintzenean, hor zegoen gizonezko kuadrilla tipikoa, txuletoiarekin… haiek bai zirela sagardokoak, eta gu, berriz, kamarerak. Ei, polita! eta halakoak entzuten genituen. Eta esaten bagenuen sagardoa guk egiten genuela, ideiarik edukiko ez bagenu bezala tratatzen gintuzten zenbaitek. Zentzu horretan, uste dut gaur egun normaltasun pixka bat gehiago lortzen ari garela. Hori, edo politikoki zuzenagoak izaten ikasi dugu.

 

Donostiako Udala auzitara eraman –eta hura irabazi– zuten emakumeak

Jokin Mitxelenaren ilustrazioak / SAGARDOETXEA

Iraganera begira jarri gaitu Lourdes Odriozola historialariak. Emakume ekintzaileak sagardogintzan erakusketa osatu zuen 2019an, Astigarragako Sagardoetxea museoak bultzatuta. XVI. eta XVIII. mendeen artean sagardoarekin lotura estua izan zuten lau emakumeren historia eta bitxikeriak jaso zituzten bertan: Maria Labaien, Maria de Etxebarria, Ana de Beroiz y Fagola eta Maria Josefa de Orobiorenak. Sorpresa ederra hartu zuen historialariak Gipuzkoako erregistroan ‘emakumeak eta sagardoa’ bilaketa egin eta 202 erreferentzia azaleratu zitzaizkionean. Epaiketak, lapurretak, dibortzioak… garaiko prentsa arrosa kutsua zuten auzi eta epaiketetako oharrek, baina emakumearen eta sagardoaren arteko lotura aspaldidanikoa dela frogatzen zuten. Emakume ekintzaile horietako biren istorioak ekarri ditugu hona.

Maria Labaien eta konfiskatutako upelen historia

1565ean gertatu zen. Merkataritzako negoziantea zen Labaienen senarra, eta hura hil zenean, berak hartu zuen erreleboa. Ternuara zihoan itsasontzi baten akzioduna izan zen Labaien, baina diruz ordaindu beharrean, sagardoarekin ordaindu zuen bere partea. Zer gertatu zen? Itsasontzia ateratzekoa zen Pasaiko portua oso gatazkatsua zen garai hartan, hiru herrien jurisdikziokoa zelako: Hondarribia, Errenteria eta Donostia. Labaienek sagardoa itsasontzira zeramala, Donostiako agintariek upel guztiak konfiskatu zizkioten, ontziek Donostiako jurisdikziopeko sagardoa soilik har zezaketela argudiatuta. Eta Labaien lezotarra zen… Emakume hark bazekien gizonezkoen mundu batean ziharduela, baina atzera bota beharrean, ausardiaz, Donostiako Udala auzitegira eramatea erabaki zuen. Auzitegiak arrazoia eman eta konfiskatutako upelak itzultzera behartu zuen Udala. Gaur, Labaien oinarritzat duen pertsonaiaren bisita jasotzen dute urtero Lezoko jaietan, omenaldi moduan, eta bere bizipenak abiapuntutzat hartuta ipuin-liburu bat ere atera zuen hango udalak.

Maria de Etxebarria eta sutea itzali zuen sagardoa

Ba al zenekiten garai batean, ura falta zenean, sagardoa erabiltzen zutela herrietako suteak itzaltzeko? Bada, hori izan zen Etxebarriaren kasua, 1637an gertatua. Gaurko Donostiako Alde Zaharrean bizi zen Etxebarria, Fermin Kalbeton kalean. Familia ezagunekoa zuen senarra, Okendotarren sendikoa. Baina alargun gelditu zen Maria de Etxebarria, sei seme-alabekin eta senarrak utzitako zorrekin. Horiei aurre egiteko, beste ekoizleen sagardoa saltzen zuen, etxeko sotoan muntatutako negozioan. Egun batean, sute handi bat sortu zen haren etxetik hurbil, eta ur guztia bukatu zenez, bere sagardoa erabili zuten sua itzaltzeko. ‘Listo’ xamarrak izanen ziren orduko agintariak, ez baitzioten ezer ordaindu Etxebarriari. Hori onartu ez, eta auzitara eraman zuen udala –bai, beste behin, historia errepikatzen dela diote, ezta?–. Kasu hartan ere, irabazle atera zen emakumea: sua itzaltzeko erabilitako sagardo guztia ordaindu behar izan zion udalak azkenean.


ASTEKARIA
2021eko abenduaren 26a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sagarrondotik
2024-12-16 | Jon Torner Zabala
Euskal Sagardoa
Ipar eta hego, mendeetako tradizioa txapel beraren pean

Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak erronka ezarria dio bere buruari: Euskal Herri osoko sagar eta sagardogileak biltzea. “Sagardoaren kultura lurralde osoan dago, eta lurralde osoan mantendu dira sagardotarako sagarrak”, esan digu Unai Agirrek, sor-markaren... [+]


2024-12-16 | Garazi Zabaleta
Ozaetako (barrundia) sagar zuku ekoizpena
8.000 sagar zuku litro ekoitziak, 900 biztanleko herrian

“Aterako dut sagar zuku bat?”. Galdera horrekin hasi da Barrundiako Ekonomatoko kide Koldo Lopez Borobia, Susana Lopez de Ullibarri eta Santi Txintxurretarekin izandako elkarrizketa. Sagar zukuaren bueltan eta sagarrondoz inguratutako lorategian elkartu gara. Hau ez... [+]


2023-12-20 | Jon Torner Zabala
Usurbilen, esperientzia parte-hartzaile eta burujabea

Usurbilen (Gipuzkoa), 30 urteren bueltan dabiltzan bost gazte sagardoa egiten hasi ziren duela zortzi bat urte. Beñat Irazusta, Mikel Rosales, Josu Furundarena, Aitor Pagola eta Joxe Mari Zubimendi –“kalekumea ez den bakarra”, Irazustak esan... [+]


2023-12-20 | Jon Torner Zabala
Sagarrondu
Sagastia okupatu, hura biziberritzeko

Jaiotzez hangoak ez baina Donostia inguruan bizi diren zazpi-zortzi neska, trans eta bollerak osatzen dute Sagarrondu “desjabetuon ekoizpen taldea”. 25-30 urteren bueltakoak dira ia denak, kaletarrak, baina lurrarekin lotura dutenak; bakarren bat aritua da lehen... [+]


2023-12-15 | Jon Torner Zabala
Stalinen mandatupean gatibu hil zen botanikari sobietarra

Nikolaï Ivanovich Vavilov, Moskun jaioa 1887ko azaroaren 25ean. Hainbat elikagai kultibaturen jatorria identifikatu zuen botanikari eta genetista. 1940an, Ukrainako lurretan haziak biltzen ari zela, polizia sekretuak atxilotu egin zuen, eta 1942an gulag batean sartu zuten... [+]


2023-01-18 | Jon Torner Zabala
Eduardo Zubiria
Sagarrondoak 1.000 metrora landatu dituen eskultore matematikoa

Eduardo Zubiria, Iruñean jaioa 1963an, sagardogile eta artista matematikoa. Ama, oskoztarra; aita muskiztarra. Sustrai imoztarrak, Ultzamaldean. Badauzka han 100 urteko sagarrondoak, baita beste sagasti bat ere Erronkarin, mila metrotik gora. Artista moduan egurra lantzen... [+]


2023-01-18 | Garazi Zabaleta
Sagarraren “azken mohikanoek” badute segidarik Baztanen

Azaroa izateko epel xamar dagoen arratsalde batean iritsi gara Baztango Arizkun herri txikira, eta frontoiko mural erraldoiak herriak sagarrarekin duen loturaz zerbait esan digu segituan. Batzabalea izeneko etxean sagarraz asko dakien gizon bat bizi dela kontatu digute: Pello... [+]


2021-12-22 | Jon Torner Zabala
Tian Shan mendilerroa, sagarrondoaren “sorleku”

XIX. mendearen amaieran, botanikariak galdetzen hasi zirenean laboreen jatorria zein izan zitekeen, ondorioztatu zuten etxeko sagarrondoa sortu zela Europako basa sagarrondoaren eta Asiako beste zenbait espezieren hibridaziotik. Eta, orain gutxi arte, horrela zela pentsatu izan... [+]


2021-12-22 | Jon Torner Zabala
Trebiñu sagardotegia
Udaberriko izotzetara egokitutako sagarrondo berantiarrak

650 metroko garaieran, izotza sarri, Araba erdian baina Burgosen, “lurralde ahaztua”. Trebiñuren bereizgarriek derrigor markatzen dute hango laborantza, sagarrarena tartean, 1998an Askartzan ireki zuten sagardotegiaren ibilbideak erakusten duenez.


2020-12-15 | Jon Torner Zabala
Genesitik Zakilixutera

Gure aitona-amonek egongelako paretan zintzilikaturik zeukaten bodegoi ilun xamar horretako sagarrek hamaika lehengusu daukate, bereziki –baina ez soilik– pinturan, fruitu honek artean eta oro har gure bizitzetan eta imajinarioan izan duen presentziaren lekuko... [+]


2020-12-15 | Unai Agirre
Sagarra, Euskal Herriko altxorra

Sagarra da Euskal Herriko altxor handietako bat, hemengo baserri eta sagastietan mendez mende garatu, hobetu eta gureganaino heldu dena. Harekin batera, sagardoa, milaka urtean bidelagun izan duena. Aberastasun izugarria dugu, sagardotarako bereziak eta bakarrak diren sagar... [+]


2020-12-15 | Jon Torner Zabala
Mikel Garaizabal, enologoa
“Aurten txotxa desberdina izango da, baliatu dezagun eredua aldatzeko”

Ardoa, garagardoa, baita txakolina edota olioa ere, iraultza baten lekuko izan dira guztiak, produktuaren dibertsifikazioa bultzatu eta balioa eman dien prozesu batetako protagonistak. Sagardoari dagokio orain urratsa ematea, merkatuan nor izan nahi badu, Mikel Garaizabal... [+]


Kaleko sagardotegiak
Upela urbanoen itzulera?

Auzo eta baserri guneetan ikusten ditugun arren, duela ez asko ohikoagoa zen sagardotegiak kalean egotea, herri kaskoetako alde zaharren eraikinen behealdeetan. Zenbait tokitan XX. mendearen erdialdera arte iraun zuten gainera, Hernanin kasu, baina legedi zurrunak, ohitura... [+]


Sagartzea
Ipar Euskal Herriko sagardogintza berpiztu duen elkartea

Ipar Euskal Herrian sagardogintza berriz abiarazi duen Sagartzea elkarteak 30 urte beteko ditu 2020an. Xinaurri lana eginez, bertako ehunez gora sagar mota identifikatu ditu, geroa segurtatzeko gisan eremu pribatu zein publikoetan berriz landatuz. Hauetarik zazpi lehenetsirik,... [+]


Eguneraketa berriak daude