Hil ala biziko muga Euskal Herrian

  • Etorkinen parean blindatzen dabil Europa. Kanpoko mugez gain, barneko anitz ditu poliziaz josiak ala zuzenean hetsiak. Tartean, Irun eta Hendaia artekoa. Aitzina egin beharra hil ala bizikoa izanik, haien bizia arriskuan jarriz dabiltza milaka immigrante muga zeharkatzen. Gutxienez zazpi dira 2021ean gurean hildakoak. Irungo Udala, Hendaiakoa, Eusko Jaurlaritza eta Euskal Hirigune Elkargoarekin mintzatu gara, drama gehiago ez gertatzeko bideratu beharreko urratsei buruz hausnartzeko xedez. Orriok ilustratuz, Gari Garaialde fotokazetariaren lanarekin gozatzeko aukera du irakurleak.

Hiru migratzaile Bidasoa ibaia igarotzen trenbidetik, polizia konturatu gabe.
Hiru migratzaile Bidasoa ibaia igarotzen trenbidetik, polizia konturatu gabe. Gari Garaialde (CC-BY-NC-ND )

Tessfit eritreara, 21 urte; Yaya bolikostarra, 28 urte; Abdulaye ginearra 17 urte; bolikostar ezezagun bat, 28 urte; Mohamed, Fayçal, eta hirugarren ezezagun bat, 21, 23 eta 30 urte, hiruak aljeriarrak. Gutxienez zazpi dira 2021ean Irun eta Hendaia arteko muga administratiboa trabeskatzerakoan bizia galdu duten herritarrak. Zazpiak atzerritarrak, zazpiak gero hobe baten bila Europara etorriak eta zazpiak Poliziaren kontrolak saihesteko hil ala biziko arriskuak hartzera behartuak.

"Mediterraneoa agerikoa genuen; orain, etorkinen hilerri berria dugu Pirinioen ingurua ere, Italia eta Frantzia arteko mugaren eta Mantxaren gisara". Claire Rodier juristaren hitzak dira. Epaitegietan bezainbat karrikatik ari da etorkinen eskubideen alde borrokan, immigranteei informazioa eta sustengua bideratzen dabilen Gisti elkartetik eta Europaren migrazio politikak hurbiletik segitzeko sortu zuten Migreurop egituratik.

Ibrahima, Aden, Abdoulaye eta Oumar, lau gazte ginear, muga pasatzeko bide bila. / Gari Garaialde ( CC-BY-NC-ND )

Irun eta Hendaia arteko errealitateari begira jarri gara, ezer ez bada aldatzen, heriotz gehiago gertatuko direlako: Nolakoa da gaur egungo errealitatea? Asilo eta migrazio politika Europar Batasunaren eta estatuen esku izanda, zer egiten dute lehen lerroan diren lekuko instituzioek? Zer egiten dute, zer ez dute egiten, eta zer egin dezakete? Maleruski, hitz ederrek ez dituztelako Bidasoako lasterrak eta mendi magalen maldak eztitzen. Galdera horien inguruan aritu gara Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asiloko zuzendari Xabier Legarretarekin, Euskal Hirigune Elkargoan mugaz gaindiko harremanen ardura duen presidenteorde Joseba Erremundegirekin, Hendaiako auzapez Kotte Escenarrorekin eta Irungo herriko etxean gehiengoan dagoen hautetsi David Nuñorekin. Irungo Harrera Sareko Josune Mendigutxiarekin ere hitz egin dugu, ongi dakielako muga horretako berri, ia goizero San Juan plazan etorkinekin elkartzen denak.

Bi migratzaile emakume beren alaba banarekin ezagutzen ez duten pertsona baten autoan sartzen, muga igarotzen lagunduko diela esan ostean honek / Gari Garaialde ( CC-BY-NC-ND )
Mugen hesteak ez dakar migrazioaren gelditzea...

Abenduko goiz hotz eta lanbrodun honetan hamabost bat gazte kontseilatzen dabiltza Harrera Sarekoak: Europako mapan zehazki non gauden erakusten, bide ezberdinen arrisku mailaz informatzen, asiloa eskatzeko prozedura azaltzen, poliziaren parean hartu beharreko jarrera aholkatzen... Egun batzuk lehenago bertan egondako bolikostarra etorri zaie berriro, desesperaturik. Baionan poliziak kontrolaturik, berriro hor dago, muga administratiboaren beste aldean. Mendiz mendi burutu zuen Ipar Euskal Herrirako zeharkaldia. Zenbat orenez egin zuen galdetu eta bi eskuetako atzamar punta guztiak hunkitzen ditu banan-banan: gau guzia pasa zuen mendian oinez.

"Igarobide jakin batzuk oraindik ere itxita egoteak ez du inola ere eragozten pertsona horiek irteteko duten asmoa". Hori irakurri dezakegu Jean-René Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko presidenteak eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, azaro bukaeran, bi eskuz idatzitako agirian. Haien "atsekabea" eta "kezkarik handiena" adierazi zuten Bidasoan gertaturiko azken dramaren biharamunetan. Ez dira ohikoak bi instituzioen arteko adierazpenak, eta hori jada bada arazoaren kontsiderazioaren froga. Iragaitzazko migratzaileentzako "igarotze segurua bermatzea" galdetzen diete Europar Batasunari zein estatu kideei.

Bidasoa ibaiaren ondoan, muga pasatzeko une egokiaren zain Afrikatik etorritako bost herritar, Irunen / Gari Garaialde ( CC-BY-NC-ND )

Frantziak 2020ko martxoan hetsi zuen Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko muga administratiboa, koronabirusaren izurriarengatik, eta orduz geroztik hetsirik segitzen du, "mehatxu terroristagatik" eta "immigrazio klandestinoa oztopatzeko". 2015ko azaroaz geroztik zituen kontrolak areagoturik, arrazoi berengatik. Alta, 1995az geroztik Europaren barnean libreki mugitu daiteke, Schengen espazioari esker. Iraganeko kontua dirudi horrek, norma berria bilakatu delako Schengen araudiak dakarren salbuespena. Hain zuzen, egoera "ezohikoetan" berrezarri daiteke barne-mugen kontrola. Horretan gaude. "Europako Batzordeari bideratu behar zaio salbuespenaren eskaera erregularki, eta izan immigrazio irregularra, terrorismoaren kontrako borroka edota osasun neurri gisa, beti badu aitzaki bat Frantziak. Zirkulazio askatasunaren printzipiorik ez da gehiago Schengen espazioan, eta noski, etorkinek dute gehienik pairatzen mugen kontrola", dio Rodier juristak. Nola ez, Genevako Hitzarmenak bermaturiko ez-itzulketaren printzipioa zangopilaturik da gehienetan, aipatu dugun bolikostarraren lekukotzak frogatzen duen bezala.

Hau da oinarrian dagoen arazo potoloa, eta tokiko instituzioek eragiteko gaitasun gutxi dute, mugen gaineko erabakia ez delako haien esku. "Ez da gure eskumena, gure lurraldean pairatzen ditugun dramen eta herritarron eskaeren bozeramaile gara, baina ez gara entzunak". Hendaiako auzapez Escenarroren hitzak dira, eta sentsazio bera da mugaren beste aldean ere: "Espainiak entzuten gaitu, baina beste estatuek ez gaituzte kontuan hartzen; Europak hitz ederrak ditu, baina hitz hutsak dira", Irungo Nuñoren arabera.

Irunera iritsi berri den afrikar bat Lakaxita gaztetxean. Herritarren elkartasun sarean leku berezia bete du proiektu honek. / Gari Garaialde ( CC-BY-NC-ND )

Mugak itxita egotearen ondorioetan dugu ere pasatzaileen mafiaren presentzia. Begi-bistakoa da Irunen. Denetarik dago, baina 150 euro inguru balio du Irun-Hendaia muga zeharkatzeak. Baina Rodierrek argi du eta hautetsiek ere bat egiten dute baieztapen honekin: "Pasatzaileak ogi benedikatuak dira Frantziarentzat, haren diskurtso faltsua osatzeko balio diete. Erran gabe doa pasatzaileak hor direla mugak hetsiak direlako".

Presionatu beharra

Eskumenik ez ukanik, behintzat erabakiguneetan daudenak presionatzen dabiltzan galdetu die kazetariak. Guztiek baietz, badabiltzala. Eusko Jaurlaritzako Legarretak aipatzen du Beatriz Artolazabal Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Jose Luis Escriva Espainiako Gizarte ministroari azaroaren 22an bidalitako gutuna, eta dioenaz "espazio guztiak aprobetxatzen" dabiltza "intzidentzia egiteko". 2018az geroztik bildu ez den autonomia erkidegoen arteko batzordea batzeko eskaera ere luzaturik diote Madrili. Nuño ere bide beretik doa: "Dauzkagun erremintak baliatzen ditugu presioa egiteko, talde gisa komunikabideen aurrean, Eusko Legebiltzarrean gure parlamentarien bidez, gure diputatuen bidez Espainiako Kongresuan eta Europan ere gure europarlamentariei esker". Idoia Villanueva eurodiputatuak idatzizko eskaera orri bat eman zion abuztuan Barne Gaietarako Europako komisario Ylva Johanssoni, Irun eta Hendaia arteko egoera salatuz. Presioari buruz galdetuz gero, baietzan dabiltza Iparraldekoak ere. Etorkinen heriotzen biharamunetan plazaratu adierazpenak eta agiriak dituzte adibidetzat. Hala ere, "presioa" baino gehiago "interpelazioa" ikusten du kazetariak erantzun hauetan. Interpelazioa modu errepikakorrean eta tematuan egitea litzateke presioa. Ekintza konkretu batzuk plazaratzen dituzte, ordea, Erremundegik zein Escenarrok.

Euskal elkargoak azterketa juridiko bat abiatuko du

Etorkinek bidean dituzten polizia kontrolen legezkotasunari buruzko azterketa juridiko bat abiatzekotan du Euskal Hirigune Elkargoak. "Kontrol hauek salagarriak eta konstituzioaren kontra joaten direla ondorioztatzeko oinarri juridiko batzuk badirela suposatzen dugu". Hori nahi dute frogatu, helburutzat ukanik bide segurua bermatzea papergabeei: "Presioa jartzea da urrats juridiko honen helburua. Etorkinek garraio publikoak hartu ahal izatea nahi dugu. Bistan da, autobus berezirik ezin diegu bideratu; arriskutsuegia litzateke, etorkinak poliziari 'oparitzea' litzatekeelako eta elkargoa ere ilegalitatean litzatekeelako. Bide segurua dugu xede. Pausarekin [2018az geroztik bidean dabiltzanek Baionan egun batzuetarako daukaten aterpea] lortu zen adosmen gisako zerbait; lortu zen Etxegarai engaiatu baitzen eta ardurak hartu baitzituen legetik at –ez ilegalitatean, baina alegalitatean–. Hori ere presio molde bat da".

Yayaren gorpua erreskatatzen suhiltzaileak eta Ertzaintza. 28 urte zituen, Bolikostakoa zen eta polizia kontrolen areagotzeen ondorioz, Bidasoa igerian igarotzen saiatzen ari zela hil zen itota. / Gari Garaialde ( CC-BY-NC-ND )

Escenarrok ere kontatzen du Irungo auzapezari komentatu izana desobedientzia ekintza baten proposamena: etorkinekin batera autobus batean sartzea Irungo, Hondarribiko eta Hendaiako auzapezak, eta muga zeharkatzea, hedabideei abisua emanik. Baina ideiak ez du asebetetzen: "Noski, ederra legoke argazkia, hiru alkateak eta etorkinak poliziaren eskuetan, baina biharamunean arazoa hein berean genuke. Niri ez zait argazkia interesatzen, arazoak nau hunkitzen". Frantziako Estatua interpelatu behar dela uste du Hendaiako auzapezak, mugaren arazoa Parisen delako erabakitzen: "Oso sinplea eta arrazionala da egin dezakeguna: estatuen interpelazioa. Harreraren ohitura eta tradizioa badauzkagu mugetako herriok, badakigu egiten, baina gaur egungoa ez dijoa hortik". Azaro bukaeran, agiri bateratua idatzi zuten Hendaia, Irun eta Hondarribiko auzapezek "arazoa konpontzeko beharrezkoak diren pausoak ematea" galdetuz Europar Batasunari eta estatu kideei.

Besterik ezean, harrera duina

"Noski, ezin diete ilegalki muga zeharkarazi, baina harrera duina eskaini dezakete tokiko instituzioek: aterpea segurtatu, zirkulazioa onartu, laguntza bideratzen dabiltzan egiturak sostengatu. Bizi zailtasunak doi bat arintzeko balio du horrek guztiak eta bidean zabiltzalarik asko da" juristaren arabera. Gainera, politikoki ere eragina duela dio, Europar Batasunaren politika "bortitz eta eragozgarria" doi bat arintzeko balio duelako. Harrera duina lehentasunetan dute Eusko Jaurlaritzak eta Irungo herriko etxeak eta Erakundeen arteko Koordinazio Mahaiaren baitan kudeatzen dabiltza. Bertan daude Eusko Jaurlaritza, Euskadiko hiru Foru Aldundiak, hiru hiriburuetako, Irungo eta Hondarribiko udalak, Espainiako delegaritza, Ertzaintza, Gurutze Gorria, Cear-Euskadik, SOS arrazakeria eta Munduko Medikuak GKEa. Kontingentzia-plan berezi bat dute landurik, behar izanez gero 500 laguni harrera eskaintzeko azpiegiturarekin.

Bolondres bat Bidasoako muga non dagoen azaltzen Irunera heldu berri den migratzaile bati. / Gari Garaialde ( CC-BY-NC-ND )

Legarretarekin hitz egiterakoan, azaroaren 21ean 6.887 immigrante ziren harrera zerbitzu honetatik pasa 2021ean –lehen urtean, 2018an, 5.837 lagun; 2019an, 4.244; 2020ean, 3.493–. Ofizialki, hiru egunetarako lekua ukan dezake etorkinak –guztiek ez, ordea, baldintza batzuk bete behar direlako, tartean, Espainiako Estatuan urte bat baino gutxiago eramatea, bakarrik dagoen adin txikiko ohia ez izatea, ala beste–. Hiru eguneko epea eztabaidagarria da, jakinik muga hetsirik dagoela, eta nahi baina ezin, muga ezin zeharkatuz dabiltzala etorkinak. Immigrantea "modu murriztaile eta kaltegarrian" definitzea leporatzen die instituzioei Irungo Harrera Sareak, dakielako irizpide hauei segi immigrante batzuk karrikan pasatzen dituztela gauak. "Harrera duina? Ez diete denei bideratzen. Ez nabil gezurretan, ez dut horretan interesik; iaz esan nuen 'txapo!' harrera duina eskaini zitzaielako, baina aurten ezin dut horrelakorik esan". Kritika hau ez du onartzen Legarretak: "Gure errekurtsoetara heltzen diren %97,7ak bete du perfila. %2,3 dira bete ez dutenak. Mugatuta gaude Espainiako Gobernuak duelako perfilaz erabakitzen. Eusko Jaurlaritzarengan dauden kritikak ez ditugu ulertzen zeren ondo badakite noren esku den erabakia". Muga administratiboa pasatzen lortzen dutenek Baionako Pausa gunean pasa ditzakete egun batzuk, indarberritzen, Frantzian barna segitu aitzin.

Erakundeen arteko Koordinazio Mahaian sartu berri da Euskal Hirigune Elkargoa, harrera hobetzeko, informazio partekatze eta koordinazio hobeei esker. Aurten hiru aldiz batu da mahaia, azkenik ekainean, eta ondoko bileraren datarik ez da oraindik jakinarazi. Telefonozko harremana ohikoa badute ere, azken hildakoek ez zuten, dirudienez, parez-pareko topaketa baten beharrik azaleratu.

Europako batzordera jotzeko aukera aztertzekoa da

'Hitzarmenen begiralea' da Europako Batzordea, estatu kideen partetik Europako legedia errespetatzen ote den zaintzen duelako. Rodierrek dioenaz, behin baino gehiagotan jo dute elkarteek honen gana, ustez, Frantziak etengabean bideratu mugen kontrolak Schengen espazioko zirkulazio-librea zangopilatzen duelako. Oraingoz, ez dute erantzunik jaso, baina dioenaz, "interesgarria" legoke Hendaia eta Irun arteko mugaz zuzenean hunkiak diren instituzioek jotzea Europako Batzordera: "Eragin gehiago luke, behintzat politikoki".

Dozenaka migratzaile Baionako Pausa aterpetxearen aurrean Tours hirira doan autobusa hartzear. / Gari Garaialde ( CC-BY-NC-ND )

Ideia hautetsiei komentatu eta baliteke bide hau urratzeko borondatea izatea. Escenarro da argien mintzo: "Elkarteekin kontzertazioan, Europara joko dugu beharrez. Egoera krudelegia da ezer egin gabe gelditzeko. Auzapezok Europan eragina ukan nahi badugu, anitz izan beharko gara kaleetan, auzitegietan eta behar den lekuetan". Nuñok ere dio Justiziaren bidea jorratzen dabiltzala, baina ez du xehetasun gehiago eman nahi ukan.

Elkargoak Frantziako Giza Eskubideen Ligari dei egiteko bidea aipatu zuen ere Erremundegik, estatuak eta Europa presionatzeko bideez aritzerakoan. Legarretak ere dio Frantziako Poliziak bideratu "kontrol arrazistak" eta kanporaketak "ilegalak" direla, eta gaurko egunean nazioarteko akordioak ez dituela betetzen Frantziako Estatuak, tartean, "Schengen hitzarmenaren gainetik pasatzen" delako. Bide hau serioski aztertzeko denbora hartu behar dela dio Rodierrek.

Europaren migrazio politikaren ondorio dramatikoak pairatzen ditugu Euskal Herrian ere. Hik bultza gogor hortikan, ta bultza nik hemendikan, izan hautetsi zein herritar, Europaren norabidea aldarazi beharra dago. Bere horretan segitzen badu, errepikatuko direlako bizi hobe baten bila doazen herritarren heriotzak.


ASTEKARIA
2021eko abenduaren 26a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Migrazioa
Izar Mendiguren. Saltsa berrietan beti
“Ni euskaraz bizitzeak ez du esan nahi beste hizkuntzei eta kulturei ateak ixtea”

Aiaraldea Komunikabidea sortu zuten lehen, eta Faktoria gero. Laudion dute egoitza, eta bertan ari da lanean
Izar Mendiguren. Kazetari, bertsolari, musikari, militante... Ipurdi batez eserleku bi ezin estali litezkeela dio esaerak, baina hori baino handiagoa da Mendigurenen... [+]


Alerta laranjak

Valentziako tanta hotzaren kudeaketa txarrak aldaketa ekarri du muturreko eguraldiagatik izan daitezkeen alerten inguruan, “neguko” lehenengo denboraldian agerian geratu den bezala. Hego Euskal Herrian ibaiek gainezka egingo zutelako mehatxuaren aurrean, hainbat... [+]


2024-12-18 | Mara Altuna Díaz
Migratzaileen Nazioarteko Eguna | Alberto Flores-Uranga, artzaina
“Amerikak asko eman dit, baina nik ere asko eman diot Amerikari”

20 urte zituela, Alberto Flores-Uranga Mutrikutik Idahora (AEB) joan zen artzain. Bakardadean, mendietan galduta, maiz koiote eta hartzak begira zituela."Berriro egingo nuke, zalantzarik gabe", dio, garai haiek gogoratuta.


Zaku bete galdera iritsi dira Leizaran institutuko ikasleak Pape Niangen solasaldira

Andoaingo institutuan izan da Pape Niang, bere migrazio-esperientzia kontatzen. 16-18 urteko gazteek, aurrez Pape Niang, hasiera berri bat liburua irakurria zuten ikasleek, jakin-minez, gogoetez eta galderez bete dute aretoa. Bejondeiela, pertsona kritikoak heztea baita... [+]


Autoinkulpazio kanpaina abiatu dute, Korrikan migratzaileak laguntzeagatik epaituko dituztenekin elkartasunez

Korrika kari, 36 migratzaileri muga trabeskatzeko laguntza bideratzeagatik epaituko dituzten zazpi ekintzaileei elkartasuna adierazteko batu dira hainbat eragile J´accuse [Salatzen dut] kolektiboan. Urtarrilaren 26an eginen dute manifestazioa Irungo Ficobatik Hendaiara... [+]


Nafarroako Parlamentuak Lantxotegi elkarteari konfiantza berretsi dio etorkinak gizarteratzeko prozesuan

Entitate sozial honen langileek Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiken batzordean agerraldia egin dute haien lana azaltzeko. Hizlariek etxebizitza duinak, bizileku zein lan baimena erraztea eta osasun mentaleko baliabide publiko gehiago eskatu dizkiote Foru Gobernuari... [+]


2024-11-08 | Hala Bedi
Errota Zaharra auzo elkartea
“Arrazoi eta interes askok eraman gaituzte oraingo egoerara, baina kaltetuak bizilagun guztiak gara”

Gasteizko Errotako (Koroatze) auzoan izan diren manifestazio "anonimoek" kolokan jarri dute auzokoen arteko elkarbizitza. Azalera atera dituzte ere hauetan parte hartu duten partidu politiko batzuen eta beste kide batzuen izaera faxista eta arrazista.


2024-11-05 | Julene Flamarique
Ostiraletik gutxienez 55 pertsona hil dira eta 2.370 baino gehiago erreskatatu dituzte Kanariar Uharteetako migrazio-bidean

Astelehen arratsaldean gutxienez 478 pertsona erreskatatu dituzte Kanarietako uretan, eta asteburuan gutxienez beste 1.893 lagun artatu zituzten uharteetako salbamendu ontziek. Duela hiru aste Mauritaniatik pateretan abiatuta ihesi zetozen 48 pertsona hil dira gutxienez,... [+]


2024-10-29 | Julene Flamarique
Migratzaileen eskubideen alde borrokatzeko Tinkuy taldea sortu dute Gasteizen

Arazoa munduaren ipar-hego banaketan dagoela azaldu dute Tinkuyko kideek, eta pertsona migratzaileen eskubideen alde borrokatzeko zortzi puntuko manifestua aurkeztu dute. Klima aldaketaren inguruan ere kontzientzia sortzeko konpromisoa hartu du taldeak, iparraldeko herrialdeen... [+]


Bakarrizketan

Autoan noala hasi naiz artikulua zirriborratzen, mentalki. Ideiarik onenak autoan izan ohi ditut, bakarrik gidatzen ari naizela. Bilborantz noa, Arriaga antzokira. Artedrama konpainiak Miñan antzezlana taularatuko du gaur. Urriak 25 ditu, ostirala da.

Antzokiko atarira... [+]


Teknologia
Migratzailea gehiago gabetzen

Bidaiatzea eta migratzea ondo bereizten ditugu zoritxarrez. Migrazioen kasuan, prozesua ez da amaitzen helburu duten herrira heltzean, ezta beste herri batean bizitzeko baimena lortzean ere, euren bizitzetako urte anitz, hamarkadak, eman ditzakete leku baten benetako hasiera... [+]


2024-10-21 | Leire Ibar
Frantziako Gobernuak mugako kontrolak indartuko ditu azaroaren 1etik aurrera

Neurria ezartzeko "ekintza terroristen gorakada eta migratzaileen fluxu irregularra errazten duten sare kriminalen igoera" argudiatu ditu Frantziak. Azaroaren 1etik apirilaren 30era bitartean egongo da indarrean. Horren berri eman dio Frantziako Gobernuak Europar... [+]


2024-10-16 | Julene Flamarique
Italiak lehen migratzaileak deportatu ditu Albaniara eta Von der Leyenek ekimena Europa osora zabaltzea proposatu du

Kritiken artean deportatu ditu Italiak hamasei errefuxiatu Albanian eraiki duen "harrera-zentro" batera. Proiektua 2023. urtean erabaki zen Meloniren Italiaren eta Albaniako Ramaren arteko akordio bat izan zela eta, eta "migrazio-kudeaketak bizkortzea" du... [+]


Eguneraketa berriak daude