“Ez dut nire pribilejioen biktimez mozorrotu nahi”

  • Hamar urtean zehar idatzitako bederatzi ipuin biltzen ditu Uxue Apaolazaren Bihurguneko nasak (Susa, 2021). Madrilen idatziak eta Madrilen girotuak dira, eta guztien atzean dago narratzaile berbera, zabuka dabilena etengabeko tentsio batean: gizarteak –edota bere idealek– ezarritako arauak bete behar ditu, baina ahuleziak gainditzen du egunerokoan. Beharraren eta ahalaren artean sortzen diren gatazka moralek zeharkatzen dute liburua, bistan denez, inolako asmo eraikitzailerik gabe.

Argazkiak: Dani Blanco
Argazkiak: Dani Blanco

Ez dauka idazteko denborarik Uxue Apaolazak (Hernani, 1981), eta nahiz eta liburu aurkezpenetan sarri “idazle txanpiñoi” sentitu –bulegora dutxatu berri, alkandora plantxatuta eta tupperrarekin azaltzen diren gizonak dira “txanpiñoiak”–, argi dio: “Besteen denborarekin idatzi dut liburu hau”. Lanpostu finkorik gabe eta ume txikia zaindu behar, lagun baten aholkuari kasu egin eta Arabako Foru Aldundiaren Ignacio Aldecoa bekara aurkeztu zuen liburu proiektua. “Beka jasotzean idazteak lan kategoria hartu zuenez, mesedeak eskatzen has nintekeen”. Eta ordura arte lehen zirriborroan utzitako ipuinak berridazten hasi zen, egiturak fintzen, ahotsak bateratzen, ipuinen arteko loturak egiten, azken emaitzarekin gustura gelditu arte –edo editoreak “kito” esan arte–.

“Niretzat idaztea berridaztea da. Hasieran, lehen kolpe bat izaten da, irudi bat, eta susmo bat: hau ona izan daiteke, eman dezake aukera anekdota batetik arnas sakonagoko zerbait ateratzeko. Gero hasten naiz lehen zirriborro hori moldatzen, mozten, eta berridazketa prozesu horretan sortzen da ipuina”. Denbora tarte luzean idatzitako ipuinak direnez, bereziki tematu da bakoitza banaka lantzen: “Nahi nuen ipuin bakoitza izatea irakurgarria bere horretan. Bestela, loturak egiten hastean, beti egon daiteke tentazioa sartzeko ipuinen bat bestela agian sartuko ez zenukeena baina ingurukoekin zentzua daukana. Hori saihestu nahi nuen”. Lur izeneko narratzailearen ahotsak kontatzen ditu guztiak, eta hasieran monotonoegi izango ote zen kezka bazuen ere, saiatu da beste alderdi batzuetatik aniztasuna ematen: “Ipuinen forma landu dut, edota saiatu naiz ahotsa beti bera izan arren protagonista beti bera ez izaten”. Orain, liburua kalean delarik, ez da pertsonarik egokiena sentitzen hartaz hitz egiteko. “Liburu hau zer den kanpoko norbaitek esan behar du. Edo irakurleak, edo kritikoak, baina nik ez”. Argitaratu duen idazleak zain geratu besterik ez daukala dio, zalantza nagusi batekin: “Literatura den dialogo honen mailan ote nago?”.

Hamar urtean zehar idatzitako bederatzi ipuinek osatzen dute Bihurguneko nasa, eta aldi luze hori gorabehera, badituzte antzeko ezaugarri batzuk. Narratzaileaz edo lokalizazioez gain –Madrilen kokatuta daude denak–, partekatzen dute ikuspegia ere, munduarekiko arroztasun modukoa. Ipuin askotan, bestea mehatxua da, fidatzekoa ez dena.

Bai, badago arroztasuna bestearekiko, edo familiarekiko, edo bere buruarekiko. Arroztasuna izan daiteke auzi abstraktua eta filosofikoa, baina oso egoera konkretuetan gauzatzen da: askoz errazagoa da hemen arrotz sentitzea beltza bazara, edo homosexuala, edo emakumea, edo gizena, edo zaharra. Araua betetzen ez duena errazago sentitzen da arrotz, eta baita erridikulu ere. Jauzi hori interesatzen zait: araua betetzen ez duenak ahalduntzean erridikulua egiten du. Gizon batek bizarra egitean aurpegian zauri bat egiten du eta lasai doa klasera. Aldiz, nik odola hankartean baldin badaukat, erridikulua egingo dut. Oso ausarta izan behar da erridikuluari eusteko, epika guztiek behar dutelako publiko bat aurrez pixka bat gidatuta dagoena zurekin bat egiteko. Lur –narratzailea– joan etorri horretan dabil: egin nahi luke erridikulua ekintza sublime eta iraultzaile bezala, baina askotan ez da ausartzen, ekintza iraultzaile bat testuinguru okerrean ekintza erridikulu bat delako. Pentsatzen du zerbait, eta egiten du kontrakoa.

Ez da gizarte arauekin bat egiteko gai, baina haiek betetzen ditu, ezinbestean.

Heldua izatearekin ere badauka zerikusia. Oraindik ere, 50 urteko umerik gabeko emakumea bazara ez zaituzte heldu-heldutzat hartuko, kontzertuetara joango zarelako, eta ez dituzulako beteko heldu baten ezaugarriak. Heldua nor da? Hipoteka eta lana daukana, ezkonduta dagoena, umeak dauzkana. Nahi gabe, bestelako ereduak jotzen dira heldugabetzat, trauskilagoak eta informalagoak iruditzen zaizkigulako. Lurrek galdetzen du une batean: noiz utziko diot neska izateari, emakume izateko? Nik 40 urte dauzkat eta oraindik neska deitzen didate, baina nabaritu dut umea eduki dudanetik helduagoa naizela zenbaiten begietara. Eta klasearekin, berdin: klase ertain delako fikzio horretatik behera baldin bazaude, aukera asko dauzkazu heldugabea izateko, jatetxeetara joan beharrean bokadilloak jango dituzulako, ez duzulako gustu garatu bat izango etxean jarri beharreko kortinen inguruan. Heldutasunak zerikusia dauka norma betetzearekin.

"Ekintza iraultzaile bat testuinguru okerrean ekintza erridikulu bat da"


Arroztasun sentipen horrek zipriztintzen ditu Lurrek ingurukoekin dituen harremanak, gertukoenekin ere hautsi ezin den horma bat balu bezala.

Bai, eta beldurra, funtsean nahi duelako maitatua izan, eta besteek pentsatzea fundamentuzko norbait dela. Niri antzeko zerbait gertatzen zait idazketarekin: asko beldurtzen nau nik idatzitakoa gertukoek irakurtzeak, iruditzen zaidalako ikusiko dutela nigan normalean ikusten ez duten zerbait gaiztoa edo txarra. Zeren ni ondo portatzen naiz, lanera joaten naiz, iritzi zuzenak dauzkat… eta pentsatzen ditudan gauza askorekin ez nago ados, baina pentsatzen ditut. Literatura da niretzat alderdi horiek askatzeko lekua. Fikzioak ez du minik egiten, babesa da zuretzat eta hartzailearentzat. Fikzioan ez duzu zerbait baieztatzen, zerbait planteatzen duzu. Ipuinak mozorroak dira, zure alderdiren bat askatzen laguntzen dizuten gezurrak, baina, hori eginez, inoiz baino egiatiagoa zara. Estetikak ezartzen dizkizun mugak askatasun espazioa dira beste inola esango ez duzun egia bat esateko, eta horregatik da idaztea hain estimulatzailea: mozorro horrekin mugara eraman ditzakezulako eguneroko bizitzan esango eta egingo ez zenituzkeen gauzak.

Noski, badira sekula jarriko ez zenituzkeen mozorroak ere. Duela gutxi konturatu naiz gauza batez: liburuan ekintza oso arrazista bat ageri da, baina ez dago Lurren ahotsean, Leticia pertsonaiarenean baizik. Narratzailea ez den bati jarri diot asko mespretxatzen dudan ekintza bat. Mekanismo psikologiko bat izan dela uste dut, mozorroa sarri izaten delako burla, edo kritika, edo satira. Niri asko molestatzen dit inauterietan gizonak emakumez janzten direnean, iruditzen zaidalako goitik behera barre egiten digutela. Ez dut nire pribilejioen biktimez mozorrotu nahi: ezin naiz jarri errefuxiatu baten ahotan lehen pertsonan. Inbasore sentitzen naiz. Baina planteatuko dut klase ertaineko zuri batek zer kontraesan dauzkan errefuxiatu baten aurrean.

Fikzioan edozerk ez badu balio, non dago balio duenaren eta ez duenaren arteko muga?

Ez dakit. Baina bizi banaiz zure kontura irabazitako pribilejio batzuetatik, gero ni zure ahotik hizketan jartzea kasik lizunkeria iruditzen zait. Hor muga oso garbia sentitzen dut. Ez dut esango gizonek ezin dutenik fikzioan emakumeen ahotik hitz egin, baina batzuetan –ahotsa protagonistarena denean batez ere– kirrinka egiten dit, agertzen garelako feminista perfektu bezala, edo…

"Pentsatzen ditudan gauza askorekin ez nago ados, baina pentsatzen ditut. Literatura da niretzat alderdi horiek askatzeko lekua"

Testuak berak huts egiten duelako?

Bai, baina nabaritzen da gizon batek idatzia dela. Oso ariketa zaila da hori, zuk zapaltzen duzuna ez delako gizarajo tentel bat. Umore bat dauka zure kontra, edo lagunartean zuri deitzeko modu bat. Jarriko banintz emakume migratu baten ahotsetik idazten, zer irudikatuko nuke? Emakume super langilea, beti kezkatuta bere seme-alabengatik… Oso zaila iruditzen zait.

Liburuaren aurkezpenean Ibon Egañak aipatu zuen zure literatura morala dela, baina ez moralista. Badago moralismoan ez erortzeko ahalegin kontzienterik?

Ateoa naiz, ez nago bataiatuta, baina oso pertsona morala naizela uste dut. Katoliko bati Jainkoak barkatzen dio, baina niri nork? Ez daukat autoritate legitimo bat, bakarrik nago neure buruarekin. Pentsatzen dut hori dela heldua izatea. Gai bazara zeure buruari barkatzeko –ikasi beharreko kontua–, bada ondo. Baina ni ez naiz oso errukiorra neure buruarekin, eta Lur ere ez. Ahalegintzen naiz nire ipuinetan errietarik ez egiten, molestatzen didalako tonu horretan hitz egiten didatenean: “Benidormera joaten zarete beti udan!”. Bada bai, ez daukat furgonetarik Pirinioetara joateko. Orain pobreak joaten gara hoteletara, eta diru pixka bat daukanak furgoneta erosten du. Auzi horretan antidotoa da etengabe autoerrebisio bat egitea, auzitan jarriz norbere klasea, norbere jatorria… Errieta kanporantz beharrean, gogoeta morala barrurantz egitea –eta seguru norbait interpelatua sentituko dela–. Feminismoarekin koherente izanik sistema matxista batean bizi behar badut, agian ez naiz etxetik aterako, eta ateratzen banaiz, sortuko zaizkit gatazka moralak eta kontraesanak. Klasearekin berdin: klase ertaina izan behar genuen –gure gurasoek sinetsi zuten fikzio hori–, eta prekarietatean gelditu gara. Halere pobreagoengana joatean “safari bizitza” egin dezakegu, gurasoen sostenguak ez digulako uzten erabat erortzen. Ipuinen alderdi polita hori da: artifizio estetiko batean gurutza ditzakezu halako dimentsio asko, anekdotatik haragoko kategoriara eramanez.

Baina deus eraikitzailerik egiteko asmorik gabe.

Horretarako irakurlearen oso gainetik sentitu behar duzu, eta nik irudikatzen dudan irakurlea da ni baino askoz ere azkarragoa. Gainera, pentsatzen dut badaukala bere ideologia, badakiela zer iruditzen zaion ondo eta zer gaizki, sozialista den, feminista den, edo zer. Zaila zait ikasgaiak ematea, literatura erabiltzen dudalako justu kontrakorako. Niri interesatzen zaidan literatura ez da baieztapenak egiten dituena, diskurtso eginak eta kolektiboak ikuspegi indibidual batetik auzitan jartzen dituena baizik. Zeren diskurtso kolektibo horiek pertsona oso ahulen gainean sostengatzen dira egunerokoan. Banaka oso ahulak gara, biziraun behar dugulako nolabait. Ipuinak konplizitate deiak dira askotan: “Lagundu! Ulertzen dit norbaitek?”.

"Katoliko bati Jainkoak barkatzen dio, baina niri nork? Ez daukat autoritate legitimo bat, bakarrik nago neure buruarekin"

Literaturak arrakalak sortzen dituenean, indibidualtasunetik egiten du?

Nire literatura indibiduala da, baina etengabe kolektiboarekin talkan dagoen indibidualtasun bat. Eta, nahi edo nahi ez, hor politika dago beti, ez mezu politiko bat eman nahi dudalako, baizik eta pertsonaiak daukalako posizio bat, munduari begiratzeko modu bat. Diskurtsoak ematea ere ondo iruditzen zait: panfletoak asko gustatzen zaizkit, baina ez nire ipuinetan. Eta gero, primeran iruditzen zait jendeak kritika egitea ikuspegi feministatik, materialistatik edo estetikotik. Niri molestatzen dit idazleak esaten duenean bere liburua nola ulertu behar dudan, izan ahoz, izan testuan bertan. “Liburu hau feminista da”. Tira, esango dizut nik. Ez gara idazleok geure liburuez hitz egiteko egokienak. Zuk irakurleari artifizio bat eskaintzen diozu, eta berak hortik jasotzen duena da gelditzen dena, ez besterik. Zein onak garen esaten duen literatura existitzea ondo iruditzen zait, baina niretzat idaztea ekintza egoista bat da: nire obsesioak kutsatu nahi ditut, eta konplizeak behar ditut –inguruan ez dauzkadanak–. Hortik ulertzen dut argitaratzea, adibidez: nire liburua izan dadila norbaiten konplize, baina ez zerbait erakusteko, baizik eta norbaitek sentitzeko: “hara, hau nire laguna da”.

Auzi moralak ere politikoak dira, zure ustez.

Hemen urte luzetan entzun da diskurtso bat: “Politika ez da morala, politika estrategia da”. Eta noski, aktibismoan zabiltzanean plangintza estrategiko bat eduki behar duzu, egia bat, diskurtso bat, sinesmen batzuk eta bide-orri bat. Baina estrategia kolektiboek norbanako asko uzten dituzte bidean, minduta, baztertuta, mila arrazoirengatik. Kolektiboak norbanakoarekin talka egitean gatazka morala sortzen da, eta niri hori interesatu zait betidanik, zer esanik ez literaturarako. Bestalde, iruditzen zait estrategia kolektibo horiek fintzeko modu bat ere badela alderdi morala, eta horregatik ez zait batere gustatzen politika estrategia hutsa dela dioen diskurtso hori.

Era berean, ez da falta diskurtso moralistarik politikan.

Uste dut gatazka moralak testuinguratu daitezkeela. Norbaitek esaten duenean “lapurtzea gaizki dago”, bada ez. Kasuaren arabera, agian gaizki egongo da, baina absolutuki behintzat ez –ziur asko gehienetan ondo dago–. Horregatik diot literaturan arrakalak ireki nahi izateak ez duela esan nahi diskurtso hori ezeztatu nahi duzunik. Nik ez dut diskurtsorik ezeztatu nahi, zalantzatxo batzuk planteatu besterik ez. Azken batean, ipuinak idaztea “pijada” bat da. Mezu jakinak botatzeko, panfleto batean askoz garbiago esan ditzakezu. Literaturaren jokoan denbora galtzen baduzu, ez da soilik zure mezua interesgarria delako. Liburua argitaratzea erabaki nuenetik orain arte ez ditut mezuak landu; erritmoa, tentsioa, forma izan da berridatzi dudana. Literaturan hori da zentrala.

Hamasei urte dira Umeek gezurra esaten dutenetik argitaratu zenuenetik. Zertan aldatu da literatur mundua ordutik?

Idazten hasi nintzenean, ematen zuen nire balio bakarra zela emakumea izatea. Baina inor ez da idazle bakarrik zerbait izateagatik, ni idazlea naiz irakurlea naizelako. Orain idatzi ditudan gauza asko nesken gauzatxoak lirateke duela urte batzuk. Sartreri iruditzen zitzaion auzi unibertsala zela bere eskua ezagutzen zuen ala ez, eta denoi interesatzen zitzaigula. Gure gauzak, aldiz, guri bakarrik. Emakumeok urte luzetan zehar ikasi genuen gizonak irakurtzen, eta orain pauso handi bat eman dugu: kontua ez da gizonek ikasi dutela emakumeak irakurtzen, baizik eta jada ez zaigula hainbeste axola. Ikusi da emakumeak ez direla nobela erromantikoak irakurtzera bakarrik dedikatzen; ahaldundutako irakurle kultuak dira. Lehen errazago mespretxa zitezkeen; orain kontuan hartu behar dira, eta idazten duzunean badakizu hor daudela.

Edonola ere, gure bilakaera ez da gurea bakarrik. Nik ezin badut idatzi Bukowskik idatzi ez balu bezala, egungo gizonek ezin dute idatzi Eider Rodriguezek edo Uxue Alberdik idatzi ez balute bezala, egun kanonean dauden bi aipatzeagatik. Feminismoa zentrala bihurtu da, ez literaturan bakarrik, gizartean ere bai. Ezin duzu saihestu, ezta gizona izanda ere. Dena zeharkatzen du.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal literatura
Omenaldia egin diote Txillardegiri, haren heriotzaren hamahirugarren urteurrenean

Hamahiru urte beteko dira asteartean, hilaren 14an, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi hil zela, eta hura gogoan, ekitaldi jendetsua egin dute Antiguako Gaskonia plazan. Urteroko legez, Txillardegiren senideak, lagunak eta euskaltzaleak elkartu dira bertan, Eta non du... [+]


2025-01-09 | Leire Ibar
(H)ilbeltza, euskal nobela beltzaren astea izango da Baztanen

Hamaikagarrenez antolatu dute euskal nobela beltzaren astea, urtarrilaren 20tik 26ra. Ekitaldi ugari egingo dira Baztango bailarako hainbat herritan. Liburu aurkezpenak, mahai-inguruak, solasaldiak eta kultur ekitaldiak izango dira, eta ekintzetan parte hartzea doakoa izango da.


2025-01-09 | Estitxu Eizagirre
Ekimen bat gehituta, hauek dira aurtengo euskara hutsezko liburu eta diskoen bederatzi plazak

Euskal kulturako berritasunak ezagutu nahi dituenak eta egile zein argitaletxeei zuzenean erosi nahi dizkienak urtean zehar baditu hainbat azoka eta ekimen aukeran. Urte askotako tradizioa dute horietako batzuek eta berriagoak dira besteak; tematikoak dira horietako asko eta... [+]


Jon Tartas
‘Ontsa hiltzeko bidea’: apez neurotikoak pistolarekin eskribatua

Joan Tartas (Sohüta, 1610 - heriotza data ezezaguna) ez da gure letren historiako idazle famatuenetarik eta, hala ere, ediren dugu gauza onik “pieza mendre” honetan, zeinaren titulua, onar dezagun hasieratik, ez den segur aski mundu honetan paraturiko izenburuen... [+]


Etorkizun bizigarriei buruzko literatura lehiaketaren sari banaketa eginen du ostiralean Sukar Horiak

Bilboko Zirika! herri gunean eginen dute banaketa, ostiralean 19:00etan. Fanzine bidez eta sare sozialetan zabalduko dituzte partehartzaileen testuak, eta irabazlearena argitaratuko du ARGIAk.


2024-12-05 | Leire Ibar
Durangoko Azokak ateak ireki ditu, ikasleen bisitarekin

Abenduaren 5ean ikasleei eta irakasleei zuzendutako tailer, hitzaldi eta ikuskizunak izango dira azokan. Dinamiken bidez sortzaileak ezagutu eta eurekin harremanetan jartzeko moduko aukera ere izango da. Edukiera guztia bete da jada ikasle goizerako. ARGIAk eskaintza zabala... [+]


“Konplexutasuna agertzeko lekua da literatura, ez lezioak ematekoa”

Helduentzako zazpigarren lana argitaratu berri du Uxue Alberdik, hirugarrena ipuingintzan: Hetero (Susa, 2024). Zortzi narrazio bildu ditu liburuan, eta denen abiapuntua izan da memorian geratu eta “noizbait ere honi buruz idatzi behar dut” pentsarazi dion paisaia,... [+]


DBHko ikasleak literaturzaletzea helburu duen irakurketa-lehiaketa aurkeztu dute

Esloveniako eskoletan izan duen arrakastari tiraka, Alberdania argitaletxeak Euskal Herriko ikastetxeetara ekarri du Joko Ona Denontzat irakurketa-lehiaketa: DBHko ikasleek “kalitate handiko liburuak” irakurriko dituzte taldeka, eta avatarra aukeratuta, horiei... [+]


Leire Lakasta Mugeta
“Hitzak harriak dira Ernauxentzat, eta idazketa labana”

Annie Ernaux (Lillebonne, Normandia, 1940) idazleak bere poetikaz eta horren funtzioaz egindako hausnarketak jasotzen dituen elkarrizketa-liburua euskarara ekarri du Leire Lakasta Mugetak (Iruñea, 2002): Idazketa labana bat da (Katakrak, 2024). Idazketaz, hautu estetiko... [+]


‘Politeismo bastarta’: lau egun Angela Davisekin eta Jule Goikoetxearen pentsamenduetan

Susa argitaletxearekin kaleratu du Goikoetxeak liburu berria: Politeismo bastarta. Nobela gisa kalifikatu arren, kronika gozo eta bizia da, irakurlea Goikoetxearen pentsamenduetan barneratuko duena. Donostiako San Jeronimo kaleko sotoan egin du aurkezpena, hamarnaka lagunen... [+]


Erraldoiek lagunduta eta haurrez inguratuta aurkeztu dugu ‘Abentura erraldoia’ liburua

Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira haurrentzako liburua modu berezian aurkeztu du ARGIAk, Donostian. Haur eta guraso ugari bildu ziren Gorka Bereziartua eta Adur Larrearen ipuinaren bueltan, eta festarako, dantzarako, ipuinak kontatzeko eta maskarak marrazteko tartea... [+]


Ipuinak idazten ikasten: nondik hasi eta zeri jarraitu?

Garazi Arrula (Tafalla, 1987) eta Iñigo Astiz (Iruñea, 1985) gonbidatu ditu Mikel Ayerbek (Azpeitia, 1980) Idazteaz beste euskal literaturari buruzko elkarrizketa-saioetako bigarrenera. Euskal ipuingintza izan da elkarrizketa saio honen gaia, eta gonbidatuen... [+]


Uxue Juarez. Hitzak pospolo
“Uretara harri bat botatzen duzunean sortzen diren uhin horiek dira poema”

Batxilergoan tutore izan nuenetik ia 10 urte pasa direla elkartu naiz Uxue Juarezekin Ur Mara museoko Toureau etxolan (Alkiza), pagoez eta Koldobika Jauregiren eskulturez inguraturik. Autoritate segitzen du izaten niretzat Uxuek, baina beste zentzu batean orain. Aurpegian... [+]


Katixa Dolhare-Zaldunbide
“Literaturaz gozatzen ikasi egiten da, eta ikas prozesu hori landu behar da gelan”

Bankan bizi den Literatura irakasle, ikerlari eta idazlea da. Irailaren hondarrean Itsasun egin zen Irailekoak poesia jaialdiaren baitan Ipar Euskal Herriko Poesiaz eman zuen hitzaldia. Besteak beste, bertan errandakoak hona ekarri nahian hasi gara harekin solasean.


Erraldoi eta buruhandien kalejirak lagunduta aurkeztuko dugu ‘Abentura erraldoia’ liburua, ostiralean Donostiako Grosen

Donostiako Gros auzoko erraldoi eta buruhandien konpartsak giroturiko kalejira eta dantza izango ditu lagun, ostiral honetan ARGIAk antolatu duen liburu aurkezpenak: Abentura erraldoia. Salba dezagun kalejira aurkeztuko dute Gorka Bereziartua eta Adur Larrea egileek.


Eguneraketa berriak daude