“Bada garaia Kosovoren legitimitatea eta subiranotasuna zuzenbide osoko estatu gisa onartzeko, bere herritarren borondatearen ondorioz sortutako estatu berri bat delako, ez zaio bizkarra eman behar demokraziari, ezta herritarren erabakiari ere”. Hitz hauekin, 2021eko azaroaren 10ean, EH Bilduko Mertxe Aizpuruak Pedro Sanchezi eskatu zion Espainiako Diputatuen Kongresuan Kosovoko independentzia aitortzea. Ondoren, sare sozialetan eztabaida bizia piztu zen eta ez da harritzekoa kontuan hartzen badugu zein den Kosovoko estatuaren legitimitatea eta soberania gradua.
Kosovo ez da herrialde soberano bat, bere erakundeak Mendebaldeak diseinatu eta horien funtzionamendua behatu, baldintzatu eta mugatzen ditu. Zenbait eskuduntza, bereziki defentsari eta segurtasunari dagozkienak, nazioarteko erakundeen esku daude. Batzuek tutoretzapeko independentziaz hitz egiten dute, beste batzuek zuzenean protektoratuaz. Horregatik, Kosovok independentzia aldarrikatu zuen AEBek eta bere aliatuek baimena eman ziotenean, ez lehenago ez geroago, 2008an. %44,9ko partaidetza izan zuten hauteskundeetatik jaio zen Kosovoko parlamentuko diputatuen %90,8ak babestu zuen independentzia aitorpena.
Serbiar probintzia ohian ez da sezesio erreferendumik egin, baina inkestengatik jakin badakigu herritarren gehiengo zabal batek independente izatea baino, Albanian integratzea nahiago duela. Horregatik, Kosovoko bandera ez da oso maitatua; are gehiago, oraingo gobernuko alderdi nagusia eta parlamentuko talde handiena, Lëvizja Vetëvendosje (Autodeterminazio mugimendua), boterera iritsi arte Kosovoko banderaren eta ereserkiaren aurkakoa zen. Vetëvendosjek askotan Kosovo independentearen egoera “neokoloniala eta antidemokratikoa” salatu eta autodeterminazioa eskatu du nazioarteko okupazioa amaitzeko.
Halere, Kosovon inork gutxik jartzen du zalantzan Balkanetako eskualde hau estatua bada Washingtonek horrela nahi izan duelako dela, horregatik, albaniar banderarekin batera Amerikako Estatu Batuetakoa ikustea oso normala da. Nazioarteko inkesta guztietan Kosovo munduko herrialderik amerikarzaleena bezala ageri da behin eta berriro. Washingtonek gerra irabazteko emaniko laguntzari esker eta independentziari emaniko babesari esker, Kosovo inoiz baino albaniarragoa da bere soberania eta “erabakitze eskubidea” mugatzearen truke. Egoera aldarazi nahi zuen Vetëvendosjek. Albin Kurti-k, alderdiko liderrak eta Lehen Ministroak, orain bost urte Politico agerkari digitalean emaniko elkarrizketa batean argi azaldu zuen: “Kosovok Albaniarekin bat egiteko eskubidea izatea gustatuko litzaiguke. Gaur egun, gure konstituzioak ez digu uzten beste herrialde batekin bat egiten. Modu baketsu eta demokratikoan egin nahi genuke hori, potentzia handiek bortizki gauzaturiko gure separazioarekin kontrastatuz”.
Kurtiren hitzek garbi uzten zuten Mendebaldeko potentziek indarra erabiliz independizatu zutela Kosovo. Izan ere, estatuen sorrerak egintza geopolitikoak dira. Lurralde baten independentziari buruzko “erabakitzeko eskubidea” ez da existitzen era abstraktuan. Ekintza politikoa da eta batzuetan herrien askatasuna bultzatzeko balio dezakeen bezala, beste batzuetan herriak zatitu, neutralizatu edota konkistatzeko izan daiteke nazioarteko potentzien mesedetan; Kosovoko kasuan Mendebaldearen eta bereziki AEBen mesedetan.
Estatu independente berri bat jaiotzeko bi baldintza behar dira: indarkeriaren monopolioa lortzea aldarrikaturiko lurraldean eta errealitate horrek nazioarteko aitortza izatea. Kosovok azken baldintzarekin du arazoa estatu normalizatua bilakatzeko. Egun NBEko estatuen erdiak gutxi gorabehera aitortzen du bere independentzia; nagusiki AEBen aliatu eta meneko herrialdeak. Halere, profil horretako estatuen artean badaude salbuespen batzuk, beraien mugetan mugimendu sezesionistak dituzten edo potentzialki izan ditzaketen herrialdeek ez dute aitortzen. Berriz, sezesioa aitortzearen kontra dauden NBEko kideen artean, Mendebaldeko blokearekin lerratu gabeko Latinoamerikako, Afrikako eta Asiako herrialdeen gehiengo oso zabala dago. Profil horretan salbuespena dira herrialde musulmanen batek edo bestek emaniko aitorpena erlijio afinitateagatik.
Laburbilduz, Kosovoko aitortzaren inguruan dagoen eztabaida borroka geopolitiko gordina da Mendebaldeko blokearen eta gainerako herrialdeen artean. Azken horiek estatu berria ikusten dute nazioarteko politikaren arauak urratu zituen prozesu biolento baten ondorio gisa, ezin baita ahaztu Kosovoko Estatuaren jaiotza NATOk Jugoslaviaren aurka 1999an buruturiko erasoan dituela sustraiak.
Jugoslaviako gerra, mugarri
Garai hartan mundua polo bakarrekoa zen. Baina, Washingtonen bazekiten nazioarteko nagusitasun oso hori ezin zitekeela denboran asko luzatu; horregatik, potentzia global berri bat sortu aurretik, segurtasun nazionaleko aholkulari izandako Zbigniew Brzezinskik adierazi zuen AEBek Eurasiaren kontrola hartu behar zutela munduko lidergoari eutsi ahal izateko. Testuinguru horretan kokatu behar da 1990. hamarkadan Washingtonek martxan jarri zuen estrategia. Ekialde Hurbilean eta Asia Erdialdean hedatzeko Balkanak kontrolatzea zen lehen pausua. Baina, Jugoslaviaren politika soberanista eta diplomazia independenteak oztopo nagusia ziren, izan ere, herrialdeak funtsezko pasabidea izan behar zuen petrolio-hodi eta gasbide potentzialentzat eta kokapen geografiko ezin hobea zuen Ekialde Hurbilean operazio militarrak abiarazteko balioko luketen base militarrak jartzeko.
Jugoslaviari eraso egiteko aitzakia bat behar zen eta oraingoan Kosovoko gatazka izango zen. Kosovo XIX. eta XX. mendeetan nagusiki serbiarrek eta albaniarrek populaturiko lurralde plurinazionala zen: bi hizkuntza (albaniarra eta serbokroaziera) eta bi erlijio (musulmana eta ortodoxoa) elkarrekin bizi ziren, beste zenbait gutxiengo nazional eta linguistikorekin, erromaniak edo turkiarrak kasu.
Kosovoko bi nazionalismoen arteko borrokak intentsitate handiko eta txikiko gerrak izan ditu, alde bietan biktimak eta erasotzaileak izan dira, baina gerra demografikoa izan da borrokaren azken emaitza baldintzatu duen elementu nagusia. Bi aldetatik kanporaketak eta (bir)kolonizazio saiakerak izan diren arren, garaipen albaniarra jaiotza-tasa erraldoi batean sostengatzen da. Kosovoko albaniarrak 1948an 498.244 biztanle izatetik 1981ean 1.226.736 izatera igaro ziren. 1961eko erroldan, albaniarrak (kulturalki asimilatutako ijitoak barne) %67 ziren eta serbiar-montenegroarrak %27,5 (eslaviarrak oro har, %30). Joera hau sakonki areagotuko zen hurrengo urteetan eta 1995ean albaniarrak (kulturalki asimilatutako ijitoak barne) %90 inguru ziren, gehiengoa Serbia atzean uzteko gogoz.
1998an, UÇKren (Kosovo Askatzeko Armadaren) eta Jugoslaviako segurtasun-indarren arteko liskarrak gogortu egin ziren. Ondorioz, bi aldeek giza eskubideen urraketak areagotu eta Jugoslaviari eraso egiteko plan bat abian jartzeko aukera politikorako egitura sortu zuten. AEBek UÇK talde terroristen zerrendan zuen, baina gatazkaren gorakadarekin Washingtonek ulertu zuen eskura zuela Jugoslaviari eraso egiteko aitzakia; horrela goizetik gauera UÇK Mendebaldeko aliatu bilakatu zen.
Momentu horretatik aurrera NATOk esku hartze humanitarioen doktrinari protagonismo osoa eman zion. Propaganda kanpaina handi bat jarri zen martxan erasoaldia justifikatuko zuten argudio eta gezurrak fabrikatuz, horietako batzuk azaldu zituen Alemaniako WDR telebistak 2001ean ekoitzi zuen Gezur batekin hasi zen erreportaje-dokumentalak.
AEBek erabakita zuten beren tropak zabaldu nahi zituztela Jugoslaviako lurraldeetan, baina, kontakizuna apaintze aldera, Rambouilleteko bake negoziazioen fartsa bultzatu zuen NATOk Jugoslaviaren aurka burutuko zituen bonbardaketak justifikatzeko. AEBen eta bere aliatuen proposamenak zuzenean Jugoslaviaren okupazio militar osoa eskatzen zuen:
“NATOko pertsonalak, beren ibilgailu, itsasontzi, hegazkin eta ekipamenduekin, Jugoslaviako Errepublika Federalaren lurralde osoan zehar bidaiatu ahal izan beharko dute, askatasunez eta baldintzarik gabe, eta horrek barne hartzen du beren aire-espaziorako eta lurralde-uretarako sarbidea. Halaber, indar horiek kanpatzeko, maniobratzeko eta NATOren ekintzak mantentzeko, trebatzeko eta martxan jartzeko beharrezkoa den edozein eremu edo zerbitzu erabiltzeko eskubidea izango dute”.
Gerraren negozioa
Jugoslaviak ez zuen akordio hori sinatu, duintasun minimoa duen beste edozein herrialdek sinatuko ez lukeen bezalaxe. Horrela gauzak, 1999ko martxoaren 28an hasi zen NATOk Jugoslaviaren kontra 78 egunez egin zuen bonbardaketa. Defentsarako aliantza bezala jaio zena, inoiz defentsa operaziorik egin behar izanik gabe, erasora pasatu zen giza eskubideen doktrina aitzakia bezala erabiliz. Lehenengo entsegua 1995ekoa izan zen Bosnia-Herzegovinan, NATOk –bere araudiak ahalbidetzen ez zuen– esku hartze militarra burutu zuen NBEren babesarekin. Bigarren aldiak, berriz, apustua igo egin zuen: 1999ko erasoa Nazio Batuen babesik gabe gauzatu zuten nazioarteko legedia hautsiz.
Bonbardaketaren lehen ondorioa izan zen AEBen gidaritzapean sorturiko nazioarteko ordena eta arauak bertan behera gelditzea. Behin Sobietar Batasuna desagertuta, Washingtonek ez zeukan asmorik bere zabalkunde militarra geldotzeko nazioarteko legediagatik. Jugoslavia izan zen lehena; gero 2003an, berriz gezurra erabiliz, Irakeko inbasioa gauzatu zuten nazioarteko legediaren gainetik.
Bonbardaketen bigarren ondorioa hildakoak eta zaurituak izan ziren. NATOk suntsipen handiko armak erabili zituen, hala nola uranio pobretuzko bonbak eta barreiatze-bonbak, izan ere, erasoaren jo muga nagusia ez ziren izan militarrak, baizik eta herritarrak. Milaka hildakoen artean zibilak izan ziren gehiengoa, adin guztietako biktimak eragin zituzten, umeak barne.
Besteak beste, NATOk eskolak, erietxeak, hedabideak eta Txinako enbaxada bonbardatu zituen. Baina helburua ez zen soilik jendea hil eta izua piztea, baizik eta herritarren bizitza zailtzea. NATOk hamarnaka zubi suntsitu zituen Jugoslavian eta elektrizitate sarea bonbardatu zuen, milioika pertsona urik eta ogirik gabe utziz. Porlan faktoriak, petrolio industriak, Yugo auto fabrika eta telekomunikazio sistemak bonbardatu eta suntsitu zituen ere bai. Niš-eko tabako fabrika hiru aldiz jo zuten bonbek.Ondoren, AEBetako Philip Morris tabako enpresak erosi zituen lantokiaren hondarrak prezio ezin merkeagoan, izan ere, bonbardaketek baliabide nazionalak lapurtzeko baldintzak sortzen ohi dituzte.
Azpiegiturak suntsitzen dira, ondoren berreraiki behar izateko. Baina, suntsituta dagoen herrialdeak ez du baliabiderik berreraikitze lanak egiteko. Irtenbide bakarra da nazioartean maileguak bilatzea. Diru hori Mendebaldetik atera ohi da Mendebaldeko enpresa pribatuetara bueltatzeko eta obrak egiteko. Azkenean etxea puskatu dizutenek zure etxearen parte bat hartuko dute beraientzat, eta beste parte bat berregiteagatik kobratu egingo dizute. Herrialdeek soberania galtzen dute zorpetu ostean, izan Jugoslavia, Afganistan, Irak edo Libia, kasu guztietan berdin funtzionatu du.
Kosovoren kolonizazioa
Hirugarren ondorioa da Kosovoko lurraren kolonizazio militar eta politikoa. Gerra NATOk eta bere UÇK-ko aliatuek irabazi zutenez, lurraldea formalki Serbia izaten jarraituko bazuen ere, praktikan Mendebaldeko indar armatu eta erakundeen esku geratu zen. Ildo horretan, AEBek hainbeste amestutakoa lortu zuten Camp Bondsteel eraikiz, beren mugetatik kanpo duten base militar handiena eta paper oso garrantzitsua bete duena Irakeko inbasioan eta Ekialde Hurbileko beste zenbait operazio militarretan.
Laugarren ondorioa Kosovoko biztanleen arteko bizikidetzari dagokio. Behin gerra bukatuta albaniar errefuxiatuak azkar bueltatu ziren beren etxeetara, baina zoritxarrez han ez zen bukatu drama humanitarioa. UÇK-ko gerrillariek eta muturreko nazionalista albaniarrek gutxiengo etnikoen eta albaniar “kolaborazionisten” kontrako jazarpen bortitza jarraitu zuten, baina oraingoan garaile izateak ematen duen indar posiziotik. NATOko indar armatuak Kosovon zeudela, eliza ugari erre eta suntsitu zituzten; hilerri eta hilobi kristauak bandalizatu; eta, serbiarren, ijitoen eta gainerako gutxiengo nazionalen aurkako lapurretak, mehatxuak, etxe-erreketak eta erailketak gertatu ziren. 1999tik ehunka milaka herritarrek ihes egin behar izan zuten Kosovotik.
Bosgarren ondorioa da Kosovoko albaniartze prozesuaren azkartze handia. Mendebaldeko botere partekatuaren diseinu instituzional plurinazionala paperetan dago, baina albaniar nazionalisten gehiengoak ez du inoiz sinetsi tankera horretako Kosovo batean, haiek eskualdea erabat albaniartu nahi dute Albaniarekin batasuna justifikatzeko. Hori lortzeak zuen arazoaz jabetuta, estrategia egokitu eta Kosovoko estatu albaniarra eraikitzera bideratu zuten beren borroka. Halere, estatu hori ikuspegi sozioekonomikotik porrot handi bat izan da eta ikuspegi nazionaletik lortu zitekeen ia guztia lortu du. Ataka horretan, Vetëvendosjeren garaipenak bi dimentsioetan aldaketa esanguratsuak ekar zitzakeela zirudien: arlo sozioekonomikoan alderdi ezkertiarra da eta orain arteko agenda neoliberala amaitzeko borondate irmoa agertu du; eta arlo nazionalean politika soberanista eta Mendebaldeko potentzietatik independenteagoa izango zela iragarri zuen.
Baina, oraingoz espektatibak ez dira bete. De facto independenteak diren herrialdeek soberania oso txikia dute nazioarteko potentzia baten babesa behar dutelako bizirauteko. Kosovoren kasuan bere babesleak neoliberalismoaren bultzatzaileak dira eta, beraz, ez dirudi erraza izango denik eredu ekonomiko horretatik irtetea. Dimentsio nazionalari dagokionez, Vetëvendosjek ezin du oraingoz inolako garaipenik aurkeztu, baina badaezpada bide hori posible egin ahal izateko, iragarritako politika independentea egin beharrean aurreko gobernuen ildo bera mantentzen ari da. Adibide paradigmatiko bat da Kosovo izan dela Israelgo enbaxada Jerusalemen jarri duen Europako lehen herrialdea, baita hori egin duen gehiengo musulmaneko lehen herrialdea ere. Noski, Israeli atsegin ematea AEBei atsegin emateko modu bat da.
Sezesioen geopolitika horrelakoa da, independentzia bilatzen duten herrialdeen arteko elkartasunik ez da existitzen joko geopolitikoa tartean sartzen denean. Horregatik, Mertxe Aizpuruak eta Aitor Estebanek Kosovoren aitortza eskatzen zuten, baina ez zuten eta ez dute eskatuko adibidez Transnistria edo Hego Osetiako aitortza printzipio demokratikoen izenean. Printzipio demokratikoak ez direlako existitzen sezesioez hitz egiten dugunean, baizik eta interes geopolitikoak.
Aste honetan 20 urte erortzen hasi ziren lehen lehergailuak orduko Jugoslaviako herritarren gainean. 2.300 misil, 14.000 bonba inguru, tartean uranio ez aberastua zutenak erabili zituzten, egungo hainbat ikerketaren arabera 2.500 lagun hil eta 10.000 inguru zauritu zituzten... [+]
Jatorriz kosovotarra den eta Bartzelonan bizi den Gani Jakupi kazetaria da, eta argazkilaria. Baina ilustratzailea ere bada, eta marrazkilaria eta argazkilaria. Eta esperientzia eta jakituria horiek guztiak biltzen ditu liburu honetan. Komikia esan behar nuen, baina... [+]