600 heriotza ordainduz, Indiako baserritarrek irabazi dute neoliberalismoaren aurkako 2021eko greba handia

  • Azarotik azarora, urte bete eman dute greban eta mobilizaturik Indiako milioika nekazarik, Narendra Modiren gobernuak laborantzako prezioak eta merkatu osoa liberalizatzeko ezarritako hiru lege atzera botatzea eskatuz. Azkenean agintariek erabakietan atzera eginda, borroka eta sufrikario askoren buruan, munduak 2021ean ikusi duen langile borroka sendoenak helburua lortu du.


2021eko abenduaren 16an
Garaipena ospatzen du emakume baserritarrak haurra sorbaldan duela, Indian azaroaren 29an egindako elkarretaratze ugarietako batean.
Argazkia: Asiana.
Garaipena ospatzen du emakume baserritarrak haurra sorbaldan duela, Indian azaroaren 29an egindako elkarretaratze ugarietako batean. Argazkia: Asiana.

Azaroaren 19an Indiako lehen ministro Narendra Modik ozenki adierazi zien nekazariei eta herritar guztiei: “Gaur zuei, herrialde osoari, esatera etorri naiz hiru nekazaritza legeak kentzea erabaki dugula. Hilabete honetan hasiko den Parlamentuko saioan, hiru nekazaritza lege hauek indargabetzeko prozesu konstituzionala amaituko dugu”. Eta ondoren erregutu zien urte bete protestan eman duten nekazariei: “Orain, itzul zaitezte zuen etxeetara”.

Otsailean orriotan Jenofa Berhokoirigoinek eman zuen 2021eko munduko gertakizun nagusietakoa izango zenaren aurrerapena: “Iazko azaroaren 26an ukan genuen Indiako laborarien aldarrikapenaren berri, 250 milioi laborari eta langilek jarraituriko greba historikoari esker: Indiako Parlamentuak bozkaturiko laborantzaren liberalizaziorik ez dute nahi. Egun horretan abiatu zuten New Delhi inguruko kanpamentua 250.000 bat nekazarik, hiribururako zortzi sarrerak blokeatuz. Urtarrilaren 26an, urrats bat gehiago eman eta hiriburuaren bihotzera sartu ziren, otsailaren 1erako parlamentua zutelarik helburu”.

Protestak urtea osatu baino aste bete lehenago eman du amore Modik, hain zuzen sikhismoak –Sikh jendeen erlijioak– Guru Nanak fundatzailearen jaioteguna ospatzen duen egunean. Kasualitate gutxi, politikarien agendetan: grebak nagusiki India iparraldeko  estatuetakoak mugiarazi ditu, Haryana, Uttar Pradesh eta Punjabekoak, eta azken honetan populazioaren %60 sikh sinesmenduna da. Mobilizazioaren izen ona zikintzeko, grebalarietan gehiengoa ziren nekazari sikhez Modik esana zuen “anti-abertzaleak” eta “khalistandarrak” direla, Punjaben Khalistan burujabea eraiki nahi duten independentistak. “Hobe horiekin betirako ez etsaitzea”, pentsatu bide zuen Modi zakur zaharrak, hauteskundeak beti iristen baitira.

Polizia indiarrak erruki gabe eraso die protestalariei. Argazkia: The Indian Express

Gobernuaren porrotaren albisteak sekulako festa sorrarazi zuen Delhi inguruetan akanpatutako baserritarren eta aldeko jendeen artean, Die Welt egunkari alemaniarraren berriemaile Charu Kartikeyak kontatu zuenez: “Suziriak entzun zitezkeen eta musikak. Jendea dantzan, batzuk besteei goxokiak banatzen…”. Alabaina, parlamentuak legeak behin-betiko erretiratu arte lekutik ez zirela mugituko iragarri zuten mugimenduaren buruzagiek.

Fidagaitz izateko motibo gutxi ez zuten. Nekazariok urte betez atxiki behar izan diote borrokari, gehienak Indiako iparraldeko sorterrietatik oso urrun, aurre eginez mobilizazio luzearen nekeari, eguraldiaren egoskorkeriei eta agintariek jarritako oztopoei, poliziaren barrikada, granada eta ur-kainoiei. Hasieratik mugimendu bakezale aurkeztu zenak klase guztietako bortizkeriak nozitu baititu. Garaipenaren bidean 600-700 hildako utzi ditu, ia denak nekazariak edo horien familietakoak.

Wikipediak xehetasun handiz dokumentatuta azaltzen ditu mobilizazioetan zehar hildakoak. Lehenbizikoa Dhanna Singh izan zen, 45 urteko nekazari buruzagia: 2020ko azaroaren 26an hil zen, hedabideek esan zutenez Haryana estatuko poliziarekin negoziatzen ari zenean errepidean hauek grebalariei bidea oztopatzeko ipinitako barrikada batean.  Geroztik, heriotzak ugaritu dira egunetik egunera, aurtengo azaro amaieran batzuen kontabilitatean 600 eta beste batzuenean 750 izatera heldu arte.

ODOL ETA MALKOZ IRABAZI

Biktimen artean izan dira poliziak zuzenean hilak, tiroz edo granadaz bezala haien autoek zanpatuta. Izan dira liskarren beroan beren traktoreek istripuz lehertuak ere. Beste asko hil dira gosez, hotzez edo gaixorik, bihotzeko atakez edo pneumoniaz. Eta izan dira suizidioak ere.

Kashmir Singh, 71 urte, bere buruaz beste
egin duten baserritar ugarietako bat.

Etsipenak eragindakoak izan dira suizidioetako asko, beren buruak urkatuz edo eskueran zeukaten pozoia hartuz. Zenbaitek bere buruaz beste egin aurretik idatzirik utzi du azken garrasiarekin agintariei egindako protesta.

2020ko azaroaren 28an Delhi inguruan semearekin eta bilobarekin batera akanpatuen artean zegoen Kashmir Singhek komunean bere burua zintzilikatu zuen. Poliziak paper hau aurkitu zion punjaberaz idatzia: “Noiz arte egon beharko dugu hemen hotzetan? Gobernu honek ez du entzun nahi. Horregatik, nire bizia eskaintzen dut konponbide bat sortu dadin”.

Hilabete beranduago, abenduaren 16an Baba Ram Singh sikh apezak bere buruari eman zion tiro, Singhu estatuan barrena hiriburura zihoan karabanan. 10 orriko idatzi bat utzi zuen adieraziz ezin zuela jasan nekazarien mina. Haren oroimenezko hileta ekitaldian irakurri zuten idatzia: “Fusilen balek soilik hiltzen dituzte haiek jotakoak. Injustiziaren balek, ordea, jende asko hiltzen dituzte kolpe bakoitzeko. Umiliagarria da justiziarik eza sufritzea”.

Ororen buru, ordea, garaipen historikoa lortu dute Indiako  nekazariek, haien arazoak asko ikertu dituen Palagummi Sainath kazetariak People’s Archive of Rural India-n idatzi duenez: ”Hedabide nagusiek sekula garbi aitortuko ez duten arren,  honakoa izan da azken urteotan munduak ikusi duen garaipen demokratiko eta baketsu handiena,  zalantzarik gabe Covid-19 pandemiako handiena. (...) Garaipen bat baino gehiago lortu dituzte.  Bat, eta ez txikiena, dirudunen kontrolatutako hedabideei irabazi diete”.

Sainathen analisian, nekazariek badakite garaipen handi hau ez dela lehen urratsa bano. Legeak ezabatzeren ondorioz konpainia handiek ez diete, oraingoz, zintzurra lehertuko. Baina konpontzeko geratzen dira beste zenbait arazo, hasi laborantzako produktuen gutxieneko prezioetatik, segi merkatu publikoetatik eta politika ekonomikoko gai askoz zabalagoetaraino.

“Modiren gobernuak –dio Sainathek–bere aurkariak pertsegitu, zanpatu eta espetxeratu egiten ditu eta agintariei aurre egiten dioten beste mugimenduei arnas berri bat eman diete mobilizatutako nekazariok. Gobernuak bere nahieran atxilotzen ditu herritarrak, tartean kazetariak, 2019ko legeen babesean, hedabide independenteak zapaltzen ditu balizko delitu ekonomikoak egotzita. Horregatik egun hau nekazarien garaipena baino gehiago izan da, indiarren askatasun zibilen aldeko borrokaren garaipena”.

Poojan Sahil kantautore punjabtarrak "Bella Ciao" klasikoa Indiako baserritarren grebara egokituz egindako "Wapas Jao" izan da 2021eko mobilizazio handienaren soinu-bandetako bat. Hona hitzak euskarara ekarrita:

Wapas Jao (Alde hemendik)

Lotsak atzean utzita / Kantari gatoz:
“Ez dugu etsiko! / Alde, alde hemendik!”
Lurreko puxka bakoitzak / Gurekin dio oihuka:
“Ez dugu etsiko! / Alde, alde hemendik!”

Gau ilun lodiak / Hesitu nahi gaitu gu 
Baina egunsentia dator kantari / Kate guztiak haustera:
“Alde, alde hemendik” / Jendea esnatzen ari da
Gau ilunetik / Otoitzez ari da izan dadin
Zure azkenaren hasiera / Denetan oihu bera:
“Alde, alde hemendik” Gure ahots ozenez
Erabaki dugu: / Uko egiten dizugu
“Alde, alde hemendik”
Zure lege beltz hilgarriei / Gure arrapostua:
“Ez dugu etsiko! Alde, alde hemendik!”

Lotsak atzean utzita / Kantari gatoz:
“Ez dugu etsiko! / Alde, alde hemendik!”
Lurreko puxka bakoitzak / Gurekin dio oihuka:
“Ez dugu etsiko! / Alde, alde hemendik!”

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Laborantza
2025-04-07 | Jakoba Errekondo
Ustezko nekazaritza eta lur lantzea

Nekazariarentzat baratzea eragozpena besterik ez da. Egungo makina bat nekazari “aurreratuk” horrela pentsatzen du. Bere lanean ez dute baratzerik behar, ezta oilategirik, ezta sagarrondorik, ezta erlauntzarik ere.


2025-04-07 | Garazi Zabaleta
Soilik
Lursail txikian eta inbertsio erraldoirik gabe garatu daitezkeen proiektu agroekologikoak

Gasteizko Basaldea etxaldean dago kokatuta Soilik nekazaritza birsortzaileko proiektua, Abetxuko auzoan, eta Jaime Garcia, Joseba Vigalondo eta Javier Chaves dira bultzatzaileak. “Lehen sektorean, eredu agroekologikoan inkorporazio berriak bultzatzea da gure helburua,... [+]


2025-04-04 | Euskal Irratiak
Beñat Molimos: “Herritarren babesari esker du Laborantza Ganbarak iraun hogei urte hauetan”

Euskal Herriko Laborantza Ganberak hogei urte bete ditu. 2005ean sorturik, bataila anitzetatik pasa da Ainiza-Monjoloseko erakundea. Epaiketak, sustengu kanpainak edota Lurramaren sortzea, gorabehera ainitz izan ditu hogei urtez.


Laborantza lur sail bati buruzko eztabaida piztu da berriz Arbonan

Kriztian Borda hautetsi ohia eta Lurzaindia elkarteko kideak sare sozialetan zabaldu duen bideo baten harira piztu da ika-mika. Arbonan laborantza lurrak "arriskuan" daudela salatu du Bordak, eta jakinarazi du Arbonako Herriko Etxeak bere kirol zelaia Baionako promotore... [+]


2025-03-27 | ARGIA
Euskal sagardo ekologikoaren bereizgarria, kupeletan jartzeko gertu

Txotx denboraldian eredu ekologikoan ekoiztutako Euskal Sagardoaren eskaintza izango da hainbat sagardotegitan, eta hura bistaratzeko, Jatorri Deiturak eta ENEEK-Ekolurrak kupeletan paratzeko euskarria aurkeztu dute.


ANALISIA
EH ez da salgai, legedia ere ez

Lurraren alde borrokan dabilen orok begi onez hartu du Frantziako Legebiltzarrak laborantza lurren babesteko lege-proposamenaren alde bozkatu izana. Peio Dufau diputatu abertzaleak aurkezturiko testua da, eta politikoa eta sentimentala juntaturik, hemizikloan Arbonako okupazioa,... [+]


Laborantza lurren zaintzeko Peio Dufau abertzaleak aurkeztu legearen alde egin du Frantziako Legebiltzarrak

203 diputatu alde eta hiru aurka agertu dira martxoaren 11 gauean egin bozketan. Higiezinen agentziak haserre agertu dira, eta bi salaketa aurkeztu ditu FAIN Frantziako Higiezinen Federazio Nazionalak Europako Batzordean. Bata, lege-proposamenari esker botere gehiago jasoko... [+]


2025-02-25 | Euskal Irratiak
Laborantzaren orientazio legea: garaipena eskuinarentzat, porrota ingurumenarentzat

Laborantzaren Orientazio Legea pasa den astean ofizialki onartu du Frantziako Parlamentuak. Ostegunean Senatutik pasa da azken aldikoz. Iazko laborarien mobilizazioen ondotik, aldarrikapenei erantzuteko xedea du lege horrek. Aldiz, ingurumenaren aldeko elkarteek azkarki salatzen... [+]


2025-02-21 | Euskal Irratiak
Boliviako laborari talde bat sustengatuko dute Xiberoatik

Zubiak eraiki Xiberoa eta Boliviaren artean. Badu jadanik 16 urte Boliviaren aldeko elkartea sortu zela Xiberoan. Azken urteetan, La Paz hiriko El Alto auzoko eskola bat, emazteen etxe baten sortzea, dendarien dinamikak edota tokiko irrati bat sustengatu dituzte.


2025-02-17 | Garazi Zabaleta
Xüxenka
Hurbileko laborari txikiek kudeatutako saltoki kolektiboa Maulen

Mauleko Euskalduna ostatuak urteak daramatza Zuberoako etxe ekoizle txikien produktuekin lanean, eta hiriburuko ostatu parean eraikin bat erosi zutenean proposamena egin zien laborari horiei berei: zergatik ez ireki hurbileko ekoizleen saltokia bertan? “Motibatuta zegoen... [+]


2025-02-10 | ARGIA
Traktoreak Gasteizko, Baionako eta Tafallako kaleetan, azken protesten urtemugan

Gasteizko protestak Trebiñu eta Araba elkarteek deitu dituzte, Tafallakoak Semilla y Belarra elkarteak eta Baionakoak 'Pirinio mendikateko laborariek’. Denek salatu dute Mercosur merkataritza akordioaren ondoriozko konpetentzia, eta erregaien zerga gehiegizkoak.


Ipar Euskal Herriko lehen indarra izaten segitzen duela ohartarazi du ELBk, botoen %48 jasorik

Otsailaren 6 honetan zenbatu dituzte departamenduko laborantza ganberarako bozak. Biarnoa eta Ipar Euskal Herria biltzen dituen departamenduan lehen indarra izaten segitzen du agroindustriaren sustatzailea den FDSEAk baina indarra galdu du: %54tik %46ra pasa da.


2025-01-29 | Kelo Arribas
Elikadura burujabetza eta erresistentzia genozidioaren aurrean
Laborarien borroka Palestinan

Gaur egun, Gazan su-etena dago, eta ez dakigu noiz arte iraungo duen; bitartean, sarraskiak, anexioek, kolonizazioak eta era guztietako giza eskubideen urraketek bere horretan diraute gainerako lurralde okupatuetan. Jarraian irakurriko dituzunak ez dira kasu isolatuak,... [+]


2025-01-24 | Euskal Irratiak
ELB sindikatuaren zerrendaburu Julen Perez
“Laborarientzako proiektu azkar bat dugu, Euskal Herriari itzulia dena”

Datorren astean Departamenduko Laborantza Ganbarako hauteskundeak ospatuko dira Ipar Euskal Herrian. Frantzia mailako FDSEA eta CR sindikatuez gain, ELB Euskal Herriko Laborarien Batasuna aurkezten da, "euskal laborarien defentsa" bermatzeko.


Ipar Euskal Herriko laborantza
EHLGk hogei urte beteko dituela, egitura publikorik ez zerumugan

Euskal Herriko Laborantza Ganbera elkartearen hogei urteak ospatu zituzten asteburuan Ainhize-Monjolosen. 2005eko urtarrilaren 15 hartan sortu zuten Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoako laborantzaren garapena –hori bai, iraunkorra eta herrikoia izan nahi duena–... [+]


Eguneraketa berriak daude