Hornigaien mundu mailako krisiak txip erdieroaleen eskasiarekin jo du goia. Pandemiaren behin behineko ondorio bat dela diotenen aurrean, badira uste dutenak energiaren krisi globalak azaleratutako arazoa dela honakoa. Txipak dira egungo petrolioa, eta bere gailurra gainditu dugula dirudi: peak txip dei diezaiokeguna. Hala, gure faktoria eta etxeetan ere nozitzen hasi gara, bere mikroan, gailutxo hauen boterea.
Mercedes-Benz automobilgintza multinazionalaren Gasteizko zuzendaritzak ohar labur baina esanguratsua bidali zion enpresa batzordeari joan den azaroaren 19an: hurrengo ostiraleko hiru produkzio txandak eten egingo zituela zioen, piezen hornidurarekin zegoen “ziurgabetasuna” zela-eta. Harri azpian bila ibilita ere, ez zuten nahikoa txip erdieroale aurkitu ekoizpen-katearekin jarraitzeko. Sindikatuak ez zituen sorpresan harrapatu erabaki horrek, 2021eko martxotik hainbat aldiz gelditu behar izan dute fabrika arrazoi beragatik.
Gasteizkoa ez da halako murrizketak jasaten dituen automobilgintzako Euskal Herriko planta bakarra. Iruñeko Volkswagenek ere tantaka gelditu behar izan du hilabeteotan, baina azken geldialdiaren iraupenak kezka areagotu du: azaroaren 26tik Landabengo lantegian ez da zerra elektriko eta bihurkinen soinurik entzuten. Errua, oraingoan, marka horretako ibilgailuek eramaten duten klimatizagailu automatikoa kontrolatzeko txip erdieroale batek dauka, Tailandian egin eta zuzenean ekartzen dena.
VWko UGT sindikatuko ordezkari Alfredo Moralesek Europa Press agentziari azaldu dionez, “erdieroaleen faltari gehitu behar zaizkio lan egin gabeko eta kobratu gabeko egunak, eta horri gaineratu langileak SEPEren (Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa) prestazioak ez direla jasotzen ari”. Zenbait kasutan, uztailetik daramate kobratu gabe aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteagatik (ABEE, edo ERTE gaztelerazko hizkiz) dagokiena, arazo burokratikoak tarteko.
Automobilgintzako enpresa nagusiek pandemia garaian ezarritako ABEEak luzatu edo mantendu dituzte kasu askotan, txip erdieroaleen stock-hausturak sortutako egoera arrazoi moduan jarrita. Gasteizen, Jundizko Mercedes-Benzen plantako langileek, adibidez, badakite abenduaren 27ko aste osoan ez dutela lanik egingo, geratzen zaizkien ABEE egun horiek gastatzeko. Horrek enpresari aukera ematen dio soldaten zati bat aurrezteko SEPEren kontura eta, era berean, txipen faltak sorturiko galera langileen eta erakunde publikoen bizkarren gain jartzeko.
Egungo petrolioa
Txipen krisiak 180.000 milioi euroko galerak eragingo ditu europar automobilgintza sektorean, AlixPartners aholkularitza-enpresa estatubatuarrak iragarri eta medio guztiek ponpa handiz argitaratu dutenez. Denera 7,7 milioi auto saldu gabe geratuko omen dira, ez bazaizkie gailu txikitxo horiek konektatzen. Izan ere, beste produktu askotan bezala, egungo auto berriek dozenaka edo zientoka txip erdieroale daramate, motorretik hasi eta barruko ordenagailuraino; herritarra ez da jabetzen auto bat gidatzea “gurpilen gaineko mugikor bat gidatzea” dela, Jaume Portell kazetari katalanak El Salto-n azaldu duen bezala.
Txip erdieroaleak dira egungo petrolioa. Autoek ez ezik, edozerk baitu gaur egun txip bat, berdin aparatu elektroniko sinpleenek nola arma sofistikatuenek. Mundua mugitzen duten produktu bihurtu dira txip erdieroaleak. Zer gertatu da, orduan, horien falta nozitzeko?
Merkatuaren ekonomian aditu diren askoren iritziz, COVID-19aren pandemiari aurre egiteko ezarritako itxialdiek eta telelanak aparatu informatikoen eskaria handitzea ekarri dute, eta oraintxe bertan eskari-eskaintzaren koiunturazko arazo baten aurrean baino ez geundeke, 2022an konponduko litzatekeena. Aitzitik, beste askorentzat krisi honek zerikusia du energiaren krisi globalarekin eta sistema neoliberalaren arrakalekin, zehazki, eskala-ekonomiak naturalki dituen mugekin.
Birus bat baino txikiagoak
Ahalik eta gehien produzitu, kostu gutxiago edukitzeko. Hori da eskala-ekonomiaren printzipioetako bat, eta txip erdieroaleen kasuan, ezin hobekiago ikusten da. Intel multinazionalaren fundatzaile Gordon Moorek 1965ean lege bat iragarri zuen: mikroprozesagailu batean kabitzen diren erdieroale kopurua bikoiztu egingo dela 24 hilabetean behin; horrek hazkunde esponentziala ekarri du gailu horiei loturiko negozioan.
Baina Mooren legeak badu iraungitze data bat, erdieroaleak egiteko silizioarekin eta bestelako material arraroen muga fisikoekin zerikusia duena –besteak beste, erdieroaleak espazio berean ugaritzearen ondorioz sorturiko berotasuna kanporatzea ezinezkoa egiten denean–. Eta data hori 2023an jarri du Intel-ek berak. Egun 7 nanometroko tamaina baino ez duten erdieroaleak produzitzeko gai gara, gripearen birus bat baino txikiagoak, atomo baten azken neurritik gertu beraz.
Ahalik eta gehien produzitu, kostu gutxiago edukitzeko. Hori da eskala-ekonomiaren printzipioetako bat, eta txip erdieroaleen kasuan, ezin hobe ikusten da
Gainera, badago beste arazo bat. Sofistikazioa hainbestekoa da, halako erdieroale txiki eta teknologian aurreratuak sortzeko kapazitatea duten bi lantegi baino ez daudela munduan: Hego Koreako Samsung eta Taiwango TSMC. “Mikrotxipen adibideak modu berezian erakusten du eskala-ekonomia batek bere mugak dituela, eta gutxitzen ari den energiarekin eta berlokalizazioarekin, deseskalatzea tokatuko dela”, azaldu du Antonio Turiel ekonomialariak The Oil Crash blogean.
Gai hauetan aditua den Felix Moreno idazleak ere zalantzan jartzen du txipen arazoa behin behinekoa denik, bere webgunean datu batzuk eman ditu gailu elektronikoen merkatuari buruz: PCen, telefono mugikorren eta aurikularren salmenta geldirik dago 2017tik, eta 2020an zertxobait goraka egin zuen arren, eskaria berriz ere jaitsi egin da aurten. Peak txip batean gaude beraz, petrolioren gailurrak –txipen merkatuan, material arraroez gain, petrolioa ere ezinbestekoa delako– eta eskala-ekonomiaren mugek bultzatuta. “Ez dut beharrik ikusten txipen fabrika gehiago eraikitzeko”, dio Morenok. Bestetzuek ez dute horrela uste ordea.
Europar Batasuna bere dogmak hausten
Azaroaren 18an Margrethe Vestager Europako Batzordeko Lehiakortasun komisarioak prentsaren aurrean iragarpena egin zuen, nazioarteko merkataritzan aritzen diren askori oharkabean igaro ez zitzaiena: Bruselak txip erdieroaleen produkzioa laguntza publiko bidez sustatzeari atea ireki zion komisarioak. EBren helburua da munduko mikrotxipen %20 Europan bertan ekoiztea 2030. urterako, gaur egungoaren bikoitza. Eta horretarako lantegi erraldoiak eraiki nahi ditu. Bosch eta Intel multinazionalek interesa agertu dute jadanik –azkenekoak 80.000 milioi euro inbertituko ditu hamarkada batean–.
Alde batera utzita EBren erabaki horrek europar ortodoxia neoliberalean ekar lezakeen aldaketa, zeinean lehia-politika oso arautua eta zorrotza izan den orain arte –Vestagerrek “txeke zuririk” ez dela egongo ohartarazi du, lehiaren dogma horri iltze goriari bezala helduz–, Bruselaren plan horrek baditu oztopo ekonomiko ugari. Izan ere, azken generazioko txipak egiteko lantegi handi horietako bat eraikitzeak 20.000 milioi euro kosta dezake.
90eko hamarkadatik txip erdieroaleen sektorean ekoizle nagusi diren herrialdeek, bereziki Taiwan eta Hego Koreak, inbertsio milioidunak iragarri dituzte –Hego Koreak bakarrik 400.000 milioi euro jarriko ditu–. AEBetan ere mikrotxipen ekoizpena “segurtasun nazionaleko” gaitzat hartu dute eta Arizonan lantegi erraldoiak eraikitzen hasita daude zuzeneko finantzazio publikoarekin (52.000 milioi euro); gainera, Reutersen arabera, aztertzen ari dira %25eko kreditu fiskalaz ere laguntzea proiektu horiek. Bestalde, Morenoren arabera teknologia altuko txipen ekoizpenean lehiatzeko gihar ekonomikoa duen herrialde bakarra Txina den arren, honek Mendebaldearen errezeloa pizten du.
Hortaz, txikira baino, handira egindako hordagoa da Europako Batzordearena. Konturatu gabe, onena dela kartak haustea eta kontsumo, ekoizpen eta hornidura eredu arrazionalagoak sustatzea; energia krisiak ez ditzan herritarren ekonomia errealean kalte handiagoak sortu, auto-fabriketako behin-behineko erregulazio espedienteetatik harago.
[Artikulu hau erreportaje baten lehen zatiaren parte da; hemen aurkitu dezakezu bigarren zatia: 'Thanatia, baliabide gabeko planeta', Xabier Letonak egina]
Erabili eta bota. Abiadura handiko modak saltokiak eta etxeetako postontziak bete ditu aspaldion, fast fashion ere esaten zaio. Baina azkarretik baino inozotik gehiago du: lan prekarioarekin hondakin mordoa sortzeaz gain, arropa garraiatzen fuel-olio kopuru izugarriak erretzen... [+]
Txina, duela 4.700 urte. Si-Ling-Chi printzesari zeta-har bat erori omen zitzaion te berotan eta hala deskubritu omen zuen zeta egiteko prozesua. Konfuziok jasotako kondaira honek adierazten du Txinan Antzinaroan hasi zirela zeta ekoizten eta mendetan eutsiko ziotela... [+]
200 plazako aparkaleku bat eta 8.040 metro koadroko merkataritza gunea eraikitzeko Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartu zuen Donostiako Udalak urtarrilean. Hainbat elkartek salatu zuten proiektuak eragin negatiboa izango duela, eta "erabat legez kanpokoa" dela.
Gipuzkoako ehungintzako langileek greban jarraituko dute larunbata arte gutxienez, sektoreko hitzarmena negoziatzeko patronalak erakutsitako jarrera makurra dela-eta. Nafarroan, La Morea merkatal zentroko H&M saltokiko langileak ere greba mugagabean dira abenduaren 9az... [+]
Munduaren Hegoaldeari 152 bilioi dolar ostu dizkio Iparraldeak azken sei hamarkadatan, truke-desberdintasunagatik: herrialde pobreetan prezioak eta soldatak baxuagoak direnez, desoreka dago merkataritza balantzan. Baina egoera hori nahita sortu dute Nazioarteko Diru Funtsa... [+]
Ingalaterrako Felixstoweko portuko zamaketarien grebak hankaz gora jarri du azken hamarkadetan nagusitu den kontainer bidezko merkataritza eredua. Erresuma Batuan XX. mendean 80.000 ziren portuetan zamaketan aritzen ziren langileak, egun ez dira 10.000ra iristen, baina itsas... [+]
Joan den astelehenetik greban dira Espainiako Estatuko kamioilari ugari eta bere eragina nabaritzen hasi dira beste arlo askotan jadanik, elikadura industrian kasu. Euskal Herrian Hiruk eta Tradinsak egin dute bat grebarekin. Garraio sektoreko prekarizazioak, energia kostuen... [+]
Erakusleihoko kartel batek aurki negozio-uzteari ekingo diotela dio, dendako produktuak azkenekoz erosteko aukera abiaraziz. Dendariak esango digu erosteko dinamikak aldatuz joan direla, merkataritza-gune handien fenomenoari online salerosketen gorakada gaineratu zaienean, zaila... [+]
EHNE Bizkaia eta ENBA Bizkaia nekazal sindikatuek, Bilboko Arriaga antzoki parean ostiralean egingo den elkarretaratzera deitu dituzte nekazaritza elkarte eta koperatibak, Nekazaritzak badu etorkizuna, arduraz joka dezagun lelopean.
Errusian, Tula hiritik gertu brontzezko 140 txanpon erromatar aurkitu dituzte, Erromatar Inperioaren mugatik 1.000 kilometrora.
Merkatua tenkatu eta bereganatzeko Amazon zer egiteko prest dagoen –eta zer egiten duen– ba al dakigu benetan? Pentsatu al dugu kontsumo eredu horrek ekartzen dituen kalteen inguruan? Horri buruz gogoetatzeko solasaldia antolatu du Behe Bidasoako Eskubide Sozialen... [+]
Askotan esaten diote Alazne Juanizi bere filosofia bere negozioaren aurka doala. Arropa egiten du eta arropa ahalik eta gutxiena erosteko esaten digu. Erosi soilik askotan erabili behar duguna eta hori tarratatzen denean, berriro josi edo beste zerbait egiteko berrerabili... [+]
Norvegian, Trondheim Unibertsitateko ikertzaileek zortzi oihalen arrastoak topatu dituzte X. mendeko emakume bikingo baten hilobian: sei artilezkoak dira eta beste biak, lihozkoak.