Ez da gauza berria udaltzainek euskaldunen hizkuntza eskubideak ez errespetatzea. Dena den, azken hilabeteotan, eta batik bat udalerri euskaldunetan, herritarrek haserrea erakutsi dute ordezkapenak egiten ari diren langileek euskara ez jakiteaz gain, jarrera oldarkorra erakutsi dutelako. Zer ari da gertatzen? Galderari erantzuteko udalen eskumenaz, Euskararen Legeaz, Polizia Legeaz eta polizia ereduaz aritu gara.
Orain dela ez asko CCOO sindikatuak helegitea jarri dio Eusko Jaurlaritzari, behin-behineko udaltzainen lan poltsa bateratuaren hautaketa irizpideetan euskararen B2 mailaren ezagutza exijitu delako. Neurri batean harritzekoa da sindikatuak helegitea jarri izana, aurrez antzeko beste bi deialdi eginak zirelako eta CCOOk ez zuen auzitegietara jo, ezta beste inork ere. Azken hiru deialdietan B2 maila eskatu diete udaltzain izan nahi duten guztiei, eta hala ere, udalerriek ez dute lortzen haien eskaria asetzea; lan poltsa hustu egiten da urteko sasoi batzuetan eta ondorioz udaltzain faltan gelditzen dira eta hartzen dituztenek beti ez dute udalerriak eskatutako hizkuntza eskakizuna betetzen. Adibide bat jartzearren, udan kostako herriek udaltzain gehiago eskatzen dituzte eta ez dituzte beti lortzen euskaraz aritzeko gai diren langileak. Beste modu batez esanda, B2 hizkuntza eskakizuna duten udaltzainen eskaria handiagoa da eskaintza baino.
Bestalde, ELAko Ekaitz Oiangurenekin eta LABeko Jon Ander Altuberekin solastu dugu CCOOren helegiteaz, eta ez batak eta ez besteak ez dute partekatzen CCOOren erabakia. Udalak ez daude lan poltsa horretara jotzera derrigortuta. Udal bakoitzak bere lan poltsa edukitzeko eskumena du.
Oiangurenek eta Altubek ez dute uste CCOOren helegiteak ibilbide luzea izango duenik. Dena den, ez dute indar gehiegirik jarri nahi sindikatuaren jarreran, azpimarratu nahi duten ideia zera da: herritarren hizkuntza eskubideak ez dira bermatzen, euskaraz jakingo duten langile publikoak ez direlako bermatzen eta batzuek eta besteek –izan sindikatu, auzitegi edo erabaki politiko– zirrikituak baliatzen dituzte euskararen normalizazioan atzerapausoak emateko.
Afera politikoa dela azpimarratu dute bi sindikatuetako ordezkariek. Baieztapen horretatik harago, zergatik ez daude bermatuta udaltzain euskaldunak EAEko udalerrietan? Legeak zein zirrikitu uzten ditu eta nola itxi daitezke ihesbideok?
Solaskideek azaldu digute panorama legala, lege soil batetik harago amaraun ez hain sinplea deskribatu digute.
Batetik, udaltzainak ezeren gainetik udal langileak dira eta udalek dute haien gaineko eskumena. Udalak lanpostu bakoitzak zein eskakizun izango duen zehaztu dezake, hizkuntza barne. Udalak esango du halako udaltzain postutarako B2 behar den, edo C1, edo batere ez. Tokiko erakunde publikoak eskumena duela esan dugu, baina bi sindikalistek argitu digute Euskararen Legeak baldintzatzen dituela udaletako lanpostuen hizkuntza eskakizunak. Proportzio kalkulu bat egiten da eta udalerriko euskaldun kopuruaren arabera kalkulatzen da hizkuntza eskakizuna izan behar duen lanpostu kopurua, udaltzainak barne. Alegia, udalerriaren egoera soziolinguistikoaren araberakoak dira lanpostuetako hizkuntza eskakizunak. Beste modu batez esanda, euskara ezagutza urriko udalerri batean udaltzain guztiei B2 eskakizuna ezartzea legea urratzea litzateke, eta alderantziz, udalerriko euskara ezagutzaren proportzioa errespetatu ez eta udaltzain euskaldunik ez izatea ere bai. Oiangurenen eta Altuberen ustez, Euskararen Legeak ez luke halako baldintzarik ezarri behar, eta udaltzain guztiek gutxienez B2 hizkuntza eskakizuna izan beharko lukete. "Bestela, –dio Oiangurenek–, herri txiki euskaldunetan hizkuntza eskubideak errespetatzeaz hitz egiten da eta onartzen da Bilbon edo Gasteizen udaltzainarekin gaztelaniaz egin beharko dugula".
Hizkuntzaren hariari tiraka gogoeta sakonagoa egin dute bi sindikalistek. Udaltzaingoaren ereduaz eztabaidatzeko beharra plazaratu dute. Bai ELAk eta bai LABek gertukoa den, herria ezagutuko duen eta herritarren zerbitzura egongo den udaltzain ereduaren alde egin nahi dute. Behin-behineko lanpostuetarako deialdiak jarri dituzte adibide: Balmasedako herritarra Tolosako udaltzain izan daiteke, herria ezagutu ere egin gabe. Euskara, bultzatu nahi duten ereduaren ardatzetako bat da: "Eredu komunitarioa bultzatu nahi badugu oso txarto hasi gara herritarraren eta udaltzainaren artean euskara ezin bada erabili", dio Altubek. Oiangurenek udalen eskumenean egin nahi izan du azpimarra: "Gure udaltzaingoetan euskararen ezagutza bermatu nahi badugu, udalek badaukate erreminta; behin behinekotasuna bukatu, EPE bateratuak alde batera utzi eta euskararen ezagutza bermatuko duten oposaketa propioak egin ditzatela".
Udalen eskumena eta Euskararen Legea aipatu ditugu. Oiangurenek eta Altubek Polizia Legea ere hizpide izan dute. Lege horrek barnebiltzen ditu ertzainak eta udaltzainak. Hala, ez du jasotzen inolako euskara eskakizunik. Legeak dio, esate baterako, udaltzaina izateko batxilergoa edukitzea derrigorra dela, baita 38 urte baino gehiago ezin direla izan ere. Beharkizun horietan, lege orokorrak, B2 hizkuntza eskakizuna zerrendatzea eskatzen dute bi sindikatuek eta hortik aurrera udal bakoitzak azter dezala goragoko eskakizunik behar duen.
Blindaje legalik ez dagoen neurrian, artikuluaren hasieran esan dugun moduan, sindikatu batek, auzitegiek edo erabaki politikoek zirrikituak aurkituko dituzte udaltzainek orain baino hizkuntza eskakizun murritzagoak izan ditzaten, eta ondorioz, herritarren hizkuntza eskubideak zintzilik geratuko dira.
Udalerri euskaldunetara heltzen diren udaltzain berri askok B2 maila dutela dio Uemak eta perfil horrek herritarrekin euskaraz aritzeko gaitasuna ez duela bermatzen uste du. Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak dio, batzuetan euskara ulertzeko gaitasunik ere ez dutela izaten eta gaineratu du euskararen aurkako jarrera dutenak ere heldu direla udalerri euskaldunetara. Iraitz Lazkano Uemako lehendakariak egoera horren ondorioa zehaztu du: “Euskaldunak beti izango gara bigarren mailako herritarrak”. Uemaren eskaria da herritarrekin harremana duten udalerri euskaldunetako langile guztiek C1 maila izatea, baita udaltzainek ere.
Gure bi solaskideek ez dute uste CCOOren helegiteak aurrera egingo duenik, baina batek daki, botere juridikoak oldarraldian dira azkenaldian eta euskararen normalizazioan aurrera bezala atzera egin dezakegu.
Manifestazioa goizeko 11:30ean izango da, Justizia Jauregian. Mugimenduak euskaldunon eskubideen alde eta auziperatuekiko elkartasunean luzatu du deialdia. Auziperatuek iazko Euskararen Egunean Baionako Justizia Auzitegian "Justizia Euskararentzat" pintaketa egin zuten... [+]
Eskola segregatua izan da Gasteizko Judimendi ikastetxe publikoa, hiri guztiko ikasleak hartu ditu, jatorri atzerritarreko familien seme-alabak. Baina A hizkuntza eredutik D eredura igarotzeaz gain, auzoak eskola bere sentitzeko eta auzoko familiak erakartzeko egindako... [+]
Ertzain patruila batek hizkuntz tratu desegokia eman diela salatu dute Donostiako bi herritarrek. Isuna jaso zuten, behin eta berriz euskaraz artatuak izateko eskatu ondoren. Arartekoak kargu hartu dio Ertzaintzari.
Irungo euskaldunen pazientziak gainezka egin du; haserre daude eta oraingoan ez dira "isilik geratuko". Gabonetako argiak pizteko ekitaldia erdara hutsean egin izanak hiriko 35 elkarte eraman ditu udalaren hizkuntza politika salatzera –aurrekari gutxi izango ditu... [+]
Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]
Korsikako legebiltzarkideek ezin dute Korsikako Asanblean korsikeraz hitz egin, Bastiako Auzitegiaren 2023ko epai baten arabera. Ebazpen horri helegitea jarri zion Asanbleak, baina debekua berretsi du orain auzitegi berak. Epaiak tokiko beste hizkuntzei eragiten diela ohartarazi... [+]
ELA, LAB eta Kontseiluak elkarretaratzea egin dute, Administrazioarekiko Auzietarako epaitegi batek Kabia organismoari emandako ebazpenaren aurka protestatzeko. Euskara maila bermatzeko ahalegina “hutsaren hurrengoa” bilakatzeko arriskua dagoela salatu dute.
Donostiako Decathlon saltoki handiak errotulazioak euskaraz ez dauzkalako kexa jarri du kontsumitzaile batek Behatokian. Saltokiaren erantzuna (gaztelaniaz) esanguratsua da: Erkidegoko legeak ez du jasotzen inongo inposiziorik karteldegia euskaraz jartzeari buruz. Alegia, lege... [+]
Kabia organismoaren zaharren egoitzetan 54 plaza egonkortzeko 2022an onartutako lan-eskaintza bertan behera utzi du Donostiako epaile Gonzalo Pérez Sanzek. Gipuzkoako Aldundiaren erakundeak jarritako hizkuntza eskakizuna gehiegizkoa eta baztertzailea dela dio epaileak.
6.000 eurotik 10.000 eurorainokoak izango dira zigorrak. Katalana da Andorrako hizkuntza ofizial bakarra, nahiz eta biztanleen erdiaren ama hizkuntza gaztelania den.
Eusko Legebiltzarrera heldu da gaia, eta pobrea izan da Eusko Jaurlaritzaren erantzuna. Osakidetzak medikuak falta dituen arren, apenas handitu diren Medikuntza ikasteko plazak EHUn. Gainera, karrera euskaraz ikasteko plaza gutxiago eskaintzen dituzte espainolez baino, nahiz eta... [+]
Premiazko txostena eskatu dio Nafarroako Kontseiluari. Behin betiko onartzeko aurretiazko urratsa da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak aurreko dekretuaren zati batzuk baliogabetu eta bost urtera.
Justizian, osasungintzan eta gizarte zerbitzuetan euskara bermatu dadin, zerbitzu publikoak euskaraz jaso ahal izan daitezen, Nafarroako zonifikazioa amaitu dadin eta ETB3 Nafarroa osoan ikus dadin neurriak hartzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari Europako Kontseiluko Adituen... [+]
Filosofiako laugarren mailan, EHUn, nahitaez ikasgairen bat gaztelaniaz hautatu behar dute ikasleek, ez baitago nahikoa ikasgai euskaraz. Gaztelaniazko ikasleek ez dute arazo hori, eta bitxia da, euskarazko ikasle gehiago dagoelako gaztelaniazkoak baino. Beste karrera batzuetan... [+]